Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2006ko urriaren 6koa, Universidad Del Pais Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Donostiako Erizaintzako Unibertsitate eskolaren arautegia EHAAN argitara dadila agintzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 216
  • Hurrenkera-zk.: 5608
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2006/10/06
  • Argitaratze-data: 2006/11/13

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Unibertsitateak bere araubide propioa dauka erakundea antolatzeko, bere interesen defentsan aritzeko balio diona, Konstituzioak 27.10. artikuluan onartzen duen unibertsitateen autonomiatik eratorria. Araubide horri atxikita dago bere arauak egiteko erakundeak daukan ahalmena.

Ahalmen horrez baliatuta, Unibertsitateak bere Estatutuak dauzka, erakundearen antolaketaren ezaugarri berezi diren arlo eta organoak erregulatzen dituzten oinarrizko arauak. Eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuetako 189. artikuluak dio ikastegi bakoitzak bere arautegia izango duela, Ikastegi Batzarrak egin eta Gobernu Kontseiluak onartu beharko duena.

2004ko martxoaren 12an argitaratu zen EHAAn otsailaren 25eko 3/2004 Legea, Euskal Unibertsitate Sistemarena. Eta Lege horrek dio, 10. artikuluko bigarren atalean antolaketaren eta jarduteko moduaren gainean unibertsitate publikoko gobernu-organoek emandako estatutuak eta arauak, baita horien gaineko aldaketak eta orokorrean aplikatzekoak diren xedapenak ere, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko direla, eta ez direla indarrean jarriko harik eta testuak oso-osorik argitaratu arte.

Gobernu Kontseiluak, bi mila eta seiko urriaren bosteko bileran, Donostiako Erizaintzako Unibertsitate Eskolaren Arautegia onartzea erabaki zuen.

Aipaturikoa kontuan hartuta, eta Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legeko 10. artikuluko bigarren atala betetzeko, ondokoa

donostiako erizaintzaKO unibertsitate eskolaren arautegia

Xedea:

Gizartearen beharrei egoki erantzungo dien erizainak formatzea; erizain horiek kritikoak izateaz gain, gai izango dira aldatzen joateko eta beren kabuz formatzen eta hobetzen joateko. Horretarako, ikasleei banan-banan erantzungo zaie eta, gainera, giro eta gune egokiak sortuko dira hazi daitezen; horrela, erizainak beren formazioaren jabe izango dira eta errazago izango zaie ezagutzak, trebeziak eta jarrerak jasotzea.

Ikuspegia:

Erreferentzi eskola izatea lortzea ikasle berri eta ohientzat, osasun-arloko profesionalentzat, eta beste eskola batzuentzat, etengabeko hobekuntza, ikasketa-berrikuntza eta beste erakundeekiko elkarlanaren bidez.

Kalitate-arloko politika:

Donostiako Erizaintza-Eskolak kalitatea bere politikaren eta estrategiaren funtsezko ataltzat jo du eta bere iritziz, kalitatea honakoa da:

«Erizaintzako ikasketak arautzen dituzten legezko eskakizunetara egokitzea, Donostiako Erizaintza-Eskolak Euskal Herriko Unibertsitatearen konpromisoei dagokienez, ekintzak gauzatzea, komunikatzea eta horiekin bat egitea, eta horretarako, prozesuen gestioa eta prozesuen araberako gestioa egitea, irakaskuntzaren eta horren euskarri diren administrazio-prozesuen kalitatea hobetzeari begira. Eskolak bere zerbitzuaren ardatz nagusitzat hartzen du ikasleen prestakuntza-arloko beharrizanei erantzutea, eta, aldi berean, langileen trebetasun pedagogikoa nahiz prestakuntza eguneratzeko pizgarriak ematen ditu, autoebaluaketa eta autokontrola konfiantzazko giroan bultzatzen ditu, eta hornitzaileekin lankidetzan aritzea sustatzen du».

  1. helburu nagusia.– Eskola ondo antolatua, bizia eta komunitate osoarentzat eskuragarria sustatu, antolakuntzaren tamaina aprobetxatuz, talde-lanaren bidez hobetzea helburu izanda.

  2. helburu nagusia.– Gure ikasleek lan egingo duten inguruaren beharrizanak aztertu eta identifikatu, ikasleei lanbidea zertan den erakusteko eta haiek egin dezaketen ekarpena bilatzeko.

  3. helburu nagusia.– Lanlekua atsegina izan dadila eta bertan garrantzitsuena pertsonak izan daitezela lortu, baita komunikazio ona egon dadila eta denak lanbidearen alderdian nahiz pertsona gisa gustura egon daitezela ere.

  4. helburu nagusia.– UPV/EHUko Zerbitzu Orokorrek eskolari esleitzen dioten aurrekontu arruntetik kanpoko finantzazioa bilatzea sustatu.

  5. helburu nagusia.– Prestakuntza planifikatu eta egokitu, beharrizan sozio-sanitarioak nahiz ikasleek beraiek lana aurkitzerakoan dituztenak bete ahal izateko.

  6. helburu nagusia.– Irakaskuntza teoriko eta praktikoaren hobekuntza indartu, eta etengabeko prestakuntza bultzatu.

  7. helburu nagusia.– Eskolak komunitatean kooperazio-arloan lan egiten duten elkarte eta gizarte-erakundeen proiektuak garatzeko elkarlanean aritu dezala sustatu.

Euskal Herriko Unibertsitatearen Donostiako Erizaintzako Unibertsitate Eskola Erizaintzan Diplomatuaren titulua lortzera daramaten akademi eta administrazio-prozesuak antolatu eta gestionatzeko ardura duen ikastegia da.

  1. – Euskal Herriko Unibertsitatearen Donostiako Erizaintzako Unibertsitate Eskola honako hauen bidez arautuko da: indarrean dagoen legeria, Estatutuak, arautegi hau, eta aplika dakizkiokeen gainerako arautegiak.

  2. – Euskal Herriko Unibertsitatearen Donostiako Erizaintzako Unibertsitate Eskolak helbide honetan du egoitza: Doktor Begiristain Pasealekua 105, 20014 Donostia-San Sebastián.

  3. – Jasoko diren iradokizun, kexa eta erreklamazioei behar bezala erantzuteko asmoz, ikastegiak beroriek gestionatzeko prozesua finkatuta du, eta horiek guztiak aztertzearen bidez, bertako edukiak betearaztera zuzendutako hobekuntza-ekintzak identifikatu eta burutu ahal izango dira. Iradokizunak, kexak eta erreklamazioak Eskolako atondoan jarrita egongo den postontzi baten bidez helaraziko dira, eta bertan aurreko horiek bideratzeko inprimakia egongo da. Hilabeteko epean gehienez ere zuzendaritzak horiek guztiak erantzun beharko ditu.

  4. – Euskal Herriko Unibertsitatearen Donostiako Erizaintzako Unibertsitate Eskolaren anagrama besoak altxatuta dituen gizaki baten irudia da eta gainean «zaindu» hitza du letra zuriez idatzita. Logoa urdina da. Baldin eta kolore horretan inprimatu ahal bada, bestela, beltzez ikusiko da. Dokumentazio ofizialean UPV/EHUren anagramaren ondoan agertuko da.

  1. – Euskal Herriko Unibertsitatearen Donostiako Erizaintzako Unibertsitate Eskola honako hauek osatzen dute: ikastegiko kideek eta bertara lotutako gainerako langileek.

  2. – Hauek dira Euskal Herriko Unibertsitatearen Donostiako Erizaintzako Unibertsitate Eskolako kideak:

    1. Ofizialki ikastegira atxikita dauden irakasle guztiak.

    2. Ikastegian irakasten diren titulazio eta ikasketa ofizialetan matrikulatuta dauden ikasle guztiak.

    1. Ikastegira atxikitako administrazio eta zerbitzuetako langileak.

  3. – Euskal Herriko Unibertsitatearen Donostiako Erizaintzako Unibertsitate Eskolara lotuta egongo dira, baina kide izateke, ikastegira atxikita egon gabe bertan eskolak ematen dituzten irakasleak, ikastegian egoitza daukaten sail edo institutuetako ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak, eta ikastegian zerbitzuak ematen dituztenak.

Donostiako Erizaintzako Unibertsitate Eskolak ondoko eginkizunak ditu:

  1. Bai irakaskuntzari eta bai gestioari dagokionez, UPV/EHUko Erizaintzan Diplomatuaren titulua edo berezko tituluak antolatzea, bai eta bestelako espezializazio-ikastaro, etengabeko prestakuntzako edo unibertsitate nahiz kultur hedakuntzako ikastaroak ere.

  2. Urtero irakats eskaintza egitea, UPV/EHUko ikasketa-programazioaren arabera, bai eta ikasturte bakoitzerako ikasketa-planak ere, titulazio bakoitzean eskolak ematen dituzten sail guztiekiko koordinazioan.

  3. Ikasketa-planak onetsi edo aldatzea proposatzea, eta UPV/EHUko beste organo batzuek halakorik proposatzen dutenean eta horrek berari eragiten dionean, ikasketa-planak onetsi edo aldatzeko prozesuetan parte hartzea.

  4. Ikastegian ematen den titulazioaren funtzionamendu orokorra ebaluatzea.

  5. Irakasleek eta administrazio eta zerbitzuetako langileek euren eginbeharrak betetzen dituztena jagotea.

  6. Eskolaren aurrekontua gestionatzea eta atxikita dauzkan baliabideak administratu eta langileak gidatzea.

  7. Ikastegiaren urteroko plana garatu eta betetzea.

  8. Urteroko memoria egitea.

  9. Hizkuntza-plangintza orokorra garatu eta ikastegira egokitzea.

  10. Etengabeko hobekuntza bultzatzea, eta langileen trebetasun pedagogikoa nahiz prestakuntza eguneratzea.

  11. UPV/EHUko gainerako organoei laguntzea euren eginkizunak betetzen.

  12. Zientzia, teknika, arte eta giza zientzien arloko jarduerak bultzatzea, eta espezializazio nahiz unibertsitate-hedakuntzarako ikastaroak sustatzea.

  1. Legeak, Estatutuek edo unibertsitate-arautegiak bere gain uzten dituzten gainerako eginkizun guztiak.

  2. Kide diren beste Ikastegiekin, bai irakaskuntzan eta bai ikerkuntzan ere, jarduerak egiten elkarlanean aritu ahal izango da, elkarren artean sinatutako hitzarmenen bidez.

  1. — Honako hauek dira Euskal Herriko Unibertsitatearen Donostiako Erizaintzako Unibertsitate Eskolako gobernu, ordezkaritza eta administrazio-organoak: Eskolako Batzarra, zuzendaritza, zuzendariordetzak, idazkaritza akademikoa eta administratzailea.

Ikastegiko atalak benetan sortzeak Euskal Herriko Unibertsitatearen Erizaintzako Unibertsitate Eskolaren arautegia aldatzea ekarriko du, arautegi honen V. kapituluarekin bat etorrita.

Honako hauek dira Euskal Herriko Unibertsitatearen Donostiako Erizaintzako Unibertsitate Eskolako kide anitzeko gobernu organoak: Eskolako Batzarra eta Eskolak sortutako batzorde guztiak, erabakiak hartzeko berezko eskumena dutenak zein eskumen hori eskuordetuta dutenak.

  1. – Hauek izango dira, gutxienez, Eskolako Batzarraren osakideak: zuzendaria, batzarburu dena, idazkari akademikoa, eskolako administratzailea, zuzendariordeak (Eskolako Batzarreko berezko kide izango direnak) eta kide hautatuak.

  2. – Batzarraren kide hautatuak sufragio unibertsalaren bidez aukeratuko dira, unibertsitateko kolektiboen artetik. Guztira, 15 kide hautatu izango dira.

    Honela banatuta:

    • Unibertsitateko irakasleen kidegoetako funtzionarioak: 8.

    • Ikasleak: 3.

    • Administrazio eta zerbitzuetako langileak: 2.

    • Gainontzekoak, kontratudun langileak: 2.

  3. – Eskolako Batzarreko kide hautatuak lau urterik behin aldatuko dira. Salbuespena ikasleen ordezkariak izango dira, horiek urtero aldatuko baitira.

  4. – Eskolako Batzarreko kideak hautatzean bete egin beharko da Estatutuek xedatutakoa eta UPV/EHUko Hauteskunde-Arautegi Orokorrean zehaztutako prozedura.

  5. – Zuzendariak, zuzendaritza taldeko kideen izendapenak proposatzean, honako hau bete beharko du: Eskolako Batzarreko kideen % 51 irakasle funtzionarioak izan daitezela.

  1. – Eskolako Batzarra da kide anitzeko ohiko gobernu-organoaikastegian.

  2. – Eskolako Batzarrak eskolaren bizitza akademikoan eragina daukaten oinarrizko erabaki guztiak hartu behar ditu, batez ere honakoak:

    1. Ikastegiaren arautegia eta horren balizko erreformak prestatu eta Gobernu-Kontseiluari proposatzea, hark onar dezan.

    2. Eskolako zuzendaria hautatu, eta haren zentsura mozioa bozkatu, baita, hala dagokionean, konfiantza galdekizuna ere.

    3. Gobernu-organoei irakasleen plantilan eta administrazio eta zerbitzuetako langileen plantilan dauden beharrizanak aurkeztea.

    4. Unibertsitateko planetan biltzen diren helburuak eskolara egokitzeko plana onartzea.

    5. Hizkuntza-normalkuntzako planak betetzeko eta plan horiei jarraipena egiteko ikastegiak dauzkan premien memoriak aurkeztea Campuseko Errektoreordetzari, hark errektoreari edo, hala dagokionean, Gobernu-Kontseiluari bidera diezazkion.

    6. Eskolari atxikitako irakasle-lanpostuen eskariez iritzia ematea.

    7. Ikasketa-planak eta euren aldaketak egin eta proposatzea Gobernu-Kontseiluari, bai eta titulazioak ezarri, aldatu eta kentzeko proposamenak ere.

    8. Irakasteko behar diren azpiegituren planak edo irakaskuntzan nahiz ikerkuntzan sortutako bestelako premien planak aztertu eta onartzea, kontuan hartuta eskolari atxikitako sail edo sail atalen iritzia.

    9. Ikastegiak eskaintzen dituen ikasketen kalitatea aldiro ebaluatuko dena bermatzea, eta unibertsitatearen zerbitzu publikoa hobetzeko neurriak proposatzea.

    10. Bere zereginak betetzeko egoki diren batzordeak eratzea.

    11. Irakasleen eta ikasleen ordezkaria izendatzea Campuseko Batzarrerako. Ikasleen ordezkaria izendatzeko proposamena eskolako Ikasleen Kontseiluak egingo du.

    12. Eskolak, beharrezkoa izanez gero, bere esker ona adierazteko erabiliko dituen moduak zabaldu eta arautzea.

    1. Eskolako kide bakarreko edo kide anitzeko organoek edo kolektibo guztietako ordezkariek behar bezala plantea ditzaketen arazoak erabakitzea, bere ahalmen edo eginkizunen esparruan.

    2. Estatutuek eta beroriek garatzen dituzten arauek bere gain uzten dituzten gainerako eginkizun guztiak, edo UPV/EHUko beste gobernu-organoek eskuordetzen dizkionak.

  3. – Eskolako Batzarrak ohiko bileran eztabaidatu eta bozkatuko ditu urteko memoria, eginkizun-plana eta urteko txosten ekonomikoa. Dokumentu horiek zuzendariak aurkeztuko ditu bileran. Memoria eta eginkizunen plana behin onartuta, Campuseko Batzarrari eta Gobernu-Kontseiluari bidaliko zaizkio, jakitun egon daitezen.

  1. – Eskolaren Batzordeak honakoak dira:

    1. Akademia-Antolakuntzako eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordea.

    2. Euskarako Batzordea.

    3. Kalitate-Batzordea.

  2. – Batzordeetako burua zuzendaria izango da, edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona, eta batzordeak honako hauek osatuko dituzte gutxienez: funtzionarioen bi ordezkari, lan kontratudun irakasleen ordezkari bat, administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat eta ikasleen ordezkari bat. Ez da izango beharrezkoa Eskolako Batzarreko kide izatea batzordeetan aritzeko. Akademia-Antolakuntzako eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordeak ez du Administrazio eta Zerbitzuetako langileen ordezkaririk izango.

  3. – Akademia-Antolakuntzako eta Ikasketak Baliozkotzeko Batzordea honela egongo da osatuta: Zuzendaria izango da Batzordeko burua; Idazkari Akademikoa izango da Batzordeko idazkaria; 2 irakasle funtzionario; kontratudun irakasle bat eta ikasle bat. Batzordeari eskuordetuko zaizkion eginkizunez gain, ikasketak baliozkotzeko eta aukera askeko kredituak amortizatzeko ikasleek aurkeztuko dituzten eskariak ebatziko ditu, indarreko legeriari jarraiki. Batzorde horrek hartutako erabakien aurkako errekurtsoak aurkeztu ahal izango zaizkio errektoreari. Eskolako zuzendaritzak bermatuko du ikastegiko kasuan kasuko bulegoak aholkularitza teknikoa emango diola batzordeari.

  4. – Euskarako Batzordea honela egongo da osatuta: Euskara-Zuzendariordea izango da Batzordeko burua eta idazkaria; 2 irakasle funtzionario; kontratudun irakasle bat; Administrazio eta Zerbitzuetako ordezkari bat eta ikasle bat. Aholkularitza izaerarekin, Euskarako batzordea eskuordetuko zaizkion eginkizunez gain, parte-hartze eta aholkularitza-organoa izango da. Euskara-batzordeak euskararen erabilpena bultzatzea izango du eginkizun.

    Ondorengoak dira Euskara-batzordearen eginkizunak:

    1. Euskarari buruzko planak eta ekimen zehatzak buru daitezen informatzea, aholkatzea eta proposatzea Eskolan.

    2. Eskolan elebitasuna urratsez urrats garatzeko neurriak antolatu eta bultzatzea.

    3. Sailen lanak koordinatzea, euskaraz irakasteko eta ikertzeko oinarrizko material espezifikoa prestatzeko.

    4. Euskarazko irakaskuntza berriaren ezarpenerako entzungo da, bai eta irakasleen eta Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonaleko langileen euskalduntze eta gaikuntza prozesurako ere.

  5. – Kalitate–batzordeak eskolako zuzendaria, batzordeburu gisa arituko dena, akademi idazkaria, batzordeko idazkari gisa arituko dena, bi irakasle funtzionario, administrazio-pertsonaleko ordezkari bat eta ikasle bat izango ditu kide. Eskuordetuko zaizkion eginkizunez gain, ikastegiko hobekuntza-planen, urteko kudeaketa-planaren eta prestakuntza-planaren jarraipena egingo du, eta ikastegiko kalitatea kudeatzeko sistemaz arduratuko da orokorrean. Era berean, ikastegiko aholkularitza-organotzat hartuko da.

  1. – Eskolako Batzarraren bilerak, ohikoak eta ezohikoak izango dira.

  2. – Bileretarako deiak, oro har, ohikoak izango dira. Ikastegiko Batzarrak ohiko bilera bi egingo ditu, seihileko bakoitzean.

  3. – Ezohiko bilera egingo da bileran aztertuko den gaiak hala eskatzen duenean eta, baita ere, arautegi aplikagarriak xedatutako kasuetan. Ezohiko bileretako aztergaien zerrendan ez dira agertuko gai hauek: aurreko akten onespena eta galde-eskeak.

  4. – Presazko bilerak ezohikoak izango dira eta deia gutxienez 24 ordu lehenago egin beharko da. Halakoetan, bilera egiteko arrazoia benetan premiazkoa dela onartu beharko da bileraren hasieran. Onartzen ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.

  1. – Kide anitzeko organoetako buruek egin behar dute kasuan kasuko organoaren bilerarako deia. Dena dela, kide anitzeko organoko kideen % 25ak hala eskatzen badu, bilerarako deia egin beharko da. Bilera ezohikoa izango da eta gehienera ere zazpi egun balioduneko epean egingo da, eskaera egiten denetik hasita.

  2. – Bilerarako deia organoko idazkariak bideratuko du, denbora nahikoarekin eta, edonola ere, bileraren data baino hiru egun lehenago. Deialdian adieraziko da bilera non egingo den, zein ordutan, eta zeintzuk gai aztertuko diren bertan. Aztertu beharreko gaiei buruzko dokumentuak aurrerapen nahikoaz eskuratzeko aukera izan behar dute organoko kideek, eta, edonola ere, bilera baino 24 ordu lehenago.

  3. – Ohiko Eskolako Batzarren gai-zerrendak ondoko puntuak izango ditu:

    • Aurreko bilerako akta irakurri eta onartzea, hala badagokio.

    • Zuzendaritzaren txostena.

    • Txosten ekonomikoa.

    • Zuzendariaren proposamenak.

    • Galde-eskeak.

  4. – Edonola ere, aztergaiak osatzen dituzten puntuak zehatz-mehatz jasoko dira deialdian. Puntu horien artean agertu beharko dira organoko kideen % 10ak, gutxienez, behar den garaian eta moduan eskatutakoak. Aztergaietan agertzen ez diren puntuei buruzko erabakirik ezingo da hartu; baina organoko kideen bi heren baino gehiago badaude bileran, eta botazioa eginda gehiengo absolutuak gaia premiazkoa dela uste badu, erabakia hartu ahal izango da.

  5. – Organoak jarduera daukan egoitzetan eta gainerako tokietan eman beharko da argitara deialdia, organoko kideei bilerarako deia egiten zaien egun berean, jende guztia jakinaren gainean egon dadin.

  1. – Kide anitzeko organoko kide izatea norberari dagokion ezaugarria da eta ezin da beste inoren gain utzi. Estatutuetako 228. artikuluan aipatutako egoeretan utziko dio organoko kide batek kide izateari.

  2. – Organoa behin eratuta, hutsik geratuko diren lekuak kasuan kasuko zerrendetako ordezkoek beteko dituzte. Aipatutako irizpideari jarraiki eta bete ezin den leku-kopurua kideentzako lekuen % 50ekoa edo handiagoa edo organoetako kideentzako lekuen % 30ekoa edo handiagoa bada, hauteskunde partzialak egin behar dira lekuak betetzeko. Modu horretara hautatuak kide izango dira agintaldia amaitu arte.

  1. – Kide anitzeko organoetako kideek organoen bileretara joateko eskubidea eta joan beharra daukate, eta arautegi honek betearazten dizkien eginkizunak betetzekoa. Bileretara joanez gero, organoetako kideek ez dituzte unibertsitateko gainerako eginkizunak bete behar, baina kasuan kasuko organoek beharrezko neurriak hartu behar dituzte betebehar horiek bete egiten direla eta zerbitzua eman egiten dela bermatzeko.

  2. – Kide anitzeko organoko kideek eskubidea dute euren eginkizunak aurrera eramateko beharrezkoa izan ditzaketen dokumentazioa eta informazioa eskatu eta eskuratzeko erregistro orokorraren bidez, behar besteko aurrerapenez eta, beti ere, eginkizunak bete baino 24 ordu lehenago.

  1. – Kide anitzeko organoak balioz eratzeko beharrezkoa izango da kideen gehiengo absolutua egotea bertan lehen deialdian; edo kideen heren bat, gutxienez, bigarren deialdian. Lehen eta bigarren deialdiaren artean 15 minutuko tartea egotea beharrezkoa izango da. Organoko buruak eta idazkariak beti egon beharko dute edo, bestela, euren ordezkoek.

  2. – Eskolako Batzarreko beste kide batzuen esku utzi ahal da botoa. Eskolako Batzarreko kide bakoitzak beste baten ordez baino ezin izango du eman botoa. Organoa eratzeko quorumerako ez dira zenbatuko organoko kideek beste batzuen esku utzitako botoak.

    Organoetako kideek idatziz adierazi behar dute botoa eskuordetu egin dutela, eta idatzi hori bilerako aktari erantsi behar zaio.

  3. – Organoa bigarren deialdian eratzeko beharrezkoa izango den quoruma beharrezkoa izango da bozketa guztietan.

  1. – Eskolako Batzarreko buruak bilera behar bezala antolatuko du eta, horretarako arrazoirik egonez gero, bertan behera utzi ahal izango du.

  2. – Eztabaidak gai-zerrendari jarraiki egin behar dira. Dena dela, beharrezkoa izanez gero, Eskolako Batzarrak bileraren ordena aldatzeko erabakia har dezake, organoko buruak proposamena egin ondoren.

  3. – Eskolako Batzarreko buruak, beharrezko ikusten badu, eztabaidaren denbora mugatu ahal izango du, bai eta gaiaren botazioa egin aurretik egon daitezkeen parte hartzeen kopurua ere.

  4. – Eskolako Batzarreko kideek aktan agerrarazi ahal izango dute euren botoa eta horren azalpena. Azalpen hori idatziz eman beharko dute botazioa egitean. Unibertsitateko beste organo batzuei egindako proposamenak badira, kideen boto bereziak beti agerrarazi behar dira haiekin batera.

  5. – Eskolako Batzarreko buruak organoko kide ez diren pertsonak gonbidatu ahal izango ditu bileretara egoki deritzonean, aztergaietako punturen batekin zerikusia daukan iritzia edo informazioa eman diezaioten kide anitzeko organoari. Gonbidatuen izen-abizenak bilerako aktan jasoko dira, botoa emateko eskubidea izango ez duten arren.

  1. – Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen artetik gehiengo soila behar izango da, Estatutuek edo gainerako lege-xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen ez duten kasuetan izan ezik. Horrenbestez, proposamen bakarra izanez gero, onartu egingo da aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira. Bi proposamen badaude, aldeko boto gehien lortzen dituena onartuko da. Proposamenak bi baino gehiago direnean, emandako botoen gehiengoa lortzen duena onartuko da; edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu dituzten bi proposamenak hartuta, bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena.

    Berdinketa izanez gero, berriro egingo da botazioa; eta hala ere berdinketa izanez gero, Eskolako Batzarreko buruaren kalitate-botoak erabakiko du.

  2. – Botazioa isilpekoa izango da Eskolako Batzarreko kideren batek eskatzen duenean. Dena dela, botazioa beti izango da isilpekoa pertsonei buruzkoa denean.

  3. – Aurkako botoa eman edo abstenitu direnek eta horretarako arrazoia azaldu dutenek, ez dute erantzukizunik izango kide anitzeko organoak hartutako erabakietan. Botazioa isilpekoa bada, interesatuak boto txartela emango dio Eskolako Batzarreko idazkariari botazioko unean eta, txartel horrekin batera, emandako botoaren arrazoia azaltzen duen testua. Boto txartela eta testua aktari erantsiko zaizkio.

  1. – Idazkariak bilerako akta egin behar du. Akta bileran bertan edo hurrengoan onartu behar da, eta aktaren zirriborroa hurrengo bilerako gai zerrendari dagozkion dokumentuekin batera banatuko dira. Akta onartu ostean, idazkariak sinatu eta organoko buruak ontzat eman behar du.

  2. – Akta elebidunean honako hauek jasoko dira nahitaez: bilerara etorri direnen eta etorri ez diren kideen zerrenda; aztergaien zerrenda; bileraren tokia eta eguna; bileran aztertutako puntuak; botazioak (nola egin diren) eta emaitzak; hartutako erabakien edukia eta, egokitzat ikusiz gero, arrazoiaren azalpen laburra.

  3. – Aktak argitara emango dira eta Eskolako kideek eskuratu ahal izango dituzte kontsultetarako, gehienez ere 8 eguneko epean. Betiere, pertsonen intimitatea babestuko da.

  4. – Aktan boto partikularrak ere jasoko dira, Eskolako Batzarreko kasuan kasuko kideek hala eskatzen badute. Eskolako Batzarreko edozein kidek eskatu ahal izango du bere parte hartzea edo proposamena hitzez hitz jasotzeko aktan. Horretarako, idatziz aurkeztu beharko du testua eskaera egin eta segituan edo, bestela, organoko buruak esango duen moduan.

  5. – Eskolako Batzarreko kideek aktan aldaketak egiteko proposamenak egin ahal izango dituzte akta onartzeko unean. Idazkariak egiaztatu egin behar ditu proposatutako aldaketak eta, gehiengoak aldeko botoa ematen badu, onartu egin behar dira.

  6. – Eskolako Batzarra berritu baino lehen bilera bat egin beharko da onartzeke dauden akta guztiak onartzeko. Bilera hori egitea ezinezkoa bada, akten zirriborroak bidali behar zaizkie kide anitzeko organoko kide zirenei, eta hamar eguneko epea eman edukiari buruzko erreklamazioak egiteko. Ez bada aurkezten erreklamaziorik esandako epearen barruan, aktak onartutzat emango dira. Erreklamaziorik aurkeztu gero, Eskolako Batzar berrituak egingo duen lehen bileran onartu beharko dira aktak.

  1. – Idazkariak Eskolako Batzarrak hartutako erabakien fede emango du eta ziurtagiriak egingo ditu.

  2. – Eskolako Batzarrak hartutako erabakiak, gehien ere hiru egun balioduneko epean argitara emango dira, eta pertsonen intimitatea babestuta. Argitaratze-data jasota egongo da. Eskolako Batzarreko buruak eta idazkariak ziurtatu beharko dute hartutako erabakiak argitara ematen direla eta gutxienez hilabete egongo direla argitaratuta jendaurrean. Izan ere, epe horren barruan egongo da aukera kasuan kasuko errekurtsoa aurkezteko errektoreari.

  3. – Aipatutakoaz gain, pertsonei buruzko erabakiak jakinarazi egin beharko zaizkie interesatuei. Erabakiak jakinarazpena egiten den unetik aurrera izango ditu ondorioak. Jakinarazpena Administrazio-Prozeduraren Legean xedatutako moduan egingo da.

  1. – Eskolako Batzarrak hartutako erabakiek onartzen direnetik aurrera izango dituzte ondorioak, erabakian bertan beste ezer adierazi ez bada behintzat. Erabakiak publikoak dira eta unibertsitateko kasuan kasuko organoak jakinaren gainean jarriko dira.

  2. – Arautegi honetako 7. artikuluan aipatzen diren kide anitzeko organoek hartzen dituzten erabakien kontra gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio errektoreari, hilabeteko epean.

  1. – Zuzendaria eskolako zuzendaritza, ordezkaritza eta administrazio-organoa da.

  2. – Hauteskunde-Arautegi Orokorrak dioenari jarraiki, zuzendaria hautatuko da arduraldi osoko irakasle funtzionarioen edo irakasle kontratatu doktoreen artetik.

  3. – Eskolako zuzendaria errektoreak izendatu behar du, eta izendatu ondoren hasiko da bere eginkizunak betetzen. Agintaldia lau urtekoa izango da eta gehienez bi agintaldi egin ahal izango dira segidan.

  1. – Eskolako zuzendariak arrazoi hauengatik utziko du kargua:

    1. hilez gero;

    2. legezko ezintasuna izanez gero;

    3. dimisioa aurkeztuz gero;

    4. eskolako kide izateari utziz gero;

    5. agintaldia amaituz gero;

    6. Eskolako Batzarrak zentsura-mozioa onartuz gero.

  2. – Ahal den kasuetan, zuzendariak jardunean jarraituko du zuzendari berria izendatu arte.

  3. – Zuzendaria gaixorik edo kanpoan balego, izendapenean beren-beregi zehaztutako zuzendariordeak egingo lioke ordezkoa. Halako izendapenik ez balego, Eskolako Batzarrak izendatuko du ordezkoa egingo duen zuzendaritza-taldeko kidea. Eskolako Batzarreko burua, kasu honetan, antzinatasun handieneko kidea izango da. Sei hilabete baino gehiago emango balitu gaixorik edo kanpoan, jarduneko zuzendariak hauteskundeetarako deia egingo luke hilabeteko epean.

  4. – Eskolan pertsona bakarreko organo bat ere ez balego, kategoria eta antzinatasun handiena daukan eskolako arduraldi osoko irakasleak hartuko lituzke bere gain zuzendariaren zereginak. Irakasle horrek eskolako zuzendaria aukeratzeko deia egin beharko luke gehienez ere sei hilabeteko epearen barruan.

  1. – Arautegi honen 9.2.b) artikuluan aipatu den zentsura-mozioaren arrazoia azaltzen duen idazkia aurkeztuko da Ikastegiko Idazkaritzan. Batzarreko kide guztien % 20k, gutxienez, sinatu behar du mozioa eta zuzendari izateko hautagai baten izena behintzat eman beharko dute.

  2. – Zentsura-mozioa aurkeztu eta baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatu ondoren, zuzendariak Eskolako Batzarrari bilera baterako deia egingo dio hurrengo 72 orduetan. Bilera zentsura-mozioa aurkezten denetik hasita, gehienez ere, hamabost eguneko epean egingo da.

  3. – Eztabaidan lehenik eta behin, zentsura-mozioa sinatu duten Eskola Batzarreko kideetako batek mozioa defendatuko du. Jarraian, zuzendari izateko hautagaiak hartuko du hitza eta bere proposamena egin eta azalduko du. Ondoren, Eskolako Batzarreko kideek hitz egingo dute, hala nahi izanez gero. Aldeko eta aurkako txandak egongo dira.

  4. – Zentsura onartzeko Eskolako Batzarreko kideen aldeko boto gehiago egon behar dira. Eskolako Batzarrak mozioa onartuz gero, zuzendariak dimisioa aurkeztuko segidan. Onartutako zentsura mozioan zuzendari izateko azaltzen zen hautagaia zuzendari berritzat hartuko da.

  1. – Arautegi honen 9.2.b) artikulua aplikatuta, zuzendariak Eskolako Batzarrari konfiantza-botazioa egiteko proposatuz gero, horretaz eztabaidatuko lukete eta ondoren zentsura-moziorako arautu eta azaldutakoari jarraiki botazioa egingo litzateke. Aldeko boto gehiago baditu, onartutzat hartuko da.

  2. – Botazioa onartu ezean, Estatutuen 277. artikulua aplikatuta, zuzendaria hautatzeko prozesua hasiko da, Donostiako Erizaintzako Unibertsitate Eskolaren arautegian xedatutakoaren arabera, eta UPV/EHUko ikastegien oinarrizko arautegiarekin bat etorrita.

  1. – Errektoreak irakaslanetik salbuetsi ahal izango du zuzendaria, neurri batean edo erabat.

  2. – Agintaldia amaituta, eskubidea izango du irakaslanetik beste urtebetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzaren eta ikerketaren arloko gaiak eguneratzeko. Horretarako, gutxienez hiru urte izan beharko ditu emanda karguan.

  1. – Hauek dira eskolako zuzendariaren eginkizunak:

    1. Eskolako ordezkaria izatea eta eskolari atxikitako langile guztien zuzendaritza funtzionala izatea.

    2. Eskolaren jarduera guztiak gidatu, koordinatu eta gainbegiratzea.

    3. Eskolako kide anitzeko organoetako buru izatea.

    4. Eskolako Batzarraren, gobernu-organo orokorren eta Gipuzkoako campuseko organoen jarraibideak aplikatzea eta haien erabakiak betetzea.

    5. Errektoreari bere eskumeneko izendapenak proposatzea.

    6. Eskolako Batzarrari urteko memoria eta plana aurkeztea.

    7. Dagozkion zerbitzu teknikoekin koordinaturik, eskolako leku guztien higiene eta segurtasuna bermatzea, eta horretarako behar diren neurriak hartzea.

    8. Eskolako kideen eskari eta proposamenak bideratzea.

    9. Eskolaren ebaluazioa eta etengabeko hobekuntza bultzatzea.

    10. Eskolari eragiten dioten arauak betetzen direla zaintzea, bereziki zerbitzuen funtzionamendu egokiari dagozkionak eta diziplina akademikoarekin zerikusia daukatenak, UPV/EHUren Estatutuetako 102.2 eta 103.2 artikuluetan adierazitako moduan.

    11. Tokiak esleitzea ikastegian eskolak ematen dituzten sail, institutu eta zerbitzuei, Eskolako Batzarrak onartuko dituen irizpideez bat. Era berean, eskolako azpiegitura erabiltzean lehentasunak zeintzuk diren erabakiko du.

    12. Lankidetza eta koordinazio-programak adostea sailekin irakaskuntza eta ikerketa-jardueretarako, eta sailen arteko eta arloen arteko ikerlanak bultzatzea.

    1. Gainerako gobernu-organoek eskuordetzan ematen dizkioten gainerako eginkizunak, edo unibertsitateari buruzko legeriak, Estatutuek edo beroriek garatzen dituzten arauek esleitzen dizkiotenak eta beren-beregi beste organo batzuei esleituta egon barik, eskolarekin zerikusia daukatenak.

  2. – Era berean, eskolako zuzendariak lankidetza-hitzarmenak sinatuko ditu, Gobernu-Kontseiluak emandako jarraibideei eutsiz.

  1. – Eskolako zuzendaritza-taldeko burua zuzendaria izango da eta zuzendariordeek eta idazkari akademikoak osatuko dute.

  2. – Eskolako zuzendaritza-taldeak laguntza eman behar dio zuzendariari bere zereginetan, batez ere honako hauetan:

    • titulazioetan irakasten diren gaien irakaskuntza koordinatzeko lanean;

    • ikasketa-planak eguneratzeko zereginean, modu horretara gizartearen premiei hobeto erantzun ahal izateko;

    • ikasleen laneratzea bultzatzeko eginkizunean;

    • ikasleek kanpoan egiten dituzten praktikak gainbegiratzeko zereginean, bai eta beste unibertsitate batzuetako pareko titulazioetako ikasleekin egiten diren trukeak ere, esparru akademikoari dagokionez;

    • irakats plangintza behar bezala gauzatzen dela zaintzeko zereginean, bai eta titulazioetako irakaslanean gertatutako gorabeherak eta erreklamazioak ebazteko gestio-lanean ere;

    • titulazioen irakats kalitatea sustatzeko lanean;

    • ikastegiko jarduera guztietan etengabeko hobekuntza bultzatzeko lanean.

  1. – Errektoreak, zuzendariak proposatuta, zuzendariordeak izendatuko ditu behar diren baldintzak betetzen dituzten eskolako arduraldi osoko irakasleen artetik.

  2. – Zuzendariordeek zuzendariak eskuordetzen dizkien eginkizunak beteko dituzte, eta euren izendapenean zehazten diren arloen zuzendaritza hartuko dute. Eskuordetze horien berri emango zaio Eskolako Batzarrari eta, horrez gain, argitara emango dira.

  3. – Zuzendariordeen kopurua ez da izango UPV/EHUko ikastegien oinarrizko arautegiaren eranskinean jasotako irizpideak aplikatuta ateratzen den kopurua baino handiagoa.

  4. – Dimisioa, heriotza, ezintasun legala, eskolako kide izateari uztea edo errektoreak, zuzendariak proposatuta, hala erabakitzea izango dira kargua uzteko arrazoi.

  5. – Zuzendariak zuzendaritza-taldean gertatuko aldaketen berri emango du Eskolako Batzarraren hurrengo bileran.

  1. – Errektoreak irakaslanetik salbuetsi ahal izango ditu eskolako zuzendariordeak, gehienez ere arduraldiaren erdiraino.

  2. – Agintaldia amaituta, eskubidea izango du irakaslanetik beste sei hilabetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren alorrean eguneratu ahal izateko. Horretarako, gutxienez hiru urte izan beharko ditu emanda karguan.

  1. – Idazkari akademikoa errektoreak izendatu du, zuzendariak proposatuta. Idazkaria jardunean dagoen arduraldi osoko irakasle bat izango da.

  2. – Dimisioa, heriotza, ezintasun legala, UPV/EHUko kide izateari uztea edo errektoreak, zuzendariak proposatuta, hala erabakitzea izango da kargua uzteko arrazoi.

Hauek dira eskolako idazkari akademikoaren eginkizunak:

  1. Idazkari moduan aritzea Eskolako Batzarrean eta, betetzen duen karguagatik, dagokion gainerako batzordeetan; eta organo horien bileretako aktak idatzi eta zaintzea.

  2. Eskolako Batzarrerako deia egitea, zuzendariaren agindua jaso ondoren.

  3. Eskolako gobernu, ordezkaritza eta administraziorako kide anitzeko organoen ekintza eta erabakien fede ematea eta egiaztagiriak egitea, hala erabakienak nola bere aurrean gertatzen diren ekintza eta jazoera guztienak edo eskolako dokumentazio ofizialean jasota daudenenak ere.

  4. Eskolako erregistro orokorraren funtzionamendua bermatzea, unibertsitateko Idazkaritza Nagusiak emandako arautegi eta irizpideei jarraiki.

  5. Eskolako Batzarrak hartuko dituen erabakien berri ematea unibertsitateko kasuan kasuko gobernu-organoari.

  6. Oro har, laguntza ematea eskolako zuzendariari; eta, baita ere, eskolako idazkari akademikoari dagozkion gainerako eginkizunak betetzea.

  1. – Errektoreak irakaslanetik salbuetsi ahal izango du eskolako idazkari akademikoa, gehienez ere arduraldiaren erdiraino.

  2. – Agintaldia amaituta, eskubidea izango du irakaslanetik beste sei hilabetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren alorrean eguneratu ahal izateko. Horretarako, gutxienez hiru urte izan beharko ditu emanda karguan.

  1. – Eskolako zerbitzu ekonomiko eta administratiboen burua administratzailea izango da.

  2. – Administratzaileak menekotasun funtzionala izango du zuzendariarekiko eta eskolako administrazio eta zerbitzuetako langileak zuzendu eta koordinatzeko lanak beteko ditu. Horrez gain, eskolako organoen erabakiak betearaziko ditu berari dagokion eremuan eta aipatutako zerbitzuen funtzionamenduaz arduratuko da.

  3. – Eskolako administratzaileak eguneratuta izango du eskolari atxikitako ondasunen zerrenda, eta zerrenda eguneratu hori urtero aurkeztuko dio Eskolako Batzarrari, ontzat eman dezan. Ondoren unibertsitateko Gerentziara igorriko da. Era berean, laguntza teknikoa emango dio zuzendaritza-taldeari ikastegiaren urteko premien memoria prestatzeko lanean. Memoria hori ontzat eman beharko du Eskolako Batzarrak.

Eskolak bere helburuak betetzeko eta jarduerak aurrera eramateko, behar beste langile izango ditu, eta UPV/EHUko aurrekontu orokorrean sail berezituak ere, eta autonomiaz gestionatuko ditu horiek.

UPV/EHUk urtero zehaztuko du eskolaren aurrekontuko hornidurarako emango duen diru-sail orokorra, baina aurrekontuko hornidurak beste osagai hauek ere izango ditu:

  1. Burutzen dituen zereginen etekin garbiak.

  2. Jasotzen dituen diru-laguntzak, kasuan kasuko diru-laguntzarako zehaztuta dauden baldintzen arabera.

  3. Modu agerian eta beren-beregi egiten dizkioten dohaintza eta legatuak, eman zaizkion baldintza berberetan.

  4. Zientzia, teknika edo arte-lanak egiteko edo espezializazio-ikasketak emateko nahiz prestakuntzarako jarduera bereziak egiteko kontratuetatik sortutako diru-sarreretatik dagokien zatia.

  1. – Eskolaren jarduera ekonomikoa UPV/EHUren sarrera eta gastuen aurrekontu bakar, publiko eta orekatuan xedatutakoaren arabera eramango da aurrera, eta UPV/EHUko aurrekontuak betetzeko arauetan ezarritakoari jarraiki.

  2. – Ikastegiak UPV/EHUren aurrekontu orokorrean agertzen ez diren bestelako baliabideak baditu, zuzendaritza-taldeak jakinaren gainean jarriko du Gerentzia eta, ondoren, baliabide horiek ikastegiaren aurrekontuko zati moduan gastatzeko proiektua aurkeztu du Eskolako Batzarrean, ontzat eman dezan.

  1. – Arautegia aldatzeko prozesuaren ekimena zuzendariari edo Eskolako Batzarreko kideen % 25i dagokie. Ekimen hau zuzendariari idazki bat aurkeztearen bidez gauzatuko da, bertan proposatutako testu alternatiboa eta proposamengileen identifikazioa adieraziz.

  2. – Ekimena aurkeztu denetik eta, gehienez ere, bi hilabetera, zuzendariak Eskolako Batzarrari ezohiko bilerarako deia egingo dio. Emandako botoen gehiengo absolutuaz onartu beharko da proposatutako aldaketa, aurrera egin dezan, eta legaltasun kontrola behin eginda, Gobernu-Kontseilura eramango da ontzat eman dezan.

  3. – Arautegia aldatzeko proiektu bat gaitzetsiz gero, proposamengileek ezin izango dute gai berberaz beste ekimenik egin handik eta bi urte iragan arte.

  4. – Arautegi honen atarikoa berrikusteak eta eranskinak eguneratzeak ez du zerikusirik izango arautegia aldatzeko prozedurarekin.

Eskolaren anagrama. Xabier Zupiriaren lana da, 2004.– urtean Eskolan, «Eskola logoaren bila» izenaz, antolatu zen lehiaketako irabazlea.

Logoak honakoa erakusten du: alde batetik, Donostiako Kontxako badiaren oinplanoa Santa Klara irlarekin, babesa sinbolizatzen duena. Eta beste aldetik, besoak altxatuta dituen gizaki baten irudia da, zalantzazko jarreraz: babesa/laguntza-eskea/poztasuna. Irudiaren gainean «Zaindu» hitza agertzen da idatzita, hizkera arruntean agindu bezala erabiltzen da: «ingurukoak zaindu eta zeure burua zaindu».

  • Erizaintza II Saila.

  • Euskal Filologia Saila.

  • Ingeles eta Alemaniar Filologia Saila.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.