Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2007ko maiatzaren 25ekoa, Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena. Honen bidez agindua ematen da Kimika Fisikoa Sailaren Arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 127
  • Hurrenkera-zk.: 3714
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2007/05/25
  • Argitaratze-data: 2007/07/03

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Sailak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Unibertsitateak bere araubide propioa dauka erakundea antolatzeko, bere interesen defentsan aritzeko balio diona, Konstituzioak 27.10. artikuluan onartzen duen unibertsitateen autonomiatik eratorria. Araubide horri atxikita dago bere arauak egiteko erakundeak daukan ahalmena. Ahalmen horrez baliatuta, Unibertsitateak bere Estatutuak dauzka, erakundearen antolaketaren ezaugarri berezi diren arlo eta organoak erregulatzen dituzten oinarrizko arauak.

Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuetako 199. artikuluak dioenez, sailek arautegi bat izango dute euren gobernurako. Arautegia Saileko Kontseiluak egingo du, Gobernu Kontseiluak emandako oinarrizko arautegiari jarriki. Bestalde, Sailen Oinarrizko Arautegiko 4.2. artikuluak idazkari nagusiari eskuordetzen dio arautegiak onesteko eskumena, baldin eta txosten guztiak aldekoak izanik berariazko eskaririk egin ez bada Gobernu Kontseiluan aurkezteko.

Gobernu Kontseiluak maiatzaren 17an egin zuen bileran jakinarazi zen Kimika Fisikoa Sailaren arautegiari buruzko txosten guztiak aldekoak zirela eta, beraz, interesatuek zazpi eguneko epea zutela arautegia Gobernu Kontseilura bidaltzea eskatu nahi bazuten. Aipatutako epea igaro denez eskaerarik aurkezteke, arautegia onartutzat eman behar da, idazkari nagusiaren erabakiaren bidez (Sailen Oinarrizko Arautegiko 4.2. artikuluak eskuordetutako eskumena).

2004ko martxoaren 12an Euskal Unibertsitate Sistemaren 2004ko otsailaren 25eko 3/2004 Legea argitaratu zen, EHAAn. Lege horrek 10.2. artikuluan dioenez, unibertsitateko gobernu organoek ematen dituzten aplikazio orokorreko xedapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko ditu unibertsitateak, eta ez dira jarriko indarrean beren testu osoak argitaratu arte.

Aipatutako guztia kontuan hartuta, honako hau

  1. – Kimika Fisikoa Saila Kimika Fisikoa jakintza-arloko ikasketak Araba eta Bizkaiko campusetan koordinatu eta emateaz arduratzen da, UPV/EHUko irakats-eskaintzaren arabera eta ikastegien antolakuntzaz bat, eta irakasleen irakaskuntza- eta ikerketa-eginkizun eta ekimenei laguntza emateaz. Bere funtzionamenduak eta erabakiek UPV/EHUko Estatutuetako, Sailen Oinarrizko Arautegiko eta aplikatu beharreko gainerako arauetako xedapenak errespetatu behar dituzte.

  2. – Kimika Fisikoa Saila berezko saila da, eta erabat txertatuta dago UPV/EHUren egituran eta antolamenduan.

Hauek dira sailaren eginkizunak:

  1. Kimika Fisikoa jakintza-arloko irakaskuntza koordinatu eta ematea, eta hirugarren zikloko, doktoregoko eta berezko tituluak edo titulu espezializatuak lortzeko ikasketak antolatu eta garatzea.

  2. Kimika fisikoaren arloaren inguruko ikerketa bultzatzea eta laguntzea.

  3. Lankidetzan jardutea UPV/EHUko eta beste erakunde publiko edo pribatu batzuetako sailekin, ikastegiekin eta unibertsitateko ikerketa institutuekin, bai irakaskuntzaren arloan bai ikerketan.

  4. Zientziaren alorreko eginkizunak sustatzea, bai eta espezializazioko edo unibertsitate hedakuntzako ikastaroak ere, eta horretarako behar diren lanak kontratatu eta burutzea, indarrean dagoen legediaren esparruan betiere.

  5. Kideen eguneratze zientifikoa eta pedagogikoa sustatzea, zuzenean edo beste sail eta ikastegi batzuekin batera.

  6. Aurrekontua gestionatzea, baliabideak administratzea eta saileko langileak gidatzea.

  7. Sailaren urteko plana garatu eta betetzea.

  8. Urteko memoria egitea.

  9. UPV/EHUko gainerako organoei laguntzea euren eginkizunak betetzen.

  10. Saileko jakintza-arloen ikasketa-planak egiten parte hartzea, baita saileko jakintza-arloekin zerikusia duten gainerako eginkizun guztietan ere, beren eskumenen esparruan betiere.

Sailak helbide honetan dauka administrazio egoitza: Zientzia eta Teknologia Fakultatea, Sarriena auzoa, z.g., Leioa, Bizkaia.

  1. – Sailak sailaren arautegiaren babesean funtzionatuko du.

  2. – Gobernu Kontseiluari dagokio sailaren arautegia behin betiko onartzea.

  3. – Sailak honako printzipio hauetara egokitu behar ditu egitura eta funtzionamendua:

    1. Unibertsitateko kide anitzeko eta kide bakarreko organo orokorren azpiko mendekotasunera.

    2. Sail bakoitzaren barruan, kide anitzeko organoek kide bakarrekoen aldean duten nagusitasunera.

    3. Sail-atalen antolakuntza-autonomiaren eta autonomia funtzionalaren errespetura, haien eta osatzen dituzten kideen arteko orekari eta elkarlanari kalterik egin gabe.

  1. – Honako hauek dira saileko kideak: sailari atxikitako irakasleak, ikertzaileak eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak edo sailak bere baliabideen kontura kontratatutakoak, baita bekadunak, hirugarren zikloko ikasleak eta lehen eta bigarren zikloetako ikasleen ordezkariak ere.

  2. – Aurreko atalaren ondorioetarako, saileko irakasle eta ikerlari guztiak Kimika Fisikoa jakintza-arloan arituko dira.

  3. – Salbuespen gisa, baimena eman ahal izango da beste jakintza-arlo bateko irakasle bat behin-behinekoz sailera atxikitzeko, betiere, Gobernu Kontseiluak onartutako irizpide orokorrei jarraiki.

  4. – Ez da baimenik emango atxikipena aldatzeko baldin eta horrek sail baten irakaslanak bete barik uztea badakar.

  5. – Artikulu honi dagokionez, bekadunei buruzko aipamenak ez ditu barne hartzen UPV/EHUko Estatutuetako 115.3. artikuluan aipatutako bekadun lankideak.

  1. – Arabako Campuseko ikastegietara atxikita dauden saileko kideak Arabako Campuseko sail-atalekoak izango dira.

  2. – Egoitza Arabako Campuseko Farmazia Fakultatean dute.

  3. – Arabako Campuseko sail-atalak koordinatzaile bat aukeratu behar du kideen artean. Koordinatzaileak irakaslea edo ikertzailea izan behar du, eta arautegian jasotako baldintzak bete behar ditu.

  1. – Sailaren gobernua kontseiluari eta zuzendariari dagokie.

  2. – Saileko kontseilua, batzorde iraunkorra eta Arabako Campuseko ataletako kontseilua dira sailetako kide anitzeko gobernu-, ordezkaritza- eta administrazio-organoak.

  3. – Zuzendaria, idazkari akademikoa eta Arabako Campuseko sail-ataleko koordinatzailea dira saileko kide bakarreko gobernu-, ordezkaritza- eta administrazio-organoak.

  1. – Honako hauek dira saileko kontseiluko kideak: zuzendaria, idazkaria, saileko irakasle funtzionario eta lan kontratuko irakasle iraunkor guztiak, irakasle doktore ez iraunkor guztiak, sailera atxikitako doktore guztiak, sailera atxikitako gainerako irakasleen ordezkariak, hirugarren zikloko ikasleen ordezkari bat, bigarren zikloko ikasleen ordezkari bat, lehenengo zikloko ikasleen ordezkari bat eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

  2. – Irakasleen, ikertzaileen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkarien agintaldia lau urtekoa da. Ikasleen ordezkarien agintaldia, berriz, urtebetekoa.

  3. – Sailera atxikitako gainerako irakasleen ordezkariak irakasleek eurek aukeratu behar dituzte euren artean.

  4. – Lehenengo eta bigarren zikloko ikasleen ordezkarien agintaldia urtebetekoa da, eta saileko irakasleek eskolak ematen dituzten ikastegietako ikasle-kontseiluen bitartez aukeratu behar dira, Ikastegietako Ikasle Kontseiluen Oinarrizko Arautegiak xedatutako prozedurari jarraiki.

  5. – Hirugarren zikloko ikasleen ordezkaria saileko zuzendaritzak deituta urtero, abenduan, egingo den bileran aukeratu behar da. Bilerara honakoak deituko dira: saileko graduondoko berezko tituluetan eta doktorego-programetan eta tesietan matrikulatutako ikasle guztiak eta sailera atxikitako ikerketako bekadunak. Horretarako, saileko zuzendaritzak bilera horretara deitu beharreko ikasleen errolda eskatu beharko dio kasuan kasuko zerbitzuari.

Ordezkari-eginkizunak pertsonalak eta besterenganaezinak dira. Ordezkari izateari utziko zaio:

  1. hilez gero edo ezintasuna izanez gero;

  2. hauteskundeak baliogabetuz gero;

  3. agintaldia amaitzean;

  4. dimisioa aurkeztuz gero;

  5. ordezkari aukeratu zuen sailekoa edo taldekoa izateari utziz gero;

  6. justifikaziorik gabe organoaren bileretara hiru aldiz segidan edota bost bileretara huts eginez gero.

  1. – Hauek dira saileko kontseiluaren eginkizunak:

    1. Saileko zuzendaria hautatzea arautegi honek xedatutakoari jarraiki.

    2. Urteko txosten ekonomikoa, saileko irakaskuntzaren eta ikerketaren memoria eta eginkizunen plana onartzea.

    3. Urteroko irakats-eskaintza programatu eta ebaluatzeko irizpideak onartzea.

    4. Saileko langileei irakats betebeharrak eta balizko aldaketak esleitzea, Sailen Oinarrizko Arautegiko 36. artikuluari eta hurrengoei jarraiki.

    5. Irakasgaien oinarrizko programak ezartzea kasuan kasuko ikasketa-planaren barruan.

    6. Batzorde iraunkorrak doktoregoko programetarako proposatutako irakats-zama berrestea edo aldatzea.

    7. Irakasleei eta ikertzaileei ikerketa-eginkizunetan eta ekimenetan laguntzea.

    8. Lanpostuen zerrenda aldatzeko eta plaza berriak sortzeko eskariak, batzorde iraunkorrak proposatutakoak, berrestea edo aldatzea.

    9. Zientziaren, teknikaren eta artearen alorreko lanak egiteko Estatutuetako 141. artikuluan xedatutako kontratuak egiteko baimenak ematea, betiere, sailen eskumenen esparruan eta Gobernu Kontseiluak onartutako arautegiari jarraiki.

    10. Beharrezko bitartekoak sortu eta ekimenak egitea, saileko jardunaren kalitatea sustatu eta hobetzeko, baita gestio eraginkorra bermatzeko ere Europako, Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko programen baitan. Horretarako, Unibertsitatean ezarritako ebaluazio-prozesuak sustatu eta horietan parte hartu behar dute.

  2. – Orobat, honako eginkizun hauek ditu saileko kontseiluak:

    1. Gobernu Kontseiluari arautegiaren proiektua eta, dagokionean, arautegiaren erreforma-proiektua aurkeztea.

    2. Irakaskuntzaren ezaugarriak kontuan hartuta egoki denean, irakaskuntzaren zati bat beste erakunde batzuetan emateko proposamena egitea Gobernu Kontseiluari, Gobernu Kontseiluak berak baimendutako hitzarmeneko baldintzei jarraituz.

    3. Jarduerak ikastegiekin koordinatzeko programak onartzea.

    4. Dagokionean, sailaren gune fisikoak esleitzeko irizpideak onartzea.

    5. Saileko arautegian jasotako eskumenen esparruan, ordezkariak hautatzeko arauak ematea. Sailetako zuzendaritzek deitu behar dute hauteskundeetara, Hauteskunde Araubide Orokorrean xedatutakoari jarraiki.

    6. Indarrean dagoen legediak, UPV/EHUko Estatutuek eta horiek garatuko dituzten arauek zehaztutako gainerako guztiak, baita eskuordetzen zaizkionak ere.

  1. – Kontseiluaren batzorde iraunkorra honakoek osatuko dute: zuzendariak, idazkariak, Arabako Campuseko sail-ataleko koordinatzaileak eta irakasleen bederatzi ordezkarik. Edonola ere, irakasleen ordezkariek batzorde iraunkorreko kideen % 70 izan behar dute. Sail-ataleko koordinatzailea ez da kopuru horretarako kontuan hartuko.

  2. – Gainera, bekadunen eta ikasleen ordezkari batek eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari batek hartu behar dute parte batzorde iraunkorrean, biak kontseiluko kideen artean hautatuak.

  3. – Artikulu honen ondorioetarako, ez dira bekaduntzat hartuko bekadun lankideak.

  4. – Batzorde iraunkorreko ordezkariak Hauteskunde Arautegi Orokorrean xedatutakoari jarraiki aukeratu behar dira.

  5. – 9. artikuluan araututako arrazoiren bat badago, batzorde iraunkorreko ordezkariek ordezkari izateari utzi behar diote.

  1. – Batzorde iraunkorraren eginkizunak izango dira kontseiluak hurrengo paragrafoan zehaztutakoari jarraiki eskuordetutakoak eta kontseiluak unean-unean eskuordetzen dizkionak. Edonola ere, eskuordetutako eginkizunek ezin izango diote kalterik egin Estatutuetako 286.1. artikuluko a), b) eta c) letretan zehaztutakoari, sailaren arautegian onartzeari ez eta Estatutuek edo unibertsitatearen gaineko legedia orokorrak kontseiluaren eskumen esklusibo eta eskuordetu ezintzat jotzen dituen eginkizunei.

  2. – Hauek dira batzorde iraunkorraren eginkizunak:

    1. Saileko langileei irakats-betebeharrak eta balizko aldaketak proposatzea, Sailen Oinarrizko Arautegiko 36. artikuluari eta hurrengoei jarraiki. Erabakiak bete egin behar dira, saileko kontseiluak berretsi edo aldarazi bitartean.

    2. Hirugarren zikloko, doktoregoko eta gainerako ikasketetako (unibertsitateko berezko tituluetara bideratutako ikasketak izan edo ez) eskaintzak proposatzea, kasuan kasuko proposamenak eginez eta euren gain dituzten programen ezarpen- eta koordinazio-akademikoaz arduratuz.

    3. Doktorego-tesiak ebaluatu behar dituzten pertsonak izendatzeko proposamenak onartzea legeak baimentzen dituen baldintzetan, bai eta bestelako epaimahaietako kideen izendapenak onartzea ere.

    4. Plaza berriak eskatu eta saileko langileen lanpostuen zerrendan egin beharreko aldaketak proposatzea. Erabakiak bete egin behar dira, saileko kontseiluak berretsi edo aldarazi bitartean.

    5. Irakasleen irakaslanaz txosten arrazoituak egitea, irakaskuntza-merezimenduak eskuratzeari eta kontratuak berritzeari begira.

    6. Venia docendi eman behar bada, aurrez jakinaraztea.

    7. Irakaskuntzaren arloko azpiegiturak eta zereginak hobetzeko laguntza eta finantziazio eskariak koordinatzea eta saileko kontseiluari proposatzea.

    8. Saileko irakats-jardueretan bekadunen partaidetza antolatzea.

    9. Saileko zuzendaritzarekin elkarlanean aritzea sailak ahalik eta ondoen funtzio dezan.

    10. Zientziaren, teknikaren eta artearen alorreko lanak egiteko Estatutuetako 141. artikuluan xedatutako kontratuak egiteko baimenak ematea, betiere, sailaren eskumenen esparruan eta Gobernu Kontseiluak onartutako araudiari jarraiki.

  3. – Saileko kontseiluko kideek batzorde iraunkorrak hartutako erabakien berri izan behar dute unean-unean.

  1. – Arabako Campuseko sail-ataleko kontseilua bertako kideen ordezkari gorena da kasuan kasuko ikastegietan eta campusean.

  2. – Arabako Campuseko sail-ataleko kontseiluak idazkaria izendatu behar du dela oro har, dela unean-unean, bileren eta erabakien inguruko aktak egiteko.

Arabako Campuseko sail-ataleko kontseiluetako kide dira: sail-ataleko irakasle eta ikertzaile guztiak, atalari lotutako administrazioko eta zerbitzuetako langileak eta ikasle bat (sail-ataleko ikastegiko ikasleen kontseiluak aukeratua).

Honakoak dira Arabako sail-ataleko kontseiluaren eginkizunak:

  1. Koordinatzailea aukeratzea kideen artean, saileko kide anitzeko organoetan ordezkari izan dadin. Agintaldia lau urtekoa izango da, eta aukeratzeko eta kargutik kentzeko erabiliko den sistema saileko zuzendaria aukeratu eta kargutik kentzeko erabiltzen den bera izango da.

  2. Atalari dagozkion irakats- eta administrazio-eginkizunen programazioa eta antolakuntza proposatzea saileko kontseiluari edo, dagokionean, batzorde iraunkorrari eta bestelako gobernu-, ordezkaritza- eta administrazio-organo osagarriei.

  3. Atalari dagozkion auzien berri ematea saileko kontseiluari.

  4. Euren eskumeneko auzien inguruko proposamenak egitea saileko kide anitzeko organoei.

  5. Ataleko urteko memoriak onartzea saileko memorian txertatzeko.

  6. Ataleko aurrekontua kudeatzea.

  7. Saileko kontseiluak eskuordetutako gainerakoak.

  1. – Bilerak ohikoak eta ezohikoak izan daitezke.

  2. – Deialdiak ohiko bileretarako egin behar dira, oro har. Saileko kontseiluak urtean, gutxienez, bi bilera egingo ditu eta batzorde iraunkorrak, bi, gutxienez, seihilekoan.

  3. – Bilera ezohikoa izango da aztergaia kontuan hartuta hala egin behar denean edo ezarri beharreko arautegiak hala xedatzen duenetan. Ezohiko bileretako gai-zerrendan ezin dira honako gai hauek agertu: aurreko akten onespena eta galde-eskeak.

  4. – Presazko bilerak ezohikoak dira eta deia gutxienez 24 ordu lehenago egin behar da. Halakoetan, bileraren hasieran berretsi egin behar da bilera egiteko arrazoia benetan premiazkoa dela. Berresten ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.

  1. – Kide anitzeko organoetako buruak egin behar du bileretarako deia.

    Gainera, kide anitzeko organoetako kideen edo sailetako irakasle doktoreen heren batek eskatzen badu, organoaren bilerarako deia egin behar da. Bilera horiek ezohikoak dira eta eskaera egin eta zazpi egun balioduneko epean egin behar dira gehienez.

  2. – Biltzeko deiak organoko idazkariak bideratu behar ditu, aurrerapen nahikoaz eta, edonola ere, bildu baino, gutxienez, hiru egun lehenago. Bilerak non egingo diren, zein ordutan eta zein gai aztertuko diren adierazi behar da deialdian. Aztertu beharreko gaiei buruzko dokumentuak aurrerapen nahikoaz eskuratzeko aukera izan behar dute organoko kideek, eta, edozelan ere, bilera baino 24 ordu lehenago.

  3. – Edonola ere, aztergaiak osatzen dituzten puntuak zehatz-mehatz jasoko dira deialdian. Puntu horien artean agertu beharko dira organoko kideen % 10ek, gutxienez, behar den garaian eta moduan eskatutakoak. Ezin da hartu gai-zerrendan agertzen ez diren puntuei buruzko erabakirik; hala ere, organoko kideen bi heren baino gehiago badaude bileran, eta bozkatu eta gehiengo osoak gaia premiazkoa dela uste badu, erabakia har daiteke.

  4. – Guztiak jakitun egon daitezen, deialdiak argitara eman behar dira organoari dagokion egoitzan eta gainerako gune guztietan, eman ere organoetako kideei bileretarako deia egiten zaien egun berean.

  1. – Kide anitzeko ordezkari-eginkizunak pertsonalak eta besterenezinak dira.

  2. – Organoa eratu ostean, hutsik geratzen diren lekuak kasuan kasuko zerrendetako ordezkoek bete behar dituzte. Aipatutako irizpideari jarraitu ondoren bete gabe geratzen den plaza-kopurua talde bateko kideen % 50 baino handiagoa edo organoko kideen % 30 baino handiagoa bada, hauteskunde partzialak egingo dira. Modu horretara hautatutakoek kasuan kasuko zerrendako kideen agintaldia amaitu arte beteko dituzte ordezkari-zereginak.

  1. – Kide anitzeko organoetako kideek organoen bileretara joateko eskubidea eta joan beharra daukate, eta arautegi honi jarraituz betebeharreko eginkizunak betetzekoa. Bileretara joateak unibertsitateko gainerako betebeharrak betetzetik salbuetsiko ditu kontseiluko kideak, baina kasuan kasuko organoek beharrezko neurriak hartuko dituzte betebehar horiek bete egiten direla eta zerbitzua eman egiten dela bermatzeko.

  2. – Kide anitzeko organoetako kideek saileko idazkaritzan eskatuko dute beren betebeharrak betetzeko behar duten dokumentazio eta informazioa, eta hogeita lau orduan eskura izan behar dute.

  1. – Kide anitzeko organoa balioz eratzeko beharrezkoa izango da kideen gehiengo osoa egotea bertan lehen deialdian, edo kideen heren bat, gutxienez, bigarren deialdian (ordu erdi beranduago). Edonola ere, organoko buruak eta idazkariak beti egon behar dute edo, bestela, euren ordezkoek.

  2. – Organoa bigarren deialdian eratzeko beharrezko quoruma bozketa guztietan izango da beharrezkoa.

  1. – Kide anitzeko organoko buruak bermatu egin behar du bilera behar bezala betetzen ari dela eta, arrazoirik egonez gero, bertan behera uzteko erabakia har dezake.

  2. – Eztabaidak gai-zerrendari jarraiki egin behar dira. Dena dela, beharrezkoa izanez gero, kide anitzeko organoak bileraren ordena aldatzea erabaki dezake organoko buruak egindako proposamenari jarraituz.

  3. – Beharrezkotzat joz gero, organoko buruak bozketa egin aurretik gaiaren inguruan eztabaidatzeko denbora muga dezake, bai eta egon daitekeen parte-hartze kopurua ere.

  4. – Kide anitzeko organoko buruaren iritziz egokia bada, kide ez diren pertsonak gonbida ditzake bilerara, gai-zerrendako punturen batekin zerikusia duen iritzia edo informazioa eman dezaten. Aktan jasota ageri behar da bileran gonbidatuak izan direla, eta ez dute botorik emateko eskubiderik izango.

  1. – Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen artetik gehiengo soila behar izango da, Estatutuek, ikastegiaren arautegiak edo gainerako lege-xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen ez duten kasuetan izan ezik. Horrenbestez, proposamen bakarra izanez gero, onartu egingo da aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira. Bi proposamen daudenean, aldeko boto gehien lortzen duena onartuko da. Bi proposamen baino gehiago daudenean, emandako botoen gehiengoa lortzen duena onartuko da edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu dituzten bi proposamenen artean, bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena.

    Berdinketa izanez gero, berriro egin behar da botazioa; orduan ere berdinketa izanez gero, organoko buruak kalitatezko botoa izango du.

  2. – Botazioek isilpekoak izan behar dute kide anitzeko organoko kideren batek hala eskatzen badu. Dena dela, botazioek beti izan behar dute isilpekoak, pertsonei buruzkoak badira.

  3. – Aurkako botoa ematen dutenek ez dute erantzukizunik izango kide anitzeko organoak hartutako erabakietan, baldin eta aurkako botoa emateko arrazoia jasota geratzen bada. Era berean, ez dute erantzukizunik izango abstenitu egiten direnek. Botazioa isilpekoa bada, interesatuak boto-txartela emango dio organoko idazkariari botazioko unean eta, txartel horrekin batera, emandako botoaren arrazoia azaltzen duen testua. Boto-txartela eta testua aktari erantsiko zaizkio.

  4. – Ez da onartuko botoa eskuordetzea.

  5. – Kide anitzeko organoetako kideek aktan agerraraz dezakete euren botoa eta horren azalpena. Azalpen hori idatziz eman beharko dute bozkatzerakoan. Unibertsitateko beste organo batzuei egindako proposamenak badira, kideen boto partikularrak beti agerrarazi behar dira proposamenekin batera.

  1. – Idazkariak bilerako akta egin behar du. Akta bileran bertan edo hurrengoan onartu behar da, eta aktaren zirriborroa hurrengo bilerako gai zerrendari dagozkion dokumentuekin batera banatuko da. Akta onartu ostean, idazkariak sinatu eta batzarraren buruak ontzat eman behar du.

  2. – Aktetan honako hauek jaso behar dira nahitaez: bilerara etorri direnen zerrenda eta bilera amaitu aurretik alde egin dutenen inguruko berariazko aipamena; gai-zerrenda; bilerako tokia eta ordua; bileran aztertutako puntuak; botazioak nola egin diren eta emaitzak; hartutako erabakien edukia eta, egoki joz gero, arrazoiaren azalpen laburra.

  3. – Boto bereziak ere jasota egon behar dira aktan, baldin eta boto berezia eman duten kideek hala eskatzen badute. Kide anitzeko organoko edozein kidek eskatu ahal izango du bere parte-hartzea edo proposamena hitzez hitz jasotzeko aktan. Horretarako, idatziz aurkeztu beharko du testua, eskaera egin eta segituan edo, bestela, organoko buruak esango duen moduan.

  4. – Kide anitzeko organoko kideek aktetan aldaketak egiteko proposamenak egin ditzakete aktak onartzeko unean. Idazkariak egiaztatu egin behar ditu proposatutako aldaketak eta, gehiengoak aldeko botoa ematen badu, onartu egin behar dira.

  5. – Kide anitzeko organoa aldatu baino lehen, bilera egin behar da onartzeke dauden akta guztiak onartzeko. Bilera hori egitea ezinezkoa bada, akten zirriborroak bidali behar zaizkie kide anitzeko organoko kide zirenei, eta hamar eguneko epea eman edukiari buruzko erreklamazioak egiteko. Esandako epearen barruan erreklamaziorik aurkezten ez bada, aktak onartutzat eman behar dira; erreklamaziorik aurkeztuz gero, berriz, kide anitzeko organo berriak egin beharreko lehen bileran onartu behar dira.

  6. – Behin onartuta, aktak saileko iragarki oholetan argitaratuko dira, pertsonen intimitatea babestuta, eta saileko kideek eskuratu ahal izango dituzte kontsultetarako.

  1. – Idazkariak kide anitzeko organoak hartutako erabakien fede eman behar du eta ziurtagiriak egin behar ditu.

  2. – Hartutako erabakiak argitara emango dira saileko iragarki-oholean, gehien dela hiru egun balioduneko epean eta pertsonen intimitatea babestuta. Edonola ere, organoko idazkariak eta presidenteak erabakiak argitaratu egiten direla bermatu behar dute, eta argitaratu eta gutxienez hilabetez daudela jendaurrean.

  1. – Kide anitzeko organoak hartutako erabakiek onartzen direnetik aurrera dute eragina, erabakian bertan kontrakorik adierazi ezean. Erabakien berri eman behar zaie kasuan kasuko organoei.

  2. – Pertsonei buruzko erabakiak, irakaslanak esleitzekoak eta lanpostuen zerrendan edo kontratuko langileen zerrendan eragina dutenak zuzenean jakinarazi behar zaizkie eragindakoei. Erabakiek jakinarazpena egiten den unetik aurrera dute eragina, eta jakinarazpenak Administrazio Prozeduraren Legean xedatutako moduan egin behar dira.

  3. – Sailen Oinarrizko Arautegiko IV. tituluko II. kapituluak aipatzen dituen kide anitzeko organoek hartzen dituzten erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, erabakia hartu zen bilerako akta argitaratu eta hilabeteko epean.

  4. – Pertsonei buruzko erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, erabakia interesdunari jakinarazi eta hilabeteko epean.

  1. – Saileko kide bakarreko organoak zuzendaria, idazkaria eta Arabako Campuseko sail-ataleko koordinatzailea dira.

  2. – Saileko zuzendari eta idazkari akademiko karguetan aritzeko, arduraldi osoko kontratua izan behar da, legedian xedatutako salbuespenetan izan ezik. Ezin da, inolaz ere, kargu batean baino gehiagotan aritu.

  1. – Sailean zuzendaririk ez badago, horren berri eman beharko dio idazkari nagusiari saileko idazkariak edo, bestela, saileko kategoria eta antzinatasunik handieneko kideak, eta batzorde iraunkorraren bilerarako deia egin edo, bestela, saileko kontseilua bilerara deitu berehala, xedatutako baldintzak betetzen dituztenen artetik bat izenda dezaten saileko behin-behineko zuzendari. Halakoetan, kategoria eta antzinatasunik handieneko kidea izango da bilerako buru, eta saileko zuzendari-eginkizunak beteko ditu. Artikulu honetan xedatutako eginkizunak betetzen ez badira, edo hiru hilabete baino gehiago igaro eta dena delakoagatik zuzendaririk aukeratu ez bada, errektoreak ofizioz izendatuko du behi-behineko zuzendaria, kasuan kasuko erantzukizunei kalterik egin gabe.

  2. – Zuzendariaren agintaldia lau urtekoa da. Jarraian bi agintaldi baino ezin izango dira egin.

  3. – Zuzendariak Estatutuetako 250. artikuluan jasotako arrazoiengatik utziko du kargua. Artikulu horren arabera Unibertsitateko Klaustroari dagokion zentsura-mozioa saileko kontseiluari dagokio kasu honetan.

    Zentsura-mozioa idatzi arrazoitu bidez aurkeztuko da saileko idazkaritzan, gutxienez kontseiluko kideen % 20k sinatuta, eta zuzendari izateko hautagai baten izena jaso beharko du. Behin mozioa aurkeztuta eta eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatu ondoren, zuzendariak kontseiluari dei egingo dio 72 orduko epean ezohiko bilera egiteko. Zentsura-mozioa aurkeztu eta hamabost eguneko epean, gehienez ere, egin beharko da bilera hori. Bilera horretan, lehenengo eta behin, zentsura-mozioari buruzko azalpenak emango ditu mozioa sinatu duen kideetako batek. Ondoren, hautagaiak hartuko du parte bere proposamena proposatzeko eta azaltzeko. Zuzendariak erantzuna emango du eta ondoren, hitza eskatu duten saileko kontseiluko kideek hartuko dute parte txandaka, behin aldekoek, behin kontrakoek. Zentsura-mozioa onartzeko, saileko kontseiluko kideen aldeko botoak kontrakoak baino gehiago izan behar dira. Saileko kontseiluak mozioa onartzen badu, zuzendariak dimisioa aurkeztuko du berehala. Onartu den mozioan jasotako hautagaia zuzendari hautatu dela joko da.

  1. – Errektoreak irakats-betebeharretatik salbuets dezake saileko zuzendaria, arduraldiaren erdiraino, gehienez ere.

  2. – Agintaldia amaitzean, zuzendariak irakats-betebeharretatik neurri berean salbuetsita egoteko eskubidea du uneko lauhilekoa bukatu arte, ohiko azterketa aldia barne. Horretarako, gutxienez hiru urte eman behar izan ditu karguan.

  1. – Honako eginkizun hauek ditu saileko zuzendariak:

    1. Sailaren ordezkari izatea.

    2. Saileko kontseiluko buru izatea eta, dagokionean, saileko batzorde iraunkorreko buru ere, saileko arautegiei jarraiki.

    3. Saileko kideen eskariak eta iradokizunak jaso eta bideratzea.

    4. Saileko administrazioko eta zerbitzuetako langileen funtzioak zuzentzea.

    5. Sailaren urteko memoria, eginkizunen plana eta txosten ekonomikoa egitea.

    6. Saileko kontseiluak, batzorde iraunkorrak eta, dagokionean, ataletako kontseiluek hartutako erabakiak betearaztea.

    7. Sailak eta saileko kideek irakaslanak eta gainerako eginkizun akademikoak behar bezala betetzen dituztela bermatzea.

    8. Sailean zientziaren, teknikaren, giza zientzien eta artearen alorreko ikerlanak egiteko beharrezko diren kontratuak sinatzea.

    9. Hirugarren zikloko eta doktoregoko ikasketak koordinatzea programen arduradunekin batera.

    10. Eginkizunak betetzeko egoki diren batzordeak eratzea.

    11. Isilpeko informazioa jasotzea eta diziplina espedientea irekitzeko proposamena egitea.

    12. Saileko beste organoei agindu ez zaizkienak, unibertsitateko gobernu-organoek eskuordetutakoak eta Estatutuek edo indarrean dagoen legediak zehaztutako gainontzeko guztiak.

  2. – Era berean, lankidetza-hitzarmenak sinatu behar ditu, Gobernu Kontseiluaren jarraibideek xedatutako baldintzetan.

  1. – Honako hauek dira kargua uzteko arrazoiak: dimisioa aurkeztea, heriotza, lege-ezintasuna, saileko kide izateari uztea eta, zuzendariaren proposamenari jarraiki, errektoreak hala erabakitzea.

  2. – Idazkariari dagokio saileko idazkaritza akademikoak berezkoak dituen eginkizunak betetzea, baita zuzendariari laguntzea ere.

  3. – Idazkariak saileko kide anitzeko gobernu-, ordezkaritza- eta administrazio-organoen jardunaren eta erabakien fede emango du; akta-liburuak egin eta zaintzeaz arduratuko da eta ziurtagiriak egingo ditu, hala erabakienak, nola saileko dokumentazio ofizialean ageri diren gertakarienak edo ekimenenak.

  1. – Ataleko koordinatzailea ataleko kontseiluaren ordezkari da saileko kontseiluan, eta honako eginkizun hauek ditu:

    1. Saileko gobernu-organoei irakaskuntza- eta ikerketa-arloko planen eta atalen beharrizanen inguruko memorien berri ematea, baita kontseiluaren erabakien, eskarien eta iradokizunen berri ere.

    2. Bilerako gai-zerrendak osatzea, ataleko kontseilua bileretara deitzea eta haien buru izatea, bileretako aktak zaintzea eta saileko organoei erabakien berri ematea.

    3. Saileko zuzendariari laguntzea irakaskuntzaren arloko eta sailaren eta bertako kideen gainerako eginkizun akademikoak behar bezala betetzen direla bermatzeko, ataleko irakaskuntza eta ikerketa koordinatzea eta, hala badagokio, beharrezko proposamenak egitea.

    4. Ataleko eginkizunen urteko memoria egitea, saileko memoria osatzeko.

  2. – Saileko arautegiak ataletako koordinatzaileen beste eskumen batzuk zehaztu ahal izango ditu, baita ataletako gainerako gobernu- eta administrazio-organo espezifikoenak ere.

  3. – Arabako Campuseko sail-ataleko koordinatzailea izango da sailaren ordezkaria Arabako Campuseko Batzarrean.

  1. – Saileko kontseiluak ziklo, ikasketa eta arlo guztietako irakaskuntza antolatuko du, kontuan hartuta Arabako Campuseko sail-atalak egindako proposamena. Irakaskuntza fakultateko eta eskolako zuzendaritzarekin batera antolatu behar du, irakasleen eskariak oinarri hartuta. Edonola ere, ikasleek kalitateko irakaskuntza jasotzeko eskubidea dutela izan behar du kontuan.

  2. – Sailak aparteko arreta eman behar dio pixkana-pixkana euskarazko irakaskuntza ezarri eta euskaraz irakatsi eta ikertzeko oinarrizko material espezifikoak prestatzeari. Horretarako, hizkuntza-normalizazioan aritzen diren unibertsitateko organo orokorrek eta ikastegiko Euskara Batzordeak egindako plangintzak izan behar ditu kontuan.

  3. – Sailak irakasgai guztiak esleituta daudela bermatu behar du, edozein dela ere hizkuntza. Euskarazko irakaskuntza guztia esleitu ostean, gaztelaniazkoa esleitu behar da. Alde horretatik, ezin da bereizketarik egin hizkuntzagatik, eta artikulu honetako hurrengo atalean aipatzen den proportzionaltasuna bermatu behar da. Beste hizkuntzetako irakasgaiak ere modu berean esleitu behar dira, beste hizkuntzarik baldin badago.

  4. – Irakaskuntza proportzionalki banatu behar da saileko irakasleen artean, alderik izan litekeen arren ikastegien, jakintza-arloen eta hizkuntzaren arabera. Ikasturte berean proportzionaltasuna errespetatzerik ez dagoenean, ikasturte anitzeko epean ahalegindu behar da printzipio hori errespetatzen.

  5. – Edonola ere, irakasle guztiek irakasteko duten eskubidea bermatu behar da.

  1. – Irakasleen arduraldia urteka neurtu behar da.

  2. – Ikasturte osorako kontratuetan bakarrik bana daitezke modu ez orekatuan eskolak; dena dela, irakaskuntza- edo ikerketa-arloko arrazoiak egon behar dira horretarako. Nolanahi ere, irakaskuntza salbuespenezko egoeretan ere emango dela bermatu behar da; hau da, ikasleak ezin dira eskolarik gabe utzi. Irakaslan osoa lauhileko bakar batean pilatuta duten irakasleen kasuan, eta batez ere bigarren lauhilekoan dutenen kasuan, sailak hartu beharko du bere gain gehiegizko zama, baldin eta irakasleak bat-batean ordezkoa behar baldin badu. Izan ere, kasuan kasuko lauhilekoari dagokion irakaslana baino ezin izango du hartu bere gain ordezkoak.

  3. – Saileko kontseiluak lan baldintzen alorrean indarrean dauden erabakiak hartu behar ditu kontuan, batik bat, irakasle kategoria jakin batek asteko eskola orduak murrizteko izan dezakeen eskubidea, lana eta familia bateratzeari buruzkoak edo dena delako egoera bereziei buruzkoak.

  1. – Sailak kasuan kasuko jakintza-arloekin lotutako gaietako irakaslanak esleitu behar dizkie irakasleei. Hala ere, salbuespenezko egoeretan, sailak antzeko jakintza-arloetako gaiak eslei diezazkieke irakasleei, irakaskuntza eman egiten dela bermatzearren.

  2. – Salbuespenak gorabehera, irakasleek atxikipenaren arabera hala dagokien ikastegian emango dituzte eskolak. Hala ere, zerbitzuaren premiak eta ikasleen interesak direla-eta, irakasleari beste ikastegi bateko eskolak eslei diezazkioke, baina erabaki hori arrazoitu egin beharko da. Premiazko egoeratan, zuzendariak berak banatuko ditu eskolak. Erabaki hori zuzenean ezarriko da, baina saileko kontseiluak edo, hala dagokionean, batzorde iraunkorrak, berretsi beharko du.

  3. – Arduraldi partzialean ari diren eta aldi berean beste jarduera batean aritzeko baimena duten irakasleen kasuan, saileko kontseiluak bateragarritasun-baimenean adierazitako ordutegia errespetatu behar du, irakasleak bestelakorik berariaz onartu ezean. Horrek ez du esan nahi irakasle horrek eskolak ordutegi jakin batean emateko eskubidea duenik, edo UPV/EHUk unibertsitateaz kanpoko lanpostuan izan ditzakeen aldaketak besterik gabe onartu behar dituenik.

  1. – Irakasleei beren lehentasunak eskatu aurretik, sailak eskolak esleitzeko irizpide osagarri eta orokorrak erabaki ditzake, arrazoitu egiten baditu eta titulu honetan xedatutakoa errespetatzen badu, betiere.

  2. – Eskolak esleitzeko azken erabakiak irakasgai guztiak hartu behar ditu kontuan eta, ahal dela, alderdi guztiek eman behar dute ontzat hein batean. Era berean, UPV/EHUn kide bakarreko karguak dituzten saileko irakasleak ere hartu behar dira kontuan.

  3. – Erabakirik ez badago eta irakasle batek baino gehiagok eskatu baditu eskola berak, honakoaren arabera banatuko dira ikasketa-planetako enborreko irakasgaiak, nahitaezkoak eta hautazkoak:

    1. Karrerako irakasle funtzionarioek eta kontratuko irakasle iraunkorrek lehentasuna dute bitarteko eta aldi baterako irakasleen aldean.

    2. Kategoria akademikorik handieneko irakasleek lehentasuna dute, honako ordena honetan:

      • Unibertsitateko katedradunek eta irakasle osoek.

      • Unibertsitateko irakasle titularrek, unibertsitate eskoletako katedradunek eta irakasle agregatuek.

      • Unibertsitate eskoletako irakasle titularrek, irakasle lankideek eta irakasle elkartuek.

      • Irakasle atxikiek.

      • Laguntzaileek.

    3. Irakasle doktoreak, diplomaturetan, ingeniaritza teknikoetan eta arkitektura teknikoan izan ezik.

    4. Kidegoko antzinatasun edo kontratu kategoriarik handieneko irakasleak. Antzinatasuna neurtzeko, arduraldi partzialeko zerbitzuak haztatu egin behar dira 0,5 koefiziente erabilita.

  4. – Aurreko irizpideen bitartez lehentasuna ezartzerik ez badago, zozketa egin behar da.

  5. – Irakasgai bat baino gehiago direnean adostasunik gabekoak, irakasleek adierazitako prozedurari jarraiki aukeratuko dute lehenengo irakasgaia, eta, ondoren, txanda pasatuko dute eta lehentasun-hurrenkerako azkenak izango dira.

  6. – Inongo irakaslek eskatzen ez dituen irakasgaiak eta taldeak esleitzeko, artikulu honetako 3. ataleko irizpideak alderantzizko ordenan aplikatu behar dira, sailak bestelako irizpiderik xedatu ezean. Guztiak egoera berean daudelako aurreko irizpideen bitartez irakasleen artean lehentasunak finkatzerik ez badago, zozketa egin behar da.

  1. – Saileko kontseiluak eskolak eta urteko irakaslanak esleitzeko irizpideei buruz hartzen dituen erabakiak berehala argitaratu behar dira, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 57.2, 59.5.b) eta 60. artikuluetan xedatutako ondorioetarako. Saileko idazkaritzan jasota egon behar da zein egunetan argitaratu diren erabakiak saileko iragarki-oholetan, eta, hain zuzen ere, egun horretatik aurrera hasiko da kontatzen errekurtsoak jartzeko epea, baldin eta errekurtsorik jartzeko aukerarik badago. Sailak erabakien edukiaren eta erabaki horiek eskuratzeko moduaren berri eman behar die irakasleei.

  2. – Irakasleari berari esleitutako irakaslana jakinarazi behar zaio, eta jasota egon behar da sailak jakinarazpena egin duela edo interesdunak jakinarazpena jasotzeari uko egin diola.

  3. – Saileko kontseiluek irakaslana esleitzearen inguruan erabakitakoaren kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, erabakia argitaratu eta hilabeteko epean.

  1. – Sailak ikasleen interesak eta beharrizanak hartu behar ditu kontuan ikasleentzako tutoretza-orduak finkatzerakoan. Halaber, ikasleek zerbitzu hau behar bezala erabil dezaten ahalegindu behar du eta, horretarako, astean gutxienez bi egun finkatu behar ditu.

  2. – Irakasle jakin bati kontratatutako irakaskuntza osoa esleitu ez arren, tutoretza-ordu guztiak bete behar ditu. Ordu horiek ezin dira pilatu, eta ikasturte osoan barrena bete behar dira.

Ezintasunen bat duten ikasleen egoera dela-eta, sailak behar adina egokitu behar du metodologia, eta ikasle horien beharrizanen araberako tutoretza-orduak finkatu behar ditu.

  1. Saileko irakasleen eta ikertzaile-taldeen ikerketa lana bideratu eta sustatzea.

  2. Ikertzaile berrien trebakuntza sustatzea.

  3. Ziklo guztietako ikasleak ikerketa-arloekin harremanetan jartzea.

  4. Doktorego-tesiak eta ikerketak zuzen daitezen eta haien jarraipena egin dadin bultzatzea, eginkizun horiek irakasleen gutxieneko betebeharren artean sartuz.

  5. Zientzia-arloko harremanak izatea beste sail, unibertsitate eta ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-zentroekin eta haiekin batera askotariko jakintza-arloetako proiektuak bultzatzea.

  6. Unibertsitateko ikerketaren eta testuinguru sozio-ekonomikoaren arteko lotura sustatzea. Horretarako, irakasleek eta ikertzaileek ikerketa- eta aholkularitza-kontratuak eta hitzarmenak sinatu behar dituzte.

  7. Gizarteak unibertsitateko ikerketaren emaitzen berri izan dezan bideratzea.

  1. – Estatutuetako 147. artikuluan xedatutakoarekin bat, saileko kontseiluak urtean egindako ikerketa-lanei eta horien emaitzei buruzko memoria onartu behar du urtero. Memoria hori Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeak onartutako eredu orokorraren arabera egin behar du eta, jarraian, hari aurkeztu behar dio, baliabideak esleitze aldera.

  2. – Unibertsitateko irakasleek eta ikertzaileek lankidetza-hitzarmenen edo kontratuen ondorioz unibertsitatekoak ez diren zentroekin egindako ikerketa-lanak unibertsitateko ikerketatzat hartu behar dira ondorio guztietarako, eta sailak urteko memorian jaso behar ditu.

Helburuak bete eta berezko dituen ekimenak gauzatzeko, sailak behar beste langile izan behar ditu, baita aurrekontu-sail berezituak ere UPV/EHUko aurrekontu orokorrean. Gainera, autonomia izan behar du aurrekontu-sail horiek kudeatzeko.

  1. – Saileko aurrekontu orokorrak kontseiluak finkatzen duen moduan banatu eta kudeatu behar dira.

  2. – Saileko aurrekontuko diru-sarrerak honakoak izango dira, UPV/EHUk berak esleitutakoez gain:

    1. Sailak berak antolatu eta burutzen dituen irakaslanek eta ikerlanek emandako etekin garbiak, eta zeregin horietatik sortutako produktuen ustiapenetik datozenak.

    2. Zientzia-, teknika- edo arte-lanak egiteko edo espezializazio-ikasketak emateko nahiz prestakuntzarako jarduera bereziak egiteko kontratuetatik sortutako diru-sarreretatik dagokion zatia.

    3. Jasotzen dituzten diru-laguntzak, kasuan kasurako zehaztuta dauden baldintzen arabera.

    4. Modu agerian eta beren-beregi egiten dizkioten dohaintzak eta legatuak, emandako baldintza berberetan.

  3. – Sailak UPV/EHUren aurrekontu orokorrean agertzen ez diren bestelako baliabideak baditu, zuzendariak horren berri eman beharko dio gerenteari; ondoren, baliabide horiek sailaren aurrekontuetan txertatu eta gastatzeko proiektuak aurkeztu behar dizkio saileko kontseiluari, ontzat eman ditzan.

  1. – Saileko jardun ekonomikoak UPV/EHUko sarreren eta gastuen aurrekontuak xedatutakoarekin bat etorri behar du, UPV/EHUko aurrekontuak betetzeko arauetan xedatutakoari jarraiki.

  2. – Aurrekontuan berezita agertuko da Arabako Campuseko sail-atalari dagozkion aurrekontu-sailak. Guztiok erabili beharreko sailak izan ezik, ataletako aurrekontu horiek proportzionalki banatu behar dira, kasuan kasuko sailak unibertsitateko aurrekontu orokorrekin bat zuzentzen dituzten irizpideei jarraiki.

  1. – Ikertzaile-taldeek eta sailak eskatzen badute, UPV/EHUk ikerlariak kontratatu eta onar ditzake aldi baterako. Langile horiek ikerketa-programen arabera eta ikerketarako berariazko fondoen eta kanpoko finantziazioaren kontura kontratatu behar ditu.

  2. – Edonola ere, saileko fondoen kontura aldi baterako kontratatuko diren langileak Errektoregoaren bidez kontratatuko dira, UPV/EHUn halako kontratazioetarako xedatutako baldintzekin eta prozedurekin bat.

  1. – Saileko arautegia aldatzeko ekimena zuzendariari edo kontseiluko kideen gutxienez % 20ri dagokio. Ekimenak ordezko testua edo testu gehigarria aurkeztuta eta proposamena egin dutenek euren burua identifikatuta gauzatu behar dira. Atal honetan xedatutako azken kasuan, saileko zuzendariak kontseiluaren bilerara deitu behar du hilabeteko epean, aldaketa horri buruzko iritzia eman dezan.

  2. – Arautegiaren aldaketa kontseiluak horretarako beren-beregi egingo duen ezohiko bilera batean onartu beharko da, eta emandako boto baliodunen gehiengo osoa lortu beharko du. Horren ondoren, eta legaltasun-kontrola behin eginda, Gobernu Kontseilura eramango da ontzat eman dezan.

Arautegi honetan jasotakoa Sailei buruzko Oinarrizko Arautegiarekin eta aplika daitezkeen gainontzeko arauekin bat ezarriko da.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.