Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2007ko maiatzaren 2koa, Euskal Herriko Unibertsitateko Idazkari nagusiarena. Honen bidez agindua ematen da Nazioarteko Zuzenbide Publiko, Nazioarteko Harreman eta Zuzenbidearen Historiako Sailaren arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 106
  • Hurrenkera-zk.: 3128
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2007/05/02
  • Argitaratze-data: 2007/06/04

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Sailak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Unibertsitateak bere araubide propioa dauka erakundea antolatzeko, bere interesen defentsan aritzeko balio diona, Konstituzioak 27.10. artikuluan onartzen duen unibertsitateen autonomiatik eratorria. Araubide horri atxikita dago bere arauak egiteko erakundeak daukan ahalmena. Ahalmen horrez baliatuta, Unibertsitateak bere Estatutuak dauzka, erakundearen antolaketaren ezaugarri berezi diren arlo eta organoak erregulatzen dituzten oinarrizko arauak.

Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuetako 199. artikuluak dioenez, sailek arautegi bat izango dute euren gobernurako. Arautegia Saileko Kontseiluak egingo du, Gobernu Kontseiluak emandako oinarrizko arautegiari jarriki. Bestalde, Sailen Oinarrizko Arautegiko 4.2. artikuluak idazkari nagusiari eskuordetzen dio arautegiak onesteko eskumena, baldin eta txosten guztiak aldekoak izanik berariazko eskaririk egin ez bada Gobernu Kontseiluan aurkezteko.

Gobernu Kontseiluak apirilaren 17an egin zuen bileran jakinarazi zen Nazioarteko zuzenbide publiko, nazioarteko harreman eta zuzenbidearen historiako Sailaren arautegiari buruzko txosten guztiak aldekoak zirela eta, beraz, interesatuek zazpi eguneko epea zutela arautegia Gobernu Kontseilura bidaltzea eskatu nahi bazuten. Aipatutako epea igaro denez eskaerarik aurkezteke, arautegia onartutzat eman behar da, idazkari nagusiaren erabakiaren bidez (Sailen Oinarrizko Arautegiko 4.2. artikuluak eskuordetutako eskumena).

2004ko martxoaren 12an Euskal Unibertsitate Sistemaren 2004ko otsailaren 25eko 3/2004 Legea argitaratu zen. Lege horrek 10.2. artikuluan dioenez, unibertsitateko gobernu organoek ematen dituzten aplikazio orokorreko xedapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko ditu unibertsitateak, eta ez dira jarriko indarrean beren testu osoak argitaratu arte.

Aipatutako guztia kontuan hartuta, honako hau

  1. – UPV/EHUko irakaskuntza programazioari eta ikastegien antolakuntzari jarraiki, Nazioarteko Zuzenbide Publiko, Nazioarteko Harreman eta Zuzenbidearen Historiako saila Zuzenbide Publiko, Nazioarteko Harreman eta Zuzenbidearen Historia arloetako irakaskuntza koordinatu eta emateaz arduratzen da ikastegi edo titulazioetan, baita irakasleen irakaskuntza eta ikerketa eginkizunak eta ekimenak laguntzeaz ere. Bere funtzionamenduak eta erabakiek UPV/EHUko Estatutuetako, Sailen Oinarrizko Arautegiko eta aplikatu beharreko gainerako arauetako xedapenak errespetatu behar dituzte.

  2. – Nazioarteko Zuzenbide Publiko, Nazioarteko Harreman eta Zuzenbidearen Historiako saila berezko saila da, izaera horrekin sortu da, eta erabat txertatuta dago UPV/EHUren egituran eta antolamenduan.

Honako hauek dira sailaren eginkizunak:

  1. Bere eskumeneko jakintza arloetako irakaskuntza koordinatu eta ematea, eta hirugarren zikloko, doktoregoko eta berezko tituluak edo titulu espezializatuak lortzeko ikasketak antolatu eta garatzea.

  2. Bere eskumeneko jakintza arloetako ikerkuntza sustatu eta laguntzea.

  3. Lankidetzan jardutea UPV/EHUko eta beste erakunde publiko edo pribatu batzuetako sailekin, ikastegiekin eta unibertsitateko ikerketa institutuekin, bai irakaskuntzaren arloan bai ikerketan.

  4. Zientziaren, teknikaren, giza zientzien edo artearen alorreko eginkizunak sustatzea, bai eta espezializazioko edo unibertsitate hedakuntzako ikastaroak ere, eta horretarako behar diren lanak kontratatu eta burutzea, indarrean dagoen legediaren esparruan betiere.

  5. Kideen eguneratze zientifikoa eta pedagogikoa sustatzea zuzenean edo beste sail eta ikastegi batzuekin batera.

  6. Aurrekontua gestionatzea, baliabideak administratzea eta saileko langileak gidatzea.

  7. Urteko plana garatu eta betetzea.

  8. Urteko memoria egitea.

  9. UPV/EHUko gainerako organoei eginkizunak betetzen laguntzea.

  10. Saileko jakintza arloen ikasketa planak egiten parte hartzea, baita saileko jakintza arloekin zerikusia duten gainerako eginkizun guztietan ere, bere eskumenen esparruan betiere.

  1. – Sailak Donostiako Zuzenbide Fakultatean du egoitza administratiboa (Manuel Lardizabal Pasealekua 2, 20018 Donostia-San Sebastiαn).

  2. – Gobernu Kontseiluaren baimena behar da egoitza aldatzeko, eta aldaketa saileko kontseiluak proposatu behar du, arautegiari jarraiki.

  3. – Saileko zuzendaritza lekuz aldatzea edo saileko kontseiluak zuzendari berria hautatzea ez da nahikoa arrazoi sailari egoitzaz aldatzeko baimena emateko.

  4. – Beharrezkoa bada, Gerentziak hartu behar ditu neurriak sailaren egoitzaren eta zuzendaritzaren arteko komunikazioa bermatzeko.

  1. – Arautegi honek Nazioarteko Zuzenbide Publiko, Nazioarteko Harreman eta Zuzenbidearen Historiako saila arautzeko balio izango du eta sailak UPV/EHUko Sailen Oinarrizko Arautegian xedatutakoa errespetatuko du beti.

  2. – Sailak honako printzipio hauetara egokitu behar ditu egitura eta funtzionamendua:

    1. Unibertsitateko kide anitzeko eta kide bakarreko organo orokorren azpiko mendekotasunera,

    2. Sailaren barruan, kide anitzeko organoek kide bakarrekoen aldean duten nagusitasunera,

    3. Sail atalen antolakuntza autonomiaren eta autonomia funtzionalaren errespetura, haien eta osatzen dituzten kideen arteko orekari eta elkarlanari kalterik egin gabe.

Hauek dira Nazioarteko Zuzenbide Publiko, Nazioarteko Harreman eta Zuzenbidearen Historiako saila osatzen duten jakintza arloak:

  1. Nazioarteko Zuzenbide Publikoa eta Nazioarteko Harremanak.

  2. Zuzenbidearen eta Erakundeen Historia.

  1. – Honako hauek dira Nazioarteko Zuzenbide Publiko, Nazioarteko Harreman eta Zuzenbidearen Historiako saileko kideak: sailari atxikitako irakasleak, ikertzaileak eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak edo sailak bere baliabideen kontura kontratatutakoak, baita bekadunak, hirugarren zikloko ikasleak eta lehen eta bigarren zikloetako ikasleen ordezkariak ere.

  2. – Aurreko atalaren ondorioetarako, irakasle eta ikertzaile funtzionario guztiak saileko jakintza arloetako batean sartuta egongo dira; horrek, hala ere, ez du esan nahi unibertsitateko ikerketa institutuei atxiki ezin zaienik. Kontratatutako irakasleek eta ikertzaileek saileko jakintza arloetako batean sartu behar dute.

  3. – Salbuespen gisa, baimena eman ahal izango da beste sail bateko jakintza arlo bati atxikitako irakaslea sail honi atxikitzeko behin-behinekoz, Gobernu Kontseiluak onartutako irizpide orokorrei jarraiki.

  4. – Ez da baimenik emango atxikipena emateko, baldin eta horrek saileko irakats betebeharrak bete gabe geratzea badakar.

  5. – Artikulu honi dagokionez, bekadunei buruzko aipamenak ez ditu barne hartzen UPV/EHUko Estatutuetako 115.3. artikuluan aipatutako bekadun lankideak.

  1. – Nazioarteko Zuzenbide Publiko, Nazioarteko Harreman eta Zuzenbidearen Historiako saila bi ikastegitan eta bi campusetan aritzen da eta horren truke saila bi sail ataletan egituratuta dago:

    1. Donostiako Zuzenbide Fakultateko ikastegi atala.

    2. Leioako Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko ikastegi atala.

  2. – Irakasleak atalka banatzean, irakaslea zein ikastegiri dagoen atxikita izango da kontuan eta ikastegi horri dagokion atalean sartuko da. Irakasleak ezin dira atal batekoak baino gehiagotakoak izan.

  3. – Sail atal bakoitzak koordinatzaile bat aukeratu behar du kideen artean. Koordinatzaileak arduraldi osoko irakaslea edo ikertzailea izan behar du.

  1. – Sailaren gobernua kontseiluari eta zuzendariari dagokie.

  2. – Saileko kontseilua eta batzorde iraunkorra eta ataletako kontseiluak dira saileko kide anitzeko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoak.

  3. – Zuzendaria, idazkari akademikoa eta ataletako koordinatzaileak dira saileko kide bakarreko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoak.

  1. – Honako hauek dira saileko kontseiluko kideak: zuzendaria, idazkaria, saileko irakasle funtzionario eta lan kontratuko irakasle iraunkor guztiak, irakasle doktore ez-iraunkor guztiak, sailari atxikitako doktore guztiak, sailari atxikitako gainerako irakasle ez-doktoreak, hirugarren zikloko ikasleen ordezkari bat, bigarren zikloko ikasleen ordezkari bat, lehenengo zikloko ikasleen ordezkari bat eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak.

  2. – Ikasleen ordezkarien agintaldia urtebetekoa da.

  3. – Lehenengo eta bigarren zikloko ikasleen ordezkarien agintaldia urtebetekoa da, eta saileko irakasleek eskolak ematen dituzten ikastegietako ikasle kontseiluen bitartez aukeratu behar dira, Ikastegietako Ikasle Kontseiluen Oinarrizko Arautegiak xedatutako prozedurari jarraiki.

  4. – Hirugarren zikloko ikasleen ordezkaria saileko zuzendaritzak deituta urtero, abenduan, egingo den bileran aukeratu behar da. Bilerara honakoak deituko dira: saileko graduondoko berezko tituluetan eta doktorego programetan eta tesietan matrikulatutako ikasle guztiak eta sailari atxikitako ikerketako bekadunak. Horretarako, saileko zuzendaritzak bilera horretara deitu beharreko ikasleen errolda eskatu beharko dio hala dagokion zerbitzuari.

Ordezkari eginkizunak pertsonalak eta besterenezinak dira, eta honako hauek dira ordezkari izateari uzteko arrazoiak:

  1. Hiltzea edo ezintasunen bat izatea.

  2. Hauteskundeak baliogabetzea.

  3. Agintaldia amaitzea.

  4. Dimisioa aurkeztea.

  5. Ordezkaria aukeratu zuen sailekoa edo taldekoa izateari uztea.

  6. Organoen elkarren segidako hiru bileratara edo txandakako bost bileratara justifikatu gabe huts egitea.

  1. – Honako hauek dira saileko kontseiluaren eginkizunak:

    1. Saileko zuzendaria hautatzea arautegiak xedatutakoari jarraiki.

    2. Urteko txosten ekonomikoa, saileko irakaskuntzaren eta ikerketaren memoria eta eginkizunen plana onartzea.

    3. Urteko irakats eskaintza programatu eta ebaluatzeko irizpideak onartzea.

  2. – Orobat, honako eginkizun hauek ditu saileko kontseiluak:

    1. Gobernu Kontseiluari arautegiaren proiektua eta, dagokionean, arautegiaren erreforma proiektua aurkeztea, hark onar ditzan.

    2. Irakaskuntzaren ezaugarriak kontuan hartuta egoki denean, irakaskuntzaren zati bat beste erakunde batzuetan emateko proposamena egitea Gobernu Kontseiluari, azken horrek baimendutako hitzarmeneko baldintzei jarraituz.

    3. Jarduerak ikastegiekin koordinatzeko programak onartzea.

    4. Dagokionean, sailaren gune fisikoak esleitzeko irizpideak onartzea.

    5. Saileko arautegian jasotako eskumenen esparruan, ordezkariak hautatzeko arauak ematea. Saileko zuzendaritzak deitu behar du hauteskundeetara, Hauteskunde Araubide Orokorrean xedatutakoari jarraiki.

    6. Indarrean dagoen legediak, UPV/EHUko Estatutuek eta horiek garatuko dituzten arauek zehaztutako gainerako guztiak, baita eskuordetzen zaizkionak ere.

  1. – Nazioarteko Zuzenbide Publiko, Nazioarteko Harreman eta Zuzenbidearen Historiako sailak kontseiluaren batzorde iraunkorra izango du. Kontseiluaren batzorde iraunkorra zuzendariak, idazkariak, sail ataletako koordinatzaileek eta bederatzi irakaslek osatuko dute. Alde horretatik, ataletako koordinatzaileak ez dira irakasletzat hartu.

  2. – Gainera, bekadunen eta ikasleen ordezkari batek eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari batek hartu behar dute parte batzorde iraunkorrean, eta biak ala biak kontseiluko kideen artean hautatu behar dira.

  3. – Artikulu honen ondorioetarako, ez dira bekaduntzat hartuko bekadun lankideak.

  4. – Batzorde iraunkorreko ordezkariak Hauteskunde Arautegi Orokorrean xedatutakoari jarraiki aukeratu behar dira.

  5. – 10. artikuluan araututako arrazoiren bat badago, batzorde iraunkorreko ordezkariek ordezkari izateari utzi behar diote.

  1. – Batzorde Iraunkorraren eginkizunak izango dira kontseiluak arautegi honi jarraiki eskuordetutakoak. Hurrengo hauek, hain zuzen ere:

    1. Saileko langileei irakats betebeharrak eta balizko aldaketak esleitzea, arautegi honetako 33. artikuluari eta hurrengoei jarraiki.

    2. Irakasgaien oinarrizko programak ezartzea kasuan kasuko ikasketa planaren barruan.

    3. Hirugarren zikloko, doktoregoko eta gainerako ikasketetako (unibertsitateko berezko tituluetara bideratutako ikasketak izan edo ez) eskaintzak proposatzea, kasuan kasuko proposamenak eginez eta euren gain dituzten programen ezarpen eta koordinazio akademikoaz arduratuz. Edonola ere, doktorego programetako irakats zama kasuan kasuko saileko kontseilua entzun ondoren esleitu behar da.

    4. Legediak baimentzen dituen baldintzetan, doktorego tesiak ebaluatu behar dituzten pertsonak izendatzeko proposamenak onartzea, baita bestelako epaimahaietako kideenak ere.

    5. Irakasleei eta ikertzaileei ikerketa eginkizunetan eta ekimenetan laguntzea.

    6. Plaza berriak eskatu eta saileko langileen lanpostuen zerrendan egin beharreko aldaketak proposatzea.

    7. Irakasleen lanari buruzko txosten arrazoituak egitea, irakaskuntza merezimenduak eskuratu eta kontratuak berritze aldera.

    8. Zientziaren, teknikaren eta artearen alorreko lanak egiteko Estatutuetako 141. artikuluan xedatutako kontratuak egiteko baimenak ematea, betiere, sailen eskumenen esparruan eta Gobernu Kontseiluak onartutako araudiari jarraiki.

    9. Venia docendi emateaz informatu behar bada, aurrez jakinarazita.

    10. Beharrezko bitartekoak sortu eta ekimenak egitea, saileko jardunaren kalitatea sustatu eta hobetzeko, baita gestio eraginkorra bermatzeko ere Europako, Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko programen baitan. Horretarako, Unibertsitatean ezarritako ebaluazio prozesuak sustatu eta horietan parte hartu behar dute.

  2. – Edonola ere, eskuordetutako eginkizunek ezin izango diete kalterik egin sailaren arautegiko eginkizunei, ez sailaren arautegia onartzeari ez eta Estatutuek edo unibertsitatearen gaineko legedia orokorrak kontseiluaren eskumen esklusibo eta eskuordetu ezintzat jotzen dituen eginkizunei ere.

  3. – Batzorde iraunkorrak, 1. paragrafoaren a) eta f) letretan aipatutako eginkizunen baitan, hartuko dituen erabakiak ez dira bete egin behar, saileko kontseiluak berretsi edo, hala badagokio, aldarazi bitartean.

  4. – Saileko kontseiluko kideek batzorde iraunkorrak hartutako erabakien berri izan behar dute unean-unean.

  1. – Ataleko kontseiluak idazkaria izendatu behar du dela oro har, dela unean-unean, bileren eta erabakien inguruko aktak egiteko.

Honako hauek dira ataletako kontseiluetako kide: ataleko irakasle eta ikertzaile guztiak, atalari lotutako administrazioko eta zerbitzuetako langileak eta ikasle bat, kasuan kasuko ikastegi edo ikastegietako ikasle kontseiluek hautatutakoa.

Honako hauek dira ataleko kontseiluaren eginkizunak:

  1. Koordinatzailea aukeratzea kideen artean, saileko kide anitzeko organoetan ordezkari izan dadin.

  2. Atalari dagozkion irakats eta administrazio eginkizunen programazioa eta antolakuntza proposatzea saileko kontseiluari edo, dagokionean, batzorde iraunkorrari eta bestelako gobernu, ordezkaritza eta administrazio organo osagarriei.

  3. Atalari dagozkion auzien berri ematea saileko kontseiluari.

  4. Euren eskumeneko auzien inguruko proposamenak egitea saileko kide anitzeko organoei.

  5. Ataleko urteko memoriak onartzea saileko memorian txertatzeko.

  6. Ataleko aurrekontua kudeatzea.

  7. Saileko kontseiluak eskuordetutako gainerakoak.

  1. – Bilerak ohikoak eta ezohikoak izan daitezke.

  2. – Deialdiak ohiko bileretarako egin behar dira oro har. Saileko kontseiluak urtean bitan gutxienez egin behar du ohiko bilera, eta batzorde iraunkorrak, berriz, gutxienez bi bilera seihileko bakoitzean.

  3. – Ezohiko bilerarako deia egingo dute aztertu beharreko gaiak direla-eta beharrezkoa denean edo aplikatu beharreko araudiak xedatutako kasuetan. Ezohiko bileretako gai zerrendan ezin dira honako gai hauek agertu: aurreko akten onespena eta galde-eskeak.

  4. – Presazko bilerak ezohikoak dira eta deia gutxienez 24 ordu lehenago egin behar da. Halakoetan, bileraren hasieran berretsi egin behar da bilera egiteko arrazoia benetan premiazkoa dela. Berresten ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.

  1. – Kide anitzeko organoetako buruak egin behar du bileretarako deia. Gainera, kide anitzeko organoko kideen edo saileko irakasle doktoreen % 33k eskatzen badute, organoaren bilerarako deia egin behar da. Bilera horiek ezohikoak dira eta eskaera egin eta zazpi egun balioduneko epean egin behar dira gehienez.

  2. – Bilerarako deiak organoko idazkariak bideratu behar ditu, aurrerapen nahikoaz eta, edonola ere, bilerak egin baino gutxienez hiru egun lehenago. Bilerak non egingo diren, zein ordutan eta zein gai aztertuko diren adierazi behar da deialdian. Aztertu beharreko gaiei buruzko dokumentuak aurrerapen nahikoaz eskuratzeko aukera izan behar dute organoko kideek, eta, edonola ere, bilera egin baino 24 ordu lehenago.

  3. – Gai zerrenda osatzen duten puntuak zehatz-mehatz jaso behar dira deialdietan. Puntu horien artean, organoko kideen gutxienez % 10ek saileko zuzendaritzari kontseiluaren hurrengo bilera deia argitaratu eta hurrengo 48 orduetan eskatutakoak agertu behar dute. Ezin da hartu gai zerrendan agertzen ez diren puntuei buruzko erabakirik; hala ere, organoko kideen bi heren baino gehiago badaude bileran, eta bozkatu eta gehiengo osoak gaia premiazkoa dela uste badu, erabakia har daiteke.

  4. – Guztiak jakitun egon daitezen, deialdiak argitara eman behar dira organoari dagokion egoitzan eta gainerako gune guztietan, eman ere organoetako kideei bileretarako deia egiten zaien egun berean.

  1. – Kide anitzeko ordezkari eginkizunak pertsonalak eta besterenezinak dira.

  2. – Organoa eratu ostean, hutsik geratzen diren lekuak kasuan kasuko zerrendetako ordezkoek bete behar dituzte. Aipatutako irizpideari jarraiki eta bete ezin den leku kopurua kideentzako lekuen % 50ekoa edo handiagoa edo organoetako kideentzako lekuen % 30ekoa edo handiagoa bada, hauteskunde partzialak egin behar dira lekuak betetzeko. Modu horretara hautatutakoek ordezkatu beharreko kideen agintaldia amaitu arte bete behar dituzte ordezkari eginkizunak.

  1. – Kide anitzeko organoko kideek organoaren bileretara joateko eskubidea eta betebeharra dute, eta arautegiak ezartzen dizkien eginkizunak bete behar dituzte. Bileretara joanez gero, organoetako kideek ez dituzte unibertsitateko gainerako eginkizunak bete behar, baina kasuan kasuko organoek beharrezko neurriak hartu behar dituzte betebehar horiek bete egiten direla eta zerbitzua eman egiten dela bermatzeko.

  2. – Kide anitzeko organoko kideek eskubidea dute administrazio idazkariari euren eginkizunak behar bezala aurrera eramateko beharrezkoa duten eta saileko idazkaritzaren eskutan dagoen dokumentazioa eta informazioa eskatu eta eskuratzeko, betiere pertsonen intimitaterako eskubidea babestuta.

  1. – Kide anitzeko organoak balioz eratzeko, beharrezkoa da kideen gehiengo osoa egotea lehen deialdian, edo kideen gutxienez heren bat egotea bigarren deialdian. Lehen eta bigarren deialdiaren artean ordu erdiko tartea egotea beharrezkoa izango da. Edonola ere, organoko buruak eta idazkariak beti egon behar dute edo, bestela, euren ordezkoek.

  2. – Organoa eratzeko quorumari dagokionez, ez dira kontuan hartuko, 23. artikuluari jarraituz, eskuordetutako botoak.

  3. – Organoa bigarren deialdian eratzeko beharrezko quoruma bozketa guztietan da beharrezkoa.

  1. – Kide anitzeko organoko buruak bermatu egin behar du bilera behar bezala betetzen ari dela eta, arrazoirik egonez gero, bertan behera uzteko erabakia har dezake.

  2. – Eztabaidak gai zerrendari jarraiki egin behar dira. Dena dela, beharrezkoa izanez gero, kide anitzeko organoak bileraren ordena aldatzea erabaki dezake organoko buruak egindako proposamenari jarraituz.

  3. – Beharrezkotzat joz gero, organoko buruak gaiaren inguruan eztabaidatzeko denbora muga dezake, bozketa egin aurretik, bai eta egon daitekeen parte hartze kopurua ere.

  4. – Kide anitzeko organoko buruaren iritziz, egokia bada, kide ez diren pertsonak gonbida ditzake bilerara, gai zerrendako punturen batekin zerikusia duen iritzia edo informazioa eman dezaten. Aktan bileran gonbidatuak izan direla jaso behar da. Gonbidatu horiek ez dute inolaz ere botoa emateko eskubiderik izango.

  1. – Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen artetik gehiengo soila beharko da, Estatutuek, ikastegiaren arautegiak edo gainerako lege xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen ez duten kasuetan izan ezik. Horrenbestez, proposamen bakarra izanez gero, onartu egingo da aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira. Bi proposamen badaude, aldeko boto gehien lortzen dituena onartuko da. Bi proposamen baino gehiago daudenean, emandako botoen gehiengoa lortzen duena onartuko da edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu dituzten bi proposamenen artean, bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena. Berdinketa izanez gero, berriro egin behar da botazioa; orduan ere berdinketa izanez gero, organoko buruak kalitatezko botoa izango du.

  2. – Botazioek isilpekoak izan behar dute kide anitzeko organoko kideren batek hala eskatzen badu. Dena dela, botazioek beti izan behar dute isilpekoak, pertsonei buruzkoak badira.

  3. – Aurkako botoa ematen dutenek ez dute erantzukizunik izango kide anitzeko organoak hartutako erabakietan, baldin eta aurkako botoa emateko arrazoia jasota geratzen bada. Era berean, ez dute erantzukizunik izango abstentzioa aurkezten dutenek. Botazioa isilpekoa denean, interesdunak botoaren arrazoia azaltzen duen testua eman behar dio organoko idazkariari, boto txartelarekin batera. Boto txartelak eta testuak aktari erantsi behar zaizkio.

  4. – Arautegi honek botoa kide anitzeko organoko beste kide batzuen esku uztea baimentzen du. Kide anitzeko organoko kideek boto bakar bat izan dezakete eskuordetuta. Organoetako kideek idatziz adierazi behar dute botoa eskuordetu egin dutela, eta idatzi hori bilerako aktari erantsi behar zaio.

  5. – Kide anitzeko organoko kideek beren botoa eta horren azalpena agerraraz dezakete aktan; azalpena idatziz eman behar dute bozkatzean. Unibertsitateko beste organo batzuei egindako proposamenak badira, kideen boto bereziak beti agerrarazi behar dira haiekin batera.

  1. – Idazkariak bilerako akta egin behar du. Akta bileran bertan edo hurrengoan onartu behar da, eta aktaren zirriborroa hurrengo bilerako gai zerrendari dagozkion dokumentuekin batera banatuko dira. Akta onartu ostean, idazkariak sinatu eta organoko buruak ontzat eman behar du.

  2. – Aktan honako hauek jaso behar dira nahitaez: bilerara etorri direnen zerrenda eta azalpena emanez bilera amaitu aurretik alde egin dutenen berariazko aipamena; gai zerrenda; bilera non eta zein ordutan egin den; bileran aztertutako puntuak; botazioak nola egin diren eta emaitzak; hartutako erabakien edukia eta, egoki joz gero, arrazoien azalpen laburra.

  3. – Boto bereziak ere jasota egon behar dira aktan, baldin eta boto berezia eman duten kideek hala eskatzen badute. Kide anitzeko organoko kideek euren parte hartzea edo proposamena aktetan hitzez hitz jasotzeko eska dezakete. Horretarako, idatziz aurkeztu behar dute testua eskaera egin eta segituan edo, bestela, organoko buruak adierazitako epean.

  4. – Kide anitzeko organoko kideek aktetan aldaketak egiteko proposamenak egin ditzakete akta onartzeko unean. Idazkariak egiaztatu egin behar ditu proposatutako aldaketak eta, gehiengoak aldeko botoa ematen badu, onartu egin behar dira.

  5. – Kide anitzeko organoa aldatu baino lehen, bilera egin behar da onartzeke dauden akta guztiak onartzeko. Bilera hori egitea ezinezkoa bada, akten zirriborroak bidali behar zaizkie kide anitzeko organoko kide zirenei, eta hamar eguneko epea eman edukiari buruzko erreklamazioak egiteko. Ez bada erreklamaziorik aurkezten esandako epearen barruan, aktak onartutzat eman behar dira; erreklamaziorik aurkeztuz gero, berriz, kide anitzeko organo berriak egin beharreko lehen bileran onartu behar dira.

  6. – Aktak, behin onartuta, saileko kideek idazkaritzako agiritegian eskuratu ahal izango dituzte kontsultetarako, betiere pertsonen intimitatea babestuta.

  1. – Idazkariak kide anitzeko organoak hartutako erabakien fede eman eta ziurtagiriak egin behar ditu.

  2. – Erabakiak saileko iragarki oholetan argitaratuko dira (egoitzan eta eskolak ematen diren beste ikastegietan) horiek hartu eta berehala, eta, beti ere, hiru egun balioduneko epean, pertsonen intimitatea babestuta. Edonola ere, organoko idazkariak eta buruak erabakiak argitaratu egiten direla bermatu behar dute, baita ere, argitaratu eta hilabete batez gutxienez jendaurrean egongo direla.

  1. – Kide anitzeko organoak hartutako erabakiek onartzen direnetik aurrera dute eragina, erabakian bertan kontrakorik adierazi ezean. Erabakien berri eman behar zaie kasuan kasuko organoei.

  2. – Pertsonei buruzko erabakiak, irakats betebeharrak esleitzekoak eta lanpostuen zerrendan edo kontratuko langileen zerrendan eragin zuzena duten pertsonei jakinarazi behar zaizkie. Erabakiek jakinarazpena egiten den unetik aurrera dute eragina, eta jakinarazpenak Administrazio Prozeduraren Legean xedatutako moduan egin behar dira.

  3. – Sailaren arautegiko IV. tituluko II. kapituluak aipatzen dituen kide anitzeko organoek hartzen dituzten erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, erabakia hartu zen bilerako akta argitaratu eta hilabeteko epean.

  4. – Pertsonei buruzko erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari erabakia interesdunari jakinarazi eta hilabeteko epean.

  1. – Saileko kide bakarreko organoak dira zuzendaria, idazkaria eta ataletako koordinatzaileak.

  2. – Saileko zuzendari eta idazkari akademiko karguetan aritzeko, arduraldi osoz aritu behar da, legedian xedatutako salbuespenetan izan ezik. Ezin da, inolaz ere, kargu batean baino gehiagotan aritu.

  1. – Sailean zuzendaririk ez badago, horren berri eman beharko dio idazkari nagusiari saileko idazkariak, edo, bestela, saileko kategoria eta antzinatasunik handieneko kideak, eta batzorde iraunkorraren bilerarako deia egin edo, bestela, saileko kontseilua bilerara deitu berehala, xedatutako baldintzak betetzen dituena izenda dezaten saileko behin-behineko zuzendari. Halakoetan, kategoria eta antzinatasunik handieneko kidea izango da bilerako buru, eta saileko zuzendari eginkizunak beteko ditu. Artikulu honetan xedatutako eginkizunak betetzen ez badira, edo hiru hilabete baino gehiago igaro eta ez bada zuzendaririk aukeratu dena delakoagatik, errektoreak ofizioz izendatuko du behin-behineko zuzendaria, kasuan kasuko erantzukizunei kalterik egin gabe.

  2. – Zuzendariaren agintaldia lau urtekoa da. Zuzendaria behin bakarrik berrautatu daiteke, eta lehen hautaketako gehiengo berdina lortu beharko du.

  3. – Zuzendariak Estatutuetako 250. artikuluan jasotako arrazoiengatik utziko du kargua. Zentsura mozioaren arrazoia azaltzen duen idazkia aurkeztuko da saileko Idazkaritzan. Kontseiluko kideen % 20k, gutxienez, sinatu behar du mozioa eta zuzendari izateko hautagai baten izena behintzat agertu behar da. Zentsura mozioa aurkeztu eta baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatu ondoren, zuzendariak saileko kontseiluari bilera baterako deia egingo dio hurrengo 72 orduetan. Bilera, zentsura mozioa aurkezten denetik hasita, gehienez ere, hamabost eguneko epean egingo da. Eztabaidan, lehenik eta behin, zentsura mozioa sinatu duten saileko kontseiluko kideetako batek mozioa defendatuko du. Jarraian, zuzendari izateko hautagaiak hartuko du hitza eta bere proposamena egin eta azalduko du. Zentsura jaso duenak erantzuteko eskubidea izango du, eta, ondoren, saileko kontseiluko kideek hitz egingo dute, hala nahi izanez gero. Aldeko eta aurkako txandak egongo dira.

    Zentsura onartzeko, kontseiluko kideen aldeko boto gehiago egon behar dira. Saileko kontseiluak onartutako zentsura mozioa onartuz gero, zuzendariak dimisioa aurkeztuko du segidan. Onartutako zentsura mozioan zuzendari izateko azaltzen zen hautagaia zuzendari berritzat hartuko da.

  1. – Errektoreak irakats betebeharretatik salbuets dezake zuzendaria, eta arduraldia gehienez ere erdira murriztu.

  2. – Agintaldia amaitzean, zuzendariak irakats betebeharretatik neurri berean salbuetsita egoteko eskubidea du uneko lauhilekoa bukatu arte, ohiko azterketa aldia barne. Horretarako, gutxienez hiru urte edo gehiago eman behar ditu karguan.

  1. – Honako eginkizun hauek ditu saileko zuzendariak:

    1. Sailaren ordezkari izatea.

    2. Saileko kontseiluko buru izatea eta, dagokionean, saileko batzorde iraunkorreko buru ere bai, saileko arautegiari jarraiki.

    3. Saileko kideen eskariak eta iradokizunak jaso eta bideratzea.

    4. Saileko administrazio eta zerbitzuetako langileen funtzioak zuzentzea.

    5. Sailaren urteko memoria, eginkizunen plana eta txosten ekonomikoa egitea.

    6. Saileko kontseiluak, batzorde iraunkorrak eta, dagokionean, ataletako kontseiluek hartutako erabakiak betearaztea.

    7. Sailak eta saileko kideek irakats betebeharrak eta gainerako eginkizun akademikoak behar bezala betetzen dituztela bermatzea.

    8. Sailean zientziaren, teknikaren, giza zientzien eta artearen alorreko ikerlanak egiteko beharrezko diren kontratuak sinatzea.

    9. Hirugarren zikloko eta doktoregoko ikasketak koordinatzea programen arduradunekin batera.

    10. Eginkizunak betetzeko egoki diren batzordeak eratzea.

    11. Isilpeko informazioa jasotzea eta diziplina espedientea irekitzeko proposamena egitea.

    12. Saileko beste organoei agindu ez zaizkienak, unibertsitateko gobernu organoek eskuordetutakoak eta Estatutuek edo indarrean dagoen legediak zehaztutako gainerako guztiak.

  2. – Era berean, lankidetza hitzarmenak sinatu behar ditu, Gobernu Kontseiluaren jarraibideek xedatutako baldintzetan.

  1. – Honako hauek dira kargua uzteko arrazoiak: dimisioa aurkeztea, heriotza, lege ezintasuna, saileko kide izateari uztea eta zuzendariaren proposamenari jarraiki errektoreak hala erabakitzea.

  2. – Idazkariari dagokio saileko idazkaritza akademikoak berezkoak dituen eginkizunak betetzea, baita zuzendariari laguntzea ere.

  3. – Idazkariak saileko kide anitzeko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoen jardunaren eta erabakien fede emango du; akta liburuak egin eta zaintzeaz arduratuko da, eta ziurtagiriak egingo ditu, hala erabakienak, nola saileko dokumentazio ofizialean ageri diren gertakarienak edo ekimenenak.

  1. – Ataleko koordinatzailea ataleko kontseiluaren ordezkari da saileko kontseiluan, eta honako eginkizun hauek ditu:

    1. Saileko gobernu organoei irakaskuntza eta ikerkuntza arloko planen eta atalen beharrizanen inguruko memorien berri ematea, baita kontseiluen erabakien, eskarien eta iradokizunen berri ere.

    2. Bilerako gai zerrendak osatu, ataleko kontseilua bileretara deitu eta haien buru izan, bileretako aktak zaindu eta saileko organoei erabakien berri ematea.

    3. Saileko zuzendariari laguntzea irakaskuntza eman eta sailaren eta bertako kideen gainerako eginkizun akademikoak behar bezala betetzen, ataleko irakaskuntza eta ikerkuntza koordinatu eta beharrezko proposamenak eginez.

    4. Ataleko urteko memoria egitea, saileko memoria osatzeko.

  2. – Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko ataleko koordinatzaileari dagokio saileko ordezkaria izatea Bizkaiko Campuseko Batzarrean.

  1. – Saileko kontseiluak antolatu behar du saileko ziklo, jakintza arlo eta ikasketa guztietako irakaskuntza, kasuan kasuko atalek egindako proposamenei jarraiki. Irakaskuntza fakultateetako eta eskoletako zuzendaritzarekin batera antolatu behar da, irakasleen eskariak oinarri hartuta. Edonola ere, ikasleek kalitateko irakaskuntza jasotzeko eskubidea dutela izan behar da kontuan. Harremana bideratze aldera, sailak ordezkaria izendatu behar du irakaskuntza eman arren atalik ez duen ikastegietan.

  2. – Sailak aparteko arreta eman behar dio pixkana-pixkana euskarazko irakaskuntza ezarri eta euskaraz irakatsi eta ikertzeko oinarrizko material espezifikoak prestatzeari. Horretarako, hizkuntza normalizazioan aritzen diren Unibertsitateko organo orokorrek eta ikastegietako euskara batzordeek egindako plangintzak izan behar dituzte kontuan.

  3. – Sailak irakasgai guztiak esleituta daudela bermatu behar du, hizkuntza edozein dela ere. Euskarazko irakaskuntza guztia esleitu ostean, gaztelaniazkoa esleitu behar da. Alde horretatik, ezin da bereizketarik egin hizkuntzagatik, eta artikulu honetako hurrengo atalean aipatzen den proportzionaltasuna bermatu behar da. Beste hizkuntzetako irakasgaiak ere modu berean esleitu behar dira, beste hizkuntzarik baldin badago.

  4. – Irakaskuntza proportzionalki banatu behar da saileko irakasleen artean, alderik izan litekeen arren ikastegien, jakintza arloen eta hizkuntzaren arabera. Ikasturte berean proportzionaltasuna errespetatzerik ez dagoenean, ikasturte anitzeko epean ahalegindu behar da printzipio hori errespetatzen.

  5. – Edonola ere, irakasle guztiek irakasteko duten eskubidea bermatu behar da.

  1. – Irakasleen arduraldia urteka neurtu behar da.

  2. – Ikasturte osorako kontratuetan bakarrik bana daitezke modu ez-orekatuan eskolak; dena dela, irakaskuntza edo ikerkuntza arloko arrazoiak egon behar dira horretarako. Nolanahi ere, irakaskuntza salbuespenezko egoeretan ere emango dela bermatu behar da; hau da, ikasleak ezin dira eskolarik gabe utzi. Irakaslan osoa lauhileko bakar batean pilatuta duten irakasleen kasuan, eta batez ere bigarren lauhilekoan dutenen kasuan, sailak hartu beharko du bere gain gehiegizko zama, baldin eta irakasleak bat-batean ordezkoa behar badu. Izan ere, kasuan kasuko lauhilekoari dagokion irakaslana bakarrik hartuko du bere gain ordezkoak.

  3. – Saileko kontseiluak lan baldintzen alorrean indarrean dauden erabakiak hartu behar ditu kontuan, batik bat, irakasle kategoria jakin bat asteko eskola orduak murrizteko izan dezakeen eskubidea, lana eta familia bateratzeari buruzkoak edo dena delako egoera bereziei buruzkoak.

  1. – Sailak bere jakintza arloarekin lotutako gaietako irakats betebeharrak egokitu behar dizkie irakasleei. Hala ere, salbuespenezko egoeretan, sailak antzeko jakintza arloetako gaiak eslei diezazkieke irakasleei, irakaskuntza eman egiten dela bermatzearren.

  2. – Salbuespenak gorabehera, irakasleek atxikipenaren arabera hala dagokien ikastegian emango dituzte eskolak. Hala ere, zerbitzuaren premiak eta ikasleen interesak direla-eta, irakasleari beste ikastegi bateko eskolak eslei dakizkioke, baina erabaki hori arrazoitu egin beharko da. Premiazko egoeretan, zuzendariak berak banatuko ditu eskolak. Erabaki hori zuzenean ezarriko da, baina saileko kontseiluak edo, hala dagokionean, batzorde iraunkorrak, berretsi beharko du.

  3. – Arduraldi partzialean ari diren eta aldi berean beste jarduera batean aritzeko baimena duten irakasleen kasuan, saileko kontseiluak bateragarritasun baimenean adierazitako ordutegia errespetatu behar du, irakasleak bestelakorik berariaz onartu ezean. Horrek ez du esan nahi irakasle horiek eskolak ordutegi jakin batean emateko eskubidea dutenik, edo UPV/EHUk unibertsitateaz kanpoko lanpostuan izan ditzakeen aldaketak besterik gabe onartu behar dituenik.

  1. – Irakasleek beren lehentasunak adierazi aurretik, sailak eskolak esleitzeko irizpide osagarri eta orokorrak erabaki ditzake, arrazoitu egiten baditu eta titulu honetan xedatutakoa errespetatzen badu, betiere.

  2. – Eskolak esleitzeko azken erabakiak irakasgai guztiak hartu behar ditu kontuan eta, ahal dela, alderdi guztiek eman behar dute ontzat hein batean. Era berean, UPV/EHUn kide bakarreko karguak dituzten saileko irakasleak ere hartu behar dira kontuan.

  3. – Erabakirik ez badago eta irakasle batek baino gehiagok eskatu baditu eskolak berak, honakoaren arabera banatuko dira ikasketa planetako enborreko irakasgaiak, nahitaezkoak eta hautazkoak:

    1. Karrerako irakasle funtzionarioek eta kontratuko irakasle iraunkorrek lehentasuna dute bitarteko eta aldi baterako irakasleen aldean.

    2. Kategoria akademikorik handieneko irakasleek dute lehentasuna, honako ordena honetan:

      • Unibertsitateko katedradunek eta irakasle osoek.

      • Unibertsitateko irakasle titularrek, unibertsitate eskoletako katedradunek eta irakasle agregatuek.

      • Unibertsitate eskoletako irakasle titularrek, irakasle lankideek eta irakasle elkartuek.

      • Irakasle atxikiek.

      • Laguntzaileek.

    3. Diplomaturetan, ingeniaritza teknikoetan eta arkitektura teknikoan izan ezik, irakasle doktoreek dute lehentasuna.

    4. Kidegoko antzinatasun edo kontratu kategoriarik handieneko irakasleek dute lehentasuna. Antzinatasuna neurtzeko, arduraldi partzialeko zerbitzuak 0,5eko koefizienteaz haztatu behar dira.

  4. – Aurreko irizpideen bitartez lehentasuna ezartzerik ez badago, zozketa egin behar da.

  5. – Irakasgai bat baino gehiago direnean adostasunik gabekoak, irakasleek adierazitako prozedurari jarraiki aukeratuko dute lehenengo irakasgaia, eta, ondoren, txanda pasatuko dute eta lehentasun hurrenkerako azkenak izango dira.

  6. – Irakasleek eskatzen ez dituzten irakasgaiak eta taldeak esleitzeko, artikulu honetako 3. ataleko irizpideak alderantzizko ordenan aplikatu behar dira, sailak bestelako irizpiderik xedatu ezean. Aurreko irizpideen bitartez irakasleen artean lehentasunak finkatzerik ez badago, egoera berean daudelako guztiak, zozketa egin behar da.

  1. – Saileko kontseiluak eskolak eta urteko irakats betebeharrak esleitzeko irizpideei buruz hartzen dituen erabakiak berehala argitaratu behar dira, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 57.2., 59.5.b) eta 60. artikuluetan xedatutako ondorioetarako. Saileko idazkaritzan jasota egon behar da zein egunetan argitaratu diren erabakiak saileko iragarki oholetan, eta, hain zuzen ere, egun horretatik aurrera hasiko da kontatzen errekurtsoak jartzeko epea, baldin eta errekurtsorik jartzeko aukerarik badago. Sailak erabakien edukiaren eta erabaki horiek eskuratzeko moduaren berri eman behar die irakasleei.

  2. – Irakasle bakoitzaren irakats betebeharrak interesdunei jakinarazi behar zaizkie, eta jasota egon behar da sailak jakinarazpena egin egin duela edo interesdunak jakinarazpena jasotzeari uko egin diola.

  3. – Saileko kontseiluak eskolak esleitzearen inguruan erabakitakoaren kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, erabakia argitaratu eta hilabeteko epean.

  1. – Sailak ikasleen interesak eta beharrizanak hartu behar ditu kontuan ikasleentzako tutoretza orduak finkatzerakoan. Halaber, ikasleek zerbitzu hau behar bezala erabil dezaten ahalegindu behar du eta, horretarako, astean gutxienez bi egun finkatu behar ditu.

  2. – Irakasle jakin bati kontratatutako irakaskuntza osoa esleitu ez arren, tutoretza ordu guztiak bete behar ditu. Ordu horiek ezin dira pilatu, eta ikasturte osoan barrena bete behar dira.

Ezintasunen bat duten ikasleen egoera dela-eta, sailak behar adina egokitu behar du metodologia, eta ikasle horien beharrizanen araberako tutoretza orduak finkatu behar ditu.

  1. Saileko irakasleen eta ikertzaile taldeen ikerkuntza lana bideratu eta sustatzea.

  2. Ikertzaile berrien trebakuntza sustatzea.

  3. Ziklo guztietako ikasleak ikerkuntza arloekin harremanetan jartzea.

  4. Doktorego tesiak eta ikerketak zuzen daitezen eta haien jarraipena egin dadin bultzatzea, eginkizun horiek irakasleen gutxieneko betebeharren artean sartuz.

  5. Zientzia arloko harremanak izatea beste sail, unibertsitate eta ikerketa, garapen eta berrikuntza zentroekin eta haiekin batera askotariko jakintza arloetako proiektuak egin daitezen bultzatzea.

  6. Unibertsitateko ikerkuntzaren eta testuinguru sozioekonomikoaren arteko lotura sustatzea. Horretarako, irakasleek eta ikertzaileek ikerkuntza eta aholkularitza kontratuak eta hitzarmenak sinatu behar dituzte.

  7. Gizarteak unibertsitateko ikerkuntzaren emaitzen berri izan dezan bideratzea.

  1. – Besteak beste, UPV/EHUren berezko ikerketa funtsek balio behar dute ikerkuntzan jarduteko beharrezko giza baliabideak eta baliabide teknikoak eta materialak emateko sailei eta bertako ikertzaile taldeei. Baliabide horiek kasuan kasuko deialdietan xedatutako irizpideen arabera esleitu behar dira, eta kanpoko ebaluatzaileek aurkeztutako eskaeren inguruan emandako iritzia ere hartu behar da kontuan.

  1. – Estatutuetako 147. artikuluan xedatutakoarekin bat, saileko kontseiluak urtean egindako ikerkuntza lanei eta horien emaitzei buruzko memoriak onartu behar ditu urtero. Memoria horiek Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeak onartutako eredu orokorraren arabera egin behar ditu eta, jarraian, hari aurkeztu behar dizkio, baliabideak esleitze aldera.

  2. – Unibertsitateko irakasleek eta ikertzaileek lankidetza hitzarmenen edo kontratuen ondorioz unibertsitatekoak ez diren ikastegietan egindako ikerkuntza lanak unibertsitateko ikerkuntzatzat hartu behar dira ondorio guztietarako, eta sailak urteko memorian jaso behar ditu.

Helburuak bete eta berezko dituen ekimenak gauzatzeko, sailak behar beste langile izan behar ditu, baita sail berezituak ere UPV/EHUko aurrekontu orokorrean. Gainera, autonomia izan behar du aurrekontu sail horiek kudeatzeko.

  1. – Saileko aurrekontu orokorrak kontseiluak finkatzen duen moduan banatu eta kudeatu behar dira.

  2. – Saileko aurrekontuko diru sarrerak honakoak izango dira, UPV/EHUk berak esleitutakoez gain:

    1. Sailak antolatu eta gauzatzen dituen irakaskuntza eta ikerketa jarduerek emandako etekin garbiak eta jarduera horietatik sortutako produktuak ustiatzetik datozenak.

    2. Zientzia, teknika edo arte lanak egiteko edo espezializazio ikasketak emateko nahiz prestakuntzarako jarduera bereziak egiteko kontratuetatik sortutako diru sarreretatik dagokien zatia.

    3. Helburu jakin batzuetarako jasotzen dituen diru laguntzak, kasuan-kasuan zehaztuta dauden baldintzetan.

    4. Modu agerian eta beren-beregi egiten dizkioten dohaintzak eta legatuak, eman zaizkion baldintza berberetan.

  3. – Sailak UPV/EHUren aurrekontu orokorrean agertzen ez diren bestelako baliabideak baditu, zuzendariak horren berri eman beharko dio gerenteari; ondoren, baliabide horiek sailaren aurrekontuetan txertatu eta gastatzeko proiektuak aurkeztu behar dizkio saileko kontseiluari, ontzat eman ditzan.

  1. – Saileko jardun ekonomikoek UPV/EHUko sarreren eta gastuen aurrekontuak xedatutakoarekin bat etorri behar dute, UPV/EHUko aurrekontuak betetzeko arauetan xedatutakoari jarraiki.

  2. – Saila hainbat atalez osatuta dagoenez, bertako aurrekontuak atal bakoitzari dagozkion sailak bereizi behar ditu. Guztiok erabili beharreko sailak izan ezik, ataletako aurrekontu horiek proportzionalki banatu behar dira, kasuan kasuko sailak Unibertsitateko aurrekontu orokorrekin bat zuzentzen dituzten irizpideei jarraiki.

  1. – Ikertzaile taldeek eta sailek eskatzen badute, UPV/EHUk ikertzaileak kontratatu eta onar ditzake aldi baterako. Langile horiek ikerketa programen arabera eta ikerketarako berariazko fondoen eta kanpoko finantziazioaren kontura kontratatu behar ditu.

  2. – Edonola ere, saileko fondoen kontura aldi baterako kontratatuko diren langileak Errektoreordetzaren bidez kontratatuko dira, UPV/EHUn halako kontratazioetarako xedatutako baldintzekin eta prozedurekin bat.

  1. – Sailaren arautegia aldatzeko ekimena zuzendariari edo kontseiluko kideen % 20ri dagokie. Aldaketarik eskatuz gero, ordezko testua edo testu gehigarria aurkeztu behar da eta proposamena nortzuek egin duten adierazi. Atal honetan xedatutako azken kasuan, saileko zuzendariak kontseiluaren bilerara deitu behar du hilabeteko epean, aldaketa horri buruzko iritzia eman dezaten.

  2. – Arautegiaren aldaketa kontseiluak horretarako beren-beregi egingo duen ezohiko bilera batean onartu beharko da, eta emandako boto baliodunen gehiengo osoa lortu beharko du. Horren ondoren, eta legaltasun kontrola behin eginda, Gobernu Kontseilura eramango da ontzat eman dezan.

Sailak eskolak ikastegi batean baino gehiagotan emanez gero, eta Ikasleen Kontseiluaren Oinarrizko Arautegia onartu bitartean, lehenengo eta bigarren zikloko ikasleen ordezkariak hautatzeko, saileko kontseiluak dei egingo die, ikasturteko lehen hilabetean, eskolak ematen dituen ikastegietako ikasleen kontseiluen ordezkari banari.

  1. – Eskolak ematera beste campus batera joan behar duten irakasleen irakats zama zehazteko irizpideak Gobernu Kontseiluak ezarriko ditu, bai 2006-2007 ikasturterako bai hurrengoetarako.

  2. – Irakasleen Errektoreordetzak, urtebeteko epean, Gobernu Kontseilura bidaliko du proposamen hau: sail bateko jakintza arloari atxikitako irakasleak aldi baterako beste sail bati atxikitzeko prozedura eta irizpideak UPV/EHUko irakasleen gestiorako arautegian sartzeko proposamena.

  3. – Unibertsitateko ikasketen egitura berria ezartzearen ondorioz sailen oinarrizko arautegia aldatu bitartean, oinarrizko arautegian eta saileko arautegian egiten diren lehen zikloko ikasketen aipamenak urtarrilaren 21eko 55/2005 Errege Dekretuaren bidez arautzen diren graduko ikasketei buruzkoak direla ulertuko da. Bigarren eta hirugarren zikloko ikasketen aipamenak, eta graduondoko ikasketenak, urtarrilaren 21eko 56/2005 Errege Dekretuak arautzen dituen graduondoko unibertsitate ikasketa ofizialei buruzkoak direla ulertuko da.

Arautegi honetan xedatutakoa sailen oinarrizko arautegiarekin eta gainerako arau aplikagarriekin bat aplikatu egin beharko da.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.