Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2007ko uztailaren 20koa, Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena. Honen bidez agindua ematen da Farmazia eta Elikagaien Zientziak Sailaren Arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 157
  • Hurrenkera-zk.: 4649
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2007/07/20
  • Argitaratze-data: 2007/08/16

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Sailak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Unibertsitateak bere araubide propioa dauka erakundea antolatzeko, bere interesen defentsan aritzeko balio diona, Konstituzioak 27.10. artikuluan onartzen duen unibertsitateen autonomiatik eratorria. Araubide horri atxikita dago bere arauak egiteko erakundeak daukan ahalmena. Ahalmen horrez baliatuta, Unibertsitateak bere Estatutuak dauzka, erakundearen antolaketaren ezaugarri berezi diren arlo eta organoak erregulatzen dituzten oinarrizko arauak.

Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuetako 199. artikuluak dioenez, sailek arautegi bat izango dute euren gobernurako. Arautegia Saileko Kontseiluak egingo du, Gobernu Kontseiluak emandako oinarrizko arautegiari jarriki. Bestalde, Sailen Oinarrizko Arautegiko 4.2. artikuluak idazkari nagusiari eskuordetzen dio arautegiak onesteko eskumena, baldin eta txosten guztiak aldekoak izanik berariazko eskaririk egin ez bada Gobernu Kontseiluan aurkezteko.

Gobernu Kontseiluak ekainaren 21ean egin zuen bileran jakinarazi zen Farmazia eta Elikagaien Zientziak Sailaren arautegiari buruzko txosten guztiak aldekoak zirela eta, beraz, interesatuek zazpi eguneko epea zutela arautegia Gobernu Kontseilura bidaltzea eskatu nahi bazuten. Aipatutako epea igaro denez eskaerarik aurkezteke, arautegia onartutzat eman behar da, idazkari nagusiaren erabakiaren bidez (Sailen Oinarrizko Arautegiko 4.2. artikuluak eskuordetutako eskumena).

2004ko martxoaren 12an Euskal Unibertsitate Sistemaren 2004ko otsailaren 25eko 3/2004 Legea argitaratu zen. Lege horrek 10.2. artikuluan dioenez, unibertsitateko gobernu organoek ematen dituzten aplikazio orokorreko xedapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko ditu unibertsitateak, eta ez dira jarriko indarrean beren testu osoak argitaratu arte.

Aipatutako guztia kontuan hartuta, honako hau

Vitoria-Gasteizko Farmazia Fakultatean egoitza duen Farmazia eta Elikagaien Zientziak Saila honako jakintza-arloetan banatuta dago: "Farmazia eta Farmazia Teknologia", "Elikadura eta Bromatologia", "Elikagaien Teknologia" eta "Animalia Ekoizpena".

Bere funtzionamenduak eta erabakiek UPV/EHUko Estatutuetako, Oinarrizko Arautegiko eta aplikatu beharreko gainerako arauetako xedapenak errespetatu behar dituzte.

Hauek dira sailaren eginkizunak:

  1. Bere eskumeneko jakintza-arloko irakaskuntza koordinatu eta ematea, eta hirugarren zikloko, doktoregoko eta berezko tituluak edo titulu espezializatuak lortzeko ikasketak antolatu eta garatzea.

  2. Bere eskumeneko jakintza-arloetako ikerketa bultzatu eta laguntzea.

  3. Lankidetzan jardutea UPV/EHUko eta beste erakunde publiko edo pribatu batzuetako sailekin, ikastegiekin eta unibertsitateko ikerketa-institutuekin, bai irakaskuntzaren arloan bai ikerketan.

  4. Zientzia eta teknikaren arloko jarduerak sustatzea, bai eta espezializazio edo unibertsitate-hedakuntzako ikastaroak bultzatzea, eta horretarako behar diren lanak kontratatu eta burutzea, beti ere indarrean dagoen legediaren arabera.

  5. Kideen eguneratze zientifikoa eta pedagogikoa sustatzea zuzenean edo beste sail eta ikastegi batzuekin batera.

  6. Bere aurrekontua gestionatzea, baliabideak administratzea eta sailera atxikitako langileak gidatzea.

  7. Sailaren urteko plana garatu eta betetzea.

  8. Urteko memoria egitea.

  9. UPV/EHUko gainerako organoei laguntzea euren eginkizunak betetzen.

  10. Saileko jakintza-arloen ikasketa-planak egiten parte hartzea, baita saileko jakintza-arloekin zerikusia duten gainerako eginkizun guztietan ere, beren eskumenen esparruan betiere.

  1. – Sailaren egoitza administratiboa Farmazia Fakultatean dago (Unibertsitateko ibilbidea, 7 - 01006 Vitoria-Gasteiz).

  2. – Helbidean egiten diren aldaketek ez dute egoitzaren aldaketarik ekarriko, Saileko Kontseiluak egoitza aldatzeko proposamen bat onartu eta Gobernu Kontseiluak baimentzen ez duen bitartean.

Sailak honako printzipio hauetara egokitu behar ditu egitura eta funtzionamendua:

  1. Unibertsitateko kide anitzeko eta kide bakarreko organo orokorren azpiko mendekotasunera.

  2. Sail bakoitzaren barruan, kide anitzeko organoek kide bakarrekoen aldean duten nagusitasunera.

  1. – Saila honako jakintza-arloetan banatuta dago: "Farmazia eta Farmazia Teknologia", "Elikadura eta Bromatologia", "Elikagaien Teknologia" eta "Animalia Ekoizpena".

  2. – Arloren bat gehitu edo zatitzeko arautegi hau aldatu beharko da, Saileko kontseiluaren onespena jaso ondoren.

  1. – Honako hauek dira saileko kideak: sailera atxikitako irakasleak, ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak edo sailak bere baliabideen kontura kontratatutakoak, baita bekadunak (bekadun lankideak izan ezik), hirugarren zikloko ikasleak eta lehen eta bigarren zikloetako ikasleen ordezkariak ere.

  2. – Irakasle eta ikertzaile funtzionario eta kontratatu guztiak saileko jakintza-arloetako batean arituko dira; hala ere, ez du esan nahi unibertsitateko ikerketa-institutuetara atxiki ezin direnik.

  1. – Sailaren gobernua bere kontseiluari eta zuzendariari dagokie.

  2. – Saileko kide anitzetako gobernu-, ordezkaritza- eta administrazio-organoak saileko kontseilua eta batzorde iraunkorra dira.

  3. – Zuzendaria eta idazkari akademikoa dira saileko kide bakarreko gobernu-, ordezkaritza- eta administrazio-organoak.

  1. – Honako hauek dira saileko kontseiluko kideak: zuzendaria, idazkaria, saileko irakasle funtzionario eta lan-kontratuko irakasle iraunkor guztiak, irakasle doktore ez iraunkor guztiak, sailera atxikitako doktore guztiak, sailera atxikitako gainerako irakasleen ordezkari bat, hirugarren zikloko ikasleen ordezkari bat, bigarren zikloko ikasleen ordezkari bat, lehenengo zikloko ikasleen ordezkari bat eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

  2. – Irakasleen, ikertzaileen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkarien agintaldia lau urtekoa da. Ikasleen ordezkarien agintaldia, berriz, urtebetekoa.

  3. – Sailera atxikitako gainerako irakasleen ordezkariak irakasleek eurek aukeratu behar dituzte euren artean.

  4. – Lehenengo eta bigarren zikloko ikasleen ordezkariak ikasle-kontseiluaren bitartez aukeratu behar dira eta euren agintaldia urtebetekoa da.

  5. – Hirugarren zikloko ikasleen ordezkaria saileko zuzendaritzak deituta urtero, abenduan, egingo den bileran aukeratu behar da. Bilerara honakoak deituko dira: saileko graduondoko berezko tituluetan eta doktorego programetan eta tesietan matrikulatutako ikasle guztiak eta sailera atxikitako ikerketako bekadunak.

Ordezkari-eginkizunak pertsonalak eta besterenezinak dira. Ordezkari izateari utziko zaio:

  1. Hil edo ezintasunen bat izanez gero.

  2. Hauteskundeak baliogabetuz gero.

  3. Agintaldia amaituz gero.

  4. Dimisioa aurkeztuz gero.

  5. Ordezkaria aukeratu zuen sailekoa edo taldekoa izateari utziz gero.

  6. Organoaren bileretara hiru aldiz segidan edota bost bileretara huts eginez gero, justifikaziorik gabe.

  1. – Honako hauek dira saileko kontseiluaren eginkizunak:

    1. Saileko zuzendaria hautatzea arautegi honek xedatutakoari jarraiki.

    2. Urteko txosten ekonomikoa, saileko irakaskuntza eta ikerketaren memoria, eta eginkizunen plana onartzea.

    3. Urteko irakats-eskaintza programatu eta ebaluatzeko irizpideak onartzea.

    4. Irakasleei irakats-betebeharrak esleitzea, eta hor egon daitezkeen aldaketak ere antolatzea.

    5. Irakasgaien oinarrizko programak ezartzea, kasuan kasuko ikasketa-planaren barruan.

    6. Hirugarren zikloko, doktoregoko eta gainerako ikasketetako (unibertsitateko berezko tituluetara bideratutako ikasketak izan edo ez) eskaintzak proposatzea, kasuan kasuko proposamenak eginez eta euren gain dituzten programen ezarpen eta koordinazio akademikoaz arduratuz.

    7. Legediak baimentzen dituen baldintzetan, doktorego-tesiak ebaluatu behar dituzten pertsonak izendatzeko proposamenak onartzea, bai eta bestelako epaimahaietako kideak ere.

    8. Irakasleei eta ikertzaileei ikerketa eginkizunetan eta ekimenetan laguntzea.

    9. Plaza berriak eskatu eta saileko langileen lanpostuen zerrendan egin beharreko aldaketak proposatzea.

    10. Irakasleen irakaslanari buruzko txosten arrazoituak egitea, irakaskuntza-merezimenduak eskuratzeari eta kontratuak berritzeari begira.

    11. Zientziaren, teknikaren eta artearen alorreko lanak egiteko Estatutuetako 141. artikuluan xedatutako kontratuak egiteko baimenak ematea, betiere, sailaren eskumenen esparruan eta Gobernu Kontseiluak onartutako araudiari jarraiki.

    12. Venia docendi eman behar denean, aurrez jakinaraztea.

    1. Beharrezko bitartekoak sortu eta ekimenak egitea, saileko jardunaren kalitatea sustatu eta hobetzeko, baita gestio eraginkorra bermatzeko ere Europako, Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko programen baitan. Horretarako, unibertsitatean ezarritako ebaluazio prozesuak sustatu eta horietan parte hartu behar du.

  2. – Orobat, honako eginkizun hauek ditu saileko kontseiluak:

    1. Gobernu Kontseiluari arautegien proiektuak eta, dagokionean, arautegien erreforma-proiektuak aurkeztea.

    2. Irakaskuntzaren ezaugarriak kontuan hartuta egoki denean, irakaskuntzaren zati bat beste erakunde batzuetan emateko proposamena egitea Gobernu Kontseiluari, Gobernu Kontseiluak berak baimendutako hitzarmeneko baldintzei jarraituz.

    3. Jarduerak ikastegiekin koordinatzeko programak onartzea.

    4. Dagokionean, sailaren gune fisikoak esleitzeko irizpideak onartzea.

    5. Ordezkarien hauteskundeak, saileko zuzendaritzak deitutakoak, garatzeko arauak ematea Hauteskunde Araubide Orokorrean xedatutakoa gordeta..

    6. Indarrean dagoen legediak, UPV/EHUko Estatutuek eta horiek garatuko dituzten arauek zehaztutako gainerako guztiak, baita eskuordetzen zaizkionak ere.

  1. – Kontseiluaren batzorde iraunkorra zuzendariak eta idazkariak osatuko dute.

  2. – Batzorde iraunkorra osatuko dute baita honako hauek: irakasle eta ikertzaileen bederatzi ordezkarik, lankideak ez diren bekadunen ordezkari batek, ikasleen ordezkari batek eta administrazio eta zerbitzuetako pertsonalaren ordezkari batek. Ordezkari hauek, betiere eta beharrezkoa balitz, Kontseiluko kideen artetik aukeratuko dira.

  3. – Batzorde iraunkorreko ordezkariak Hauteskunde Arautegi Orokorrean xedatutakoari jarraiki aukeratu behar dira.

  4. – Ordezkari izateari uzteko arrazoiren bat badago, batzorde iraunkorreko ordezkariek ordezkari izateari utzi behar diote.

  1. – Batzorde iraunkorrak, Gobernu Kontseiluak eskuordetuta, funtzionamendua egokia eta arina izateko oinarrizko eginkizunak beteko ditu. Edozelan ere, Kontseiluak ezin izango dizkio honako hauek eskuordetu: 11. artikuluko a), b) eta c) letretan aipatutakoak, sailaren arautegia onartzea eta Estatutuek edo unibertsitatearen gaineko legeria orokorrak Kontseiluaren eskumen esklusibo eta eskuordetu ezintzat jotzen dituenak.

  2. – Batzorde iraunkorrari eskuordetuko zaizkio 10. artikuluko i) atalean zehaztutakoak. Erabakiak bete egin behar dira, saileko kontseiluak berretsi edo aldatu arte.

  3. – 10. artikuluko d) letran jasotakoak unean-unean eskuordetzeko, arautegi hau aldatzeko behar den quorum eta boto-kopuru berak eskatuko dira, eta ez da beharrezkoa izango kontseilua ezohiko bileran biltzea.

  4. – Saileko kontseiluko kideek batzorde iraunkorrak hartutako erabakien berri izan behar dute unean-unean.

  1. – Bilerak ohikoak eta ezohikoak izan daitezke.

  2. – Bileretarako deiak, oro har, ohikoak izango dira. Saileko kontseiluak urtean, gutxienez, ohiko bi bilera egingo ditu eta batzorde iraunkorrak, bi, gutxienez, seihilekoan.

  3. – Ezohiko bilera egingo aztertu beharreko gaiak direla-eta beharrezkoa denean edo ezarri beharreko araudian hala xedatutako kasuetan. Ezohiko bileretako gai-zerrendan ezin dira honako gai hauek agertu: aurreko akten onespena eta galde-eskeak.

  4. – Presazko bilerak ezohikoak dira eta deia gutxienez 24 ordu lehenago egin behar da. Halakoetan, bileraren hasieran berretsi egin behar da bilera egiteko arrazoia benetan premiazkoa dela. Berresten ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.

  1. – Kide anitzeko organoetako buruek egin behar dute kasuan kasuko organoaren bilerarako deia.

    Gainera, kide anitzeko organoetako kideen edo sailetako irakasle doktoreen heren batek eskatzen badu, organoaren bilerarako deia egin behar da. Bilera horiek ezohikoak dira eta eskaera egin eta zazpi egun balioduneko epean egin behar dira gehienez.

  2. – Bilerarako deia organoko idazkariak bideratu behar ditu, aurrerapen nahikoaz eta, edonola ere, bileraren data baino, gutxienez, hiru egun lehenago. Deialdian adieraziko da bilera non egingo den, zer ordutan, eta zein gai aztertuko diren bertan. Organoko kideek denboraz eskuratu beharko dituzte aztergaiei dagozkien dokumentuak eta, edozelan ere, bilera baino 24 ordu lehenago.

  3. – Edonola ere, aztergaiak osatzen dituzten puntuak zehatz-mehatz jasoko dira deialdian. Puntu horien artean agertu beharko dira organoko kideen % 10ek, gutxienez, bilera baino 72 ordu lehenago idatziz sailaren idazkariari eskatutakoak. Aztergaietan agertzen ez diren puntuei buruzko erabakirik ezingo da hartu; baina organoko kideen bi heren baino gehiago badaude bileran, eta botazioa egin ondoren gehiengo osoak gaia premiazkoa dela uste badu, erabakia hartu ahal izango da.

  4. – Guztiak jakitun egon daitezen, organoak jarduera daukan egoitzetan eta gainerako tokietan eman beharko da argitara deialdia, organoko kideei bilerarako deia egiten zaien egun berean.

  1. – Kide anitzeko ordezkari-eginkizunak pertsonalak eta besterenezinak dira.

  2. – Organoa behin eratuta, hutsik geratuko diren lekuak kasuan kasuko zerrendetako ordezkoek beteko dituzte. Aipatutako irizpideari jarraiki eta bete ezin den leku-kopurua talde bateko kideen % 50 baino handiagoa edo organoko kideen % 30 baino handiagoa bada, hauteskunde partzialak egingo dira lekuak betetzeko. Modu horretara hautatutakoek kasuan kasuko zerrendako kideen agintaldia amaitu arte beteko dituzte ordezkari-eginkizunak.

  1. – Kide anitzeko organoetako kideek organoaren bileretara joateko eskubidea eta betebeharra dute, eta arautegi honek ezartzen dizkien eginkizunak bete behar dituzte. Bileretara joateak unibertsitateko gainerako betebeharrak betetzetik salbuetsiko ditu organoetako kideak, baina kasuan kasuko organoek beharrezko neurriak hartuko dituzte betebehar horiek bete egiten direla eta zerbitzua eman egiten dela bermatzeko.

  2. – Kide anitzeko organoetako kideek eskubidea dute euren eginkizunak aurrera eramateko beharrezkoak izan daitezkeen dokumentazioa eta informazioa eskatu eta eskuratzeko. Horretarako, idatziz egin beharko diote eskaera saileko idazkari akademikoari, gutxienez, 24 ordu lehenago, eskuratu nahi diren dokumentuak adieraziz.

  1. – Kide anitzeko organoak balioz eratzeko, beharrezkoa da kideen gehiengo absolutua egotea lehen deialdian; edo kideen heren bat, gutxienez, bigarren deialdian. Bi deialdien artean ordu erdiko tartea gordeko da.

    Edonola ere, organoko buruak eta idazkariak egon beharko dute beti edo, bestela, euren ordezkoek.

  2. – Organoak eratzeko quorumari dagokionez, ez dira kontuan hartuko eskuordetutako botoak.

  3. – Organoa bigarren deialdian eratzeko beharrezko quoruma bozketa guztietan izango da beharrezkoa.

  1. – Kide anitzeko organoko buruak bermatu egin behar du bilera behar bezala betetzen ari dela eta, arrazoirik egonez gero, bertan behera uzteko erabakia har dezake.

  2. – Eztabaidak aztergaiei jarraituz egingo dira. Dena dela, beharrezkoa izanez gero, kide anitzeko organoak bileraren ordena aldatzea erabaki dezake, organoko buruak egindako proposamenari jarraituz.

  3. – Organoko buruak, beharrezko ikusten badu, eztabaidaren denbora mugatu ahal izango du, bai eta gaiaren botazioa egin aurretik egon daitezkeen parte-hartzeen kopurua ere.

  4. – Egoki deritzonean, kide anitzeko organoko buruak kide ez diren pertsonak gonbida ditzake bileretara, aztergaien zerrendako punturen batekin zerikusia duen iritzia edo informazioa eman dezaten. Aktan bileran gonbidatuak izan direla jaso behar da, eta ez dute botorik emateko eskubiderik izango.

  1. – Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen artetik gehiengo soila behar izango da, gainerako lege-xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen duten kasuetan izan ezik. Horrenbestez, proposamen bakarra izanez gero, onartu egin behar da aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira. Bi proposamen badaude, aldeko boto gehien lortzen dituena onartu behar da. Proposamenak bi baino gehiago direnean, emandako botoen gehiengoa lortzen duena onartuko da; edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu duten bi proposamenak hartuta, bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena.

    Berdinketa izanez gero, berriro egingo da botazioa; orduan ere berdinketa izanez gero, organoko buruaren kalitatezko botoak erabakiko du.

  2. – Botazioa isilpekoa izango da, kide anitzeko organoko kideren batek eskatzen duenean. Dena dela, beti izango da isilpekoa pertsonei buruzkoa denean.

  3. – Aurkako botoa ematen dutenek ez dute erantzukizunik izango kide anitzeko organoak hartutako erabakietan, baldin eta aurkako botoa emateko arrazoia jasota geratzen bada. Botazioa isilpekoa denean, interesdunak boto-txartela emango dio organoaren idazkariari botazioko unean eta, txartel horrekin batera, emandako botoaren arrazoia azaltzen duen testua. Boto-txartela eta testua aktari erantsiko zaizkio. Halaber, abstenitzen direnek ere ez dute erantzukizunik izango.

  4. – Botoa kide anitzeko organoaren beste kide bati eskuordetu ahalko zaio. Kide anitzeko organoko kideek boto bakar bat izan dezakete eskuordetuta. Organoetako kideek idatziz adierazi behar dute botoa eskuordetu egin dutela, eta idatzi hori bilerako aktari erantsi behar zaio.

  5. – Kide anitzeko organoko kideek aktan agerrarazi ahal izango dute euren botoa eta horren azalpena. Azalpen hori idatziz eman beharko dute botazioa egitean. Unibertsitateko beste organo batzuei egindako proposamenak badira, kideen boto partikularrak beti agerrarazi behar dira haiekin batera.

  1. – Idazkariak bilerako akta egingo du. Akta hurrengo bileran onartuko da, eta aktaren zirriborroa hurrengo bilerako aztergaiei dagozkien dokumentuekin batera banatuko da. Akta onartu ostean, idazkariak sinatu eta organoko buruak ontzat eman behar du.

  2. – Aktan nahitaez jasoko dira bilerara etorri direnen zerrenda eta bilera amaitu orduko alde egin dutenen berariazko aipamena; aztergaien zerrenda; bileraren tokia eta ordua; bileran aztertutako puntuak; botazioak egin diren modua eta emaitzak; hartutako erabakien edukia eta, egokitzat ikusiz gero, arrazoiaren azalpen laburra.

  3. – Aktan boto partikularrak ere jasoko dira, kide anitzeko organoko kasuan kasuko kideek hala eskatzen badute. Kide anitzeko organoko edozein kidek eska dezake bere parte-hartzea edo proposamena hitzez hitz jasotzeko aktan. Horretarako, idatziz aurkeztu beharko du testua, eskaera egin eta segituan edo, bestela, organoko buruak esango duen moduan.

  4. – Kide anitzeko organoko kideek aktetan aldaketak egiteko proposamenak egin ditzakete aktak onartzeko unean. Idazkariak egiaztatu egin behar ditu proposatutako aldaketak eta, gehiengoak aldeko botoa ematen badu, onartu egin behar dira.

  5. – Kide anitzeko organoa aldatu baino lehen bilera bat egin beharko da onartzeke dauden akta guztiak onartzeko. Bilera hori egitea ezinezkoa gertatzen bada, akten zirriborroak bidaliko zaizkie kide anitzeko organoko kide zirenei eta hamar eguneko epea emango zaie erreklamazioak egiteko. Ez bada aurkezten erreklamaziorik esandako epearen barruan, aktak onartutzat eman behar dira; erreklamaziorik aurkeztuz gero, berriz, kide anitzeko organo berriek egingo duten lehen bileran onartu behar dira.

  6. – Behin onartuta, aktak argitaratu egingo dira, pertsonen intimitatea babestuta, eta saileko kideek eskuratu ahal izango dituzte kontsultetarako saileko idazkaritzan.

  1. – Idazkariak kide anitzeko organoak hartutako erabakien fede emango du eta ziurtagiriak egingo ditu.

  2. – Hartutako erabakiak dagokien iragarki-oholean emango dira argitara gehienez ere hiru egun baliodunen epean, eta pertsonen intimitatea behar bezala babestuta. Edonola ere, organoko idazkariak eta buruak erabakiak argitaratu egiten direla bermatu behar dute, eta argitaratu eta hilabetez daudela jendaurrean gutxienez.

  1. – Kide anitzeko organoak hartutako erabakiek onartzen direnetik aurrera izango dituzte ondorioak, erabakietan bertan beste ezer adierazi ez bada behintzat. Erabakien berri eman behar zaie kasuan kasuko organoei.

  2. – Pertsonei buruzko erabakiak, irakaslanak esleitzekoak eta lanpostuen zerrendan edo kontratuko langileen zerrendan eragina dutenak zuzenean jakinarazi behar zaizkie eragindakoei. Erabakiek jakinarazpena egiten den unetik aurrera dute eragina, eta jakinarazpenak Administrazio Prozeduraren Legean xedatutako moduan egin behar dira.

  3. – Kide anitzeko organoek hartzen dituzten erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, erabakia hartu zen bilerako akta argitaratu eta hilabeteko epean.

  4. – Pertsonei buruzko erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, erabakia interesdunari jakinarazi eta hilabeteko epean.

  1. – Saileko kide bakarreko organoak zuzendaria eta idazkaria dira.

  2. – Saileko zuzendari eta idazkari akademiko karguetan aritzeko, arduraldi osoko kontratua izan behar da, legedian xedatutako salbuespenetan izan ezik. Ezin da, inolaz ere, kargu batean baino gehiagotan aritu.

  1. – Sailean zuzendaririk ez badago, horren berri eman beharko dio idazkari nagusiari saileko idazkariak edo, bestela, saileko kategoria eta antzinatasunik handieneko kideak, eta Batzorde iraunkorra premiazko bilerara deitu berehala, xedatutako baldintzak betetzen dituztenen artetik behin-behineko zuzendari bat izenda dezan. Halakoetan, kategoria eta antzinatasunik handieneko kidea izango da bilerako buru, eta saileko zuzendari-eginkizunak beteko ditu. Artikulu honetan xedatutako eginkizunak betetzen ez badira, edo hiru hilabete baino gehiago igaro eta zuzendaririk aukeratu ez bada dena delakoagatik, errektoreak ofizioz izendatuko du behin-behineko zuzendaria, kasuan kasuko erantzukizunei kalterik egin gabe.

  2. – Zuzendarien agintaldia lau urtekoa izango da. Gehiengo osoa lortzea ezinbestekoa izango da hirugarren eta hurrengo agintaldietarako.

  3. – Zuzendariak Estatutuetako 250. artikuluan jasotako arrazoiengatik utziko du kargua. Artikulu horren arabera Unibertsitateko Klaustroari dagokion zentsura-mozioa saileko kontseiluari dagokio kasu honetan.

    Zentsura-mozioa idatzi arrazoitu bidez aurkeztuko da saileko idazkaritzan, gutxienez kontseiluko kideen % 20k sinatuta, eta zuzendari izateko hautagai baten izena jaso beharko du. Zentsura-mozioa aurkeztuta eta eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatuta, zuzendariak kontseiluari dei egingo dio 72 orduko epean ezohiko bilkura egiteko. Zentsura-mozioa aurkeztu eta hamabost eguneko epean, gehienez ere, egin beharko da bilkura hori. Bilera horretan, lehenengo eta behin, zentsura-mozioa defendatuko du mozioa sinatu duen kideetako batek. Ondoren zuzendari izateko hautagaiak hartuko du parte bere proposamena proposatu eta azaltzeko. Zentsura-mozioa jaso duenak erantzuna emango du eta ondoren, hitza eskatu duten saileko kontseiluko kideek hartuko dute parte txandaka, behin aldekoek, behin kontrakoek.

    Zentsura-mozioa onartzeko, saileko kontseiluko kideen aldeko botoak kontrakoak baino gehiago izan behar dira. Saileko kontseiluak mozioa onartzen badu, zuzendariak dimisioa aurkeztuko du berehala. Onartu den mozioan jasotako hautagaia zuzendari hautatu dela ulertuko da.

  1. – Errektoregoak irakats-betebeharretatik salbuets dezala eska dezake zuzendariak, arduraldiaren erdiraino, gehienez ere.

  2. – Agintaldia amaitzean, zuzendariak irakats-betebeharretatik neurri berean salbuetsita egoteko eskubidea du uneko lauhilekoa bukatu arte, ohiko azterketa aldia barne. Horretarako, gutxienez hiru urte izan beharko ditu emanda karguan.

  1. – Honako eginkizun hauek ditu saileko zuzendariak:

    1. Sailaren ordezkaria izatea.

    2. Saileko kontseiluko burua izatea eta, dagokionean, saileko batzorde iraunkorreko burua, saileko arautegiari jarraiki.

    3. Saileko kideen eskariak eta iradokizunak jaso eta bideratzea.

    4. Saileko administrazio eta zerbitzuetako langileen funtzioak zuzentzea.

    5. Sailaren urteko memoria, eginkizunen plana, eta txosten ekonomikoa prestatzea.

    6. Saileko kontseiluak eta batzorde iraunkorrak hartutako erabakiak betearaztea.

    7. Sailak eta saileko kideek irakats-betebeharrak eta gainerako eginkizun akademikoak behar bezala betetzen dituztela bermatzea.

    8. Zientzia, teknika, giza zientzia edo artearen arloko ikerlanak egiteko sailak egiten dituen kontratuak sinatzea.

    9. Hirugarren zikloko eta doktoregoko ikasketak koordinatzea programen arduradunekin batera.

    10. Bere zereginak betetzeko egoki diren batzordeak eratzea.

    11. Isilpeko informazioa jendaurrean jakinaraz dadin agindu eta diziplina espedienteak abiaraz daitezen proposatzea.

    12. Saileko beste organoei agindu ez zaizkienak, unibertsitateko gobernu organoek eskuordetutakoak eta Estatutuek edo indarrean dagoen legediak zehaztutako gainontzeko guztiak.

  2. – Era berean, lankidetza-hitzarmenak ere sinatuko ditu, Gobernu Kontseiluaren jarraibideek xedatutako baldintzetan.

  1. – Honako hauek dira kargua uzteko arrazoiak: dimisioa aurkeztea, heriotza, lege ezintasuna, saileko kide izateari uztea eta errektoreak hala erabakitzea, zuzendariaren proposamenari jarraiki.

  2. – Idazkariari dagokio saileko idazkaritza akademikoak berezkoak dituen eginkizunak betetzea, baita zuzendariari laguntzea ere.

  3. – Idazkariak saileko kide anitzeko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoen jardunaren eta erabakien fede emango du; akta liburuak egin eta zaintzeaz arduratuko da eta ziurtagiriak egingo ditu, hala erabakienak, nola saileko dokumentazio ofizialean ageri diren gertakarienak edo ekimenenak.

  1. – Saileko kontseiluak antolatuko du saileko ziklo, diziplina eta ikasketa guztietako irakaskuntza. Irakaskuntza ikastegiko zuzendaritzarekin batera antolatu behar da, irakasleen eskariak oinarri hartuta. Edonola ere, ikasleek kalitateko irakaskuntza jasotzeko eskubidea dutela izan behar da kontuan.

  2. – Sailak aparteko arreta eman behar dio pixkana-pixkana euskarazko irakaskuntza ezarri eta euskaraz irakatsi eta ikertzeko oinarrizko material espezifikoak prestatzeari. Horretarako, hizkuntza-normalizazioan aritzen diren unibertsitateko organo orokorrek eta ikastegietako euskara-batzordeek egindako plangintzak izan behar ditu kontuan.

  3. – Sailak irakasgai guztiak esleituta daudela bermatu behar du, edozein dela ere hizkuntza. Euskarazko irakaskuntza guztia esleitu ostean, gaztelaniazkoa esleitu behar da. Alde horretatik, ezin da bereizketarik egin hizkuntzagatik, eta artikulu honetako hurrengo atalean aipatzen den proportzionaltasuna bermatu behar da. Beste hizkuntzetako irakasgaiak ere modu berean esleitu behar dira, beste hizkuntzarik baldin badago.

  4. – Irakaskuntza proportzionalki banatu behar da saileko irakasleen artean, alderik izan litekeen arren ikastegien, jakintza-arloen eta hizkuntzaren arabera. Ikasturte berean proportzionaltasuna errespetatzerik ez dagoenean, ikasturte anitzeko epean ahalegindu behar da printzipio hori errespetatzen.

  5. – Edonola ere, irakasle guztiek irakasteko duten eskubidea bermatu behar da.

  1. – Irakasleen arduraldia urteka neurtu behar da.

  2. – Ikasturte osorako kontratuetan bakarrik bana daitezke modu ez orekatuan eskolak; dena dela, irakaskuntza edo ikerkuntza arloko arrazoiak egon behar dira horretarako. Nolanahi ere, irakaskuntza salbuespenezko egoeretan ere emango dela bermatu behar da; hau da, ikasleak ezin dira eskolarik gabe utzi.

  3. – Saileko kontseiluak lan-baldintzen alorrean indarrean dauden erabakiak hartu behar ditu kontuan, batik bat, irakasle-kategoria jakin batek asteko eskola-orduak murrizteko izan dezakeen eskubideari buruzkoak, lana eta familia bateratzeari buruzkoak edo dena delako egoera bereziei buruzkoak.

  1. – Sailak kasuan kasuko jakintza-arloekin lotutako gaietako irakats-betebeharrak egokitu behar dizkie irakasleei. Hala ere, salbuespenezko egoeretan, sailak antzeko jakintza-arloetako gaiak eslei diezazkieke irakasleei, irakaskuntza eman egiten dela bermatzearren.

  2. – Arduraldi partzialean ari diren eta aldi berean beste jarduera batean aritzeko baimena duten irakasleen kasuan, saileko kontseiluak bateragarritasun-baimenean adierazitako ordutegia errespetatu behar du, irakasleak bestelakorik berariaz onartu ezean. Horrek ez du esan nahi irakasle horiek eskolak ordutegi jakin batean emateko eskubidea dutenik, edo UPV/EHUk unibertsitateaz kanpoko lanpostuan izan ditzakeen aldaketak besterik gabe onartu behar dituenik.

  1. – Eskolak esleitzeko azken erabakiak irakasgai guztiak hartu behar ditu kontuan eta, ahal dela, alderdi guztiek eman behar dute ontzat hein batean. Era berean, UPV/EHUn kide bakarreko karguak dituzten saileko irakasleak ere hartu behar dira kontuan.

  2. – Erabakirik ez badago eta irakasle batek baino gehiagok eskatu baditu eskola berak, lehentasunezko hurrenkera honen arabera banatuko dira ikasketa-planetako enborreko irakasgaiak, nahitaezkoak eta hautazkoak:

    1. Karrerako irakasle funtzionarioek eta kontratuko irakasle iraunkorrek lehentasuna dute bitarteko eta aldi baterako irakasleen aldean.

    2. Kategoria akademikorik handieneko irakasleek lehentasuna dute, honako ordena honetan:

      • Unibertsitateko katedradunek eta irakasle osoek.

      • Unibertsitateko irakasle titularrek, unibertsitate eskoletako katedradunek eta irakasle agregatuek.

      • Unibertsitate eskoletako irakasle titularrek, irakasle lankideek eta irakasle elkartuek.

      • Irakasle atxikiek.

      • Laguntzaileek.

    3. Irakasle doktoreek, diplomaturetan, ingeniaritza teknikoetan eta arkitektura teknikoan izan ezik.

    4. Kidegoko antzinatasun edo kontratu kategoriarik handieneko irakasleek. Antzinatasuna neurtzeko, arduraldi partzialeko zerbitzuak 0,5eko koefizienteaz haztatu behar dira.

  3. – Aurreko irizpideen bitartez lehentasuna ezartzerik ez badago, zozketa egin behar da.

  4. – Irakasgai bat baino gehiago direnean adostasunik gabekoak, irakasleek adierazitako prozedurari jarraiki aukeratuko dute lehenengo irakasgaia, eta, ondoren, txanda pasatuko dute eta lehentasun hurrenkerako azkenak izango dira.

  5. – Irakasle batek ere eskatzen ez dituen irakasgai edo talderik egonez gero, horiek esleitzeko artikulu honetako 3. atalean jasotako irizpideak alderantzizko ordenan aplikatu behar dira. Aurreko irizpideen bitartez irakasleen artean lehentasunak finkatzerik ez badago egoera berean daudelako guztiak, zozketa egin behar da.

  1. – Saileko kontseiluak eskolak eta urteko irakats-betebeharrak esleitzeko irizpideei buruz hartzen dituen erabakiak berehala argitaratu behar dira. Saileko idazkaritzan jasota egon behar da zein egunetan argitaratu diren erabakiak saileko iragarki-oholetan, eta, hain zuzen ere, egun horretatik aurrera hasiko da kontatzen errekurtsoak jartzeko epea, baldin eta errekurtsorik jartzeko aukerarik badago. Sailak erabakien edukiaren eta erabaki horiek eskuratzeko moduaren berri eman behar die irakasleei.

  2. – Irakasle bakoitzaren irakats-betebeharrak interesdunei jakinarazi behar zaizkie, eta jasota egon behar da sailak jakinarazpena egin duela edo interesdunak jakinarazpena jasotzeari uko egin diola.

  3. – Saileko kontseiluak eskolak esleitzearen inguruan erabakitakoaren kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, erabakia argitaratu eta hilabeteko epean.

  1. – Sailak ikasleen interesak eta beharrizanak hartu behar ditu kontuan ikasleentzako tutoretza-orduak finkatzerakoan. Halaber, sailak ahalegindu egin behar du ikasleek zerbitzu hau behar bezala erabil dezaten eta, horretarako, astean gutxienez bi egun finkatu behar ditu.

  2. – Irakasle jakin bati kontratatutako irakaskuntza osoa esleitu ez arren, tutoretza-ordu guztiak bete behar ditu. Ordu horiek ezin dira pilatu, eta ikasturte osoan barrena bete behar dira.

Ezintasunen bat duten ikasleen egoera dela-eta, sailak, bere esku dagoen guztia eginez, behar adina egokitu behar du metodologia, eta ikasle horien beharrizanen araberako tutoretza-orduak finkatu behar ditu.

  1. Saileko irakasleen eta ikertzaile-taldeen ikerlana bideratu eta sustatzea.

  2. Ikertzaile berrien trebakuntza sustatzea.

  3. Ziklo guztietako ikasleak ikerkuntza-arloekin harremanetan jartzea.

  4. Doktorego-tesiak eta ikerketak zuzen daitezen eta haien jarraipena egin dadin bultzatzea, eginkizun horiek irakasleen gutxieneko betebeharren artean sartuz.

  5. Zientzia arloko harremanak izatea beste sail, unibertsitate eta ikerketa, garapen eta berrikuntza zentroekin eta haiekin batera askotariko jakintza-arloetako proiektuak egin daitezen bultzatzea.

  6. Unibertsitateko ikerkuntzaren eta testuinguru sozio-ekonomikoaren arteko lotura sustatzea. Horretarako, irakasleek eta ikertzaileek ikerkuntza eta aholkularitza kontratuak eta hitzarmenak sinatu behar dituzte.

  7. Gizarteak unibertsitateko ikerketaren emaitzen berri izan dezan bideratzea.

  1. – Saileko kontseiluak urte anitzetarako ikerkuntza-planak egin behar ditu, baliabideen eta langileen alorreko beharrizanak azalduko dituztenak. Jarraian, beharrizan horiek Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako Batzordeari aurkeztu behar zaizkio.

  2. – Saileko kontseiluak urtean egindako ikerlanei eta horien emaitzei buruzko memoriak onartu behar ditu urtero. Memoria horiek Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeak onartutako eredu orokorraren arabera egin behar ditu eta, jarraian, hari aurkeztu behar dizkio, baliabideak esleitze aldera.

  3. – Unibertsitateko irakasleek eta ikertzaileek lankidetza-hitzarmenen edo kontratuen ondorioz unibertsitatekoak ez diren ikastegietan egindako ikerlanak unibertsitateko ikerketatzat hartu behar dira ondorio guztietarako, eta sailak urteko memorian jaso behar ditu.

Helburuak bete eta berezko dituen ekimenak gauzatzeko, sailak behar beste langile izan behar ditu eta autonomia izango du UPV/EHUko aurrekontu orokorrean esleitzen zaizkion aurrekontu sail berezituak kudeatzeko.

  1. – Saileko aurrekontu orokorrak kontseiluak finkatzen duen moduan banatu eta kudeatu behar dira.

  2. – Saileko aurrekontuko diru-sarrerak honakoak izango dira, UPV/EHUk berak esleitutakoez gain:

    1. Institutuek eurek antolatu eta gauzatzen dituzten irakaskuntza eta ikerketa jarduerek emandako etekin garbiak, eta jarduera horietatik sortutako produktuen ustiapenetik datozenak.

    2. Zientzia, teknika edo arte lanak egiteko edo espezializazio ikasketak emateko nahiz prestakuntzarako jarduera bereziak egiteko kontratuetatik sortutako diru sarreretatik dagokion zatia.

    3. Helburu jakin batzuetarako jasotzen dituen diru-laguntzak, kasuan-kasuan zehaztuta dauden baldintzen arabera.

    4. Modu agerian eta beren-beregi egiten dizkioten dohaintzak eta legatuak, emandako baldintza berberetan.

  3. – Sailak UPV/EHUren aurrekontu orokorrean agertzen ez diren bestelako baliabideak baditu, zuzendariak horren berri eman beharko dio gerenteari; ondoren, baliabide horiek sailaren aurrekontuetan txertatu eta gastatzeko proiektuak aurkeztu behar dizkio saileko kontseiluari, ontzat eman ditzan.

Saileko jarduera ekonomikoak UPV/EHUko sarreren eta gastuen aurrekontuak xedatutakoarekin bat etorri behar du, UPV/EHUko aurrekontuak betetzeko arauetan ezarritakoari jarraiki.

  1. – Ikertzaile-taldeek eta sailak eskatzen badute, sailak UPV/EHUri aldi baterako langileak kontratatu eta onartzea eska diezaioke. Langile horiek sailaren ikerketa-programen arabera eta ikerketarako berariazko fondoen eta kanpoko finantziazioaren kontura kontratatu behar ditu.

  2. – Edonola ere, saileko fondoen kontura aldi baterako kontratatuko diren langileak Errektoregoaren bidez kontratatuko dira, UPV/EHUn halako kontratazioetarako xedatutako baldintzekin eta prozedurekin bat.

  1. – Sailaren arautegia aldatzeko ekimena zuzendariari edo kontseiluko kideen % 20ri dagokio. Aldaketarik eskatuz gero, ordezko testua edo testu gehigarria aurkeztu behar da eta proposamena nortzuek egin duten adierazi. Atal honetan xedatutako azken kasuan, saileko zuzendariak dei egingo dio kontseiluari hilabeteko epean, aldaketa hori baiets edo ezets dezan.

  2. – Honetarako beren-beregi deitutako ezohiko bilera batean onartu beharko dira proposatutako aldaketak, eta emandako boto baliodunen gehiengo osoa lortu beharko dute. Horren ondoren, eta legaltasun-kontrola behin eginda, Gobernu Kontseiluari aurkeztu behar zaizkio, behin betiko onespena eman diezaien.

Ikasketen egitura berria ezartzearen ondorioz UPV/EHUko Unibertsitate Sailei buruzko Oinarrizko Arautegia aldatu bitartean, oinarrizko arautegi honetan egiten diren lehen zikloko ikasketen aipamenak urtarrilaren 21eko 55/2005 Errege Dekretuaren bidez arautzen diren graduko ikasketei buruzkoak direla ulertuko da. Bigarren eta hirugarren zikloko ikasketen aipamenak, eta graduondoko ikasketenak, urtarrilaren 21eko 56/2005 Errege Dekretuak arautzen dituen graduondoko unibertsitate-ikasketa ofizialei buruzkoak direla ulertuko da.

Indargabetuta geratzen da Farmazia, Elikadura, Teknologia eta Animalia Ekoizpena Sailaren arautegia, UPV/EHUko 1998ko uztailaren 19ko erabakiaren bidez onartua.

Arautegi honetan jasotakoa Sailei buruzko Oinarrizko Arautegiarekin eta aplika daitezkeen gainontzeko arauekin bat ezarriko da.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.