Kulturaren Euskal Behatokiak lau urte

Guztiona den tresna, errealitatea ezagutu, ulertu eta interpretatzeko; argazki-makina argitsua, kulturaren garapenaren zerbitzuan .

Testuinguru politiko eta sektorial heldu batean baino ezin dira sortu behatoki bat eratzeko eta mantentzeko premia eta baldintzak. Kultura-eragileen eskarmentua eta ezagutza egituratu eta sistematizatzea da zerbitzu horien asmoa. Informazio- eta azterketako corpus bat osatzen dute, horren bidez, errealitatea ulertu eta eraldatzeko aukera emango dion ikuspegia eskaintzeko sektoreari.

Lau urteotan, Kulturaren Euskal Behatokia finkatuz joan da. Sarritan lotu izan dira behatzea eta begiratzea, gertatuaren jarraipena egitea. Alabaina, ezin dugu ahantzi behatzeak asmoa ere eskatzen duela, eta interpretazio-egitura bat behar duela. Asmo horrek garrantzitsua eta garrantzirik gabea bereizten ditu. Horregatik, KEB-OVCren lehen lana bere eginkizunari, jarduera-esparruari eta lehentasunei buruz hausnartzea izan zen. Lan hori egiten zen bitartean, kulturaren gaineko informazio-mapa diagnostikatu zen, ordura arte murritza, sakabanatua, osatu gabea eta fidagarritasun gutxikoa baitzen. Hala, gure kultura-testuinguruan ia inoiz erabiltzen ez ziren metodologiak eta kontzeptuak erabiltzen hasi ginen.

Kultura-eragileek ikerketa kuantitatiboaren aurrean duten jarrera-aldaketa izan da urteotan ikusi dugun alderdietako bat. Hasiera batean eszeptizismoz ikusten bazen ere, gaur egun estatistikak sektoreari buruz ematen dizkigun egitura-elementuak ezagutzeko benetako interesa dago. Horren ageriko adibidea da lau urteetan zehar sustatutako ikerketek geroz eta erantzun handiagoa jaso izana.

Behatokiak sustatu zuen lehen azterlana Kultura-ohiturei, -jardunbideei eta kontsumoari buruzko estatistika Euskal Herrian, 2007-2008 izan zen. Ikerketa zabal eta konplexu horri esker, gure kultura-erabilerei buruzko datuak eskuratu eta beste inguru batzuekin alderatzeko aukera dugu. Adibidez, badakigu Europako batez bestekoaren gainetik gaudela irakurtzeari, museoak bisitatzeari, eta kontzertuetara eta zinemara joateari dagokienez. Aldiz, liburutegietara joateari eta arte eszenikoak ikusteari dagokienez, jardunbide horiek gure inguruko beste herrialde batzuetan baino apalagoak dira. Beharbada, ikerketa hori egin aurretik ere sektoreko profesionalek zerbait sumatzen zuten. Orain jakin badakite eta egoera aldatzeko lan egin dezakete.

Baina, gainera, esperientziak diosku errealitate bat ondo ezagutu nahi denean, datuez harago joan beharra dagoela, kuantitatiboak kualitatiboa behar eta errazten duelako, eta alderantziz. Kultura-jardueren adibidearekin jarraituz, 2009an, estatistikaren emaitzak oinarri hartuz, hiri-kulturan, gazterian eta euskaran adituak ziren hainbat pertsonari interpretaziozko artikuluak egitea agindu zitzaien.

Esan dugunez, lau urteotan informazioaren ekoizpenaren erritmoa bizkortuz joan da. Sustatutako estatistikek hainbat azterketa-xede izan dituzte: kultura-eskaintza eta -ekoizpena; jardunbideak eta kontsumoa; gastu publikoa kulturan; enpresak eta enplegua. Momentuz azterketa sinkronikoak dira, lehen edizioak baino ez dira eta. Datozen urteetan bilakaeraren ikuspegiak ere izango ditugu, joerak identifikatuz eta unearen menpe dagoena baztertuz, diagnostiko egokiak egiteko aukera emango dutenak. Horrela aterako diogu probetxu gehien orain arte egindako lanari.

Behatokiaren beste interesgune bat sorkuntza aztertzea izan da. Helburua bikoitza izan da: alde batetik, beste herrialde batzuetan sorkuntzari laguntzeko erabiltzen diren politikak aztertu dira, euskal esparruan ezartzeko modukoak diren ikasgaiak atera ahal izateko; beste aldetik, sorkuntza-lantegiei buruzko azterketa egin da. Izan ere, hirien arte-berrikuntzarako eta -ikerkuntzarako eta kultura-ekoizpenerako politikaren atal garrantzitsu gisa abian jarri ondoren, sorkuntza-laborategi nagusietako bat bihurtu dira.

Zalantzarik gabe, gaur egungo beste gai interesgarrietako bat zera da, ingurune digitalak eta kulturan duen eraginak dakarten paradigma-aldaketa. KEB-OVCk bi ikerketa kualitatibo egin ditu fenomeno hori aztertzeko. Ingurune digitalak industrietan duen eragina aztertzeko Kultura eta digitalizazioari buruzko proiektuak kultura-eragileen parte-hartze zuzena izan du. Beste ikuspuntu batetik, ingurune digitalak, beste faktore batzuekin batera, gazteen kolektiboan sortu dituen kontsumo-era berrien gakoak behatu ditu gazteen, kulturaren eta teknologia berrien inguruko ikerketak. Duela lau urtetik hona parte garen Nazioarteko Behatokien sarearen testuinguruan egin da ikerlan hori.

Azkenik, beste gai batzuk ere aztertu dira: kulturaren % 1aren ezarpena, kultura-diplomazia, irakurketa-planak eta euskara kulturan. Ikus daitekeenez, aztergaien, metodologien eta emaitzen aniztasuna nabarmena da.

Emaitza horiek Behatokiaren produktuen linea ere indartu dute. Horien artean nabarmentzekoak, Estatistika eta azterlanen bilduma , eta Kulturkaria buletin elektronikoa, joerak, albisteak eta argitalpenak jarraitzeko aukera eskaintzen duena. Emaitza horien guztien erakustokia Behatokiaren Webgunea da. Bertan aurkitu ahal dira Behatokiaren datuak, argitalpenak, ikerlanak, txostenak, planak eta, oro har, produkzio osoa.

Lau urteren buruan, arduradun politikoei, sektoreetako eragileei, ikerlariei eta interesa duen publikoari hainbat eta hainbat gaiei buruzko informazioa eta ezagutza eskaintzeko aukera dauka Behatokiak. Bere lanaren oihartzunak baldintzatuko du arrakastarik ba ote duen, eta kulturaren garapenean benetan baliagarria ote den.