Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2007ko uztailaren 24koa, Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena. Honen bidez agindua ematen da Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Sailaren Arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 160
  • Hurrenkera-zk.: 4711
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2007/07/24
  • Argitaratze-data: 2007/08/21

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Sailak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Unibertsitateak bere araubide propioa dauka erakundea antolatzeko, bere interesen defentsan aritzeko balio diona, Konstituzioak 27.10. artikuluan onartzen duen unibertsitateen autonomiatik eratorria. Araubide horri atxikita dago bere arauak egiteko erakundeak daukan ahalmena. Ahalmen horrez baliatuta, Unibertsitateak bere Estatutuak dauzka, erakundearen antolaketaren ezaugarri berezi diren arlo eta organoak erregulatzen dituzten oinarrizko arauak.

Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuetako 199. artikuluak dioenez, sailek arautegi bat izango dute euren gobernurako. Arautegia Saileko Kontseiluak egingo du, Gobernu Kontseiluak emandako oinarrizko arautegiari jarriki. Bestalde, Sailen Oinarrizko Arautegiko 4.2. artikuluak idazkari nagusiari eskuordetzen dio arautegiak onesteko eskumena, baldin eta txosten guztiak aldekoak izanik berariazko eskaririk egin ez bada Gobernu Kontseiluan aurkezteko.

Gobernu Kontseiluak ekainaren 21ean egin zuen bileran jakinarazi zen Fisiologia Sailaren arautegiari buruzko txosten guztiak aldekoak zirela eta, beraz, interesatuek zazpi eguneko epea zutela arautegia Gobernu Kontseilura bidaltzea eskatu nahi bazuten. Aipatutako epea igaro denez eskaerarik aurkezteke, arautegia onartutzat eman behar da, idazkari nagusiaren erabakiaren bidez (Sailen Oinarrizko Arautegiko 4.2. artikuluak eskuordetutako eskumena).

2004ko martxoaren 12an Euskal Unibertsitate Sistemaren 2004ko otsailaren 25eko 3/2004 Legea argitaratu zen. Lege horrek 10.2. artikuluan dioenez, unibertsitateko gobernu organoek ematen dituzten aplikazio orokorreko xedapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko ditu unibertsitateak, eta ez dira jarriko indarrean beren testu osoak argitaratu arte.

Aipatutako guztia kontuan hartuta, honako hau

  1. – UPV/EHUko irakaskuntza programazioari eta ikastegien antolakuntzari jarraiki, Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saila, UPV/EHUk hala agindurik, Ekialde Urruneko Hizkuntza eta Kultura, Euskal Filologia, eta Hizkuntzalaritza Orokorra jakintza arloetako irakaskuntza koordinatu eta emateaz arduratzen da dagozkion ikastegi eta tokietan, eta baita irakasleen irakaskuntza eta ikerketa eginkizunak eta ekimenak laguntzeaz ere. Sailaren funtzionamenduak eta erabakiek UPV/EHUko Estatutuetako, Sailen Oinarrizko Arautegiko eta aplikatu beharreko gainerako arauetako xedapenak errespetatuko ditu.

  2. – Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saila berezkoa da egun, eta UPV/EHUren egituran eta antolamenduan dago erabat txertatuta.

  1. Ekialde Urruneko Hizkuntza eta Kultura, Euskal Filologia, eta Hizkuntzalaritza Orokorra jakintza arloetako irakaskuntza koordinatu eta ematea, hirugarren zikloko, doktoregoko eta berezko tituluak edo titulu espezializatuak lortzeko ikasketak antolatu eta garatzea.

  2. Ekialde Urruneko Hizkuntza eta Kultura, Euskal Filologia, eta Hizkuntzalaritza Orokorra jakintza arloetako ikerkuntza sustatu eta laguntzea.

  3. Lankidetzan jardutea UPV/EHUko eta beste erakunde publiko edo pribatuetako sailekin, ikastegiekin eta unibertsitateko ikerketa institutuekin, bai irakaskuntzaren arloan bai ikerketan.

  4. Zientziaren, teknikaren, giza zientzien edo artearen alorreko eginkizunak sustatzea, bai eta espezializazioko edo unibertsitate hedakuntzako ikastaroak ere, eta horretarako behar diren lanak kontratatu eta burutzea, indarrean dagoen legediaren esparruan betiere.

  5. Sailkideen eguneratze zientifikoa eta pedagogikoa sustatzea zuzenean edo beste sail eta ikastegi batzuekin batera.

  6. Aurrekontua kudeatzea, baliabideak administratzea eta Saileko langileak gidatzea.

  7. Urteko plana garatu eta betetzea.

  8. Urteko memoria egitea.

  9. UPV/EHUko gainerako organoei eginkizunak betetzen laguntzea.

  10. Ikasketa planak egiten eta Saileko jakintza arloetan eragina duten gainerako eginkizun guztietan ere parte hartzea, bere eskumenen esparruan betiere.

  11. UPV/EHUn euskararen erabilera sustatzea, sailak eskumena eta eginkizuna dituen eremuetan.

  1. – Sailaren egoitza administratiboa Gasteizko Filologia eta Geografia-Historia fakultatean dago.

  2. – Gobernu Kontseiluaren baimena behar da egoitza aldatzeko, eta aldaketa egitekotan arautegi honen 51. artikuluan aurreikusten den bidetik egingo da.

Araubide juridikoari dagokionez, Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Sailak arautegi honi jarraitzen dio, eta arautegi honetan xedatzen ez den orotarako Sailen Oinarrizko Arautegiari eta UPV/EHUko Estatu Orokorrei eta dagokion bestelako legeriari lotuko zaie.

Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saila Ekialde Urruneko Hizkuntza eta Kultura, Euskal Filologia eta Hizkuntzalaritza Orokorra jakintza arloek osatzen dute.

  1. – Honako hauek dira saileko kideak: sailari atxikitako irakasleak, ikertzaileak eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak edo sailak bere baliabideen kontura kontratatutakoak, baita bekadunak, hirugarren zikloko ikasleak eta lehen eta bigarren zikloetako ikasleen ordezkariak ere.

  2. – Sailkide guztien atxikipenari eta atxikipen-aldaketari dagokienez, saila Sailen Oinarrizko Arautegiko 9. artikuluko 9.2, 9.3, 9.4, eta 9.5 ataletan xedatukoari lotuko zaio.

  1. – Sailaren gobernua kontseiluari eta zuzendariari dagokie.

  2. – Saileko kontseilua eta Batzorde Iraunkorra dira saileko kide anitzeko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoak.

  3. – Zuzendaria eta idazkari akademikoa dira saileko kide bakarreko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoak.

  4. – Artikulu honen 2. atalean aipatzen diren kide anitzeko organoen osaera eta eginkizunak titulu honen bigarren kapituluan jasotzen dira berariaz.

  1. – Honako hauek dira saileko kontseiluko kideak: zuzendaria, idazkaria, saileko irakasle funtzionario eta lan kontratuko irakasle iraunkor guztiak, irakasle doktore ez iraunkor guztiak, sailera atxikitako doktore guztiak, sailera atxikitako gainerako irakasleen hiru ordezkari, hirugarren zikloko ikasleen ordezkari bat, bigarren zikloko ikasleen ordezkari bat, lehenengo zikloko ikasleen ordezkari bat eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

  2. – Irakasleen, ikertzaileen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkarien agintaldia lau urtekoa da. Ikasleen ordezkarien agintaldia urtebetekoa da.

  3. – Sailera atxikitako gainerako irakasleen ordezkariak irakasleek eurek aukeratu behar dituzte euren artean.

  4. – Lehenengo eta bigarren zikloko ikasleen ordezkarien agintaldia urtebetekoa da, eta saileko irakasleek eskolak ematen dituzten ikastegietako ikasle kontseiluen bitartez aukeratu behar dira, Ikastegietako Ikasle Kontseiluen Oinarrizko Arautegiak xedatutako prozedurari jarraiki.

  5. – Hirugarren zikloko ikasleen ordezkaria saileko zuzendaritzak deituta urtero, abenduan, egingo den bileran aukeratu behar da. Bilerara honakoak deituko dira: saileko graduondoko berezko tituluetan eta doktorego programetan eta tesietan matrikulatutako ikasle guztiak eta sailera atxikitako ikerketako bekadunak. Horretarako, saileko zuzendaritzak bilera horretara deitu beharreko ikasleen errolda eskatuko dio hala dagokion zerbitzuari.

Ordezkari eginkizunak pertsonalak eta besterenezinak dira, eta honako hauek dira ordezkari izateari uzteko arrazoiak:

  1. Hiltzea edo ezintasunen bat izatea.

  2. Hauteskundeak baliogabetzea.

  3. Agintaldia amaitzea.

  4. Dimisioa aurkeztea.

  5. Ordezkaria aukeratu zuen sailekoa edo taldekoa izateari uztea.

  6. Organoen elkarren segidako hiru bileratara edo txandakako bost bileratara justifikatu gabe huts egitea.

  1. – Honako hauek dira saileko kontseiluaren eginkizunak:

    1. Saileko zuzendaria hautatzea arautegi honek xedatutakoari jarraiki.

    2. Urteko txosten ekonomikoa, Saileko irakaskuntzaren eta ikerketaren memoria eta eginkizunen plana onartzea.

    3. Urteko irakats eskaintza programatu eta ebaluatzeko irizpideak onartzea.

    4. Saileko langileei irakats betebeharrak eta balizko aldaketak esleitzea, arautegi honetako 37. artikuluari eta hurrengoei jarraiki.

    5. Irakasgaien oinarrizko programak ezartzea kasuan kasuko ikasketa planaren barruan.

    6. Hirugarren zikloko, doktoregoko eta gainerako ikasketetako (unibertsitateko berezko tituluetara bideratutako ikasketak izan edo ez) eskaintzak proposatzea, kasuan kasuko proposamenak eginez eta euren gain dituzten programen ezarpen eta koordinazio akademikoaz arduratuz. Edonola ere, doktorego programetako irakats zama kasuan kasuko sailak entzun ondoren esleitu behar da.

    7. Legediak baimentzen dituen baldintzetan, doktorego tesiak ebaluatu behar dituzten pertsonak izendatzeko proposamenak onartzea, baita bestelako epaimahaietako kideak ere.

    8. Irakasleei eta ikertzaileei ikerketa eginkizunetan eta ekimenetan laguntzea.

    9. Plaza berriak eskatu eta saileko langileen lanpostuen zerrendan egin beharreko aldaketak proposatzea.

    10. Irakasleen lanari buruzko txosten arrazoituak egitea, irakaskuntza merezimenduak eskuratu eta kontratuak berritze aldera.

    11. Zientziaren, teknikaren eta artearen alorreko lanak egiteko Estatutuetako 141. artikuluan xedatutako kontratuak egiteko baimenak ematea, betiere, sailen eskumenen esparruan eta Gobernu Kontseiluak onartutako araudiari jarraiki.

    12. Venia docendi eman behar bada, baimen hori aurrez jakinaraztea.

    1. Beharrezko bitartekoak sortu eta ekimenak egitea, saileko unibertsitate jardunaren kalitatea sustatu eta hobetzeko, euskarazko jarduerari berebiziko garrantzia ematen zaiolarik, bai eta kudeaketa eraginkorra bermatzeko ere Europako, Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko programen baitan. Horretarako, Unibertsitatean ezarritako ebaluazio prozesuak sustatu eta horietan parte hartuko du.

  2. – Orobat, honako eginkizun hauek ere baditu saileko kontseiluak:

    1. Gobernu Kontseiluari arautegiaren proiektua eta, dagokionean, arautegiaren erreforma proiektuak aurkeztea.

    2. Irakaskuntzaren ezaugarriak kontuan hartuta egoki denean, irakaskuntzaren zati bat beste erakunde batzuetan emateko proposamena egitea Gobernu Kontseiluari, Gobernu Kontseiluak baimendutako hitzarmeneko baldintzei jarraituz.

    3. Ikastegiekin jarduerak koordinatzeko programak onartzea.

    4. Dagokionean, sailaren gune fisikoak esleitzeko irizpideak onartzea.

    5. Saileko arautegian jasotako eskumenen esparruan, ordezkariak hautatzeko arauak ematea. Saileko zuzendaritzak deituko du hauteskundeetara, Hauteskunde Araubide Orokorrean xedatutakoari jarraiki.

    6. Indarrean dagoen legediak, UPV/EHUko Estatutuek eta horiek garatuko dituzten arauek zehaztutako gainerako guztiak, baita eskuordetzen zaizkionak ere.

  1. – Arautegi honek kontseiluaren Batzorde Iraunkorra sortu beharra xedatzen du, kontseilukideen kopurua kontuan izanda, eta batzorde hori zuzendariak, idazkariak eta bederatzi irakaslek osatuko dute.

  2. – Gainera, bekadunen eta ikasleen ordezkari batek eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari batek hartuko dute parte batzorde iraunkorrean, eta biak kontseiluko kideen artean hautatuko dira.

  3. – Artikulu honen ondorioetarako, bekadun lankideak ez dira bekaduntzat hartuko.

  4. – Batzorde iraunkorreko ordezkariak Hauteskunde Arautegi Orokorrean xedatutakoari jarraiki aukeratuko dira.

  5. – 9. artikuluan araututako arrazoiren bat badago, batzorde iraunkorreko ordezkariek ordezkari izateari utziko diote.

  1. – Batzorde Iraunkorraren eginkizunak izango dira kontseiluak artikulu honetako 2. eta 3. ataletan xedatuak eta kontseiluak unean-unean eskuordetzen dizkionak. Edonola ere, eskuordetutako eginkizunek ezin izango diote kalterik egin Estatutuetako 286.1. artikuluko a), b) eta c) letretan zehaztutakoari, sailaren arautegia onartzeari, ez eta Estatutuek edo unibertsitatearen gaineko legedia orokorrak kontseiluaren eskumen esklusibo eta eskuordetu ezintzat jotzen dituen eginkizunei ere. Estatutuetako 286.1. artikuluko a), b) eta c) letrek hauxe diote, hurrenez hurren: "Saileko zuzendaria hautatzea", "Urteko txosten ekonomikoa, saileko irakaskuntza eta ikerketaren memoria, eta eginkizunen plana onartzea", "Urteroko irakats eskaintza programatu eta ebaluatzeko irizpideak onartzea".

  2. – Estatutuetako 286.1. artikuluko d) eta i) letretan aipatutako eginkizunak ("Irakasleei irakats betebeharrak esleitzea, eta hor egon daitezkeen aldaketak ere antolatzea" eta "Plaza berriak eskatzea, eta bertako langileen lanpostuen zerrendan egin beharreko aldaketak proposatzea", hurrenez hurren) ezingo ditu Batzorde Iraunkorrak bete, honako kasuan izan ezik: zuzendariak kontseilu bilera deitu eta behar bezalako quorumik lortzen ez duenean. Aipatu bi artikuluoi dagozkien erabakiek emandako baliodun botoen gehiengo absolutua izan beharko dute alde.

  3. – Arautegi honek xedatzen du, kontseilu bilerarik ez dagoen bitartean, kontseiluak saileko Batzorde Iraunkorrari 11. artikuluan adierazitako eginkizun guztiak eskuordetzen dizkiola, aurreko 12.1 eta 12.2 paragrafoetan salbuetsitako eginkizunak izan ezik. Batzorde Iraunkorrak sailaren ibilbidea bermatzea izango du helburutzat, bereziki kontseilua biltzea zaila edo ezinezkoa den kasuetan. Batzorde Iraunkorrak hartzen dituen erabakiak bete beharko dira kontseiluak berretsi edo aldarazi bitartean.

  4. – Saileko kontseiluko kideek Batzorde Iraunkorrak hartutako erabakien berri izan behar dute unean-unean.

  1. – Doktorego Batzordea honakoek osatuko dute: saileko zuzendariak edo berak izendatzen duen ordezkoak, sailak parte hartzen duen doktorego programaren edo programen arduradunek, irakasle doktore bik, eta hirugarren zikloko ikasleen ordezkariak.

  2. – Doktorego Batzordearen zereginak hauek dira, besteak beste:

    1. Hirugarren zikloko ikasketen programak egin eta kudeatzea, sailaren eginkizuna den neurrian.

    2. Sailak parte hartzen duen doktorego programen arteko koordinazio lanak egitea.

    3. Doktorego tesien eta ikerkuntza gaitasunarekin lotutako ikerlanen tramitazioa kudeatzen laguntzea.

    4. Tesi-zirriborroez iritzia ematea edo txostenak egitea.

    5. Doktorego programen finantzabideak aurkitzen laguntzea.

    6. Doktorego ikasleen baliozkotze eta amortizazio eskaerak aztertzea, kontseilura eraman aurretik.

    7. Tesi epaimahaiak berrikustea, kotseilura eraman aurretik.

    8. Lizentziatura ondoko UPV/EHUren edozein jarduera, berau sailaren eginkizun eta eskumenetan sartzen den neurrian.

    9. Hirugarren zikloko ikasketei dagokien guztiaz txostenak eta erabaki-proposamenak egitea eta iritzia ematea.

  3. – Doktorego arloari dagozkion erabakiak hartzeko orduan, saileko kontseiluak kontuan har ditzake Doktorego Batzordearen txostenak.

  1. – Ekonomia Batzordea zuzendariak edo berak izendatzen duen ordezkoak, saileko idazkariak, saileko AZPko langileen ordezkariak eta kontseilukide diren irakasle bik osatuko dute. Irakasleen ordezkariek urte biko agintaldia izango dute, baina urtero ordezkari bat aldatuko da.

  2. – Ekonomia Batzordearen zereginak hauek dira, besteak beste:

    1. Sailaren diru-sarrera eta gastuen aurreikuspenak eta aldizkako jarraipena egitea;

    2. Sailean gastuak egiteko irizpideak ezartzea eta sailkide guztiei honen berri ematea;

    3. ekonomia gaietan zuzendari eta idazkariari laguntza ematea;

    4. ekonomia gaiei dagokienez txostenak eta erabaki-proposamenak egitea eta iritzia ematea.

  3. – Ekonomia arloari dagozkion erabakiak hartzeko orduan saileko kontseiluak kontuan har ditzake Ekonomia Batzordearen txostenak.

  1. – Irakaskuntza Batzordea zuzendariak edo berak izendatzen duen ordezkoak, eta kontseilukide diren lau irakaslek osatuko dute; lau horietatik bat gutxienez Euskal Filologia jakintza arlokoa izango da eta beste bat Hizkuntzalaritza Orokorra jakintza arlokoa. Irakasle kide hauek urte biko agintaldia izango dute, baina urtero kideen erdia berrituko da.

  2. – Irakaskuntza Batzordearen zereginak hauek dira, besteak beste:

    1. irakaskuntza eta irakasgaiak koordinatzearekin zerikusia duten gaien jarraipena egitea.

    2. irakasgaien programak koordinatzea.

    3. irakats eskaintza prestatu eta koordinatzea.

    4. irakasgaietan, behar denerako, material osagarriak eskura daudela ziurtatzea.

    5. egoera berezian dauden ikasleen jarduera akademikoaerraztea.

    6. ikasleen aldetik irakaskuntzarekin egon daitezkeen kexak bideratzea.

    7. irakasgaien inguruan txostenak eta erabaki-proposamenak egitea eta iritzia ematea.

  3. – Irakaskuntza arloari dagozkion erabakiak hartzeko orduan, saileko kontseiluak kontuan har ditzake Irakaskuntza Batzordearen txostenak.

  1. – Ikerkuntza Batzordea zuzendariak edo berak izendatzen duen ordezkoak, eta kontseilukide diren lau irakaslek osatuko dute; lau horietatik bat gutxienez Euskal Filologia jakintza arlokoa izango da eta beste bat Hizkuntzalaritza Orokorra jakintza arlokoa. Irakasle kide hauek urte biko agintaldia izango dute, baina urtero kideen erdia berrituko da.

  2. – Ikerkuntza Batzordearen zereginak hauek dira, besteak beste:

    1. Ikerkuntzarekin eta sailak urtero egin beharreko ikerkuntza txostena burutzearekin zerikusia duten gaien jarraipena egitea.

    2. Bekapeko ikerkuntzaren jarraipena egitea.

    3. Sailari dagokion ikerkuntza sustatzea eta horretarako beharrezko diren neurri guztiak hartzeko proposamenak egitea.

    4. ikerkuntza baliabideak eta azpiegitura eskuratzen eta kudeatzen laguntzea.

    5. Ikerkuntza gaien inguruan txostenak eta erabaki-proposamenak egitea eta iritzia ematea.

  3. – Ikerkuntza arloari dagozkion erabakiak hartzeko orduan, saileko kontseiluak kontuan har ditzake Ikerkuntza Batzordearen txostenak.

Irakasle guztiek dute epaimahaietan eta batzordeetan parte hartzeko eskubidea eta betebeharra, epaimahai eta batzorde bakoitzaren osaera eta egitekoen arabera.

  1. – Bilerak ohikoak eta ez ohikoak izan daitezke.

  2. – Deialdiak ohiko bileretarako egin behar dira oro har. Kontseiluak seihilabeteko bakoitzean ohiko bilera bat egingo du gutxienez, eta Batzorde Iraunkorrak, berriz, gutxienez bi ohiko bilera seihilabeteko bakoitzean.

  3. – Ez ohiko bilerarako deia egingo dute aztertu beharreko gaiak direla-eta beharrezkoa denean edo aplikatu beharreko araudiak xedatutako kasuetan. Ez ohiko bileretako gai zerrendan ezin dira honako gai hauek agertu: aurreko akten onespena eta galde-eskeak.

  4. – Presazko bilerak ez ohikoak dira eta deia gutxienez 24 ordu lehenago egin behar da. Halakoetan, bileraren hasieran berretsiko da bilera egiteko arrazoia benetan premiazkoa dela, bildutakoen gehiengo osoak hala dela uste badu. Berresten ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.

  1. – Kide anitzeko organoko buruak egin behar du bileretarako deia. Gainera, kide anitzeko organoko kideen edo saileko irakasleen herenak eskatzen badu, organoaren bilerarako deia egin behar da. Bilera horiek ez ohikoak dira eta eskaera egin eta zazpi egun balioduneko epean egin behar dira gehienez.

  2. – Bilerarako deiak organoko idazkariak bideratu behar ditu, aurrerapen nahikoaz eta, edonola ere, bilerak baino gutxienez hiru egun lehenago. Deialdian bilerak non eta zer ordutan egingo diren, eta zein gai aztertuko diren adierazi behar da. Aztertu beharreko gaiei buruzko dokumentuak aurrerapen nahikoaz eskuratzeko aukera izan behar dute organoko kideek, eta, edonola ere, bilera baino 24 ordu lehenago. Dokumentuak sailaren egoitzan izango dira organoko kideen eskura eta, ahal dela, kideei posta elektronikoz bidaliko zaizkie.

  3. – Gai zerrenda osatzen duten puntuak zehatz-mehatz jaso behar dira deialdietan. Puntu horien artean, organoetako kideen gutxienez % 10ek behar den garaian eta moduan eskatutakoek agertu behar dute; eskaera hori organoaren idazkaritzan bilera egin baino 72 ordu lehenago idatziz eta eskatzaileen sinadurarekin aurkeztu beharko da. Ezin da hartu gai zerrendan agertzen ez diren puntuei buruzko erabakirik; hala ere, organoko kideen bi heren baino gehiago badaude bileran, eta bozkatu eta gehiengo osoak gaia premiazkoa dela uste badu, erabakia har daiteke.

  4. – Guztiak jakitun egon daitezen, deialdiak organoari dagokion egoitzan eta gainerako gune guztietan eman behar dira argitara, organoetako kideei bileretarako deia egiten zaien egun berean eman ere.

  1. – Kide anitzeko ordezkari eginkizunak pertsonalak eta besterenezinak dira.

  2. – Organoa eratu ostean, hutsik geratzen diren lekuak kasuan kasuko zerrendetako ordezkoek bete behar dituzte. Aipatutako irizpideari jarraiki eta bete ezin den leku kopurua kideentzako lekuen % 50ekoa edo handiagoa edo organoetako kideentzako lekuen % 30ekoa edo handiagoa bada, hauteskunde partzialak egingo dira lekuak betetzeko. Modu horretara hautatutakoek ordezkatu beharreko kideen agintaldia amaitu arte bete behar dituzte ordezkari eginkizunak.

  1. – Kide anitzeko organoko kideek organoaren bileretara joateko eskubidea eta betebeharra dute, eta arautegi honek ezartzen dizkien eginkizunak bete behar dituzte. Bileretara joanez gero, organoetako kideek ez dituzte unibertsitateko gainerako eginkizunak bete behar, baina kasuan kasuko organoek beharrezko neurriak hartuko dituzte betebehar horiek bete egiten direla eta zerbitzua eman egiten dela bermatzeko.

  2. – Kide anitzeko organoetako kideek eskubidea dute euren eginkizunak betetzeko beharrezko dokumentazio eta informazio guztia eskatu eta eskuratzeko. Beraz, idazkariak ikasturteko lehen hilabetean jakinaraziko die sailkide guztiei horretarako jarraituko den prozedura. Nolanahi ere, talde organo bateko kideak beharrezko deritzon dokumentazioa eskura izango du, saileko zuzendaritzari 48 orduko aurrerapenaz idatziz edo posta elektronikoz hala eskatzen badio.

  1. – Kide anitzeko organoak balioz eratzeko, beharrezkoa da kideen gehiengo osoa egotea lehen deialdian, edo kideen gutxienez heren bat egotea bigarren deialdian. Lehen eta bigarren deialdiaren artean egon beharreko tartea 10 minutukoa izango da. Edonola ere, bileretan organoko buruak eta idazkariak beti egon behar dute edo, bestela, euren ordezkoek.

  2. – Organoa eratzeko quorumari dagokionez, ez dira kontuan hartuko 28. artikuluari jarraituz eskuordetutako botoak.

  3. – Organoa bigarren deialdian eratzeko beharrezko quoruma bozketa guztietan da beharrezkoa.

  1. – Kide anitzeko organoko buruak bermatu behar du bilera behar bezala betetzen ari dela eta, arrazoirik egonez gero, bertan behera uzteko erabakia har dezake.

  2. – Eztabaidak gai zerrendari jarraiki egin behar dira. Dena dela, beharrezkoa izanez gero, kide anitzeko organoek bileraren ordena aldatzea erabaki dezakete organoko buruak egindako proposamenari jarraituz.

  3. – Beharrezkotzat joz gero, organoko buruak bozketa egin aurretik gaiaren inguruan eztabaidatzeko denbora muga dezake, bai eta egon daitekeen parte hartze kopurua ere.

  4. – Kide anitzeko organoko buruaren iritziz egokia bada, buruak kide ez diren pertsonak gonbida ditzake bilerara, gai zerrendako punturen batekin zerikusia duen iritzia edo informazioa eman dezaten. Aktan bileran gonbidatuak izan direla jasoko da, botoa emateko eskubidea izan ez arren.

  1. – Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen artetik gehiengo soila beharko da, Estatutuek, arautegi honek edo gainerako lege xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen ez duten kasuetan izan ezik. Horrenbestez, proposamen bakarra izanez gero, onartu egingo da aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira. Bi proposamen badaude, aldeko boto gehien lortzen dituena onartuko da. Bi proposamen baino gehiago daudenean, emandako botoen gehiengoa lortzen duena onartuko da edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu dituzten bi proposamenen artean, bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena. Berdinketa izanez gero, berriro egin behar da botazioa; orduan ere berdinketa izanez gero, organoko buruak kalitatezko botoa erabili beharko du.

  2. – Botazioek isilpekoak izan behar dute kide anitzeko organoko kideren batek hala eskatzen badu. Dena dela, botazioek beti izan behar dute isilpekoak, pertsonei buruzkoak badira.

  3. – Aurkako botoa ematen dutenek ez dute erantzukizunik izango kide anitzeko organoak hartutako erabakietan, baldin eta aurkako botoa emateko arrazoia jasota geratzen bada. Botazioa isilpekoa denean, interesdunak botoaren arrazoia azaltzen duen testua eman behar dio organoko idazkariari, boto txartelarekin batera. Boto txartelak eta testuak aktari erantsiko zaizkio. Era berean, abstenitu egiten direnek ere ez dute erantzukizunik izango.

  4. – Botoa organoko beste kideren baten esku uzteko aukera soilik Batzorde Iraunkorrean onartuko da, soilik estamentu bereko kideen artean, eta behin kide bakoitzeko, ikasturte berean. Beste baten esku utzitako botoa bilera-deialdian iragarritako puntu jakin bati buruzkoa izango da. Kide anitzeko organoko kideek boto bakar bat izan dezakete eskuordetuta. Organoetako kideek idatziz jakinarazi behar dute bilera hasi aurretik botoa eskuordetu egin dutela, eta gai-ordenako zein punturi dagokion eskuordetutako botoa; idatzi hori bileraren aktari erantsiko zaio. Era berean, idazkariak eskuordetutako boto honen berri emango du bilera hasi aurretik.

  5. – Kide anitzeko organoko kideek beren botoa eta horren azalpena agerraraz dezakete aktan; azalpena idatziz emango dute bozkatzean. Unibertsitateko beste organo batzuei egindako proposamenak badira, kideen boto bereziak beti agerraraziko dira haiekin batera.

  1. – Idazkariak bilerako akta egin behar du. Akta bileran bertan edo hurrengoan onartu behar da, eta aktaren zirriborroa hurrengo bilerako gai zerrendari dagozkion dokumentuekin batera banatuko da. Akta onartu ostean, idazkariak sinatu eta organoko buruak ontzat emango du.

  2. – Aktan honako hauek jaso behar dira nahitaez: bilerara etorri direnen zerrenda, eta azalpena emanez ezin etorria adierazi dutenen eta bilera amaitu aurretik alde egin dutenen berariazko aipamena; gai zerrenda; bilera non eta zein ordutan egin den; bileran aztertutako puntuak; botazioak nola egin diren eta emaitzak; hartutako erabakien edukia eta, egoki joz gero, arrazoien azalpen laburra.

  3. – Boto bereziak ere jasota egon behar dira aktan, baldin eta boto berezia eman duten kideek hala eskatzen badute. Kide anitzeko organoko kideek euren parte hartzea edo proposamena aktetan hitzez hitz jasotzea eska dezakete. Horretarako, idatziz aurkeztu behar dute testua eskaera egin eta segituan edo, bestela, organoko buruak adierazitako epean.

  4. – Kide anitzeko organoko kideek aktetan aldaketak egiteko proposamenak egin ditzakete akta onartzeko unean. Idazkariak proposatutako aldaketak egiaztatuko ditu eta, gehiengoak aldeko botoa ematen badu, onartu egingo dira.

  5. – Kide anitzeko organoa aldatu baino lehen, bilera egingo da onartzeke dauden akta guztiak onartzeko. Bilera hori egitea ezinezkoa bada, akten zirriborroak bidaliko zaizkie kide anitzeko organoko kide zirenei, eta hamar eguneko epea emango zaie edukiari buruzko erreklamazioak egiteko. Esandako epearen barruan erreklamaziorik aurkezten ez bada, aktak onartutzat emango dira; erreklamaziorik aurkeztuz gero, berriz, kide anitzeko organo berriak egin beharreko lehen bileran onartuko dira.

  6. – Onartu ostean, aktak sailkide guztiei bidaliko zaizkie posta elektronikoz, eta argitara emango dira saileko iragarki oholetan, beti ere pertsonen intimitatea babestuta, bai eta arautegi honetako 25.2 artikuluan aurreikusitako beste edozein eratan ere, sailkideek eskura ahal ditzaten. Posta elektronikoaren erabilera Prozedura Administratibo Arruntaren eta Administrazio Publikoen Erregimen Juridikoaren azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 45. artikuluak dioenarekin bat etorriko da.

  1. – Idazkariak kide anitzeko organoak hartutako erabakien fede emango du eta erabakiei dagozkien ziurtagiriak egingo ditu.

  2. – Hartutako erabakiak 25.2 eta 29.6. artikuluetan finkatutako moduan hiru egun balioduneko epean argitaratuko dira, pertsonen intimitatea babesten delarik. Edonola ere, organoko idazkariak eta buruak erabakiak argitaratu egiten direla bermatuko dute, eta argitaratu eta hilabetez daudela jendaurrean gutxienez.

  1. – Kide anitzeko organoak hartutako erabakiek onartzen direnetik aurrera dute eragina, erabakian bertan kontrakorik adierazi ezean. Erabakien berri emango zaie kasuan kasuko organoei.

  2. – Pertsonei buruzko erabakiak, irakats betebeharrak esleitzekoak eta lanpostuen zerrendan edo kontratuko langileen zerrendan eragina dutenak zuzenean jakinaraziko zaizkie eragindakoei. Erabakiek jakinarazpena egiten den unetik aurrera dute eragina, eta jakinarazpenak Administrazio Prozeduraren Legean xedatutako moduan egingo dira.

  3. – Sailen Oinarrizko Arautegiko IV. tituluko II. kapituluak aipatzen dituen kide anitzeko organoek hartzen dituzten erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, erabakia hartu zen bileraren akta argitaratu eta hilabeteko epean.

  4. – Pertsonei buruzko erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari erabakia interesdunari jakinarazi eta hilabeteko epean.

  1. – Saileko kide bakarreko organoak zuzendaria eta idazkaria dira.

  2. – Saileko zuzendari eta idazkari akademiko karguetan aritzeko, arduraldi osoko irakaslea behar da izan, legedian xedatutako salbuespenetan izan ezik. Ezin da, inolaz ere, kargu batean baino gehiagotan aritu.

  1. – Sailean zuzendaririk ez badago, horren berri emango dio Idazkari Nagusiari saileko idazkariak edo, bestela, kategoria eta antzinatasunik handiena duen sailkideak, eta saileko kontseilua bilerara deituko du berehala, xedatutako baldintzak betetzen dituen norbait izenda dezan behin-behineko zuzendari. Halako bileretan, kategoria eta antzinatasunik handieneko kidea izango da bilerako buru, eta saileko zuzendari eginkizunak beteko ditu. Artikulu honetan xedatutako eginkizunak betetzen ez badira, edo hiru hilabete baino gehiago igaro eta dena delakoagatik zuzendaririk aukeratu ez bada, errektoreak, kasu bakoitzean izan daitezkeen erantzukizunak baztertu gabe, ofizioz izendatuko du behin-behineko zuzendaria.

  2. – Zuzendariaren agintaldia lau urtekoa da. Ezingo da inola ere elkarren segidako bi agintaldi baino gehiago karguan egon, baina besteren agintaldia iragan ondoren berriro aurkez daiteke kargu horretarako.

  3. – Zuzendariak Estatutuetako 250. artikuluan jasotako arrazoiengatik ("heriotza, ezintasun legala, dimisioa, UPV/EHUkoa izateari uztea, agintaldia amaitzea edo Unibertsitateko Klaustroak zentsura mozio bat onartzea") utziko du kargua. Artikulu horren arabera Unibertsitateko Klaustroari dagokion zentsura mozioa saileko kontseiluari dagokio kasu honetan.

  4. – Aurreko paragrafoan aipatzen den zentsura mozioa idatziz aurkeztuko da sailaren idazkaritzan, arrazoituta eta kontseiluko kideen % 20k gutxienez sinatuta, eta zuzendari izateko hautagai bat eduki beharko du. Behin zentsura mozioa aurkeztuta eta beronek behar diren baldintzak betetzen dituela egiaztatuta, zuzendariak 72 orduko epean kontseilua biltzeko deia egingo du; bilera zentsura mozioa aurkeztu eta hamabost eguneko epean egingo da. Eztabaida zentsura mozioa aurkeztu duten kontseilukideetariko baten defentsarekin hasiko da. Jarraian zuzendari izateko hautagaia mintzatuko da bere proposamena aurkezteko. Zentsuratuak erantzungo dio eta, ondoren, hitza eskatzen duten kontseilukideak mintzatuko dira, aldeko eta aurkako txandak eginez.

    Zentsura mozioa kontseilukideen aldeko botoak kontrakoak baino gehiago direnean onartuko da. Saileko kontseiluak mozioa onartzen badu, zuzendariak berehalaxe aurkeztuko du dimisioa eta onartutako zentsura mozioan aipatzen den hautagaia joko da zuzendari berritzat.

  1. – Errektoreak irakats betebeharretatik salbuets dezake zuzendaria, eta arduraldia gehienez ere erdira murriztu.

  2. – Agintaldia amaitzean, zuzendariak irakats betebeharretatik neurri berean salbuetsita egoteko eskubidea du hasita dagoen lauhilabetekoa bukatu arte, ohiko azterketa aldia barne. Horretarako, gutxienez hiru urte edo gehiago eman beharko ditu karguan.

  1. – Honako eginkizun hauek ditu Saileko zuzendariak:

    1. Sailaren ordezkari izatea.

    2. Saileko kontseiluko buru izatea eta, Saileko arautegi honi jarraiki, bai saileko Batzorde Iraunkorreko buru, bai 13. artikuluan zehaztutako organo osagarrietako buru izatea ere.

    3. Saileko kideen eskariak eta iradokizunak jaso eta bideratzea.

    4. Saileko administrazio eta zerbitzuetako langileen funtzioak zuzentzea.

    5. Sailaren urteko memoria, eginkizunen plana eta txosten ekonomikoa egitea.

    6. Saileko kontseiluak eta Batzorde Iraunkorrak hartutako erabakiak betearaztea.

    7. Sailak eta kide guztiek irakats betebeharrak eta bestelako eginkizun akademikoak behar bezala betetzen dituztela bermatzea.

    8. Sailean zientziaren, teknikaren, giza zientzien eta artearen alorreko ikerlanak egiteko beharrezko diren kontratuak sinatzea.

    9. Hirugarren zikloko eta doktoregoko ikasketak koordinatzea, programen arduradunekin batera.

    10. Eginkizunak betetzeko egoki diren batzordeak eratzea.

    11. Isilpeko informazioa jasotzea eta diziplina espedientea irekitzeko proposamena egitea.

    12. Saileko beste organoei agindu ez zaizkienak, unibertsitateko gobernu organoek eskuordetutakoak eta Estatutuek edo indarrean dagoen legediak zehaztutako gainontzeko guztiak.

  2. – Era berean, lankidetza hitzarmenak sinatuko ditu, Gobernu Kontseiluaren jarraibideek xedatutako baldintzetan.

  1. – Honako hauek dira kargua uzteko arrazoiak: dimisioa aurkeztea, heriotza, lege ezintasuna, saileko kide izateari uztea eta zuzendariaren proposamenari jarraiki errektoreak hala erabakitzea.

  2. – Idazkariari dagokio saileko idazkaritza akademikoak berezkoak dituen eginkizunak betetzea, baita zuzendariari laguntzea ere.

  3. – Idazkariak saileko kide anitzeko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoen jardunaren eta erabakien fede emango du; akta liburuak egin eta zaintzeaz arduratuko da eta ziurtagiriak egingo ditu, hala erabakienak, nola saileko dokumentazio ofizialean ageri diren gertakarienak edo ekimenenak.

  1. – Saileko kontseiluak antolatuko du saileko ziklo, jakintza arlo eta ikasketa guztietako irakaskuntza. Irakaskuntza ikastegietako zuzendaritzarekin batera antolatuko da, irakasleen eskariak oinarri hartuta. Edonola ere, ikasleek kalitateko irakaskuntza jasotzeko eskubidea dutela izan behar da kontuan. Harremana bideratze aldera, sailak ordezkaria izendatuko du irakaskuntza eman arren atalik ez duen ikastegietan.

  2. – Sailak aparteko arreta eman behar dio pixkana-pixkana euskarazko irakaskuntza ezarri eta euskaraz irakatsi eta ikertzeko oinarrizko material espezifikoak prestatzeari. Horretarako, hizkuntza normalizazioan aritzen diren unibertsitateko organo orokorrek eta ikastegietako euskara batzordeek egindako plangintzak izango ditu kontuan.

  3. – Sailak ikastegiekin adostutako irakasgai guztiak esleituta daudela bermatuko du, edozein dela ere hizkuntza. Euskarazko irakaskuntza guztia esleitu ostean, gaztelaniazkoa esleitu behar da. Alde horretatik, ezin da bereizketarik egin hizkuntzagatik, eta artikulu honetako hurrengo atalean aipatzen den proportzionaltasuna bermatu behar da. Beste hizkuntzetako irakasgaiak ere modu berean esleitu behar dira, horrelakorik baldin badago.

  4. – Irakaskuntza proportzionalki banatu behar da saileko irakasleen artean, alderik izan litekeen arren ikastegien, jakintza arloen eta hizkuntzaren arabera. Ikasturte berean proportzionaltasuna errespetatzerik ez dagoenean, ikasturte anitzeko epean egingo da printzipio hori errespetatzeko ahalegina.

  5. – Edonola ere, irakasle guztiek irakasteko duten eskubidea bermatuko da.

  1. – Irakasleen arduraldia urteka neurtu behar da.

  2. – Ikasturte osorako kontratuetan bakarrik bana daitezke modu ez orekatuan eskolak; dena dela, irakaskuntza edo ikerkuntza arloko arrazoiak egon behar dira horretarako. Nolanahi ere, irakaskuntza salbuespenezko egoeretan ere emango dela bermatu behar da; hau da, ikasleak ezin dira eskolarik gabe utzi. Irakaslan osoa lauhilabeteko bakar batean pilatuta duten irakasleen kasuan, eta batez ere bigarren lauhilekoan dutenen kasuan, sailak hartuko du bere gain gehiegizko zama baldin eta irakasleak bat-batean ordezkoa behar badu. Izan ere, kasuan kasuko lauhilabetekoari dagokion irakaslana baino ezingo du hartu bere gain ordezkoak.

  3. – Saileko kontseiluak lan baldintzen alorrean indarrean dauden erabakiak hartuko ditu kontuan, batik bat, irakasle kategoria jakin batek asteko eskola orduak murrizteko izan dezakeen eskubideari buruzkoak, lana eta familia bateratzeari buruzkoak edo dena delako egoera bereziei buruzkoak.

  1. – Sailak kasuan kasuko jakintza arloekin lotutako gaietako irakats betebeharrak egokituko dizkie irakasleei. Hala ere, salbuespenezko egoeretan, sailak antzeko jakintza arloetako gaiak eslei diezazkieke irakasleei, irakaskuntza eman egiten dela bermatzearren.

  2. – Irakasleek atxikipenaren arabera hala dagokien ikastegian emango dituzte eskolak. Hala ere, zerbitzuaren premiak eta ikasleen interesak direla-eta, irakasleari beste ikastegi bateko eskolak eslei dakizkioke, baina erabaki hori arrazoitu egin beharko da. Premiazko egoeretan, zuzendariak berak banatuko ditu eskolak. Erabaki hori zuzenean ezarriko da, baina saileko kontseiluak berretsi beharko du.

  3. – Arduraldi partzialean ari diren eta aldi berean beste jarduera batean aritzeko baimena duten irakasleen kasuan, saileko kontseiluak bateragarritasun baimenean adierazitako ordutegia errespetatuko du, irakasleak bestelakorik berariaz onartu ezean. Horrek ez du esan nahi irakasle horiek eskolak ordutegi jakin batean emateko eskubidea dutenik, edo UPV/EHUk unibertsitateaz kanpoko lanpostuan izan ditzakeen aldaketak besterik gabe onartu behar dituenik.

  1. – Irakasleek beren lehentasunak adierazi aurretik, sailak eskolak esleitzeko irizpide osagarri eta orokorrak erabaki ahalko ditu, beti ere titulu honetan xedatutakoa errespetatzen duelarik. Horretarako, dagokion txostena eskatu ahalko dio Irakaskuntza Batzordeari.

  2. – Eskolak esleitzeko azken erabakiak irakasgai guztiak hartu behar ditu kontuan eta, ahal dela, alderdi guztiek eman behar dute ontzat hein batean. Era berean, UPV/EHUn kide bakarreko karguak dituzten saileko irakasleak ere hartuko dira kontuan.

  3. – Adostasunik ezean, eta irakasle batek baino gehiagok eskatu baditu eskola berak, honakoaren arabera banatuko dira ikasketa planetako enborreko irakasgaiak, nahitaezkoak eta hautazkoak:

    1. Karrerako irakasle funtzionarioek eta kontratuko irakasle iraunkorrek lehentasuna dute bitarteko eta aldi baterako irakasleen aldean.

    2. Kategoria akademikorik handieneko irakasleek lehentasuna dute, honako ordena honetan:

      • Unibertsitateko katedradunek eta irakasle osoek.

      • Unibertsitateko irakasle titularrek, unibertsitate eskoletako katedradunek eta irakasle agregatuek.

      • Unibertsitate eskoletako irakasle titularrek, irakasle lankideek eta irakasle elkartuek.

      • Irakasle atxikiek.

      • Laguntzaileek.

    3. Irakasle doktoreek lehentasuna dute doktore ez direnen aldean.

    4. Kidegoko antzinatasun edo kontratu kategoriarik handieneko irakasleek lehentasuna dute. Antzinatasuna neurtzeko, arduraldi partzialeko zerbitzuak 0,5eko koefizienteaz haztatu behar dira.

  4. – Aurreko irizpideen bitartez lehentasuna ezartzerik ez badago, zozketa egingo da.

  5. – Irakasgai bat baino gehiago direnean adostasunik gabekoak, irakasleek adierazitako prozedurari jarraiki aukeratuko dute lehenengo irakasgaia, eta, ondoren, txanda pasatuko dute eta lehentasun hurrenkerako azkenak izango dira.

  6. – Inongo irakaslek eskatzen ez dituen irakasgaiak eta taldeak esleitzeko, artikulu honetako 3. ataleko irizpideak alderantzizko hurrenkeran aplikatuko dira, sailak bestelako irizpiderik xedatzen ez badu. Aurreko irizpideen bitartez irakasleen artean lehentasunak finkatzerik ez badago egoera berean daudelako guztiak, zozketa egingo da.

  1. – Saileko kontseiluak eskolak eta urteko irakats betebeharrak esleitzeko irizpideei buruz hartzen dituen erabakiak berehala argitaratu behar dira, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 57.2., 59.5.b) eta 60. artikuluetan xedatutako ondorioetarako. Saileko idazkaritzan jasota egon behar da zer egunetan argitaratu diren erabakiak saileko iragarki oholetan, eta, hain zuzen ere, egun horretatik aurrera hasiko da kontatzen errekurtsoak jartzeko epea, baldin eta errekurtsorik jartzeko aukerarik badago. Sailak erabakien edukiaren eta erabaki horiek eskuratzeko moduaren berri emango die irakasleei.

  2. – Irakasle bakoitzaren irakats betebeharrak interesdunei jakinarazi behar zaizkie, eta jasota egon behar da sailak jakinarazpena egin duela edo interesdunak jakinarazpena jasotzeari uko egin diola.

  3. – Saileko kontseiluak eskolak esleitzearen inguruan erabakitakoaren kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, erabakia argitaratu eta hilabeteko epean.

  1. – Sailak ikasleen interesak eta beharrizanak hartuko ditu kontuan ikasleentzako tutoretza orduak finkatzerakoan. Halaber, ikasleek zerbitzu hau behar bezala erabil dezaten ahalegindu behar du sailak eta, horretarako, oro har astean gutxienez bi egun finkatu behar dira. Tutoretza saioen kopurua berdintsu banatuko da ikasturteko bi lauhilabetekoetan, irakaskuntza zama ere bi lauhilabetekoetan berdina denean.

  2. – Irakasle jakin bati kontratatutako irakaskuntza osoa esleitu ez arren, tutoretza ordu guztiak bete behar ditu. Ordu horiek ezin dira pilatu, eta ikasturte osoan barrena bete behar dira.

Ezintasunen bat duten ikasleen egoera dela-eta, sailak behar adina egokituko du metodologia, eta ikasle horien beharrizanen araberako tutoretza orduak finkatuko ditu. Ezintasunen bat duten irakasle eta AZPko langileen egoera dela-eta, saila irakasle eta langileen jarduera eragotzi dezaketen oztopoak ezabatzen ahaleginduko da eta behar adina egokituko ditu lan baldintzak, oztopo fisikoak eta bestelakoak saihesteko.

Honako hauek dira saileko ikerkuntzaren helburu nagusiak:

  1. Saileko irakasleen eta ikertaldeen ikerkuntza lana bideratu eta sustatzea.

  2. Sailean egiten den ikerkuntza irakaskuntzan ere islatzen dela bermatzea.

  3. Ikertzaile berrien trebakuntza sustatzea.

  4. Ziklo guztietako ikasleak ikerkuntza arloekin harremanetan jartzea.

  5. Doktorego tesiak eta ikerketak zuzen daitezen eta haien jarraipena egin dadin bultzatzea, eginkizun horiek irakasleen gutxieneko betebeharren artean sartuz.

  6. Zientzia arloko harremanak izatea beste sail, unibertsitate eta ikerketa, garapen eta berrikuntza zentroekin eta haiekin batera askotariko jakintza arloetako proiektuak egin daitezen bultzatzea.

  7. Unibertsitateko ikerkuntzaren eta testuinguru sozio-ekonomikoaren arteko lotura sustatzea. Horretarako, irakasleek eta ikertzaileek ikerkuntza eta aholkularitza kontratuak eta hitzarmenak sinatuko dituzte.

  8. Gizarteak unibertsitateko ikerkuntzaren emaitzen berri izan dezan bideratzea. Tesien defentsei eta argitaratzen diren liburu eta aldizkariei, bai eta sailaren parte hartzeaz antolatzen diren nolanahiko jardunaldi, biltzar eta mintegiei ere arreta berezia ezarriko zaie, jendea jakitun edukitzeko.

  1. – Besteak beste, UPV/EHUren berezko ikerketa funtsak erabiliko dira sailari eta beraren ikertaldeei ikerkuntzan jarduteko beharrezko giza baliabideak eta baliabide teknikoak eta materialak emateko. Baliabide horiek kasuan kasuko deialdietan xedatutako irizpideen arabera esleituko dira, eta aurkeztutako eskaeren inguruan kanpoko ebaluatzaileek emandako iritzia ere hartuko da kontuan.

  1. – Estatutuetako 147. artikuluan ("UPV/EHUk onartutako ikertaldeek, sailek, unibertsitateko ikerketa institutuek eta, horien bitartez, irakasleek eta ikertzaileek memoria bat aurkeztu[ko] diote, urtero, ikasturtearen amaieran, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeari, urtean zehar burututako jardueren eta lortutako emaitzen berri emateko. Batzordeak egindako eredu orokorrari jarraiki prestatuko dute memoria.") xedatutakoarekin bat, saileko kontseiluak urtean egindako ikerkuntza lanei eta horien emaitzei buruzko memoria onartuko du urtero. Memoria hori Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeak onartutako eredu orokorraren arabera egingo du eta hari aurkeztuko dio, baliabideak esleitze aldera.

  2. – Unibertsitateko irakasleek eta ikertzaileek lankidetza hitzarmenen edo kontratuen ondorioz unibertsitatekoak ez diren ikastegietan egindako ikerkuntza lanak unibertsitateko ikerkuntzatzat hartu behar dira ondorio guztietarako, eta sailak urteko memorian jasoko ditu.

Helburuak bete eta berezko dituen ekimenak gauzatzeko, sailak behar dituen langileak eta UPV/EHUko aurrekontu orokorretik datozkion diru-sarrera bereziak izan behar ditu, eta autonomia du diru-sarrera horiek kudeatzeko.

  1. – Sailaren aurrekontu orokorra kontseiluak finkatzen duen moduan banatu eta kudeatuko da.

  2. – Sailaren aurrekontuko diru sarrerak honakoak izango dira, UPV/EHUk berak esleitutakoez gain:

    1. Sailak antolatu eta gauzatzen dituen irakaskuntza eta ikerketa jarduerek emandako etekin garbiak eta jarduera horietatik sortutako produktuak ustiatzetik datozenak.

    2. Zientzia, teknika eta arte lanak egin, espezializazio ikasketak eman eta prestakuntzako ekimen jakinak egiteko kontratuetatik sortutako diru sarreretatik dagozkion zatiak.

    3. Helburu jakin batzuetarako sailak jasotzen dituen diru laguntzak, kasu bakoitzean zehaztuta datozen baldintzetan.

    4. Sailari modu agerian eta beren-beregi egiten dizkioten dohaintzak eta legatuak, eman zaizkion baldintza berberetan.

  3. – Sailak UPV/EHUren aurrekontu orokorrean agertzen ez diren bestelako baliabideak baditu, zuzendariak horien berri emango dio gerenteari; ondoren, baliabide horiek sailaren aurrekontuetan txertatu eta gastatzeko proiektuak aurkeztuko dizkio saileko kontseiluari, beronek ontzat eman ditzan.

  1. – Sailaren jardun ekonomikoek UPV/EHUko sarreren eta gastuen aurrekontuak xedatutakoarekin bat etorri behar dute, eta aurrekontu hauek betetzeko unibertsitatean dauden arauak jarraituko dituzte.

  2. – Beti ere UPV/EHUri ekonomia gaietan kontu hartzea dagokiolarik, saileko zuzendariari eta horretarako hautatutako Ekonomia Batzordeari dagokie sailaren diru-sarrera, aurreikuspenak eta gastuen aldizkako jarraipena egitea, eta kontseiluari berauen berri ematea.

  1. – Ikertaldeek eta sailak hala eskatzen badute, UPV/EHUk aldi baterako ikertzaileak kontratatu eta onar ditzake. Langile horiek ikerketa programen arabera eta ikerketarako berariazko funtsen edo kanpoko diru-baliabideen kontura kontratatu behar ditu.

  2. – Edonola ere, saileko funtsen kontura aldi baterako kontratatuko diren langileak Errektoreordetzaren bidez kontratatuko dira, UPV/EHUn halako kontratazioetarako xedatutako baldintzekin eta prozedurekin bat.

  1. – Saileko arautegi hau aldatzeko ekimena zuzendariari edo kontseiluko kideen % 20ri dagokio. Ordezko testua edo testu gehigarria aurkeztu behar da eta proposamena nortzuek egin duten adierazi. Atal honetan xedatutako bigarren kasuan, saileko zuzendariak kontseiluaren bilerara deituko du hilabeteko epean, kontseiluak aldaketa horri buruzko iritzia eman dezan.

  2. – Aldaketa-proposamenaren eztabaidan defentsa-txanda, sinatzaileetariko batek hitz egingo duelarik, eta hitza eskatzen dutenen mintzatze-txanda izango dira gutxienez. Eztabaidan zehar sinatzaileek proposamena alda lezakete, kontseilukideek esandako zuzenketak jasoz.

  3. – Arautegiaren aldaketa kontseiluak horretarako beren-beregi egingo duen ez ohiko bilera batean onartu beharko da, eta emandako boto baliodunen gehiengo osoa lortu beharko du. Horren ondoren, eta legezkotasun kontrola behin eginda, Gobernu Kontseilura eramango da beronek ontzat eman dezan. Proposamenak ezetza jasotzen badu, aldaketa-proposamenaren sinatzaileek ezingo dute proposamen bera ikasturte berean berriro aurkeztu.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.