Daphne cneorum landare espezie mehatxatuaren kontserbazio lanak eta bere nitxo ekologikoaren modelizazioa

Daphne cneorum Euskal Autonomi Erkidegoan Bakan gisa sailkatua dagoen landarea da. Espezie honen populazio gutxi ezagutzen dira egun EAEn: lau Bizkaian eta bakar bat Gipuzkoan. Badira zita zahar batzuk Miarritzen eta Bidasoan itsas mailatik oso gertu. Eskoriatza, Bilbo eta Anboton ere mende haserako zitak daude, berriki konfirmatuak izan ez direnak. EAE-ko populazioetatik gertuen aurkitzen direnak, Soria, Kantabria, Nafarroa eta Pirinioetakoak dira.

Bizkaiko populazioei dagokienez, puntualki ugaria den arren, Berangoko populazioa oso urria da. Karrantzan hiru azpipopulazio ezagutzen dira, hauetariko bat tamaina handikoa. Artzentalesen 4 azpipopulazio definitu dira eta Muskizen berriz, elkarrengandik oso gertu dauden 5 nukleo txiki ezagutzen dira. Gipuzkoan soilik Aiako Harria Parke Naturalean ezagutzen da, Irun eta Oiartzungo udalerrietan. Sei azpipopulazio definitu dira kasu honetan eta denera 800 ale inguruko populazioa da. Hala ere, kopuru erreala txikiagoa dela uste da, landareak begetatiboki hazteko joera aurkezten baitu eta ondorioz, genetikoki bereiz daitekeen ale kopurua (“ale errealak” esan dezakegu) txikiago dela uste da. Bestalde, Gipuzkoako populazio honetan ez da plantula gazterik ezagutzen eta sortzen diren hazien bideragarritasun gaitasuna eskasa da.

Bizkaiko eta Gipuzkoa populazioen egoera balioztatu ondoren “EAEko Flora Baskularraren Zerrenda Gorria”-n EN (Endangered, Desagertzeko Arriskuan) kategorian sailkatu da. Sailkapen honen arabera espeziea desagertzeko arriskuan egongo litzateke Erkidego mailan. Pentsatzekoa da sailkapen berri honek eragina izango duela egun EAEko Espezie Mehatxatuen Katalogoan agertzen duen babes kategoriarekin.



Pdf formatuko dokumentuak:
Daphne cneorum landare espezie mehatxatuaren kontserbazio lanak eta bere nitxo ekologikoaren modelizazioa. (4,24 Mb)