Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2007ko martxoaren 27koa, Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena. Honen bidez agindua ematen da Kazetaritza Sailaren Arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 85
  • Hurrenkera-zk.: 2459
  • Xedapen-zk.: 2
  • Xedapen-data: 2007/03/27
  • Argitaratze-data: 2007/05/04

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Sailak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Unibertsitateak bere araubide propioa dauka erakundea antolatzeko, bere interesen defentsan aritzeko balio diona, Konstituzioak 27.10. artikuluan onartzen duen unibertsitateen autonomiatik eratorria. Araubide horri atxikita dago bere arauak egiteko erakundeak daukan ahalmena. Ahalmen horrez baliatuta, Unibertsitateak bere Estatutuak dauzka, erakundearen antolaketaren ezaugarri berezi diren arlo eta organoak erregulatzen dituzten oinarrizko arauak.

Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuetako 199. artikuluak dioenez, sailek arautegi bat izango dute euren gobernurako. Arautegia Saileko Kontseiluak egingo du, Gobernu Kontseiluak emandako oinarrizko arautegiari jarraiki. Bestalde, Sailen Oinarrizko Arautegiko 4.2. artikuluak idazkari nagusiari eskuordetzen dio arautegiak onesteko eskumena, baldin eta txosten guztiak aldekoak izanik berariazko eskaririk egin ez bada Gobernu Kontseiluan aurkezteko.

Gobernu Kontseiluak otsailaren 8an egin zuen bileran jakinarazi zen Kazetaritza Sailaren arautegiari buruzko txosten guztiak aldekoak zirela eta, beraz, interesatuek zazpi eguneko epea zutela arautegia Gobernu Kontseilura bidaltzea eskatu nahi bazuten. Aipatutako epea igaro denez eskaerarik aurkezteke, arautegia onartutzat eman behar da, idazkari nagusiaren ebazpenaren bidez (Sailen Oinarrizko Arautegiko 4.2. artikuluak eskuordetutako eskumena).

2004ko martxoaren 12an Euskal Unibertsitate Sistemaren 2004ko otsailaren 25eko 3/2005 Legea argitaratu zen. Lege horrek 10.2. artikuluan dioenez, unibertsitateko gobernu organoek ematen dituzten aplikazio orokorreko xedapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko ditu unibertsitateak, eta ez dira jarriko indarrean beren testu osoak argitaratu arte.

Aipatutako guztia kontuan hartuta, honako hau

  1. – Kazetaritza Sailak Kazetaritza jakintza-arloko ikasketak ikastegi edo titulazioetan koordinatu eta emateaz arduratzen da, UPV/EHUko irakats-eskaintzaren arabera eta ikastegien antolakuntzaz bat, eta irakasleen irakaskuntza-eta ikerketa-eginkizun eta ekimenei laguntza emateaz.

  2. – Kazetaritza Saila berezko saila da, eta erabat txertatuta dago UPV/EHUren egituran eta antolamenduan.

Kazetaritza Sailaren eginkizunak hauexek dira:

  1. Kazetaritza jakintza-arloko irakaskuntza koordinatu eta ematea, eta hirugarren zikloko, doktoregoko eta berezko tituluak edo titulu espezializatuak lortzeko ikasketak antolatu eta garatzea.

  2. Kazetaritza jakintza-arloaren inguruko ikerketa bultzatzea eta laguntzea.

  3. Lankidetzan jardutea UPV/EHUko eta beste erakunde publiko edo pribatu batzuetako sailekin, ikastegiekin eta unibertsitateko ikerketa-institutuekin, bai irakaskuntzaren arloan bai ikerketan.

  4. Zientzia, teknika, arte edo giza zientzien arloko zereginak sustatzea, bai eta espezializazio edo unibertsitate-hedakuntzako ikastaroak bultzatzea, eta horretarako behar diren lanak kontratatu eta burutzea, beti ere indarreko legeriaren arabera.

  5. Kideen eguneratze zientifikoa eta pedagogikoa sustatzea zuzenean edo beste sail eta ikastegi batzuekin batera.

  6. Aurrekontua gestionatzea, baliabideak administratzea eta saileko langileak gidatzea.

  7. Sailaren urteko plana garatu eta betetzea.

  8. Urteko memoria egitea.

  9. UPV/EHUko gainerako organoei laguntzea euren eginkizunak betetzen.

  10. Ikasketa-planak egiten laguntzea, bai eta beste jarduera batzuetan ere, baldin eta, bere eskumenen barruan, sailaren jakintza-arloarekin zerikusia badute.

Sailaren administrazio-egoitza UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean dago, Leioan (Bizkaia); hau da, Kazetaritzako lizentziatura irakasten den ikastegian.

  1. – Kazetaritza Saila saileko kontseiluak eta UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak onartutako arautegi honen bidez arautuko da.

  2. – Kazetaritza Sailak honako printzipio hauetara egokitu behar ditu egitura eta funtzionamendua:

    1. Unibertsitateko kide anitzeko eta kide bakarreko organo orokorren azpiko mendekotasunera.

    2. Sail bakoitzaren barruan, kide anitzeko organoek kide bakarrekoen aldean duten nagusitasunera.

  1. – Gobernu Kontseiluari dagokio saila sortu, aldatu edo bertan behera uzteko erabakia hartzea eta, horretarako, Akademia Antolakuntza eta Doktoregoko Batzordeak eta kasuan kasuko sailak txostenak egin behar dituzte aurrez.

  2. – Saila sortzeko proposamenekin batera, memoria aurkeztu behar da. Bertan, aplikatu beharreko legediak xedatutako baldintzez gain, honako datu hauek azaldu behar dira:

    1. Sailaren izena, tartean dagoen/dauden jakintza-arlo(ar)en zerrenda, eta erabakiak eragingo dien irakasle, ikertzaile eta administrazio eta zerbitzuetako langileen zerrenda.

    2. Atxikiko zaizkion irakasgaiak eta ikerketa-lerroak.

    3. Sailei atxikitako ondasunak, azpiegiturak eta lokalak.

    4. Sail berriak behar izango dituen baliabideen eta funtzionamendu gastuen balioespen ekonomikoa.

    5. Sailaren behin-behineko arautegia.

    6. Sailaren behin-behineko gobernu-organoaren osaera.

  3. – Saila bertan behera uzteko proposamena arrazoitu egin behar da, eta aurrerantzean ere irakaskuntza-eta ikerkuntza-arloko konpromiso guztiak bete egingo direla bermatu behar da. Gainera, irakasleak, ikertzaileak, administrazioko eta zerbitzuetako langileak eta kasuan kasuko ondasunak nora atxikiko diren zehaztu behar dute.

  4. – Saila aldatzeko proposamenak artikulu honetako 2. eta 3. ataletan xedatutakoa bete behar du.

  1. – Honako hauek dira saileko kideak: sailari atxikitako irakasleak, ikertzaileak eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak edo sailak bere baliabideen kontura kontratatutakoak, baita bekadunak, hirugarren zikloko ikasleak eta lehen eta bigarren zikloetako ikasleen ordezkariak ere.

  2. – Aurreko paragrafoari dagokionez, irakasle eta ikertzaile funtzionario guztiak sailaren jakintza-arloan arituko dira unibertsitateko ikerketa-institutu bati atxikita badaude ere.

  3. – Salbuespen gisa, baimena eman ahal izango da sail bateko jakintza-arlora atxikitako irakaslea beste sail batera atxikitzeko behin-behinekoz, Gobernu Kontseiluak onartutako irizpide orokorrei jarraiki.

  4. – Ez da baimenik emango atxikipena aldatzeko baldin eta horrek sail baten irakaslanak bete barik uztea badakar.

  5. – Artikulu honi dagokionez, bekadunei buruzko aipamenak ez ditu barne hartzen UPV/EHUrenEstatutuetako 115.3. artikuluan aipatutako bekadun lankideak.

  1. – Sailaren gobernua kontseiluari eta zuzendariari dagokie.

  2. – Saileko kontseilua da sailetako kide anitzeko gobernu-, ordezkaritza-eta administrazio-organoa.

  3. – Zuzendaria eta idazkari akademikoa dira kide bakarreko saileko gobernu-, ordezkaritza-eta administrazio-organoak.

  4. – Arautegi honen erreformaren bidez finkatuko dira, behar izanez gero, saileko eta sail ataletako gobernu-, ordezkaritza-eta administrazio-organo osagarriak.

  1. – Honako hauek dira saileko kontseiluko kideak: zuzendaria, idazkaria, saileko irakasle funtzionario eta lan kontratuko irakasle iraunkor guztiak, irakasle doktore ez iraunkor guztiak, sailera atxikitako doktore guztiak, sailera atxikitako gainerako irakasleen ordezkariak (hurrengo puntuan finkatutakoaren arabera), hirugarren zikloko ikasleen ordezkari bat, bigarren zikloko ikasleen ordezkari bat, lehenengo zikloko ikasleen ordezkari bat eta, gutxienez, administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

  2. – Sailera atxikitako gainerako irakasleen ordezkariak (aurreko puntuan aipatuak), baldin badaude, irakasle horiek aukeratuko dituzte euren artetik. Ordezkari bat egongo da hiru kideko, eta gutxienez ordezkari bat izango dute.

  3. – Irakasleen, ikertzaileen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkarien agintaldia lau urtekoa da. Ikasleen ordezkarien agintaldia urtebetekoa izango da.

  4. – Lehenengo eta bigarren zikloko ikasleen ordezkarien agintaldia urtebetekoa da, eta saileko irakasleek eskolak ematen dituzten ikastegietako ikasle-kontseiluen bitartez aukeratu behar dira, Ikastegietako Ikasle Kontseiluen Oinarrizko Arautegiak xedatutako prozedurari jarraiki.

  5. – Hirugarren zikloko ikasleen ordezkaria saileko zuzendaritzak deituta urtero, abenduan, egingo den bileran aukeratu behar da. Bilerara honakoak deituko dira: saileko graduondoko berezko tituluetan eta doktorego-programetan eta tesietan matrikulatutako ikasle guztiak eta sailera atxikitako ikerketako bekadunak. Horretarako, saileko zuzendaritzak bilera horretara deitu beharreko ikasleen errolda eskatu beharko dio dagokion zerbitzuari.

  1. – Ordezkari-eginkizunak pertsonalak eta besterenganaezinak dira. Ordezkari izateari utziko zaio:

    1. Hil edo ezintasunen bat izanez gero.

    2. Hauteskundeak baliogabetuz gero.

    3. Agintaldia amaituz gero.

    4. Dimitituz gero.

    5. Ordezkaria aukeratu zuen sailekoa edo taldekoa izateari utziz gero.

    6. Kontseiluaren lau bileretara justifikatu gabe huts eginez gero (elkarren segidan nahiz txandaka).

  2. – Saileko kontseiluaren bilerara joango ez diren kideek idatziz eman beharko dute horren berri, indarrean dagoen legerian xedatutako prozedurari jarraiki.

    Hauek dira bilerara ez joateko arrazoietako batzuk:

    1. Medikuaren baja.

    2. Egonaldirako lizentzia edo baimena izatea, UPV/EHUn bertan nahiz kanpoan.

    3. Lizentziaturako, masterreko, doktoregoko edo ikastaro baliokideetako eskolen ordutegia bilerarena izatea.

    4. Fakultate Batzarra eta Klaustroa moduko goragoko organoen administrazio-bileren ordutegia kontseiluaren bileraren ordutegia izatea, eta derrigorrezko izatea beste bileretara ere joatea.

  1. – Hauek dira saileko kontseiluaren eginkizunak:

    1. Saileko zuzendaria hautatzea arautegi honek xedatutakoari jarraiki.

    2. Urteko txosten ekonomikoa, saileko irakaskuntza eta ikerketaren memoria, eta eginkizunen plana onartzea.

    3. Urteroko irakats-eskaintza programatu eta ebaluatzeko irizpideak onartzea.

    4. Saileko langileei irakaslanak eta balizko aldaketak esleitu, arautegi honetako 26. artikuluari eta hurrengoei jarraiki.

    5. Irakasgaien oinarrizko programak ezartzea, kasuan kasuko ikasketa-planaren barruan.

    6. Hirugarren zikloko, doktoregoko eta gainerako ikasketetako (unibertsitateko berezko tituluetara bideratutako ikasketak izan edo ez) eskaintzak proposatzea, kasuan kasuko proposamenak eginez eta euren gain dituzten programen ezarpen-eta koordinazio-akademikoaz arduratuz. Edonola ere, doktorego-programetako irakats-zama saileko kontseiluari entzun ondoren esleitu behar da.

    7. Legediak baimentzen dituen baldintzetan, doktorego-tesiak ebaluatu behar dituzten pertsonak izendatzeko proposamenak onartzea, baita bestelako epaimahaietako kideak ere.

    8. Irakasleei eta ikertzaileei ikerketa-eginkizunetan eta ekimenetan laguntzea.

    9. Plaza berriak eskatu eta saileko langileen lanpostuen zerrendan egin beharreko aldaketak proposatzea.

    10. Irakasleen irakaslanaz txosten arrazoituak egitea, irakaskuntza-merezimenduak eskuratzeari eta kontratuak berritzeari begira.

    11. Zientziaren, teknikaren eta artearen alorreko lanak egiteko Estatutuetako 141. artikuluan xedatutako kontratuak egiteko baimenak ematea, betiere, sailaren eskumenen esparruan eta Gobernu Kontseiluak onartutako araudiari jarraiki.

    12. Venia docendi eman behar denean, aurrez iritzia ematea.

    1. Beharrezko bitartekoak sortu eta ekimenak egitea, saileko jardunaren kalitatea sustatu eta hobetzeko, baita gestio eraginkorra bermatzeko ere Europako, Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko programen baitan. Horretarako, unibertsitatean ezarritako ebaluazio-prozesuak sustatu eta horietan parte hartu behar du.

  2. – Orobat, honako eginkizun hauek ditu saileko kontseiluak:

    1. Gobernu Kontseiluari arautegiaren proiektua eta, dagokionean, arautegiaren erreforma-proiektua aurkeztea.

    2. Irakaskuntzaren ezaugarriak kontuan hartuta egoki denean, irakaskuntzaren zati bat beste erakunde batzuetan emateko proposamena egitea Gobernu Kontseiluari, Gobernu Kontseiluak baimendutako hitzarmeneko baldintzei jarraituz.

    3. Jarduerak ikastegiekin koordinatzeko programak onartzea.

    4. Dagokionean, sailaren gune fisikoak esleitzeko irizpideak onartzea.

    5. Saileko arautegian jasotako eskumenen esparruan, ordezkariak hautatzeko arauak ematea. Saileko zuzendariak deitu behar du hauteskundeetara, Hauteskunde Araubide Orokorrean xedatutakoari jarraiki.

    6. Indarrean dagoen legediak, UPV/EHUren Estatutuek eta horiek garatuko dituzten arauek zehaztutako gainerako guztiak, baita eskuordetzen zaizkionak ere.

  1. – Bilerak ohikoak eta ezohikoak izan daitezke.

  2. – Kontseiluak gutxien ezohiko bi bilera egingo ditu seihileko bakoitzean.

  3. – Aztertuko den gaia dela-eta, ezohiko bilera beharrezkoa denean egin behar da, baita aplikatu beharreko arautegiak xedatutako kasuetan ere. Ezohiko bileretako gai-zerrendan ezin dira honako gai hauek agertu: aurreko akten onespena eta galde-eskeak.

  4. – Presazko bilerak ezohikoak dira eta deia gutxienez 24 ordu lehenago egin behar da. Halakoetan, bileraren hasieran berretsi egin behar da bilera egiteko arrazoia benetan premiazkoa dela. Berresten ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.

  1. – Zuzendariak egin behar ditu kontseiluaren bileretarako deiak. Gainera, saileko kideen heren batek edo irakasle doktoreen heren batek eskatzen badute, kontseiluaren bilerarako deia egin behar da. Bilera horiek ezohikoak dira eta eskaera egin eta zazpi egun balioduneko epean egin behar dira gehienez.

  2. – Bilerarako deiak kontseiluko idazkariak bideratu behar ditu, aurrerapen nahikoaz eta, edonola ere, bilerak baino gutxienez hiru egun lehenago. Bilerak non egingo diren, zein ordutan eta zein gai aztertuko diren adierazi behar da deialdian. Kontseiluko kideek aztertu beharreko gaiei dagozkien dokumentuak aurrerapen nahikoaz eskuratzeko aukera izan behar dute eta, edonola ere, bilera baino 24 ordu lehenago.

  3. – Gai-zerrenda osatzen duten puntuak zehatz-mehatz jaso behar dira deialdietan. Puntu horien artean, kontseiluaren kideen gutxienez % 10ek behar den garaian eta moduan eskatutakoak agertu behar dute. Ezin da hartu gai-zerrendan agertzen ez diren puntuei buruzko erabakirik; hala ere, organoko kideen bi heren baino gehiago badaude bileran, eta bozkatu eta gehiengo osoak gaia premiazkoa dela uste badu, erabakia har daiteke.

  4. – Guztiak jakitun egon daitezen, deialdiak argitara eman behar dira kontseiluari dagokion egoitzan eta gainerako gune guztietan, eman ere organoetako kideei bileretarako deia egiten zaien egun berean.

  1. – Kide anitzeko ordezkari-eginkizunak pertsonalak eta besteren ezinak dira.

  2. – Kontseilua behin eratuta, hutsik geratuko diren lekuak kasuan kasuko zerrendetako ordezkoek beteko dituzte. Aipatutako irizpideari jarraiki eta bete ezin den leku-kopurua kideentzako lekuen % 50ekoa edo handiagoa edo saileko kideentzako lekuen % 30ekoa edo handiagoa bada, hauteskunde partzialak egin behar dira lekuak betetzeko. Modu horretara hautatutakoek ordezkatu beharreko kideen agintaldia amaitu arte beteko dituzte ordezkari-eginkizunak.

  1. – Kontseiluko kideek kontseiluaren bileretara joateko eskubidea eta betebeharra dute, eta arautegi honek ezartzen dizkien eginkizunak bete behar dituzte. Bileretara joanez gero, saileko kideek ez dituzte unibertsitateko gainerako eginkizunak bete behar, baina sailak beharrezko neurriak hartu behar ditu betebehar horiek bete egiten direla eta zerbitzua eman egiten dela bermatzeko.

  2. – Kontseiluko kideek zuzendariari eskatu ahal izango diote euren eginkizunak aurrera eramateko beharrezkoa izan dezaketen dokumentazioa eta informazioa.

  1. – Kontseilua balioz eratzeko, beharrezkoa da kideen gehiengo osoa egotea lehen deialdian, edo kideen gutxienez heren bat egotea bigarren deialdian. Lehenengo eta bigarren deialdiaren artean 15 minutuko tartea egongo da. Edonola ere, zuzendariak eta idazkariak beti egon behar dute edo, bestela, euren ordezkoek.

  2. – Organoa eratzeko quorumari dagokionez, ez dira kontuan hartuko 17. artikuluari jarraituz eskuordetutako botoak.

  3. – Organoa bigarren deialdian eratzeko beharrezko quoruma bozketa guztietan izango da beharrezkoa.

  1. – Zuzendariak bermatu egin behar du bilera behar bezala betetzen ari dela eta, arrazoirik egonez gero, bertan behera uzteko erabakia har dezake.

  2. – Eztabaidak gai-zerrendari jarraiki egin behar dira. Dena dela, beharrezkoa izanez gero, kontseiluak bileraren ordena aldatzea erabaki dezake bilerako buruak egindako proposamenari jarraituz.

  3. – Zuzendariak gai bati buruzko eztabaida-denbora edo parte-hartzeen kopurua mugatu dezake, inguruabarrek hala eskatuz gero, eta aztergaien puntuekiko eta eztabaidatu beharreko gaiarekiko proportzioa gordeta beti ere.

  4. – Zuzendariaren iritziz egokia bada, kide ez diren pertsonak gonbida ditzake bilerara, gai-zerrendako punturen batekin zerikusia duen iritzia edo informazioa eman dezaten. Aktan bileran gonbidatuak izan direla jaso behar da, eta ez dute botorik emateko eskubiderik izango.

  1. – Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen artetik gehiengo soila behar izango da, Estatutuek, sailaren arautegiak edo gainerako lege xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen ez duten kasuetan izan ezik. Horrenbestez, proposamen bakarra izanez gero, onartu egingo da aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira. Bi proposamen daudenean, aldeko boto gehien lortzen duena onartuko da. Proposamenak bi baino gehiago direnean, lehenengo botazioan botoen gehiengo osoa lortzen duena onartuko da; edo, bestela, bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena, betiere lehenengo botazioan boto gehien lortu dituzten bi proposamenak hartuta.

    Berdinketa izanez gero, berriro egin behar da botazioa; orduan ere berdinketa izanez gero, zuzendariak kalitatezko botoa izango du.

  2. – Botazioek isilpekoak izan behar dute, saileko kideren batek eskatzen badu. Dena dela, botazioek beti izan behar dute isilpekoak, pertsonei buruzkoak badira.

  3. – Aurkako botoa ematen dutenek ez dute erantzukizunik izango kontseiluak hartutako erabakietan, baldin eta aurkako botoa emateko arrazoia jasota geratzen bada. Botazioa isilpekoa denean, interesdunak botoaren arrazoia azaltzen duen testua eman behar dio saileko kontseiluko idazkariari, boto txartelarekin batera. Boto txartelak eta testuak aktari erantsi behar zaizkio. Halaber, abstenitzen direnak erantzukizunetik salbuetsita geratuko dira.

  4. – Saileko kideek botoa eskuordetu ahal izango dute, egoera hautakoren batean aurkitzen badira:

    1. Medikuaren baja.

    2. Egonaldirako lizentzia edo baimena izatea, UPV/EHUn bertan nahiz kanpoan.

    3. Lizentziaturako, masterreko, doktoregoko edo ikastaro baliokideetako eskolen ordutegia bilerarena izatea.

    4. Fakultate Batzarra eta Klaustroa moduko goragoko organoen administrazio-bileren ordutegia kontseiluaren bileraren ordutegia izatea, eta derrigorrezko izatea beste bileretara ere joatea.

  5. – Saileko kideek boto bakar bat izan dezakete eskuordetuta. Kontseiluko kideek idatziz adierazi behar dute botoa eskuordetu egin dutela, eta idatzi hori bilerako aktari erantsi behar zaio.

  6. – Kontseiluko kideek euren botoa eta horren azalpena agerraraz dezakete aktan, eta azalpen hori idatziz eman behar dute bozkatzean. Unibertsitateko beste organo batzuei egindako proposamenak badira, kideen boto partikularrak beti agerrarazi behar dira proposamenekin batera.

  1. – Idazkariak bilerako akta egin behar du. Akta bileran bertan edo hurrengoan onartu behar da. Azken kasuan, aktaren zirriborroa hurrengo bilerako gai-zerrendari dagozkion dokumentuekin batera banatuko da. Akta onartu ostean, idazkariak sinatu eta bilerako buruak ontzat eman behar du.

  2. – Aktetan honako hauek jaso behar dira nahitaez: bilerara etorri direnen zerrenda eta bilera amaitu aurretik alde egin dutenen inguruko berariazko aipamena; gai-zerrenda; bilerako tokia eta ordua; bileran aztertutako puntuak; botazioak nola egin diren eta emaitzak; hartutako erabakien edukia eta, egoki joz gero, arrazoiaren azalpen laburra.

  3. – Aktetan boto partikularrak ere jaso behar dira, eskaria berariaz egin bada. Kontseiluko kideek euren parte-hartzea edo proposamena aktetan hitzez hitz jasotzeko eska dezakete. Horretarako, idatziz aurkeztu behar dute testua eskaera egin eta segituan edo, bestela, kontseiluko buruak adierazitako epean.

  4. – Kontseiluko kideek aktetan aldaketak egiteko proposamenak egin ditzakete aktak onartzeko unean. Idazkariak egiaztatu egin behar ditu proposatutako aldaketak eta, gehiengoak aldeko botoa ematen badu, onartu egin behar dira.

  5. – Kontseilua aldatu baino lehen, biltzeko deia egin behar da onartzeke dauden akta guztiak onartzeko. Bilera hori egitea ezinezkoa bada, akten zirriborroak bidali behar zaizkie kontseiluko kide zirenei, eta hamar eguneko epea eman edukiari buruzko erreklamazioak egiteko. Ez bada aurkezten erreklamaziorik esandako epearen barruan, aktak onartutzat eman behar dira; erreklamaziorik aurkeztuz gero, berriz, kontseilu berriak egingo duen lehen bileran onartu behar dira.

  6. – Behin onartuta, aktak idazkaritzan argitaratuko dira, pertsonen intimitatea babestuta, eta saileko kideek eskuratu ahal izango dituzte kontsultetarako.

  1. – Idazkariak kontseiluak hartutako erabakien fede eman behar du eta ziurtagiriak egin behar ditu.

  2. – Hartutako erabakien berri posta elektronikoaren bidez emango da, gehien dela hiru egun balioduneko epean eta pertsonen intimitatea babestuta. Edonola ere, kontseiluko idazkariak eta presidenteak erabakiak argitaratu egiten direla bermatu behar dute, eta argitaratu eta hilabetez daudela jendaurrean gutxienez.

  1. – Kontseiluak hartutako erabakiek onartzen direnetik izango dute eragina, erabakietan bertan kontrakorik adierazi ezean. Erabakien berri eman behar zaie kasuan kasuko organoei.

  2. – Pertsonei buruzko erabakiak, irakaslanak esleitzekoak eta lanpostuen zerrendan edo kontratuko langileen zerrendan eragina dutenak zuzenean jakinarazi behar zaizkie eragindakoei. Erabakiek jakinarazpena egiten den unetik aurrera dute eragina, eta jakinarazpenak Administrazio Prozeduraren Legean xedatutako moduan egin behar dira.

  3. – Arautegi honetako IV. tituluko II. kapituluak aipatzen dituen kontseiluaren erabakien kontragorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, erabakia hartu zen bilerako akta argitaratu eta hilabeteko epean.

  4. – Pertsonei buruzko erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, erabakia interesdunari jakinarazi eta hilabeteko epean.

  1. – Saileko pertsona bakarreko organoak zuzendaria eta idazkaria dira.

  2. – Saileko zuzendari eta idazkari akademiko karguetan aritzeko, arduraldi osoz aritu behar da, legedian xedatutako salbuespenetan izan ezik. Ezin da, inolaz ere, kargu batean baino gehiagotan aritu.

  1. – Hautagai bakarra dagoenean, hautetsia izango da lehenengo txandan aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira. Aldeko boto horiek hauteskunde-erroldaren heren bat izan behar dira, gutxienez, eta, horrez gain, artikulu honetako 5. puntuan ezarritakoa beteko da.

  2. – Hautagai bat baino gehiago dagoenean, hautetsia izango da lehenengo txandan botoen gehiengo osoa eskuratzen duena. Inork eskuratuko ez balu gehiengo osoa, boto gehien bildu dituzten bi hautagaien artean aukeratuko litzateke bigarren txandan. Kasu horretan nahiko izango da gehiengo soila, baldin eta hauteskunde-erroldaren heren bat bada.

  3. – Sailean zuzendaririk ez badago, horren berri eman beharko dio idazkari nagusiari saileko idazkariak edo, bestela, saileko kategoria eta antzinatasunik handieneko kideak, eta saileko kontseilua premiazko bilerara deitu, xedatutako baldintzak betetzen dituztenen artetik behin-behineko zuzendari bat izenda dezan. Halakoetan, kategoria eta antzinatasunik handieneko kidea izango da bilerako buru, eta saileko zuzendari-eginkizunak beteko ditu. Artikulu honetan xedatutako eginkizunak betetzen ez badira, edo hiru hilabete baino gehiago igaro eta dena delakoagatik zuzendaririk aukeratu ez bada, errektoreak ofizioz izendatuko du behin-behineko zuzendaria, kasuan kasuko erantzukizunei kalterik egin gabe.

  4. – Zuzendariaren agintaldia lau urtekoa izango da, eta bakarra. Salbuespen moduan, hautagai-zerrendak aurkezteko ohiko epearen barruan hautagairik aurkeztuko ez balitz, kargua uztekotan dagoen zuzendariak bere burua aurkeztu ahal izango luke, horretarako irekiko den bigarren epearen barruan. Halakorik gertatuz gero, eta hautetsia bada, bigarren eta azken agintaldia izango du.

  5. – Goian aipatutako agintaldi bakarra edo elkarren segidako bi agintaldiak amaitu ondoren, kargua utzi behar duen zuzendariak ezingo du aurkeztu berriro bere burua hautagai moduan, ezta ere zuzendari moduan jardun, harik eta azken agintaldia bukatzen denetik lau urte igaro artean, gutxienez.

  6. – Zuzendariak Estatutuetako 250. artikuluan jasotako arrazoiengatik utziko du kargua.

  7. – Artikulu horren arabera Unibertsitateko Klaustroari dagokion zentsura-mozioa saileko kontseiluari dagokio kasu honetan. Zentsura-mozioa idatzi arrazoitu bidez aurkeztuko da saileko idazkaritzan, gutxienez kontseiluko kideen % 20k sinatuta, eta zuzendari izateko hautagai baten izena jaso beharko du. Zentsura-mozioa aurkeztuta eta eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatuta, zuzendariak kontseiluari dei egingo dio 72 orduko epean ezohiko bilera egiteko. Zentsura-mozioa aurkeztu eta hamabost eguneko epean, gehienez ere, egin beharko da bilera hori. Bilera horretan, lehenengo eta behin, zentsura-mozioari buruzko azalpenak emango ditu mozioa sinatu duen kideetako batek. Ondoren hautagaiak hartuko du parte bere proposamena proposatzeko eta azaltzeko. Zuzendariak erantzuna emango du eta ondoren, hitza eskatu duten saileko kontseiluko kideek hartuko dute parte txandaka, behin aldekoek, behin kontrakoek.

    Zentsura-mozioa onartzeko, saileko kontseiluko kideen aldeko botoak kontrakoak baino gehiago izan behar dira. Saileko kontseiluak mozioa onartzen badu, zuzendariak dimisioa aurkeztuko du berehala. Onartu den mozioan jasotako hautagaia zuzendari hautatu dela joko da.

  1. – Errektoreak irakats-betebeharretatik salbuets dezake zuzendaria, arduraldia gehienez ere erdira murriztuta.

  2. – Agintaldia amaitzean, zuzendariak irakats-betebeharretatik neurri berean salbuetsita egoteko eskubidea du uneko lauhilekoa bukatu arte, ohiko azterketa aldia barne. Horretarako, gutxienez hiru urte eman behar ditu karguan.

  1. – Honako eginkizun hauek ditu saileko zuzendariak:

    1. Sailaren ordezkaria izatea.

    2. Saileko kontseiluaren buru izatea saileko arautegiei jarraiki.

    3. Saileko kideen eskariak eta iradokizunak jaso eta bideratzea.

    4. Saileko administrazioko eta zerbitzuetako langileen funtzioak zuzentzea.

    5. Sailaren urteko memoria, eginkizunen plana eta txosten ekonomikoa egitea.

    6. Saileko kontseiluak hartutako erabakiak betetzea.

    7. Sailak eta saileko kideek irakaslanak eta gainerako eginkizun akademikoak behar bezala betetzen dituztela bermatzea.

    8. Zientzia, teknika, giza zientzia edo artearen arloko ikerlanak egiteko sailak egiten dituen kontratuak sinatzea.

    9. Hirugarren zikloko eta doktoregoko ikasketak koordinatzea programen arduradunekin batera.

    10. Bere zereginak betetzeko egoki diren batzordeak eratzea.

    11. Isilpeko informazioa jendaurrean jakinaraz dadin agindu eta diziplina-espedienteak abiaraz daitezen proposatzea.

    12. Saileko beste organoei agindu ez zaizkienak, unibertsitateko gobernu-organoek eskuordetutakoak eta Estatutuek edo indarrean dagoen legediak zehaztutako gainontzeko guztiak.

  2. – Era berean, lankidetza-hitzarmenak sinatu behar ditu, Gobernu Kontseiluaren jarraibideek xedatutako baldintzetan.

  1. – Honako hauek dira kargua uzteko arrazoiak: dimisioa aurkeztea, heriotza, lege-ezintasuna, saileko kide izateari uztea eta, zuzendariaren proposamenari jarraiki, errektoreak hala erabakitzea.

  2. – Idazkariari dagokio saileko idazkaritza akademikoak berezkoak dituen eginkizunak betetzea, baita zuzendariari laguntzea ere.

  3. – Idazkariak saileko kontseiluaren jardunaren eta erabakien fede emango du; akta liburuak egin eta zaintzeaz arduratuko da eta ziurtagiriak egingo ditu, hala erabakienak, nola saileko dokumentazio ofizialean ageri diren gertakarienak edo ekimenenak.

  1. – Saileko kontseiluak irakaskuntza bere ziklo, diziplina eta ikasketa guztietan antolatuko du. Irakaskuntza fakultateko eta eskolako zuzendaritzarekin batera antolatu behar da, irakasleen eskariak oinarri hartuta. Edonola ere, ikasleek kalitateko irakaskuntza jasotzeko eskubidea dutela izan behar da kontuan.

  2. – Sailak aparteko arreta eman behar dio pixkana-pixkana euskarazko irakaskuntza ezarri eta euskaraz irakatsi eta ikertzeko oinarrizko material espezifikoak prestatzeari. Horretarako, hizkuntza-normalizazioan aritzen diren unibertsitateko organo orokorrek eta ikastegiko Euskara Batzordeak egindako plangintzak izan behar ditu kontuan.

  3. – Sailak irakasgai guztiak esleituta daudela bermatu behar du, edozein dela ere hizkuntza. Euskarazko irakaskuntza guztia esleitu ostean, gaztelaniazkoa esleitu behar da. Alde horretatik, ezin da bereizketarik egin hizkuntzagatik, eta artikulu honetako hurrengo atalean aipatzen den proportzionaltasuna bermatu behar da. Beste hizkuntzetako irakasgaiak ere modu berean esleitu behar dira, beste hizkuntzarik baldin badago.

  4. – Irakaskuntza proportzionalki banatu behar da saileko irakasleen artean, alderik izan litekeen arren ikastegien, jakintza-arloen eta hizkuntzaren arabera. Ikasturte berean proportzionaltasuna errespetatzerik ez dagoenean, ikasturte anitzeko epean ahalegindu behar da printzipio hori errespetatzen.

  5. – Edonola ere, irakasle guztiek irakasteko duten eskubidea bermatu behar da.

  1. – Irakasleen arduraldia urteka neurtu behar da.

  2. – Ikasturte osorako kontratuetan bakarrik bana daitezke modu ez orekatuan eskolak; dena dela, irakaskuntza-edo ikerkuntza-arloko arrazoiak egon behar dira horretarako. Nolanahi ere, irakaskuntza salbuespenezko egoeretan ere emango dela bermatu behar da; hau da, ikasleak ezin dira eskolarik gabe utzi. Irakaslan osoa lauhileko bakar batean pilatuta duten irakasleen kasuan, eta batez ere bigarren lauhilekoan dutenen kasuan, sailak hartu beharko du bere gain gehiegizko zama baldin eta irakasleak bat-batean ordezkoa behar baldin badu. Izan ere, kasuan kasuko lauhilekoari dagokion irakaslana baino ezin izango du hartu bere gain ordezkoak.

  3. – Saileko kontseiluak lan-baldintzen alorrean indarrean dauden erabakiak hartu behar ditu kontuan, batik bat, irakasle-kategoria jakin bat asteko eskola-orduak murrizteko izan dezakeen eskubidea, lana eta familia bateratzeari buruzkoak edo dena delako egoera bereziei buruzkoak.

  1. Sailak kasuan kasuko jakintza-arloekin lotutako gaietako irakaslanak egokitu behar dizkiete irakasleei. Hala ere, salbuespenezko egoeretan, sailak antzeko jakintza-arloetako gaiak eslei diezazkieke irakasleei, irakaskuntza eman egiten dela bermatzearren.

  2. – Salbuespenak gorabehera, irakasleek atxikipenaren arabera hala dagokien ikastegian emango dituzte eskolak. Hala ere, zerbitzuaren premiak eta ikasleen interesak direla-eta, irakasleari beste ikastegi bateko eskolak eslei diezazkioke, baina erabaki hori arrazoitu egin beharko da. Premiazko egoeratan, zuzendariak berak banatuko ditu eskolak. Erabaki hori zuzenean ezarriko da, baina saileko kontseiluak berretsi beharko du.

  3. – Arduraldi partzialean ari diren eta aldi berean beste jarduera batean aritzeko baimena duten irakasleen kasuan, saileko kontseiluak bateragarritasun-baimenean adierazitako ordutegia errespetatu behar du, irakasleak bestelakorik berariaz onartu ezean. Horrek ez du esan nahi irakasle horiek eskolak ordutegi jakin batean emateko eskubidea dutenik, edo UPV/EHUk unibertsitateaz kanpoko lanpostuan izan ditzakeen aldaketak besterik gabe onartu behar dituenik.

  1. – Irakasleek beren lehentasunak adierazi aurretik, sailak eskolak esleitzeko irizpide osagarri eta orokorrak erabaki ditzake, arrazoitu egiten baditu eta titulu honetan xedatutakoa errespetatzen badu, beti ere.

  2. – Eskolak esleitzeko azken erabakiak irakasgai guztiak hartu behar ditu kontuan eta, ahal dela, alderdi guztiek eman behar dute ontzat hein batean. Era berean, UPV/EHUn kide bakarreko karguak dituzten saileko irakasleak ere hartu behar dira kontuan.

  3. – Erabakirik ez badago eta irakasle batek baino gehiagok eskatu baditu eskola berak, honakoaren arabera banatuko dira ikasketa-planetako enborreko irakasgaiak, nahitaezkoak eta hautazkoak:

    1. Karrerako irakasle funtzionarioek eta kontratuko irakasle iraunkorrek lehentasuna dute bitarteko eta aldi baterako irakasleen aldean.

    2. Kategoria akademikorik handieneko irakasleek lehentasuna dute, honako ordena honetan:

      • Unibertsitateko katedradunak eta irakasle osoak.

      • Unibertsitateko irakasle titularrak, unibertsitate-eskoletako katedradunak eta irakasle agregatuak.

      • Unibertsitate-eskoletako irakasle titularrak, irakasle lankideak eta irakasle elkartuak.

      • Irakasle atxikiak.

      • Laguntzaileak.

    3. Irakasle doktoreak.

    4. Kidegoko antzinatasun edo kontratu kategoriarik handieneko irakasleak. Antzinatasuna neurtzeko, arduraldi partzialeko zerbitzuak 0,5eko koefizienteaz haztatu behar dira.

  4. – Aurreko irizpideen bitartez lehentasuna ezartzerik ez badago, zozketa egin behar da.

  5. – Irakasgai bat baino gehiago direnean adostasunik gabekoak, irakasleek adierazitako prozedurari jarraiki aukeratuko dute lehenengo irakasgaia, eta, ondoren, txanda pasatuko dute eta lehentasun-hurrenkerako azkenak izango dira.

  6. – Inongo irakaslek eskatzen ez dituen irakasgaiak eta taldeak esleitzeko, artikulu honetako 3. ataleko irizpideak alderantzizko ordenan aplikatu behar dira. Guztiak egoera berean daudelako aurreko irizpideen bitartez irakasleen artean lehentasunak finkatzerik ez badago, espezializazio akademikora joko da. Modu horretara ere ezin bada finkatu lehentasuna, zozketa egingo da.

  1. – Saileko kontseiluak eskolak eta urteko irakaslanak esleitzeko irizpideei buruz hartzen dituen erabakiak berehala argitaratu behar dira, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 57.2., 59.5.b eta 60. artikuluetan xedatutako ondorioetarako. Saileko idazkaritzan jasota egon behar da zein egunetan argitaratu diren erabakiak saileko iragarki-oholetan, eta, hain zuzen ere, egun horretatik aurrera hasiko da kontatzen errekurtsoak jartzeko epea, baldin eta errekurtsorik jartzeko aukerarik badago.Sailak erabakien edukiaren eta erabaki horiek eskuratzeko moduaren berri eman behar die irakasleei.

  2. – Irakasle bakoitzaren irakaslanak interesdunei jakinarazi behar zaizkie, eta jasota egon behar da sailak jakinarazpena egin duela edo interesdunak jakinarazpena jasotzeari uko egin diola.

  3. – Saileko kontseiluek eskolak esleitzearen inguruan erabakitakoaren kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, erabakia argitaratu eta hilabeteko epean.

  1. – Sailak ikasleen interesak eta beharrizanak hartu behar ditu kontuan ikasleentzako tutoretza-orduak finkatzerakoan. Halaber, ikasleek zerbitzu hau behar bezala erabil dezaten ahalegindu behar du eta, horretarako, astean gutxienez bi egun finkatu behar ditu.

  2. – Irakasle jakin bati kontratatutako irakaskuntza osoa esleitu ez arren, tutoretza-ordu guztiak bete behar ditu. Ordu horiek ezin dira pilatu, eta ikasturte osoan barrena bete behar dira.

Ezintasunen bat duten ikasleen egoera dela-eta, sailak behar adina egokitu behar du metodologia, eta ikasle horien beharrizanen araberako tutoretza-orduak finkatu behar ditu.

  1. Saileko irakasleen eta ikertzaile-taldeen ikerkuntza lana bideratu eta sustatzea.

  2. Ikertzaile berrien trebakuntza sustatzea.

  3. Ziklo guztietako ikasleak ikerkuntza-arloekin harremanetan jartzea.

  4. Doktorego-tesiak eta ikerketak zuzen daitezen eta haien jarraipena egin dadin bultzatzea, eginkizun horiek irakasleen gutxieneko betebeharren artean sartuz.

  5. Zientzia-arloko harremanak izatea beste sail, unibertsitate eta ikerketa-, garapen-eta berrikuntza-zentroekin eta haiekin batera askotariko jakintza-arloetako proiektuak egin daitezen bultzatzea.

  6. Unibertsitateko ikerkuntzaren eta testuinguru sozio-ekonomikoaren arteko lotura sustatzea. Horretarako, irakasleek eta ikertzaileek ikerkuntza eta aholkularitza-kontratuak eta hitzarmenak sinatu behar dituzte.

  7. Gizarteak unibertsitateko ikerkuntzaren emaitzen berri izan dezan bideratzea.

  1. – Besteak beste, UPV/EHUren berezko ikerketa funtsek balio behar dute ikerkuntzan jarduteko beharrezko giza baliabideak eta baliabide teknikoak eta materialak emateko sailari eta bertako ikertzaile taldeei. Kasuan kasuko deialdietan aipatutako irizpideen arabera esleituko dira baliabide horiek, eta kontuan hartuta kanpoko ebaluatzaileek eskaerez emandako iritzia.

  1. – Estatutuetako 147. artikuluan xedatutakoarekin bat, saileko kontseiluak urtean egindako ikerkuntza-lanei eta horien emaitzei buruzko memoria onartu behar du urtero. Memoria hori Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeak onartutako eredu orokorraren arabera egin behar du eta, jarraian, hari aurkeztu behar dio, baliabideak esleitze aldera.

  2. – Unibertsitateko irakasleek eta ikertzaileek lankidetza-hitzarmenen edo kontratuen ondorioz unibertsitatekoak ez diren zentroekin egindako ikerkuntza-lanak unibertsitateko ikerkuntzatzat hartu behar dira ondorio guztietarako, eta sailak urteko memorian jaso behar ditu.

Helburuak bete eta berezko dituen ekimenak gauzatzeko, sailak behar beste langile izan behar ditu, baita sail berezituak ere UPV/EHUko aurrekontu orokorrean. Gainera, autonomia izan behar du sail horiek kudeatzeko.

  1. – Saileko aurrekontu orokorrak kontseiluak finkatzen duen moduan banatu eta kudeatu behar dira.

  2. – Saileko aurrekontuko diru-sarrerak honakoak izango dira, UPV/EHUk berak esleitutakoez gain:

    1. Sailak berak antolatu eta gauzatzen dituzten irakaskuntza-eta ikerketa-zereginek emandako etekin garbiak, eta zeregin horietatik sortutako produktuen ustiapenetik datozenak.

    2. Zientzia-, teknika-edo arte-lanak egiteko edo espezializazio-ikasketak emateko nahiz prestakuntzarako jarduera bereziak egiteko kontratuetatik sortutako diru-sarreretatik dagokien zatia.

    3. Helburu jakin batzuetarako jasotzen dituen diru-laguntzak, kasuan-kasuan zehaztuta dauden baldintzetan.

    4. Modu agerian eta beren beregi egiten dizkioten dohaintzak eta legatuak, eman zaizkion baldintza berberetan.

  3. – Sailak UPV/EHUren aurrekontu orokorrean agertzen ez diren bestelako baliabideak baditu, zuzendariak horren berri eman beharko dio gerenteari; ondoren, baliabide horiek sailaren aurrekontuetan txertatu eta gastatzeko proiektuak aurkeztu behar dizkio saileko kontseiluari, ontzat eman ditzan.

Saileko jardun ekonomikoak UPV/EHUko sarreren eta gastuen aurrekontuak xedatutakoarekin bat etorri behar du, UPV/EHUko aurrekontuak betetzeko arauetan xedatutakoari jarraiki.

  1. – Ikertzaile-taldeek eta sailak eskatzen badute, UPV/EHUk ikerlariak kontratatu eta onar ditzake aldi baterako. Langile horiek ikerketa-programen arabera eta ikerketarako berariazko fondoen eta kanpoko finantziazioaren kontura kontratatu behar ditu.

  2. – Edonola ere, saileko fondoen kontura aldi baterako kontratatuko diren langileak Errektoregoaren bidez kontratatuko dira, UPV/EHUn halako kontratazioetarako xedatutako baldintzekin eta prozedurekin bat.

  1. – Saileko arautegia aldatzeko ekimena zuzendariari edo kontseiluko kideen laurdenari dagokio. Aldaketarik eskatuz gero, ordezko testua edo testu gehigarria aurkeztu behar da eta proposamena nortzuek egin duten adierazi. Saileko zuzendariak kontseiluaren bilerara deitu behar du hilabeteko epean, aldaketa horri buruzko iritzia eman dezan.

  2. – Arautegiaren aldaketa kontseiluak horretarako beren-beregi egingo duen ezohiko bilera batean onartu beharko da, eta emandako boto baliodunen gehiengo osoa lortu beharko du. Horren ondoren, eta legaltasun-kontrola behin eginda, Gobernu Kontseilura eramango da ontzat eman dezan.

Arautegi honek jasotzen ez duen guztirako Sailen Oinarrizko Arautegia eta ezar daitekeen beste edozein arau izango dira aplikagarri.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.