Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2014ko maiatzaren 21ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan aurreikusitako laguntzen 2014rako deialdia, Lanbideko Administrazio Kontseiluaren Akordioz onartua. Agindu horretan arautzen dira laneratzeko enpresak sortzeko eta mantentzeko laguntzak.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua; Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 96
  • Hurrenkera-zk.: 2252
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2014/05/21
  • Argitaratze-data: 2014/05/23

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia

Testu legala

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2014ko maiatzaren 15eko saioko Akordioaren bidez onartu du Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan aurreikusitako laguntzen deialdia. Agindu horretan arautzen dira laneratzeko enpresak sortzeko eta mantentzeko laguntzak, eta maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluko p) idatz-zatiaren arabera, erakunde autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio hura argitaratzea.

Horregatik guztiagatik, honako hau

Lehenengoa. Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan aurreikusitako laguntzen 2014rako deialdia argitaratzea, Lanbideko Administrazio Kontseiluaren Akordioz onartua 2014ko maiatzaren 15eko saioan. Agindu horretan arautzen dira laneratzeko enpresak sortzeko eta mantentzeko laguntzak, eta Ebazpen honen eranskinean dator.

Bigarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Akordioak.

Hirugarrena. Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Akordioaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko maiatzaren 21a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

ADOLFO ALUSTIZA FERNÁNDEZ.

2009ko maiatzaren 4ko Aginduaren bidez (2009ko maiatzaren 26ko EHAA, 98 zenbakikoa) arautzen dira Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak laneratzeko enpresak sortu eta mantentzeko ematen dituen laguntzak. Horien xedea, enpresa horiei laguntza ematea da, haien ezaugarri eta beharrei egokituta. Horren baitan, diru-laguntzak aurreikusten dira laneratzeko enpresak sortzea sustatzen duten erakundeentzat, bai eta laneratzeko enpresentzat ere, mantendu ahal izan daitezen.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.5 artikuluak ezartzen duenez, ekonomia-ekitaldi bakoitzean, Euskal Autonomia Erkidegorako aurrekontu orokorrak indarrean jartzen direnean, diru-laguntzak emateko arauak eguneratu nahiz berrikusiko dira, edo, behar izanez gero, arau berriak ezarriko dira, eta, indarraldirik zehaztu ez zitzaien diru-laguntzetarako deia egingo da.

Era horretan, 2009ko maiatzaren 4ko aipatutako Aginduaren 17. artikuluak berariaz xedatzen du urtero egingo dela bertan aurreikusitako laguntzen deialdia, eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak bertan adierazten du aurrekontua zenbatekoa den eta eskabideak aurkezteko epea. Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko Sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuko 8. artikuluan xedatzen denez, enpleguari buruzko eta lanpostura egokitzeari buruzko politika Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren eskumena da.

Bestalde, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari atxikitako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoari dagokio, gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan enpleguko, enplegurako prestakuntzako eta autoenpleguko eta enpresen sorkuntzako programak kudeatzeko eskumena, indarrean dagoen urriaren 13ko 3/2011 Legean ezarrita dagoenez. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, 2011ko urtarrilaren 1ean martxan jarri zenez geroztik, bere gain hartu du laneko legedia betearazteko arloan Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako eginkizunak eta zerbitzuak kudeatzeko ardura, lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan; eta bere gain hartu du, halaber, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak enplegu-politika aktiboen arloan betetzen zituen eginkizunen kudeaketa. Eginkizun horien artean dago 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan aurreikusitako laguntza-programa kudeatzea.

Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bitartez onartu zen Lanbideko Estatuetako 3. artikuluko b) idatz-zatian xedatutakoarekin bat etorriaz, enpleguko, enplegu-prestakuntzarako, autoenplegua sustatzeko eta enpresak sortzeko programen barruan sartzen da diru-laguntzetarako deialdiak onartzea ere, eta erakunde autonomoaren Administrazio Kontseiluari dagokio funtzio hori, halaxe baitago ezarria aipatu Estatutuetako 7. artikuluko f) idatz-zatian.

Euskal Autonomia Erkidegoaren 2014rako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 20ko 4/2013 Legea onartu izanak zilegi egiten du deialdia egitea.

Era berean, laguntzak kudeatzen dituen organoa aldatu denez, eta publizitatea eta segurtasun juridikoa errespetatze aldera, komenigarria da laguntzak jaso ditzaketenei jakinaraztea diru-laguntzak emateko prozeduraren xehetasun batzuk, bai eta 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan aurreikusitakoak ez bezalakoak diren betebeharrak ere.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak hala proposatuta, erakunde autonomo honen Administrazio Kontseiluak 2014ko maiatzaren 15eko saioan onartu du Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan aurreikusitako laguntzen deialdia. Agindu horretan arautzen dira laneratzeko enpresak sortzeko eta mantentzeko laguntzak, baldintza hauetan:

Lehenengoa. Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea lau hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Bigarrena. Diru-baliabideak.

Deialdi honen helburu diren laguntzak finantzatzeko diru-baliabideak honako hauek izango dira: guztira 8.650.000 euro; euretarik, 1.850.000 euro 2014ko ordainketa-kredituari dagozkio, 2.725.000 euro 2015eko konpromisozko aurrekontuari, 2.725.000 euro 2016ko konpromisozko aurrekontuari eta 1.350.000 euro 2017ko konpromisozko aurrekontuari, 3211 programaren kargura Enplegua, 41. Sekzioa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua.

Baliabide horien bidez estaliko dira 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan aurreikusitako laguntzak, bertako II. Kapituluan, 7. artikuluan eta 11. artikuluaren a) idatz-zatian aurreikusitakoak izan ezik.

2014ko laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko aipatu zenbatekoa, edo, indarreko legeriaz bat aurrekontu-aldaketak onartuz gero, zenbateko hori eguneratzetik ateratzen dena. Eguneratzerik balego, horren berri eman beharko litzateke. 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan araututako laguntzak estaltzeko diru-baliabideei buruzko gainerako aurreikuspenak datoz bertako 23. artikuluan.

Hirugarrena. Diru-laguntzak jasotzeko eta emateko baldintzak.

Laguntza horiek jasotzeko eta emateko baldintzak 2009ko maiatzaren 4ko Aginduan azaltzen dira.

Laugarrena. Laguntzen prozedura, tramitazioa eta ebazpena, eta onuradunen obligazioak.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere gain hartu duenez laguntzak kudeatzea, era honetan eragiten dio 2009ko maiatzaren 4ko Aginduko erregulazioari:

  1. Diru-laguntzak lortzeko eskaerak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletan (Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz) eta Lanbideko lurralde-bulegoetan aurkeztu beharko dira, eranskinean agertzen den eta http://www.lanbide.net webgunean eskura egongo den eredu ofizialaren bidez.

    Horretaz gain, eskaerak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira.

  2. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak hartuko du bere gain eskabideak kudeatzeko eta izapidetzeko ardura, eta Lanbide erakunde autonomoko zuzendari nagusiak izango du ebazteko eskumena.

  3. Zuzendari nagusiaren ebazpenak administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, horren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzeko aukera izango da organo horretan, jakinarazpenaren biharamunetik hasita hilabeteko epean, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, jakinarazpenaren biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

  4. Laguntza hauek estaltzeko aurrekontua eguneratu edo agortuko balitz, horren berri emango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren Ebazpen bidez, eta EHAAn argitaratuko da.

  5. Erakunde onuradunek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko diote diruz lagundutako jardueren izaera edo helburua aldatzen duen gorabehera oro; eta, bestalde, aipatu jardueren egiaztapen, ikuskapen, segimendu eta kontrolari dagokionez, erakunde autonomo horrekin kolaboratu beharko dute.

  6. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren babesa jasotzen duela adierazi beharko du berariaz erakunde onuradunak, diru-laguntza jasotzen duten eta horien dibulgazioa, hedatzea, edo, hala badagokio, argitaratzea dakarten jarduera guztietan.

    (Ikus .PDF)