|
|
Euskal Herria hizpide, Miren Azkarate, Kultura sailburua Quebec-en izan da nazio txikiak munduan gaiari buruzko hausnarketan partaide izateko. Hausnarketa bi esparrutan eman da, alde batetik Institut du Nouveau Mondek antolatutako Montrealeko Udako Ikastaroetan "Nazio txikiak munduan. Nola aurkitu bere lekua handien artean?" izeneko mahai-inguruan parte hartu du Miren Azkaratek. Eta honen bezperan Quebeceko Unibertsitateko Montrealeko kanpusean Gizarte nazio anitzei buruzko Ikerketarako Taldeak (GRSP, Groupe de recherche sur les sociétés plurinationales) antolatutako Quebec eta Kanadako adituak eta Europatik joandakoak bilduko dituen "nazio txikiak: abertzaletasuna, aitortza eta autonomia" izeneko gogoeta itxian esku hartu du.
Bi gogoeta hauetan, Euskal Herriarekin batera eta Quebec eta Kanadaz gain, Eskozia, Katalunia eta Belgikako nazioak izan dira mintzagai eta Miren Azkarate Kultura sailburuarekin batera, Europatik joanda, bertan partaide izan dira Marie Arena, Belgikako Frantses hiztun erkidegoko ministro-burua, George Reid, Eskoziako Legebiltzarreko presidente ohia eta Felix Martí, Kataluniako UNESCO etxearen presidentea.
Mahai ingurua abuztuaren 25ean izan da, Institut du Nouveau Mondek Quebeceko Unibertsitatearen Montrealeko kanpusean antolatutako Udako Ikastaroen baitan, eta horren atarian, bezperan burutu da Gizarte nazio anitzei buruzko Ikerketarako Taldeko partaide diren Quebeceko eta Kanadako unibertsitateetako adituen eta Europatik joandakoen arteko gogoetaldia.
Institut du Nouveau Monde ikerketa eta gogoeta xede duen erakundea da eta laugarren aldiz antolatu ditu Montrealeko Udako Ikastaroak, hauen barruan, Quebeceko eskualde desberdinetatik etorritako eta mundu osoko 20 herrialdeetatik joandako 800 ikasle inguru bildu dituzte.
Gizarte nazio anitzei buruzko Ikerketarako Taldea (GRSP, Groupe de recherche sur les sociétés plurinationales) unibertsitate alorreko hausnarketa taldea da, 1995an sortua, Quebec eta Kanada unibertsitateetako ikerketa eta zientzia politikoetako irakasle eta adituak biltzen ditu, talde honen xedea plurinazionalitate fenomenoei buruzko hausnarketa eta nazio txikien eta estaturik gabeko nazioen fenomenoei buruzko gogoeta egitea da. Alain-G. Gagnon, Quebec Unibertsitateko kanadar eta quebekar ikaskuntzetarako katedratikoa da taldearen burua eta bertan elkartzen dira Quebec, Montreal, Laval, Ottawa,Victoria eta Concordia unibertsitateetako irakasleak.
Vitoria-Gasteiz, 2007ko abuztuaren 27a
|