Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2008ko maiatzaren 12koa, Euskal Herriko Unibertsitateko Irakasleen Errektoreordearena. Honen bidez agindua ematen da UPV/EHUko Ikuskaritza Zerbitzuaren Arautegia Euskal Herriko agintaritzaren aldizkarian argitaratzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 117
  • Hurrenkera-zk.: 3778
  • Xedapen-zk.: 88
  • Xedapen-data: 2008/05/12
  • Argitaratze-data: 2008/06/20

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

UPV/EHUren Estatutuetako 243. artikuluak honako eskumen hau esleitzen dio unibertsitateko Gobernu Kontseiluari, besteak beste: araugintzarako ahalmena erabiliz, Estatutuak garatu eta aplikatzeko arauak nahiz unibertsitatearen arauak onartzea, Estatutuetan aurreikusita egon zein ez, bai eta UPV/EHUn aplikatzeko bestelako arauak ere.

Horrela, bada, Gobernu Kontseiluaren Funtzionamenduari buruzko Arautegian araudien garapenari buruz zehaztutakoa kontuan hartuta, Gobernu Kontseiluak, 2008ko maiatzaren 8ko bileran, onartu egin zuen UPV/EHUko Ikuskaritza Zerbitzuaren Arautegia, eranskinean jasota dagoen moduan.

Azkenik, otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzkoak, 10.2 artikuluan dio antolaketaren eta jarduteko moduaren gainean unibertsitateak emandako arauak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko direla eta ez direla indarrean jarriko harik eta testuak oso-osorik argitaratu arte.

Hori guztia kontuan hartuta, honakoa

Euskal Herriko Unibertsitateko zerbitzuen ikuskaritzaren egitura eta eginkizunei buruzko arautegia.

Gobernu Batzarrak 1999ko otsailaren 3ko bileran onartu zuen Euskal Herriko Unibertsitateko Zerbitzuen Ikuskaritzaren Egitura eta Eginkizunei buruzko Arautegia.

Ondoren, 1999ko otsailaren 4ko erabakiaren bidez, zerbitzuen ikuskaritza antolatu zuen Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak.

Azkenik, 2001eko azaroaren 19ko zirkularraren bidez, unibertsitateko Irakasleen errektoreordeak zehaztu egin zituen Ikuskaritza Zerbitzuko kideek irakasleen lana ikuskatzeko jarraitu behar dituzten irizpideak. Irizpideok, hain zuzen, gorago aipatu den arautegian zehaztutako eskumen eta funtzioak betetzerakoan jarraitu beharrekoak dira.

Arloari buruzko testuak ugariak direnez, beharrezko ikusten da testu horiek guztiak bakar batean biltzea eta edukiak eguneratzea, modu honetara:

  1. – UPV/EHUko Ikuskaritza Zerbitzuak irakasleek irakats-betebeharrak betetzen dituzten zaindu eta egiaztatzen du eta, era berean, laguntza ematen die ikasturtero irakats-eskaintza bideratu eta onartzen duten atal eta organoei.

  2. – Dekanoek eta zuzendariek edo euren ordez aritzeko izendatuek jarriko dituzte abian, ahalik eta azkarren, irakasleek irakats-betebeharrak betetzen dituztela kontrolatzeko beharrezkoak izan daitezkeen ekimenak, euren kabuz edo Ikuskaritza Zerbitzuarekin elkarlanean.

  3. – Ikuskaritza Zerbitzua irakasleen alorreko eskumenak dauzkan errektoreordetzari atxikita egongo da, baina bizitza akademikoarekin zerikusia daukaten errektoreordetza guztiekin koordinatuta burutuko du bere lana.

  4. – UPV/EHUko Ikuskaritza Zerbitzuan Irakasleen zuzendaria egongo da, errektoreak jardunean dauden irakasle eta ikertzaileen artetik izendatuta. Ikuskariak ere egongo dira, eta horien lanpostuak UPV/EHUko administrazio eta zerbitzuetako langileen lanpostuen zerrendan azalduko dira.

    Ikuskaritza Zerbitzuko zuzendari izango den irakasleak ordainsari osagarri bat jasoko du, errektoreordetzetako zuzendariek jasotzen dutenaren parekoa, eta irakats-betebeharretatik salbuetsia izan daiteke, neurri batean edo erabat.

Ikuskaritza Zerbitzuak, egokiro jardun dezan, bulego bat izango du unibertsitatean, eta bere lana aurrera eramateko beharrezkoak izan daitezkeen baliabideak jarriko zaizkio.

  1. – Honako hauek dira Ikuskaritza Zerbitzuaren eginkizunak:

    Laguntza ematea ikastegi eta sailetako dekano eta zuzendariei ikasturte bakoitzeko irakats-eskaintza tramitatu eta onartzeko zereginean, betebehar akademikoak beteko direla bermatzeko. Era berean, informazio osagarria bilduko du, ikastegien eta sailen urteroko jardunetik atera daitekeenaz gain, hurrengo ikasturteko irakats-baliabideak optimizatze aldera.

    Irakasleen irakats-betebeharrak zenbateraino betetzen diren aztertzea, eskola-orduak, tutoretzak edo ikasleari laguntza ematekoak barne, Gobernu Kontseiluak zehaztuko duen moduan. Aztertu egingo du, era berean, arduraldi osoko irakasle eta ikertzaileek zein heinean betetzen duten ikastegian egoteko betebeharra.

    Laguntza ematea ikastegiei eta sailei, dekano eta zuzendarien bitartez, irakasleen irakats-betebeharrak kontrolatzeko zereginean.

    Irakasleen ordutegia kontrolatzeko mekanismoak koordinatzea, eta arlo horretako arauak betetzen direla zaintzea.

    Irakasleen irakats-jardunari buruzko arauak betetzen direla zaintzea.

    Errektoreak irakasle bati diziplina-espedientea ireki diezaiola proposatzea irakasleen alorrean eskumenak dauzkan errektoreordeari, irakasle horrek portaera zigorgarria izan badu irakats-betebeharrak edo zerbitzuarekin zerikusia daukaten bestelakoak betetzerakoan.

    Eskatuko zaizkion txostenak egitea.

  1. – Ikuskaritza Zerbitzuak Jarduteko Planaren arabera eramango ditu aurrera ohiko eginkizunak. Plan hori ontzat eman beharko du errektoreak ikasturte bakoitzaren hasieran, Unibertsitateko Irakasleen Batzordearen iritzia entzunda, eta Gobernu Kontseiluari aurkeztuko zaio.

    Jardute Planean honako hauek jasoko dira: irakasleen irakats-jardueren ordutegia kontrolatzeko mekanismoak koordinatuko dituzten neurriak, ikastegietara bisitak egiteko planen diseinua, ikastegiei eta sailei esparru honetan dagozkien jarduerekiko koordinazioa, eta irakats-betebeharrak kontrolatzeko gainerako elementuak. Plana egiteko kontuan hartuko dira errektoreordeek eta gerentziak euren eskumenen esparruan egingo dituzten proposamen eta iradokizunak, bai eta errektoreak xedatuko dituen norabide eta lehentasunak ere.

  2. – Ikuskaritza Zerbitzuak Jardute Planari jarraiki jardungo du, edo unibertsitateko kideren batek irakasleen irakats-betebeharren gainean jarritako salaketa edo kexen ondorioz, oinarrituak badira. Salaketa faltsua izan bada, edo asmo txarrez egindakoa, erantzukizuna eskatuko da.

  3. – Aurreko puntuetan adierazitakoaz gain, Ikuskaritza Zerbitzuko zuzendariak esaten dizkion guztietan jardungo du zerbitzuak.

  4. – Ikuskaritza Zerbitzuak, bere eginkizunak betetzeko, beharrezko ikusten dituen bisitak egingo ditu ikastegi eta sailetara. Horrela, bada, eskatuko zaien informazio guztia eman beharko diete arduradunek Ikuskaritza Zerbitzukoei, ordutegiei buruzkoa, irakats-betebeharrei buruzkoa edo zerbitzu horri arautegi honen bidez esleitzen zaizkion eginkizunekin lotutako beste edozein gairi buruzkoa.

    Beraz, irakasleek ikastegi eta sailetan beren lan-orduetako betebeharrak zein heinean betetzen dituzten jakiteko (1983ko martxoaren 29ko Agindua, unibertsitateko irakats-lanaldiari lotutako gutxienenko betebeharrei buruzkoa), Ikuskaritza Zerbitzukoek egingo dituzten jarduerak honako argibide eta arauei jarraiki egin behar dira:

    Irakasleen alorrean eskumenak izango dituen errektoreordearen edo Irakasleen zuzendariaren agindupean, ikuskatzailea ikastegi edo saileko kargu akademiko gorenarengana edo, hori egon ezean, bere ordez aritzeko izendatutakoarengana joango da eta, identifikatu ondoren, ikastegira edo sailera joatearen arrazoia adieraziko dio, hau da: azaldu egingo dio zergatik bertaratu den egiaztatzera ikuskatuko duen irakasleak irakats-betebeharrak zein heinean betetzen dituen (eskola-orduak, tutoretzak edo ikasleari laguntza ematekoak).

    Adierazitakoa egiteko, aurreko atalean aipatutako kargu akademikoa bertaratzea eskatuko du eta harekin batera egiaztatu egingo du egun horretan zein heinean betetzen ari diren beren irakats-betebeharrak ustez instalazio haietan (gela, laborategi, tailer, bulego eta abarretan) beren irakats-betebeharrak betetzen egon beharko liratekeen irakasleak.

    Ikastegi edo saileko kargu akademikoak kasuan kasuko irakasleari ikuskatzailea aurkeztuko dio, eta ikuskatzaileak akta egingo du gorabeherak edo bere ikuskapenaren arabera Prozedura Bateratuan zehaztutakoarekin bat ez datozenak adierazteko.

    Aktan honakoak zehaztu beharko ditu:

    Zein leku, egun eta ordutan egin den ikuskapena.

    Partaideen datu pertsonalak eta akademikoak.

    Prozedura Bateratuan zehaztutakoaren eta bertan ikusi eta egiaztatutakoaren artean dagoen aldea, bai eta bestelako gorabehera batzuk ere.

    Partaideen sinadura edo, horietako baten batek akta sinatu ez badu nahi, horri buruzko diligentzia.

    Irakasleari eta lekuko izan den kargu akademikoari aktaren kopia bana emango zaie. Irakasleak hamar egun izango ditu, gutxienez, alegazioak egin eta egokitzat hartzen dituen dokumentuak aurkezteko.

    Irakasleen alorrean eskumenak dauzkan errektoreordeak aurreko tramiteak behin jasota, errektoreari helaraziko zaizkio tramiteekin jarrai dezan, beharrezkoa izanez gero.

    Arautegi honetan jasota ez dagoenerako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeari jarraituko zaio.

Agintari akademikoek, funtzionarioek eta gainerako langileek (unibertsitatean daukaten maila edo kargua eta jardute-eremua eta eskumenen alorra dena delakoa izanda) laguntza eman beharko diote Ikuskaritza Zerbitzuari bere eginkizunak bete ditzan, bai eta ikasleen kontseiluek ere, arautegi honetako 4.4 artikuluan adierazitakoari kalterik egiteke.

Laguntzarik eman ezean, Ikuskaritza Zerbitzuak jakinaren gainean jarriko du errektorea.

Edonola ere, laguntzeko betebeharra dela-eta, Ikuskaritza Zerbitzukoek ahalegina egingo dute ikuskatutako zerbitzuen funtzionamendua ahalik eta gutxien eragozteko.

Ikuskaritza Zerbitzuak egindako jarduerei buruzko txostena egingo du urtero, bai eta irakats-eskaintzaren betetzeari buruzkoa ere, eta jakinaren gainean jarriko du irakasleen alorrean eskumenak dauzkan errektoreordea.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.