Azken eguneratzea: 2011/02/24

Laneratzeko enpresen Europako azokari amaiera emango dio Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak Bartzelonan

Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak emango dio amaiera gaur arratsaldean, Bartzelonan, laneratzeko enpresen Europako azokaren lehenengo edizioari. Azoka hori topagune garrantzitsua da, eta sektoreko enpresei beraien produktu eta zerbitzuak eskaintzeko aukera eman die.

Bere hitzaldian Eusko Jaurlaritzaren eskaintza egingo du, Euskadik 2013. urtean Laneratzeko Enpresen bigarren Europako Azoka antolatu dezan.

Laneratzeko enpresen bidez, gizarte-desabantailan edo bazterkeria-egoeran dauden kolektiboek enplegu normalizatua lortzeko aukera izaten dute, laguntzeko aldi bat igarota eta betiere irabazi-asmorik gabeko ondasunen edo zerbitzuen produkzioko enpresa-egitura batean lanpostu bat betez.

Nazioarteko ekitaldi hori Konde Hirian ospatzeak aukera eman die enpresei eta administrazioei gogoeta egiteko, une hauetan lan-merkatura sartzeko zailtasunak dituzten pertsonei buruz. Horren ildotik, Gemma Zabaletak azpimarratu duenez, botere publikoek laneratzeko enpresak aintzat hartzeko betebeharra dute, “bazterkeriaren, langabeziaren eta pobreziaren aurkako borrokan ezinbestekoak diren bidelagun gisa”.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak bere apustua berretsiko du subsidioen politika gainditzearen eta aktibazioa sustatzearen alde, “prestakuntzaren eta enpleguaren bitartez”; eta sektoreko enpresei eta erakundeei erronka hori lortzen laguntzeko dei egingo die. Horrez gain, haren ustez, Lanbideren lana behar-beharrezkoa izango da, langabetuak lanmerkatura sartzeko oinarrizko tresna gisa, eta gizarte-zerbitzuen zirkuituan daudenak lanaren dinamikan sartu daitezen.

Laneratzeko euskal enpresak Gizarteratzeko eta Laneratzeko Euskadiko Enpresen Elkartearen (Gizatea) bitartez daude ordezkatuta Inserciona azokan, eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak harreman estua du elkarte horrekin.  Laneratze-prozesuetan dauden pertsonentzat Sailak finantzatutako lanpostuak 506 dira, eta horrek esan nahi du 2005. urtean zegoen plantilla 5 urtetan bikoiztu egin dela.

Sailak 9,3 euro jarri ditu 2010. urtean laneratzeko enpresak finantzatzeko. Egun 42 euskal entitate daude alta emanda Laneratzeko enpresen erregistroan. Horietako gehienak eraikuntzan, mezularitza eta garraioan, gizartezerbitzuetan, ostalaritzan, garbiketa eta mantentze-lanetan eta ingurunearen sektorean.

Era horretako enpresei lotuta Lanbidek dituen helburuen artean, haien hazkundea sustatzeaz gain —Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen dutenak aktibatzeko—, ondokoak nabarmendu litezke: kontratazio publikoko prozesuetan gizarte-klausulak ezartzea, finantzazio ildoak eskaintzea eta enpresen arteko lankidetza eta merkataritza-trukeak sustatzea.