Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza

Titularra: Jon Iñaki Urbina García de Vicuña

Agintaldia: 2016/11/28 - 2020/11/28
Inprimatu

EGINKIZUNAK
  1. Sailaren zuzendaritzei dagozkien egiteko orokorrez gain, Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritzak honako egiteko eta jardun-arlo hauek ditu esleiturik:
  2. Laguntza juridikoaren arloan honako hauek dagozkio:
    1. Lege-aurreproiektuak eta xedapen orokorrak zuzendu, bultzatu eta koordinatzea, sailari eragiten dioten gaietan edo sailari atxikitako edo sailaren mendeko edozein erakunderi eragiten dioten gaietan ere.
    2. Xedapen orokorren eta sailarekin sinatu beharreko akordioen eta hitzarmenen gaineko txosten juridikoak egitea, eta baita, horretarako eskatzen denean, Gobernu Kontseiluak eta haren eskuordeko batzordeek aztertu beharreko gaien gaineko txosten juridikoak ere, eta, saileko edozein organok eskatzen badio, aholkularitza ematea.
    3. Sailaren jarduera administratiboaren aurka aurkezten diren administrazio-errekurtsoak izapidetzea.
    4. Jurisdikzio-prozeduren jarraipena eta kontrola eta Auzibide Zuzendaritzarekiko harremana, sailak parte hartzen duen gaietan, eta horien gainean emandako ebazpenen jarraipena eta kontrola.
    5. Sailaren jarduerari dagokionez, sortzen diren ondare-erantzukizuneko prozedurak hastea eta izapidetzea.
    6. Hezkuntzako zerbitzu publikoari atxikitako udal titulartasuneko ondasunak –jabari publiko direnak– desafektatzeari buruzko espedienteak, hargatik eragotzi gabe lurralde-ordezkaritzen eskumenak.
    7. Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legeak Sailari ematen dizkion egitekoak baliatzea.
    8. Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoa Antolatzeko ekainaren 2ko 7/2016 Legearen bidez sailetako aholkularitzei esleitutako gainontzeko egitekoak.
  3. Langileen arloan, dekretu honetako 10. artikuluak aipatu langileen kasuan izan ezik, honako hauek dagozkio:
    1. Behar diren prozedurak administratu eta kudeatzea, eta, hartarako, Euskal Funtzio Publikoaren Legearen 10. artikuluak zehazten dituen eskumenak baliatuko ditu, betiere, beste organo batzuei dagozkien eskumenak eragotzi gabe.
    2. Saileko langileen beharrizanak ebaluatzea, eta saileko lanpostuen zerrendak eta plantillak prestatzeko proposamenak egitea.
    3. Langileentzako formazio eta hobekuntza planak eta programak sustatzea, hartara eragotzi gabe, arlo horretan, IVAP-Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearekin eta Herri Administrazio eta Justizia Sailarekin gauzatu beharreko lankidetza.
    4. Organo eskudunek langileen gainean hartutako erabaki eta ebazpenen gaineko informazio egokia ematea saileko zerbitzuei, eta betetzen direla zaintzea.
  4. Kontratazioaren arloan honako hauek dagozkio:
    1. Saileko organo guztiei aholkularitza ematea honako arlo hauetan: sektore publikoaren kontratuei buruzko legeria; kontratuak gauzatzean eta legeria horretan araututako prozeduretan hura egoki aplikatzea, hartara eragotzi gabe beste organo batzuei esleitutako eskumenak.
    2. Sektore publikoaren kontratuei buruzko legeriari lotutako prozedurak izapidetzea, baina horrek ez ditu eragotziko, batetik, Kontratazio Batzorde Nagusiaren eskumenak, eta, bestetik, beste organo batzuei arauz esleitutako eskumenak.
    3. Sailaren kontratazio-organoa zuzendaria da, betiere lizitazioko oinarrizko aurrekontua edo, halakorik ezean, balio zenbatetsia 1.000.000 eurokoa edo hortik beherakoa bada, gastu-onarpena barnean dela; kanpoan uzten dira dekretu honetan beste organo batzuei esleitutako kontratu txikiak.
  5. Aurrekoez gain, sailaren zeharkako kudeaketako organoa den aldetik, honako hauek dagozkio:
    1. Saileko Erregistro Nagusiko Bulegoak funtziona dezan, behar diren baliabideak jartzea.
    2. Sailaren administrazio-unitateen funtzionamendua eta egitura arrazionalizatzeko proposamenak eta txostenak egitea; bai eta kudeaketa-prozedurak diseinatu eta eguneratzea ere; baina horrek ez ditu eragotziko Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari esleitutako eskumenak.
    3. Administrazioa eraberritu eta modernizatzearen arloan, organo eskudunak emaniko ekimenak eta jarraibideak garatu eta baliatzea.
    4. Irakaskuntzakoa ez den eremuan, lanpostuen banaketa fisikoari, lanpostuetako ekipamenduari eta eraberritze-lanei dagokienez, saileko unitateen jardunak zuzentzea, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari gai honetan esleitutako eskumenak eragotzi gabe. Saileko bulegoen barne-araubidea zaindu eta babestea, eta sailari atxikitako ondarea eta sailaren ekipamenduak administratu eta kontserbatzea.
    5. Herritarrei informazio orokorra emateko egitekoak koordinatzea, eta sailean herritarrei informazioa eta arreta eskaintzeko ardura duten zerbitzuek Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean herritarrei informazio eta arreta orokorra emateko zerbitzuen ardura duen organoarekin –kanal anitzekoa eta zentralizatzailea izanik– harreman egokia izan dezaten arduratzea.
    6. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen edukiak eta Eusko Jaurlaritzak onartutako Berdintasunerako Planaren edukiak identifikatu eta garatzea, gainerako zuzendaritzekin, Administrazio instituzionaleko erakundeekin eta hari atxikitako organoekin batera lan eginda eta koordinatuta, legean aurreikusitako neurriak bete daitezen, gizon eta emakumeen berdintasunerako unitateei emandako egitekoekin bat etorriz.
    7. Abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuko xedapen gehigarrietarik hamargarrenean aurreikusitako euskara-unitateak saileko politiketan euskara sustatzen lagunduko du, hain justu ere Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren jarraibideen ildotik.
    8. Sailak dituen ondasun guztiak direla-eta Ogasun eta Ekonomia Saileko zuzendaritza eskudunarekin izan beharreko harremanak zentralizatzea, Euskal Ondareari buruzko Legeari jarraikiz; era berean, sail horrekin elkarlanean, sailarenak diren ondasun eta eskubideen inbentarioa osatzen laguntzea.
    9. Datuak babestearen gainean sailak diseinatzen dituen planak garatzea, eta Datuak Babesteko Euskal Agentziak ezarritako gomendioak eta jarraibideak gauzatzea.
  6. Aurreko paragrafoetan adierazitako gaietan, Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzak Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritzaren mende egongo dira funtzionalki.