Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2008ko apirilaren 23koa, Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena. Honen bidez agindua ematen da Ekonomia Historia eta Ekonomia Erakundeek Sailaren Arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 98
  • Hurrenkera-zk.: 3190
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2008/04/23
  • Argitaratze-data: 2008/05/26

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Sailak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Unibertsitateak bere araubide propioa dauka erakundea antolatzeko, bere interesen defentsan aritzeko balio diona, Konstituzioak 27.10. artikuluan onartzen duen unibertsitateen autonomiatik eratorria. Araubide horri atxikita dago bere arauak egiteko erakundeak daukan ahalmena. Ahalmen horrez baliatuta, Unibertsitateak bere Estatutuak dauzka, erakundearen antolaketaren ezaugarri berezi diren arlo eta organoak erregulatzen dituzten oinarrizko arauak.

Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuetako 199. artikuluak dioenez, sailek arautegi bat izango dute euren gobernurako. Arautegia Saileko Kontseiluak egingo du, Gobernu Kontseiluak emandako oinarrizko arautegiari jarriki. Bestalde, Sailen Oinarrizko Arautegiko 4.2. artikuluak idazkari nagusiari eskuordetzen dio arautegiak onesteko eskumena, baldin eta txosten guztiak aldekoak izanik berariazko eskaririk egin ez bada Gobernu Kontseiluan aurkezteko.

Gobernu Kontseiluak apirilaren 10ean egin zuen bileran jakinarazi zen Ekonomia Historia eta Ekonomia Erakundeek Sailaren arautegiari buruzko txosten guztiak aldekoak zirela eta, beraz, interesatuek zazpi eguneko epea zutela arautegia Gobernu Kontseilura bidaltzea eskatu nahi bazuten. Aipatutako epea igaro denez eskaerarik aurkezteke, arautegia onartutzat eman behar da, idazkari nagusiaren erabakiaren bidez (Sailen Oinarrizko Arautegiko 4.2. artikuluak eskuordetutako eskumena).

2004ko martxoaren 12an Euskal Unibertsitate Sistemaren 2004ko otsailaren 25eko 3/2004 Legea argitaratu zen. Lege horrek 10.2. artikuluan dioenez, unibertsitateko gobernu organoek ematen dituzten aplikazio orokorreko xedapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko ditu unibertsitateak, eta ez dira jarriko indarrean beren testu osoak argitaratu arte.

Aipatutako guztia kontuan hartuta, honako hau

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Ekonomia Historia eta Ekonomia Erakundeak Saila da UPV/EHUko ikastegi eta titulazioetan sailari dagokion jakintza-arloko ikerlana antolatu eta garatzeko ardura daukan organoa, bai eta jakintza-arlo horretako irakaskuntza koordinatu eta ematearen arduraduna ere. Sailaren funtzionamenduak eta erabakiek UPV/EHUko Estatutuetako, Sailen Oinarrizko Arautegiko eta ezar daitezkeen gainerako arautegiak bete beharko ditu.

Honako hauek dira sailaren eginkizunak:

  1. Bere eskumeneko jakintza-arloko irakaskuntza koordinatu eta ematea, eta hirugarren zikloko, doktoregoko eta berezko tituluak edo titulu espezializatuak lortzera bideratutako ikasketak antolatu eta garatzea.

  2. Bere eskumeneko jakintza-arloko ikerketa sustatu eta laguntzea.

  3. Lankidetzan jardutea UPV/EHUko eta beste erakunde publiko edo pribatu batzuetako sailekin, ikastegiekin eta unibertsitateko ikerketa-institutuekin, bai irakaskuntzaren arloan bai ikerketan.

  4. Zientziaren, teknikaren, giza zientzien edo artearen alorreko jarduerak sustatzea, bai eta espezializazioko edo unibertsitate-hedakuntzako ikastaroak ere, eta horretarako behar diren lanak kontratatu eta burutzea, indarrean dagoen legeriaren babesean betiere.

  5. Kideen eguneratze zientifikoa eta pedagogikoa sustatzea zuzenean edo beste sail eta ikastegi batzuekin batera.

  6. Aurrekontua gestionatzea, baliabide materialak administratzea eta saileko langileak zuzentzea.

  7. Sailaren urteko plana garatu eta betetzea.

  8. Urteko memoria egitea.

  9. UPV/EHUko gainerako organoei eginkizunak betetzen laguntzea.

  10. Saileko jakintza-arloaren ikasketa-planak egiten parte hartzea, baita saileko jakintza-arloarekin zerikusia duten gainerako eginkizun guztietan ere, beren eskumenen esparruan betiere.

Sailak helbide honetan dauka administrazio egoitza: Bilboko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea, Lehendakari Agirre hiribidea, 83 - 48015 Bilbao.

Sailak printzipio hauetara egokitu behar ditu egitura eta funtzionamendua:

  1. Unibertsitateko kide anitzeko eta kide bakarreko organo orokorren azpiko mendekotasunera.

  2. Sail bakoitzaren barruan, kide anitzeko organoek kide bakarrekoen aldean duten nagusitasunera.

  3. Sail-atalen antolakuntza autonomiaren eta autonomia funtzionalaren errespetura, haien eta osatzen dituzten kideen arteko orekari eta elkarlanari kalterik egin gabe.

Honako hauek dira saileko kideak: sailari atxikitako irakasleak, ikerlariak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak edo sailak bere baliabideen kontura kontratatutakoak, baita bekadunak (lankidetzako bekadunak izan ezik), hirugarren zikloko ikasleak eta lehen eta bigarren zikloetako ikasleen ordezkariak ere.

  1. – Sailak bi sail-atal ditu: bata, Bizkaiko Campusean, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean du egoitza; bestea, Arabako Campusean, Filologia, Geografia eta Historia Fakultatean. Sail-atalak sortu edo kentzeko arautegia aldatu beharko da.

  2. – Sail-atal bakoitzak (sailaren egoitzan dagoen sail-atalak izan ezik) sail-ataleko koordinatzaile bat zango du, sail-atalean arduraldi osoan dauden unibertsitateko irakasleen kidegoetako irakasle doktoreen artetik aukeratua. Sailaren egoitzan dagoen sail-ataleko koordinatzaile eginkizunak zuzendariak izango ditu, eta idazkari akademikoari eslei diezazkioke.

  1. – Sailaren gobernua bere kontseiluari eta zuzendariari dagokie.

  2. – Saileko gobernu, ordezkaritza, eta administrazioko kide anitzeko organoak Saileko Kontseilua eta Sail-ataletako Kontseiluak dira.

  3. – Kide bakarreko gobernu, ordezkaritza eta administrazioko organoak, berriz, zuzendaria, idazkari akademikoa eta sail-ataletako koordinatzaileak dira.

  1. – Honako hauek dira Saileko Kontseiluko kideak: zuzendaria, idazkaria, saileko irakasle funtzionario eta lan-kontratuko irakasle iraunkor guztiak, irakasle doktore ez iraunkor guztiak, sailera atxikitako doktore guztiak, sailera atxikitako gainerako irakasleen ordezkari bat, hirugarren zikloko ikasleen ordezkari bat, bigarren zikloko ikasleen ordezkari bat, lehenengo zikloko ikasleen ordezkari bat eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

  2. – Irakasleen, ikerlarien eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkarien agintaldia lau urtekoa da. Ikasleen ordezkarien agintaldia urtebetekoa izango da.

  3. – Sailera atxikitako gainerako irakasleen ordezkariak irakasleek eurek aukeratu behar dituzte euren artean.

  4. – Lehenengo eta bigarren zikloko ikasleen ordezkarien agintaldia urtebetekoa da, eta saileko irakasleek eskolak ematen dituzten ikastegietako ikasle kontseiluen bitartez aukeratu behar dira, Ikastegietako Ikasle Kontseiluen Oinarrizko Arautegiak xedatutako prozedurari jarraiki.

  5. – Hirugarren zikloko ikasleen ordezkaria saileko zuzendaritzak deituta urtero, azaroaren 15etik abenduaren 15era bitartean, egingo den bileran aukeratu behar da. Bilerara honakoak deituko dira: saileko doktorego-programetan eta tesietan matrikulatutako ikasle guztiak, saileko graduondoko berezko tituluetan matrikulatutakoak eta sailera atxikita eta prestatze-bidean dauden ikerlariak. Horretarako, saileko zuzendaritzak bilera horretara deitu beharreko ikasleen errolda eskatu beharko dio hala dagokion zerbitzuari.

Ordezkari-eginkizunak pertsonalak eta besterenganaezinak dira. Ordezkari izateari utziko zaio:

  1. hilez gero edo ezintasuna izanez gero;

  2. hauteskundeak baliogabetuz gero;

  3. agintaldia amaituz gero;

  4. dimisioa aurkeztuz gero;

  5. ordezkaria aukeratu zuen sailekoa edo taldekoa izateari utziz gero;

  6. organoen elkarren segidako hiru bileratara edo txandakako bost bileratara justifikatu gabe huts egitea.

  1. – Hauek dira Saileko Kontseiluaren eginkizunak:

    1. Saileko zuzendaria hautatzea arautegiak xedatutakoari jarraiki.

    2. Urteko txosten ekonomikoa, saileko irakaskuntzaren eta ikerketaren memoria, eta eginkizunen plana onartzea.

    3. Urteko irakats-eskaintza programatu eta ebaluatzeko irizpideak onartzea.

    4. Saileko langileei irakats-betebeharrak eta balizko aldaketak esleitzea, UPV/EHUko Sailen Oinarrizko Arautegiko 36. artikuluan eta hurrengoetan zehaztutakoari jarraituz.

    5. Irakasgaien oinarrizko programak ezartzea, kasuan kasuko ikasketa planaren barruan.

    6. Hirugarren zikloko, doktoregoko eta gainerako ikasketetako (unibertsitateko berezko tituluetara bideratutako ikasketak izan edo ez) eskaintzak proposatzea, kasuan kasuko proposamenak eginez eta euren gain dituzten programen ezarpen eta koordinazio akademikoaz arduratuz. Edonola ere, doktoregoko programetako irakats-zama kasuan kasuko sailak entzun ondoren esleitu behar da.

    7. Doktorego-tesiak ebaluatu behar dituzten pertsonak izendatzeko proposamenak onartzea legeak baimentzen dituen baldintzetan, bai eta bestelako epaimahaietako kideen izendapenak onartzea ere.

    8. Irakasleen eta ikerlarien ikerketa-jarduerak eta -ekimenak bultzatzea.

    9. Plaza berriak eskatzea eta saileko langileen lanpostuen zerrendan egin beharreko aldaketak proposatzea.

    10. Irakasleen lanari buruzko txosten arrazoituak egitea, irakaskuntza-merezimenduak eskuratu eta kontratuak berritze aldera.

    11. Sailaren eskumenen esparruan, Gobernu Kontseiluak onartutako arautegiarekin bat, Estatutuetako 141. artikuluan xedatutako kontratuak egiteko baimena ematea, zientziaren, teknikaren edo artearen alorreko lanak egiteko.

    12. Venia docendi eman behar bada, aurrez jakinaraztea.

    1. Beharrezko bitartekoak sortu eta ekimenak egitea, saileko jardunaren kalitatea sustatu eta hobetzeko, baita gestio eraginkorra bermatzeko ere Europako, Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko programen baitan. Horretarako, Unibertsitatean ezarritako ebaluazio-prozesuak sustatu eta horietan parte hartu behar dute.

  2. – Orobat, honako eginkizun hauek ditu Saileko Kontseiluak:

    1. Gobernu Kontseiluari arautegiaren proiektuak eta, dagokionean, arautegiaren erreforma-proiektuak aurkeztea.

    2. Irakaskuntzaren ezaugarriak kontuan hartuta egoki denean, irakaskuntzaren zati bat beste erakunde batzuetan emateko proposamena egitea Gobernu Kontseiluari, Gobernu Kontseiluak berak baimendutako hitzarmeneko baldintzei jarraituz.

    3. Jarduerak ikastegiekin koordinatzeko programak onartzea.

    4. Sailaren gune fisikoak esleitzeko irizpideak onartzea, egoki izanez gero.

    5. Kasuan kasuko arautegian jasotako eskumenen esparruan, ordezkariak hautatzeko arauak ematea. Saileko zuzendariak deitu behar du hauteskundeetara, Hauteskunde Araubide Orokorrean xedatutakoari jarraiki.

    6. Indarrean dagoen legediak, UPV/EHUko Estatutuek eta horiek garatuko dituzten arauek zehaztutako gainerako guztiak, baita eskuordetzen zaizkionak ere.

  1. – Sail-ataleko kontseiluak idazkaria izendatuko du, bilera guztietarako edo bilera bakoitzerako, eta idazkariaren eginkizuna izango da bileretako aktak egin eta bileran hartutako erabakiak jasotzea.

Sail-ataleko kide izango dira: sail-atalean eskolak ematen dituzten irakasle guztiak, AZPko langileak eta ikasle bat, sail-ataleko ikastegietako ikasleen kontseiluek aukeratua.

Hauek dira sail-ataleko Kontseiluaren eginkizunak:

  1. Kontseiluko kideen artetik koordinatzailea aukeratzea. Bera izango da saileko kide anitzeko organoetarako ordezkaria.

  2. Saileko organoei sail-atalerako programazioa, irakaskuntzaren antolamendua eta administrazio-zereginak proposatzea.

  3. Saileko Kontseiluari sail-atalari zuzenean eragiten dioten gorabeheren berri ematea aldez aurretik.

  4. Saileko kide anitzeko organoei sail-ataleko kontseiluaren eskumeneko diren arloei buruzko proposamenak egitea.

  5. Sail-ataleko urteko memoria onartzea saileko memorian sartzeko.

  6. Sail-ataleko aurrekontua gestionatzea.

  7. Saileko Kontseiluak eskuordetutako gainontzekoak.

  1. – Bilerak ohikoak eta ezohikoak izan daitezke.

  2. – Deialdiak ohiko bileretarako egin behar dira, oro har. Kontseiluak, oro har, gutxien dela bi bilera egingo ditu seihileko bakoitzean.

  3. – Ezohiko bilera egingo da aztertu beharreko gaiak dela-eta hala egin behar denean, baita aplikatu beharreko arautegiak xedatutako kasuetan ere. Ezohiko bileretako aztergaietan ezin dira honako gai hauek agertu: aurreko akten onespena eta galde-eskeak.

  4. – Presazko bilerak ezohikoak dira eta deia gutxienez 24 ordu lehenago egin behar da. Halakoetan, bileraren hasieran berretsi egin behar da bilera egiteko arrazoia benetan premiazkoa dela. Berresten ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.

  1. – Kide anitzeko organoko buruak egin behar du bileretarako deia.

    Gainera, kide anitzeko organoko kideen edo saileko irakasle doktoreen heren batek eskatzen badu, organoaren bilerarako deia egin behar da. Bilera horiek ezohikoak dira eta eskaera egin eta zazpi egun balioduneko epean egin behar dira gehienez.

  2. – Bilerarako deia organoko idazkariak bideratu behar du, aurrerapen nahikoaz eta, edonola ere, bilera baino hiru egun lehenago gutxienez. Bilera non egingo den, zein ordutan eta aztergaiak zehaztu behar ditu deian. Aztergaiei buruzko dokumentuak aurrerapen nahikoaz eskuratzeko aukera izan behar dute organoko kideek, eta, edonola ere, bilera baino 24 ordu lehenago.

  3. – Deian zehatz jaso behar dira aztergaia osatzen duten puntu guztiak. Puntu horien artean agertu beharko dira organoko kideen % 10ek, gutxienez, epe barruan eta behar bezala (bilera eguna baino hiru egun baliodun lehenago eta idatziz) Saileko Zuzendaritzari eskatutakoak. Aztergaietan agertzen ez diren puntuei buruzko erabakirik ezin izango da hartu; baina organoko kideen bi heren baino gehiago badaude bileran, eta botazioa egin ondoren gehiengo osoak gaia premiazkoa dela uste badu, erabakia hartu ahal izango da.

  4. – Guztiak jakitun egon daitezen, deiak argitara eman behar dira organoari dagokion egoitzan eta gainerako gune guztietan, eman ere organoko kideei bilerarako deia egiten zaien egun berean.

  1. – Kide anitzeko ordezkari-eginkizunak pertsonalak eta besterenezinak dira.

  2. – Organoa behin eratuta, hutsik geratzen diren lekuak kasuan kasuko zerrendetako ordezkoek beteko dituzte. Aipatutako irizpideari jarraitu ondoren bete gabe geratzen den plaza-kopurua talde bateko kideen % 50 baino handiagoa edo organoko kideen % 30 baino handiagoa bada, hauteskunde partzialak egingo dira. Modu horretara hautatutakoek ordezkari-eginkizunak beteko dituzte ordezkatu beharreko kideen agintaldia amaitu arte.

  1. – Kide anitzeko organoko kideek organoaren bileretara joateko eskubidea eta betebeharra dute, eta oinarrizko arautegi honek ezartzen dizkien eginkizunak bete behar dituzte. Bileretara joateak unibertsitateko gainerako betebeharrak betetzetik salbuetsiko ditu kontseiluko kideak, baina kasuan kasuko organoek beharrezko neurriak hartuko dituzte betebehar horiek bete egiten direla eta zerbitzua eman egiten dela bermatzeko.

  2. – Kide anitzeko organoko kideek, 15.2 artikuluan adierazitako informazioaz gain, beren funtzioak betetzeko beharrezko dituzten dokumentuak eta informazioa eska dezakete. Eskaria saileko idazkaritzan egingo dute idatziz, eta sailak idatzia hartu eta hiru egun balioduneko epean helarazi beharko dio eskaria egin duenari.

  1. – Kide anitzeko organoa balioz eratzeko, beharrezkoa da kideen gehiengo osoa egotea lehen deialdian, edo kideen, gutxienez, heren bat egotea bigarren deialdian (lehenengo deialdia baino 30 minutu beranduago). Edonola ere, organoetako buruak eta idazkariak beti egon behar dute edo, bestela, euren ordezkoek.

  2. – Organoa eratzeko quorumari dagokionez, ez dira kontuan hartuko 20. artikuluari jarraituz eskuordetutako botoak.

  3. – Organoa bigarren deialdian eratzeko beharrezko den quoruma bozketa guztietan izango da beharrezkoa.

  1. – Kide anitzeko organoko buruek bermatu egin behar dute bilera behar bezala betetzen ari dela eta, arrazoirik egonez gero, bertan behera uzteko erabakia har dezakete.

  2. – Eztabaidak aztergaiei jarraituz egin behar dira. Dena dela, beharrezkoa izanez gero, kide anitzeko organoak bileraren ordena aldatzea erabaki dezake organoko buruak egindako proposamenari jarraituz.

  3. – Beharrezkotzat joz gero, organoko buruak bozketa egin aurretik gaiaren inguruan eztabaidatzeko denbora muga dezake, bai eta egon daitekeen parte-hartze kopurua ere.

  4. – Kide anitzeko organoko buruaren iritziz egokia bada, kide ez diren pertsonak gonbida ditzake bilerara, gai-zerrendako punturen batekin zerikusia duen iritzia edo informazioa eman dezaten. Aktan bileran gonbidatuak izan direla jaso behar da, eta ez dute botorik emateko eskubiderik izango.

  1. – Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen artetik gehiengo soila behar izango da, Unibertsitateko Estatutuek, edo gainerako lege-xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen duten kasuetan izan ezik. Horrenbestez, proposamen bakarra izanez gero, onartu egingo da aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira. Bi proposamen daudenean, aldeko boto gehien lortzen duena onartuko da. Proposamenak bi baino gehiago direnean, emandako botoen gehiengoa lortzen duena onartuko da; edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu dituzten bi proposamenak hartuta, bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena.

    Berdinketa izanez gero, berriro egingo da botazioa; orduan ere berdinketa izanez gero, organoko buruaren kalitatezko botoak erabakiko du.

  2. – Botazioek isilpekoak izan behar dute kide anitzeko organoko kideren batek hala eskatzen badu. Dena dela, botazioek beti izan behar dute isilpekoak pertsonei buruzkoak badira.

  3. – Aurkako botoa ematen dutenek ez dute erantzukizunik izango kide anitzeko organoak hartutako erabakietan, baldin eta aurkako botoa emateko arrazoia jasota geratzen bada. Botazioa isilpekoa denean, interesdunak botoaren arrazoia azaltzen duen testua eman behar dio organoko idazkariari boto-txartelarekin batera. Boto-txartela eta testua aktari erantsi behar zaizkio. Ere berean, ez dute erantzukizunik izango botazioan abstenitu egiten direnak.

  4. – Kide anitzeko organoko kideek beste kideren baten esku utzi ahalko dute botoa, baldin eta unibertsitatean dituzten beste betebehar batzuen ondorioz ezinezkoa badute bilerara joatea eta egoera hori behar bezala justifikatu badute. Kide anitzeko organoko kideek boto bakar bat izan dezakete eskuordetuta. Organoko kideek idatziz adierazi behar dute botoa eskuordetu egin dutela, eta idatzi hori bilerako aktari erantsi behar zaio.

  5. – Kide anitzeko organoko kideek beren botoa eta horren azalpena agerraraz dezakete aktan; azalpena idatziz eman behar dute bozkatzean. Unibertsitateko beste organo batzuei egindako proposamenak badira, kideen boto partikularrak beti agerrarazi behar dira haiekin batera.

  1. – Idazkariak bileretako akta egin behar du. Aktaren zirriborroa hurrengo bilerako aztergaien dokumentuekin batera banatuko da, eta bilera horretan onartuko da. Aktak, onartu ostean, idazkariak sinatu eta organoko buruak ontzat eman behar ditu.

  2. – Aktan honako hauek jaso behar dira nahitaez: bilerara etorri direnen zerrenda eta azalpena emanez bilera amaitu aurretik alde egin dutenen berariazko aipamena; aztergaiak; bilera non eta zein ordutan egin den; bileran aztertutako puntuak; botazioak nola egin diren eta emaitzak; hartutako erabakien edukia eta, egoki joz gero, arrazoien azalpen laburra.

  3. – Aktan boto partikularrak ere jasoko dira, kide anitzeko organoko kasuan kasuko kideek hala eskatzen badute. Kide anitzeko organoko kideek euren parte hartzea edo proposamena aktan hitzez hitz jasotzeko eska dezakete. Horretarako, idatziz aurkeztu behar dute testua eskaera egin eta segituan edo, bestela, organoko buruak esan bezala.

  4. – Kide anitzeko organoko kideek aktan aldaketak egiteko proposamenak egin ditzakete akta onartzeko unean. Idazkariak egiaztatu egingo ditu proposatutako aldaketak eta, gehiengoak aldeko botoa ematen badu, onartu egingo dira.

  5. – Kide anitzeko organoa aldatu baino lehen, bilera egin beharko da onartzeke dauden akta guztiak onartzeko. Bilera hori egitea ezinezkoa bada, akten zirriborroak bidali beharko zaizkie kide anitzeko organoko kide zirenei, eta hamar eguneko epea eman edukiari buruzko erreklamazioak egin ditzaten. Esandako epearen barruan erreklamaziorik aurkezten ez bada, aktak onartutzat emango dira; erreklamaziorik aurkeztuz gero, berriz, kide anitzeko organo berriak egin beharreko lehen bileran onartu beharko dira.

  6. – Aktak behin onartuta, saileko iragarki-oholean argitaratuko dira, eta ondoren, artxibatu egingo ditu idazkariak. Aktak pertsonen intimitatea babestua argitaratuko dira. Saileko kidek aktaren kopia eskatu ahal izango dute idazkari akademikoari zuzendutako idatzi bidez.

  1. – Idazkariak kide anitzeko organoak hartutako erabakien fede eman eta ziurtagiriak egingo ditu.

  2. – Idazkariak, hiru egun balioduneko epean, bileran hartutako erabakien berri emango die saileko kide guztiei, betiere, pertsonen intimitatea babestuta. Organoko idazkariak eta buruak bermatu egin beharko dute bileran hartutako erabakiak argitaratu egiten direla eta gutxien dela hilabete daudela jendaurrean; izan ere, hilabetekoa izango da errektoreari errekurtsoa aurkezteko epea.

  1. – Kide anitzeko organoak hartutako erabakiek onartzen direnetik aurrera dute eragina, erabakian bertan kontrakorik adierazi ezean. Erabakiak jendaurrekoak dira eta horien berri emango zaie kasuan kasuko organoari.

  2. – Pertsonei buruzko erabakiak, irakaslanak esleitzekoak eta lanpostuen zerrendan edo kontratuko langileen zerrendan eragina dutenak zuzenean jakinarazi beharko zaizkie eragindakoei. Erabakiek jakinarazpena egiten den unetik aurrera izango dute eragina. Jakinarazpenak Administrazio Prozeduraren Legean xedatutako moduan egin behar dira.

  3. – Arautegi honetako IV. tituluko II. kapituluak aipatzen dituen kide anitzeko organoek hartzen dituzten erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, erabakia hartu zen bilerako akta argitaratu eta hilabeteko epean.

  4. – Pertsonei buruzko erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, erabakia interesdunari jakinarazi eta hilabeteko epean.

  1. – Saileko kide bakarreko organoak dira zuzendaria, idazkaria eta sail-ataleko koordinatzailea.

  2. – Saileko zuzendari eta idazkari akademiko karguetan aritzeko, bai eta sail-ataleko koordinatzaile izateko ere, arduraldi osoko kontratua izan behar da, legedian xedatutako salbuespenetan izan ezik. Ezin da, inolaz ere, kargu batean baino gehiagotan aritu.

  1. – Sailean zuzendaririk ez badago, saileko idazkariak edo, bestela, saileko kategoria eta antzinatasunik handieneko kideak, horren berri eman beharko dio idazkari nagusiari, eta Saileko Kontseilua premiazko bilerara deitu. Bilera horretan behin-behineko zuzendaria aukeratuko da baldintzak betetzen dituztenen artetik, baina, bitartean, kategoria eta antzinatasunik handieneko kideak beteko ditu saileko zuzendari eginkizunak, eta, era berean, bera izango da bilerako buru. Bestalde, artikulu honetan xedatutako eginkizunak betetzen ez badira, edo hiru hilabete baino gehiago igaro eta zuzendaririk aukeratu ez bada dena delakoagatik, errektoreak ofizioz izendatuko du aldi baterako zuzendaria, kasuan kasuko erantzukizunei kalterik egin gabe.

  2. – Zuzendariaren agintaldia lau urtekoa izango da, eta epe hori amaituta, berriro ere izan daiteke hautatua.

  3. – Zuzendariak Estatutuetako 250. artikuluan jasotako arrazoiengatik utziko du kargua. Artikulu horren arabera Unibertsitateko Klaustroari dagokion zentsura-mozioa Saileko Kontseiluari dagokio kasu honetan. Zentsura-mozioa idatzi arrazoitu bidez aurkeztuko da saileko idazkaritzan, gutxien dela Kontseiluko kideen % 20k sinatuta. Idatzian, bestalde, zuzendari izateko hautagai bat zehaztu beharko da. Zentsura-mozioa aurkeztuta eta eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatuta, zuzendariak, 72 orduko epean, deia bidaliko dio kontseiluari ezohiko bilera egiteko. Zentsura-mozioa aurkeztu eta hamabost eguneko epean, gehienez ere, egin beharko da bilera hori. Bilera horretan, lehenengo eta behin, zentsura-mozioa defendatuko du mozioa sinatu duen kideetako batek. Ondoren zuzendari izateko hautagaiak hartuko du parte bere proposamena proposatu eta azaltzeko. Zentsura-mozioa jaso duenak erantzuna emango du eta ondoren, hitza eskatu duten Saileko Kontseiluko kideek hartuko dute parte txandaka, behin aldekoek, behin kontrakoek. Zentsura-mozioa onartzeko, Saileko Kontseiluko kideen aldeko botoak kontrakoak baino gehiago izan behar dira. Saileko Kontseiluak zentsura-mozioa onartuz gero, zuzendariak dimisioa aurkeztuko du berehala, eta onartutako mozioan jasotako hautagaia zuzendari aukeratu dela ulertuko da.

  1. – Errektoreak irakats-betebeharretatik salbuets dezake zuzendaria, arduraldia gehienez ere erdira murriztuta.

  2. – Agintaldia amaitzean, zuzendariak irakats-betebeharretatik neurri berean salbuetsita egoteko eskubidea du uneko lauhilekoa bukatu arte, ohiko azterketa aldia barne. Horretarako, gutxienez hiru urte eman behar izan ditu karguan.

  1. – Honako eginkizun hauek ditu saileko zuzendariak:

    1. Sailaren ordezkari izatea.

    2. Saileko Kontseiluaren buru izatea, saileko arautegiari jarraiki.

    3. Saileko kideen eskari eta proposamenak jaso eta bideratzea.

    4. Saileko administrazio eta zerbitzuetako langileen funtzioak zuzentzea.

    5. Sailaren urteko memoria, eginkizunen plana eta txosten ekonomikoa egitea.

    6. Saileko Kontseiluak eta Sail-atalekoak hartutako erabakiak betearaztea.

    7. Sailak eta saileko kideek irakats-betebeharrak eta gainerako eginkizun akademikoak behar bezala betetzen dituztela bermatzea.

    8. Sailean zientziaren, teknikaren, giza zientzien eta artearen alorreko ikerlanak egiteko beharrezko diren kontratuak sinatzea.

    9. Hirugarren zikloko eta doktoregoko ikasketak koordinatzea programen arduradunekin batera.

    10. Bere eginkizunak betetzeko egoki diren batzordeak eratzea.

    11. Isilpeko informazioa jendaurrean jakinaraz dadin agindu eta diziplina-espedienteak irekitzea proposatzea.

    12. Sail-ataleko koordinatzailea izatea sailak egoitza daukan campusean eta sail-atalaren buru izatea.

    1. Saileko beste organoei agindu ez zaizkienak, unibertsitateko gobernu-organoek eskuordetutakoak eta Estatutuek edo indarrean dagoen legediak zehaztutako gainerako guztiak.

  2. – Era berean, lankidetza-hitzarmenak sinatuko ditu, Gobernu Kontseiluaren jarraibideek xedatutako baldintzetan.

  1. – Honako hauek dira kargua uzteko arrazoiak: dimisioa aurkeztea, heriotza, lege-ezintasuna, saileko kide izateari uztea eta, zuzendariaren proposamenari jarraiki, errektoreak hala erabakitzea.

  2. – Idazkariari dagokio saileko idazkaritza akademikoak berezkoak dituen eginkizunak betetzea, baita zuzendariari laguntzea ere.

  3. – Idazkariak saileko kide anitzeko gobernu-, ordezkaritza- eta administrazio-organoen jardunaren eta erabakien fede emango du; akta-liburuak egin eta zaintzeaz arduratuko da eta ziurtagiriak egingo ditu, hala erabakienak, nola saileko dokumentazio ofizialean ageri diren gertakarienak edo ekimenenak.

  1. – Sailaren egoitzatik kanpo dagoen sail-ataleko koordinatzailea sail-ataleko kontseiluaren ordezkari da Saileko Kontseiluan, eta honako eginkizun hauek ditu:

    1. Saileko gobernu organoei irakaskuntza eta ikerketaren arloko planen eta sail-atalaren beharrizanen inguruko memorien berri ematea, baita kontseiluen erabakien, eskarien eta iradokizunen berri ere.

    2. Bilerako aztergaiak osatzea, sail-ataleko kontseilua bileretara deitu eta bileren buru izatea, bileretako aktak zaindu eta saileko organoei erabakien berri ematea.

    3. Saileko zuzendariari laguntzea irakaskuntzaren arloko eta sailaren eta bertako kideen gainerako eginkizun akademikoak behar bezala betetzen direla bermatzeko, ataleko irakaskuntza eta ikerketa koordinatzea eta, hala badagokio, beharrezko proposamenak egitea.

    4. Sail-ataleko urteko memoria onartzea saileko memorian sartzeko.

  2. – Sailak egoitzarik ez daukan campusetan, campuseko sail-ataleko koordinatzailea izango da saileko ordezkaria kasuan kasuko Campuseko Batzarrean.

  3. – Sail-ataleko koordinatzailea Sail-ataleko Kontseiluak aukeratuko du sail-atalean dauden unibertsitateko irakasleen kidegoetako irakasle doktoreen artetik. Koordinatzailea aukeratzeko eta kargutik kentzeko, zuzendari kargurako zehaztutako prozedura berari jarraituko zaio.

  1. – Saileko Kontseiluak antolatu behar du saileko ziklo, jakintza-arlo eta ikasketa guztietako irakaskuntza, kasuan kasuko atalek egindako proposamenei jarraiki. Irakaskuntza fakultateetako eta eskoletako zuzendaritzarekin batera antolatu behar du, irakasleen eskariak oinarri hartuta. Edonola ere, ikasleek kalitateko irakaskuntza jasotzeko eskubidea dutela izan behar du kontuan.

    Harremana bideratze aldera, sailak ordezkaria izendatuko du irakaskuntza eman arren sail-atalik ez duen ikastegietan.

  2. – Irakaskuntza proportzionalki banatu behar da saileko irakasleen artean, alderik izan litekeen arren ikastegien, jakintza-arloen eta hizkuntzaren arabera.

  3. – Edonola ere, irakasle guztiek irakasteko duten eskubidea bermatu behar da.

  1. – Irakasleen arduraldia urteka neurtu behar da.

  2. – Ikasturte osorako kontratuetan bakarrik bana daitezke modu ez orekatuan eskolak; dena dela, irakaskuntza- edo ikerketa-arloko arrazoiak egon behar dira horretarako. Nolanahi ere, salbuespen egoeretan ere eskolak eman egingo direla bermatu behar da; hau da, ikasleak ezin dira eskolarik gabe utzi. Irakaslan osoa lauhileko bakar batean pilatuta duten irakasleen kasuan, eta batez ere bigarren lauhilekoan dutenen kasuan, sailak hartu beharko du bere gain gehiegizko zama, baldin eta irakasleak bat-batean ordezkoa behar baldin badu. Izan ere, kasuan kasuko lauhilekoari dagokion irakaslana baino ezin izango du hartu bere gain ordezkoak.

  3. – Saileko Kontseiluak lan-baldintzen alorrean indarrean dauden erabakiak hartu behar ditu kontuan, batik bat irakasle-kategoria jakin batean asteko eskola-orduak murrizteko egon daitekeen eskubidea edo dena delako egoera bereziei buruzkoak.

  1. – Sailak kasuan kasuko jakintza-arloarekin lotutako gaietako irakaslanak esleitu behar dizkie irakasleei.

  2. – Salbuespenak gorabehera, irakasleek atxikipenaren arabera hala dagokien ikastegian emango dituzte eskolak. Hala ere, zerbitzuaren premiak eta ikasleen interesak direla-eta, irakasleari beste ikastegi bateko eskolak eslei diezazkioke, baina erabaki hori arrazoitu egin beharko da. Premia dela-eta esleipen hori saileko zuzendaritzak egiten baldin badu, erabakia zuzenean ezarriko da, baina Saileko Kontseiluak berretsi egin beharko du.

  3. – Arduraldi partzialean ari diren eta aldi berean beste jarduera batean aritzeko baimena duten irakasleen kasuan, irakasleak bateragarritasun-baimenerako eskarian edo bateragarritasun-baimenean adierazitako ordutegia errespetatu behar du Saileko Kontseiluak, irakasleak berak bestelakorik berariaz onartu ezean.

  1. – Irakasleei beren lehentasunak eskatu aurretik, sailak eskolak esleitzeko beren-beregiko irizpideak erabaki ditzake, arrazoitu egiten baditu eta xedatutakoa errespetatzen badu, betiere.

  2. – Eskolak esleitzeko azken erabakiak irakasgai guztiak hartu behar ditu kontuan eta, ahal dela, alderdi guztiek eman behar dute ontzat hein batean. Era berean, UPV/EHUn kide bakarreko karguak dituzten saileko irakasleak ere hartu behar dira kontuan.

  3. – Erabakirik ez badago eta irakasle batek baino gehiagok eskatu baditu eskola berak, ondorengo lehentasun-hurrenkeraren arabera banatuko dira ikasketa-planetako enborreko irakasgaiak, nahitaezkoak eta hautazkoak:

    1. Karrerako irakasle funtzionarioek eta kontratuko irakasle iraunkorrek lehentasuna dute bitarteko eta aldi baterako irakasleen aldean.

    2. Kategoria akademikorik handieneko irakasleek lehentasuna dute, honako ordena honetan:

      • Unibertsitateko katedradunak eta irakasle osoak.

      • Unibertsitateko irakasle titularrak, unibertsitate-eskoletako katedradunak eta irakasle agregatuak.

      • Unibertsitate-eskoletako irakasle titularrak, irakasle lankideak eta irakasle elkartuak.

      • Irakasle atxikiak.

      • Laguntzaileak.

    3. Irakasle doktoreak.

    4. Kidegoko antzinatasun edo kontratu kategoriarik handieneko irakasleak. Antzinatasuna neurtzeko, arduraldi partzialeko zerbitzuak haztatu egin behar dira 0,5 koefizientea erabilita.

  4. – Aurreko irizpideen bitartez lehentasuna ezartzerik ez badago, zozketa egingo da.

  5. – Irakasgai bat baino gehiago direnean adostasunik gabekoak, irakasleek adierazitako prozedurari jarraiki aukeratuko dute lehenengo irakasgaia, eta, ondoren, txanda pasatuko dute eta lehentasun-hurrenkerako azkenak izango dira.

  6. – Irakasgai edo talderen bat ez badu irakasle batek ere eskatu, horiek esleitzeko artikulu honetako 3. atalean jasotako irizpideak erabiliko dira, baina alderantzizko ordenan. Aurreko irizpideen bitartez irakasleen artean lehentasunak finkatzerik ez badago egoera berean daudelako guztiak, zozketa egingo da.

  1. – Saileko Kontseiluak eskolak eta urteko irakats-betebeharrak esleitzeko irizpideei buruz hartzen dituen erabakiak berehala argitaratu behar dira, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 57.2, 59.5.b) eta 60. artikuluetan xedatutako ondorioetarako. Saileko idazkaritzan jasota egon behar da zein egunetan argitaratu diren erabakiak saileko iragarki oholetan, eta, hain zuzen ere, egun horretatik aurrera hasiko da kontatzen errekurtsoak jartzeko epea, baldin eta errekurtsorik jartzeko aukerarik badago. Sailak erabakien edukiaren eta erabaki horiek eskuratzeko moduaren berri eman behar die irakasleei.

  2. – Irakasle bakoitzari bere irakats-betebeharrak jakinarazi behar zaizkio, eta jasota egon behar da sailak jakinarazpena egin duela edo irakasleak jakinarazpena jasotzeari uko egin diola.

  3. – Saileko Kontseiluek irakats-betebeharrak esleitzeko hartutako erabakiaren kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, erabakia argitaratu eta hilabeteko epean.

  1. – Sailak ikasleen interesak eta beharrizanak hartu behar ditu kontuan ikasleentzako tutoretza-orduak finkatzerakoan. Beraz, ikasleek zerbitzu hori eroso eta zuzen erabiltzeko aukera izan dezaten, astean gutxienez bi egunetan izango dira tutoretzak.

  2. – Irakasle jakin batek kontratatuko irakaskuntza osoa esleituta eduki ez arren, bete egin behar ditu tutoretza-ordu guztiak. Ordu horiek ezin dira pilatu, eta ikasturte osoan barrena bete behar dira.

Ikasle ezinduek horrelakorik behar badute, sailak egokitu egin beharko du metodologia eta ikasleen beharretara moldatutako tutoretza bereziak ezarriko ditu.

  1. Saileko irakasleen eta ikerlari-taldeen ikerlana bideratu eta sustatzea.

  2. Ikerlari berrien trebakuntza sustatzea.

  3. Ziklo guztietako ikasleak ikerketa-arloekin harremanetan jartzea.

  4. Doktorego-tesien eta ikerketen zuzentze-lana eta haien jarraipena bultzatzea, eginkizun horiek irakasleen gutxieneko betebeharren artean sartuz.

  5. Zientzia-arloko harremanak izatea beste sail, unibertsitate eta ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-zentroekin eta haiekin batera askotariko jakintza-arloetako proiektuak bultzatzea.

  6. Unibertsitateko ikerketaren eta testuinguru sozio-ekonomikoaren arteko lotura sustatzea. Horretarako, irakasleek eta ikerlariek ikerketa- eta aholkularitza-kontratuak eta hitzarmenak sinatu behar dituzte.

  7. Gizarteak unibertsitateko ikerketaren emaitzen berri izan dezan bideratzea.

  1. – UPV/EHUren beraren ikerketa-funtsak sailei eta sailetako ikerlari-taldeei, besteak beste, ikerketan jarduteko beharrezko giza baliabideak eta baliabide teknikoak eta materialak emateko erabiliko dira. Baliabide horiek kasuan kasuko deialdietan xedatutako irizpideen arabera esleitu behar dira, eta kanpoko ebaluatzaileek aurkeztutako eskaeren inguruan emandako iritzia ere hartu behar da kontuan.

  1. – Unibertsitateko irakasleek eta ikerlariek lankidetza-hitzarmenen edo kontratuen ondorioz unibertsitatekoak ez diren zentroetan egindako ikerlanak unibertsitateko ikerlantzat hartu behar dira ondorio guztietarako, eta sailak urteko memorian jaso behar ditu.

Helburuak bete eta berezko dituen ekimenak gauzatzeko, sailak behar beste langile izan behar ditu, baita sail berezituak ere UPV/EHUko aurrekontu orokorrean. Gainera, autonomia izango du sail horiek kudeatzeko.

  1. – Saileko aurrekontu orokorra Saileko Kontseiluak zehaztutako eran banatu eta kudeatu behar dira.

  2. – Saileko aurrekontuko diru sarrerak honakoak izango dira, UPV/EHUk berak esleitutakoez gain:

    1. Sailak antolatu eta gauzatzen dituen irakaskuntza- eta ikerketa-jarduerek emandako etekin garbiak eta jarduera horietatik sortutako produktuak ustiatzetik datozenak.

    2. Zientziaren, teknikaren eta artearen alorreko lanak egiteko edo espezializazio-ikasketak emateko nahiz prestakuntzarako jarduera bereziak egiteko kontratuetatik sortutako diru-sarreretatik dagokien zatia.

    3. Helburu jakin batzuetarako jasotzen dituzten diru-laguntzak, kasuan-kasuan zehaztuta dauden baldintzetan.

    4. Modu agerian eta beren-beregi egiten dizkioten dohaintzak eta legatuak, eman zaizkion baldintza berberetan.

  3. – Sailak UPV/EHUren aurrekontu orokorrean agertzen ez diren bestelako baliabideak baditu, zuzendariak horren berri emango dio gerenteari; ondoren, baliabide horiek sailaren aurrekontuetan txertatu eta gastatzeko proiektuak aurkeztu behar dizkio saileko Kontseiluari, ontzat eman ditzan.

  1. – Saileko jardun ekonomikoek UPV/EHUko sarreren eta gastuen aurrekontuak xedatutakoarekin bat etorri behar dute, UPV/EHUko aurrekontuak betetzeko arauetan xedatutakoari jarraiki.

  2. – Saileko aurrekontuak sail-atal bakoitzari dagozkion diru-zuzkidurak bereizi behar ditu. Guztiek erabili beharreko kontu-sailak izan ezik, sail-ataletako diru-zuzkidura horiek proportzionalki banatu behar dira, kasuan kasuko kontu-sailak unibertsitateko aurrekontu orokorrekin bat, zuzentzen dituzten irizpideei jarraiki.

  1. – Ikerlari-taldeek eta sailak eskatzen badute, UPV/EHUk ikerlariak kontratatu eta onar ditzake aldi baterako. Langile horiek ikerketa-programen arabera eta ikerketarako berariazko fondoen eta kanpoko finantziazioaren kontura kontratatu behar ditu.

  2. – Edonola ere, saileko fondoen kontura aldi baterako kontratatuko diren langileak Errektoregoaren bidez kontratatuko dira, UPV/EHUn halako kontratazioetarako xedatutako baldintzekin eta prozedurekin bat.

  1. – Sailaren arautegia aldatzeko ekimena zuzendariari edo saileko kideen % 25ari dagokio. Ekimenak ordezko testua edo testu gehigarria aurkeztuta eta proposamena egin dutenek euren burua identifikatuta gauzatu behar dira. Atal honetan xedatutako azken kasuan, saileko zuzendariak dei egingo dio Kontseiluari hilabeteko epean, aldaketa hori baiets edo ezets dezan.

  2. – Arautegiaren aldaketa Kontseiluak horretarako beren-beregi egingo duen ezohiko bilera batean onartu beharko da, eta emandako boto baliodunen gehiengo osoa lortu beharko du. Horren ondoren, eta legaltasun-kontrola behin eginda, Gobernu Kontseilura eramango da ontzat eman dezan.

Gobernu Kontseiluak ezarriko ditu irizpideak atxikipen campusetik kanpo eskolak eman behar dituzten irakasleen eskola zamak zehazteko.

Arautegi honetan jasotakoa Sailen Oinarrizko Arautegiarekin eta aplika daitezkeen gainontzeko arauekin bat ezarriko da.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.