Atzerriko biztanleak eta BPEen eskaria
Etxebiden izena emana dutenen %22,5 atzerritarrak dira, baina etxebizitza babestua lortu dutenen %7 baino ez da atzerritarra
Izena emana duten familia unitate mistoak %271 ugaritu dira 6 urtetan
24.548 atzerritar daude Etxebiden izena emanda, hau da, izen emate guztien %22,5, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzaren Behatokiak egindako Atzerriko biztanleriari buruzko txostenaren arabera. Ehuneko horrek hazkunde handia erakusten du 2006ko %7ko datuekin edo 2008ko %10eko datuekin alderatuz gero (13.174 atzerritarrek eman dute izena Etxebiden azken hiru urteetan). Baina, hazkundea nabarmena den arren, etxebizitza babestua lortu dutenen arteko %7 baino ez da atzerritarra, izan ere, azken urteetan, atzerritarrei emandako esleipenen hazkundea, izen emateen hazkundea baino askoz motelagoa izan baita. Horrela, 2006-2008 epealdian etxebizitza lortu zutenen %5,1 atzerritarrak izan baziren, 2011n %7,0 izan dira.
Beste alde batetik, 2005etik nabarmen hazi da familia unitate mistoen eskari bolumena. Horrela, 2005ean 4.866 eskari egin zituzten, eta 2011n, berriz, 18.094 eskari egin dituzte, hau da, azken sei urteetan hazkundea %271,8koa izan da.
Atzerritarren izen emateen ehunekoaren hazkunde horren beste arrazoi bat, etxebizitza babestua eskatu duten espainiarren kopuruak behera egin duela da (2008tik 2011ra 18.313 pertsona gutxiago). Datu horrek erakusten duenez, azken urteetan etxebizitza babestua lortu duen talde nagusia bertako biztanleek osatutakoa izan da eta, hori dela eta, atzerritar eskatzaileen kopurua hazi egin da modu erlatiboan.
Esleipenen eta izen emateen profilak zenbait berezitasun eskaintzen ditu hiru Lurraldeetan:
• Araba da, alde handiz, izena eman duten eta etxebizitza lortu duten atzerritarren proportziorik handiena erakusten duen lurraldea. Horrela, 2005ean izena emana zuten atzerritarrak %10 ziren bitartean, 2011n lurralde horretan izena emandako %42,2 eta esleipenen %9,0 ziren.
• Bizkaian, 2005ean izena emandakoak %4,7 izan ziren, eta 2011n %21,8 izan dira. Etxebizitza lortu dutenen artean atzerritarren proportzioa, berriz, txikiagoa da, 2011n %4,4koa izan da.
• Gipuzkoan, izen emateak, 2005eko %3,4tik 2011ko %14,4ra igo dira. Etxebizitza lortu dutenen artean atzerritarrak %5,5 izan dira.
Atzerritarrek nahiago dute etxebizitza alokairuan eskuratzea, eta, ondorioz, hori da etxebizitza babestua lortzeko bide nagusia. Horrela, 2011n etxebizitza babestua eskuratu zuten atzerritarren lautik hiruk (%73), alokairuan eskuratu zuten. Espainiar nazionalitatea dutenen artean, berriz, esleipendunen %18,1 baino ez dira izan alokairuko etxebizitza eskuratu dutenak, gehienek (%81,9) etxebizitza babestua jabetzan jaso baitzuten.
Izen emateak
Atzerritarrek duten gero eta pisu erlatibo handiagoa azaltzen duen alderdi garrantzitsuenetakoa, azken urteetan gero eta atzerritar gazte gehiagok Etxebiden izena eman izana da. Azken urteetan izena eman duten atzerritarren artean 35 urtetik beherakoen pisu erlatiboa 2005eko %28,9tik 2011ko %50,7ra igo da.
Datu horiek ematen dituzten ondorioak kontuan izanik, hazkundearen arrazoi nagusietakoa, atzerriko biztanleek erakusten duten egonkortze eta gizarteratze joera nabarmena da. Atzerriko biztanleek EAE-n geratzeko asmo argia dute. Etxebizitzaren aldeko apustua –alokairuan edo erosiz– asmo eta joera horren adierazle garbia da.
Beste ezaugarrietako bat, gehienek alokairua nahiago dutela da. Horrela, 2011n, atzerritarren %76,1ek alokairua aukeratu zuten. Horren aldean, nazionalitate espainiarra dutenen artean, %27 baino ez ziren izan 2011n alokairuko etxebizitza eskatu zutenak. Azken talde horren, espainiar nazionalitatea dutenek osatutakoaren, barruan, jabetza erregimena da oraindik ere gehien eskatzen dena.
Biztanle atzerritarren finkatze handiagoaren beste adierazle bat, gehienek familia eskaria egiten dutela da (2011n egindako eskarien %65,2 familia gisa egindakoak izan dira, hainbat pertsonak osaturiko unitateetan). Espainiar nazionalitatea dutenen artean, berriz, eskari gehienak norbanakoek egindakoak dira (biztanleria horren eskarien %76,7 pertsona bakarrek egindakoak izan dira).
Etorkinen gizarteratze handiagorako joera hori berresten duen beste datu bat, Bizkaian eta Gipuzkoan, etorkinek egindako eskarien herena, gutxi gorabehera, familia unitate mistoek –espainiarrek eta atzerritarrek osatutakoa– egin dutela da.
Batez besteko diru sarrera maila baxuagoa da izena eman duten atzerritarren beste ezaugarrietako bat, espainiar nazionalitatea duten pertsonen batez besteko diru sarrerekin alderatuz. 2011n, izena emandako atzerritarren batez besteko diru sarrera maila 11.911 eurokoa izan zen, eta espainiar nazionalitatea zutenen artean, batez besteko hori, berriz, 17.451 eurokoa zen.
Txostena (pdf, 256 KB) 2012/06/21