55 urtetik gorako pertsonek beren familian duten eginkizuna indartu egin da azken lau urte hauetan, krisi ekonomikoaren urte zailenetan

2015.eko irailak 04

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Angel Toñak eta Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibiak 55 urtetik gorako Euskadiko herritarren bizitza-baldintzei buruzko azterlanaren ondorio nagusiak aurkeztu dituzte gaur goizean Bilbon.

 

«Herritar talde horren eginkizuna funtsezkoa da gure gizartean, eta aitortu egin behar dugu», nabarmendu du Ángel Toñak. Izan ere, 55 urtetik gorako pertsonek parte-hartze aktiboa dute Euskadiko familia askoren egituran, bai ekonomikoki, bai egunerokoan ere. «Seme-alabak, ilobak, adinekoak eta mendekoak zaintzeko ezinbestekoak dira», erantsi du.

Azterlanak herritar talde horrek azken lau urteetan izan duen bilakaera egiaztatu du, denbora-tarte hori izan baita «Euskadiko milaka familiak krisialdiaren alderik gordinena jasan duten aldia». Toñaren hitzetan, denbora-tarte horretan 55 urtetik gorako pertsonak oinarri egonkorra izan dira. Izan ere, 55 urtetik gorako hamar lagunetik seik adierazitakoaren arabera, aldi horretan areagotu egin dute familiari emandako babes ekonomikoa. Gaur egun 55 urteko eta gehiagoko pertsonen % 8,7k ekonomikoki laguntzen diote euren etxebizitzan bizi ez den norbaiti, eta erdiak baino gehiagok hilean behin egiten du. Dirua mailegatzen duten pertsonen % 35,4k 100 eta 500 euro bitartean mailegatzen ditu. Gainera, familiako kideen zainketa eta etxetik kanpoko etxeko lanak areagotu egin dira 55 urtetik gorako pertsonen % 20arentzat.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren ustetan, pertsona horiek «funtsezkoak dira, baina ez beren familiarentzat soilik, baita euskal gizarte guztiarentzat ere». Honela, 55 urtetik gorako pertsonen % 18,7k boluntario gisa jarduten du hainbat elkarterentzat. «Pertsona horien guztien lana eskertu behar dugu, izan ere, kasu askotan lanetik erretiratzeko adina duten arren, euren familia zaintzen jarraitzen dute erne eta tinko, gizartean duten parte-hartzea albo batera utzi gabe».

55 urtetik gorako pertsonen % 31,1ek euren seme-alabei laguntzen diete egunero edo ia egunero. Zaintzeko beharra duten bilobak dituzten pertsonak zenbatzen baditugu soilik, zifra % 50 ingurukoa da, eta ordu kopurua hamar (% 43,7) eta hogeita hamar (% 11,8) ordu artekoa. Hala, pertsona horien % 11k pertsona nagusiago bat edota desgaitasun bat duen pertsona bat ere zaintzen dute, batez beste asteko 37 ordu inguruko intentsitatearekin.

55 urtetik gorako pertsonen artean laguntza informala ematen dutenak eta laguntza jasotzen dutenak alderatzen baditugu, % 54,8k laguntza informalen bat ematen du (seme-alaben, biloben, pertsona nagusiago baten edota desgaitasun bat duenaren zainketa); aldiz, % 7,7ak soilik jasotzen du laguntza osasun arazoengatik.

 

Zahartze Aktiboaren Euskal Estrategia

Gaur goizean aurkeztutako ikerlanak azaleratu duenez, zahartze aktiboaren indizea kalkulatuz gero EAEk lortutako puntuazioa 36,6koa da; hau da, Europako batez bestekoaren gainetik (34,05) eta Espainiako Estatuaren batez bestekoaren oso gainetik (32,8). Toña sailburuak gehitu du Euskadi ez dagoela soilik Europako batez bestekoaren gainetik, baizik eta ongizate eta babes sozial maila oso handia duten Alemaniaren, Austriaren eta Frantziaren aurretik ere. Euskadi sailkapenaren zazpigarren lekuan da, aztertu diren EBko 28 herrialdeekin alderatuta. 

Euskadin bizi diren 55 urtetik gorako pertsonen errealitatea islatzen duen ikerlan hau oinarri hartuta, Eusko Jaurlaritza Zahartze Aktiboaren Estrategia diseinatzen ari da inplikatutako eragile guztien laguntzarekin. Estrategia hori hilaren 18an aurkeztuko dela jakinarazi du Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur goizeko prentsaurrekoan. Izan ere, sailburuak adierazi duenez, «65 urtetik gorako pertsonei zuzenduriko politikak ez dira premia bat, betebehar bat baizik». Lortu nahi den helburua «pertsona nagusiek etapa horretan bizitza osasungarri, aktibo eta, ahal den heinean, independentea izatea da».

Bestalde, ikerlanak agerian jarri du, beste hainbat alderdiren artean, euskal herritarren zahartzea errealitate bat dela. Azterlana gauzatzeko erabilitako 2014ko datuen arabera 443.250 pertsonak gainditua zuten 65 urteko atalasea; hau da, biztanleriaren % 20,2, pertsona nagusitzat hartu ohi direnak. Ikerlanak, aldiz, 55 urteko eta goragoko pertsonak gehitu ditu laginean, helduen belaunaldien jarrerak eta portaerak ezagutzeko, eta hala, etorkizuneko zahartzearen joerak aztertu ahal izateko. Adin-talde hori gehituta 55 urtetik gorako pertsonen kopurua 725.789koa da, hau da, biztanleria osoaren heren bat (% 33,1).

Gainera, biztanleriaren proiekzioek iragartzen dutenez, helduen taldeak nabarmen egingo du gora. Estatistikako Institutu Nazionalaren arabera EAEn, 2029. urtean, 65 urtetik gorako 596.000 pertsona baino gehiago egongo dira. Adin horretako pertsonak biztanleriaren % 29,0 osatuko dute. 55 urtetik gorako pertsonen kopurua milioi bat ingurukoa izango da, hau da, ia euskal biztanleriaren erdia.

Toñak argudiatu duen lez, adineko biztanleriaren gorakada hori «erronka bat» izango da, eta azpimarratu du Gobernu honek beharrezkotzat jotzen duela pertsona helduen bizi-kalitatea hobetuko duten ekintzak diseinatzea. Sailburuaren hitzetan, bizi-kalitate horretan «garrantzi handia dute aktibo egoteak eta independentziak».

Gaur egun, zahartzen ari den euskal biztanleriak era guztietako jarduera aktiboak egiten ditu egunero. Jarduera horien artean, nabarmentzekoa da ariketa fisikoa. % 60,8k ariketa fisikoarekin edota kirolarekin erlazionaturiko ekintzak egiten ditu egunero. Bizitza sozialeko jarduerak ere oso ohikoak dira 55 urtetik gorako pertsonen artean. % 82,4k ariketa horiek egiten ditu nahiko maiz.

Euskadiko 55 urtetik gorako pertsonak orokorrean pozik daude gaur egun daramaten bizitzarekin, izan ere, poztasun horri buruz ikerlanean lorturiko batez besteko emaitza 10etik 7,1ekoa izan da. Gainera, aipatzekoa da indize hori ez dela jaisten adinak gora egiten duen heinean, nahiz eta pertsonen osasunak okerrera egin ohi duen.  Euskadin 55 urtetik gorako pertsonen erdiak baino zertxobait gehiagok euren osasun egoera ona edo oso ona dela adierazi dute (% 57,7), heren batek erdipurdikoa (% 33,5) eta % 10 baino gutxiagok adierazi dute txarra edo oso txarra dela. Osasun-mailari buruzko adierazle objektiboekin gertatzen den bezala, alderantzizko erlazio bat aurkitzen dugu osasun subjektiboaren eta adinaren artean.

Txostenak ematen duen beste informazio bat da azken bi hamarkadetan goi-mailako ikasketak dituzten 65 urtetik gorako pertsonen kopurua bikoiztu egin dela (1993ko datuekin alderatuta). Aipatzekoa den alderdi bat da hori. Zahartzen ari den biztanleriaren formakuntza-mailaren hobekuntza oso adierazle garrantzitsua da, izan ere, eragina du ez bakarrik pertsonen egoera sozioekonomikoan, baita haien osasunean, bizi-kalitatean, zahartzaroaren antolakuntzan eta zainketen antolakuntzan ere, halakorik behar izanez gero momenturen batean.

Pertsonen independentziari dagokionez, Euskadiko pertsona helduen % 83,4k nahiago du bere etxean bizi, etxetik bizitzearekin loturiko beste aukeren aldean. Adinak gora egiten duen heinean, gora egiten du etxean geratzeko nahiak ere, 80 urtetik gorakoen % 89,3k nahiago baitu aukera hori. Etxetik kanpoko zainketa jaso nahi luketenen artean, % 4,3k soilik aukeratuko luke euren seme-alaben etxera joatea.