Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2007ko urriaren 15ekoa, Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena. Honen bidez agindua ematen da Landareen Biologia eta Ekologia Sailaren Arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 223
  • Hurrenkera-zk.: 6330
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2007/10/15
  • Argitaratze-data: 2007/11/20

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Unibertsitateak bere araubide propioa dauka erakundea antolatzeko, bere interesen defentsan aritzeko balio diona, Konstituzioak 27.10. artikuluan onartzen duen unibertsitateen autonomiatik eratorria. Araubide horri atxikita dago bere arauak egiteko erakundeak daukan ahalmena. Ahalmen horrez baliatuta, Unibertsitateak bere Estatutuak dauzka, erakundearen antolaketaren ezaugarri berezi diren arlo eta organoak erregulatzen dituzten oinarrizko arauak, alegia.

Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuetako 199. artikuluak dioenez, sailek arautegi bat izango dute euren gobernurako. Arautegia Saileko Kontseiluak egingo du, Gobernu Kontseiluak emandako oinarrizko arautegiari jarriki. Bestalde, Sailen Oinarrizko Arautegiko 4.2. artikuluak idazkari nagusiari eskuordetzen dio arautegiak onesteko eskumena, baldin eta, txosten guztiak aldekoak izanik, berariazko eskaririk egin ez bada Jaurlaritzaren Kontseiluan aurkezteko.

Jaurlaritzaren Kontseiluak irailaren 26an egin zuen bileran jakinarazi zen Landareen Biologia eta Ekologia Sailaren arautegiari buruzko txosten guztiak aldekoak zirela eta, beraz, interesatuek zazpi eguneko epea zutela arautegia Jaurlaritzaren Kontseilura bidaltzea eskatu nahi bazuten. Aipatutako epea igaro denez eskaerarik aurkezteke, arautegia onartutzat eman behar da, idazkari nagusiaren ebazpen bidez (Sailen Oinarrizko Arautegiko 4.2. artikuluak eskuordetutako eskumena).

2004ko martxoaren 12an Euskal Unibertsitate Sistemaren 2004ko otsailaren 25eko 3/2004 Legea argitaratu zen. Lege horrek 10.2. artikuluan dioenez, unibertsitateko gobernu organoek ematen dituzten aplikazio orokorreko xedapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko ditu unibertsitateak, eta ez dira jarriko indarrean beren testu osoak argitaratu arte.

Aipatutako guztia kontuan hartuta, honako hau

  1. – UPV/EHUko irakaskuntza-programazioari eta ikastegien antolakuntzari jarraiki, Landareen Biologia eta Ekologia Saila Botanika, Ekologia, Landareen Fisiologia eta Landare Ekoizpena jakintza-arloetako irakaskuntza koordinatu eta emateaz arduratzen da, UPV/EHUko irakaskuntza-programazioarekin eta inplikatutako ikastegien antolakuntzarekin bat etorriz; era berean, irakasleen irakaskuntzaren eta ikerketaren alorreko eginkizunak eta ekimenak laguntzeaz arduratzen da. Bere funtzionamenduak eta erabakiek UPV/EHUko Estatutuetako, Sailen Oinarrizko Arautegiko eta aplikatu beharreko gainerako arauetako xedapenak errespetatu behar dituzte.

  2. – Landareen Biologia eta Ekologia Saila UPV/EHUko berezko saila da.

Honako hauek dira sailaren eginkizunak:

  1. Bere eskumeneko jakintza-arloetako irakaskuntza koordinatu eta ematea, eta hirugarren zikloko, doktoregoko eta berezko tituluak edo titulu espezializatuak lortzeko ikasketak antolatu eta garatzea.

  2. Bere eskumeneko jakintza-arloetako ikerkuntza sustatu eta laguntzea.

  3. Lankidetzan jardutea UPV/EHUko eta beste erakunde publiko edo pribatu batzuetako sailekin, ikastegiekin eta unibertsitateko ikerketa-institutuekin, bai irakaskuntzaren arloan bai ikerketan.

  4. Zientziaren eta teknikaren, giza zientzien edo artearen alorreko eginkizunak sustatzea, bai eta espezializazioko edo unibertsitate-hedakuntzako ikastaroak ere, eta horretarako behar diren lanak kontratatu eta burutzea, indarrean dagoen legediaren esparruan betiere.

  5. Kideen eguneratze zientifikoa eta pedagogikoa sustatzea zuzenean edo beste sail eta ikastegi batzuekin batera.

  6. Bere aurrekontua gestionatzea, baliabideak administratzea eta saileko nahiz sailera atxikitako langileak gidatzea.

  7. Sailaren urteko plana garatu eta betetzea.

  8. Urteko memoria egitea.

  9. UPV/EHUko gainerako organoei eginkizunak betetzen laguntzea.

  10. Saileko jakintza-arloen ikasketa-planak egiten parte hartzea, baita saileko jakintza-arloekin zerikusia duten gainerako eginkizun guztietan ere, beren eskumenen esparruan betiere.

Sailaren egoitza UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean dago (Bizkaiko campusa, Sarriena auzoa, z/g, Leioa).

  1. – Saila arautegi honen arabera arautuko da, UPV/EHUko Sailen Oinarrizko Arautegian xedatutakoa errespetatuz.

  2. – Sailak printzipio hauetara egokitu behar ditu egitura eta funtzionamendua:

    1. Unibertsitateko kide anitzeko eta kide bakarreko organo orokorren azpiko mendekotasunera.

    2. Sailaren barruan, kide anitzeko organoek kide bakarrekoen aldean duten nagusitasunera.

    3. Sail-atalen antolakuntza-autonomiaren eta autonomia funtzionalaren errespetura, haien eta osatzen dituzten kideen arteko orekari eta elkarlanari kalterik egin gabe.

Landareen Biologia eta Ekologia Sailaren jakintza-arloak honakoak dira: Botanika, Ekologia, Landareen Fisiologia eta Landare Ekoizpena.

  1. – Honako hauek dira saileko kideak: sailari atxikitako irakasleak, ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak edo sailak bere baliabideen kontura kontratatutakoak, baita prestatze-bidean dauden ikertzaileak, hirugarren zikloko ikasleak eta lehen eta bigarren zikloetako ikasleen ordezkariak ere.

  2. – Artikulu honi dagokionez, prestatze-bidean dauden ikertzaileei buruzko aipamenak ez ditu barne hartzen UPV/EHUren Estatutuetako 115.3. artikuluan aipatutako bekadun lankideak.

  1. – Landareen Biologia eta Ekologia Sailaren gobernua bere kontseiluari eta zuzendariari dagokie.

  2. – Saileko kontseilua eta batzorde iraunkorra dira saileko kide anitzeko gobernu-, ordezkaritza- eta administrazio-organoak.

  3. – Zuzendaritza eta idazkaritza akademikoa dira saileko kide bakarreko gobernu-, ordezkaritza- eta administrazio-organoak.

  1. – Honako hauek dira saileko kontseiluko kideak: zuzendaria, idazkaria, saileko irakasle funtzionario eta lan-kontratuko irakasle iraunkor guztiak, irakasle eta ikertzaile doktore ez iraunkor guztiak, sailera atxikitako doktore guztiak, sailera atxikitako gainerako irakasleen ordezkari bat, hirugarren zikloko ikasleen ordezkari bat, bigarren zikloko ikasleen ordezkari bat, lehenengo zikloko ikasleen ordezkari bat eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

  2. – Irakasleen, ikertzaileen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkarien agintaldia lau urtekoa da. Ikasleen ordezkarien agintaldia urtebetekoa da.

  3. – Sailera atxikitako gainerako irakasleen ordezkariak irakasleek eurek aukeratu behar dituzte euren artean.

  4. – Lehenengo eta bigarren zikloko ikasleen ordezkarien agintaldia urtebetekoa da, eta saileko irakasleek eskolak ematen dituzten ikastegietako ikasle-kontseiluen bitartez aukeratu behar dira, Ikastegietako Ikasle Kontseiluen Oinarrizko Arautegiak xedatutako prozedurari jarraiki.

  5. – Hirugarren zikloko ikasleen ordezkaria saileko zuzendaritzak deituta urtero, azaroaren 15etik abenduaren 15era bitartean, egingo den bileran aukeratu behar da. Bilerara honakoak deituko dira: Saileko Graduondoko Berezko Tituluetan eta Doktorego-programetan eta Tesietan matrikulatutako ikasle guztiak eta sailera atxikita eta prestatze-bidean dauden ikertzaileak. Aipatutako bilera UPV/EHUko Hauteskunde Arautegi Orokorreko 16.5 puntuaren aldaketari jarraiki egingo da (Gobernu Kontseiluak 2005eko irailaren 29an egindako bileran onartutako aldaketa, hain zuzen). Horretarako, saileko zuzendaritzak bilera horretara deitu beharreko ikasleen errolda eskatu beharko dio kasuan kasuko zerbitzuari.

Ordezkari-eginkizunak pertsonalak eta besterenezinak dira. Honako hauek dira ordezkari izateari uzteko arrazoiak:

  1. Hiltzea edo ezintasunen bat izatea.

  2. Hauteskundeak baliogabetzea.

  3. Agintaldia amaitzea.

  4. Dimisioa aurkeztea.

  5. Ordezkaria aukeratu zuen sailekoa edo taldekoa izateari uztea.

  6. Organoen elkarren segidako hiru bileratara edo txandakako bost bileratara justifikatu gabe huts egitea.

  1. – Honako hauek dira saileko kontseiluaren eginkizunak:

    1. Saileko zuzendaria hautatzea arautegiak xedatutakoari jarraiki.

    2. Urteko txosten ekonomikoa, saileko irakaskuntzaren eta ikerketaren memoria, eta eginkizunen plana onartzea.

    3. Urteko irakaskuntza-eskaintza programatu eta ebaluatzeko irizpideak onartzea.

    4. Saileko langileei irakaskuntza-betebeharrak eta balizko aldaketak esleitu, arautegi honetako 28. artikuluari eta hurrengoei jarraiki.

    5. Irakasgaien oinarrizko programak ezartzea, kasuan kasuko ikasketa-planaren barruan.

    6. Hirugarren zikloko, doktoregoko eta gainerako ikasketetako (unibertsitateko berezko tituluetara bideratutako ikasketak izan edo ez) eskaintzak proposatzea, kasuan kasuko proposamenak eginez eta bere gain dituen programen ezarpen eta koordinazio akademikoaz arduratuz. Edonola ere, doktoregoko programetako irakaskuntza-zama kasuan kasuko sailei entzun ondoren esleitu behar da.

    7. Doktorego-tesiak ebaluatu behar dituzten pertsonak izendatzeko proposamenak onartzea legeak baimentzen dituen baldintzetan, bai eta bestelako epaimahaietako kideen izendapenak onartzea ere.

    8. Irakasleei eta ikertzaileei ikerketa-eginkizun eta -ekimenetan laguntzea.

    9. Plaza berriak eskatu eta saileko langileen lanpostu-zerrendan egin beharreko aldaketak proposatzea.

    10. Irakasleen irakaslanari buruzko txosten arrazoituak egitea, irakaskuntza-merezimenduak eskuratzeari eta kontratuak berritzeari begira.

    11. Zientziaren, teknikaren eta artearen alorreko lanak egiteko Estatutuetako 141. artikuluan xedatutako kontratuak egiteko baimenak ematea, betiere, sailaren eskumenen esparruan eta Gobernu Kontseiluak onartutako araudiari jarraiki.

    12. Venia docendi eman behar bada, aurrez jakinaraztea.

    1. Beharrezko bitartekoak sortu eta ekimenak egitea, saileko jardunaren kalitatea sustatu eta hobetzeko, baita gestio eraginkorra bermatzeko ere Europako, Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko programen baitan. Horretarako, unibertsitatean ezarritako ebaluazio-prozesuak sustatu eta horietan parte hartu behar dute.

  2. – Orobat, honako eginkizun hauek ditu saileko kontseiluak:

    1. Gobernu Kontseiluari arautegiaren proiektuak eta, dagokionean, arautegiaren erreforma-proiektuak aurkeztea.

    2. Irakaskuntzaren ezaugarriak kontuan hartuta egoki denean, irakaskuntzaren zati bat beste erakunde batzuetan emateko proposamena egitea Gobernu Kontseiluari, Gobernu Kontseiluak berak baimendutako hitzarmeneko baldintzei jarraituz.

    3. Jarduerak ikastegiekin koordinatzeko programak onartzea.

    4. Dagokionean, sailaren gune fisikoak esleitzeko irizpideak onartzea.

    5. Arautegi honetan jasotako eskumenen esparruan, ordezkariak hautatzeko arauak ematea. Saileko zuzendaritzak deitu behar du hauteskundeetara, Hauteskunde Arautegi Orokorrean xedatutakoari jarraiki.

    6. Indarrean dagoen legediak, UPV/EHUko Estatutuek eta horiek garatuko dituzten arauek zehaztutako gainerako guztiak, baita eskuordetzen zaizkionak ere.

  1. – Kontseiluko batzorde iraunkorra honakoek osatzen dute: zuzendaria, idazkaria eta bederatzi irakasle.

  2. – Gainera, prestatze-bidean dauden ikertzaileen eta ikasleen ordezkari batek eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari batek hartu behar dute parte batzorde iraunkorrean, biak kontseiluko kideen artean hautatuak.

  3. – Batzorde iraunkorreko ordezkariak Hauteskunde Arautegi Orokorrean xedatutakoari jarraiki aukeratu behar dira.

  4. – 9. artikuluan araututako arrazoiren bat badago, batzorde iraunkorreko ordezkariek ordezkari izateari utzi behar diote.

  1. – Batzorde iraunkorrak saileko kontseiluak eskuordetzen dizkion eginkizun guztiak beteko ditu. Ezin izango dira inola ere eskuordetu hurrengo eginkizunak: Estatutuetako 286.1. artikuluko a), b) eta c) letretan jasotakoak, saileko arautegiaren onarpena eta Estatutuek edo unibertsitatearen araudi orokorrak kontseiluaren eskumen esklusibo eta eskuordetu ezintzat jotakoak.

  2. – Estatutuetako 286.1. artikuluko d) eta i) letretan aipatutako eginkizunak betetzeko agintzen bazaio batzorde iraunkorrari, erabakiak bete egin behar dira, saileko kontseiluak berretsi edo aldarazi bitartean.

  3. – Saileko arautegiak ez badizkio batzorde iraunkorrari eskuordetzen Estatutuetako 286.1. artikuluko d) eta i) letretan aipatutako eginkizunak, Sailen Oinarrizko Arautegiko 50.3. artikuluak arautegia aldatzeko xedatutako quorum eta botazio sistema berari jarraitu behar zaio eginkizun horiek unean-unean eskuordetzeko. Horretarako, ez da beharrezkoa kontseiluak ezohiko bilera egiterik.

  4. – Saileko kontseiluko kideek batzorde iraunkorrak hartutako erabakien berri izan behar dute unean-unean.

  1. – Bilerak ohikoak eta ezohikoak izan daitezke.

  2. – Deialdiak ohiko bileretarako egin behar dira oro har. Saileko kontseiluak urtean ohiko bi bilera egingo ditu eta batzorde iraunkorrak, berriz, gutxienez bi bilera seihileko bakoitzean.

  3. – Ezohiko bilerarako deia egingo dute aztertu beharreko gaiak direla-eta beharrezkoa denean edo aplikatu beharreko araudiak xedatutako kasuetan. Ezohiko bileretako gai-zerrendan ezin dira honako gai hauek agertu: aurreko akten onarpena eta galde-eskeak.

  4. – Presazko bilerak ezohikoak dira eta deia 24 ordu lehenago egin behar da gutxienez. Halakoetan, bileraren hasieran berretsi egin behar da bilera egiteko arrazoia benetan premiazkoa dela. Berresten ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.

  1. – Kide anitzeko organoetako buruek egin behar dute kasuan kasuko organoaren bilerarako deia.

    Gainera, kide anitzeko organoko kideen edo saileko irakasle doktoreen heren batek eskatzen badu, organoaren bilerarako deia egin behar da. Bilera horiek ezohikoak dira eta eskaera egin eta zazpi egun balioduneko epean egin behar dira gehienez.

  2. – Bilerarako deiak organoetako idazkariek bideratu behar dituzte, aurrerapen nahikoaz eta, edonola ere, bilera baino hiru egun lehenago gutxienez. Bilera non egingo den, zein ordutan eta bertan zein gai aztertuko diren adierazi behar da deialdietan. Organoetako kideek aztertu beharreko gaiei dagozkien dokumentuak aurrerapen nahikoaz eskuratzeko aukera izan behar dute eta, edonola ere, bilera baino 24 ordu lehenago.

  3. – Gai-zerrenda osatzen duten puntuak zehatz-mehatz jaso behar dira deialdietan. Puntu horien artean agertu beharko dira organoko kideen % 10ek, gutxienez, 72 ordu lehenago, Idazkaritzan idatziz, eskatutakoak Ezin da hartu gai-zerrendan agertzen ez diren puntuei buruzko erabakirik; hala ere, organoko kideen bi heren baino gehiago badaude bileran, eta bozkatu eta gehiengo osoak gaia premiazkoa dela uste badu, erabakia har daiteke.

  4. – Guztiak jakitun egon daitezen, deialdiak argitara eman behar dira organoari dagokion egoitzan eta gainerako gune guztietan, eman ere organoko kideei bilerarako deia egiten zaien egun berean.

  1. – Kide anitzeko ordezkariaren eginkizunak pertsonalak eta besterenezinak dira.

  2. – Organoa eratu ostean, hutsik geratzen diren lekuak kasuan kasuko zerrendetako ordezkoek bete behar dituzte. Aipatutako irizpideari jarraitu ondoren bete gabe geratzen den leku kopurua talde bateko kideen % 50 baino handiagoa edo organoko kideen % 30 baino handiagoa bada, hauteskunde partzialak egingo dira. Modu horretan hautatutakoak kide izango dira agintaldia amaitu arte.

  1. – Kide anitzeko organoetako kideek dagokien organoaren bileretara joateko eskubidea eta betebeharra dute, eta UPV/EHUko oinarrizko arautegiak agintzen dizkien eginkizunak bete beharko dituzte. Bileretara joanez gero, organoetako kideek ez dituzte unibertsitateko gainerako eginkizunak bete behar, baina kasuan kasuko organoek beharrezko neurriak hartu behar dituzte betebehar horiek bete egiten direla eta zerbitzua eman egiten dela bermatzeko.

  2. – Kide anitzeko organoetako kideek eskubidea dute euren eginkizunak aurrera eramateko beharrezkoak izan daitezkeen dokumentazioa eta informazioa eskatu eta eskuratzeko. Kide anitzeko organoko idazkariak bi laneguneko epean, gehienez ere, eskaini beharko du kide anitzeko organoko edozein kidek idatziz eskatutako informazioa.

  1. – Kide anitzeko organoak balioz eratzeko, beharrezkoa da kideen gehiengo osoa egotea lehen deialdian, edo kideen heren bat egotea, gutxienez, bigarren deialdian. Lehen eta bigarren deialdiaren artean egon beharreko tartea hamabost minutukoa izango da. Edonola ere, organoetako burua eta idazkaria beti egon beharko dira edo, bestela, euren ordezkoak.

  2. – Organoak eratzeko quorumari dagokionez, ez dira kontuan hartuko 19. artikuluari jarraituz eskuordetutako botoak.

  3. – Organoak bigarren deialdian eratzeko beharrezko quoruma bozketa guztietan da beharrezkoa.

  1. – Kide anitzeko organoetako buruek bermatu egin behar dute bilera behar bezala betetzen ari dela eta, arrazoirik egonez gero, bertan behera uzteko erabakia har dezakete.

  2. – Eztabaidak gai-zerrendari jarraiki egin behar dira. Dena dela, beharrezkoa izanez gero, kide anitzeko organoek bileraren ordena aldatzea erabaki dezakete, organoetako buruek proposamena egin ondoren.

  3. – Beharrezko jotzen badute, organoetako buruek gaia bozkatu aurreko eztabaidaren denbora muga dezakete, bai eta ordura arte egon daitezkeen parte hartzeen kopurua ere.

  4. – Kide anitzeko organoko buruaren iritziz egokia bada, kide ez diren pertsonak gonbida ditzake bilerara, gai-zerrendako punturen batekin zerikusia duen iritzia edo informazioa eman dezaten. Bileran gonbidatuak izan direla jaso behar da aktetan, botoa emateko eskubidea izan ez arren.

  1. – Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen artetik gehiengo soila behar izango da, Estatutuek, sailaren arautegiak edo gainerako lege-xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen duten kasuetan izan ezik. Horrenbestez, proposamen bakarra izanez gero, onartu egingo da aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira. Bi proposamen badaude, aldeko boto gehien lortzen dituena onartuko da. Bi proposamen baino gehiago daudenean, emandako botoen gehiengoa lortzen duena onartu behar da edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu dituzten bi proposamenen artean, bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena.

    Berdinketa izanez gero, berriro egin behar da botazioa; orduan ere berdinketa izanez gero, organoko buruak kalitatezko botoa erabili behar du.

  2. – Botazioek isilpekoak izan behar dute kide anitzeko organoko kideren batek hala eskatzen badu. Dena dela, botazioek beti izan behar dute isilpekoak, pertsonei buruzkoak badira.

  3. – Aurkako botoa ematen dutenak kide anitzeko organoko erabaki horietatik erator litekeen erantzukizunetik salbuetsita geratuko dira, baldin eta boto hori emateko arrazoiak azaldu badituzte. Botazioak isilpekoak direnean, interesdunek botoaren arrazoia azaltzen duen testua eman behar diote organoko idazkariari botazioan bertan, boto-txartelarekin batera. Boto-txartelak eta testuak aktei erantsi behar zaizkie. Halaber, abstenitzen direnak erantzukizunetik salbuetsita geratuko dira.

  4. – Kide anitzeko organoko kideek beren botoa eta horren azalpena agerraraz dezakete aktan; azalpena idatziz eman behar dute bozkatzean. Unibertsitateko beste organo batzuei egindako proposamenak badira, kideen boto partikularrak beti agerrarazi behar dira haiekin batera.

  1. – Idazkariak bilerako akta egin behar du. Aktak bileran bertan edo hurrengoan onartu behar dira, eta akten zirriborroak hurrengo bilerako gai zerrendari dagozkion dokumentuekin batera banatu behar dira. Aktak onartu ostean, idazkariek sinatu eta organoetako buruek ontzat eman behar dituzte.

  2. – Aktetan honako hauek jaso behar dira nahitaez: bilerara etorri direnen zerrenda eta azalpena emanez bilera amaitu aurretik alde egin dutenen berariazko aipamena; gai-zerrenda; bilera non eta zein ordutan egin den; bileran aztertutako puntuak; botazioak nola egin diren eta emaitzak; hartutako erabakien edukia eta, egoki joz gero, arrazoien azalpen laburra.

  3. – Aktetan boto partikularrak ere jaso behar dira, kasuan kasuko kide anitzeko organoetako kideek hala eskatzen badute. Kide anitzeko organoetako kideek euren parte hartzea edo proposamena aktetan hitzez hitz jasotzeko eska dezakete. Horretarako, idatziz aurkeztu behar dute testua eskaera egin eta segituan edo, bestela, organoko buruak adierazitako epean.

  4. – Kide anitzeko organoko kideek aktetan aldaketak egiteko proposamenak egin ditzakete akta onartzeko unean. Idazkariak proposatutako aldaketak egiaztatu behar ditu eta, gehiengoak aldeko botoa ematen badu, onartu egin behar dira.

  5. – Kide anitzeko organoak aldatu baino lehen, bilera egin behar da onartzeke dauden akta guztiak onartzeko. Bilera hori egitea ezinezkoa bada, akten zirriborroak bidali behar zaizkie kide anitzeko organoetako kide zirenei, eta hamar eguneko epea eman haien edukiari buruzko erreklamazioak egiteko. Ez bada erreklamaziorik aurkezten esandako epearen barruan, aktak onartutzat eman behar dira; erreklamaziorik aurkeztuz gero, berriz, kide anitzeko organo berriak egin beharreko lehen bileran onartu behar dira.

  6. – Aktak onartu ostean, saileko kide guztiei bidaliko zaizkie posta elektronikoz eta saileko iragarki-oholean argitaratuko dira, pertsonen intimitatea behar bezala babestuta Posta elektronikoa erabiltzerakoan, aintzat hartu beharko da Administrazio Publikoen Erregimen Juridiko eta Administrazio-prozedura Bateratuari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 45. artikuluak xedaturikoa. Jatorrizkoak bi laneguneko epean, gehienez ere, saileko kideen eskura egongo dira saileko idazkaritzan.

  1. – Idazkariek kide anitzeko organoek hartutako erabakien fede eman behar dute eta ziurtagiriak egin behar dituzte.

  2. – Hartutako erabakiak posta elektronikoz helaraziko zaizkie saileko kide guztiei. Halaber, sailaren iragarki-oholean argitaratuko dira, hiru laneguneko epean, pertsonen intimitatea behar bezala babestuta idazkariak eta buruak erabakiak argitaratu egiten direla bermatu behar dute, eta argitaratu eta hilabetez daudela jendaurrean gutxienez.

  1. – Kide anitzeko organoek hartutako erabakiek onartzen direnetik aurrera izango dute eragina, erabakietan bertan beste ezer adierazi ezean. Erabakien berri eman behar zaie kasuan kasuko organoei.

  2. – Pertsonei buruzko erabakiak, irakaslanak esleitzekoak eta lanpostuen zerrendan edo kontratuko langileen zerrendan eragina dutenak zuzenean jakinarazi behar zaizkie eragindakoei. Erabakiek jakinarazpena egiten den unetik aurrera izango dute eragina. Jakinarazpenak Administrazio Prozeduraren Legean xedatutako moduan egin behar dira.

  3. – Arautegi honetako IV. tituluko II. kapituluak aipatzen dituen kide anitzeko organoek hartzen dituzten erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, erabakia hartu zen bilera-akta argitaratu eta hilabeteko epean.

  4. – Pertsonei buruzko erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, erabakia interesdunari jakinarazi eta hilabeteko epean.

  1. – Zuzendaritza eta idazkaritza akademikoa dira saileko kide bakarreko gobernu-, ordezkaritza- eta administrazio-organoak.

  2. – Saileko zuzendari eta idazkari akademiko karguetan aritzeko, arduraldi osoz aritu behar da, legedian xedatutako salbuespenetan izan ezik. Ezin da, inolaz ere, kargu batean baino gehiagotan aritu.

  1. – Sailean zuzendaririk ez badago, horren berri eman beharko dio idazkari nagusiari saileko idazkariak edo, bestela, saileko kategoria eta antzinatasunik handieneko kideak, eta batzorde iraunkorra edo, bestela, saileko kontseilua premiazko bilerara deitu, behin-behineko zuzendari bat izenda dezan. Halakoetan, kategoria eta antzinatasunik handieneko pertsona izango da bileraren buru, eta saileko zuzendari-eginkizunak beteko ditu. Artikulu honetan xedatutako eginkizunak betetzen ez badira, edo hiru hilabete baino gehiago igaro eta dena delakoagatik zuzendaririk aukeratu ez bada, errektoreak ofizioz izendatuko du behin-behineko zuzendaria, kasuan kasuko erantzukizunei kalterik egin gabe.

  2. – Zuzendariaren agintaldia lau urtekoa izango da, eta ezin izango da karguan egon bi agintaldi baino gehiagotan jarraian.

  3. – Estatutuetako 250. artikuluan jasotako arrazoiak direla-eta, zuzendariek zuzendari izateari utzi behar diote. Artikulu horren arabera, Unibertsitateko Klaustroari dagokion zentsura-mozioa saileko kontseiluari dagokio kasu honetan.

  4. – Zentsura-mozioa: Landareen Biologia eta Ekologia Sailaren Arautegiko 24.4) artikuluan aipatzen den zentsura-mozioa sailaren idazkaritzan aurkeztuko da idatziz, arrazoituta eta, gutxienez, kontseiluko kideen % 20k sinatuta, eta zuzendari izateko hautagai baten izena jaso beharko du. Zentsura-mozioa aurkeztuta eta eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatuta, zuzendariak saileko kontseiluari dei egingo dio 72 orduko epean ezohiko bilera egiteko. Zentsura-mozioa aurkeztu eta 15 eguneko epean, gehienez ere, egin beharko da bilera hori. Bilera horretan, lehenengo eta behin, zentsura-mozioa defendatuko du mozioa sinatu duen kideetako batek. Ondoren hautagaiak hartuko du parte bere proposamena aurkezteko. Gero, zentsura-mozioa jaso duenak erantzuteko aukera izango du, eta ondoren hitza eskatu duten saileko kontseiluko kideek hartuko dute parte txandaka, behin aldekoek, behin kontrakoek. Zentsura-mozioa onartzeko, saileko kontseiluko kideen aldeko botoak kontrakoak baino gehiago izan behar dira. Saileko kontseiluak mozioa onartzen badu, zuzendariak dimisioa aurkeztuko du berehala. Onartu den mozioan jasotako hautagaia zuzendari hautatu dela ulertuko da.

  1. – Errektoreak irakaskuntza-betebeharretatik salbuets dezake zuzendaria, arduraldia gehienez ere erdira murriztuta.

  2. – Agintaldia amaitzean, zuzendariak irakaskuntza-betebeharretatik neurri berean salbuetsita egoteko eskubidea du uneko lauhilekoa bukatu arte, ohiko azterketa aldia barne. Horretarako, gutxienez hiru urte edo gehiago eman behar ditu karguan.

  1. – Honako eginkizun hauek ditu saileko zuzendariak:

    1. Sailaren ordezkari izatea.

    2. Saileko kontseiluko buru izatea eta, dagokionean, saileko batzorde iraunkorreko buru ere, saileko arautegiari jarraiki.

    3. Saileko langileen eskari eta iradokizunak jaso eta bideratzea.

    4. Saileko administrazio eta zerbitzuetako langileen funtzioak zuzentzea.

    5. Sailaren urteko memoria, eginkizunen plana eta txosten ekonomikoa egitea.

    6. Saileko kontseiluak edo batzorde iraunkorrak hartutako erabakiak betearaztea.

    7. Sailak eta saileko kideek irakaskuntza-betebeharrak eta gainerako eginkizun akademikoak behar bezala betetzen dituztela bermatzea.

    8. Sailean zientziaren, teknikaren, giza zientzien eta artearen alorreko ikerlanak egiteko beharrezko diren kontratuak sinatzea.

    9. Hirugarren zikloko eta doktoregoko ikasketak koordinatzea, programen arduradunekin batera.

    10. Haren zereginak betetzeko egoki diren batzordeak eratzea.

    11. Isilpeko informazioa jasotzea eta diziplina-espedientea irekitzeko proposamena egitea.

    12. Saileko beste organoei agindu ez zaizkienak, unibertsitateko gobernu-organoek eskuordetutakoak eta Estatutuek edo indarrean dagoen legediak zehaztutako gainerako guztiak.

  2. – Era berean, lankidetza-hitzarmenak ere sinatu behar dituzte, Gobernu Kontseiluaren jarraibideek xedatutako baldintzetan.

  1. – Honako hauek dira kargua uzteko arrazoiak: dimisioa aurkeztea, heriotza, lege-ezintasuna, saileko kide izateari uztea eta errektoreak hala erabakitzea, zuzendariaren proposamenari jarraiki.

  2. – Idazkariari dagokio saileko idazkaritza akademikoak berezkoak dituen eginkizunak betetzea, baita zuzendariari laguntzea ere.

  3. – Idazkariak saileko kide anitzeko gobernu-, ordezkaritza- eta administrazio-organoen jardunaren eta erabakien fede emango du; akta-liburuak egin eta zaintzeaz arduratuko da eta ziurtagiriak egingo ditu, hala erabakienak, nola saileko dokumentazio ofizialean ageri diren gertakarienak edo ekimenenak.

  1. – Saileko kontseiluak antolatu behar du saileko ziklo, jakintza-arlo eta ikasketa guztietako irakaskuntza, kasuan kasuko atalek egindako proposamenei jarraiki. Irakaskuntza fakultateko eta ikastegiko zuzendaritzarekin batera antolatu behar da, irakasleen eskariak oinarri hartuta. Edonola ere, ikasleek kalitateko irakaskuntza jasotzeko eskubidea dutela izan behar da kontuan.

    Harremana bideratze aldera, sailak ordezkaria izendatu behar du irakaskuntza eman arren sail-atalik ez duten ikastegietan.

  2. – Sailak aparteko arreta eman behar dio pixkana-pixkana euskarazko irakaskuntza ezarri eta euskaraz irakatsi eta ikertzeko oinarrizko material espezifikoak prestatzeari. Horretarako, hizkuntza-normalizazioan aritzen diren unibertsitateko organo orokorrek eta ikastegietako euskara-batzordeek egindako plangintzak izan behar ditu kontuan.

  3. – Sailak irakasgai guztiak esleituta daudela bermatu behar du, edozein dela ere hizkuntza. Euskarazko irakaskuntza guztia esleitu ostean, gaztelaniazkoa esleitu behar da. Alde horretatik, ezin da bereizketarik egin hizkuntzagatik, eta artikulu honetako hurrengo atalean aipatzen den proportzionaltasuna bermatu behar da. Beste hizkuntzetako irakasgaiak ere modu berean esleitu behar dira, beste hizkuntzarik baldin badago.

  4. – Irakaskuntza proportzionalki banatu behar da saileko irakasleen artean, alderik izan litekeen arren ikastegien, jakintza-arloen eta hizkuntzaren arabera. Ikasturte berean proportzionaltasuna errespetatzerik ez dagoenean, ikasturte anitzeko epean ahalegindu behar da printzipio hori errespetatzen.

  5. – Edonola ere, irakasle guztiek irakasteko duten eskubidea bermatu behar da.

  1. – Irakasleen arduraldia urteka neurtu behar da.

  2. – Ikasturte osorako kontratuetan bakarrik bana daitezke modu ez orekatuan lauhileko eskolak; dena dela, irakaskuntza- edo ikerkuntza-arloko arrazoiak egon behar dira horretarako. Nolanahi ere, irakaskuntza salbuespenezko egoeretan ere emango dela bermatu behar da; hau da, ikasleak ezin dira eskolarik gabe utzi. Irakaslan osoa lauhileko bakar batean pilatuta duten irakasleen kasuan, eta batez ere bigarren lauhilekoan dutenen kasuan, sailak hartu beharko du bere gain gehiegizko zama baldin eta irakasleak bat-batean ordezkoa behar baldin badu. Izan ere, kasuan kasuko lauhilekoari dagokion irakaslana baino ezin izango du hartu bere gain ordezkoak.

  3. – Saileko kontseiluak lan-baldintzen alorrean indarrean dauden erabakiak hartu behar ditu kontuan, batik bat irakasle kategoria jakin batean asteko eskola-orduak murrizteko egon daitekeen eskubidea, lana eta familia bateratzeari buruzkoak edo dena delako egoera bereziei buruzkoak.

  1. – Sailak kasuan kasuko jakintza-arloekin lotutako gaietako irakaskuntza-betebeharrak esleitu behar dizkie irakasleei. Hala ere, salbuespenezko egoeretan, sailak antzeko jakintza-arloetako gaiak eslei diezazkieke irakasleei, irakaskuntza eman egiten dela bermatzearren.

  2. – Salbuespenak gorabehera, irakasleek atxikipenaren arabera hala dagokien ikastegian emango dituzte eskolak. Hala ere, zerbitzuaren premiak eta ikasleen interesak direla-eta, irakasleari beste ikastegi bateko eskolak eslei diezazkioke, baina erabaki hori arrazoitu egin beharko da. Premiazko egoeratan, zuzendaritzak berak banatuko ditu eskolak. Erabaki hori zuzenean ezarriko da, baina saileko kontseiluak edo, hala dagokionean, batzorde iraunkorrak berretsi beharko du.

  3. – Arduraldi partzialean ari diren eta aldi berean beste jarduera batean aritzeko baimena duten irakasleen kasuan, saileko kontseiluak bateragarritasun-baimenean adierazitako ordutegia errespetatu behar du, irakasleak bestelakorik berariaz onartu ezean. Horrek ez du esan nahi irakasle horiek eskolak ordutegi jakin batean emateko eskubidea dutenik, edo UPV/EHUk unibertsitateaz kanpoko lanpostuan izan ditzakeen aldaketak besterik gabe onartu behar dituenik.

  1. – Irakasleek beren lehentasunak adierazi aurretik, sailak eskolak esleitzeko irizpide osagarri eta orokorrak erabaki ditzake, arrazoitu egiten baditu eta titulu honetan xedatutakoa errespetatzen badu, betiere.

  2. – Eskolak esleitzeko azken erabakiak irakasgai guztiak hartu behar ditu kontuan eta, ahal dela, alderdi guztiek eman behar dute ontzat hein batean. Era berean, UPV/EHUn kide bakarreko karguak dituzten saileko irakasleak ere hartu behar dira kontuan.

  3. – Erabakirik ez badago eta irakasle batek baino gehiagok irakasgai bera eskatzen badute, honakoaren arabera banatuko dira ikasketa-planetako enborreko irakasgaiak, nahitaezkoak eta hautazkoak:

    1. Karrerako irakasle funtzionarioek eta kontratuko irakasle iraunkorrek lehentasuna dute bitarteko eta aldi baterako irakasleen aldean.

    2. Kategoria akademikorik handieneko irakasleek lehentasuna dute, honako ordena honetan:

      • Unibertsitateko katedradunek eta irakasle osoek.

      • Unibertsitateko irakasle titularrek, unibertsitate-eskoletako katedradunek eta irakasle agregatuek.

      • Unibertsitate-eskoletako irakasle titularrek, irakasle lankideek eta irakasle elkartuek.

      • Irakasle atxikiek.

      • Irakasle laguntzaileek.

    3. Irakasle doktoreek.

    4. Kidegoko antzinatasun edo kontratu kategoriarik handieneko irakasleak. Antzinatasuna neurtzeko, arduraldi partzialeko zerbitzuak 0,5eko koefizienteaz haztatu behar dira.

  4. – Aurreko irizpideen bitartez lehentasuna ezartzerik ez badago, zozketa egin behar da.

  5. – Inongo irakaslek eskatzen ez dituen irakasgaiak eta taldeak esleitzeko, artikulu honetako 3. ataleko irizpideak alderantzizko ordenan aplikatu behar dira. Guztiak egoera berean daudelako aurreko irizpideen bitartez irakasleen artean lehentasunak finkatzerik ez badago, zozketa egin behar da.

  1. – Saileko kontseiluak eskolak eta urteko irakaskuntza-betebeharrak esleitzeko irizpideei buruz hartzen dituen erabakiak berehala argitaratu behar dira, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 57.2, 59.5.b eta 60. artikuluetan xedatutako ondorioetarako. Saileko idazkaritzan jasota egon behar da zein egunetan argitaratu diren erabakiak saileko iragarki-oholetan, eta, hain zuzen ere, egun horretatik aurrera hasiko da kontatzen errekurtsoak jartzeko epea, baldin eta errekurtsorik jartzeko aukerarik badago. Sailak erabakien edukiaren eta erabaki horiek eskuratzeko moduaren berri eman behar die irakasleei.

  2. – Irakasle bakoitzaren irakaskuntza-betebeharrak interesdunei jakinarazi behar zaizkie, eta jasota egon behar da sailak jakinarazpena egin duela edo interesdunak jakinarazpena jasotzeari uko egin diola.

  3. – Saileko kontseiluak eskolak esleitzearen inguruan erabakitakoaren kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, erabakia argitaratu eta hilabeteko epean.

  1. – Sailak ikasleen interesak eta beharrizanak hartu behar ditu kontuan ikasleentzako tutoretza-orduak finkatzerakoan. Halaber, sailak ahalegindu egin behar du ikasleek zerbitzu hau behar bezala erabil dezaten eta, horretarako, astean gutxienez bi egun finkatu behar ditu.

  2. – Irakasle jakin bati kontratatutako irakaskuntza osoa esleitu ez arren, tutoretza-ordu guztiak bete behar ditu. Ordu horiek ezin dira pilatu, eta ikasturte osoan barrena bete behar dira.

Ezintasunen bat duten ikasleen egoera dela-eta, sailak behar adina egokitu behar du metodologia, eta ikasle horien beharrizanen araberako tutoretza-orduak finkatu behar ditu.

  1. Saileko irakasleen eta ikertzaile-taldeen ikerkuntza-lana bideratu eta sustatzea.

  2. Ikertzaile berrien trebakuntza sustatzea.

  3. Ziklo guztietako ikasleak ikerkuntza-arloekin harremanetan jartzea.

  4. Doktorego-tesiak eta ikerketak zuzen daitezen eta haien jarraipena egin dadin bultzatzea, eginkizun horiek irakasleen gutxieneko betebeharren artean sartuz.

  5. Zientzia-arloko harremanak izatea beste sail, unibertsitate eta ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-zentroekin eta haiekin batera askotariko jakintza-arloetako proiektuak egin daitezen bultzatzea.

  6. Unibertsitateko ikerkuntzaren eta testuinguru sozio-ekonomikoaren arteko lotura sustatzea. Horretarako, irakasleek eta ikertzaileek ikerkuntza- eta aholkularitza-kontratuak eta hitzarmenak sinatu behar dituzte.

  7. Gizarteak unibertsitateko ikerketaren emaitzen berri izan dezan bideratzea.

  1. – Estatutuetako 147. artikuluan xedatutakoarekin bat, saileko kontseiluak urtean egindako ikerlanei eta horien emaitzei buruzko memoriak onartu behar ditu urtero. Memoria horiek Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeak onartutako eredu orokorraren arabera egin behar ditu eta, jarraian, hari aurkeztu behar dizkio, baliabideak esleitze aldera.

  2. – Unibertsitateko irakasleek eta ikertzaileek lankidetza-hitzarmenen edo kontratuen ondorioz unibertsitatekoak ez diren ikastegietan egindako ikerlanak unibertsitateko ikerkuntzatzat hartu behar dira ondorio guztietarako, eta sailak urteko memorian jaso behar ditu.

Helburuak bete eta berezko dituen ekimenak gauzatzeko, sailak behar beste langile izan behar ditu, baita sail berezituak ere UPV/EHUko aurrekontu orokorrean. Gainera, autonomia izan behar du sail horiek kudeatzeko.

  1. – Saileko aurrekontu orokorrak kontseiluak finkatzen duen moduan banatu eta kudeatu behar dira.

  2. – Saileko aurrekontuko diru-sarrerak honakoak izango dira, UPV/EHUk berak esleitutakoez gain:

    1. Sailak antolatu eta gauzatzen dituen irakaskuntza- eta ikerketa-jarduerek emandako etekin garbiak eta jarduera horietatik sortutako produktuak ustiatzetik datozenak.

    2. Zientziaren, teknikaren eta artearen alorreko lanak egiteko edo espezializazio-ikasketak emateko nahiz prestakuntzarako jarduera bereziak egiteko kontratuetatik sortutako diru-sarreretatik dagokien zatia.

    3. Helburu jakin batzuetarako jasotzen dituzten dirulaguntzak, kasuan-kasuan zehaztuta dauden baldintzetan.

    4. Modu agerian eta beren-beregi egiten dizkioten dohaintzak eta legatuak, eman zaizkion baldintza berberetan.

  3. – Sailak UPV/EHUren aurrekontu orokorrean agertzen ez diren bestelako baliabideak baditu, zuzendariak horren berri eman beharko dio gerenteari; ondoren, baliabide horiek sailaren aurrekontuetan txertatu eta gastatzeko proiektuak aurkeztu behar dizkio saileko kontseiluari, ontzat eman ditzan.

  1. – Saileko jardun ekonomikoek UPV/EHUko sarreren eta gastuen aurrekontuak xedatutakoarekin bat etorri behar dute, UPV/EHUko aurrekontuak betetzeko arauetan xedatutakoari jarraiki.

  2. – Sailak ingurumenarekiko eta iraunkortasun-printzipioarekiko errespetua sustatuko du. Hartara, linea berdeko produktuen kontsumoa eta birziklatzea bultzatu eta, orobat, ingurunean duten eragina murriztuko du.

  1. – Ikertzaile-taldeek eta sailek eskatzen badute, UPV/EHUk ikerlariak kontratatu eta onar ditzake aldi baterako. Langile horiek ikerketa-programen arabera eta ikerketarako berariazko fondoen eta kanpoko finantziazioaren kontura kontratatu behar ditu.

  2. – Edonola ere, saileko fondoen kontura aldi baterako kontratatuko diren langileak Errektoretzaren bidez kontratatuko dira, UPV/EHUn halako kontratazioetarako xedatutako baldintzekin eta prozedurekin bat.

  1. – Sailaren arautegia aldatzeko ekimena zuzendariari edo kontseiluko kideen % 20ri dagokio. Aldaketarik eskatuz gero, ordezko testua edo testu gehigarria aurkeztu behar da eta proposamena nortzuek egin duten adierazi. Atal honetan xedatutako azken kasuan, saileko zuzendariak kontseiluaren bilerara deitu behar du hilabeteko epean, aldaketa horri buruzko iritzia eman dezan.

  2. – Arautegiaren aldaketa kontseiluak horretarako beren-beregi egingo duen ezohiko bilera batean onartu beharko da, eta emandako boto baliodunen gehiengo osoa lortu beharko du. Horren ondoren, eta legaltasun-kontrola behin eginda, Gobernu Kontseilura eramango da ontzat eman dezan.

  1. – Landareen Biologia eta Ekologia Sailaren arautegia onartuta dagoenean, zuzendariak kide anitzeko organoa eratzeko hauteskundeetarako deia egingo du.

  2. – Arautegi honen interpretazioari buruzko zalantzak sortuz gero, saileko kontseiluak, batzorde iraunkorrak edo, azken kasuan, UPV/EHUko organo gorenek erabakitzen dutena bete beharko da, beti ere maila goragoko arautegien aurka jo gabe.

Unibertsitateko ikasketen egitura berria ezartzearen ondorioz UPV/EHUko Unibertsitate Sailei buruzko Oinarrizko Arautegia aldatu bitartean, oinarrizko arautegi honetan eta sailetako arautegietan egiten diren lehen zikloko ikasketen aipamenak urtarrilaren 21eko 55/2005 Errege Dekretuaren bidez arautzen diren graduko ikasketei buruzkoak direla ulertuko da. Bigarren eta hirugarren zikloko ikasketen aipamenak, eta graduondoko ikasketenak, urtarrilaren 21eko 56/2005 Errege Dekretuak arautzen dituen graduondoko unibertsitate-ikasketa ofizialei buruzkoak direla ulertuko da.

Sailaren arautegi berria onartu eta gero, indargabetu egingo dira Landareen Biologia eta Ekologia Sailaren aurreko arautegia eta Gobernu Batzarrak 1995eko urtarrilaren 18an onartutako oinarrizko arautegiaren arabera sortutako lurralde-atalak (azken arautegiaren testu bateratua 2001eko maiatzaren 18an argitaratu zen EHAAn). Arautegi honetan jasotakoa Sailei buruzko Oinarrizko Arautegiarekin eta aplika daitezkeen gainontzeko arauekin bat ezarriko da.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.