Eusko Jaurlaritzak 18 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu, Next europar funtsen bitartez, ekonomia zirkularra sustatzeko laguntzetara

Argitalpen-data: 

Residuos.jpg
  • 2026ra arte garatuko diren 79 proiektu sostengatuko ditu
  • Laguntzek enplegua sortzen lagunduko dute, hondakinak batzeko, berrerabilpenerako prestatzeko eta birziklatzeko jardueren sustapenaren ondorioz
  • Helburua da euskal ekonomia jasangarriago bihurtzea, trantsizio ekologiko eta digitalaren erronkak eta aukerak aprobetxatuz

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak 18 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu hondakinen araudia inplementatzen laguntzera eta ekonomia zirkularra sustatzera zuzendutako 79 proiektu bultzatzeko.

Laguntza-ildo hau Euskadiko Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientziarako inbertsioen  Euskadi Next programan jasotako jarduerei dagokie gehienbat –inbertsio horiek NextGenerationEUtik datozen funtsez finantzatzen dira-. Europako Batzordeak eta Europako Parlamentuak berreskurapenerako sortutako aldi baterako tresna hori, 750.000 milioi euroko zuzkidura duena Europar Batasuneko lurralde osorako, lagungarria izango da Europa ekologikoagoa, digitalagoa eta erreslienteagoa izan dadin, eta oraingo zein etorkizuneko erronketara hobeto egokitu dadin.  

Eusko Jaurlaritzaren laguntzak bideratuko dira 2026ra arte garatuko diren eta lau lehentasunezko eremu hauetara zuzenduko diren proiektuetara: gaikako bilketa berrien ezarpena, batez ere biohondakinena, baita oraingoen hobekuntza ere; gaika bildutako biohondakinen tratamendurako instalazio espezifikoen eraikuntza; gaika bildutako beste hondakin-fluxu batzuk berrerabilpenerako prestatzeko eta birziklatzeko instalazio berrien eraikuntza; eta bilketa, triaje eta sailkapenerako instalazioei, oraingo tratamendu mekaniko-biologikoko instalazioen hobekuntzari, eta Berreskuratutako Erregai Solidoak prestatzeko instalazioei dagozkien inbertsioak.

Ildo honekin lagundutako 79 proiektuetatik, 34 Gipuzkoan gauzatuko dira; 27, Bizkaian; eta 18, Araban.  Erakunde onuradunak udalerriak dira, eta baita beste erakunde batzuk ere, hala nola Foru Aldundiak, mankomunitateak edo kuadrillak.

Trantsizio ekologikoa eta enpleguaren sorrera

Laguntza hauen helburua da euskal ekonomia eta gizartea jasangarriagoa izatea eta trantsizio ekologiko eta digitalaren erronka eta aukeretarako hobeto prestatuta egotea; halaber, gizarte-kohesioa ere hartzen da helburutzat, lanpostu berrien sorrerarekin. Emandako proiektuak gauzatuta, Euskadik espero du 2025erako biohondakinen bilketa orokorra izatea udalerri guztietan, eta horregatik proiektu eta esleipen asko frakzio organikoaren bilketa eta tratamendua hobetzeko izango dira.

Hori guztia epe ertainerako ikuspegi batez, alegia, Euskadi europar eremuko eskualde erreferente gisa kokatzea ekonomia zirkularraren alorrean; bertan, ingurumena lehiakortasunaren eta enplegu-sorreraren funtsezko faktore bilakatzen da, eta hazkunde ekonomikoa desakoplatzen da baliabide naturalen kontsumotik, hondakinen sorreratik eta berotegi-efektuko gasen isurketatik. Horiexek dira Euskadiko Itun Berdea osatzen duten helmugak. Berau Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen garapen inklusibo eta jasangarriaren eredua da, eta hor txeratzen da Euskadiko Ekonomia Zirkularraren eta Bioekonomiaren 2024 Plana.

Udal hondakinen berrerabilpen eta birziklapenerako helburuak hiru denbora-horizontetarako ezarri dira: % 55eko helburua 2025ean, % 60koa 2030ean, eta % 65ekoa 2035ean. 2035ean, gainera, hondakin horiek guztira sortutako udal hondakinen isurketaren % 10 izango dute gehieneko mugatzat. Helburu horiei ontzien eta ontzi-hondakinen birziklapenerako 2025 eta 2030erako ezarritako helburuak gehitu behar zaizkie, bai globalak eta bai materialen araberakoak.

Hondakinen kudeaketaren, baliabideen erabilera efizientearen eta klima-aldaketari aurre egiteko ekintzaren ikuspegitik lortutako onurei, gainera, hondakinak biltzeko, berrerabilpenerako prestatzeko eta birziklatzeko jardueren sustapenaren ondorioz lortutako enplegu-sorrerari lotutakoak gehitu behar zaizkie.

Prebentzioa eta berrerabilpena

Hondakin onena sortzen ez den hondakina da, edo, horren ezean, sortu eta gero tratamendu egoki bat jaso dezakeena, alegia, ekoizpen-ziklora jatorrizko materialaren ezaugarri berberekin berriz sartzea –jatorrizko lehengaia degradatu gabe- ahalbidetzen dion tratamendu bat jaso dezakeena. Horregatik, prebentzioa eta berrerabilpena funtsezko zutabeak dira hondakinen sorrera saihesteko; birziklapenerako prestaketa, birziklapena, gainerako balorizazioak eta eliminazioa, berriz –lehentasun hurrenkera horretan-, jadanik sortuta dagoen hondakin bat baliabidea izaten jarraitu ahal izan dezan bultzatu behar diren aukerak dira.

Laguntza horiekin lagundutako 79 proiektuen artean, nabarmentzekoa da, adibidez, Araban, Arabako Foru Aldundiarena, kontsumo-produktuen bigarren eskuko konponketa eta salmenta sustatzera bideratutako ekimenarekin. Proiektu honen bidez (1.850.000 €) herritarrek baztertutako produktuen bilketa erraztu nahi da, bigarren bizitza baterako berreskuratzearen bideragarritasunari buruzko lehen diagnostiko baten ondoren, berreskuratu eta salgai jar daitezkeenak, hala nola altzariak, ehunak, etxetresna elektrikoak, lorezaintzako materiala edo Gasteizko eta Arabako Lautadako konpostaje-plantetarako materiala (1.618.319 €).

Gipuzkoari dagokionez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren proiektuak nabarmentzen dira; bestalde, Zubietan hiri-hondakin solidoak berrerabiltzeko prestatzeko zentro bat aurkeztu da (1.789.042 €), hondakin bihurtu diren produktuen edo osagaien egiaztapena, garbiketa edo konponketa egiteko. Tamaina handiko hondakinak, ehunezkoak eta TEEH izenekoak (tresna elektriko eta elektronikoen hondakinak) kudeatu nahi dira, edo Plasticenergy SL eta ECOCIR enpresen proiektuak, plastikoa balorizatzeko eta bigarren mailako materialak sortzeko planta eta prozesu berrien garapena bultzatzen dutenak (2.000.000 €).

Bizkaian, Garbiker Bizkaiko Foru Aldundiko enpresa publikoak aurkeztutako proiektua nabarmendu behar da, bereizita jasotako biohondakinak tratatzeko instalazio espezifikoak eraikitzeari buruzkoa (1.761.866 €). Konposta sortzeko bio-hondakinen tratamenduaren garrantzia etxeetan hondakin gisa edo konposteko jarduera sozioekonomiko gisa sortzen diren material organikoen balorizazioan datza, lurzoru degradatuak berreskuratzeko, nekazaritzarako edo florarako substratu gisa erabiltzeko egokia baita. Proiektu honen bidez, eskualdeko 3 konpostatze-planta eraiki nahi dira, urtean 2.000 tona elikagai-hondar har ditzaketenak. Beste proiektu aipagarri batzuk Garbiguneen sarea edo Artigasko tratamendu mekaniko biologikoko planta hobetzera bideratuta daude.

Informazio gehiago: https://ekogarapena.eus/nextgen22