Soldata-arrakalari buruzko nazioarteko IV. Kongresua
Hizlariak

Rosalía Vázquez-Álvarez
Rosalia Vazquez-Alvarezek LANEren Genevako egoitzan lan egiten du, eta erakunde horren ekonomialari nagusia da generoari, berdintasunari eta diskriminaziorik ezari buruzko gaietan. 2025eko otsailaz geroztik duen kargu horretan, ardura nagusia du berdintasunaren eta inklusioaren oztopo estruktural, ekonomiko eta sozialei buruzko ikerketa sozioekonomikoak eta analisi enpirikoak egitea, gobernuei eta gizarte eragileei laguntzeko euren politiketan eta esku-hartzeetan. Lehenago, 2012tik 2025eko urtarrilera, soldatetan espezialista gisa aritu zen LANEren lan merkatu inklusiboen, lan harremanen eta lan baldintzen atalean (INWORK/WORKQUALITY, LANE, Geneva). Zeregin horretan arduratu zen soldata politikekin eta soldata desberdintasunarekin lotutako gaietan gizarte eragileei, erakundeei eta gobernuei aholkularitza teknikoa emateko metodo kuantitatiboak garatzeaz eta aplikatzeaz, batez ere gorabidean dauden eta diru-sarrera txikiak dituzten herrialdeetan. Hainbat lanetan aritu zen, besteak beste: gutxieneko soldataren ebaluazioa eta garapena, Botswana, Cabo Verde, Zipre edo Mexiko bezalako herrialdeetan; G20ren eztabaidetarako ebidentzia enpirikoen garapena; generoen arteko soldata arrakala neurtzeko metodologia berriaren garapena; edo LANEk bi urtean behin argitaratzen duen Soldatei buruzko Memoria Globalaren koordinazioa eta idazketa.
LANEra heldu aurretik, 2008tik 2012ra, Ekialde Hurbilean lan egin zuen, Munduko Bankuan eta eskualde horretako gobernuekin elkarlanean (bereziki, Arabiar Emirerri Batuak eta Saudi Arabia), herrialde horietako lan merkatuak eta kafala sistema berregituratzeko proposamenetan. Horren aurretik, OMEren osasun publikoaren munduko indizearen garapenean aritu zen (2000-2001), eta irakasle laguntzaile izan zen Irlandako University Collegue Dublinen (2001-2003) eta Suitzako Universität Saint Gallenen (2003-2008), lan merkatuei aplikatutako mikroekonomiaren arloan irakatsiz eta ikertuz kasu bietan.
Rosalia Vazquez-Alvarez Matematikan eta Ekonomian lizentziaduna da, London School of Economicsen (Erresuma Batua). Gainera, Ekonomia Aplikatua masterra egin zuen University College Londonen (Erresuma Batua), eta Ekonometriako doktorego ikasketak, Tilburg Universityn (Herbehereak).