Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2007ko abenduaren 20koa, Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena. Honen bidez agindua ematen da konputazio Zientzia eta Adimen Artifiziala Sailaren Arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 12
  • Hurrenkera-zk.: 313
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2007/12/20
  • Argitaratze-data: 2008/01/17

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Sailak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Unibertsitateak bere araubide propioa dauka erakundea antolatzeko, bere interesen defentsan aritzeko balio diona, Konstituzioak 27.10. artikuluan onartzen duen unibertsitateen autonomiatik eratorria. Araubide horri atxikita dago bere arauak egiteko erakundeak daukan ahalmena. Ahalmen horrez baliatuta, Unibertsitateak bere Estatutuak dauzka, erakundearen antolaketaren ezaugarri berezi diren arlo eta organoak erregulatzen dituzten oinarrizko arauak.

Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuetako 199. artikuluak dioenez, sailek arautegi bat izango dute euren gobernurako. Arautegia Saileko Kontseiluak egingo du, Gobernu Kontseiluak emandako oinarrizko arautegiari jarriki. Bestalde, Sailen Oinarrizko Arautegiko 4.2. artikuluak idazkari nagusiari eskuordetzen dio arautegiak onesteko eskumena, baldin eta txosten guztiak aldekoak izanik berariazko eskaririk egin ez bada Gobernu Kontseiluan aurkezteko.

Gobernu Kontseiluak azaroaren 29an egin zuen bileran jakinarazi zen Konputazio Zientzia eta Adimen Artifiziala Sailaren arautegiari buruzko txosten guztiak aldekoak zirela eta, beraz, interesatuek zazpi eguneko epea zutela arautegia Gobernu Kontseilura bidaltzea eskatu nahi bazuten. Aipatutako epea igaro denez eskaerarik aurkezteke, arautegia onartutzat eman behar da, idazkari nagusiaren erabakiaren bidez (Sailen Oinarrizko Arautegiko 4.2. artikuluak eskuordetutako eskumena).

2004ko martxoaren 12an Euskal Unibertsitate Sistemaren 2004ko otsailaren 25eko 3/2004 Legea argitaratu zen. Lege horrek 10.2. artikuluan dioenez, unibertsitateko gobernu organoek ematen dituzten aplikazio orokorreko xedapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko ditu unibertsitateak, eta ez dira jarriko indarrean beren testu osoak argitaratu arte.

Aipatutako guztia kontuan hartuta, honako hau

  1. – Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) irakaskuntza-programazioari eta ikastegien antolakuntzari jarraiki, Konputazio Zientzia eta Adimen Artifiziala Saila Konputazio Zientzia eta Adimen Artifiziala jakintza-arloko irakaskuntza koordinatu eta emateaz arduratzen da ikastegi edo titulazio batean edo gehiagotan, eta baita irakasleen irakaskuntzaren eta ikerketaren alorreko eginkizunak eta ekimenak laguntzeaz ere. Bere funtzionamenduak eta erabakiek UPV/EHUko Estatutuetako, Sailen Oinarrizko Arautegiko eta aplikatu beharreko gainerako arauetako xedapenak errespetatu behar dituzte.

  2. – Konputazio Zientzia eta Adimen Artifiziala Saila berezko saila da, eta erabat txertatuta dago UPV/EHUren egituran eta antolamenduan.

Konputazio Zientzia eta Adimen Artifiziala Sailaren eginkizunak hauexek dira:

  1. Bere eskumeneko jakintza-arloko irakaskuntza koordinatu eta ematea, eta hirugarren zikloko, doktoregoko eta berezko tituluak edo titulu espezializatuak lortzeko ikasketak antolatu eta garatzea.

  2. Bere eskumeneko jakintza-arloko ikerketa bultzatu eta laguntzea.

  3. Lankidetzan jardutea UPV/EHUko eta beste erakunde publiko edo pribatu batzuetako sailekin, ikastegiekin eta unibertsitateko ikerketa-institutuekin, bai irakaskuntzaren arloan bai ikerketan.

  4. Zientziaren, teknikaren, giza zientziaren edo artearen alorreko eginkizunak sustatzea, bai eta espezializazioko edo unibertsitate-hedakuntzako ikastaroak ere, eta horretarako behar diren lanak kontratatu eta burutzea, indarrean dagoen legeriaren esparruan betiere.

  5. Kideen eguneratze zientifikoa eta pedagogikoa sustatzea zuzenean edo beste sail eta ikastegi batzuekin batera.

  6. Aurrekontua gestionatzea, baliabideak administratzea eta saileko langileak gidatzea.

  7. Sailaren urteroko plana garatu eta betetzea.

  8. Urteko memoria egitea.

  9. UPV/EHUko gainerako organoei eginkizunak betetzen laguntzea.

  10. Saileko jakintza-arloen ikasketa-planak egiten parte hartzea, baita saileko jakintza-arloekin zerikusia duten gainerako eginkizun guztietan ere, beren eskumenen esparruan betiere.

  1. – Konputazio Zientzia eta Adimen Artifiziala Sailaren administrazio-egoitza Informatika Fakultatean dago (Manuel Lardizabal Pasealekua, 1, 20018 PK, Donostia-San Sebastiαn).

  2. – Gobernu Kontseiluaren baimena behar da egoitza aldatzeko, eta aldaketa saileko kontseiluak proposatu behar du.

  3. – Saileko zuzendaritza lekuz aldatzea edo saileko kontseiluak zuzendari berria hautatzea ez da nahikoa arrazoi sailari egoitzaz aldatzeko baimena emateko.

  4. – Beharrezkoa bada, gerentziak hartu behar ditu neurriak sailaren egoitzaren eta zuzendaritzaren arteko komunikazioa bermatzeko.

  1. – Konputazio Zientzia eta Adimen Artifiziala Saila arautegi honen bidez arautuko da.

  2. – Konputazio Zientzia eta Adimen Artifiziala Sailak honako printzipio hauetara egokitu behar ditu egitura eta funtzionamendua:

    1. Unibertsitateko kide anitzeko eta kide bakarreko organo orokorren azpiko mendekotasunera.

    2. Sail bakoitzaren barruan, kide anitzeko organoek kide bakarrekoen aldean duten nagusitasunera.

  1. – Gobernu Kontseiluari dagokio saila aldatu edo bertan behera uzteko erabakia hartzea eta, horretarako, Akademi Antolakuntzako eta Doktoregoko Batzordeak eta Konputazio Zientzia eta Adimen Artifiziala Sailak txostenak egin behar dituzte aurrez.

  2. – Saila aldatzeko proposamenarekin batera, memoria aurkeztu behar da. Bertan, aplikatu beharreko legediak xedatutako baldintzez gain, honako datu hauek azaldu behar dira:

    1. Sailaren izena, tartean dagoen/dauden jakintza-arlo(ar)en zerrenda, eta erabakiak eragingo dien irakasle, ikertzaile eta administrazio eta zerbitzuetako langileen zerrenda.

    2. Atxikiko zaizkion irakasgaiak eta ikerketa-lerroak.

    3. Sailei atxikitako ondasunak, azpiegiturak eta lokalak.

    4. Sail berriak behar izango dituen baliabideen eta funtzionamendu gastuen balioespen ekonomikoa.

    5. Sailaren behin-behineko arautegia.

    6. Sailaren behin-behineko gobernu-organoaren osaera.

  3. – Saila aldatu eta bertan behera uzteko proposamenak arrazoitu egin behar dira, eta aurrerantzean ere irakaskuntza- eta ikerkuntza-arloko konpromiso guztiak bete egingo direla bermatu behar da. Gainera, irakasleak, ikertzaileak, administrazioko eta zerbitzuetako langileak eta kasuan kasuko ondasunak nora atxikiko diren zehaztu behar dute.

  1. – Honako hauek dira saileko kideak: sailari atxikitako irakasleak, ikertzaileak eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak edo sailak bere baliabideen kontura kontratatutakoak, baita bekadunak, hirugarren zikloko ikasleak eta lehen eta bigarren zikloetako ikasleen ordezkariak ere.

  2. – Aurreko atalaren ondorioetako, irakasle eta ikertzaile guztiak Konputazio Zientzia eta Adimen Artifiziala Saileko jakintza-arloan sartuta egongo dira; horrek, hala ere, ez du esan nahi unibertsitateko ikerketa-institutuetara atxiki ezin direnik.

  3. – Salbuespen gisa, baimena eman ahal izango da saileko jakintza-arlora atxikitako irakaslea beste sail batera atxikitzeko behin-behinekoz, Gobernu Kontseiluak onartutako irizpide orokorrei jarraiki.

  4. – Ez da baimenik emango atxikipena emateko, baldin eta horrek saileko irakats-betebeharrak bete gabe geratzea badakar.

  5. – Artikulu honi dagokionez, bekadunei buruzko aipamenak ez ditu barne hartzen UPV/EHUko Estatutuetako 115.3. artikuluan aipatutako bekadun lankideak.

  1. – Sailaren gobernua bere kontseiluari eta zuzendariari dagokie.

  2. – Saileko kontseilua da saileko kide anitzeko gobernu-, ordezkaritza- eta administrazio-organoa.

  3. – Zuzendaria eta idazkari akademikoa dira saileko kide bakarreko gobernu-, ordezkaritza- eta administrazio-organoak.

  1. – Honako hauek dira saileko kontseiluko kideak: zuzendaria, idazkaria, saileko irakasle funtzionario eta lan-kontratuko irakasle iraunkor guztiak, irakasle doktore ez iraunkor guztiak, sailera atxikitako doktore guztiak eta arduraldi osoa izan eta sailera atxikita dauden gainerako irakasle guztiak. Unibertsitatearekin lotura iraunkorrik ez duten eta doktoreak ez diren arduraldi partzialeko irakasleak 1:2 proportzioan ordezkatuta egongo dira. Aipatutakoez gain, beste hauek ere kontseiluko kide izango dira: hirugarren zikloko ikasleen ordezkari bat, bigarren zikloko ikasleen ordezkari bat, lehenengo zikloko ikasleen ordezkari bat eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

  2. – Irakasleen, ikertzaileen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkarien agintaldia lau urtekoa da. Ikasleen ordezkarien agintaldia urtebetekoa da.

  3. – Unibertsitatearekin lotura iraunkorrik ez duten, doktore ez diren eta sailari atxikita dauden arduraldi partzialeko irakasleen ordezkaritza aipatutako irakasleek beren artetik aukeratuko dute.

  4. – Lehenengo eta bigarren zikloko ikasleen ordezkarien agintaldia urtebetekoa da, eta saileko irakasleek eskolak ematen dituzten ikastegietako ikasle-kontseiluen bitartez aukeratu behar dira, Ikastegietako Ikasle Kontseiluen Oinarrizko Arautegiak xedatutako prozedurari jarraiki.

  5. – Hirugarren zikloko ikasleen ordezkaria saileko zuzendaritzak deituta urtero, azaroaren 15etik abenduaren 15era bitartean, egingo den bileran aukeratu behar da. Bilerara honakoak deituko dira: Saileko Graduondoko Berezko Tituluetan eta Doktorego-programetan eta Tesietan matrikulatutako ikasle guztiak eta sailera atxikita eta prestatze-bidean dauden ikertzaileak. Horretarako, saileko zuzendaritzak bilera horretara deitu beharreko ikasleen errolda eskatu beharko dio hala dagokion zerbitzuari.

Ordezkari-eginkizunak pertsonalak eta besterenezinak dira. Honako hauek dira ordezkari izateari uzteko arrazoiak:

  1. Hiltzea edo ezintasunen bat izatea.

  2. Hauteskundeak baliogabetzea.

  3. Agintaldia amaitzea.

  4. Dimisioa aurkeztea.

  5. Ordezkaria aukeratu zuen sailekoa edo taldekoa izateari uztea.

  6. Organoaren bileretara hiru aldiz segidan edota bost bileretara huts egitea, justifikaziorik gabe.

  1. – Honako hauek dira saileko kontseiluaren eginkizunak:

    1. Saileko zuzendaria hautatzea arautegiak xedatutakoari jarraiki.

    2. Urteko txosten ekonomikoa, saileko irakaskuntzaren eta ikerketaren memoria, eta eginkizunen plana onartzea.

    3. Urteko irakats-eskaintza programatu eta ebaluatzeko irizpideak onartzea.

    4. Saileko langileei irakaslanak eta balizko aldaketak esleitzea, arautegi honetako 26. artikuluari eta hurrengoei jarraiki.

    5. Irakasgaien oinarrizko programak ezartzea, kasuan kasuko ikasketa-planaren barruan.

    6. Hirugarren zikloko, doktoregoko eta gainerako ikasketetako (unibertsitateko berezko tituluetara bideratutako ikasketak izan edo ez) eskaintzak proposatzea, kasuan kasuko proposamenak eginez eta euren gain dituzten programen ezarpen eta koordinazio akademikoaz arduratuz. Edonola ere, doktorego-programetako irakats-zama kasuan kasuko saileko kontseilua entzun ondoren esleitu behar da.

    7. Legediak baimentzen dituen baldintzetan, doktorego-tesiak ebaluatu behar dituzten pertsonak izendatzeko proposamenak onartzea, baita bestelako epaimahaietako kideak ere.

    8. Irakasleei eta ikertzaileei ikerketa-eginkizunetan eta-ekimenetan laguntzea.

    9. Plaza berriak eskatu eta saileko langileen lanpostu-zerrendan egin beharreko aldaketak proposatzea.

    10. Irakasleen irakaslanari buruzko txosten arrazoituak egitea, irakaskuntza-merezimenduak eskuratzeari eta kontratuak berritzeari begira.

    11. Zientziaren, teknikaren eta artearen alorreko lanak egiteko Estatutuetako 141. artikuluan xedatutako kontratuak egiteko baimenak ematea, betiere, sailaren eskumenen esparruan eta Gobernu Kontseiluak onartutako araudiari jarraiki.

    12. Venia docendi eman behar denean, aurrez iritzia ematea.

    1. Beharrezko bitartekoak sortu eta ekimenak egitea, saileko jardunaren kalitatea sustatu eta hobetzeko, baita gestio eraginkorra bermatzeko ere Europako, Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko programen baitan. Horretarako, unibertsitatean ezarritako ebaluazio prozesuak sustatu eta horietan parte hartu behar dute.

  2. – Orobat, honako eginkizun hauek ditu saileko kontseiluak:

    1. Gobernu Kontseiluari arautegiaren proiektua eta, dagokionean, arautegiaren erreforma-proiektua aurkeztea.

    2. Irakaskuntzaren ezaugarriak kontuan hartuta egoki denean, irakaskuntzaren zati bat beste erakunde batzuetan emateko proposamena egitea Gobernu Kontseiluari, Gobernu Kontseiluak berak baimendutako hitzarmeneko baldintzei jarraituz.

    3. Jarduerak ikastegiekin koordinatzeko programak onartzea.

    4. Dagokionean, sailaren gune fisikoak esleitzeko irizpideak onartzea.

    5. Saileko arautegian jasotako eskumenen esparruan, ordezkariak hautatzeko arauak ematea. Sailetako zuzendaritzek deitu behar dute hauteskundeetara, Hauteskunde Araubide Orokorrean xedatutakoari jarraiki.

    6. Indarrean dagoen legediak, UPV/EHUko Estatutuek eta horiek garatuko dituzten arauek zehaztutako gainerako guztiak, baita eskuordetzen zaizkionak ere.

  1. – Bilerak ohikoak eta ezohikoak izan daitezke.

  2. – Deialdiak ohiko bileretarako egin behar dira oro har. Kontseiluak, gutxien dela, ohiko bi bilera egingo ditu seihileko bakoitzean.

  3. – Ezohiko bilerarako deia egingo dute aztertu beharreko gaiak direla-eta beharrezkoa denean edo aplikatu beharreko araudiak xedatutako kasuetan. Ezohiko bileretako gai-zerrendan ezin dira honako gai hauek agertu: aurreko akten onespena eta galde-eskeak.

  4. – Presazko bilerak ezohikoak dira eta deia 24 ordu lehenago egin behar da gutxienez. Halakoetan, bileraren hasieran berretsi egin behar da bilera egiteko arrazoia benetan premiazkoa dela. Berresten ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.

  1. – Kide anitzeko organoetako buruek egin behar dituzte organoen bilerarako deiak.

    Gainera, kide anitzeko organoko kideen edo saileko irakasle doktoreen heren batek eskatzen badu, organoaren bilerarako deia egin behar da. Bilera horiek ezohikoak dira eta eskaera egin eta zazpi egun balioduneko epean egin behar dira gehienez.

  2. – Bilerarako deiak organoetako idazkariek bideratu behar dituzte, aurrerapen nahikoaz eta, edonola ere, bilera baino hiru egun lehenago gutxienez. Bilera non egingo den, zein ordutan eta bertan zein gai aztertuko diren adierazi behar da deialdietan. Organoetako kideek aztertu beharreko gaiei dagozkien dokumentuak aurrerapen nahikoaz eskuratzeko aukera izan behar dute eta, edonola ere, bilera baino 24 ordu lehenago.

  3. – Gai-zerrenda osatzen duten puntuak zehatz-mehatz jaso behar dira deialdietan. Puntu horien artean agertu beharko dira organoko kideen % 10ek, gutxienez, bilerarako deia egin baino lehenago eskatutakoak. Horretarako organoko buruari idazki bat bidali beharko diote. Ezin da hartu gai-zerrendan agertzen ez diren puntuei buruzko erabakirik; hala ere, organoko kideen bi heren baino gehiago badaude bileran, eta bozkatu eta gehiengo osoak gaia premiazkoa dela uste badu, erabakia har daiteke.

  4. – Guztiak jakitun egon daitezen, organoak jarduera daukan egoitzetan eta gainerako tokietan eman beharko da argitara deialdia, organoko kideei bilerarako deia egiten zaien egun berean.

  1. – Kide anitzeko ordezkariaren eginkizunak pertsonalak eta besterenezinak dira.

  2. – Organoa eratu ostean, hutsik geratzen diren lekuak kasuan kasuko zerrendetako ordezkoek bete behar dituzte. Aipatutako irizpideari jarraitu ondoren bete gabe geratzen den leku kopurua talde bateko kideen % 50 baino handiagoa edo organoko kideen % 30 baino handiagoa bada, hauteskunde partzialak egingo dira. Modu horretara hautatutakoek ordezkatu beharreko kideen agintaldia amaitu arte beteko dituzte ordezkari-eginkizunak.

  1. – Kide anitzeko organoetako kideek organoaren bileretara joateko eskubidea eta betebeharra dute, eta arautegi honek ezartzen dizkien eginkizunak bete behar dituzte. Bileretara joanez gero, organoetako kideek ez dituzte unibertsitateko gainerako eginkizunak bete behar, baina kasuan kasuko organoek beharrezko neurriak hartu behar dituzte betebehar horiek bete egiten direla eta zerbitzua eman egiten dela bermatzeko.

  2. – Kide anitzeko organoetako kideek eskubidea dute euren eginkizunak betetzeko beharrezko dokumentazio eta informazio guztia eskatu eta eskuratzeko. Eskariak saileko idazkaritzara bidaliko dituzte, eta hark, 24 orduko epean, eskatutako dokumentazio eta informazio guztia beraien esku jarriko du.

  1. – Kide anitzeko organoak balioz eratzeko, beharrezkoa da kideen gehiengo absolutua egotea lehen deialdian, edo kideen heren bat egotea, gutxienez, bigarren deialdian. Lehenengo eta bigarren deialdiaren artean ordu erdiko tartea egongo da. Edonola ere, organoetako burua eta idazkaria beti egon beharko dira edo, bestela, euren ordezkoak.

  2. – Organoa eratzeko quorumari dagokionez, ez dira kontuan hartuko 19. artikuluari jarraituz eskuordetutako botoak.

  3. – Organoak bigarren deialdian eratzeko beharrezko quoruma bozketa guztietan da beharrezkoa.

  1. – Kide anitzeko organoko buruak bermatu egin behar du bilera behar bezala betetzen ari dela eta, arrazoirik egonez gero, bertan behera uzteko erabakia har dezake.

  2. – Eztabaidak gai-zerrendari jarraiki egin behar dira. Dena dela, beharrezkoa izanez gero, kide anitzeko organoak bileren ordena aldatzea erabaki dezake, organoko buruak proposamena egin ondoren.

  3. – Beharrezkotzat joz gero, organoko buruak bozketa egin aurretik gaiaren inguruan eztabaidatzeko denbora muga dezake, bai eta egon daitekeen parte-hartze kopurua ere.

  4. – Kide anitzeko organoko buruaren iritziz egokia bada, kide ez diren pertsonak gonbida ditzake bilerara, gai-zerrendako punturen batekin zerikusia duen iritzia edo informazioa eman dezaten. Aktan bileran gonbidatuak izan direla jaso behar da, botoa emateko eskubidea izan ez arren.

  1. – Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen artetik gehiengo osoa behar izango da, Estatutuek, Arautegiak berak edo gainerako lege-xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen ez duten kasuetan izan ezik. Horrenbestez, proposamen bakarra izanez gero, onartu egin behar da aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira. Bi proposamen badaude, aldeko boto gehien lortzen dituena onartu behar da. Proposamenak bi baino gehiago direnean, emandako botoen gehiengoa lortzen duena onartuko da; edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu duten bi proposamenak hartuta, bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena.

    Berdinketa izanez gero, berriro egingo da botazioa; orduan ere berdinketa izanez gero, organoko buruaren kalitatezko botoak erabakiko du.

  2. – Botazioek isilpekoak izan behar dute kide anitzeko organoko kideren batek hala eskatzen badu. Dena dela, botazioek beti izan behar dute isilpekoak, pertsonei buruzkoak badira.

  3. – Aurkako botoa ematen dutenek ez dute erantzukizunik izango kide anitzeko organoak hartutako erabakietan, baldin eta aurkako botoa emateko arrazoia jasota geratzen bada. Botazioa isilpekoa denean, interesdunak botoaren arrazoia azaltzen duen testua eman behar dio organoko idazkariari, boto-txartelarekin batera. Boto-txartelak eta testuak aktari erantsi behar zaizkio. Halaber, abstenitzen direnak erantzukizunetik salbuetsita geratuko dira.

  4. – Botoa kide anitzeko organoko beste kide baten esku utzi ahal izango da, baina, ahal den neurrian, zehaztuta egon behar dira mugak. Kide anitzeko organoko kide bakoitzak beste baten ordez baino ezin izango du eman botoa. Organoko kideek idatziz adierazi behar dute beste batzuen esku utzi dutela botoa, eta idatzi hori bileretako aktei erantsi behar zaie.

  5. – Kide anitzeko organoko kideek beren botoa eta horren azalpena agerraraz dezakete aktan; azalpena idatziz eman behar dute bozkatzean. Unibertsitateko beste organo batzuei egindako proposamenak badira, kideen boto partikularrak beti agerrarazi behar dira haiekin batera.

  1. – Idazkariak bilerako akta egin behar du. Aktak bileran bertan edo hurrengoan onartu behar dira, eta akten zirriborroak hurrengo bilerako gai-zerrendari dagozkion dokumentuekin batera banatu behar dira. Aktak onartu ostean, idazkariak sinatu eta organoko buruak ontzat eman behar ditu.

  2. – Aktan honako hauek jaso behar dira nahitaez: bilerara etorri direnen zerrenda eta azalpena emanez bilera amaitu aurretik alde egin dutenen berariazko aipamena; gai-zerrenda; bilera non eta zein ordutan egin den; bileran aztertutako puntuak; botazioak nola egin diren eta emaitzak; hartutako erabakien edukia eta, egoki joz gero, arrazoien azalpen laburra.

  3. – Aktan boto partikularrak ere jasoko dira, kide anitzeko organoko kasuan kasuko kideek hala eskatzen badute. Kide anitzeko organoko kideek euren parte hartzea edo proposamena aktetan hitzez hitz jasotzeko eska dezakete. Horretarako, idatziz aurkeztu behar dute testua eskaera egin eta segituan edo, bestela, organoko buruak adierazitako epean.

  4. – Kide anitzeko organoko kideek aktetan aldaketak egiteko proposamenak egin ditzakete akta onartzeko unean. Idazkariak proposatutako aldaketak egiaztatu behar ditu eta, gehiengoak aldeko botoa ematen badu, onartu egin behar dira.

  5. – Kide anitzeko organoa aldatu baino lehen, bilera egin beharko da onartzeke dauden akta guztiak onartzeko. Bilera hori egitea ezinezkoa bada, akten zirriborroak bidali behar zaizkie kide anitzeko organoko kide zirenei, eta hamar eguneko epea eman haien edukiari buruzko erreklamazioak egiteko. Ez bada erreklamaziorik aurkezten esandako epearen barruan, aktak onartutzat eman behar dira; erreklamaziorik aurkeztuz gero, berriz, kide anitzeko organo berriak egin beharreko lehen bileran onartu behar dira.

  6. – Behin onartuta, sailaren iragarki-taulan eta webgunean argitaratuko dira, eta saileko kideen eskura egongo dira saileko idazkaritzan. Edozein kasutan, beti zainduko da pertsonen intimitatea.

  1. – Idazkariak kide anitzeko organoak hartutako erabakien fede eman behar du eta ziurtagiriak egin behar ditu.

  2. – Hartutako erabakiak argitara emango dira sailaren iragarki-oholean eta webgunean, gehien dela hiru egun balioduneko epean eta pertsonen intimitatea babestuta. Edonola ere, organoko idazkariak eta buruak erabakiak argitaratu egiten direla bermatu behar dute, eta argitaratu eta hilabetez daudela jendaurrean gutxienez.

  1. – Kide anitzeko organoak hartutako erabakiek onartzen direnetik aurrera izango dute eragina, erabakietan bertan beste ezer adierazi ezean. Erabakien berri eman behar zaie kasuan kasuko organoei.

  2. – Pertsonei buruzko erabakiak, irakaslanak esleitzekoak eta lanpostuen zerrendan edo kontratuko langileen zerrendan eragina dutenak zuzenean jakinarazi behar zaizkie eragindakoei. Erabakiek jakinarazpena egiten den unetik aurrera izango dute eragina. Jakinarazpenak Administrazio Prozeduraren Legean xedatutako moduan egin behar dira.

  3. – Kide anitzeko organoek hartzen dituzten erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, erabakia hartu zen bilerako akta argitaratu eta hilabeteko epean.

  4. – Pertsonei buruzko erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, erabakia interesdunari jakinarazi eta hilabeteko epean.

  1. – Saileko kide bakarreko organoak zuzendaria eta idazkaria dira.

  2. – Saileko zuzendari eta idazkari akademiko karguetan aritzeko, arduraldi osoko kontratua izan behar da, legedian xedatutako salbuespenetan izan ezik. Ezin da, inolaz ere, kargu batean baino gehiagotan aritu.

  1. – Sailean zuzendaririk ez badago, horren berri eman beharko dio idazkari nagusiari saileko idazkariak edo, bestela, saileko kategoria eta antzinatasunik handieneko kideak, eta saileko kontseilua premiazko bilerara deitu, xedatutako baldintzak betetzen dituztenen artetik behin-behineko zuzendari bat izenda dezan. Halakoetan, kategoria eta antzinatasunik handieneko kidea izango da bilerako buru, eta saileko zuzendari-eginkizunak beteko ditu. Artikulu honetan xedatutako eginkizunak betetzen ez badira, edo hiru hilabete baino gehiago igaro eta dena delakoagatik zuzendaririk aukeratu ez bada, errektoreak ofizioz izendatuko du behin-behineko zuzendaria, kasuan kasuko erantzukizunei kalterik egin gabe.

  2. – Agintaldia lau urtekoa izango da, eta behin baino ezingo da jarraian berriro hautatu. Jarraian berriro hautatua izateko, kontseiluko kideen aldeko botoen gehiengo osoa lortu beharko du.

  3. – Zuzendariek Estatutuetako 250. artikuluan jasotako arrazoiengatik utziko dute kargua. Artikulu horren arabera, Unibertsitateko Klaustroari dagokion zentsura-mozioa saileko kontseiluari dagokio kasu honetan.

  4. – Aurreko puntuan aipatutako zentsura-mozioa idatzi arrazoitu bidez aurkeztuko da saileko idazkaritzan, gutxienez kontseiluko kideen % 20k sinatuta, eta zuzendari izateko hautagai baten izena jaso beharko du. Zentsura-mozioa aurkeztuta eta eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatuta, zuzendariak kontseiluaren bilerara deitu behar du 72 orduko epean. Zentsura-mozioa aurkeztu eta hamabost eguneko epean, gehienez ere, egin beharko da bilera hori. Bilera horretan, lehenengo eta behin, zentsura-mozioa defendatuko du mozioa sinatu duen kideetako batek. Ondoren zuzendari izateko hautagaiak hartuko du parte bere proposamena egin eta azaltzeko. Zentsura jaso duenak erantzuteko aukera izango du eta, segidan, hitz egiteko txanda eskatu duten saileko kontseiluko kideak mintzatuko dira, aldeko eta kontrako txandez baliaturik.

    Zentsura-mozioa onartzeko, saileko kontseiluko kideen aldeko botoak kontrakoak baino gehiago izan behar dira. Saileko kontseiluak mozioa onartzen badu, zuzendariak dimisioa aurkeztuko du berehala. Onartu den mozioan jasotako hautagaia zuzendari hautatu dela ulertuko da.

  1. – Errektoreak irakaslanetatik salbuets dezake zuzendaria, arduraldia gehienez ere erdira murriztuta.

  2. – Agintaldia amaitzean, zuzendariak irakats-betebeharretatik neurri berean salbuetsita egoteko eskubidea du uneko lauhilekoa bukatu arte, ohiko azterketa aldia barne. Horretarako, gutxienez hiru urte edo gehiago eman behar dituzte karguan.

  1. – Honako eginkizun hauek ditu saileko zuzendariak:

    1. Sailaren ordezkari izatea.

    2. Saileko kontseiluko buru izatea.

    3. Saileko kideen eskariak eta iradokizunak jaso eta bideratzea.

    4. Saileko administrazio eta zerbitzuetako langileen funtzioak zuzentzea.

    5. Sailaren urteko memoria, eginkizunen plana eta txosten ekonomikoa egitea.

    6. Saileko kontseiluak hartutako erabakiak betetzea.

    7. Sailak eta saileko kideek irakats-betebeharrak eta gainerako eginkizun akademikoak behar bezala betetzen dituztela bermatzea.

    8. Sailean zientziaren, teknikaren, giza zientzien eta artearen alorreko ikerlanak egiteko beharrezko diren kontratuak sinatzea.

    9. Hirugarren zikloko eta doktoregoko ikasketak koordinatzea programen arduradunekin batera.

    10. Bere zereginak betetzeko egoki diren batzordeak eratzea.

    11. Isilpeko informazioa jendaurrean jakinaraz dadin agindu eta diziplina-espedienteak abiaraz daitezen proposatzea.

    12. Saileko beste organoei agindu ez zaizkienak, unibertsitateko gobernu-organoek eskuordetutakoak eta Estatutuek edo indarrean dagoen legediak zehaztutako gainerako guztiak.

  2. – Era berean, lankidetza-hitzarmenak ere sinatu behar dituzte, Gobernu Kontseiluaren jarraibideek xedatutako baldintzetan.

  1. – Honako hauek dira kargua uzteko arrazoiak: dimisioa aurkeztea, heriotza, lege-ezintasuna, saileko kide izateari uztea eta, zuzendariaren proposamenari jarraiki, errektoreak hala erabakitzea.

  2. – Idazkariari dagokio saileko idazkaritza akademikoak berezkoak dituen eginkizunak betetzea, baita zuzendariari laguntzea ere.

  3. – Idazkariak saileko kide anitzeko gobernu-, ordezkaritza- eta administrazio-organoen jardunaren eta erabakien fede emango du; akta-liburuak egin eta zaintzeaz arduratuko da eta ziurtagiriak egingo ditu, hala erabakienak, nola saileko dokumentazio ofizialean ageri diren gertakarienak edo ekimenenak.

  1. – Saileko kontseiluak irakaskuntza bere ziklo, diziplina eta ikasketa guztietan antolatuko du. Irakaskuntza fakultateko eta eskolako zuzendaritzarekin batera antolatu behar du, irakasleen eskariak oinarri hartuta. Edonola ere, ikasleek kalitateko irakaskuntza jasotzeko eskubidea dutela izan behar du kontuan.

  2. – Sailak aparteko arreta eman behar dio pixkana-pixkana euskarazko irakaskuntza ezarri eta euskaraz irakatsi eta ikertzeko oinarrizko material espezifikoak prestatzeari. Horretarako, hizkuntza normalizazioan aritzen diren unibertsitateko organo orokorrek eta ikastegietako euskara-batzordeek egindako plangintzak izan behar ditu kontuan.

  3. – Sailak irakasgai guztiak esleituta daudela bermatu behar du, edozein dela ere hizkuntza. Euskarazko irakaskuntza guztia esleitu ostean, gaztelaniazkoa esleitu behar da. Alde horretatik, ezin da bereizketarik egin hizkuntzagatik, eta artikulu honetako hurrengo atalean aipatzen den proportzionaltasuna bermatu behar da. Beste hizkuntzetako irakasgaiak ere modu berean esleitu behar dira, beste hizkuntzarik baldin badago.

  4. – Irakaskuntza proportzionalki banatu behar da saileko irakasleen artean, alderik izan litekeen arren ikastegien, jakintza-arloen eta hizkuntzaren arabera. Ikasturte berean proportzionaltasuna errespetatzerik ez dagoenean, ikasturte anitzeko epean ahalegindu behar da printzipio hori errespetatzen.

  5. – Edonola ere, irakasle guztiek irakasteko duten eskubidea bermatu behar da.

  1. – Irakasleen arduraldia urteka neurtu behar da.

  2. – Ikasturte osorako kontratuetan bakarrik bana daitezke modu ez orekatuan eskolak; dena dela, irakaskuntza- edo ikerkuntza-arloko arrazoiak egon behar dira horretarako. Nolanahi ere, irakaskuntza salbuespenezko egoeretan ere emango dela bermatu behar da; hau da, ikasleak ezin dira eskolarik gabe utzi. Irakaslan osoa lauhileko bakar batean pilatuta duten irakasleen kasuan, eta batez ere bigarren lauhilekoan dutenen kasuan, sailak hartu beharko du bere gain gehiegizko zama, baldin eta irakasleak bat-batean ordezkoa behar baldin badu. Izan ere, kasuan kasuko lauhilekoari dagokion irakaslana baino ezin izango du hartu bere gain ordezkoak.

  3. – Saileko kontseiluak lan-baldintzen alorrean indarrean dauden erabakiak hartu behar ditu kontuan, batik bat irakasle-kategoria jakin batean asteko eskola-orduak murrizteko egon daitekeen eskubidea, lana eta familia bateratzeari buruzkoak edo dena delako egoera bereziei buruzkoak.

  1. – Sailak kasuan kasuko jakintza-arloekin lotutako gaietako irakaslanak egokitu behar dizkie irakasleei. Hala ere, salbuespenezko egoeretan, sailak antzeko jakintza-arloetako gaiak eslei diezazkieke irakasleei, irakaskuntza eman egiten dela bermatzearren.

  2. – Salbuespenak gorabehera, irakasleek atxikipenaren arabera hala dagokien ikastegian emango dituzte eskolak. Hala ere, zerbitzuaren premiak eta ikasleen interesak direla-eta, irakasleari beste ikastegi bateko eskolak eslei diezazkioke, baina erabaki hori arrazoitu egin beharko da. Premiazko egoeratan, zuzendariak berak banatuko ditu eskolak. Erabaki hori zuzenean ezarriko da, baina saileko kontseiluak berretsi beharko du.

  3. – Arduraldi partzialean ari diren eta aldi berean beste jarduera batean aritzeko baimena duten irakasleen kasuan, saileko kontseiluak bateragarritasun-baimenean adierazitako ordutegia errespetatu behar du, irakasleak bestelakorik berariaz onartu ezean. Horrek ez du esan nahi irakasle horiek eskolak ordutegi jakin batean emateko eskubidea dutenik, edo UPV/EHUk unibertsitateaz kanpoko lanpostuan izan ditzakeen aldaketak besterik gabe onartu behar dituenik.

  1. – Irakasleek beren lehentasunak adierazi aurretik, sailak eskolak esleitzeko irizpide osagarri eta orokorrak erabaki ditzake, arrazoitu egiten baditu eta titulu honetan xedatutakoa errespetatzen badu, betiere.

  2. – Eskolak esleitzeko azken erabakiak irakasgai guztiak hartu behar ditu kontuan eta, ahal dela, alderdi guztiek eman behar dute ontzat hein batean. Era berean, UPV/EHUn kide bakarreko karguak dituzten saileko irakasleak ere hartu behar dira kontuan.

  3. – Erabakirik ez badago eta irakasle batek baino gehiagok eskatu baditu eskola berak, lehentasunezko hurrenkera honen arabera banatuko dira ikasketa-planetako irakasgaiak, sailak arrazoiak emanez bestelako irizpiderik xedatu ezean:

    1. Karrerako irakasle funtzionarioek eta kontratuko irakasle iraunkorrek lehentasuna dute bitarteko eta aldi baterako irakasleen aldean.

    2. Kategoria akademikorik handieneko irakasleek lehentasuna dute, honako ordena honetan:

      • Unibertsitateko katedradunak eta irakasle osoak.

      • Unibertsitateko irakasle titularrak, unibertsitate-eskoletako katedradunak eta irakasle agregatuak.

      • Unibertsitate-eskoletako irakasle titularrak, irakasle lankideak eta irakasle elkartuak.

      • Irakasle atxikiak.

      • Laguntzaileak.

    3. Irakasle doktoreak.

    4. Kidegoko antzinatasun edo kontratu kategoriarik handieneko irakasleak. Antzinatasuna neurtzeko, arduraldi partzialeko zerbitzuak 0,5eko koefizienteaz haztatu behar dira.

  4. – Aurreko irizpideen bitartez lehentasuna ezartzerik ez badago, zozketa egin behar da.

  5. – Irakasgai bat baino gehiago direnean adostasunik gabekoak, irakasleek adierazitako prozedurari jarraiki aukeratuko dute lehenengo irakasgaia, eta, ondoren, txanda pasatuko dute eta lehentasun-hurrenkerako azkenak izango dira.

  6. – Inongo irakaslek eskatzen ez dituen irakasgaiak eta taldeak esleitzeko, artikulu honetako 3. ataleko irizpideak aplikatu behar dira. Guztiak egoera berean daudelako aurreko irizpideen bitartez irakasleen artean lehentasunak finkatzerik ez badago, zozketa egin behar da.

  1. – Saileko kontseiluak eskolak eta urteko irakats-betebeharrak esleitzeko irizpideei buruz hartzen dituen erabakiak berehala argitaratu behar dira, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 57.2., 59.5.b) eta 60. artikuluetan xedatutako ondorioetarako. Saileko idazkaritzan jasota egon behar da zein egunetan argitaratu diren erabakiak saileko iragarki-oholetan, eta, hain zuzen ere, egun horretatik aurrera hasiko da kontatzen errekurtsoak jartzeko epea, baldin eta errekurtsorik jartzeko aukerarik badago. Sailak erabakien edukiaren eta erabaki horiek eskuratzeko moduaren berri eman behar die irakasleei.

  2. – Irakasle bakoitzaren irakats-betebeharrak interesdunei jakinarazi behar zaizkie, eta jasota egon behar da sailak jakinarazpena egin duela edo interesdunak jakinarazpena jasotzeari uko egin diola.

  3. – Saileko kontseiluak irakaslana esleitzearen inguruan erabakitakoaren kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, erabakia argitaratu eta hilabeteko epean.

  1. – Sailak, irakasleei entzun ondoren, ikasleen interesak eta beharrizanak hartu behar ditu kontuan ikasleentzako tutoretza orduak finkatzerakoan. Halaber, ikasleek zerbitzu hau behar bezala erabil dezaten ahalegindu behar dute eta, horretarako, astean gutxienez bi egun finkatu behar dituzte.

  2. – Irakasle jakin bati kontratatutako irakaskuntza osoa esleitu ez arren, tutoretza-ordu guztiak bete behar ditu. Ordu horiek ezin dira pilatu, eta ikasturte osoan barrena bete behar dira.

Ezintasunen bat duten ikasleen egoera dela-eta, sailak behar adina egokitu behar du metodologia, eta ikasle horien beharrizanen araberako tutoretza-orduak finkatu behar ditu.

  1. Saileko irakasleen eta ikertzaile taldeen ikerkuntza lana bideratu eta sustatzea.

  2. Ikertzaile berrien trebakuntza sustatzea.

  3. Ziklo guztietako ikasleak ikerkuntza-arloekin harremanetan jartzea.

  4. Doktorego-tesiak eta ikerketak zuzen daitezen eta haien jarraipena egin dadin bultzatzea, eginkizun horiek irakasleen gutxieneko betebeharren artean sartuz.

  5. Zientzia-arloko harremanak izatea beste sail, unibertsitate eta ikerketa, garapen- eta berrikuntza-zentroekin eta haiekin batera askotariko jakintza-arloetako proiektuak egin daitezen bultzatzea.

  6. Unibertsitateko ikerkuntzaren eta testuinguru sozio-ekonomikoaren arteko lotura sustatzea. Horretarako, irakasleek eta ikertzaileek ikerkuntza- eta aholkularitza-kontratuak eta hitzarmenak sinatu behar dituzte.

  7. Gizarteak unibertsitateko ikerketaren emaitzen berri izan dezan bideratzea.

  1. – Besteak beste, UPV/EHUren berezko ikerketa-funtsek balio behar dute ikerkuntzan jarduteko beharrezko giza baliabideak eta baliabide teknikoak eta materialak emateko sailei eta bertako ikertzaile-taldeei. Baliabide horiek kasuan kasuko deialdietan xedatutako irizpideen arabera esleitu behar dira, eta kanpoko ebaluatzaileek aurkeztutako eskaeren inguruan emandako iritzia ere hartu behar da kontuan.

  1. – Estatutuetako 147. artikuluan xedatutakoarekin bat, saileko kontseiluak urtean egindako ikerlanei eta horien emaitzei buruzko memoriak onartu behar ditu urtero. Memoria horiek Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeak onartutako eredu orokorraren arabera egin behar ditu eta, jarraian, hari aurkeztu behar dizkio, baliabideak esleitze aldera.

  2. – Unibertsitateko irakasleek eta ikertzaileek lankidetza-hitzarmenen edo kontratuen ondorioz unibertsitatekoak ez diren ikastegietan egindako ikerlanak unibertsitateko ikerkuntzatzat hartu behar dira ondorio guztietarako, eta sailak urteko memorian jaso behar ditu.

Helburuak bete eta berezko dituen ekimenak gauzatzeko, sailak behar beste langile izan behar ditu, baita sail berezituak ere UPV/EHUko aurrekontu orokorrean. Gainera, autonomia izan behar du sail horiek kudeatzeko.

  1. – Saileko aurrekontu orokorrak kontseiluak finkatzen duen moduan banatu eta kudeatu behar dira.

  2. – Saileko aurrekontuko diru-sarrerak honakoak izango dira, UPV/EHUk berak esleitutakoez gain:

    1. Sailak antolatu eta gauzatzen dituen irakaskuntza- eta ikerketa-jarduerek emandako etekin garbiak eta jarduera horietatik sortutako produktuak ustiatzetik datozenak.

    2. Zientzia, teknika eta arte lanak egin, espezializazio ikasketak eman eta prestakuntzako ekimen espezifikoak egiteko kontratuetatik sortutako diru-sarreretatik dagokien zatia.

    3. Helburu jakin batzuetarako jasotzen dituzten diru-laguntzak, kasuan-kasuan zehaztuta dauden baldintzetan.

    4. Modu agerian eta beren-beregi egiten dizkioten dohaintzak eta legatuak, eman zaizkion baldintza berberetan.

  3. – Sailak UPV/EHUren aurrekontu orokorrean agertzen ez diren bestelako baliabideak baditu, zuzendariak horren berri eman beharko dio gerenteari; ondoren, baliabide horiek sailaren aurrekontuetan txertatu eta gastatzeko proiektuak aurkeztu behar dizkio saileko kontseiluari, ontzat eman ditzan.

Saileko jardun ekonomikoek UPV/EHUko sarreren eta gastuen aurrekontuak xedatutakoarekin bat etorri behar dute, UPV/EHUko aurrekontuak betetzeko arauetan xedatutakoari jarraiki.

  1. – Ikertzaile-taldeek eta sailek eskatzen badute, UPV/EHUk ikerlariak kontratatu eta onar ditzake aldi baterako.

  2. – Edonola ere, saileko fondoen kontura aldi baterako kontratatuko diren langileak Errektoretzaren bidez kontratatuko dira, UPV/EHUn halako kontratazioetarako xedatutako baldintzekin eta prozedurekin bat.

  1. – Sailaren arautegia aldatzeko ekimena zuzendariari edo kontseiluko kideen % 20ri dagokio. Aldaketarik eskatuz gero, ordezko testua edo testu gehigarria aurkeztu behar da eta proposamena nortzuek egin duten adierazi. Atal honetan xedatutako azken kasuan, saileko zuzendariak kontseiluaren bilerara deitu behar du hilabeteko epean, aldaketa horri buruzko iritzia eman dezan.

  2. – Arautegiaren aldaketa kontseiluak horretarako beren-beregi egingo duen ezohiko bilera batean onartu beharko da, eta emandako boto baliodunen gehiengo osoa lortu beharko du. Horren ondoren, eta legaltasun-kontrola behin eginda, Gobernu Kontseilura eramango da ontzat eman dezan.

Arautegi honetan jasotakoa aplika daitezkeen gainontzeko arauekin bat ezarriko da.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.