Jaurlaritzak 43 milioi euro bideratuko ditu premia handiena duten taldeen enplegua sustatzeko

Iturria: Irekia - Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

2015.eko Martxoak 18

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Ángel Toñak eta Lanbideko zuzendari nagusi Adolfo Alustizak enplegua sustatzeko zerbitzu publikoaren kontseiluak gaur onartutako ekintzak aurkeztu dituzte Gasteizen. 2015eko Plan Operatiboaren barruan bilduta daude aipatutako ekintzak. 

Ekintza-plan horrek Lanbideren jarduerak eta neurriak biltzen ditu arlo hauen gainean: lan-aktibazioa, enplegurako prestakuntza eta Diru-sarrerak Osatzeko Errentaren eta Etxebizitzatarako Prestazio Osagarrien kudeaketa.

Toña sailburuaren iritziz, «enplegua da premiazkoena eta garrantzitsuena, pertsona baten komunitateko integrazio eta partaidetzarako funtsezko elementua baita». Horregatik, 2015eko Lanbideren programazioak pertsonak ditu oinarri, bereziki enplegurik ez dutenak eta gizarteratzeko edo laneratzeko zailtasun handiena dutenak. 

Ardura hori gogoan izanik betiere, Lanbideren 2015eko jarduerek ardatz hauek izango dituzte: berrikuntza, pertsonei eta enpresei balioa ematen dieten gizarte- eta enplegu-politiken gaineko proiektuen bitartez; gizarte-kohesioa, laguntzen eta zailtasun berezia duten taldeen laneratzearen kudeaketa eraginkorragoa eginez; orientazioa eta gertutasuna, pertsonak eta enpresak Lanbideren jardueraren erdigune bihurtuta gero eta zerbitzu hurbilagoak eta pertsonalizatuagoak eskaintzeko; lan-bitartekaritzaren eta prestazio publikoen kudeaketaren eraginkortasuna handitzea; eta azkenik, jarduera ekonomikoan, enpleguan, prestakuntzan eta gizarteratzean jarduten duten hainbat eragile publiko eta pribaturekin parte-hartzea eta lankidetza sustatzea, adostasuna eta hitzarmenak oinarri hartuta betiere.  

Lanbideko kontseiluak, 2015eko Plan Operatiboaz gain, laguntzen sei deialdi ere onartu ditu lan-aktibazioaren esparruan; 43,2 milioi euro guztira.

1.Ezintasunen bat duten pertsonentzako enplegua sustatzeko laguntzen deialdia. Lan-merkatu arruntean desgaituen enplegua sustatzera dago bideratuta. Horretarako, bi diru-laguntza mota emango dira: bata, kontratu mugagabeengatik; bestea, lanpostuak egokitzeagatik, norbera babesteko ekipoak erosteagatik eta desgaituen lana eragozten edo zailtzen duten hesiak eta trabak desagerrazteagatik. Laguntzak 500.000 eurokoak izango dira. 

2.Laneratze-enpresak sortzeko eta mantentzeko laguntzen deialdia. Lanbideko administrazio-kontseiluak diru-laguntza lerro hori onartu du (8,40 milioi euro) laneratze-enpresetan enplegua sortzeko eta mantentzeko. 

Laneratzeko enpresak merkataritza-sozietateak edo kooperatiba-sozietateak dira, eta gizarte-bazterketa pairatzen duten pertsonen laneratzea eta prestakuntza soziolaborala dute gizarte-helburu, bai eta enplegu arruntera igarotzea ere. Laneratzeko enpresek hiru urterako kontratatzen dituzte pertsona horiek. Hiru urte horietan, bada, lanbide bat irakasten diete, merkatu arruntean lan egiteko gai diren arte. 

3.Ezintasunen bat duten pertsonak enplegu-zentro berezien bitartez laneratzeko laguntzen deialdia, 26,5 milioi eurokoa. Ezgaitasunak dituzten pertsonek laneko eskubidea baliatu ahal izango dute, enpresetako eta herri-administrazioetako ohiko enpleguaren bidez, baita babestutako enplegu-zerbitzuetan ere. Enplegu babestua, enplegu-zerbitzu berezietan eta lan-inguruetan eta enplegu autonomoaren bidez. Bigarren modalitateari dagozkio laguntza horiek, eta ezgaitasunen bat duten pertsonek betetzen dituzten lanpostuen soldatak finantzatzeko bideratzen dira. 

4.Familia-bizitza eta lana uztartzeko laguntzen deialdia. Laguntza-lerro hori gizonen eta emakumeen arteko enpleguko aukera-berdintasuna sustatzen saiatzen da. Zehazki, programa honen bidez, seme-alabak edo senideak zaindu behar dituztelako eszedentzian dauden edo lanaldi-murrizketa duten langileen ordezkapenak laguntzen dira diruz. 

Era horretako kontratuen % 75 25 eta 45 urte arteko adin-zerrendan pilatzen dira; gehienbat emakumeentzat dira horrelako kontratuak. Parte hartzen duten enpresa gehienak handizkako eta txikizkako merkataritzan, osasun-jardueretan eta gizarte-zerbitzuetan eta hezkuntzan dihardute. Laguntzak 2.200.000 eurokoak izango dira guztira.

5.Langabeziagatiko prestazioak jasotzen dituzten pertsonei Gizarte Segurantzaren kuotak ordainketa bakarrean ordaintzeko deialdia. Laguntzak 500.000 eurokoak izango dira. Laguntzok langabeziagatiko prestazioaren % 100 ordainketa bakarrean jaso dutenek eskatu ahal izango dituzte.

6.Lehen Aukera Programaren laguntzen deialdia. Krisiak gogor jotako gazteek hezkuntza mundutik lan merkatura igarotzeko aukera izan dezaten, Eusko Jaurlaritzak laguntza-programa hau abian jarri zuen iaz. Eusko Jaurlaritzaren 2014-2016 Enplegu Planaren baitan hartutako erabakiaren xedea gazte tituludunek euren lehen lan esperientzia izatea da. Lizentziaturak, diplomaturak, graduko ikasketak edo erdi- zein goi-mailako lanbide-heziketako zikloak egin dituzten gazteek dute parte hartzeko aukera. 

Euskal gazteei lehen lan aukera izatea errazteko, ekimenarekin bat egiten duten enpresa pribatu, ondasun erkidego, sozietate zibil, elkarte eta fundazioei bost milioi euro (4,99 milioi zehazki) bideratu dizkie guztira Eusko Jaurlaritzak. Diru horrekin, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako lan-zentroetan jarduteko kontratuak finantzatuko dira, gutxienez sei hilabetekoak. 

Enpresei emango zaien hobaria eskatzen den titulazioaren araberakoa izango da, eta soldata gordinak era honetakoak izan daitezke: 2.880 eurokoak baxuenak eta 4.500 eurokoak altuenak.