Sarrerak

Erabilitako sarrera kontzeptua

Mantenu-pobrezia eta -prekarietatea kalkulatzeko eta neurtzeko, honako honi egiten dio erreferentzia etxekoen unitateen sarreren edo errenta erabilgarriaren kontzeptuak, PGDIk erabilitakoak: lau iturritatik datozen diru-sarrera

garbien baturari, hilabeteka kalkulatuta. Hona hemen iturriok:

a) Diru-sarrera propioak, lanetik eta kapitalaren etekinetatik etorritakoak.

Lanetik eta kapital propioa ustiatzetik etorritako mota guztietako diru-sarrera gordinak sartzen dira, Ogasunaren ordainketei edo itzulketei lotutako doikuntzak barne.

b) Gizarte Segurantzaren prestazioetatik etorritako diru-sarrerak eta antzekoak.

Honako hauek sartzen dira: erretiroagatiko, alarguntzagatiko, zurztasunagatiko, familiarteko mesedeagatiko edo baliogabetasunagatiko Gizarte Segurantzaren prestazioak, ordaindutakoaren araberakoa edo ordaindutakoaren araberakoa ez dena; erretiroa aurrez hartzeagatiko prestazioak; langabeziagatiko prestazioak edo subsidioak, lanbide heziketari, enplegu-sustapenari, mugikortasuneko subsidioei eta berrinstalazioari lotutakoak barne; eta familia zaintzeagatiko (jaiotza, amatasuna, haur edo helduen zaintza) eta norberaren kargura dauden seme-alabak zaintzeko aldizkako prestazioak.

c) Gizarte-laguntzatik etorritako diru-sarrerak eta beste gizarte-laguntza batzuk.

Honako hauek sartzen dira: Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentatik, Etxebizitzarako Prestazio Osagarritik eta Gizarte Larrialdiko Laguntzatik datozen diru-sarrerak; Emantzipazioko Oinarrizko Errenta (oraindik indarrean dagoen partean); jaiotzagatiko edo adopzioagatiko ordainketa bakarreko prestazioak; ikasketa-beken, adingabeentzako laguntzaren eta bestelako laguntza asistentzial publikoen (udalek, aldundiek eta abar emandakoak) ondoriozko diru-sarrerak.

d) Gizarte zibilaren laguntza osagarrietatik etorritako diru-sarrerak.

Honako hauek sartzen dira: senideek, lagunek edo bizilagunek zuzenean emandako laguntzetatik etorritako diru-sarrerak, bai eta laguntza-erakunde partikular edo pribatuek (Cáritas, Gurutze Gorria eta tankerakoak) emandakoetatik etorritakoak ere.

Kontaketa egiteko, etxekoen unitatea (edo etxekoen unitatearekin pareka daitekeen etxekoen unitatea) hartzen da aintzat, oro har. Horrekin loturik, hertsiki pertsonalak diren sarreretan oinarritutako berariazko adierazleak eskaintzen direnetan izan ezik, honako prozedura hau jarraitzen du PGDIk banakako adierazleei dagokienez: pertsona bakoitzari etxekoen unitateko kide guztiei dagokien errentaren zati proportzionala ematen dio. Pertsona bakoitza pobrezia edo prekarietateren arriskupean nola, hala egongo da etxekoen unitatea bere osotasunean.


 

Azken aldaketako data: 2016/09/08