"Bizi egin behar den esperientzia da, horregatik jende guztia bultzatu nahi genuke horrelako abentura batera murgiltzera." (Santo Domingo de los Colorados - Ekuador)
Aspaldidanik geneukan gure gizartetik irten eta beste lurralde batetako errealitatea ezagutzeko desira, baina azken denboran ametsa beharra bihurtu zen.
Bakoitza modu ezberdinean jabetu ginen Eusko Jaurlaritzaren "Euskadiko Gazteak Lankidetzan" programari buruz eta gure irrika betetzeko bidea zela garbi ikusi genuen. Aukeratuetariko bat izateko itxaropenaz bete genuen inprimakia eta konturatu gabe aukeratuen artean geunden.
Gu ez ginen ezagutzen eta ez proiektua ez eta tokia ere ez ziguten aukeratzeko eman. Gure destinua munduko edozein lurralde izan zitekeen eta azkenean Santo Domingo de los Colorados (Ekuador) izan zen.

Bertara heldu aurretik inork ez zigun garbi esan bertan egingo genuena, beraz bertara heltzeko ilusioa gero eta handiagoa zen.
Santo Domingora heldu ginenean, kezka asko genituen, baina egunak pasa ahala kezka hoiek ugariagoak ziren. Hasieran bertako lanak aurrera eramateko gai ez ginela uste genuen, baina gogoa eta maitasuna jarriz dena da posible.
Aurrera eraman genituen proiektuetatik ez genuke jakingo esaten zein den gehien gustatu zaiguna, izan ere, denak izan dira aberasgarriak. Proiektu eta pertsona bakoitza dira bertako errealitatea pixka bat gehiago ulertzen lagundu digutenak. Baziren momentuak, lan batzuk guk nahi bezela irtetzen ez zirelako, ernegatuak sentitzen ginenak. Denborarekin konturatu ginen dauzkagun kulturak ezberdinak direla eta ezin direla gure gizartean ohituak gauden modura ekintzak aurrera eraman. Gu ginen bertan geundenak, beraz gu barneratu behar ginen beraiek duten bizitzeko eran.
Ezagutu dugun pertsona bakoitzarengandik asko ikasi dugu. Karmenen lehen irrifarrea, Miriamen tristura, Estephanieren atsekabea, Karlosen ikasteko gogoa, Zambranoren alaitasuna, Hernanen aurrera jarraitzeko indarra.... dena biziki sentitu dugu eta denak, inor ahaztu gabe, barrenean daramatzagu, betirako.
Bukatzeko esan, bizipen gehiago nahi genituzkela trasmititu, baina idatziz edo eta hitzez esan ezinak dira. Bizi egin behar den esperientzia da, horregaitik jende guztia bultzatu nahi genuke horrelako abentura batera murgiltzera. BIZI!!!.
Ziortza eta Itsaso
Santo Domingo de los Colorados (Ekuador)
|