Behatokiaren hausnarketak kulturaren eta sorkuntzaren sektoreari buruz: sorkuntzari laguntzeko politikak eta Sorkuntza-lantegiak
Behatokiarentzat, hasiera-hasieratik, funtsezko lan-ildoa izan da sorkuntza eta kulturaren sektorean horrek duen garrantzia aztertzea eta ikertzea. 2010. urtean sorkuntzari buruzko bi ikerketa egin dira, honako eduki hauekin:
- Sorkuntzari laguntzeko politika . Lehen ikuspegia osatzeko, hainbat herrialdetan sorkuntzari laguntzeko politiken arteko "alderaketa" egin da, eta jardunbide egokiak eta erreferentziako jardunbideak bilatu dira horien artean. Ikuspegi horren helburua zera da, erreferentzia horiek hausnarketa- eta eztabaida-prozesu bat irekitzeko abiapuntu izatea, Euskal Herrian gaur egun eremu horretan dauden politikak hobetzeko asmoz. Ikerketaren lehen atalean, ildo horretan nazioartean ematen diren jardunbideak aztertzen dira. Bigarren atalean, EAEko azterketa egiten da, aurretik jasotako informazio horiek gure errealitatean proiektatu eta balioan jartzeko asmoz. Horretarako, nazioarte mailako esku-hartzeen egitura EAEra eramaten du eta epe labur, ertain eta luzera gerta litezkeen egoerak agertzen ditu, gaur egun sorkuntzari laguntzeko EAEn dugun testuingurua berritu eta hobetuko duen hausnarketa instituzionalaren prozesua bideratzen lagunduko duelakoan.
Azterketa osoa (pdf, 822KB)
- Sorkuntza-lantegiak . Bigarren ikerketa-ildoa sorkuntza-lantegiak hobeto ezagutzera bideratu da. Izan ere, hirien arte-berrikuntzarako eta -ikerkuntzarako eta kultura-ekoizpenerako politikaren atal garrantzitsu gisa abian jarri ondoren, sorkuntza-laborategi nagusietako bat bihurtu dira. Era berean, lantegi horiek sortzaile gazte edo berriei zuzendutako politiken atal garrantzitsua ere badira, eremu horietan profesionalizatzeko bidean lehen urratsak emateko aukera aurkitzen baitute. Hainbat lekutan ondare-politikaren atal gisa ere jaio dira, eta kultura-hurbiltasuneko estrategietan tresna nabarmenak dira. Eremu horiek tokiko sorkuntza-adierazgarritasunaren alde egiten dute, eta asko eta asko sortzaile gazteei eskaintzen dieten laguntzagatik nabarmentzen dira, haien sorkuntza-proposamenak garatzeko aukera ematen baitiete, bestela zailtasun handiz argitaratuko liratekeen proiektuei bidea emanez. Baina, sorkuntza eta ekoizpena posible egiteaz harago, sorkuntza-lantegiak hedapenean ere zeresan handia daukate. Lengoaia berriei adi dagoen eta kultura-proposamen berritzaileekiko sentibera den ikuslegoa sortzearen alde ari dira.
Azterketa osoa (pdf, 958KB)
Azkenik, esan behar dugu bi ikerketa horiek dagoeneko hainbat ondorio interesgarri ekarri dituztela eta 2011. urtean horien inguruan lanean jarraituko dela, kultura-eremuko jardueretan sorkuntzak eta sormenak duten garrantzia kontuan hartuz.
|