Lehendakaritza


2012/09/25 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA
Jaurlaritzak VISESAren kapitala handitzea onartu du
ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA
Gobernuak 1,5 milioi euro baliatuko ditu gizarte ekonomia sustatzeko
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
Nekazari ekoizleen elkarte eta horien batasunerako 300.000 euroko dirulaguntza deia egin da
Jardueren ingurumen kudeaketa elektroniko zerbitzuaren erabilera arautzen duen Dekretua onartu da
KULTURA SAILA
Eusko Jaurlaritzak 10 milioi euroko diru-laguntza emango die euskaltegi publikoei
ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA

JAURLARITZAK VISESAREN KAPITALA HANDITZEA ONARTU DU

Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A./ Sociedad de Vivienda y Suelo de Euskadi, SA sozietate publikoaren kapital-gehikuntzan parte hartzeko baimena eman eta sozietatearen estatutuak onartzen dituena

Jaurlaritzaren Kontseiluak dekretua onartu du, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari “Sociedad Pública Euskadiko Etxebizitza eta Lurra, E.A./ Sociedad de Vivienda y Suelo de Euskadi, SA (VISESA) sozietatearen kapital-gehikuntzan akzioak harpidetu ditzan, eta haren estatutuak alda ditzan.

Gaur egun, VISESAk 23 milioi euroko kapitala dauka; kapital horren % 67,01 Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarena da; % 28,69 Kutxabank erakundearena, eta % 4,30 Euskadiko Kutxarena.

Kapital-gehikuntzarako ekarpenak dirutan egingo dira, guztira 13,8 milioi euro gehi 11,1 milioi euroko jaulkipen-saria, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak jarriko du oso-osorik, gainerako akziodunek lehentasunezko harpidetza-eskubideari uko egiten diotela jakinarazitakoan. Horiek horrela, sozietatearen kapitala 36,9 milioi eurokoa izango da.

Kapital-gehikuntzaren xedea da Etxebizitza Sailak ezarritako etxebizitza-politika burutzeko behar adina baliabide izatea sozietateak, eta hartara, 2010-2013 Etxebizitzaren Plan zuzentzaileak jarritako helburuak lortu ahal izatea, eta jakina, enpresaren finantza-egitura hobetzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak sozietatearen akzioak erositakoan, Administrazio honek sozietatean duen partaidetza % 79,36koa izango da; Kutxabank SArena % 17,95, eta Euskadiko Kutxa, S. Coop. Elkartearena, % 2,69.

Sozietatearen kapital-gehikuntzak berekin ekarriko du sozietatearen estatutuak ere aldatzea.

Etxebizitza Sailaren iritziz, etxebizitzaren gaineko politika publikoek alokairua izan behar dute oinarri nagusi. Visesari egingo zaion kapital-ekarpen honekin babestutako etxebizitzen eta, horien artean bereziki, alokairukoen, aldeko apustu garbia eta sendoa egin nahi da, eta horrek, berriro ere, argi eta garbi uzten du Saila benetan engaiaturik dagoela 2010-2013 Etxebizitzaren Plan Zuzentzailean proposaturiko ekintza-lerroekin.

Finantza-merkatuaren egungo egoeraren ondorioz, sozietate asko beren kapital-egitura aldatzen ari dira, batez ere, higiezinen inguruko enpresak. Horrela, bada, kapital-gehikuntza honekin Visesaren egitura ekonomikoa indartu nahi du Jaurlaritzak, eta etxebizitza babestuaren sustapenaren aldeko konpromisoa berretsi.

Berriki garatu diren politika ekonomikoek sozietate pribatuen eta publikoen zorpetze-maila txikiagoa izatea dute helburu, eta hori lortzeko zorpetze-tasa mugatu eta gutxitzera jo da. Eta politika horiek aplikatu beharreko zerga-araudian ere izan dute egina, sozietateen gaineko zergan kengarria den finantza-kostua mugatzea proposatu baita.
Horri, finantza-merkatuen egoera eta merkatu horiek higiezinen sektorean eragiten duten penalizazioa gehitzen badiogu, ezinbestekoa da egiturak sendotzea, nork bere funtsak erabiliz, eta inoren funtsekiko mendekotasuna pixkanaka-pixkanaka txikitzea.

 

ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA

GOBERNUAK 1,5 MILIOI EURO BALIATUKO DITU GIZARTE EKONOMIA SUSTATZEKO

Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu du, gaur, 1,5 milioi euro baliatzea gizarte-ekonomia sustatzeko, lau laguntza-lerroen bitartez.

Lehen lerroa, 625.000 eurokoa, gizarte-ekonomiako enpresetako bazkideentzat zenbait prestakuntza-ikastaro finantzatzera zuzenduko da. Horien bitartez, 3.000 pertsonak inguruk aukera izango dute Gizarte Ekonomia eta Enpresen Gizarte Erantzukizunari buruzko prestakuntza espezifiko, ikerketa eta zabalkundeko ikastaroak egiteko (EAEko gizarte-ekonomiako enpresetako bazkideak eta langileak arituko dira ikasle).

Mota horretako ikastaroak eraginkortasun handi samarraz egiten ari dira 1989az geroztik. Horrez gain, beste aldi batzuetan bezala, laguntzei esker, zenbait lan, txosten eta eskuliburu argitaratu ahalko dira, zeinak, kasu batzuetan, gizarte-ekonomiako enpresa-proiektu berrietan gauzatuko baitira. Bigarren laguntza-lerroa 640.000 eurokoa izango da, eta sektoreko enpresen eta erakundeen elkarte-egitura sendotzera zuzenduko.

Laguntzok eraginkortasunez lagundu dute, 1995az geroztik, hau guztia ziurtatzen gizarte-ekonomiako erakundeei eta beraiek solaskide gisa baliatzen dituzten antolakundeei dagokienez: kanpoko harremanetan eragiteko gaitasuna izan dezaten; sektorea eraginkortasunez ordezka dezaten; bazkideen intereseko zerbitzuak antola ditzaten; eta, oro har, bazkidetuen interes zilegiak hobeto defendatzen laguntzen duten ekintzak sustatu ditzaten.

Hirugarren laguntza-lerroa, berriz, enpresei ematen zaien laguntza teknikoarekin lotuta dago, eta 150.000 euroz hornituta. Laguntza horien helburua da, hain zuzen, Gizarte Ekonomiako enpresetan kudeaketa tresnen ezarpena sustatzea, haien administrazioa eta zuzendaritza —lehiatzeko ahalmena, finean— hobetzeko.

Azkenik, Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu du gizarte-ekonomiako enpresetako bazkideak sartzeko laguntza-programari eustea, 100.000 euroko horniduraz. Urteetan zehar programa hori oso eraginkorra izan da zenbait kolektibotako kide gizarte-ekonomiako enpresetan sartzeko, hala nola: langabetuak, ezinduak eta nekazaritza-, abelzaintza-, basogintza- ustiategietako zein ustiategi mistoetako titularrak .
Halaber, iaz, besteren konturako langileak zirela enpresa horietan sartu ziren langile bazkide guztiak gehitu zitzaizkien kolektibo horiei, eta emaitza on samarrak lortu ziren.

 

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA

NEKAZARI EKOIZLEEN ELKARTE ETA HORIEN BATASUNERAKO 300.000 EUROKO DIRULAGUNTZA DEIA EGIN DA

Gobernu Batzordeak bide eman dio 2012. urteko Euskadiko Nekazari Ekoizleen Elkarte eta horien Batasun prozesuetarako 300.000 euroko dirulaguntzaren deialdiari.

Pilar Unzalu sailburuak aurkeztutako aginduaren helburua, Nekazaritza ekoizleen Elkarteak eta horien arteko Batasun izaera lortu duten erakundeen ekoizpen azpiegiturak eta komertzialak hobetzea da.

Ekoizleen elkarteen bitartez euren produktuen komertzializazioa hobetzeko laguntza ekonomikoak ematea da helburua. Dirulaguntza deialdi hori, Euskal autonomi Erkidegoko Nekazal Ekoizleen elkarte eta horien arteko batasunen inguruko urtarrilaren 20ko 13/2004 Erret Dekretuan aurreikusten da.

 

JARDUEREN INGURUMEN KUDEAKETA ELEKTRONIKO ZERBITZUAREN ERABILERA ARAUTZEN DUEN DEKRETUA ONARTU DA

Dekretua, ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko dena

Gobernu Kontseiluak onartu du gaurko bileran, Euskal Autonomia Erkidegoan ingurumenean eragina duten jarduera erregistroaren eta ingurumen kudeaketa elektroniko zerbitzua sortzea eta arautzen dituen Dekretua. IKS-eeM sistemak, dagoeneko martxan dena, informazio hori guztia bateratuko du.

Gobernu Batzordeak beraz, bide eman dio prozesuak arintzeko IKSeeM sistemaren bitartez ingurumen administrazio prozesuen tramitazio telematikoa arautzen duen Dekretuari.

Sistema horri esker, erakundeengan eta herritarrengan, oro har, administrazio prozesu erraz baterako kudeaketa telematikorako erreminta bat jarri da eskuragarri.

Dekretuak, informazioaren aldikako transmisiorako dokumentu bakarrak izatea -Ingurumen deklaraziorako eskaerak (e-DMA S), eta Ingurumen Deklarazio jakinarazpena (e-DMA N)-, eta modu erraz batean, prozesu horietan aritzen diren guztiek ingurumen araudiak eskatzen dituen eta derrigorrezko diren ziurtagiriak eta dokumentuak aurkeztu ahal izatea.

Erregistro horretan PRTR instalazioak (isurketa eta kutsagaien transferentzia), IPPC-ak (Ingurumen Baimen Bateratua); klima aldaketari eta airearen kalitateari dagozkionak; hondakinenak; lur kutsatuenak; edo EMAS eta ekoetiketak, besteak beste biltzen dira.

Dekretu hori Administrazio Elektronikoaren eta Berrikuntza Publikoaren Planak bultzatu nahi duen zerbitzu publiko digitalen ekimenean txertatzen da, besteak beste, paperaren erabilpena gutxitzeko teletramitazio elektronikoaren zabalkundea egiteagatik eta hiritarrei, enpresei eta erakundeei administrazio kudeaketa efizienteago bat egiteko prozesuak errazteagatik.

Joan den 2009. urtean IKS-eeM Sistema ezarri zenetik 900tik 11.000 erabiltzerainoko aurrerapausoa egin du. Hondakin arriskutsuen kudeaketan berriz, % 2ko dokumentu elektronikoetatik % 90ra igaro da eta, guztira, 99.000 dokumentu elkartrukatu dira.

Administrazio prozesuen erraztearen aurrezpena, alegia, papera, garraioa, telefono kontsultak kudeaketa sistema ezberdinak ezartzea eta abar, 2.269.164 eurokoa izan da.

 

KULTURA SAILA

EUSKO JAURLARITZAK 10 MILIOI EUROKO DIRU-LAGUNTZA EMANGO DIE EUSKALTEGI PUBLIKOEI

Erabakia, 5.000.000 euro baino gehiagoko gastua baimentzekoa, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) udalen edo udal-erakundeen menpeko euskaltegiei dirulaguntzak eman diezaien.

Gaurko bileran, Gobernu Kontseiluak HABEren zuzendari nagusiaren Ebazpena onartu du; haren bitartez, udalen edo udal-erakundeen menpeko euskaltegiei, udal-titularitateko euskaltegi publikoei, 2012/2013 ikasturteko diru-laguntzak emateko baldintzak ezartzen dira. Diru-laguntza horietarako 10.369.254 euro esleitu dira.

Ebazpen horrek arautzen du, udal-titularitateko euskaltegi publikoek emandako euskara-ikastaroak finantzatzeko laguntzen erregimena, 2012-2013 ikasturtean zehar (2012ko urria-abendua bitarte eta 2012ko urtarrila-iraila bitarte). Laguntza horiek finantzatuko dira xede horretarako HABEren Aurrekontuetan esleituta dauden kopuruen kontura, hau da, 10.369.254 euro.
Udal-titularitateko euskaltegi publikoak izango dira deitzen diren laguntzen erakunde onuradunak, eta era horretan HABEren Erregistroan erregistratuta daudenak. Nolanahi ere, deialdi horren diru-laguntzak jasotzeko HABEren zuzendari nagusiak 2005eko uztailaren 27an emandako Ebazpenean agindutakoa bete beharko dute. Ebazpen horretan ezartzen da, euskaltegi publikoek, euskaltegi pribatu homologatuek, autoikaskuntzako zentro homologatuek eta Euskal Etxeek bete beharreko oinarrizko baldintzen erregimen orokorra HABEk deitutako diru-laguntzak jaso ahal izateko.

HABEk euskaltegi bakoitzari beharrezko irakasleak izateko finantzaketa emango dio 2012/2013 ikasturtean, Ebazpen horren arabera antolatutako ikastaroei erantzuna emateko, eta baita horretarako behar diren zuzendaritzako, idazkaritza akademikoko eta bulegoko langileak ere. Benetan hasitako presentziazko taldeetan eta autoikaskuntzako matrikuletan oinarrituz egindako eskola-aurreikuspenen arabera erabakiko da zenbat langile behar diren.

Eskaerak HABEren zuzendari nagusiari bidali beharko zaizkio deialdi hau EHAAn argitaratzen den egunetik 2012ko azaroaren 5a bitarte.