Eusko Jaurlaritzak zahartze aktiboa bultzatuko du adituekin batera datorren bosturtekorako diseinatutako Estrategia baten bitartez

2015.eko irailak 18

  • Estrategia hiru arlotan banatuta dago, bakoitzak bere helburu orokorrarekin, eta helburu operatiboez eta hainbat ekintzaz baliatzen dira horiek betetzeko
  • Estatistiken arabera, 2029an Euskadin 596.000 lagunek baino gehiagok 65 urtetik gora izango dituzte; biztanleen % 29 izango dira

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Ángel Toñak datorren bosturtekorako Zahartze Aktiboaren Estrategia aurkeztu du gaur goizean. 2015-2020rako Estrategiak zahartze aktibo, positibo eta osasuntsua lortzea du helburutzat, pertsona horiek herrialde, lurralde, hiri edo herriaren garapenean integratua egon daitezen, alegia.

Euskal gizartearen parte aktibo modura, pertsonak, beren eskubideak eta betebeharrak erdigune dituen esparru kontzeptual eta etikoa du oinarritzat Euskadiko 2015-2020rako Zahartze Aktiboaren Estrategiak. Ondorioz, nola estrategia prestatzeko jarraitutako prozesuan hala horrek egiten dituen proposamen eta neurri guztietan printzipio batzuk ageri dira, eta estrategia horren balioak eta filosofia zehazten saiatzen dira horiek. Laburbilduz, lau printzipio nagusik biltzen dituzte balio horiek, euskal herritarren artean zahartze aktiboa bultzatzeko zuzeneko inplikazioak dituztelakoan: duintasuna, autonomia, parte-hartzea eta erantzukidetasuna.

Estrategia hori hiru arlo handitan egituratuta dago:

  • I. arloa.- Gizartea zahartzera egokitzea, gobernantza-eredu berri bat
  • II. arloa.- Aurrerapena eta prebentzioa hobeto zahartzeko
  • III. arloa.- Adiskidetasunezko jarrera eta parte-hartzea ongizatearen gizartea eraikitzeko garaian

Euskadin gizartearen eta antolamenduaren aldaketa sustatzea bilatzen du lehen arloak, horren bitartez biztanleriaren egiturarekin eta bertan zahartzen diren pertsonen eginkizunarekin bat datorren gobernantza-eredua sor dadin, bai politika publikoen esparruan bai pribatutasunean. Hartarako, honelako ekintzak bultzatuko dira: gobernantza hobetzea; adinekoen eskubideak bermatzea eta bereizkeriaren aurka borrokatzea, adinekoen segurtasuna eta gizarteratzea bermatzea, eta zahartzearen inguruko garapen ekonomikoa sustatzea, enplegua sortzeko iturri gisa eta adinekoen aldetik kontsumo berriak ere egon daitezkeelako.

Hobeto zahartzeko aurrerapenaren eta prebentzioaren arloak, berriz, zeharkako prebentzio-politiken bitartez adinekoen autonomia eta independentzia sustatu nahi ditu, adinekoei norberaren bizi-proiektuari buruzko erabakiak hartzea errazteko. Hori horrela, xede hauek dituzten ekintzak bultzatuko dira: bizitzan zehar erabakiak modu arduratsu eta orientatu batez har ditzaten bultzatzea, pertsonen autonomia sustatuz zahartze aktiboa lor dadin; lan-bizitzatik erretirora arteko trantsizio positiboa sustatzea; etxebizitza eta etxeko ingurunea prestatzea bizitza osoan horretaz gozatu ahal izateko; zahartze osasuntsua sustatzea, eta bizitzan zeharreko ikaskuntza eranstea euskal gizartean.

Adiskidetasunezko jarrera eta parte-hartzea ongizatearen gizartearen eraikuntzan izeneko atalean, bestalde, adiskidetasunezko paradigma Euskadin orokortzea sustatzeko ekintzak bultzatuko dira, adinekoek prozesu horretan protagonismoa eta parte-hartzea izatea bermatzearren. Hauxe da horren helburua: adinekoen artean ekintza boluntarioak eta komunitateko lankidetza-mugimenduak ugaritu daitezen bultzatzea, adinekoek familia-esparruan emandako zaintzen eta laguntzen transferentzia baloratzea, eta Euskadin adiskidetasunezko prozesuak bultzatzea.

Zahartze aktiboaren arloko adituen iritzia hartu dugu kontuan estrategia hau prestatzeko. Honako hauek parte hartu dute prozesuan, besteak beste: adinekoen elkarte-mugimenduko buruak; lurralde-administrazioetako adinekoentzako programak planifikatzearen arduradunak; EAEko udalerri handietako zein EUDELeko adinekoentzako programak planifikatzearen arduradunak; gerontologiako sektoreko elkargo profesionalak eta itzal handiko adituak; Eusko Jaurlaritzan arlo horretako politiken arduradunak (etxebizitzaren, osasunaren eta hezkuntzaren arloko eskumena duten sailak), eta Emakunderen ordezkariak.

Euskal gizartearen zahartzea

Gizarte Politiketako sailburuaren iritziz, «bizitza osorako zeregina da ongi zahartzea, eta erantzukizun pertsonal eta kolektiboa eskatzen du»; halaber, demografikoari buruzko datuak gogora ekarrita, gaur egun EAEko hiru biztanletatik bat 55 urtetik gorakoa dela esan du. Biztanleriari buruzko proiekzioaren arabera datozen urteetan gizartea pixkanaka zahartuko dela ere gogorarazi du, orobat. Estatistikako Institutu Nazionalaren arabera, 2029an EAEn 65 urtetik gorako 596.000 lagun egongo dira. Horrelakoak guztien ia heren bat izango dira orduan (% 29). Ia milioi bat izango dira 55 urte edo gehiago dituzten pertsonak, EAEko biztanleen ia erdia.

Ángel Toñak zera ere esan du: «Eusko Jaurlaritzak, lurralde- eta udal-administrazioekin elkarlanean, longebitatearen iraultzaren erronkari aurre egiten dio, uste osoa baitugu elkarrekin gizarte adeitsuago baten eraikuntzan aurrera egin dezakegula, gure gizartearen zahartze aktiboa laguntzearren». Helburu nagusia hauxe da: «adinekoak bizi-baldintza onenetan bizi ahal izatea; ahalik eta denbora luzeenean mendetasun-egoerarik gabe».

Horrez gain, sailburuak berretsi du «gizarte modernoetan adinekoak altxor oso baliotsua» direla «familia, komunitate zein ekonomiaren iraunkortasunerako. Sekulako lana egiten dute, besteak beste, borondatezko lanaren bidez, beren esperientziak eta ezagutzak helaraziz, familiei zaintza-erantzukizunetan lagunduz edota, zuzenean, ordainpeko lanaren bidez. Eta azken urteotan, krisialdi benetan gogorreko garaian, pertsona horiek ezinbesteko oinarria izan dira milaka familiarentzat». Nabarmendu du, halaber, «biztanleak zahartzeak behar berriak ez ezik, aukera berriak ere sortuko» dituela.