Euskal Autonomia Erkidegoko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsa Erakundeak abian jarri duen Tratu Berdintasunaren Behatokiaren helburu nagusia, emakumeen eta gizonen benetako egoerari buruzko informazioa jaso, aztertu eta hedatzea da, aldian-aldian, sistematikoki eta tratu-berdintasunaren ikuspegitik, iritzi publikoa sentsibilizatzeko eta agertzen diren diskriminazio-egoerak salatzeko.
Hala, Behatoki horrek bete beharreko eginkizunak honela labur ditzakegu i) zenbait iturri ofizialetatik estatistika-informazioa biltzea; ii) bildutako informazioa aztertu, laburbildu eta konparatzea; eta iii) joera eta datu nagusiak hedatzea, taula eta irudikapen grafikoak eginez deskribapen laburrekin batera. Informazio hori lortzeko, EUSTAT Euskal Estatistika Erakundeak, EIN Estatistikako Institutu Nazionalak eta EUROSTAT Europako Erkidegoko Estatistika Bulegoak eskainitako datuak baliatu ditugu bereziki.
Tratu Berdintasunaren Behatokiak testuinguruan jartzeko atal bat dauka, “0 ARLOA - EAEren testuinguru sozioekonomikoa” izenekoa, Tratu Berdintasunaren funtsezko hiru interes-arloren inguruan egituratua:
EAEko Tratu Berdintasunaren Behatokia baliabide elektroniko bat da, EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsa Erakundearen web-orriaren mendekoa.
Hasierako blokean informazio orokorra eskaintzen da Euskal Autonomia Erkidegoari buruz (0 ARLOA-EAEren testuinguru sozioekonomikoa). Hala, zerbitzu hori baliatzen dutenek errealitate demografikoaren, sozialaren eta ekonomikoaren testuingurua eduki dezakete eskura, ondoren eskainiko zaizkien datuak bertan kokatzeko.
Tratu Berdintasunari buruzko estatistika-datu espezifikoak gaikako zuhaitzetan antolatu dira, eta, zuhaitz horietan, Behatokiaren hiru interes-arloei (1. ARLOA- Ordaindutako lana, 2. ARLOA- Diru-sarrerak, eta 3. ARLOA- Bateragarritasuna eta erantzunkidetasuna) dagozkien hiru atalak hartu dira aintzat. Interes-arlo bakoitzerako zenbait adierazle nagusi zehaztu dira, eta, adierazle nagusi bakoitzerako, zenbait adierazle osagarri, eskainitako informazioa zabaltzeko.
Guztira 41 adierazlek osatzen dute 1. arloa (Ordaindutako lana), zortzi ardatz nagusiren inguruan antolatuta: i) lan-jarduera, ii) landunen tasa ordaindutako lanean, iii) aldi baterakotasuna enpleguan, iv) partzialtasuna enpleguan, v) enplegua eta jarduera-sektorea, vi) enplegua eta landunen tasa, vii) langabezia, eta viii) lan-jarduerarik eza.
Bigarren arloaren (Diru-sarrerak) barnean 25 adierazle hartu dira, 5 ardatzen inguruan banatuta: i) soldata-arraila urteko, ii) soldata-arraila orduko; iii) kotizaziopeko pentsioak jasotzea, iv) kotizazio gabeko pentsioak jasotzea, eta v) pobrezia-egoeren eragina.
3. arloak (Bateragarritasuna eta erantzunkidetasuna) 25 adierazle aztertzen ditu guztira, honako 5 ardatz hauen inguruan antolatuta: i) batez besteko gizarte-denbora jarduera bakoitzeko, ii) lan-karga guztira, iii) etxeko eta zaintzako jardueretan parte hartzea, iv) batez besteko gogobetetze-maila zaintzako zereginen arabera, eta v) zaintzengatiko eszedentziak.
Adierazle nagusi zein osagarri guztiekin batera ohar metodologiko bat erantsi da, adierazle bakoitzaren formulazioa laburbiltzen duena eta adierazle bakoitzak bere interes-arloan duen garrantzi erlatiboaren berri ematen duena, zer iturri kontsultatu diren eta zer urte eta eremu geografiko aintzat hartu diren argitzeaz gain. Iruzkin laburrak ere idatzi dira taula eta grafiko esanguratsuenak azaltzeko, kasuan kasu atzemandako joera nagusiak azpimarratuz.
Nabarmentzekoa da adierazle guztiekin batera hiruna artxibo erantsi direla, ireki edo deskarga daitezkeenak:
1. Excel taula bat, informazio zabalarekin.
2. Taula hori bera, baina “pdf” formatuan.
3. Grafiko bat, adierazle bakoitzak gure azterlanaren eremuan izan dituen emaitza nagusiak laburbiltzen dituena.