Eskolarteko Kirol Jokoek 2.500 kirolari gazte elkartuko dituzte bi asteburuz Bilbon
2016.eko maiatzak 26
- Maiatzaren 28 eta 29an eta ekainaren 4 eta 5ean jokatuko dira Bilboko kirol instalazioetan
- Kirolari gazteek nahiz haien familiek eskura izango dute informazio guztia, mugikorretan, Jokoeskolarrak app-ari esker
Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoak Bilbon jokatuko dira aurten, 35. edizioan. Ondorengo bi asteburuetan zehar, ikasturte honetan lurralde bakoitzean infantil mailan irabazle izan diren kirolari eta taldeak lehiatuko dira Bizkaiko hiriburuan.
Maiatzaren 28 eta 29an, eta ekainaren 4 eta 5ean, bi asteburuz, Bilboko kirol instalazioak kirolari gaztez beteko dira. Egun horietan, DBH-ko lehen eta bigarren mailetako eskola umeak elkartuko dira (12-14 urte bitartekoak), Euskadiko Txapeldunak erabakitzeko. Urtean zehar euren lurraldeetan eskola kirolaren baitan jokatutako txapelketen irabazleak dira guztiak.
Orotara ia 2.500 neska-mutil lehiatuko dira (1.000 neska eta 1.500 mutil inguru), lurralde bakoitzeko infantil mailako kirolari eta talde irabazleak, 20 kirol modalitate desberdinetan.
Eskolarteko Kirol Jokoen helburua da, gazteen artean bizi ohitura osasuntsuak sustatzea kirol praktikaren bidez.
20 kirol modalitate: Aerobic, xakea, atletismoa, saskibaloia, eskubaloia, txirrindularitza, futbol 11, futbol 7, areto futbola, gimnasia erritmikoa, herri kirolak, judoa, karatea, euskal pilota, tenisa, mahai tenisa, boleibola, hondartza boleibola, padela eta igeriketa.
Kirol guneak*:
|
Kirol gunea |
Helbidea |
|
Zorroza Kirol Gunea |
Hermógenes Rojo Kalea, 1, 48013 Bilbao |
|
Errekalde Udal Kiroldegia |
Carretera Rekalde Larraskitu 53, 48002 Bilbao |
|
Artxanda Udal Kiroldegia |
Carretera Artxanda Santo Domingo 17, 48014 Bilbao |
|
Deusto Udal Kiroldegia |
Jon Arrospide 1, 48014 Bilbao |
|
San Ignazio Udal Kiroldegia |
Arturo Campión 8, 48014 Bilbao |
|
La PeñaUdal Kiroldegia |
Lekanda 2, 48003 Bilbao |
|
Txurdinaga Udal Kiroldegia |
Calle Circo Amateur del Club Deportivo 2, 48003 Bilbao |
|
Bizkaia Frontoia |
Martín Barúa Picaza Kalea, 27, 48003 Bilbo |
|
Basauriko Frontoia |
Artunduaga Etxadia 48970 BASAURI |
|
Betoño |
C/ Betoño-Entidad 1A 01013 Vitoria-Gasteiz |
|
Lezama |
Garaioltza 147, 48196 - Lezama (Bizkaia) |
|
Zubieta |
Paseo del Hipodromo s/n Lasarte (Gipuzkoa) 20160 |
Jokoeskolarrak app-a: Eskolarteko Kirol Jokoak patrikan
Kirolari gazteek nahiz hauen familiek Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoetarako beren-beregi diseinatutako app-a dute iaztik: Jokoeskolarrak app-a. Txapelketaren inguruko informazio guztia smartphonetik kontsultatu ahal izango dute, modu azkar eta erosoan.Eskuragarri eta erabiltzen hasteko prest dago aplikazioa Android nahiz iOS sistema eragileak dituzten gailuentzat. Non eskuratu? Play Store-n Androidentzat, App Store-n iOSentzat, bai eta Eskolarteko Kirol Jokoen atarian ere:
www.euskadi.eus/jokoeskolarrak (mugikorrentzako aplikazioak atalean)
Aurtengo Eskolarteko Kirol Jokoetan parte hartuko duten ikasle guztiek, eta euren senideek, honako aukera hauek izango dituzte, aplikazioari esker:
- Emaitzak unean bertan: emaitzak denbora errealean kontsultatu ahal izango dituzte erabiltzaile eta parte hartzaileek, baita abisua jaso ere, intereseko kirol modalitatean emaitzak argitaratu bezain laster.
- Diploma deskargatu: kirolari bakoitzak parte hartu duen modalitateko diploma deskarga dezake, bere izen abizenekin.
- Programa kontsultatu: kirol modalitate bakoitzaren ordutegi eta lekuak kontsultatzea.
- Argazki galeria: argazki galerian kirol modalitate bakoitzeko albumak ikusteko eta deskargatzeko aukera, probak amaitu eta denbora gutxian.
*Atxikitako PDF dokumentuetan bi asteburuetako egitarau osoa eta zehatza kontsulta daiteke, kirol gune bakoitzak hartuko dituen modalitateekin.