«Eeko adinduei tratu txar fisiko eta ekonomikoak prebenitzeko eta hautemateko prozedura»ren aurkezpena

2015.eko ekainak 03

Datorren urtean, lehen mailako arreta- nahiz osasun-zerbitzuek, bai eta larrialdiko ospitale- eta gizarte-zerbitzuek ere, prozedura berri bat gehituko diote beren eguneroko zereginari: hain zuzen, 65 urtetik gorako pertsonenganako tratu txar fisiko eta ekonomikoak hautemateko eta prebenitzeko prozedura bat.

 

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Ángel Toñak adinekoenganako tratu txar fisiko eta ekonomikoak hautemateko eta prebenitzeko metodo bat aurkeztu du Donostian. Tresna hori 65 urtetik gorako pertsonentzat landu da, bereziki, 80 urtetik gorako emakumeentzat; izan ere, ikerlan guztiek talde hori jotzen dute zaurgarrientzat.

Prozedurarekin bi helburu lortu nahi dira: bata, tratu txar posibleez ohartzea; bestea, tratu txarrak egiaztatzen direnerako esku hartzeko proposamena.

Horretarako, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak garatutako lanaren lehen fase batean, tratu txar arriskuak hautemateko ahalbidetuko duen dokumentu bat prestatu zen. Dokumentuak galdetegi zabala hartzen du barruan, eta, ardatz gisa, kalteak eragin dezaketen egite nahiz ez-egiteen azterketa: hala kalte fisikoak (indar fisikoa zein indarkeria erabiltzea beste norbaiten oinarrizko beharrak zaindu eta artatzean, edota ez zaindu eta artatzea), nola ekonomikoak (adinekoaren baliabide ekonomiko nahiz materialen erabilera desegokia, bidegabeko jabetzea edota esplotazioa).

Bigarren fasea, prebentzio-mekanismoaren esperientzia pilotuak ezartzeari dagokiona, Deustuko Unibertsitateko adituen kargu utzi zen, eta haiek hainbat esparrutako profesionalekin elkarlanean bete zuten zeregin hori: gizarte-esparruko profesionalekin (Bizkaiko Foru Aldundiko balorazio-unitateak), osasunaren alorrekoekin (Gurutzeta Ospitaleko Larrialdi Zerbitzua), alor judizial eta finantzariokoekin (Kutxa Bank) eta Bilboko, Hondarribiko eta Zuiako oinarrizko gizarte-zerbitzuetako profesionalekin.

Euskadiko hiru udalerri horietan garatu zen esperientzia pilotua, 2014ko irailaren eta abenduaren artean, eta 65 urtetik gorako 649 pertsonak hartu zuen parte. Parte-hartzaileak beren udalerrietako gizarte-zerbitzuen ohiko erabiltzaileak ziren. Pilotaje-prozesua amaitu zenean, hasieran aztertutako 649 kasuetatik, 27tan ziren hautemanak alerta larriak – hots, gizarte- eta osasun-arloan urgentziaz esku-hartzeko kasuak–.

Alerta-portzentaje hori laginaren % 4,5i dagokio, baina jo zenez, beste % 16,18 epe ertainera tratu txar egoera bat jasateko arriskuan zegoen. Tratu txarren fenomenoak azken urteotan izandako gorakada berresten dute ikerketaren ondorioek, batez ere, 2010 urtean egindako beste azterketa batekin alderaturik, zeren eta tratu txarren susmoa % 0,9 eta % 1,5 artean kokatu baitzen orduan.

Ángel Toña sailburuaren aburuz, «adinekoenganako tratu txar gehienak ez dira, oinarrian, berariaz egiten. Inguruabar horrek ez ditu justifikatzen, baina adinekoaren eta haren ingurunearen gaineko esku-hartzea baldintzatzen du.

 

Landa-lanaren faseak

Deustuko Unibertsitatearen azterketa pilotuak, lehenik eta behin, aztertu zuen ea tratu txarren arrisku-faktorerik zegoen. Aztertutako 649 pertsonetatik, faktore frogagarria zen 596 kasutan: 390 Bilbon (% 64), 103 Hondarribian eta beste hainbeste Zuian. Horietatik, % 57,2 osasun-etxe batean artatu zituzten, % 14,1 udaleko gizarte-zerbitzuetan, % 20 etxeko arreta-zerbitzuetan, % 7 mendekotasuna baloratzeko taldeetan, % 1,2 Basurtoko Larrialdietan, eta % 0,5 KutxaBankeko bulegoetan.

Espezialistek ebaluazioa egin ostean, 96 pertsonako talde bat hautatu zen. Gutxienez bi arrisku faktore agertzen zituzten (zaintzailearekiko mendekotasun psikiko eta emozionalaren zantzuak, jokabidearen nahasmenduarekin lotutako narriadura kognitiboa, isolamendua, bakardade larria eta gizarte-sare ahula, edota bere burua zaintzeko muga pertsonalak). Horiek guztioriek zeuden epe ertainera tratu txarrak jasateko arrisku-egoeran.

Ikerketaren bigarren fasean 138 pertsona hartu ziren ardatz gisa (85 lehen fasekoak ziren, eta beste 53 osasun- nahiz gizarte-urgentzietakoak), eta haien kasuan tratu txarren adierazlerik zegoen ikertu zen (tratu txar orokorrak, fisikoak, ekonomikoak nahiz sozialak).

Azkenean, 27 kasutan hauteman zen tratu-txarren alertako adierazleren bat. Alerten artean, hauek nabarmentzen dira: sendagilearen jarraibideen edota jarraibide farmakologikoen jarraipen kaskarra, etxebizitzaren biziegokitasun-baldintza eskasak (segurtasuna, zikintasuna, oztopoak, ...), gehiegizko nahiz gutxiegizko medikazioa agindutako jarraibideen jarraipen kaskarra zela eta, zaintzaileen aurrean kexa adierazteko beldurra, edota oinarrizko premiei erantzunik ez ematea.

«Bereziki esanguratsua da zer portzentaje handiri hauteman zaizkion tratu txarren adierazleak larrialdiko osasun- eta gizarte-zerbitzuetan, aintzat harturik zenbati aplikatu zaion tresna hori; horrek agerian jartzen du zein sentikorrak diren lantalde horiek lesio eta egoera susmagarriak hautemateko garaian» gaineratu du sailburuak hedabideen aurreko mintzaldian.

«Pilotajeak mekanismoa baliozkotzeko balio izan du, bai eta frogatzeko ere, baliagarria dela adinekoenganako tratu txar kasu posibleak hautemateko eta prebenitzeko. Beraz, hemendik aurrera, askotariko profesionalak prestatzen hasiko gara. Lehen fasean koordinazio-talde bat sortuko da; jarraian, gizarte eta osasun esparruko profesionalak prestatuko ditugu, eskualdeka, datorren urtean jada zeregin horretan hasi ahal izateko» amaitu du Toñak.