Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2007ko maiatzaren 25ekoa, Euskal Herriko Unibertsitateko Idazkari nagusiarena. honen bidez agindua ematen da Erizaintza II sailaren Arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 126
  • Hurrenkera-zk.: 3686
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2007/05/25
  • Argitaratze-data: 2007/07/02

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Sailak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Unibertsitateak bere araubide propioa dauka erakundea antolatzeko, bere interesen defentsan aritzeko balio diona, Konstituzioak 27.10. artikuluan onartzen duen unibertsitateen autonomiatik eratorria. Araubide horri atxikita dago bere arauak egiteko erakundeak daukan ahalmena. Ahalmen horrez baliatuta, Unibertsitateak bere Estatutuak dauzka, erakundearen antolaketaren ezaugarri berezi diren arlo eta organoak erregulatzen dituzten oinarrizko arauak.

Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuetako 199. artikuluak dioenez, sailek arautegi bat izango dute euren gobernurako. Arautegia Saileko Kontseiluak egingo du, Gobernu Kontseiluak emandako oinarrizko arautegiari jarriki. Bestalde, Sailen Oinarrizko Arautegiko 4.2. artikuluak idazkari nagusiari eskuordetzen dio arautegiak onesteko eskumena, baldin eta txosten guztiak aldekoak izanik berariazko eskaririk egin ez bada Gobernu Kontseiluan aurkezteko.

Gobernu Kontseiluak maiatzaren 17an egin zuen bileran jakinarazi zen Erizaintza II Sailaren arautegiari buruzko txosten guztiak aldekoak zirela eta, beraz, interesatuek zazpi eguneko epea zutela arautegia Gobernu Kontseilura bidaltzea eskatu nahi bazuten. Aipatutako epea igaro denez eskaerarik aurkezteke, arautegia onartutzat eman behar da, idazkari nagusiaren erabakiaren bidez (Sailen Oinarrizko Arautegiko 4.2. artikuluak eskuordetutako eskumena).

2004ko martxoaren 12an Euskal Unibertsitate Sistemaren 2004ko otsailaren 25eko 3/2004 Legea argitaratu zen. Lege horrek 10.2. artikuluan dioenez, unibertsitateko gobernu organoek ematen dituzten aplikazio orokorreko xedapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko ditu unibertsitateak, eta ez dira jarriko indarrean beren testu osoak argitaratu arte.

Aipatutako guztia kontuan hartuta, honako hau

Erizaintza II Sailaren funtsezko ardatzak irakaskuntza eta ikerketa dira. Irakaskuntzari dagokionez, Europako Unibertsitate Eremura egokitzearekin batera erabiltzen hasi beharko diren irakaskuntzako metodologia berriei heltzea da sailaren erronketako bat. Gainera, gure sailean erronka handia da hori, masterra eta doktoregoa eskuratzeko aukera izango dugulako, eta horrek gure jakintza-arloaren edukiari dimentsio berria emango diolako. Horri guztiari esker erizaintzako jakintza-arlo berezia handitu eta indartzeko bidea emango diguten ikerketa-proiektuak lortu ahal izango ditugu.

Arautegia esparru berrira egokitzeak gure arloaren egitura normalizatu eta Unibertsitate Eremu berrira egokitu ahal izateko aukera emango digu eta sailaren funtzionamendua koherentzia handiagoz jantziko duen estrategia edukiko dugu, zalantzarik gabe.

Arautegia, gainera, Erizaintza II sailaren arauen araberako funtzionamendua modu argian eta berehala zein den jakiteko informazio-baliabidea da.

  1. – UPV/EHUko irakaskuntza-programazioari eta ikastegien antolakuntzari jarraiki, Erizaintza II Saila erizaintzako berezko irakaskuntza koordinatu eta emateaz arduratzen da, baita irakasleen irakaskuntza- eta ikerketa-eginkizunak eta ekimenak laguntzeaz ere.

  2. – Erizaintza II Saila berezko saila da, izaera horrekin sortu da, eta erabat txertatuta dago UPV/EHUren egituran eta antolamenduan.

  1. Erizaintza-arloko irakaskuntza koordinatu eta ematea, eta hirugarren zikloko, doktoregoko eta berezko tituluak edo titulu espezializatuak lortzeko ikasketak antolatu eta garatzea.

  2. Erizaintzaren jakintza-arloko ikerkuntza sustatu eta laguntzea.

  3. Lankidetzan jardutea UPV/EHUko eta beste erakunde publiko edo pribatu batzuetako sailekin, ikastegiekin eta unibertsitateko ikerketa-institutuekin, bai irakaskuntzaren arloan bai ikerketan.

  4. Zientziaren, teknikaren, giza zientzien edo artearen alorreko eginkizunak sustatzea, bai eta espezializazioko edo unibertsitate-hedakuntzako ikastaroak ere, eta horretarako behar diren lanak kontratatu eta burutzea, indarrean dagoen legediaren esparruan betiere.

  5. Kideen eguneratze zientifikoa eta pedagogikoa sustatzea zuzenean edo beste sail eta ikastegi batzuekin batera.

  6. Aurrekontua gestionatzea, baliabideak administratzea eta saileko langileak gidatzea.

  7. Urteko plana garatu eta betetzea.

  8. Urteko memoria egitea.

  9. UPV/EHUko gainerako organoei eginkizunak betetzen laguntzea.

  10. Saileko jakintza-arloen ikasketa-planak egiten parte hartzea, baita saileko jakintza-arloekin zerikusia duten gainerako eginkizun guztietan ere, bere eskumenen esparruan betiere.

Erizaintza II Sailak Donostiako Erizaintzako Unibertsitate Eskolan du egoitza, UPV/EHUren Gipuzkoako Campusean, hain zuzen ere.

  1. – Erizaintza II Sailak honako printzipio hauetara egokitu ditu egitura eta funtzionamendua:

    1. Unibertsitateko kide anitzeko eta kide bakarreko organo orokorren azpiko mendekotasunera.

    2. Sailaren barruan, kide anitzeko organoak kide bakarrekoen aldean duen nagusitasunera.

Honako hauek dira Erizaintza II Saileko kideak:

  • Sailari atxikitako irakasleak, ikertzaileak eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak edo sailak bere baliabideen kontura kontratatutakoak.

  • Bekadunak, masterreko ikasleak eta gradu eta graduondoko ikasleen ordezkariak.

  • Artikulu honen ondorioetarako, bekadunei buruzko aipamenak ez ditu barne hartzen UPV/EHUko Estatutuetako 115.3. artikuluan aipatutako bekadun lankideak.

  1. – Erizaintza II Sailaren gobernua kontseiluari eta zuzendariari dagokie.

  2. – Saileko kontseilua eta batzorde iraunkorra dira Erizaintza II Saileko kide anitzeko gobernu-, ordezkaritza- eta administrazio- organoak.

  3. – Zuzendaria eta idazkari akademikoa dira Erizaintza II Saileko kide bakarreko gobernu-, ordezkaritza- eta administrazio-organoak.

  1. – Honako hauek dira saileko kontseiluko kideak: zuzendaria, idazkaria, saileko irakasle funtzionario eta lan kontratuko irakasle iraunkor guztiak, irakasle doktore ez iraunkor guztiak, sailera atxikitako doktore guztiak, sailera atxikitako gainerako irakasleen aldetik ordezkari bat hiru laguneko, doktoregoko ikasleen ordezkari bat, masterreko ikasleen ordezkari bat, graduko ikasleen ordezkari bat eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

  2. – Irakasleen, ikertzaileen eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkarien agintaldia lau urtekoa da. Ikasleen ordezkarien agintaldia urtebetekoa da.

  3. – Sailera atxikitako gainerako irakasleen ordezkariak irakasleek eurek aukeratu behar dituzte euren artean.

  4. – Ikasleen ordezkariaren agintaldia urtebetekoa izango da, eta Ikasle Kontseiluaren bitartez aukeratu behar da, Ikastegietako Ikasle Kontseiluen Oinarrizko Arautegiak xedatutako prozedurari jarraiki.

  5. – Hirugarren zikloko ikasleen ordezkaria saileko zuzendaritzak deituta urtero, abenduan, egingo den bileran aukeratu behar da. Bilerara honakoak deituko dira: saileko graduondoko berezko tituluetan eta doktorego programetan eta tesietan matrikulatutako ikasle guztiak eta sailera atxikitako ikerketako bekadunak. Horretarako, saileko zuzendaritzak bilera horretara deitu beharreko ikasleen errolda eskatu beharko dio hala dagokion zerbitzuari.

Ordezkari-eginkizunak pertsonalak eta besterenezinak dira, eta honako hauek dira ordezkari izateari uzteko arrazoiak:

  1. Hiltzea edo ezintasunen bat izatea.

  2. Hauteskundeak baliogabetzea.

  3. Agintaldia amaitzea.

  4. Dimisioa aurkeztea.

  5. Ordezkaria aukeratu zuen sailekoa edo taldekoa izateari uztea.

  6. Organoen elkarren segidako hiru bileratara edo txandakako bost bileratara justifikatu gabe huts egitea.

  1. – Honako hauek dira saileko kontseiluaren eginkizunak:

    1. Saileko zuzendaria hautatzea.

    2. Urteko txosten ekonomikoa, saileko irakaskuntzaren eta ikerketaren memoria eta eginkizunen plana onartzea.

    3. Urteko irakats-eskaintza programatu eta ebaluatzeko irizpideak onartzea.

    4. Saileko langileei irakats-betebeharrak eta hor egon daitezkeen aldaketak antolatzea, Sailen Oinarrizko Arautegiko 36. artikuluari eta hurrengoei jarraiki.

    5. Irakasgaien oinarrizko programak ezartzea kasuan kasuko ikasketa-planaren barruan.

    6. Hirugarren zikloko, doktoregoko eta gainerako ikasketetako (unibertsitateko berezko tituluetara bideratutako ikasketak izan edo ez) eskaintzak proposatzea, kasuan kasuko proposamenak eginez eta euren gain dituzten programen ezarpen eta koordinazio akademikoaz arduratuz. Edonola ere, doktorego-programetako irakats-zama kasuan kasuko saila entzun ondoren esleitu behar da.

    7. Doktorego-tesiak ebaluatu behar dituzten pertsonak izendatzeko proposamenak onartzea legediak baimentzen dituen baldintzetan, bai eta bestelako epaimahaietako kideen izendapenak onartzea ere.

    8. Irakasleei eta ikertzaileei ikerketa-eginkizunetan eta ekimenetan laguntzea.

    9. Plaza berriak eskatu eta saileko langileen lanpostuen zerrendan egin beharreko aldaketak proposatzea.

    10. Irakasleen lanari buruzko txosten arrazoituak egitea, irakaskuntza merezimenduak eskuratu eta kontratuak berritze aldera.

    11. Zientziaren, teknikaren eta artearen alorreko lanak egiteko Estatutuetako 141. artikuluan xedatutako kontratuak egiteko baimenak ematea, betiere, sailen eskumenen esparruan eta Gobernu Kontseiluak onartutako araudiari jarraiki.

    12. Venia docendi eman behar bada, aurrez jakinaraztea.

    1. Beharrezko bitartekoak sortu eta ekimenak egitea, saileko jardunaren kalitatea sustatu eta hobetzeko, baita gestio eraginkorra bermatzeko ere Europako, Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko programen baitan. Horretarako, unibertsitatean ezarritako ebaluazio-prozesuak sustatu eta horietan parte hartu behar du.

  2. – Orobat, honako eginkizun hauek ditu saileko kontseiluak:

    1. Gobernu Kontseiluari arautegiaren proiektua eta, dagokionean, arautegiaren erreforma proiektua aurkeztea, ontzat eman ditzan.

    2. Irakaskuntzaren ezaugarriak kontuan hartuta egoki denean, irakaskuntzaren zati bat beste erakunde batzuetan emateko proposamena egitea Gobernu Kontseiluari, Gobernu Kontseiluak baimendutako hitzarmeneko baldintzei jarraituz.

    3. Jarduerak ikastegiekin koordinatzeko programak onartzea.

    4. Dagokionean, sailaren gune fisikoak esleitzeko irizpideak onartzea.

    5. Indarrean dagoen legediak, UPV/EHUko Estatutuek eta horiek garatuko dituzten arauek zehaztutako gainerako guztiak, baita eskuordetzen zaizkionak ere.

      11. artikuluak aipatzen dituen eginkizunak batzorde iraunkorraren esku uztea.

  1. – Kontseiluaren batzorde iraunkorra hamaika kidek osatuko dute: zuzendariak, idazkariak, eta 9 irakaslek. Azken horietatik 7 funtzionario eta irakasle doktore ez iraunkorren artetik aukeratuko dira eta beste biak sailera atxikitako irakasleen artetik.

  2. – Gainera, bekadunen eta ikasleen ordezkari banak eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari banak hartu behar dute parte batzorde iraunkorrean, eta biak ala biak kontseiluko kideen artean hautatu behar dira.

  3. – Batzorde iraunkorreko ordezkariak Hauteskunde Arautegi Orokorrean xedatutakoari jarraiki aukeratu behar dira.

  4. – Arautegi honetako 8. artikuluan araututako arrazoiren bat badago, batzorde iraunkorreko ordezkariek ordezkari izateari utzi behar diote.

  1. – Saileko kontseilu berria eratzen den guztietan, beren-beregi onartuko dira kontseiluak batzorde iraunkorrari eskuordetuko zaizkion eginkizunak.

    Edonola ere, eskuordetutako eginkizunek ezin izango diete kalterik egin a), b) eta c) letretan zehaztutako saileko kontseiluaren eginkizunei.

  2. – d) eta i) puntuetan aipatutako eginkizunak betetzeko agintzen bazaio batzorde iraunkorrari, erabakiak bete egin behar dira, saileko kontseiluak berretsi edo aldarazi bitartean.

  3. – Saileko kontseiluak unean-unean eginkizunak eskuordetu ahal izango dizkio batzorde iraunkorrari.

  4. – Saileko kontseiluko kideek batzorde iraunkorrak hartutako erabakien berri izan behar dute unean-unean.

  1. – Bilerak ohikoak eta ezohikoak izan daitezke.

  2. – Deialdiak ohiko bileretarako egin behar dira oro har. Saileko kontseiluak urtean bitan gutxienez egin behar du ohiko bilera, eta batzorde iraunkorrak, berriz, gutxienez bi bilera seihileko bakoitzean.

  3. – Ezohiko bilerarako deia egingo dute aztertu beharreko gaiak direla-eta beharrezkoa denean edo aplikatu beharreko araudiak xedatutako kasuetan. Ezohiko bileretako gai-zerrendan ezin dira honako gai hauek agertu: aurreko akten onespena eta galde-eskeak.

  4. – Presazko bilerak ezohikoak dira eta deia gutxienez 24 ordu lehenago egin behar da. Halakoetan, bileraren hasieran berretsi egin behar da bilera egiteko arrazoia benetan premiazkoa dela. Berresten ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.

  1. – Saileko kontseiluko buruak egin behar du bileretarako deia. Gainera, kide anitzeko organoko kideen edo saileko irakasle doktoreen heren batek eskatzen badu, organoaren bilerarako deia egin behar da. Bilera horiek ezohikoak dira eta eskaera egin eta zazpi egun balioduneko epean egin behar dira gehienez.

  2. – Bilerarako deiak organoko idazkariak bideratu behar ditu, aurrerapen nahikoaz eta, edonola ere, bilera-eguna baino, gutxienez, hiru egun lehenago. Bilerak non egingo diren, zein ordutan eta zein gai aztertuko diren adierazi behar da deialdian. Aztergaiei buruzko dokumentuak aurrerapen nahikoaz eskuratzeko aukera izan behar dute organoko kideek, eta, edonola ere, bilera izan baino 24 ordu lehenago.

  3. – Gai-zerrenda osatzen duten puntuak zehatz-mehatz jaso behar dira deialdietan. Puntu horien artean, organoko kideen gutxienez % 10ek eskatutakoak agertu behar dute, eta bilera egin baino 48 ordu lehenago aurkeztu behar dira.

    Ezin da hartu gai-zerrendan agertzen ez diren puntuei buruzko erabakirik; hala ere, organoko kideen bi heren baino gehiago badaude bileran, eta bozkatu eta gehiengo osoak gaia premiazkoa dela uste badu, erabakia har daiteke.

  4. – Guztiak jakitun egon daitezen, deialdiak argitara eman behar dira sailaren egoitzan eta sailari dagozkion iragarki-oholetan, eman ere organoetako kideei bileretarako deia egiten zaien egun berean.

  1. – Kide anitzeko ordezkari-eginkizunak pertsonalak eta besterenezinak dira.

  2. – Organoa eratu ostean, hutsik geratzen diren lekuak kasuan kasuko zerrendetako ordezkoek bete behar dituzte. Aipatutako irizpideari jarraiki eta bete ezin den leku kopurua kideentzako lekuen % 50ekoa edo handiagoa edo organoetako kideentzako lekuen % 30ekoa edo handiagoa bada, hauteskunde partzialak egin behar dira lekuak betetzeko. Modu horretara hautatutakoek ordezkatu beharreko kideen agintaldia amaitu arte bete behar dituzte ordezkari-eginkizunak.

  1. – Kide anitzeko organoko kideek organoaren bileretara joateko eskubidea eta betebeharra dute, eta arautegi honek ezartzen dizkien eginkizunak bete behar dituzte. Bileretara joanez gero, organoetako kideek ez dituzte unibertsitateko gainerako eginkizunak bete behar, baina kasuan kasuko organoek beharrezko neurriak hartu behar dituzte betebehar horiek bete egiten direla eta zerbitzua eman egiten dela bermatzeko.

  2. – Saileko kontseiluko eta batzorde iraunkorreko kideek eskubidea dute euren eginkizunak betetzeko behar duten dokumentazio eta informazio guztia eskatu eta eskuratzeko, Saileko zuzendaritzari aurretik eskaera egin eta gero.

  1. – Kide anitzeko organoak balioz eratzeko, beharrezkoa izango da kideen gehiengo osoa egotea bertan lehen deialdian, edo kideen heren bat, gutxienez, bigarren deialdian. Lehen eta bigarren deialdiaren artean hamabost minutuko tartea utzi beharko da.

  2. – Organoa eratzeko quorumari dagokionez, ez dira kontuan hartuko arautegi honetako 18. artikuluari jarraituz eskuordetutako botoak.

  3. – Organoa bigarren deialdian eratzeko beharrezkoa den quoruma bozketa guztietan mantendu beharko da.

  1. – Kide anitzeko organoko buruak bermatu egin behar du bilera behar bezala betetzen ari dela eta, horretarako arrazoirik egonez gero, bertan behera utzi ahal izango du.

  2. – Eztabaidak gai-zerrendari jarraiki egin behar dira. Dena dela, beharrezkoa izanez gero, kide anitzeko organoak bileraren ordena aldatzea erabaki dezake organoko buruak egindako proposamenari jarraituz.

  3. – Beharrezkotzat joz gero, organoko buruak bozketa egin aurretik gaiaren inguruan eztabaidatzeko denbora muga dezake, bai eta egon daitekeen parte-hartze kopurua ere.

  4. – Kide anitzeko organoko buruaren iritziz egokia bada, kide ez diren pertsonak gonbida ditzake bilerara, gai-zerrendako punturen batekin zerikusia duen iritzia edo informazioa eman dezaten. Aktan bileran gonbidatuak izan direla jaso behar da, botoa emateko eskubidea izango ez duten arren.

  1. – Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen gehiengo soila behar izango da, Estatutuek, ikastegiaren arautegiak edo gainerako lege xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen ez duten kasuetan izan ezik. Horrenbestez, proposamen bakarra izanez gero, onartu egingo da aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira. Bi proposamen badaude, aldeko boto gehien lortzen dituena onartuko da. Bi proposamen baino gehiago daudenean, emandako botoen gehiengoa lortzen duena onartuko da; edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu duten bi proposamenak hartuta, bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena. Berdinketa izanez gero, berriro egin behar da botazioa; orduan ere berdinketa izanez gero, organoko buruak kalitatezko botoa izango du.

  2. – Botazioek isilpekoak izan behar dute kide anitzeko organoko kideren batek hala eskatzen badu. Dena dela, botazioek beti izan behar dute isilpekoak, pertsonei buruzkoak badira.

  3. – Aurkako botoa ematen dutenek ez dute erantzukizunik izango kide anitzeko organoak hartutako erabakietan, baldin eta aurkako botoa emateko arrazoia jasota geratzen bada. Botazioa isilpekoa denean, interesdunak botoaren arrazoia azaltzen duen testua eman behar dio organoko idazkariari, boto-txartelarekin batera. Boto- txartela eta testua aktari erantsiko zaizkio. Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeko 27.4 artikuluarekin bat, kontuan izan behar da "organoko kideek aurkako botoa ematen edo abstentzioa egiten badute, erabakietatik erator daitekeen erantzukizunik beren gain hartuko ez dutela".

  4. – Kide anitzeko organoko kideek gehienez hirutan eskuordetu dezakete botoa agintaldi bakoitzean, saileko batzorde iraunkorrean, berriz, ez da boto eskuordetzerik egongo. Kide anitzeko organoko kideek boto bakar bat izan dezakete eskuordetuta. Organoetako kideek idatziz adierazi behar dute botoa eskuordetu egin dutela, eta idatzi hori bilerako aktari erantsi behar zaio.

  5. – Kide anitzeko organoko kideek beren botoa eta horren azalpena agerraraz dezakete aktan; azalpena idatziz eman behar dute bozkatzean. Unibertsitateko beste organo batzuei egindako proposamenak badira, kideen boto partikularrak beti agerrarazi behar dira haiekin batera.

  1. – Idazkariak bilerako akta egin behar du. Akta bileran bertan edo hurrengoan onartu behar da, eta aktaren zirriborroa hurrengo bilerako gai-zerrendari dagozkion dokumentuekin batera banatuko dira. Akta onartu ostean, idazkariak sinatu eta organoko buruak ontzat eman behar du.

  2. – Aktan honako hauek jaso behar dira nahitaez: bilerara etorri direnen zerrenda eta azalpena emanez bilera amaitu aurretik alde egin dutenen berariazko aipamena; gai-zerrenda; bilera non eta zein ordutan egin den; bileran aztertutako puntuak; botazioak nola egin diren eta emaitzak; hartutako erabakien edukia eta, egoki joz gero, arrazoien azalpen laburra.

  3. – Boto partikularrak ere jasota egon behar dira aktan, baldin eta boto partikularra eman duten kideek hala eskatzen badute. Kide anitzeko organoko kideek euren parte-hartzea edo proposamena aktetan hitzez hitz jasotzeko eska dezakete. Horretarako, idatziz aurkeztu behar dute testua eskaera egin eta segituan edo, bestela, organoko buruak adierazitako epean.

  4. – Kide anitzeko organoko kideek aktetan aldaketak egiteko proposamenak egin ditzakete akta onartzeko unean. Idazkariak egiaztatu egin behar ditu proposatutako aldaketak eta, gehiengoak aldeko botoa ematen badu, onartu egin behar dira.

  5. – Kide anitzeko organoa aldatu baino lehen, bilera egin behar da onartzeke dauden akta guztiak onartzeko. Bilera hori egitea ezinezkoa bada, akten zirriborroak bidali behar zaizkie kide anitzeko organoko kide zirenei, eta hamar eguneko epea eman edukiari buruzko erreklamazioak egiteko. Ez bada erreklamaziorik aurkezten esandako epearen barruan, aktak onartutzat eman behar dira; erreklamaziorik aurkeztuz gero, berriz, kide anitzeko organo berriak egin beharreko lehen bileran onartu behar dira.

  6. – Aktak saileko iragarki-oholetan emango dira argitara, pertsonen intimitatea babestuz betiere, eta saileko kideek saileko Idazkaritzan eskuratu ahal izango dituzte kontsultak egiteko.

  1. – Idazkariak saileko kontseiluak eta batzorde iraunkorrak hartutako erabakien fede eman behar du eta ziurtagiriak egin behar ditu.

  2. – Saileko kontseiluak eta batzorde iraunkorrak hartutako erabakiak saileko iragarki-oholetan argitaratuko dira, hiru egun balioduneko epean, eta pertsonen intimitatea babestuta. Edonola ere, organoko idazkariak eta buruak erabakiak argitaratu egiten direla bermatu behar dute, eta argitaratu eta hilabetez daudela jendaurrean gutxienez.

  1. – Saileko kontseiluak eta batzorde iraunkorrak hartutako erabakiek onartzen direnetik aurrera dute eragina, erabakian bertan kontrakorik adierazi ezean. Erabakien berri eman behar zaie kasuan kasuko organoei.

  2. – Pertsonei buruzko erabakiak, irakats-betebeharrak esleitzekoak eta lanpostuen zerrendan edo kontratuko langileen zerrendan eragina dutenak zuzenean jakinarazi behar zaizkie eragindakoei. Erabakiek jakinarazpena egiten den unetik aurrera dute eragina, eta jakinarazpenak Administrazio Prozeduraren Legean xedatutako moduan egin behar dira.

  3. – Arautegi honen IV. tituluko II. kapituluak aipatzen dituen kide anitzeko organoek hartzen dituzten erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, erabakia hartu zen bilerako akta argitaratu eta hilabeteko epean.

  4. – Pertsonei buruzko erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari erabakia interesdunari jakinarazi eta hilabeteko epean.

  1. – Erizaintza II Saileko kide bakarreko organoak zuzendaria eta idazkaria dira.

  2. – Saileko zuzendari eta idazkari akademiko karguetan aritzeko, arduraldi osoz aritu behar da.

  1. – Sailean zuzendaririk ez badago, horren berri eman beharko dio idazkari nagusiari saileko idazkariak edo, bestela, saileko kategoria eta antzinatasunik handieneko kideak, eta batzorde iraunkorraren bilerarako deia egin edo, bestela, saileko kontseilua bilerara deitu berehala, xedatutako baldintzak betetzen dituztenak izenda dezaten saileko behin behineko zuzendari. Halakoetan, kategoria eta antzinatasunik handieneko kidea izango da bilerako buru, eta saileko zuzendari eginkizunak beteko ditu. Artikulu honetan xedatutako eginkizunak betetzen ez badira, edo hiru hilabete baino gehiago igaro eta ez bada zuzendaririk aukeratu dena delakoagatik, errektoreak ofizioz izendatuko du behin behineko zuzendaria, kasuan kasuko erantzukizunei kalterik egin gabe.

  2. – Agintaldia 4 urtekoa izango da eta gehienez 2 agintaldi egin ahal izango dira segidan.

  3. – Zuzendariak Estatutuetako 250. artikuluan jasotako arrazoiengatik utziko du kargua. Zentsura-mozioa idatziz aurkeztu behar da, Saileko idazkaritzan, eta arrazoitu egin behar da. Kontseiluko kideen % 20k sinatu behar dute, gutxienez, eta zuzendaritzarako hautagai bat proposatu behar du. Zentsura-mozioa aurkeztu eta eskakizun guztiak betetzen dituela egiaztatu ostean, zuzendariak Saileko kontseiluaren bilerara deitu behar du 72 orduko epean, eta bilera zentsura-mozioa aurkeztu eta 15 eguneko epean egin behar da gehienez ere. Eztabaidaren hasieran, Saileko kontseiluko kide batek zentsura-mozioa aurkezteko arrazoiak azaldu behar ditu. Gero, zuzendaritzarako hautagaiak parte hartu behar du, proposamena egin eta azaltzeko. Ondoren, zentsuratuak erantzuteko aukera izan behar du, eta, jarraian, Saileko kontseiluko kideek hitz egiteko txanda eska dezakete, zentsura-mozioaren alde eta aurka egiteko. Zentsura-mozioa onartzeko, Saileko kontseiluko kideek boto gehiago eman behar dituzte alde kontra baino. Saileko kontseiluak zentsura-mozioa onartzen badu, zuzendariak berehala aurkeztu behar du dimisioa.

    Zentsura-mozioak zuzendaritzarako proposatzen duen hautagaia izango da zuzendari berria.

  1. – Errektoreak irakats-betebeharretatik salbuets dezake zuzendaria, eta arduraldia gehienez ere erdira murriztuta.

  2. – Agintaldia amaitzean, zuzendariak irakats-betebeharretatik neurri berean salbuetsita egoteko eskubidea du uneko lauhilekoa bukatu arte, ohiko azterketa aldia barne. Horretarako, gutxienez hiru urte edo gehiago eman behar ditu karguan.

  1. – Honako eginkizun hauek ditu saileko zuzendariak:

    1. Sailaren ordezkari izatea.

    2. Saileko kontseiluko buru izatea eta, dagokionean, saileko batzorde iraunkorreko buru ere.

    3. Saileko kideen eskariak eta iradokizunak jaso eta bideratzea.

    4. Saileko administrazio eta zerbitzuetako langileen funtzioak zuzentzea.

    5. Sailaren urteko memoria, eginkizunen plana eta txosten ekonomikoa egitea.

    6. Saileko kontseiluak eta saileko batzorde iraunkorrak hartutako erabakiak betearaztea.

    7. Sailak eta saileko kideek irakats-betebeharrak eta gainerako eginkizun akademikoak behar bezala betetzen dituztela bermatzea.

    8. Sailean zientziaren, teknikaren, giza zientzien eta artearen alorreko ikerlanak egiteko beharrezko diren kontratuak sinatzea.

    9. Hirugarren zikloko eta doktoregoko ikasketak koordinatzea programen arduradunekin batera.

    10. Eginkizunak betetzeko egoki diren batzordeak eratzea.

    11. Isilpeko informazioa jasotzea eta diziplina-espedientea irekitzeko proposamena egitea.

    12. Saileko beste organoei agindu ez zaizkienak, unibertsitateko gobernu-organoek eskuordetutakoak eta Estatutuek edo indarrean dagoen legediak zehaztutako gainerako guztiak.

  2. – Era berean, lankidetza-hitzarmenak sinatu behar ditu, Gobernu Kontseiluaren jarraibideek xedatutako baldintzetan.

  1. – Honako hauek dira kargua uzteko arrazoiak: dimisioa aurkeztea, heriotza, lege-ezintasuna, saileko kide izateari uztea eta zuzendariaren proposamenari jarraiki errektoreak hala erabakitzea.

  2. – Idazkariari dagokio saileko idazkaritza akademikoak berezkoak dituen eginkizunak betetzea, baita zuzendariari laguntzea ere.

  3. – Idazkariak Erizaintza II Saileko kide anitzeko gobernu-, ordezkaritza- eta administrazio-organoen jardunaren eta erabakien fede emango du; akta-liburuak egin eta zaintzeaz arduratuko da eta ziurtagiriak egingo ditu, hala erabakienak, nola Erizaintza II Saileko dokumentazio ofizialean ageri diren gertakarienak edo ekimenenak.

  1. – Saileko kontseiluak ziklo, diziplina eta ikasketa guztietan irakaskuntza Donostiako Erizaintzako Unibertsitate Eskolako zuzendaritzarekin batera antolatu behar du, irakasleen eskariak oinarri hartuta. Edonola ere, ikasleek kalitateko irakaskuntza jasotzeko eskubidea dutela izan behar da kontuan.

  2. – Sailak aparteko arreta eman behar dio pixkana-pixkana euskarazko irakaskuntza ezarri eta euskaraz irakatsi eta ikertzeko oinarrizko material espezifikoak prestatzeari. Horretarako, hizkuntza normalizazioan aritzen diren unibertsitateko organo orokorrek eta ikastegietako euskara- batzordeek egindako plangintzak izan behar ditu kontuan.

  3. – Sailak irakasgai guztiak esleituta daudela bermatu behar du, edozein dela ere hizkuntza. Euskarazko irakaskuntza guztia esleitu ostean, gaztelaniazkoa esleitu behar da. Alde horretatik, ezin da bereizketarik egin hizkuntzagatik, eta artikulu honetako hurrengo atalean aipatzen den proportzionaltasuna bermatu behar da. Beste hizkuntzetako irakasgaiak ere modu berean esleitu behar dira, beste hizkuntzarik baldin badago.

  4. – Irakaskuntza proportzionalki banatu behar da saileko irakasleen artean, alderik izan litekeen arren ikastegien, jakintza-arloen eta hizkuntzaren arabera. Ikasturte berean proportzionaltasuna errespetatzerik ez dagoenean, ikasturte anitzeko epean ahalegindu behar da printzipio hori errespetatzen.

  5. – Edonola ere, irakasle guztiek irakasteko duten eskubidea bermatu behar da.

  1. – Irakasleen arduraldia urteka neurtu behar da.

  2. – Ikasturte osorako kontratuetan bakarrik bana daitezke modu ez orekatuan eskolak; dena dela, irakaskuntza edo ikerkuntza arloko arrazoiak egon behar dira horretarako. Nolanahi ere, irakaskuntza salbuespenezko egoeretan ere emango dela bermatu behar da; hau da, ikasleak ezin dira eskolarik gabe utzi. Irakaslan osoa lauhileko bakar batean pilatuta duten irakasleen kasuan, eta batez ere bigarren lauhilekoan dutenen kasuan, sailak hartu beharko du bere gain gehiegizko zama baldin eta irakasleak bat-batean ordezkoa behar baldin badu. Izan ere, kasuan kasuko lauhilekoari dagokion irakaslana baino ezin izango du hartu bere gain ordezkoak.

  3. – Saileko kontseiluak lan-baldintzen alorrean indarrean dauden erabakiak hartu behar ditu kontuan, batik bat, irakasle kategoria jakin batek asteko eskola-orduak murrizteko izan dezakeen eskubidea, lana eta familia bateratzeari buruzkoak edo dena delako egoera bereziei buruzkoak.

  1. – Sailak bere jakintza-arloarekin lotutako gaietako irakats- betebeharrak egokitu behar dizkie irakasleei. Hala ere, salbuespenezko egoeretan, sailak antzeko jakintza-arloetako gaiak eslei diezazkieke irakasleei, irakaskuntza eman egiten dela bermatzearren.

  2. – Salbuespenak gorabehera, irakasleek atxikipenaren arabera hala dagokien ikastegian emango dituzte eskolak. Hala ere, zerbitzuaren premiak eta ikasleen interesak direla-eta, irakasleari beste ikastegi bateko eskolak eslei diezazkioke, baina erabaki hori arrazoitu egin beharko da. Premiazko egoeratan, zuzendariak berak banatuko ditu eskolak. Erabaki hori zuzenean ezarriko da, baina saileko kontseiluak edo, hala dagokionean, batzorde iraunkorrak, berretsi beharko du.

  3. – Arduraldi partzialean ari diren eta aldi berean beste jarduera batean aritzeko baimena duten irakasleen kasuan, saileko kontseiluak bateragarritasun-baimenean adierazitako ordutegia errespetatu behar du, irakasleak bestelakorik berariaz onartu ezean. Horrek ez du esan nahi irakasle horiek eskolak ordutegi jakin batean emateko eskubidea dutenik, edo UPV/EHUk unibertsitateaz kanpoko lanpostuan izan ditzakeen aldaketak besterik gabe onartu behar dituenik.

  1. – Irakasleek beren lehentasunak adierazi aurretik, sailak eskolak esleitzeko irizpide osagarri eta orokorrak erabaki ditzake, arrazoitu egiten baditu eta titulu honetan xedatutakoa errespetatzen badu, betiere.

  2. – Eskolak esleitzeko azken erabakiak irakasgai guztiak hartu behar ditu kontuan eta, ahal dela, alderdi guztiek eman behar dute ontzat hein batean. Era berean, UPV/EHUn kide bakarreko karguak dituzten saileko irakasleak ere hartu behar dira kontuan.

  3. – Erabakirik ez badago eta irakasle batek baino gehiagok eskatu baditu eskolak berak, honakoaren arabera banatuko dira ikasketa planetako enborreko irakasgaiak, nahitaezkoak eta hautazkoak:

    1. Karrerako irakasle funtzionarioek eta kontratuko irakasle iraunkorrek lehentasuna dute bitarteko eta aldi baterako irakasleen aldean.

    2. Kategoria akademikorik handieneko irakasleek lehentasuna dute, honako ordena honetan:

      • Unibertsitateko katedradunek eta irakasle osoek.

      • Unibertsitateko irakasle titularrek, unibertsitate-eskoletako katedradunek eta irakasle agregatuek.

      • Unibertsitate-eskoletako irakasle titularrek, irakasle lankideek eta irakasle elkartuek.

      • Irakasle atxikiek.

      • Laguntzaileek.

    3. Diplomaturetan, ingeniaritza teknikoetan eta arkitektura teknikoan izan ezik, irakasle doktoreek lehentasuna dute.

    4. Kidegoko antzinatasun edo kontratu kategoriarik handieneko irakasleek lehentasuna dute. Antzinatasuna neurtzeko, arduraldi partzialeko zerbitzuak 0,5eko koefizienteaz haztatu behar dira.

  4. – Aurreko irizpideen bitartez lehentasuna ezartzerik ez badago, zozketa egin behar da.

  5. – Irakasgai bat baino gehiago direnean adostasunik gabekoak, irakasleek adierazitako prozedurari jarraiki aukeratuko dute lehenengo irakasgaia, eta, ondoren, txanda pasatuko dute eta lehentasun-hurrenkerako azkenak izango dira.

  6. – Inongo irakaslek eskatzen ez dituen irakasgaiak eta taldeak esleitzeko, artikulu honetako 3. ataleko irizpideak alderantzizko ordenan aplikatu behar dira. Aurreko irizpideen bitartez irakasleen artean lehentasunak finkatzerik ez badago egoera berean daudelako guztiak, zozketa egin behar da.

  1. – Saileko kontseiluak eskolak eta urteko irakats-betebeharrak esleitzeko irizpideei buruz hartzen dituen erabakiak berehala argitaratu behar dira. Saileko idazkaritzan jasota egon behar da zein egunetan argitaratu diren erabakiak saileko iragarki oholetan, eta, hain zuzen ere, egun horretatik aurrera hasiko da kontatzen errekurtsoak jartzeko epea, baldin eta errekurtsorik jartzeko aukerarik badago.

  2. – Irakasle bakoitzaren irakats-betebeharrak interesdunei jakinarazi behar zaizkie, eta jasota egon behar da sailak jakinarazpena egin duela edo interesdunak jakinarazpena jasotzeari uko egin diola.

  3. – Saileko kontseiluak eskolak esleitzearen inguruan erabakitakoaren kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, erabakia argitaratu eta hilabeteko epean edo dagokionean interesdunei jakinarazi eta hilabeteko epean.

  1. – Sailak ikasleen interesak eta beharrizanak hartu behar ditu kontuan ikasleentzako tutoretza-orduak finkatzerakoan. Halaber, ikasleek zerbitzu hau behar bezala erabil dezaten ahalegindu behar dute eta, horretarako, astean gutxienez bi egun finkatu behar dituzte.

Ezintasunen bat duten ikasleen egoera dela-eta, sailak behar adina egokitu behar du metodologia, eta ikasle horien beharrizanen araberako tutoretza-orduak finkatu behar ditu.

  1. Saileko irakasleen eta ikertzaile taldeen ikerketa-lana bideratu eta sustatzea.

  2. Ikertzaile berrien trebakuntza sustatzea.

  3. Ziklo guztietako ikasleak ikerkuntza-arloekin harremanetan jartzea.

  4. Doktorego tesiak eta ikerketak zuzen daitezen eta haien jarraipena egin dadin bultzatzea, eginkizun horiek irakasleen gutxieneko betebeharren artean sartuz.

  5. Zientzia arloko harremanak izatea beste sail, unibertsitate eta ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-zentroekin eta haiekin batera askotariko jakintza-arloetako proiektuak egin daitezen bultzatzea.

  6. Unibertsitateko ikerkuntzaren eta testuinguru sozio-ekonomikoaren arteko lotura sustatzea. Horretarako, irakasleek eta ikertzaileek ikerketa- eta aholkularitza-kontratuak eta hitzarmenak sinatu behar dituzte.

  7. Gizarteak unibertsitateko ikerkuntzaren emaitzen berri izan dezan bideratzea.

  1. – Besteak beste, UPV/EHUren berezko ikerketa funtsek balio behar dute ikerkuntzan jarduteko beharrezko giza baliabideak eta baliabide teknikoak eta materialak emateko sailei eta bertako ikertzaile taldeei. Baliabide horiek kasuan kasuko deialdietan xedatutako irizpideen arabera esleitu behar dira, eta kanpoko ebaluatzaileek aurkeztutako eskaeren inguruan emandako iritzia ere hartu behar da kontuan.

  1. – Estatutuetako 147. artikuluan xedatutakoarekin bat, saileko kontseiluak urtean egindako ikerketa-lanei eta horien emaitzei buruzko memoriak onartu behar ditu urtero. Memoria horiek Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeak onartutako eredu orokorraren arabera egin behar ditu eta, jarraian, hari aurkeztu behar dizkio, baliabideak esleitze aldera.

  2. – Unibertsitateko irakasleek eta ikertzaileek lankidetza- hitzarmenen edo kontratuen ondorioz unibertsitatekoak ez diren ikastegietan egindako ikerketa-lanak unibertsitateko ikerketatzat hartu behar dira ondorio guztietarako, eta sailak urteko memorian jaso behar ditu.

  1. – Saileko aurrekontu orokorrak kontseiluak finkatzen duen moduan banatu eta kudeatu behar dira.

  1. – Sailaren arautegia aldatzeko ekimena zuzendariari edo kontseiluko kideen % 25i dagokie. Aldaketarik eskatuz gero, ordezko testua edo testu gehigarria zuzendariari aurkeztu behar zaio eta proposamena nortzuek egin duten adierazi.

  2. – Zuzendariak kontseilua bilerara deitu behar du hilabeteko epean, aldaketa horri buruzko iritzia eman dezan.

  3. – Arautegiaren aldaketa kontseiluak horretarako beren-beregi egingo duen ezohiko bilera batean onartu beharko da, eta emandako boto baliodunen gehiengo osoa lortu beharko du. Horren ondoren, eta legaltasun-kontrola behin eginda, Gobernu Kontseilura eramango da ontzat eman dezan.

  4. – Proposatutako aldaketa gaitzetsiz gero, proposamengileek ezin izango dute gai berberaz beste ekimenik egin handik eta 2 urte iragan arte.

  5. – Arautegi honen Atarikoa berrikusteak ez du zerikusirik izango arautegia aldatzeko prozedurarekin.

Arautegi honetan ezarritakoa Sailei buruzko Oinarrizko Arautegiarekin eta aplika daitezkeen gainerako arauekin bat ezarriko da.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.