Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2007ko abuztuaren 7koa, Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena. Honen bidez agindua ematen da Kriminologiaren Euskal Institutuaren Araudia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 176
  • Hurrenkera-zk.: 5093
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2007/08/07
  • Argitaratze-data: 2007/09/12

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Unibertsitateak bere araubide propioa dauka erakundea antolatzeko, bere interesen defentsan aritzeko balio diona, Konstituzioak 27.10. artikuluan onartzen duen unibertsitateen autonomiatik eratorria. Araubide horri atxikita dago bere arauak egiteko erakundeak daukan ahalmena. Ahalmen horrez baliatuta, Unibertsitateak bere Estatutuak dauzka, erakundearen antolaketaren ezaugarri berezi diren arlo eta organoak erregulatzen dituzten oinarrizko arauak.

Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuetako 208. artikuluak dioenez, unibertsitateko ikerketa institutuek erautegi bat izango dute euren gobernurako. Arautegia Institutuko Kontseiluak egingo du, Gobernu Kontseiluak emandako oinarrizko arautegiari jarraiki. Bestalde, Ikerketa institutuen Oinarrizko Arautegiko 5.3. artikuluak idazkari nagusiari eskuordetzen dio arautegiak onesteko eskumena, baldin eta txosten guztiak aldekoak izanik berariazko eskaririk egin ez bada Gobernu Kontseiluan aurkezteko.

Gobernu Kontseiluak ekainaren 21ean egin zuen bileran jakinarazi zen Kriminologiaren Euskal Institutuaren araudiari buruzko txosten guztiak aldekoak zirela eta, beraz, interesatuek zazpi eguneko epea zutela arautegia Gobernu Kontseilura bidaltzea eskatu nahi bazuten. Aipatutako epea igaro denez eskaerarik aurkezteke, arautegia onartutzat eman behar da, idazkari nagusiaren erabakiaren bidez (Ikerketa institutuen Oinarrizko Arautegiko 5.3. artikuluak eskuordetutako eskumena).

2004ko martxoaren 12an Euskal Unibertsitate Sistemaren 2004ko otsailaren 25eko 3/2004 Legea argitaratu zen. Lege horrek 10.2. artikuluan dioenez, unibertsitateko gobernu organoek ematen dituzten aplikazio orokorreko xedapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko ditu unibertsitateak, eta ez dira jarriko indarrean beren testu osoak argitaratu arte.

Aipatutako guztia kontuan hartuta, honako hau

Kriminologiaren Euskal Institutua (KREI) Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Unibertsitateko Ikerketa Institutua da. Antoni Beristain Ipiña Honoris causa doktore profesoreak sortu zuen, eta lehen onarpen formala 1978ko uztailaren 14ko Ministro Aginduaren bidez eskuratu zuen. Kriminologiaren Nazioarteko Elkarteari lotuta dago.

Kriminologiaren Euskal Institutuaren anagrama hondo urdinaren gainean dagoen Eguzki-lorea (indar negatiboetatik babesteko loreak) da. Anagrama hori EHUko anagramarekin batera agertuko da agiri ofizialetan. Horrelakoetan, EHUren Korporazio Identitateko Gidaliburuak xedatzen duena bete beharko da, eta, bereziki, gainerako ikurrak gehienez ere EHUren markaren altuera eta zabalera berekoak izango direla xedatzen duen araua.

  1. – Kriminologiaren Euskal Institutua (KREI) Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Unibertsitateko Ikerketa Institutua da, eta hortaz, guztiz barneratuta dago EHUko antolamenduan, eta autonomia du. Kriminologiaren Euskal Institutuaren jarduera erregimena eta erabakiak Araudi honek eraenduko ditu, eta era berean, EHUko Estatutuetan, Oinarrizko Araudian eta aplikatu beharreko gainerako arauetan aurreikusitakoa bete beharko da.

  2. – Kriminologiaren Nazioarteko Elkarteari lotuta dago. Elkarte hori Nazio Batuen Erakundearen aholku organoa da, eta lehentasunezko jarduera gisa ikerketa eta heziketa espezializatua eta diziplina arteko heziketa espezializatua (hirugarren zikloko heziketa eta kriminologia eta biktimologia zientzietako doktoretza, hain zuzen ere) ditu.

  3. – Proiektuak lantzen ditu, Europan bere presentzia bultzatuz, baita nazioarteko sareetako integrazioa ere, eta bestalde, erreferente izan nahi du ikerketa eta irakaskuntza bikaintasunagatik eta gizarteari zerbitzua emateko bokazioagatik. Institutuaren jarduerak honako printzipio hauei jarraitzen die:

    • Errealitatea ezagutzea.

    • Diziplina anitzeko integrazioa.

    • Bikaintasuna bilatzea.

    • Gizarteari zerbitzua ematea.

    • Europa eta nazioarte mailako dimentsioa.

  4. – KREIren jarduera inspiratzen duten balioak dira:

    • Askatasuna eta aniztasuna.

    • Begirunea eta elkarrizketa.

    • Berrikuntza eta aurrerabidea.

      Eta hori guztia Zientzia pertsonen, justizia sozialaren eta bakearen zerbitzura jartzearren lan eginez.

KREIren eginkizunak dira:

  1. Kriminologia arloko problematikaren ikerketa, lanketa eta tratamendu zientifikoa antolatzea, lantzea eta ebaluatzea, eta Unibertsitate Komunitateko kideen artean eta euskal gizartean, oro har, jakintza arlo horrekiko jakin-mina sustatzea.

  2. EHUko ikasleak zientzia arloan trebatzeko EHUrekin elkarlanean aritzea, indarrean dagoen legediaren esparruan gradu-ondoko unibertsitate ikasketa ofizialak eta berezko tituluak edo titulu espezifikoak lortzeko ikasketak antolatuz eta landuz.

  3. KREIko eta Unibertsitate Komunitateko kideen eguneratzea bultzatzea zientziaren, teknikaren, giza zientzien, artearen eta pedagogiaren arloetan, eta arlo horiekin konprometitutako irakasleei eta ikertzaileei euren jardueraren esparruko ekarpenetarako sarbidea erraztea.

  4. Bilera zientifikoak, ikastaroak, mintegiak eta hitzaldiak antolatzea, horietan landuko diren gaietako jakintza maila hedatzen eta hobetzen laguntzeko.

  5. Irakasleen, ikertzaileen eta ikasleen trukea (beste Institutu eta Unibertsitate batzuekin) bultzatzea, eta elkarrekin egindako kanpainetan eta proiektuetan parte hartzea.

  6. Pertsona fisikoekin edo entitate publiko edo pribatuekin zientziaren, teknikaren, giza zientzien eta artearen arloetako lanak kontratatzea eta betetzea, indarrean dagoen legediaren arabera betiere.

  7. EHUko edo beste institutu edo entitate publiko edo pribatuetako Ikastegiek eta Sailek aurrera eramaten dituzten jardueretan (KREIk berezkoak dituen arloekin lotura duten gaietako jardueretan, hain zuzen ere) elkarlanean aritzea.

  8. Gizarteak irakaskuntza eta ikerketa arloko jarduerak aprobetxatu ditzan sustatzea, Euskal Herriko eta kanpoko pertsona interesdunetara zabalduz.

Institutuaren egoitza Gipuzkoako Campusean dago, irakaskuntza, ikerketa eta administrazioa lanak behar bezala egiteko EHUk eman zizkion lokaletan.

Araudi hau onartu den unean Institutuaren helbidea honako hau da: Soroa Etxea. Ategorrieta 22. E-20.013 Donostia-San Sebastián.

  1. – KREIko Kontseiluari dagokio, bere kabuz edo interesdunak eskatuta, ikerketako, laguntza teknikoko edo arte kreazioko proiektuetan edo Institutuaren ikastaro eta ikasketen antolakuntzan eta lanketan maiz parte hartzeagatik nabarmendu diren EHUko irakasleak eta ikertzaileak Institutuan sartzeko proposamena Gobernu Kontseiluari aurkeztea, hark onar dezan.

  2. – Oinarrizko Araudiko 10.3 artikuluak xedatzen duenaren arabera, Institutuan sartzeko onarpena Gobernu Kontseiluak eman beharko du, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako Batzordeak txostena egin ondoren. Txosten horretan aintzat hartu beharko da, loteslea ez izan arren, hala dagokionean interesduna atxikita dagoen Sailak egindako txostena. Interesduna honako modu hauetakoren batean sartuko da Institutuan:

    1. Institutuan ikerketa jarduerak eginez (zati batean edo erabat).

    2. Institutuan irakaskuntza jarduera osagarriak eta ikerketa jarduerak eginez.

    3. Institutuan bakarrik lan eginez.

  3. – Bost urtean behin, Araudi hau indarrean sartzen denetik hasita, Institutuan sartu diren Unibertsitate Komunitateko kideen zerrenda eguneratuko du KREIk. Horretarako, Institutuan lanean jarraitzen duten EHUko irakasleen eta ikertzaileen berri emango dio Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako Batzordeari, eta hala dagokionean, Institutuan kide berriak sartzeko baimena eskatuko dio.

  1. – Ikerketa programak direla-eta KREIra atxikitako funtzionario edo lan kontratuko lanpostu iraunkorreko irakasle eta ikertzaile doktoreak dagokien jakintza esparruan sartuko dira. Gainera, Sailean ere sartuko dira, Unibertsitateko Ikerketa Institutuan lan egitea eragotzi gabe.

  2. – Ikerketa programak direla-eta KREIra atxikitako lanpostu iraunkorreko irakasle eta ikertzaile doktoreak dagokien jakintza esparruan sartuko dira. Lanpostu horietako ordainsaria kasuan kasuko programak hartu beharko du bere gain, eta Unibertsitateko aurrekontuetan barne hartuko da.

  1. – Zuzendaritzak hala eskatuta, Unibertsitateak ikertzaileak kontratatu ahal izango ditu, Institutuko zereginetan jarduteko. Ikertzaile horiek dagokien jakintza esparruan arituko dira, eta KREIko edo diruz lagundutako proiektuetako diruaz ordainduko zaie.

  2. – Aipaturiko langileak kontratatzeko EHUk gisa horretako kontratuak egiteko xedatutako baldintzei eta prozedurei jarraituko zaie.

  1. – KREIk Unibertsitateko Lanpostuen Zerrendan aurreikusten diren administrazioko eta zerbitzuetako langileak izango ditu dagozkion eginkizunak betetzeko.

  2. – Unibertsitateak, Zuzendaritzak hala eskatuta, administrazioko eta zerbitzuetako langileak aldi baterako kontratatu ahal izango ditu, Institutuko zereginetan jarduteko. Langile horiei KREIko edo diruz lagundutako proiektuetako diruaz ordainduko zaie.

  3. – Aipaturiko langileak kontratatzeko EHUk gisa horretako kontratuak egiteko xedatutako baldintzei eta prozedurei jarraituko zaie.

  1. – KREIk antolatutako doktorego programetako ikasleak bertako kide dira; baita prestakuntzan diharduten ikertzaile ez doktoreak ere (Institutura atxikitakoak).

  2. – KREIra lotuta egongo dira, baina kide izan gabe, beste ikasketa batzuetako ikasleak.

  1. – KREIra lotuta egongo dira, baina kide izan gabe, KREIko Kontseiluak hala baimenduta bertako jardunean laguntzen duten bestelako langileak (lanean ari direnak nahiz emerituak); baita bekadun langileak eta bertako ikasketetako ikasleak ere. KREIn ari diren EHUz kanpoko langileen lankidetza bisitari, ohorezko lankide eta beste irudi batzuen bidez bideratuko da, EHUk horretarako xedatutako araudian aurreikusten denari jarraituz.

  2. – KREIren jardueretan laguntza emateagatik nabarmendu diren pertsonak KREIko Ohorezko Kidetzat joko dira, Institutuko Kontseiluko kideen gehiengo osoak hala erabakitzen badu. Institutuaren eta Ohorezko Kideen arteko loturak ohorezko izaera baino ez du izango.

    EHUko ekitaldi nagusiei buruzko Araudiko 35. artikuluan xedatzen denaren arabera, erregistro liburu batean jasoko da Ohorezko Kideen izendapenaren berri, eta ohore hori eman izanaren berri EHUko Idazkaritza Nagusiari jakinaraziko zaio, horren jakitun izan daitezen eta jasota gera dadin.

KREIk Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako Batzordeari bidali beharreko urteko Memorian KREIko kideen eta gainerako langileen zerrenda sartuko da.

  1. – KREIko kide anitzeko gobernu organo gorena Kontseilua da. Ohorezko Batzordea, berriz, gobernu, ordezkaritza eta administrazio organo osagarria da.

  2. – KREIk, gainera, Zuzendaritza eta Idazkaritza izango ditu, gobernu, ordezkaritza eta administrazioko kide bakarreko organo gisa. Era berean, gehienez ere bi Zuzendariorde izango ditu, gobernu, ordezkaritza eta administrazioko organo osagarri gisa.

  3. – Institutuko kide bakarreko kargu guztiak Institutuan modu iraunkorrean sartu diren EHUko irakasle eta ikertzaileek beteko dituzte.

Artículo 12.– KREIko Ohorezko Batzordea.

  1. – KREIko Ohorezko Batzordea Zuzendariak, Zuzendariordeek, Idazkariak, KREIko Kontseiluak izendatutako pertsona batek, eta Kriminologiaren Euskal Institutuko Ohorezko Kideek aukeratutako lau ordezkarik osatuko dute.

  2. – Ohorezko Batzordeak Lehendakaria aukeratuko du, eta KREIko Lehendakari izendapena izango du. Araudi honen arabera, KREIko Zuzendaritzari dagokion eginkizunik mugatu gabe, Ohorezko Batzordeko Lehendakariak ordezkaritzako eginkizun osagarriak eta aholkularitzako eginkizunak hartuko ditu bere gain.

  3. – Ohorezko Batzordeak, KREIko Kontseiluak hala eskatuta, eta hala nahi badu, honako arlo hauetako aholkuak eman ahal izango dizkio Lehendakariari:

    1. Institutuaren plangintza estrategikoko ildo orokorrak eta orientabide zientifikoa.

    2. KREIren eta gizartearen arteko harremana.

    3. KREIren presentzia atzerrian eta nazioarteko harremanak.

  1. – Kontseilua osatzen dute:

    1. KREIko Zuzendariak eta Idazkariak.

    2. KREIn sartu diren EHUko irakasleen eta ikertzaileen eta KREIra atxikitako lanpostuetako irakasle eta ikertzaile doktoreen sei ordezkarik.

    3. Gainerako ikertzaileen bi ordezkarik.

    4. Doktoretzako ikasleen ordezkari batek, prestakuntzan diharduten ikertzaileak ere barne hartuta.

    5. Institutuak irakasteko baimena duen titulazioetako ikasleen bi ordezkarik.

    6. KREIk kontratatutako edo hari atxikitako administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari batek.

      Zuzendariordeak, Ohorezko Batzordeko Lehendakaria, eta Delinkuentziaren, Marjinalitatearen eta Gizarte Harremanen Nazioarteko Ikerketa Zentroko Zuzendaria Kontseiluaren bileretara gonbidatuko dira, kide hautesleak ez baldin badira. Hitza izango dute, baina botorik ez.

  2. – KREIko Kontseiluko kideek euren eginkizunak betetzeko beharrezkoa den dokumentazioa eskatzeko eta eskuratzeko eskubidea izango dute. Aldez aurretik eskaera egin beharko dute, idatziz edo bide telematikoak erabiliz, Institutuko Idazkaritzan. Azken horrek duen informazioa eman beharko die, eskaera jaso eta zazpi egunen buruan gehienez ere; bestela, informazioa zergatik ezin dien eman argitu beharko du epe berean.

  1. – Ordezkariak hautatzean Hauteskunde Erregimen Orokorreko Araudian xedatzen dena errespetatuko da. Hautaketa bakoitzeko arauak eta egutegia Kontseiluak onartuko ditu.

  2. – Irakasle eta ikertzaile iraunkorren ordezkariak KREIn sartuta dauden Unibertsitate Komunitateko kideek eta KREIri atxikitako lanpostuak dituzten kideek hautatuko dituzte.

  3. – Gainerako irakasleen eta ikertzaileen ordezkariak aldi baterako kontratatutako irakasleek eta ikertzaileek hautatuko dituzte.

  4. – Ikasleen ordezkariak (prestakuntzan diharduten ikertzaile kontratatuenak barne direla) eta KREIk irakasteko baimena duen titulazioetako ikasleen ordezkariak KREIko Zuzendaritzak xede horretarako abendu oro deitutako bileran hautatuko dira, errolda ofizialetan oinarrituta.

  5. – Irakasleen eta ikertzaileen ordezkarien eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkarien agintaldiaren iraupena lau urtekoa izango da. Ikasleen ordezkarien agintaldiaren iraupena, berriz, urtebetekoa izango da.

  6. – Unibertsitateko Ikerketa Institutuen Oinarrizko Arautegiko 19. artikuluan xedatzen denari jarraituz galduko da ordezkari izaera. KREIko Kontseiluaren ondoz ondoko hiru bileretara edo urte berean txandakako bost bileratara justifikatu gabe ez joatea behin eta berriroko ez agertzetzat hartuko da.

  1. – KREIko Kontseiluaren eginkizunak dira:

    1. Institutuko irakaskuntza, ikerketa eta administrazio lanak programatzea.

    2. Kontseilua osatzen duten organoei ikasketa eskaintzak eta ikasketak proposatzea, unibertsitatearen berezko tituluetara bideratuta egon ala ez.

    3. Urteko txosten ekonomikoa, Institutuko urteko Memoria, eta jarduera Plana onartzea.

    4. Beharrezko bitartekoak sortzea eta ekimenak egitea, Institutuko jardunaren kalitatea sustatzen eta hobetzen laguntzeko, eta kudeaketa eraginkorra bermatzeko, Europako, Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko programen baitan.

    5. Hala dagokionean Gobernu Kontseiluari EHUko irakasleak eta ikertzaileak Institutuan etengabe sar daitezen proposatzea.

    6. Bisitari eta kolaboratzaile ohorezkoen izendapena proposatzea.

    7. Irakasleen eta ikertzaileen ikerketa jarduerak eta ekimenak babestea.

    8. Institutuko kideen eta lotutako gainerako langileen jarduerari buruzko informazio arrazoitua ematea.

    9. Estatutuetako 141. artikuluan zientzia, teknika eta artearen alorretako lanak egiteko aurreikusten diren kontratuak egiteko baimenak ematea, Kontseiluaren eskumenen esparruan eta Gobernu Kontseiluak onartutako arauei jarraituz betiere.

  2. – Institutuko Kontseiluari dagokio, era berean:

    1. KREIko Zuzendaria hautatzea.

    2. Gobernu Kontseiluari Araudi Proiektua eta, hala dagokionean, Araudia berregiteko proiektua aurkeztea, onar ditzan. Baita ordezkariak hautatzeko arauak ematea ere, Arautegietan jasotako eskumenen esparruan. Aipaturiko hauteskundeak Institutuaren Zuzendaritzak deitu beharko ditu.

    3. Hala dagokionean, kasuan kasuko organoari lankidetza hitzarmenak onartzeko proposamena egitea, bere eginkizunak hobeto betetzeko.

    4. Institutuko jarduerak EHUko ikastegiekin, sailekin eta bestelako institutuekin koordinatzeko programak onartzea.

    5. Hala dagokionean, Institutuari egokitutako gune fisikoak esleitzeko irizpideak onartzea.

    6. Administrazioko eta zerbitzuetako langileei buruzko politikaren berri ematea, Institutuaren eskuduntzen esparruan. Politika hori Gobernu Kontseiluak onartuko du, Errektorearen proposamenari jarraituz.

    7. Beharrezkoak diren batzordeak eta lantaldeak sortzea.

    8. Indarrean dagoen legediak, EHUko Estatutuek eta horiek garatzeko arauek zehaztutako gainerako guztiak; baita eskuordetzen zaizkion gainerakoak ere.

  1. – Bilerak ohikoak eta ezohikoak izan daitezke.

  2. – Deialdiak ohiko bileretarako egingo dira, oro har. KREIko Kontseiluak gutxienez sei hilabetean behin egingo ditu ohiko bilerak.

  3. – Aztertu beharreko gaiak hala eskatzen duenean, edo arau aplikagarriek hala xedatzen duenean, ezohiko bilerak egingo dira. Ezohiko bileretako gai zerrendan ez dira honako gai hauek sartuko: aurreko akten onarpena eta galde-eskeak.

  4. – Presako bilerak ezohikoak izango dira, eta deialdia 24 ordu lehenago egin beharko da gutxienez. Halakoetan, bilera premiazkoa dela berretsi beharko da bileraren hasieran. Berresten ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.

  1. – Kontseiluaren bileretako deialdiak KREIko Idazkaritzak egingo ditu, Zuzendaritzaren aginduz.

    Kontseiluko kideen herenak hala eskatzen badu, bilera deitu beharko da. Bilerak ezohiko izaera izango du, eta zazpi laneguneko epean egin beharko da, eskaera egin denetik hasita.

  2. – Bilerarako deialdia KREIko Idazkaritzak formalizatuko du, aurrerapen nahikoaz eta, gutxienez ere, bilera egin baino hiru egun lehenago. Bilera non eta zein ordutan egingo den eta bertan zein gai aztertuko diren adieraziko da deialdian. Gai zerrendari buruzko dokumentazioak aurrerapen nahikoaz egon beharko du organoko kideen eskura, eta, edonola ere, bilera egin baino 24 ordu lehenago.

  3. – Edonola ere, gai zerrendako puntuak zehatz-mehatz adieraziko dira deialdietan. Puntu horien artean egongo dira bilera egin baino zazpi lanegun lehenago gutxienez organoko kideen laurdenak idatziz eskatutakoak. Bileran ezin izango da gai zerrendan agertzen ez diren puntuei buruzko erabakirik hartu; hala ere, bileran organoko kideen bi heren baino gehiago badaude, eta bertaratutakoen gehiengo osoak gaia premiazkoa dela aitortzen badu, erabakiak hartu ahal izango dira.

  4. – Deialdia jendaurrean egingo da, KREIko kide guztiek haren berri izan dezaten.

  1. – KREIko Kontseilua balioz sortzeko beharrezkoa da kideen gehiengo osoa egotea lehen deialdian, edo gutxienez kideen herena egotea bigarren deialdian. Lehen eta bigarren deialdien artean ordubeteko epea errespetatu beharko da.

    Edonola ere, Zuzendariak eta Idazkariak (edo horien ordezkoek) bertan izan beharko dute.

  2. – Botoa Kontseiluko beste kide baten esku utzi ahal izango da. Kide anitzeko organoko kide bakoitzak besteren esku utzitako boto bakarra eman ahal izango du. Kontseilua sortzeko quorum-era iristeko ez dira besteren esku utzitako botoak zenbatuko. Botoen eskuordetzeak idatziz formalizatu beharko dira, eta idatzi hori bilerako Aktaren eranskinetan sartu beharko da.

  3. – Kontseilua bigarren deialdian osatzeko beharrezko quoruma bozketa guztietan mantendu beharko da.

  1. – Lehendakariari dagokio bileran gorabeherarik izan ez dadin bermatzea. Bilera edozein unetan utzi ahal izango du bertan behera, horretarako arrazoirik balego.

  2. – Eztabaidak gai zerrendari lotuko zaizkio. Dena den, KREIko Kontseiluak bileraren ordena aldatzea erabaki dezake, hori beharrezkotzat jotzen bada eta bileraren buruak hala proposatzen badu.

  3. – Beharrezkotzat jotzen bada, Lehendakaritzak eztabaidaren iraupena edo gai jakin bati buruzko esku-hartzeak mugatu ahal izango ditu, bozketak egin aurretik.

  4. – KREIko Kontseiluko kideek euren boto partikularra eta hori justifikatzen duten arrazoiak aktan agerraraz ditzakete; azalpen horiek idatziz eman beharko dituzte bozketa unean. Unibertsitateko beste organo batzuei egindako proposamenak direnean, kideen boto partikularrak beti agerraraziko dira proposamen horiekin batera.

  5. – Lehendakaritzak, egoki deritzonean, Kontseiluko kide ez diren pertsonak gonbidatu ahal izango ditu bileretara, gai zerrendako punturen batekin zerikusia duen eta kide anitzeko organoaren interesekoa izan daitekeen iritzia edo informazioa emateko. Aktan adierazi egingo da bileran gonbidatuak izan direla. Gonbidatuek ez dute botoa emateko eskubiderik izango.

  1. – Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen gehiengo soila beharko da, Estatutuek, araudi honek, edo bestelako lege edo arau xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen duten kasuetan izan ezik. Ondorioz, proposamen bakarra eginez gero, onartu egingo da aldeko botoak aurkakoak baino gehiago badira. Bi proposamen eginez gero, berriz, aldeko boto gehien lortzen dituena onartuko da. Bi proposamen baino gehiago eginez gero, emandako botoen gehiengoa lortzen duena onartuko da, edo bestela, lehenengo bozketan boto gehien lortu dituzten bi proposamenen artean bigarren bozketan boto gehien lortu dituena. Berdinketa izanez gero, berriro egin beharko da bozketa; orduan ere berdinketa izanez gero, lehendakaritzak kalitatezko botoa eman beharko du.

  2. – Bozketa beti isilpekoa izango da kide anitzeko organoko kideren batek hala eskatzen badu edo, edonola ere, pertsonei buruzkoa bada.

  3. – Aurkako botoa ematen dutenak Kontseiluak hartutako erabakietatik ondoriozta daitekeen erantzukizunetik salbuetsita geratuko dira, erabaki horren aurkako arrazoiak adierazten badituzte. Horretarako, bozketa isilpekoa denean, boto txartelarekin batera aurkako botoa ematearen arrazoia azaltzen duen testua eman beharko dio interesdunak bilerako Idazkariari. Botoa eta testua aktari atxikiko zaizkio. Halaber, botorik ematen ez dutenak ere erantzukizunetik salbuetsita geratuko dira.

  1. – Bileraren akta idazkariak egingo du. Akta bileran bertan edo hurrengo bileran onartu beharko da, eta bigarren kasu horretan aktaren zirriborroa hurrengo bilerako gai zerrendari buruzko dokumentazioari atxikiko zaio. Akta onartu ostean, Idazkariak sinatu egingo du Lehendakaritzak ontzat eman ondoren.

  2. – Aktan honako hauek jaso beharko dira, nahitaez: bileran izan diren kideen zerrenda (eta bilera amaitu aurretik alde egin dutenen berariazko aipamena), gai zerrenda, bilera tokia eta ordua, aztertutako puntuak, bozketa modua eta emaitzak, hartutako erabakien edukia, eta, hala dagokionean, arrazoiaren azalpen laburra.

  3. – Kide anitzeko organo interesduneko kideek hala eskatzen badute, kasuan kasuko boto partikularrak ere jasoko dira aktan. Kide anitzeko organoko edozein kidek eska dezakete bere parte hartzea edo proposamena aktan hitzez hitz jaso dadin, baldin eta unean bertan edo organoko Lehendakaritzak adierazitako epean idatziz aurkezten badu.

  4. – Kide anitzeko organoko kideek akta aldatzea proposatu dezakete, hori onartzeko unean. Idazkariak egiaztatu egingo ditu proposatutako aldaketak, eta gehiengoak aldeko botoa ematen badu onartu egingo dira.

  5. – Kide anitzeko organoa berritu aurretik, onartzeke dauden akta guztiak onartzeko bilera deitu beharko da. Bilera hori egiterik ez bada, akten zirriborroak kide anitzeko organoko kide zirenei bidaliko zaizkie, eta hamar eguneko epea izango dute edukiari buruzko erreklamazioak egiteko. Epe hori igarotakoan edukiari buruzko erreklamaziorik aurkezten ez bada, aktak onartutzat emango dira; erreklamaziorik balego, berriz, kide anitzeko organo berriak onartu beharko ditu hurrengo bileran.

  6. – Onartu ostean, KREIko kideei posta elektronikoz bidaliko zaizkie aktak eta Idazkaritzan utziko dira nahi duenak kontsultatu ahal izateko. Edonola ere, pertsonen intimitatea babestuko da. Bide elektronikoak erabiltzeko orduan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 45. artikuluan xedatzen dena beteko da.

  1. – Idazkariak kide anitzeko organoak hartutako erabakien fede emango du eta kasuan kasuko ziurtagiriak egingo ditu.

  2. – Hartutako erabakiak KREIko iragarki taulan argitaratuko dira, hiru laneguneko epean gehienez ere. Edonola ere, pertsonen intimitatea babestuko da.

  3. – Arestian aipatutakoari kasurik egin gabe, pertsonei buruzko edozein erabaki dagokionari jakinarazi beharko zaio. Jakinarazpen hori Administrazio Prozeduraren Legean xedatutakoari jarraituz egin beharko da. Erabakiak jakinarazten den unetik aurrera izango du eragina.

  1. – Kide anitzeko organoak hartutako erabakiek onartzen direnetik aurrera izango dute eragina, baldin eta ebazpenetan bestelakorik xedatzen ez bada. Erabakiak publikoak dira eta dagozkion organoei horien berri emango zaie.

  2. – Oinarrizko Arautegiko II. tituluko II. Ataleko IV. Kapituluan zerrendatzen diren kide anitzeko organoen erabakien aurkako gorako helegiteak hilabeteko epean aurkez dakizkioke Errektoreari.

  1. – KREIko Zuzendaria institutuaren ordezkaria da eta institutuaren zuzendaritza eta kudeaketa arruntaz arduratzen da.

  2. – Zuzendaria KREIn modu iraunkorrean sartu diren EHUko irakasle eta ikertzaile doktoreen artean aukeratzen da.

  3. – Oinarrizko Araudiko 30,5 artikuluan xedatutakoaren arabera, eta Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako Batzordeak positiboki ebaluatu badu, KREIko Zuzendaria irakats betebeharretatik salbuetsi ahal izango da, EHUko Kontseiluaren proposamenari jarraituz Gobernu Kontseiluak zehazten dituen baldintzen arabera.

    24 bis artikulua.– KREIko Zuzendaria izendatzea eta kargua uztea.

  1. – Errektoreari dagokio KREIko Zuzendaria izendatzea.

  2. – KREIko Zuzendaria aukeratzeko hauteskundeak KREIko Kontseiluak deituko ditu, Zuzendariaren agintaldia amaitu baino hilabete lehenago. Zuzendariak beste arrazoiren batengatik kargua utzi badu, hilabete igaro baino lehen deituko ditu hauteskundeak. KREIko Kontseiluak hauteskunde egutegia onartuko du, EHUko Hauteskunde Araudiak xedatzen duena errespetatuz.

  3. – Zuzendaria KREIko kontseiluaren ezohiko bileran aukeratuko da. Lehen txandan botoen gehiengo osoa eskuratzen duen hautagaia aukeratuko da. Bigarren txandan, berriz, boto gehien eskuratu dituzten hautagaiek bakarrik hartuko dute parte, eta boto gehien eskuratzen dituena aukeratuko da. Berdinketa izanez gero, berriro egin beharko da bozketa; orduan ere berdinketa izango balitz, KREIko Kontseiluak Institutuaren gobernagarritasuna bermatzeko beharrezko neurriak hartuko ditu.

  4. – Zuzendariaren agintaldia lau urtekoa izango da, eta berriztatu egin ahal izango da.

  5. – Zuzendariaren kargu uztea Estatutuetako 250. artikuluko arrazoiren batengatik gertatuko da.

    Artikulu horren arabera Unibertsitateko Klaustroari dagokion zentsura mozioa Institutuko Kontseiluari dagokio kasu honetan. Zentsura mozioa idatzi arrazoitu bidez aurkeztuko da Institutuko Idazkaritzan, gutxienez KREIko Kontseiluko kideen % 20k sinatuta, eta Zuzendari izateko hautagai baten izena eman beharko da bertan. Zentsura mozioa aurkeztutakoan eta eskatzen diren baldintzak betetzen dituela egiaztatuta, 72 orduko epean Institutuko Kontseiluaren ezohiko bilera egiteko deia egingo du Zuzendariak. Zentsura mozioa aurkezten denetik hamabost egun igaro baino lehen egin beharko da bilera hori. Bilera hasteko, zentsura mozioari buruzko azalpenak emango ditu mozioa sinatu duen Kontseiluko kideetako batek. Ondoren hautagaiak hartuko du hitza, bere proposamena egiteko eta azaltzeko. Zuzendariak erantzun ondoren, hitza eskatzen duten Kontseiluko kideak mintzatuko dira, txandaka, alde eta aurka. Zentsura mozioa onartutzat joko da Kontseiluko kideen gehiengo osoz. Mozioa onartutakoan, Zuzendariak kargua uzteko eta Zuzendari berria izendatzeko proposamena Errektoretzan aurkeztuko da.

  1. – KREIko Zuzendariari dagozkio honako eginkizun hauek:

    1. KREIko ordezkaria izatea.

    2. Institutuko Kontseiluko buru izatea, gai zerrenda egitea eta deialdia egiteko agindua ematea.

    3. Institutuko kideen eskariak eta iradokizunak jaso eta bideratzea.

    4. Institutuko administrazioko eta zerbitzuetako langileak funtzionalki zuzentzea.

    5. Institutuko urteko Memoria, jarduera Plana eta Txosten ekonomikoa egitea.

    6. KREIko Kontseiluak hartutako erabakiak betearaztea eta Institutuak eta bertako kideek euren eginkizun akademikoak behar bezala gauzatzen dituztela bermatzea.

    7. Zientzia, teknika, giza zientzia edo artearen alorretako ikerlanak egiteko kontratuak sinatzea.

    8. Isilpeko informazioa jendaurrean jakinarazteko agindua ematea eta diziplina espedientea abiarazteko proposamena egitea.

    9. Zuzendariordeak hautatzea eta Errektoreari KREIko Idazkaria izendatzeko proposamena egitea.

    10. Institutuko gainerako organoen esku ez dauden eginkizunak, unibertsitateko gobernu organoek eskuordetutakoak, edo Estatutuek edo indarrean dagoen legediak emandakoak.

  2. – Zuzendariaren eginkizuna izango da, era berean, lankidetza hitzarmenak sinatzea, Gobernu Kontseiluaren jarraibideek xedatutako baldintzei jarraituz.

KREIko Zuzendariordeari dagokio Zuzendariaren ordezko izatea, hori kanpoan denean. Zuzendariak izendatuko du, KREIko Kontseiluari entzun ondoren.

  1. – Idazkaria Errektoreak izendatuko du, KREIko Zuzendariaren proposamenari jarraituz. Lanean ari den irakasle edo ikertzaile bat izendatuko du Idazkari.

  2. – Idazkariak kargua uzteko arrazoiak honako hauek izan daitezke: dimisioa, heriotza, legezko ezgaitasuna, Institutuko kide izateari uztea, eta Errektorearen ebazpena (Zuzendariak proposatuta).

  3. – Idazkariari dagokio Institutuko idazkaritzak berezkoak dituen eginkizunak betetzea eta Zuzendariari laguntzea.

  4. – Idazkariak eman beharko du Institutuko kide anitzeko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoen egintzen eta erabakien fede. Halaber, akta liburuak egin eta zaintzeaz arduratuko da, eta ziurtagiriak egingo ditu (erabakienak eta KREIko dokumentazio ofizialean jasota dauden egintzenak edo gertakarienak).

  5. – Idazkariak, ikasturte bakoitzaren amaieran, ikasturtean egindako ikerketa lanei, ikertzaileak trebatzeko jarduerei eta horien emaitzei buruzko memoria aurkeztuko dio Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako Batzordeari, horrek landutako eredu orokorrari jarraituz. Aldez aurretik, Institutuko Kontseiluak onartu beharko du memoria hori.

  1. – KREIren finantzazioa honako hauen bidez bermatuko da: Institutuak berak sortutako baliabideen bidez, eta EHUk ikerketa gastuei aurre egiteko, Institutuaren oinarrizko funtzionamendua bermatzeko, eta hala dagokionean, EHUko programazio orokorreko parte diren irakaskuntza jarduerak egiteko emandako aurrekontu partidaren bidez.

  2. – Oinarrizko Araudiko 33.1 artikuluan xedatzen denari jarraituz, EHUko aurrekontu orokorretan zuzkidura berezia izango du KREIk, eta bere kabuz kudeatuko du.

  1. – KREIko aurrekontu orokorra bertako kontseiluak zehaztutako moduan banatu eta kudeatuko da.

  2. – EHUk esleitutako aurrekontu partidaz gain, honako hauek ere osatuko dute aurrekontua:

    1. Institutuak antolatu eta egiten dituen irakaskuntza eta ikerketa jardueren etekin garbiek, eta jarduera horietatik sortutako produktuak ustiatzetik datozenek.

    2. Zientzia, teknika eta arte lanen arloetako lanak egiteko, espezializazio ikasketak emateko eta prestakuntzako ekimen espezifikoak egiteko kontratuetatik sortutako diru sarreretatik dagokion zatiak.

    3. Helburu jakin batzuetarako jasotzen dituzten diru laguntzek, zehaztutako baldintzen arabera.

    4. Institutuak berariaz eta espezifikoki jasotako dohaintzek eta legatuek, ezarritako baldintzei jarraituz.

KREIko jarduera ekonomikoa EHUko sarreren eta gastuen aurrekontuak xedatutakoaren arabera mamituko da, eta Unibertsitateko aurrekontuak betetzeko arauetan xedatutakoari jarraituz.

  1. – Araudi hau berregiteko ekimenak bertako Zuzendariari edo KREIko Kontseiluko kideen % 30ari (gutxienez) dagozkio.

  2. – Horretarako, ordezko testua edo testu gehigarria aurkeztu beharko da, proposamena nork egiten duten adieraziz.

  3. – Araudia berregiteko proposamena KREIko Kontseiluko kideek egiten dutenean, gehienez ere hilabeteko epean KREIko Kontseiluaren bilera egiteko deia egingo du Institutuko Zuzendariak, Kontseiluak berregite horri buruzko iritzia eman dezan.

  4. – Berregitea Kontseiluaren ezohiko bileran onartu beharko da (xede horretarako deitutako bileran), eta horretarako KREIko Kontseiluko kideek emandako boto baliodunen gehiengo osoa beharko da. Ondoren, legaltasun kontrola egindakoan, Gobernu Kontseiluari aurkeztuko zaio, ontzat eman dezan.

  1. – Gobernu Kontseiluak Estatutuetako 206. artikuluak aipatzen duen Unibertsitate Institutuen oinarrizko funtzionamenduaren edukia eta finantzazio sistema ahalik eta azkarren arautzea helburu izanik, KREIko Kontseiluak, gainerako Unibertsitateko Ikerketa Institutuekin batera, KREIko Zuzendaritzak egin beharreko gestioak bultzatuko ditu.

  2. – Ere berean, EHUko Gerentziak Oinarrizko Araudiko Bigarren Xedapen Gehigarrian xedatzen dena betetzeko egin beharreko gestioak bultzatuko ditu KREIko Kontseiluak. Xedapen hori Unibertsitate Institutuek administrazioko eta zerbitzuetako langileen inguruan dituzten beharren zehaztapenari eta gaur egun bertan kontratatuta dauden langileen egoeraren azterketari buruzkoa da, hain zuzen ere.

  3. – Gauza bera egingo da Oinarrizko Araudiko Laugarren Xedapen Gehigarrian xedatzen dena betetzeko helburuz. Xedapen hori berezko Unibertsitateko Ikerketa Institutuetako Zuzendariak irakats betebeharretatik salbuesteko araudiari buruzkoa da, hain zuzen ere.

  1. – Ikastegiak funtzionamendu eta antolamendu arloan duen autonomiarekiko begirunea gorabehera, KREIk Delinkuentziaren, Marjinalitatearen eta Gizarte Harremanen Nazioarteko Ikerketa Zentroak (DMS International Research Centre) egiten dituen jarduerak babestuko ditu. Zentro hori Kriminologiaren Nazioarteko Elkartearen eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko hitzarmenaren bidez sortu zen, KREIk hala proposatuta. KREI zentro horrekin batera arituko da, sinergiak sortzearren eta Kriminologia arloko ikerketa eta heziketa gehiago garatzeko laguntza ematearren.

  2. – Xede horretarako, KREIko kide bakarreko zuzendaritza organoen eta zentro horretako zuzendaritza organoen arteko bilerak egingo dira aldizka.

  1. – Araudi hau indarrean sartzen denetik hilabete igaro baino lehen, KREIko Kontseilua berritzeko hauteskundeetarako deialdia egingo du Kontseiluak berak.

  2. – KREIko Kontseilu berria osatu eta hilabete baten buruan Kriminologiaren Euskal Institutuko Zuzendari berria aukeratzeko hauteskundeetarako deia egingo da.

Indargabetuta geratu da EHUko Gobernu Batzarrak 1993ko martxoaren 12an onartu zuen Kriminologiaren Euskal Institutuko Barne Funtzionamenduko Araudia.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.