Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2007ko urriaren 18koa, Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena. Honen bidez agindua ematen da Ekonomia Aplikatua V Sailaren Arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 224
  • Hurrenkera-zk.: 6369
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2007/10/18
  • Argitaratze-data: 2007/11/21

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Unibertsitateak bere araubide propioa dauka erakundea antolatzeko, bere interesen defentsan aritzeko balio diona, Konstituzioak 27.10. artikuluan onartzen duen unibertsitateen autonomiatik eratorria. Araubide horri atxikita dago bere arauak egiteko erakundeak daukan ahalmena. Ahalmen horrez baliatuta, Unibertsitateak bere Estatutuak dauzka, erakundearen antolaketaren ezaugarri berezi diren arlo eta organoak erregulatzen dituzten oinarrizko arauak.

Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuetako 199. artikuluak dioenez, sailek arautegi bat izango dute euren gobernurako. Arautegia Saileko Kontseiluak egingo du, Gobernu Kontseiluak emandako oinarrizko arautegiari jarriki. Bestalde, Sailen Oinarrizko Arautegiko 4.2. artikuluak idazkari nagusiari eskuordetzen dio arautegiak onesteko eskumena, baldin eta txosten guztiak aldekoak izanik berariazko eskaririk egin ez bada Gobernu Kontseiluan aurkezteko.

Gobernu Kontseiluak irailaren 26an egin zuen bileran jakinarazi zen Ekonomia Aplikatua V Sailaren arautegiari buruzko txosten guztiak aldekoak zirela eta, beraz, interesatuek zazpi eguneko epea zutela arautegia Gobernu Kontseilura bidaltzea eskatu nahi bazuten. Aipatutako epea igaro denez eskaerarik aurkezteke, arautegia onartutzat eman behar da, idazkari nagusiaren ebazpenaren bidez (Sailen Oinarrizko Arautegiko 4.2. artikuluak eskuordetutako eskumena).

2004ko martxoaren 12an Euskal Unibertsitate Sistemaren 2004ko otsailaren 25eko 3/2004 Legea argitaratu zen. Lege horrek 10.2. artikuluan dioenez, unibertsitateko gobernu organoek ematen dituzten aplikazio orokorreko xedapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko ditu unibertsitateak, eta ez dira jarriko indarrean beren testu osoak argitaratu arte.

Aipatutako guztia kontuan hartuta, honako hau

Ekonomia Aplikatua V Saila UPV/EHUko berezko saila da. UPV/EHUko irakaskuntza-programazioari eta ikastegien antolakuntzari jarraiki, Ekonomia Aplikatua jakintza-arloko ikasketak ikastegi eta titulazioetan koordinatu eta emateaz arduratzen da, eta baita irakasleen irakaskuntza- eta ikerketa-alorreko eginkizunak eta ekimenak laguntzeaz ere. Bere funtzionamenduak eta erabakiek UPV/EHUko Estatutuetako, Sailen Oinarrizko Arautegiko eta aplikatu beharreko gainerako arauetako xedapenak errespetatu behar dituzte.

Ekonomia Aplikatua V Sailaren eginkizunak hauexek dira:

  1. Bere eskumeneko jakintza-arloko irakaskuntza koordinatu eta ematea, eta hirugarren zikloko, doktoregoko eta berezko tituluak edo titulu espezializatuak lortzeko ikasketak antolatu eta garatzea.

  2. Bere eskumeneko jakintza-arloko ikerkuntza sustatu eta laguntzea.

  3. Lankidetzan jardutea UPV/EHUko eta beste erakunde publiko edo pribatu batzuetako sailekin, ikastegiekin eta unibertsitateko ikerketa-institutuekin, bai irakaskuntzaren arloan bai ikerketan.

  4. Zientziaren, teknikaren, giza zientzien edo artearen alorreko eginkizunak sustatzea, bai eta espezializazioko edo unibertsitate-hedakuntzako ikastaroak ere, eta horretarako behar diren lanak kontratatu eta burutzea, indarrean dagoen legediaren esparruan betiere.

  5. Kideen eguneratze zientifikoa eta pedagogikoa sustatzea zuzenean edo beste sail eta ikastegi batzuekin batera.

  6. Aurrekontua gestionatzea, baliabideak administratzea eta saileko langileak gidatzea.

  7. Sailaren urteko plana garatu eta betetzea.

  8. Urteko memoria egitea.

  9. UPV/EHUko gainerako organoei eginkizunak betetzen laguntzea.

  10. Saileko jakintza-arloen ikasketa-planak egiten parte hartzea, baita saileko jakintza-arloekin zerikusia duten gainerako eginkizun guztietan ere, bere eskumenen esparruan betiere.

  11. UPV/EHUko Estatutuek bereziki esleituko dizkioten gainerako eginkizun eta zereginak, bai eta lehenengo artikuluan aipatutakoa egokiro betetzeko beharrezkoak izan daitezkeen guztiak ere.

  1. – Ekonomia Aplikatua V Sailak Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean (Agirre Lehendakaria, 83 - 48015 Bilbao) dauka egoitza.

  2. – Gobernu Kontseiluaren baimena behar da egoitza aldatzeko, eta aldaketa saileko kontseiluak proposatu behar du, arautegiari jarraiki.

  1. – Ekonomia Aplikatua V Saila bertako kontseiluak egindako arautegiaren bidez arautuko da, UPV/EHUko Sailen Oinarrizko Arautegian xedatutakoari jarraiki.

  2. – Ekonomia Aplikatua V Sailak printzipio hauetara egokitu behar ditu egitura eta funtzionamendua:

    1. Unibertsitateko kide anitzeko eta kide bakarreko organo orokorren azpiko mendekotasunera.

    2. Sailaren barruan, kide anitzeko organoek kide bakarrekoen aldean duten nagusitasunera.

    3. Sail-atalen antolakuntza-autonomiaren eta autonomia funtzionalaren errespetura, haien eta osatzen dituzten kideen arteko orekari eta elkarlanari kalterik egin gabe.

UPV/EHUko Ekonomia Aplikatua V Saila Ekonomia Aplikatua jakintza-arloaren barruan dago.

Honako hauek dira Ekonomia Aplikatua V Saileko kideak: sailari atxikitako irakasleak, ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak edo sailak bere baliabideen kontura kontratatutakoak, baita bekadunak, hirugarren zikloko ikasleak eta lehen eta bigarren zikloetako ikasleen ordezkariak ere.

  1. – Ekonomia Aplikatua V Saila bi sail-ataletan antolatuta dago ikastegika, UPV/EHUko Sailen Oinarrizko Arautegian ezarritako baldintzekin bat:

    • Bilboko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea Bizkaiko Campusean.

    • Bilboko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskola Bizkaiko Campusean.

  2. – Arabako Campuseko (Vitoria-Gasteiz) eta Gipuzkoako Campuseko (Donostia-San Sebastiαn) Enpresa Ikasketen unibertsitate-eskolei dagokienez, ikastegiko sail-atal gisa eratzeko beharrezko baldintzak bete arte sailak egoitza dueneko ikastegiaren atalera atxikita egongo dira.

  3. – Sail-atalak sortu eta irakasleak atalka banatzean, irakaslea zein ikastegitara dagoen atxikita izango da kontuan eta ikastegi horri dagokion atalean sartuko da. Irakasleak ezin dira atal batekoak baino gehiagotakoak izan.

  4. – Ordezkaritzetako irakasleak ez dira kontuan hartuko ikastegietako sail-atalak eratzeko. Irakasleok jatorrizko ikastegian zenbatuko dira.

  5. – Sail-atal bakoitzak koordinatzaile bat aukeratu behar du kideen artean.

  1. – Ekonomia Aplikatua V Sailaren gobernua bere kontseiluari eta zuzendariari dagokie.

  2. – Ekonomia Aplikatua V Saileko kontseilua eta, dagokionean, batzorde iraunkorra eta ataletako kontseiluak dira saileko kide anitzeko gobernu-, ordezkaritza- eta administrazio-organoak.

  3. – Zuzendaria eta idazkari akademikoa eta, dagokienean, ataletako koordinatzaileak dira saileko kide bakarreko gobernu-, ordezkaritza- eta administrazio-organoak.

  1. – Honako hauek dira Ekonomia Aplikatua V Saileko kideak:

    • Zuzendaria.

    • Idazkaria.

    • Sailean dauden irakasle funtzionario eta lan-kontratudun irakasle iraunkor guztiak, irakasle doktore ez iraunkor guztiak, eta sailera atxikitako doktore guztiak.

    • Sailari atxikitako gainerako irakasleen artetik ordezkari bat hiru irakasleko.

    • Hirugarren zikloko ikasleen ordezkari bat.

    • Bigarren zikloko ikasleen ordezkari bat eta lehenengo zikloko ikasleen ordezkari bat.

    • Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

  2. – Irakasleen, ikertzaileen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkarien agintaldia lau urtekoa da. Ikasleen ordezkarien agintaldia urtebetekoa da.

  3. – Sailera atxikitako gainerako irakasleen ordezkariak irakasleek eurek aukeratu behar dituzte euren artean.

  4. – Lehenengo eta bigarren zikloko ikasleen ordezkarien agintaldia urtebetekoa da, eta saileko irakasleek eskolak ematen dituzten ikastegietako ikasle-kontseiluen bitartez aukeratu behar dira, Ikastegietako Ikasle Kontseiluen Oinarrizko Arautegiak xedatutako prozedurari jarraiki.

  5. – Hirugarren zikloko ikasleen ordezkaria saileko zuzendaritzak deituta urtero, abenduan, egingo den bileran aukeratu behar da. Bilerara honakoak deitu dira: saileko graduondoko berezko tituluetan eta doktorego-programetan eta tesietan matrikulatutako ikasle guztiak eta sailera atxikitako ikerketako bekadunak. Horretarako, saileko zuzendaritzak bilera horretara deitu beharreko ikasleen errolda eskatu beharko dio hala dagokion zerbitzuari.

Ordezkari-eginkizunak pertsonalak eta besterenezinak dira. Honako hauek dira ordezkari izateari uzteko arrazoiak:

  1. Hiltzea edo ezintasunen bat izatea.

  2. Hauteskundeak baliogabetzea.

  3. Agintaldia amaitzea.

  4. Dimisioa aurkeztea.

  5. Ordezkaria aukeratu zuen sailekoa edo taldekoa izateari uztea.

  1. – Honako hauek dira saileko kontseiluaren eginkizunak:

    1. Saileko zuzendaria hautatzea arautegiak xedatutakoari jarraiki.

    2. Urteko txosten ekonomikoa, saileko irakaskuntzaren eta ikerketaren memoria, eta eginkizunen plana onartzea.

    3. Urteko irakats-eskaintza programatu eta ebaluatzeko irizpideak onartzea.

    4. Saileko langileei irakats-betebeharrak eta balizko aldaketak esleitzea, UPV/EHUko Sailen Oinarrizko Arautegiko 36. artikuluari eta hurrengoei jarraiki.

    5. Irakasgaien oinarrizko programak ezartzea, kasuan kasuko ikasketa-planaren barruan.

    6. Hirugarren zikloko, doktoregoko eta gainerako ikasketetako (unibertsitateko berezko tituluetara bideratutako ikasketak izan edo ez) eskaintzak proposatzea, kasuan kasuko proposamenak eginez eta euren gain dituzten programen ezarpen eta koordinazio akademikoaz arduratuz. Edonola ere, doktorego-programetako irakats-zama kasuan kasuko sailak entzun ondoren esleitu behar da.

    7. Doktorego-tesiak ebaluatu behar dituzten pertsonak izendatzeko proposamenak onartzea legeak baimentzen dituen baldintzetan, bai eta bestelako epaimahaietako kideen izendapenak onartzea ere.

    8. Irakasleei eta ikertzaileei ikerketa-eginkizunetan eta ekimenetan laguntzea.

    9. Plaza berriak eskatu eta saileko langileen lanpostu-zerrendan egin beharreko aldaketak proposatzea.

    10. Irakasleen irakaslanari buruzko txosten arrazoituak egitea, irakaskuntza-merezimenduak eskuratzeari eta kontratuak berritzeari begira.

    11. Zientziaren, teknikaren eta artearen alorreko lanak egiteko Estatutuetako 141. artikuluan xedatutako kontratuak egiteko baimenak ematea, betiere, sailaren eskumenen esparruan eta Gobernu Kontseiluak onartutako araudiari jarraiki.

    12. Venia docendi eman behar bada, aurrez jakinaraztea.

    1. Beharrezko bitartekoak sortu eta ekimenak egitea, saileko jardunaren kalitatea sustatu eta hobetzeko, baita gestio eraginkorra bermatzeko ere Europako, Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko programen baitan. Horretarako, unibertsitatean ezarritako ebaluazio-prozesuak sustatu eta horietan parte hartu behar dute.

  2. – Orobat, honako eginkizun hauek ditu saileko kontseiluak:

    1. Gobernu Kontseiluari arautegiaren proiektua eta, dagokionean, arautegiaren erreforma-proiektua aurkeztea.

    2. Irakaskuntzaren ezaugarriak kontuan hartuta egoki denean, irakaskuntzaren zati bat beste erakunde batzuetan emateko proposamena egitea Gobernu Kontseiluari, Gobernu Kontseiluak berak baimendutako hitzarmeneko baldintzei jarraituz.

    3. Jarduerak ikastegiekin koordinatzeko programak onartzea.

    4. Dagokionean, sailaren gune fisikoak esleitzeko irizpideak onartzea.

    5. Indarrean dagoen legediak, UPV/EHUko Estatutuek eta horiek garatuko dituzten arauek zehaztutako gainerako guztiak, baita eskuordetzen zaizkionak ere.

  1. – Honako hauek dira Ekonomia Aplikatua V Saileko kideak:

    • Zuzendaria.

    • Idazkaria.

    • Sail-ataletako koordinatzaileak.

    • Sailari atxikitako irakasleen bederatzi ordezkari.

  2. – Gainera, bekadunen eta ikasleen ordezkari banak eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari banak hartu behar dute parte batzorde iraunkorretan, eta biak ala biak kontseiluko kideen artean hautatu behar dira.

  3. – Batzorde iraunkorreko ordezkariak Hauteskunde Arautegi Orokorrean xedatutakoari jarraiki aukeratu behar dira.

  4. – 10. artikuluan araututako arrazoiren bat badago, batzorde iraunkorreko ordezkariek ordezkari izateari utzi behar diote.

  5. – Irakasleen ordezkariek batzorde iraunkorreko kideen % 70 izan behar dute. Alde horretatik, sail-ataletako koordinatzaileak ez dira zertan irakasletzat hartu behar.

  1. – Batzorde iraunkorraren eginkizunak izango dira kontseiluak eskuordetutakoak eta kontseiluak unean-unean eskuordetzen dizkionak. Edonola ere, eskuordetutako eginkizunek ezin izango diote kalterik egin Estatutuetako 286.1. artikuluko a), b) eta c) letretan zehaztutakoari, sailaren arautegian onartzeari ez eta Estatutuek edo unibertsitatearen gaineko legedia orokorrak kontseiluaren eskumen esklusibo eta eskuordetu ezintzat jotzen dituen eginkizunei.

  2. – Estatutuetako 286.1. artikuluko d) eta i) letretan aipatutako eginkizunak betetzeko agintzen bazaio batzorde iraunkorrari, erabakiak bete egin behar dira, saileko kontseiluak berretsi edo aldarazi bitartean.

  3. – Saileko arautegiak ez badizkio batzorde iraunkorrari eskuordetzen Estatutuetako 286.1. artikuluko d) eta i) letretan aipatutako eginkizunak, Sailen Oinarrizko Arautegiko 50.3. artikuluak arautegia aldatzeko xedatutako quorum eta botazio sistema berari jarraitu behar zaio eginkizun horiek unean-unean eskuordetzeko. Horretarako, ez da beharrezkoa kontseiluak ezohiko bilera egiterik.

  4. – Saileko kontseiluko kideek batzorde iraunkorrak hartutako erabakien berri izan behar dute unean-unean.

  1. – Koordinatzaileak Ataleko Kontseiluak egindako bileren eta hartutako erabakien akta egingo du.

Honako hauek dira ataleko kontseiluko kide: atalean eskolak ematen dituzten irakasle guztiak, atalari lotutako administrazio eta zerbitzuetako langileak eta ikasle bat, ikastegiko ikasle-kontseiluak hautatutakoa.

Hauek dira ataleko kontseiluaren eginkizunak:

  1. Koordinatzailea aukeratzea kideen artean, saileko kide anitzeko organoetan ordezkari izan dadin.

  2. Atalari dagozkion irakats- eta administrazio-eginkizunen programazioa eta antolakuntza proposatzea saileko kontseiluari edo, dagokionean, batzorde iraunkorrari.

  3. Atalari dagozkion auzien berri ematea saileko kontseiluari.

  4. Bere eskumeneko auzien inguruko proposamenak egitea saileko kide anitzeko organoei.

  5. Ataleko urteko memoria onartzea saileko memorian txertatzeko.

  6. Ataleko aurrekontua kudeatzea.

  7. Saileko kontseiluak eskuordetutako gainerakoak.

  1. – Bilerak ohikoak eta ezohikoak izan daitezke.

  2. – Deialdiak ohiko bileretarako egin behar dira oro har. Kontseiluak urtean, gutxienez, ohiko bi bilera egingo ditu eta batzorde iraunkorrak, berriz, gutxienez bi bilera seihileko bakoitzean.

  3. – Ezohiko bilerarako deia egingo dute aztertu beharreko gaiak direla-eta beharrezkoa denean edo aplikatu beharreko araudiak xedatutako kasuetan. Ezohiko bileretako gai-zerrendan ezin dira honako gai hauek agertu: aurreko akten onespena eta galde-eskeak.

  4. – Presazko bilerak ezohikoak dira eta deia 24 ordu lehenago egin behar da gutxienez. Halakoetan, bilera egiteko arrazoia benetan premiazkoa dela berretsi behar da bileraren hasieran. Berresten ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.

  1. – Bilerarako deiak organoetako idazkariek bideratu behar dituzte, aurrerapen nahikoaz eta, edonola ere, bilera baino hiru egun lehenago gutxienez. Bilera non egingo den, zein ordutan eta bertan zein gai aztertuko diren adierazi behar da deialdietan.

  2. – Kide anitzeko organoko buruak egin behar du gai-zerrenda eta bertan agertu beharko dira organoko kideen % 10ek, gutxienez, eskatutako puntuak. Eskaera hori organoaren buruari egin beharko zaio gutxienez 48 ordu lehenago. Gai-zerrendan agertzen ez diren puntuei buruzko erabakirik ezingo da hartu; baina organoko kideen bi heren baino gehiago badaude bileran, eta botazioa eginda gehiengo osoak gaia premiazkoa dela uste badu, erabakia hartu ahal izango da.

  3. – Gai-zerrendako puntuak era zehatz eta argian idatzita egongo dira.

  4. – Deialdian zehaztuko dira organo anitzeko kideek beharrezko informazioa eta dokumentazioa eskuratzeko jarraitu beharreko prozedura eta errespetatu beharreko epeak. Organoetako kideek aztertu beharreko gaiei dagozkien dokumentuak aurrerapen nahikoaz eskuratzeko aukera izan behar dute eta, edonola ere, bilera baino 24 ordu lehenago.

  5. – Guztiak jakitun egon daitezen, deialdiak argitara eman behar dira organoari dagokion egoitzan eta gainerako gune guztietan, eman ere organoetako kideei bileretarako deia egiten zaien egun berean.

  1. – Kide anitzeko ordezkariaren eginkizunak pertsonalak eta besterenezinak dira.

  2. – Organoa eratu ostean, hutsik geratzen diren lekuak kasuan kasuko zerrendetako ordezkoek bete behar dituzte. Aipatutako irizpideari jarraitu ondoren bete gabe geratzen den leku kopurua talde bateko kideen % 50 baino handiagoa edo organoko kideen % 30 baino handiagoa bada, hauteskunde partzialak egingo dira. Modu horretan hautatutakoak kide izango dira agintaldia amaitu arte.

  1. – Kide anitzeko organoetako kideek dagokien organoaren bileretara joateko eskubidea eta betebeharra dute, eta arautegi honek agintzen dizkien eginkizunak bete beharko dituzte. Bileretara joanez gero, organoetako kideek ez dituzte unibertsitateko gainerako eginkizunak bete behar, baina kasuan kasuko organoek beharrezko neurriak hartu behar dituzte betebehar horiek bete egiten direla eta zerbitzua eman egiten dela bermatzeko.

  2. – Kide anitzeko organoetako kideek euren eginkizunak betetzeko informazio esanguratsua eskatu ahalko diote, idatziz, saileko zuzendariari. Informazio hori 15 eguneko epearen barruan emango zaie.

  1. – Kide anitzeko organoak balioz eratzeko, beharrezkoa da kideen gehiengo osoa egotea lehen deialdian, edo kideen heren bat egotea, gutxienez, bigarren deialdian. Lehen eta bigarren deialdiaren arteko tartea hamabost minutukoa izango da. Edonola ere, organoetako buruek eta idazkariak beti egon behar dute edo, bestela, euren ordezkoek.

  2. – Organoa eratzeko quorumari dagokionez, ez dira kontuan hartuko 23. artikuluari jarraituz eskuordetutako botoak.

  3. – Organoak bigarren deialdian eratzeko beharrezko quoruma bozketa guztietan da beharrezkoa.

  1. – Kide anitzeko organoetako buruek antolatu behar dituzte bilerak eta, horretarako arrazoirik egonez gero, bertan behera utz ditzakete.

  2. – Eztabaidak gai-zerrendari jarraiki egin behar dira. Dena dela, beharrezkoa izanez gero, kide anitzeko organoek bileraren ordena aldatzea erabaki dezakete, organoetako buruek proposamena egin ondoren.

  3. – Beharrezkotzat joz gero, organoetako buruek gaia bozkatu aurreko eztabaidaren denbora muga dezakete, bai eta ordura arte egon daitezkeen parte hartzeen kopurua ere.

  4. – Kide anitzeko organoko buruaren iritziz egokia bada, kide ez diren pertsonak gonbida ditzake bilerara, gai-zerrendako punturen batekin zerikusia duen iritzia edo informazioa eman dezaten. Bileran gonbidatuak izan direla jaso behar da aktetan, botoa emateko eskubidea izan ez arren.

  1. – Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen artetik gehiengo soila behar izango da, Estatutuek, sailaren arautegiak edo gainerako lege-xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen duten kasuetan izan ezik. Horrenbestez, proposamen bakarra izanez gero, onartu egingo da aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira. Bi proposamen badaude, aldeko boto gehien lortzen dituena onartuko da. Bi proposamen baino gehiago daudenean, emandako botoen gehiengoa lortzen duena onartuko da edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu dituzten bi proposamenen artean, bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena.

    Berdinketa izanez gero, berriro egin behar da botazioa; orduan ere berdinketa izanez gero, organoko buruek kalitatezko botoa erabili behar dute.

  2. – Botazioek isilpekoak izan behar dute kide anitzeko organoko kideren batek hala eskatzen badu. Dena dela, botazioek beti izan behar dute isilpekoak, pertsonei buruzkoak badira.

  3. – Aurkako botoa ematen dutenek ez dute erantzukizunik izango kide anitzeko organoek hartutako erabakietan, baldin eta aurkako botoa emateko arrazoia jasota geratzen bada. Horretarako, botazioak isilpekoak badira, interesdunek botoaren arrazoia azaltzen duen testua eman behar diete organoetako idazkariei, boto-txartelarekin batera. Boto-txartelak eta testuak aktei erantsi behar zaizkie. Halaber, abstenitzen direnak erantzukizunetik salbuetsita geratuko dira.

  4. – Kide anitzeko organoko kideek boto bakar bat izan dezakete eskuordetuta. Organoetako kideek idatziz adierazi behar dute beste batzuen esku utzi dutela botoa, eta idatzi hori bileretako aktei erantsi behar zaie.

  5. – Kide anitzeko organoko kideek beren botoa eta horren azalpena agerraraz dezakete aktan; azalpena idatziz eman behar dute bozkatzean. Unibertsitateko beste organo batzuei egindako proposamenak badira, kideen boto partikularrak beti agerrarazi behar dira haiekin batera.

  1. – Idazkariak bilerako akta egin behar du. Aktak bileran bertan edo hurrengoan onartu behar dira, eta akten zirriborroak hurrengo bilerako gai-zerrendari dagozkion dokumentuekin batera banatu behar dira. Aktak onartu ostean, idazkariek sinatu eta organoetako buruek ontzat eman behar dituzte.

  2. – Aktan honako hauek jaso behar dira nahitaez: bilerara etorri direnen zerrenda eta azalpena emanez bilera amaitu aurretik alde egin dutenen berariazko aipamena; gai-zerrenda; bilera non eta zein ordutan egin den; bileran aztertutako puntuak; botazioak nola egin diren eta emaitzak; hartutako erabakien edukia eta, egoki joz gero, arrazoien azalpen laburra.

  3. – Aktetan boto partikularrak ere jaso behar dira, kasuan kasuko kide anitzeko organoetako kideek hala eskatzen badute. Kide anitzeko organoetako kideek euren parte hartzea edo proposamena aktetan hitzez hitz jasotzeko eska dezakete. Horretarako, idatziz aurkeztu behar dute testua eskaera egin eta segituan edo, bestela, organoetako buruak adierazitako epean.

  4. – Kide anitzeko organoko kideek aktetan aldaketak egiteko proposamenak egin ditzakete akta onartzeko unean. Idazkariak proposatutako aldaketak egiaztatu behar ditu eta, gehiengoak aldeko botoa ematen badu, onartu egin behar dira.

  5. – Kide anitzeko organoak aldatu baino lehen, bilera egin behar da onartzeke dauden akta guztiak onartzeko. Bilera hori egitea ezinezkoa bada, akten zirriborroak bidali behar zaizkie kide anitzeko organoetako kide zirenei, eta hamar eguneko epea eman haien edukiari buruzko erreklamazioak egiteko. Ez bada erreklamaziorik aurkezten esandako epearen barruan, aktak onartutzat eman behar dira; erreklamaziorik aurkeztuz gero, berriz, kide anitzeko organo berriak egin beharreko lehen bileran onartu behar dira.

  6. – Aktak onartu eta hiru egun balioduneko epean, gehienez ere, jendaurrean jarriko dira, pertsonen intimitatea babestuta, eta kideen eskura egongo dira saileko idazkaritzan.

  1. – Idazkariek kide anitzeko organoek hartutako erabakien fede eman behar dute eta ziurtagiriak egin behar dituzte.

  2. – Hartutako erabakiak argitara emango dira saileko iragarki-oholean eta saileko kide guztiei bidaliko zaie posta elektronikoz, gehien dela hiru egun balioduneko epean eta pertsonen intimitatea behar bezala babestuta. Edonola ere, organoko idazkariak eta buruak erabakiak argitaratu egiten direla bermatu behar dute, eta argitaratu eta hilabetez daudela jendaurrean gutxienez.

  1. – Kide anitzeko organoek hartutako erabakiek onartzen direnetik aurrera izango dute eragina, erabakietan bertan beste ezer adierazi ezean. Erabakiak publikoak dira eta kasuan kasuko organoei emango zaie horien berri, beti ere datu pertsonalak babesteari dagokionez indarrean dagoen araudia errespetatuz.

  2. – Pertsonei buruzko erabakiak, irakaslanak esleitzekoak eta lanpostuen zerrendan edo kontratuko langileen zerrendan eragina dutenak zuzenean jakinarazi behar zaizkie eragindakoei. Erabakiek jakinarazpena egiten den unetik aurrera izango dute eragina. Jakinarazpenak Administrazio Prozeduraren Legean xedatutako moduan egin behar dira.

  3. – Arautegi honetako IV. tituluko II. kapituluak aipatzen dituen kide anitzeko organoek hartzen dituzten erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, erabakia hartu zen bilera-akta argitaratu eta hilabeteko epean.

  4. – Pertsonei buruzko erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, erabakia interesdunari jakinarazi eta hilabeteko epean.

  1. – Saileko kide bakarreko organoak zuzendaria, idazkaria eta ataletako koordinatzaileak dira.

  2. – Saileko zuzendari- eta idazkari akademiko-karguetan aritzeko, arduraldi osoz aritu behar da, legedian xedatutako salbuespenetan izan ezik. Ezin da, inolaz ere, kargu batean baino gehiagotan aritu.

  1. – Sailean zuzendaririk ez badago, horren berri eman beharko dio idazkari nagusiari saileko idazkariak edo, bestela, saileko kategoria eta antzinatasunik handieneko kideak, eta saileko kontseilua premiazko bilerara deitu, xedatutako baldintzak betetzen dituztenen artetik bat izenda dezaten saileko behin-behineko zuzendari. Halakoetan, kategoria eta antzinatasunik handieneko kidea izango da bileraren buru, eta saileko zuzendari-eginkizunak beteko ditu. Artikulu honetan xedatutako eginkizunak betetzen ez badira, edo hiru hilabete baino gehiago igaro eta dena delakoagatik zuzendaririk aukeratu ez bada, errektoreak ofizioz izendatuko du behin-behineko zuzendaria, kasuan kasuko erantzukizunei kalterik egin gabe.

  2. – Zuzendariaren agintaldia lau urtekoa da, eta ondoz ondoko agintaldi bat baino gehiago egin ditzake karguan.

  3. – Estatutuetako 250. artikuluan jasotako arrazoiak direla-eta, zuzendariek zuzendari izateari utzi behar diote. Artikulu horren arabera, Unibertsitateko Klaustroari dagokion zentsura-mozioa saileko kontseiluari dagokio kasu honetan.

  4. – Zentsura-mozioa idatzi arrazoitu bidez aurkeztuko da saileko idazkaritzan, gutxienez kontseiluko kideen % 20k sinatuta, eta zuzendari izateko hautagai baten izena jaso beharko du. Zentsura-mozioa aurkeztuta eta eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatuta, zuzendariak kontseiluari dei egingo dio 72 orduko epean ezohiko bilkura egiteko. Zentsura-mozioa aurkeztu eta hamabost eguneko epean, gehienez ere, egin beharko da bilkura hori. Bilera horretan, lehenengo eta behin, zentsura-mozioa defendatuko du mozioa sinatu duen kideetako batek. Ondoren zuzendari izateko hautagaiak hartuko du parte bere proposamena aurkeztu eta azaltzeko. Zentsura-mozioa jaso duenak erantzuna emango du eta ondoren, hitza eskatu duten saileko kontseiluko kideek hartuko dute parte txandaka, behin aldekoek, behin kontrakoek.

    Zentsura-mozioa onartzeko, saileko kontseiluko kideen aldeko botoak kontrakoak baino gehiago izan behar dira. Saileko kontseiluak mozioa onartzen badu, zuzendariak dimisioa aurkeztuko du berehala. Onartu den mozioan jasotako hautagaia zuzendari hautatu dela joko da.

  1. – Errektoreak irakats-betebeharretatik salbuets dezake zuzendaria, arduraldia gehienez ere erdira murriztuta.

  2. – Agintaldia amaitzean, zuzendariak irakats-betebeharretatik neurri berean salbuetsita egoteko eskubidea du uneko lauhilekoa bukatu arte, ohiko azterketa aldia barne. Horretarako, gutxienez hiru urte edo gehiago eman behar ditu karguan.

  1. – Honako eginkizun hauek ditu saileko zuzendariak:

    1. Sailaren ordezkari izatea.

    2. Saileko kontseiluko buru izatea eta, dagokionean, saileko batzorde iraunkorreko buru ere, saileko arautegiari jarraiki.

    3. Saileko kideen eskariak eta iradokizunak jaso eta bideratzea.

    4. Saileko administrazio eta zerbitzuetako langileen funtzioak zuzentzea.

    5. Sailaren urteko memoria, eginkizunen plana eta txosten ekonomikoa egitea.

    6. Saileko kontseiluak, batzorde iraunkorrak eta, dagokionean, ataletako kontseiluak hartutako erabakiak betearaztea.

    7. Sailak eta saileko kideek irakats-betebeharrak eta gainerako eginkizun akademikoak behar bezala betetzen dituztela bermatzea.

    8. Sailean zientziaren, teknikaren, giza zientzien eta artearen alorreko ikerlanak egiteko beharrezko diren kontratuak sinatzea.

    9. Hirugarren zikloko eta doktoregoko ikasketak koordinatzea, programen arduradunekin batera.

    10. Bere zereginak betetzeko egoki diren batzordeak eratzea.

    11. Isilpeko informazioa jasotzea eta diziplina-espedientea irekitzeko proposamena egitea.

    12. Saileko beste organoei agindu ez zaizkienak, unibertsitateko gobernu-organoek eskuordetutakoak eta Estatutuek edo indarrean dagoen legediak zehaztutako gainerako guztiak.

  2. – Era berean, lankidetza-hitzarmenak ere sinatu behar dituzte, Gobernu Kontseiluaren jarraibideek xedatutako baldintzetan.

  1. – Honako hauek dira kargua uzteko arrazoiak: dimisioa aurkeztea, heriotza, lege-ezintasuna, saileko kide izateari uztea eta errektoreak hala erabakitzea, zuzendariaren proposamenari jarraiki.

  2. – Idazkariari dagokio saileko idazkaritza akademikoak berezkoak dituen eginkizunak betetzea, baita zuzendariari laguntzea ere.

  3. – Idazkariak saileko kide anitzeko gobernu-, ordezkaritza- eta administrazio-organoen jardunaren eta erabakien fede emango du; akta-liburuak egin eta zaintzeaz arduratuko da eta ziurtagiriak egingo ditu, hala erabakienak, nola saileko dokumentazio ofizialean ageri diren gertakarienak edo ekimenenak.

  1. – Ataleko koordinatzailearen agintaldia bi urtekoa izango da, eta jarraian berriro aukeratu ahal izango da. Honako hauek dira kargua uzteko arrazoiak: dimisioa aurkeztea, ataleko edo saileko kide izateari uztea eta ataleko kontseiluak zentsura-mozioa jartzea. Zentsura-mozioa idatziz aurkeztuko zaio koordinatzaileari, gutxienez ataleko kontseiluko kideen % 20k sinatuta. Zentsura-mozioa aurkeztuta, koordinatzaileak ataleko kontseiluari dei egingo dio 72 orduko epean ezohiko bilera egiteko. Zentsura-mozioa onartzeko, ataleko kideen aldeko botoak kontrakoak baino gehiago izan behar dira. Kontseiluak atalaren mozioa onartzen badu, koordinatzaileak dimisioa aurkeztuko du berehala, eta ataleko kontseilu berean beste koordinatzaile bat aukeratzeko prozesua hasiko da.

  2. – Ataleko koordinatzailea ataleko kontseiluaren ordezkari da saileko kontseiluan eta batzorde iraunkorrean, eta honako eginkizun hauek ditu:

    1. Saileko gobernu-organoei irakaskuntza- eta ikerkuntza-arloko planen eta atalen beharrizanen inguruko memorien berri ematea, baita kontseiluaren erabakien, eskarien eta iradokizunen berri ere.

    2. Bilerako gai-zerrendak osatu, ataleko kontseilua bileretara deitu eta haien buru izan, bileretako aktak zaindu eta saileko organoei erabakien berri ematea.

    3. Ataleko kontseiluaren bileren eta erabakien inguruko akta egitea, organoaren idazkari-lanetan arituz.

    4. Ataleko urteko memoriak onartzea saileko memorian txertatzeko.

    5. Saileko zuzendariari laguntzea irakaskuntza eman eta sailaren eta bertako kideen gainerako eginkizun akademikoak behar bezala betetzen, ataleko irakaskuntza eta ikerkuntza koordinatu eta, hala badagokio, beharrezko proposamenak eginez.

  3. – Sailaren egoitza ez dagoen campusetan, Ekonomia Aplikatua V Saileko ataletako koordinatzaileei dagokie sailaren ordezkari izatea ikastegiko batzarrean.

  1. – Saileko kontseiluak antolatu behar du saileko ziklo, jakintza-arlo eta ikasketa guztietako irakaskuntza, kasuan kasuko atalek egindako proposamenei jarraiki. Irakaskuntza ikastegiko zuzendaritzarekin batera antolatu behar da, irakasleen eskariak oinarri hartuta. Edonola ere, ikasleek kalitateko irakaskuntza jasotzeko eskubidea dutela izan behar da kontuan.

    Harremana bideratze aldera, sailak ordezkaria izendatu behar du irakaskuntza eman arren sail-atalik ez duten ikastegietan.

  2. – Sailak irakasgai guztiak esleituta daudela bermatu behar du, edozein dela ere hizkuntza. Euskarazko irakaskuntza guztia esleitu ostean, gaztelaniazkoa esleitu behar da. Alde horretatik, ezin da bereizketarik egin hizkuntzagatik, eta artikulu honetako hurrengo atalean aipatzen den proportzionaltasuna bermatu behar da. Beste hizkuntzetako irakasgaiak ere modu berean esleitu behar dira, beste hizkuntzarik baldin badago.

  3. – Irakaskuntza proportzionalki banatu behar da saileko irakasleen artean, alderik izan litekeen arren ikastegien eta hizkuntzaren arabera. Ikasturte berean proportzionaltasuna errespetatzerik ez dagoenean, ikasturte anitzeko epean ahalegindu behar da printzipio hori errespetatzen.

  4. – Edonola ere, irakasle guztiek irakasteko duten eskubidea bermatu behar da.

  1. – Irakasleen arduraldia urteka neurtu behar da.

  2. – Ikasturte osorako kontratuetan bakarrik bana daitezke modu ez orekatuan eskolak; dena dela, irakaskuntza- edo ikerkuntza-arloko arrazoiak egon behar dira horretarako. Nolanahi ere, irakaskuntza salbuespenezko egoeretan ere emango dela bermatu behar da; hau da, ikasleak ezin dira eskolarik gabe utzi. Irakaslan osoa lauhileko bakar batean pilatuta duten irakasleen kasuan, sailak hartu beharko du bere gain gehiegizko zama baldin eta irakasleak bat-batean ordezkoa behar baldin badu. Izan ere, kasuan kasuko lauhilekoari dagokion irakaslana baino ezin izango du hartu bere gain ordezkoak.

  3. – Saileko kontseiluak lan-baldintzen alorrean indarrean dauden erabakiak hartu behar ditu kontuan, batik bat irakasle kategoria jakin batean asteko eskola-orduak murrizteko egon daitekeen eskubidea, lana eta familia bateratzeari buruzkoak edo dena delako egoera bereziei buruzkoak.

  1. – Sailak kasuan kasuko jakintza-arloekin lotutako gaietako irakats-betebeharrak egokitu behar dizkie irakasleei. Hala ere, salbuespenezko egoeretan, sailak antzeko jakintza-arloetako gaiak eslei diezazkieke irakasleei, irakaskuntza eman egiten dela bermatzearren.

  2. – Salbuespenak gorabehera, irakasleek atxikipenaren arabera hala dagokien ikastegian emango dituzte eskolak. Hala ere, zerbitzuaren premiak eta ikasleen interesak direla-eta, irakasleari beste ikastegi bateko eskolak eslei diezazkioke, baina erabaki hori arrazoitu egin beharko da. Premiazko egoeratan, zuzendariak berak banatuko ditu eskolak. Erabaki hori zuzenean ezarriko da, baina saileko kontseiluak berretsi beharko du.

  3. – Arduraldi partzialean ari diren eta aldi berean beste jarduera batean aritzeko baimena duten irakasleen kasuan, saileko kontseiluak bateragarritasun-baimenean adierazitako ordutegia errespetatu behar du, irakasleak bestelakorik berariaz onartu ezean. Horrek ez du esan nahi irakasle horiek eskolak ordutegi jakin batean emateko eskubidea dutenik, edo UPV/EHUk unibertsitateaz kanpoko lanpostuan izan ditzakeen aldaketak besterik gabe onartu behar dituenik.

  1. – Irakasleek beren lehentasunak adierazi aurretik, sailak eskolak esleitzeko irizpide osagarri eta orokorrak erabaki ditzake, arrazoitu egiten baditu eta titulu honetan xedatutakoa errespetatzen badu, betiere.

  2. – Eskolak esleitzeko azken erabakiak irakasgai guztiak hartu behar ditu kontuan eta, ahal dela, alderdi guztiek eman behar dute ontzat hein batean. Era berean, UPV/EHUn kide bakarreko karguak dituzten saileko irakasleak ere hartu behar dira kontuan.

  3. – Erabakirik ez badago eta irakasle batek baino gehiagok eskatu baditu eskola berak, lehentasunezko hurrenkera honen arabera banatuko dira irakasgaiak:

    1. Karrerako irakasle funtzionarioek eta kontratuko irakasle iraunkorrek lehentasuna dute bitarteko eta aldi baterako irakasleen aldean.

    2. Kategoria akademikorik handieneko irakasleek lehentasuna dute, honako ordena honetan:

      • Unibertsitateko katedradunek eta irakasle osoek.

      • Unibertsitateko irakasle titularrek, unibertsitate-eskoletako katedradunek eta irakasle agregatuek.

      • Unibertsitate eskoletako irakasle titularrek, irakasle lankideek eta irakasle elkartuek.

      • Irakasle atxikiek.

      • Laguntzaileek.

    3. Irakasle doktoreek.

    4. Kidegoko antzinatasun edo kontratu kategoriarik handieneko irakasleak. Antzinatasuna neurtzeko, arduraldi partzialeko zerbitzuak 0,5eko koefizienteaz haztatu behar dira.

  4. – Aurreko irizpideen bitartez lehentasuna ezartzerik ez badago, zozketa egin behar da.

  5. – Irakasgai bat baino gehiago direnean adostasunik gabekoak, irakasleek adierazitako prozedurari jarraiki aukeratuko dute lehenengo irakasgaia, eta, ondoren, txanda pasatuko dute eta lehentasun-hurrenkerako azkenak izango dira.

  6. – Inongo irakaslek eskatzen ez dituen irakasgaiak eta taldeak esleitzeko, artikulu honetako 3. ataleko irizpideak alderantzizko ordenan aplikatu behar dira. Guztiak egoera berean daudelako aurreko irizpideen bitartez irakasleen artean lehentasunak finkatzerik ez badago, zozketa egin behar da.

  1. – Saileko kontseiluak eskolak eta urteko irakats-betebeharrak esleitzeko irizpideei buruz hartzen dituen erabakiak berehala argitaratu behar dira. Saileko idazkaritzan jasota egon behar da zein egunetan argitaratu diren erabakiak saileko iragarki-oholetan, eta, hain zuzen ere, egun horretatik aurrera hasiko da kontatzen errekurtsoak jartzeko epea, baldin eta errekurtsorik jartzeko aukerarik badago. Sailak erabakien edukiaren eta erabaki horiek eskuratzeko moduaren berri eman behar die irakasleei.

  2. – Irakasle bakoitzaren irakats-betebeharrak interesdunei jakinarazi behar zaizkie, eta jasota egon behar da sailak jakinarazpena egin duela edo interesdunak jakinarazpena jasotzeari uko egin diola.

  3. – Saileko kontseiluak eskolak esleitzearen inguruan erabakitakoaren kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, erabakia argitaratu eta hilabeteko epean.

  1. – Sailak ikasleen interesak eta beharrizanak hartu behar ditu kontuan ikasleentzako tutoretza-orduak finkatzerakoan. Halaber, sailak ahalegindu egin behar du ikasleek zerbitzu hau behar bezala erabil dezaten eta, horretarako, astean gutxienez bi egun finkatu behar ditu goizeko eta arratsaldeko ordutegian.

  2. – Irakasle jakin bati kontratatutako irakaskuntza osoa esleitu ez arren, tutoretza-ordu guztiak bete behar ditu. Ordu horiek ezin dira pilatu, eta ikasturte osoan barrena bete behar dira.

Ezintasunen bat duten ikasleen egoera dela-eta, sailak behar adina egokitu behar du metodologia, eta ikasle horien beharrizanen araberako tutoretza-orduak finkatu behar ditu.

  1. Saileko irakasleen eta ikertzaile-taldeen ikerkuntza-lana bideratu eta sustatzea.

  2. Ikertzaile berrien trebakuntza sustatzea.

  3. Ziklo guztietako ikasleak ikerketa-arloekin harremanetan jartzea.

  4. Doktorego-tesiak eta ikerketak zuzen daitezen eta haien jarraipena egin dadin bultzatzea, eginkizun horiek irakasleen gutxieneko betebeharren artean sartuz.

  5. Zientzia-arloko harremanak izatea beste sail, unibertsitate eta ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-zentroekin eta haiekin batera askotariko jakintza-arloetako proiektuak egin daitezen bultzatzea.

  6. Unibertsitateko ikerkuntzaren eta testuinguru sozio- ekonomikoaren arteko lotura sustatzea. Horretarako, irakasleek eta ikertzaileek ikerkuntza- eta aholkularitza-kontratuak eta hitzarmenak sinatu behar dituzte.

  7. Gizarteak unibertsitateko ikerketaren emaitzen berri izan dezan bideratzea.

  1. – Estatutuetako 147. artikuluan xedatutakoarekin bat, saileko kontseiluak urtean egindako ikerlanei eta horien emaitzei buruzko memoriak onartu behar ditu urtero. Memoria horiek Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeak onartutako eredu orokorraren arabera egin behar ditu eta, jarraian, hari aurkeztu behar dizkio, baliabideak esleitze aldera.

  2. – Unibertsitateko irakasleek eta ikertzaileek lankidetza-hitzarmenen edo kontratuen ondorioz unibertsitatekoak ez diren ikastegietan egindako ikerlanak unibertsitateko ikerkuntzatzat hartu behar dira ondorio guztietarako, eta sailak urteko memorian jaso behar ditu.

Helburuak bete eta berezko dituen ekimenak gauzatzeko, sailak behar beste langile izan behar ditu, baita kontu-sail berezituak ere UPV/EHUko aurrekontu orokorrean. Gainera, autonomia izan behar du kontu-sail horiek kudeatzeko.

  1. – Saileko aurrekontu orokorrak kontseiluak finkatzen duen moduan banatu eta kudeatu behar dira.

  2. – Saileko aurrekontuko diru-sarrerak honakoak izango dira, UPV/EHUk berak esleitutakoez gain:

    1. Sailak antolatu eta gauzatzen dituen irakaskuntza- eta ikerketa-jarduerek emandako etekin garbiak eta jarduera horietatik sortutako produktuak ustiatzetik datozenak.

    2. Zientziaren, teknikaren eta artearen alorreko lanak egiteko edo espezializazio-ikasketak emateko nahiz prestakuntzarako jarduera bereziak egiteko kontratuetatik sortutako diru-sarreretatik dagokien zatia.

    3. Helburu jakin batzuetarako jasotzen dituzten dirulaguntzak, kasuan-kasuan zehaztuta dauden baldintzetan.

    4. Modu agerian eta beren-beregi egiten dizkioten dohaintzak eta legatuak, eman zaizkion baldintza berberetan.

  3. – Sailak UPV/EHUren aurrekontu orokorrean agertzen ez diren bestelako baliabideak baditu, zuzendariek horren berri eman beharko dio gerenteari; ondoren, baliabide horiek sailaren aurrekontuetan txertatu eta gastatzeko proiektuak aurkeztu behar dizkio saileko kontseiluari, ontzat eman ditzan.

  1. – Saileko jardun ekonomikoek UPV/EHUko sarreren eta gastuen aurrekontuak xedatutakoarekin bat etorri behar dute, UPV/EHUko aurrekontuak betetzeko arauetan xedatutakoari jarraiki.

  2. – Sailean sail atalak daudenez, bertako aurrekontuak atal bakoitzari dagozkion kontu-sailak bereizi behar ditu. Guztiok erabili beharreko kontu-sailak izan ezik, ataletako diru-zuzkidura horiek proportzionalki banatu behar dira, kasuan kasuko kontu-sailak unibertsitateko aurrekontu orokorrekin bat zuzentzen dituzten irizpideei jarraiki.

  1. – Ikertzaile-taldeek eta sailek eskatzen badute, PV/EHUk ikerlariak kontratatu eta onar ditzake aldi baterako. Langile horiek ikerketa-programen arabera eta ikerketarako berariazko fondoen eta kanpoko finantziazioaren kontura kontratatu behar ditu.

  2. – Edonola ere, saileko fondoen kontura aldi baterako kontratatuko diren langileak Errektoretzaren bidez kontratatuko dira, UPV/EHUn halako kontratazioetarako xedatutako baldintzekin eta prozedurekin bat.

  1. – Sailaren arautegia aldatzeko ekimena zuzendariari edo kontseiluko kideen % 20ri dagokio. Aldaketarik eskatuz gero, ordezko testua edo testu gehigarria aurkeztu behar da eta proposamena nortzuek egin duten adierazi. Atal honetan xedatutako azken kasuan, saileko zuzendariak kontseiluaren bilerara deitu behar du hilabeteko epean, aldaketa horri buruzko iritzia eman dezan.

  2. – Arautegiaren aldaketa kontseiluak horretarako beren-beregi egingo duen ezohiko bilera batean onartu beharko da, eta emandako boto baliodunen gehiengo osoa lortu beharko du. Horren ondoren, eta legaltasun-kontrola behin eginda, Gobernu Kontseilura eramango da ontzat eman dezan.

Arautegi honetan jasotakoa Sailen Oinarrizko Arautegiarekin eta aplika daitezkeen gainontzeko arauekin bat ezarriko da. Arautegi honetan jaso ez denari dagokionez, UPV/EHUko Sailen Oinarrizko Arautegiari, UPV/EHUren Estatutuei eta berauek garatu, aldatu edo baliogabetzen dituzten arauei jarraituko zaie.