Subijana etxea, ahozko ondarearen habia


Urriaren erdialdean Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen egoitza berria inauguratu zen, Villabonan dagoen Subijana etxea hain zuzen ere.

Subijana etxearen inaugurazio ekitaldiaEhun-fabrikaren bulegoak eta bizilekua ostatatu zituen eraikina, Villabonako Udalak erosi eta, guztiz birmoldatu ondoren, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen esku utzitakoa, bertan, toki desberdinetan zituen zerbitzuak koka zitzan. Guztira 1.847.000 euro kostatu da etxea birmoldatu eta egokitzea. Gipuzkoako Foru Aldundiak 861.000 euro eman ditu, Eusko Jaurlaritzak 750.000 euro eta Kutxak 236.000 euro.

Azpiegitura berriak 900 metro koadro du, lau solairutan banatuta. Bertan, Euskal Herriko Bertsolari Elkarteak dituen giza baliabideak nahiz ahalbide teknikoak eta dokumentalak biltzeko adina leku dago, baita bertsolaritzaz interesa duten pertsonei eta erakundeei begira beharrezkoak diren kalitateko zerbitzuak emateko toki egokia ere. Elkarte horren eguneroko jardueren (kudeaketa, komunikazioa, ondorengotaratzea eta ikerketa) kaltetan izan gabe, egoitza berrian elkartearen baitan dagoen atal batek (Xenpelar Dokumentazio Zentroak, hain zuzen ere) dituen idatzizko eta ikus-entzunezko funtsak gorde eta jendeak erabiltzeko moduan eskainiko ditu. Dokumentazio Zentroak, gaur egun, batetik, ahozkotasunari buruzko dokumentu-, liburu-, ikus-entzunezko, soinu- eta argazki-funtsak katalogatzen eta digitalizatzen eta, bestetik, arlo horri buruzko gaikako datu-basea prestatzen dihardu bete-betean.

Lehenago esandakoaren kaltetan gabe, Subijana etxeak, era berean, Mintzola proiektua hartuko du bere baitan. Mintzola izeneko fundazioak sustatzen duen izen bereko proiektu horrek ahozko adierazpide garrantzitsua den bertsolaritza ikertu eta zabaltzea du xede. Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza dira, besteak beste, eratzen ari den Mintzola fundazioaren partaideak.

Zer da Euskal Herriko Bertsozale Elkartea?
Bertsozale Elkartea 1987an sortu zen, bertsoaren bitartez jaso dugun ondareak geroa izan dezan ziurtatzeko asmoz. Gaur egun Euskal Herri osoko mila zazpiehun eta berrogeita hamar bertsolari eta bertsozale batzen ditu. Informazio gehiago
www.bertsozale.com helbidean.

Ahozkotasuna eta bertsolaritza
Ahozkotasunak eta bertsolaritzak berebiziko garrantzia dute euskararen normalizazioan eta egun normalizazioak duen erronka nagusian: erabileran. Euskararen erabilera naturala eta gozagarria egitera gonbidatzen gaitu etengabe bertsolaritzak. Bertsoa, besteak beste, horixe baita: naturaltasuna, hizkuntzarekin eta hitzekin jolas eginez disfrutatu, euskara gozamenerako erabili. Hitz gutxitan esanda, egun hain beharrezkoak dituen naturaltasuna, gozamena, kultur sormena… ematen dizkio bertsolaritzak euskarari.

Bertsolaritzak tradizioa eta berrikuntza modu ezin hobean uztartzen ditu. Sasoiko, indartsu sartu da bertsolaritza XXI. mendean.

Azken eguneratzea: 2008/11/14