Gure adinekoak ondo tratatzeko dugun betebeharra

2014.eko Urriak 01

(Enplegu eta Gizarte Politiketako, eta  Osasun Saileko sailburuen artikulua, adineko pertsonen Nazioarteko Eguna dela-eta)

 

Adinekoak ondo tratatzea betebeharra edo agindua baino lehen, pertsonalki eta sozialki harremanetan jartzeko modu bat da, edozein pertsonarentzat helburu on bat lortzeko modu bat, hau da, bizitza pozgarria izatea. Askotan, pertsona guztiei gutxieneko ongizate- eta justizia-maila bat ziurtatuko dieten arauak sortzean oinarritzen dugu gure lana eta kudeaketa arduradun politikoek. Eta ongi dago hori hala izatea. Baina pertsona adinekoei zuzendutako gaurko jardunaldiak uste dugu zerbait gehiago nahi duela; alde batetik, adinekoak beraiek kontzientziatu behar ditugu besteek baino gutxiagorekin ez konformatzeko eta bizitza oparoa izateko eskubidea dutela; bestetik, aukera paregabea da harreman pribatuetan eta familia-harremanetan, politika sozialetan eta, noski, osasun-laguntzaren eta gizarte-zerbitzuen eremuetan gure adinekoekiko tratu ona bultzatzeko. Hori lortzeko bost noranzkotan egin behar dugu aurrera:

  1. Adinekoen “estimu” pertsonala eta soziala hobetzea.

Bizitza oparoa lortu nahi izateak, autoestimu pertsonala eta baliagarriak izateko eta gure ingurukoen ongizate pertsonal eta soziala hobetzen duten ekarpenak egitea ahalbidetzen diguten ezaugarri eta gaitasunak edukitzeko kontzientzia ditu oinarri.

Adinekoak kolektibo heterogeneoa dira, gehienetan independentea, oso baliabide pertsonal, sozial eta ekonomiko garrantzitsuak eskaintzen dituena. Hala eta guztiz ere beraiekiko pertzepzioa distortsionatuta dago, eta ahuleziarekin, gaixotasunekin eta, ondorioz, gizarteak duen zama bat bezala identifikatzen ditugu. Irudikapen sozialek zahartzaroaren gutxiespen argia dakarte, eta gutxiespen horrek autoerrealizazio pertsonaleko proiektu bat lortzeko eragozpenak jartzen dizkie adinekoei, tratu onean eta estimu pertsonalean oinarritzen diren harremanei uko eginez eta gutxiespen, instrumentalizazio- edo axolagabetasun-egoerak maizegi onartuz. Horregatik, lehen zeregina da adinekoen estimu soziala berreskuratzea eta autoestimua indartzea, beren eskubideen onarpenera asertiboki bultzatuko dituena eta ongizateko proiektu pertsonal eta sozialak egiteko nahia sustatuko duena.

  1. Beren “duintasunaren” benetako onarpenean konprometitzea, tratu txarreko egoerak saihestuz.

Duintasuna funtsezko kategoria etikoa da, pertsonekiko ditugun betebeharrei buruz ari bagara. Beharbada merezi du duintasunaren definizioa gogora ekartzeak, Kant-ek adierazi zuen moduan:  duina da berez xede izanarazten dion baldintzarik gabeko balio bat duena. Duintasuna duenak beti xede gisa tratatua izateko eska dezake, hau da, inola ere zauritu ezin den balio absolutu bat bezala tratatua izateko, eta ez bitarteko soil bat bezala, hau da, beste onura batzuk lortzeko balio instrumental soil gisa.

 Pertsonen duintasunaren aurka egiten duten tratatzeko eta harremanak izateko hainbat modu daude, eta horregatik tratu ez duintzat edo tratu txartzat jotzen ditugu. Horiek alde batera uzteak, adinekoak arriskuan egon daitezkeen zirkunstantzietan beraien babesa ziurtatzen duten beharrezko garapen juridikoak eskatu ditu eta eskatzen ditu. Baina lege-esparruarekin ez da nahikoa. Horregatik, Eusko Legebiltzarrean onartu zen eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari haratago joango zen eta adinekoengan tratu txarreko egoerak prebenitzeko, detektatzeko eta horiengan esku hartzeko lagungarria izango zen protokolo bat lantzeko eskatzen zion Ez-legezko Proposamena aukera ona iruditu zitzaigun. protokoloa dagoeneko eginda eta 2014ko maiatzean aurkeztuta dago, eta gaur egun hainbat udalerritako gizarte- eta osasun-zerbitzuetan balidatzeko prozesuan dago, epe laburrean modu orokorrean finkatu ahal izateko helburuarekin.

  1. Beraien autonomia pertsonala errespetatzea eta sustatzea.

Adineko bat errespetatzeak, bere duintasuna errespetatzeak, bere bizitza kudeatzeko pertsona gai eta autonomiaduna dela onartzea dakar. Pertsona baten “mendetasun funtzionaleko” edo kalteberatasuneko egoerak bere autonomian eragina izan dezake, baina beharrezkoa da arrazoi horren ondorioz bere bizitzari buruz erabakitzeko gai ez dela ez pentsatzea.

Pertsona bat autonomiaduna da bere izateko moduaren, bere autoerrealizazio-proiektuaren, eta bere balioak eta betebeharrak ezartzen dituen kode moralaren arabera bizi denean. Autonomia errespetatzeak, hau da, adinekoek beren bizitza askatasunez eta arduraz kudeatzeko duten gaitasuna eragozten duten egoerak saihesteak, honako hau dakar: borondate pertsonala mugatu eta baldintzatu "baita ezabatu ere" dezaketen iruzurrak, manipulazioak eta hertsapenak ez erabiltzea; berarengan eragina duenari buruzko laguntzak eta informazio osatua eta ulergarria ematea, askatasunez eta arduraz erabaki ahal izateko; bere balio eta erabakiekiko errespetua eta adierazpena erraztea; bere intimitate eta pribatutasunean babestea, hainbat pertsona edo eremuren arreta jaso behar duen kasuetan ere.

  1. Adinekoak herritarren parte-hartzearen eremuetan txerta daitezen bultzatzea.

Adinekoekiko arreta zuzenak, herritarrak direla onartzea dakar. Horretarako, adinekoek espazio publikoan parte hartzeko aukera izan behar dute, eta beraien ikuspegia kontuan izan behar da ondasun komunen kudeaketari buruz eztabaidatzeko prozesu politikoetan. Ohikoena da adinekoak erakunde publikoen arreta-objektuak direla uste izatea. Eraikuntza sozialaren subjektu protagonistatzat hartzeak, Osasunaren Mundu Erakundeak bultzatu, Nazio Batuek onartu eta Europar Batasunak bultzatu duen Zahartze Aktiboaren paradigma gure artean gauzatzea dakar.

  1. Kalteberatasuna babestea eta premiei era integralean erantzutea.

Azkenik, ezin dugu ahaztu adineko askok esku-hartze eta zaintza handiagoak eta espezializatuagoak beharko dituztela hemendik gutxira. Horretarako, osasun-laguntzan diskriminazio-egoerak eragotziko dituzten eta ezintasunaren kasuan babesa sustatuko duten baliabideak lortu beharko ditugu. Zalantzarik gabe, kalitateko ikerketa eta asistentzia geriatrikoa eta gerontologikoa bultzatzea betebehar morala da, adinekoek osasun-prestazioak berdintasun-baldintzetan lortu ahal izan ditzaten. Ildo horretan, diagnostiko berantiarrak eta bizi-kalitatea okerragotzen duten infratratamenduak eta gaintratamenduak saihestu beharko dira, eta adinekoen tratamenduen eta zaintzaren jarraipena eta kontrola ahalbidetuko duen arreta integral eta koordinatu baterako beharrezkoak diren babesak sustatu beharko dira.

Pertsona batek bere duintasuna kudeatu ezin duen kasuan, haren babes pertsonalizatua ziurtatu beharko da. Tratu onaren barruan, honako hauek sartzen dira: adinekoen balioak eta lehentasunak ezagutzea eta erregistratzea, aldez aurreko jarraibideen eta autotutoretzen ezarpena bultzatzea, eta profesionalei eta ordezkariei haiei jarraiki erabakitzen laguntzea.

Azkenik, gaur egungo egoeran, ezinbestekoa da adinekoei eman beharreko “tratu onari” lotutako betebeharretan esku-hartze eremuen (hots, eremu sozialaren eta osasun-eremuaren) eta eremu horien barruko mailen (hots, maila komunitarioaren eta maila espezializatuaren) arteko koordinazioa sartzea. Ohikoa izaten da lankidetzarik ezak adinekoei nahasmendu handia, orientaziorik eza eta, zenbaitetan, lesioak sorraraztea. Betebehar hori dela-eta, koordinazio soziosanitarioko Plan Estrategikoa ezarri eta garatu dugu. Plan horretan, helburu bera duten hainbat ekintza jasotzen dira: arretaren xedea adinekoa da, eta profesionalak, sistemak eta egitura soziosanitarioak egokitu behar dira arreta integrala eta kalitatekoa izan dadin.

Ospa dezagun Jardunaldi hau gure adinekoei esker ona eta errespetua erakutsiz, jokoan baitago gure gizartearen giza kalitatea eta gizarteratze-ereduetan aurrera egiteko gaitasuna. Adierazitako eredu horiek, nolanahi ere, eta P. Ricoeur-en hitzetan, “erakunde zuzenetan besteekiko eta besteentzako autoerrealizazio pertsonala” lortzea ahalbidetu behar diote herritar bakoitzari.