IV. Lan Jardunaldiak Nazioarteko Behatokiekin: Turin 2010
KEB-OVC bere barnean hartzen duen nazioarteko Behatokien sareak IV. Lan Jardunaldiak antolatu ditu aurten, “ Etorkizunerako kultura: gazteak, kultura-kontsumoa, teknologia berriak eta sormena” izenburuarekin. Jardunaldiak hiru urtez Euskal Autonomia Erkidegoan egin eta gero, oraingoan anfitrioia Osservatorio Culturale del Piemonte izan da, 2010eko gazteriaren Europako hiriburutza Turinen ospatzen ari dela-eta sustatutako jardueren esparruan antolatu baitu elkarraldia.
Jardunaldiak baliagarriak izan dira gazteei, kulturari eta teknologia berriei buruz sareko Behatoki bakoitzak egindako ikerketaren ondorioak bateratzeko. Modu aktiboan parte hartu dute Europako ikasle gazteek nahiz tokiko eta nazioarteko arduradun politikoek, Kultura Behatokietako adituek, eta ikertzaile akademiko ospetsuek. Helburu nagusia izan da gazteriaren eta kulturaren eremuan inplikaturiko arduradun politikoei zuzenduta egin daitezkeen gomendioei buruz hausnartzea.
Kulturaren Euskal Behatokiak eztabaidan parte hartu du “Gazteak, kultura eta teknologia berriak” azterlaneko emaitzekin. 2007-2008 aldian kultura-arloko ohiturei eta praktikei buruz egindako inkestaren emaitzak baliatu ziren. Biztanleria-talde gazteenari buruzko emaitzak atera, landu eta aztertu eta gero, interesgarritzat jo zen informazio hori ikerketa kualitatibo batekin osatzea, focus-group baten bitartez, gazteen taldeek beren kultura-praktikei ematen dizkieten zentzuari eta esanahiari buruzko orientazioak emateko helburuarekin.
Txostenaren ondorioetan gazte horien praktiken elementu nabarmenenak jasotzen dira, horien ezaugarri nagusiak honako hauek izanik: jolasaren eta entretenimenduaren presentzia; sareak eduki mota askotarako ematen duen sarrera-gaitasun izugarri handiak bultzatutako gogo bizia eta iheskortasuna; kontsumo birtualaren eta zuzeneko kontsumoaren arteko aldeak; gizarte-sareen garrantzia; eta, doakotasunari eta prezioari buruzko kontsiderazioak.
Kulturaren balioetan eta kontsumo eta baliatze moduetan izandako aldaketek azterketa-metodologia berriak behar dituzte. Horrela, Jardunaldiak baliagarriak izan dira, halaber, etorkizunean izan daitezkeen ikerketa-eremuei buruz eztabaidatzeko, hala nola kultura-eduki espezifikoak erabiltzeko gazteen joerak; web-inguruneko gazteen praktiken kartografia bat egitea, “gazteen ohiko kontsumoko” definizio zaharkituak gaindituz, eta erabiltzaile mota berriak lortzeko oinarri gisa baliagarri izanez; eta gaur egungo gazte, kultura eta teknologia berrien inguruko politika publikoen ebaluazio sakona, lortutako erabilera- eta erabiltzaile-mapekin konparatzeko.
Azterketa osoa (pdf, 717KB)