Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Euskadiko Hobien Maparen hitzaurrea

Gerra Zibilean (1936-1939) fusilatutako eta desagertutako pertsonen inguruko ikerketa-plan batean ari da lanean Eusko Jaurlaritza 2003. urteaz geroztik.

Aranzadi Zientzia Elkartea ere lan horretan parte hartzen ari da, eta iritsi dira fruituak: hobi komunak dauden lekuei buruzko txosten teknikoak egin dira, hobi horietako zenbaitetatik gorpuzkiak atera dira eta abar.

Administrazio publikoek, bakoitzak bere lurralde-esparruan, hobiak dauden lurren mapak egin eta interesdun guztien eskura jarriko dituztela ezartzen du Gerra Zibilean eta diktaduran jazarpena edo indarkeria jasan zutenen eskubideak aintzatetsi eta zabaltzen dituen eta haien aldeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 26ko 52/2007 Legeak 12.2 artikuluan.

Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzak, Justizia eta Herri Administrazio Saileko Giza Eskubideen Zuzendaritzaren bidez, Euskadiko Hobien Mapa jarri du web gune honetan. Gerra Zibilarekin eta errepresio frankistarekin zerikusia duten hobien kokaguneari buruzko informazio zehatza aurkitu daiteke mapa horretan.

Une honetan Hobien Mapa osatzen duen zerrendako informazioa interesdun guztien eskura dago. Zerrenda hau behin-behinekoa da eta handituz eta zehaztuz joango da ezagupen, informazio eta ikerketa berriek emaitzak ematen dituzten heinean.

Oroimen historikoan lan egiten duten elkarteei eta Gerra Zibilean nahiz errepresio frankistaren garaian desagertutako biktimen hobiak egon daitezkeen lekuari buruzko informazioa eduki dezaketen guztiei hartu-emanetarako gune bat eskaini nahi diegu, Euskadiko Hobien Mapari buruzko ikerketa eta informazioa eguneratu ahal izateko.

Honekin guztiarekin, frankismoaren biktimei gizarte-aintzatespena eman nahi diegu, askatasunaren eta balio demokratikoen alde egindako borrokarengatik.

 

Azken eguneratzea: 2010/10/21