Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2005eko azaroaren 10ekoa, Euskal Herriko Unibertsitateko Idazkari Nagusiarena. honen bidez agindua ematen da EHUko ikerketa institutuen oinarrizko arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 237
  • Hurrenkera-zk.: 6183
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2005/11/10
  • Argitaratze-data: 2005/12/15

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Sailak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Aurrekariak

EHUko Estatutuetako 208.1 artikuluan jasota dago Gobernu Kontseiluak oinarrizko arautegia onartuko duela eta, oinarrizko arautegi horri jarraiki, egingo duela ikerketa institutu bakoitzak bere arautegia.

Gobernu Kontseiluak 2004ko uztailaren 22an egindako bileran, Estatutuak garatzeko prozedura ezarri zuen, eta 2005eko urriaren 27an, organo berak, EHUko Ikerketa Institutuen Oinarrizko Arautegia onartu zuen, eranskinean jasotako moduan.

Azkenik, EHUko Estatutuetako 258.1. d) artikuluak dio, idazkari nagusiak bermatu behar duela EHUko Ebazpenak argitaratzea; eta, bestalde, otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemaren buruzkoak, dio Ebazpenak oso-osorik argitaratu behar direla Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Horregatik guztiagatik, honakoa

Hitzaurrea

EHUko Estatutuek Gobernu Kontseiluari agintzen diote Unibertsitateko Ikerketa Institutuen Oinarrizko Arautegia egiteko eta, haren bitartez, institutu bakoitzak bere arautegiaren bidez garatu behar dituen oinarrizko edukiak arautzeko.

Beraz, unibertsitateko ikerketa institutuen arautegietan gutxienez jaso beharrekoak bildu dira arautegi honetan, kontuan izanda beti errespetatu behar dela Estatutuek institutuei emandako ahalmena euren antolamendua zehazteko.

Lehenengo titulua

Xedapen orokorrak

Unibertsitateko ikerketa institutuek zientziaren, teknikaren eta giza zientzien alorreko ikerketan eta arte sorkuntzan dihardute gehienbat; gainera, ikasketa espezializatuetako eta hirugarren zikloko eta doktoregoko ikastaroetako irakaskuntza lanak egin daitezke institutuotan. Halaber, institutuek aholkularitza teknikoa eman dezakete euren eskumeneko esparruan.

  1. – Unibertsitateko ikerketa institutuak bi motatakoak izan daitezke:

    1. EHUko berezkoak, EHUk horrela sortutakoak.

    2. Atxikiak, hots, EHUrekin lankidetza hitzarmena sinatu duten erakunde publikoen eta pribatuen menpekoak.

    3. Mistoak, hau da, hitzarmena dela medio, erakunde publikoekin eta pribatuekin lankidetzan sortutakoak; hitzarmen horrek institutua erakunde bien menpean dagoela jasotzen du, baita institutuko arautegia ere.

    4. Unibertsitate artekoak, beste unibertsitate batzuekiko hitzarmenen bidez sortuak.

  2. – Unibertsitateko berezko institutuok guztiz sarturik daude EHUren egituran.

Honako hauek dira unibertsitateko ikerketa institutuen zereginak:

  1. Ikerketa planak eta, dagokionean, arte sorkuntzako planak antolatu, gauzatu eta ebaluatzea.

  2. Indarrean dagoen legediaren esparruan, unibertsitateko graduondoko ikasketa ofizialak eta berezko tituluak eta titulu espezializatuak lortzeko ikasketak antolatu eta gauzatzea.

  3. Institutuko eta unibertsitateko kideen eguneratzea bultzatzea zientziaren, teknikaren, giza zientzien eta artearen alorrean, baita pedagogia mailan ere.

  4. Indarrean dagoen legeriaren esparruan, zientziaren, teknikaren, artearen eta giza zientzien alorreko lanak kontratatu eta egitea pertsona fisikoekin eta erakunde publikoekin zein pribatuekin batera.

  5. Euren artean eta EHUko eta erakunde publikoetako zein pribatuetako ikastegiekin eta sailekin lankidetzan jardutea, irakaskuntza eta ikerkuntza lanak egiteko.

  6. EHUko gainerako organoei eginkizunak betetzen laguntzea.

  1. – Arautegiak finkatu behar du unibertsitateko ikerketa institutuen egoitza administratiboa. Egoitza horrek bakarra izan behar du, baldin eta Gobernu Kontseiluak bestelakorik baimentzen ez badu.

  2. – Gobernu Kontseiluaren baimena behar da egoitza aldatzeko. Aldaketa unibertsitateko ikerketa institutuko kontseiluak proposatu behar du, institutuko arautegiak ezartzen duen moduan.

    Bigarren titulua

    Unibertsitateko berezko ikerketa

    institutuei buruzkoak.

    1. kapitulua

      Funtzionatzeko printzipioak eta araubidea

  1. – Unibertsitateko berezko ikerketa institutuek honako printzipio hauetara egokitu behar dituzte euren egitura eta funtzionamendua:

    1. Unibertsitateko kide anitzeko eta kide bakarreko organo orokorren azpiko mendekotasunera.

    2. Kide anitzeko organoek kide bakarrekoen aldean nagusi izan behar dute unibertsitateko ikerketa institutuetan.

    3. Indarrean dagoen legediaren esparruan, antolatzeko ahalmena eta funtzionatzeko autonomia dute.

  2. – Unibertsitateko ikerketa institutuetako funtzionamendu eta hitzarmen araubidea bertako arautegien bitartez arautu behar da. Arautegi horiek EHUko Estatutuetan eta Oinarrizko Arautegian xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei men egin behar diete.

  3. – Gobernu Kontseiluari dagokio ikerketa institutu bakoitzeko arautegia behin betiko onestea, beharrezko txostenak (nahitaezko legezkotasun txostena barne) egin ostean. Eskumenak eskuordetuta, Idazkaritza Nagusiak onetsi behar ditu arautegiak, txosten guztiak aldekoak dituztenak eta Gobernu Kontseiluaren aurrean aurkezteko berariaz eskatu ez direnak. Honako hauek dute hori eskatzeko eskubidea: Gobernu Kontseiluko kideek, arautegiak eragin egiten diela uste duten sailetako edo institutuetako kontseiluek eta, gutxienez, institutuko kideen %15ek. Edozelan ere, idazkari nagusiak onespen horren berri eman behar dio Gobernu Kontseiluari.

    1. kapitulua

      Unibertsitateko ikerketa institutuak

      sortu, aldatu eta bertan behera uztea

  1. – Autonomia erkidegoak Ebatzi behar du unibertsitateko berezko ikerketa institutua sortzea, Gobernu Kontseiluak Ebazpena hartu ostean, Gizarte Kontseiluak eskatuta. Ondoren, Ebazpena Unibertsitateko Irakaskuntza Koordinatzeko Kontseiluari jakinarazi behar zaio.

  2. – Unibertsitateko berezko ikerketa institutua sortzeko proposamena horretarako arrazoiak agertzen dituen memoriak osatu behar du. Aplikatu beharreko legediak xedatutako baldintzez gain, honako alderdi hauek zehaztu behar dira gutxienez:

    1. Institutuaren helburuak, premia zientifikoa eta garrantzi soziala.

    2. Institutuko ikerketa ildoak eta irakaskuntza lanak, eta lortu nahi diren helburu zientifikoak EHUn dagoeneko sortuta dagoen egituraren baten bidez lortu ezina arrazoitzen duen azalpena.

    3. Beharrezko langileen eta baliabideen balioespen ekonomikoa eta diru sarreren zein funtzionamendu gastuen kalkulua.

    4. Hasiera batean unibertsitateko ikerketa institutuko kide zehaztu diren irakasleak edota ikertzaileak eta euren ikerketa merezimenduak, institutua sortu beharra arrazoitzen dutenak.

    5. Unibertsitateko ikerketa institutuko behin-behineko arautegia.

  3. – Honako baldintza hauek bete behar dira institutua sortzeko:

    1. Ikerketan jarduten direla eta ikerketa ildoak jorratzen dituztela froga dezaketen talde zientifikoak egotea lehendik.

    2. Ekimenaren bikaintasuna frogatzea kanpo ebaluazioaren bitartez.

    3. Institutuak izango duen aztergaiak interes estrategikoa izatea.

    4. Ohiko diru laguntzaz gain, baliabide ekonomikoak izatea, erakunde publikoekin zein pribatuekin sinatutako kontratuei eta ikerketa proiektuei esker.

    5. Sortu nahi den institutuaren bidez lortu nahi diren helburu zientifikoak unibertsitateko sailen baten bidez lortu ezina arrazoitzen duen azalpena.

  4. – Unibertsitateko berezko ikerketa institutuak sortzeko proposamenak Gobernu Kontseiluak onetsi behar ditu hasiera batean, Ikerkuntza, Garapen eta Berrikuntza Batzordeak aldeko txostena egin ostean.

  5. – Gobernu Kontseiluak Ebazpena hartu aurretik, unibertsitateko ikerketa institutua sortzeko proposamena hilabetez argitaratu behar da, ikastegiek, sailek, institutuek eta unibertsitateko gainerako egiturek iradokizunak egin ditzaten. Aldi berean, institutuaren sustatzaileek iradokizun horiei emandako erantzunak gehitu behar zaizkio sorrera espedienteari.

  6. – Unibertsitateko berezko ikerketa institutua sortzeko proposamenaren lehen onespena hasierako oinarrizko funtzionamendua EHUko aurrekontuen bitartez zein kanpoko diruz finantzatzeko konpromisoak osatu behar du.

  1. – Autonomia erkidegoak ebatzi behar du unibertsitateko berezko ikerketa institutua aldatu edo bertan behera uztea, Gobernu Kontseiluak unibertsitateko institutua entzun eta Ebazpena hartu ostean, Gizarte Kontseiluak eskatuta. Ondoren, Ebazpena Unibertsitateko Irakaskuntza Koordinatzeko Kontseiluari jakinarazi behar zaio.

  2. – Institutua bertan behera utzi edo aldatzeko proposamena horretarako arrazoiak agertzen dituen memoriak osatu behar du; memoria horrek arrazoitua izan behar du eta neurriak eragingo liekeen irakaskuntza eskaintzak eta ikerketa lanak nora aldatuko liratekeen zehaztu behar du, baita langileak eta baliabideak nora atxikiko liratekeen ere.

  3. – Institutua bertan behera uzteko espedientea Zuzendaritza Kontseiluak jarri behar du abian ofizioz, EHUko Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeak institutuaren urteko memoria txartzat jo ostean, nahitaezko kanpo irizpenak hala baderitzo. Honako hauek izan daitezke arrazoiak: jardunik ez izatea batere, sortu beharra justifikatu zuten arrazoi zientifikoak desagertu izana edo hura osatu behar duten kide kopuruak nabarmen egin izana behera bi ikasturtetan baino gehiagoan.

  4. – Aurreko paragrafoan iragarritakoa gertatzen bada, auzi honetan eskudun den Zuzendaritza Kontseiluko organoak institutua entzun behar du, baita hura bertan behera uzteak eragiten dien ikastegiak eta sailak ere, halakorik badago. Ondoren, institutua bertan behera utzi beharra arrazoitzen duen memoria egin behar du, eta honako alderdi hauek azaldu behar ditu bertan:

    1. Institutua bertan behera uzteko arrazoia.

    2. Institutua bertan behera uzteak izango lituzkeen ondorioen azterketa

    3. Bertan behera utzi beharreko institutuko langileak eta baliabideak berriro atxikitzeko programa.

  5. – Institutuak berak eskatzen badu institutua bertan behera uzteko espedientea egiteko, aurreko paragrafoan aipatutako memoria egin behar du, baita azken bost urteetako balantze ekonomiko osoa ere.

  6. – Gizarte Kontseiluak unibertsitateko ikerketa institutua bertan behera uzteko eskatzea ebazten badu, bertako jarduna eten egin behar da badaezpada, behin betiko geratu arte bertan behera.

  1. – Sortzean, unibertsitateko berezko ikerketa institutu bakoitzak EHUko zortzi irakasle eta ikertzaile izan behar ditu gutxienez. Horietako bostek gutxienez doktoreak izan behar dute, funtzionario edo lan kontratu iraunkorra dutenak.

  2. – Sortu ostean, unibertsitateko ikerketa institutuek jarraitutasunez ez badute betetzen aurreko paragrafoan xedatutakoa, hiru urteko epea izango dute horretarako. Epe hori auzi honetan eskudun den Zuzendaritza Kontseiluko kideak institutuari bere egoera jakinarazten dion unean bertan hasiko da. Epea amaitu ondoren, Gobernu Kontseiluak beharrezko neurriak hartu behar ditu. Horretarako, institutua eta bertan parte hartzen duten sailak entzun behar ditu aldez aurretik.

    1. kapitulua

      Unibertsitateko berezko ikerketa

      institutuko kideak

  1. – Honako hauek dira unibertsitateko berezko ikerketa institutuko kideak:

    1. Institutuan arautegian zehaztutako baldintzekin bat sartzen diren EHUko irakasleak.

    2. Indarrean dagoen legediaren esparruan, aldi baterako doktore ikertzaileak eta doktore ikertzaile iraunkorrak.

    3. Bere diruaz kontratatutako administrazioko eta zerbitzuetako langileak, eta institutuari atxikitakoak, halakorik balego.

    4. Doktorego programetako ikasleak (doktore titulua ez duten bekadun ikertzaileak barne) eta institutuak irakasteko baimena duen tituluetako ikasleen ordezkaritza.

  2. – Ikerketako institutuari lotuta egongo dira, institutuko kide izan gabe, ikerketa institutuko jardunean laguntzen duten EHUko zein kanpoko kideak, baldin eta 15. artikuluan zehaztutako baldintzak betetzen badituzte, bai eta bertako ikasketak egiten dituzten ikasleak ere.

  3. – Institutuak Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeari igorri behar dion urteko memoriaren barnean unibertsitateko ikerketa institutuko kideen eta langileen zerrenda osoa txertatu behar da.

  1. – Unibertsitateko kideak instituturen batean sartzea institutu horretako arautegiak Oinarrizko Arautegiarekin bat xedatutakoaren bitartez arautu behar da.

  2. – EHUko irakasleek edota ikertzaileek unibertsitateko berezko ikerketa instituturen batean ikertzaile gisa sartzeko eska dezakete, baldin eta parte hartzen badute institutuko ikerketa, laguntza teknikoko edo arte sorkuntzako proiektuetan edo institutuko ikastaroak eta irakaskuntza antolatu eta gauzatzen.

  3. – Edonola ere, Gobernu Kontseiluak onartu behar du EHUko irakasleak unibertsitateko berezko ikerketa instituturen batean sar daitezen. Proposamena Institutuko Kontseiluak egin behar du eta, horretarako, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeak txostena egin behar du aldez aurretik. Batzordeak institutua atxikita dagoen sailaren txostena izan behar du kontuan, loteslea izan ez arren. Irakasle bat instituturen batean sartuagatik ere, sailak irakasleari esleitutako eskola orduak ezin dira ez murriztu, ez aldatu. Salbuespena egiteko, sailak berak txostena egin behar du, eta eskola ordu horiek berak hartuko dituela eta kalitatekoak izango direla bermatu. Gainera, Gobernu Kontseiluaren onespena ere behar da. Era berean, eskola orduak aldatu ahal izango dira ikerketa dela-eta eskola zama murrizteko edo eskolak ematetik salbuesteko dauden programei jarraituz.

  4. – Inola ere ezin da baimendu EHUko irakasle edo ikertzaileren bat unibertsitateko ikerketa institutu batean baino gehiagoan sartzea.

  5. – Unibertsitateko ikerketa institutu bakoitzak bost urtean behin eguneratu behar du bertako kideen zerrenda, institutuko arautegia indarrean sartzen denetik hasita; horretarako, institutuan lanean jarraitzen duten EHUko irakasleen eta ikertzaileen berri eman behar dio Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeari. Hala badagokio, institutuan kide berriak sartzeko eska diezaioke.

  1. – Institutura ikerketa programak direla-eta atxikitako funtzionario edo lan kontratuko lanpostu iraunkorretako irakasle eta ikertzaile doktoreek dagokien jakintza esparruan aritu behar dute. Gainera, irakasle eta ikertzaile funtzionarioak sailetan sartu behar dira, dagokionean, lan guztia unibertsitateko ikerketa institutuan egin arren.

  2. – Lanpostu horietako saria dagokion programak hartu behar du bere gain eta Unibertsitateko aurrekontuen barnean sartu behar da.

  1. – Unibertsitateak unibertsitateko ikerketa institutuko edo diruz lagundutako proiektuetako diruaz ordaindu beharreko ikertzaileak kontrata ditzake institutuko zereginak egiteko. Ikertzaile horiek dagokien jakintza esparruan aritu behar dute.

  2. – Aipatutako langileak EHUk halako kontratuak egiteko xedatutako baldintzei eta prozedurei jarraiki kontratatu behar dira.

  1. – Bere eginkizunak gauzatzeko, unibertsitateko ikerketa institutuak Unibertsitateko lanpostuen zerrendan finkatutako administrazioko eta zerbitzuetako langileak izan behar ditu.

  2. – Unibertsitateak unibertsitateko ikerketa institutuko edo diruz lagundutako proiektuetako diruaz ordaindu beharreko administrazioko eta zerbitzuetako langileak kontrata ditzake aldi baterako, institutuko zereginak egin ditzaten.

  3. – Aipatutako langileak EHUk halako kontratuak egiteko xedatutako baldintzei eta prozedurei jarraiki kontratatu behar dira.

  1. – Unibertsitateko ikerketa institutuak antolatutako doktorego programetako ikasleak bertako kide dira, baita institutura atxikitako ikerketako bekadun ez-doktoreak ere.

  2. – Institutu bakoitzeko arautegiak zehaztu behar ditu institutuak irakasteko baimena duen tituluetako ikasleen ordezkarien kopurua eta haien ezaugarriak.

  1. – Ikerketa institutura lotuta egongo dira, kide izan gabe, unibertsitateko ikerketa institutuko jardunean laguntzen duten beste irakasleak eta ikertzaileak (jardunean daudenak, bisitariak eta emerituak), baita bekadun lankideak eta bertako ikasketetako ikasleak ere.

    Ikerketako institutuan ari diren EHUtik kanpoko pertsonen lankidetza bisitari, ohorezko lankide eta beste irudi batzuen bidez bideratuko da, EHUk horretarako berariaz zehaztutako arautegiari jarraituz.

  2. – Bekadun doktoreak ikertzaile bisitaritzat hartuko dira.

    1. kapitulua

      Unibertsitateko berezko ikerketa

      institutuen egitura

      1. atala. Xedapen orokorrak.

Antolatzeko euren ahalmenarekin bat, unibertsitateko ikerketa institutuetako arautegiek zehaztu behar dute institutuen barne antolakuntza. Arautegiak institutuaren baitan sailak, taldeak edo bestelako egitura espezifikoak izan litezkeela xedatzen badu, euren definizioa, osaera, eginkizunak eta hornidura zehaztu behar ditu.

  1. – Unibertsitateko berezko ikerketa institutuetako gobernua bertako kontseiluei eta zuzendariei dagokie.

  2. – Institutuetako kontseiluak kide anitzeko unibertsitateko ikerketa institutuetako gobernu, ordezkaritza edo administrazio organoak dira.

  3. – Zuzendaria eta idazkaria kide bakarreko institutuetako gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoak dira.

  4. – Dagokionean, institutuetako arautegiek unibertsitateko ikerketa institutuetako eta bertako barne sail edo egitura espezifikoetako gobernu, ordezkaritza eta administrazio organo osagarriak ezarri behar dituzte, eta honako hauek arautu behar dituzte berariaz:

    1. Organo horiei esleitutako eginkizunak.

    2. Organoen osaera. Organoak kide anitzekoak badira, unibertsitateko taldeek parte hartzen dutela bermatu behar da.

      1. atala

        Institutuetako kontseiluei eta kide anitzeko gainerako organoei buruzkoak

  1. – Unibertsitateko berezko ikerketa institutu bakoitzeko barne arautegiak zehaztu behar ditu institutuko kontseiluaren osaera eta hari dagozkion eskumenak. Gainera, 9.1 artikuluan zerrendatutako sektore guztiak ordezkatuta daudela bermatu behar du. Zuzendaria eta idazkaria kontseiluko berezko kide dira.

  2. – Irakasleen, ikertzaileen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkarien agintaldia lau urtekoa da. Ikasleen ordezkarien agintaldia urtebetekoa da.

  3. – Ordezkariak Hauteskunde Araubide Orokorrean xedatutakoarekin bat aukeratu behar dira.

  4. – Doktorego programetako ikasleen ordezkariak (ikerketako bekadun ez-doktoreenak barne) eta institutuak irakasteko baimena duen tituluetako ikasleen ordezkariak institutuko zuzendaritzak abendu oro horretarako deituko dituen bileretan aukeratu behar dira, errolda ofizialetan oinarrituta.

  5. – Kide anitzeko organoetako kideek eskubidea dute euren eginkizunak aurrera eramateko beharrezko dokumentazio eta informazio guztia eskatu eta eskuratzeko. Beraz, institutuetako arautegiek horretarako prozedura eta epeak jaso behar dituzte.

  1. – Ordezkari eginkizunak pertsonalak eta besterenezinak dira, eta honako hauek dira ordezkari izateari uzteko arrazoiak:

    1. Hiltzea edo ezintasunen bat izatea.

    2. Hauteskundeak baliogabetzea.

    3. Agintaldia amaitzea.

    4. Dimisioa aurkeztea.

    5. Ordezkaria aukeratu zuen taldekoa edo institutukoa izateari uztea

    6. Bileretara behin eta berriro huts egitea: arautegiak bestelakorik xedatu ezean, organoaren elkarren segidako hiru bileratara edo txandakako bost bileratara justifikatu gabe huts egitea.

  2. – Organoa eratu ostean, hutsik geratzen diren lekuak kasuan kasuko zerrendetako ordezkoek bete behar dituzte.

  1. – Honako hauek dira institutuetako kontseiluen eginkizunak:

    1. Institutuetako zuzendariak hautatzea, arautegiek ezarritakoari jarraiki.

    2. Urteko txosten ekonomikoa eta institutuetako urteko memoria eta eginkizunen plana onartzea.

    3. Unibertsitateko berezko tituluak lortzeko balio duten eta ez duten ikasketa eta irakaskuntza eskaintzak proposatzea.

    4. Beharrezko bitartekoak sortu eta ekimenak egitea, institutuetako jardunaren kalitatea sustatu eta hobetzeko, baita kudeaketa eragingarria bermatzeko ere Europa, Estatu eta Euskal Autonomia Erkidego mailako programen baitan.

    5. Irakasleei eta ikertzaileei ikerketa eginkizunetan eta ekimenetan laguntzea.

    6. Kideen eta institutuetako gainerako langileen jardunari buruzko informazio arrazoitua ematea.

    7. Ohorezko lankideak izenda daitezen proposatzea.

    8. Zientziaren, teknikaren eta artearen alorreko lanak egiteko Estatutuetako 141. artikuluan xedatutako kontratuak egiteko baimenak ematea, betiere, sailen eskumenen esparruan eta Gobernu Kontseiluak onartutako araudiari jarraiki.

  2. – Orobat, honako eginkizun hauek ere dituzte institutuetako kontseiluek:

    1. Gobernu Kontseiluari institutuetako arautegien proiektuak eta, halakorik balego, haien erreforma proiektuak aurkeztea, onar ditzan, eta ordezkariak hautatzeko beharrezko garapen arauak ematea, arautegietan jasotako eskumenen esparruan. Institutuetako zuzendaritzak deitu behar du hauteskundeetara.

    2. Dagokionean, Gobernu Kontseiluari lankidetza hitzarmenak onar daitezen proposatzea, eginkizunak hobeto eramateko aurrera.

    3. Institutuetako jarduerak ikastegiekin, sailekin eta EHUko beste institutuekin koordinatzeko programak onartzea.

    4. Dagokionean, institutuei egokitutako gune fisikoak esleitzeko irizpideak onartzea.

    5. Administrazioko eta zerbitzuetako langileei buruzko politikaren berri ematea. Politika hori Gobernu Kontseiluak onartu behar du, errektorearen proposamenari jarraiki.

    6. Indarrean dagoen legediak, EHUko Estatutuek eta horiek garatuko dituzten arauek zehaztutako gainerako guztiak, baita eskuordetzen zaizkionak ere.

  1. – Bilerak ohikoak eta ez ohikoak izan daitezke.

  2. – Deialdiak ohiko bileretarako egin behar dira oro har. Institutuko kontseiluak ohiko bilera egin behar du sei hilabetean behin gutxienez.

  3. – Ezohiko bilera egingo da bileran aztertuko den gaiak hala eskatzen duenean eta, baita ere, arautegi aplikagarriak xedatutako kasuetan. Ez ohiko bileretako gai zerrendan ezin dira honako gai hauek agertu: aurreko akten onespena eta galde-eskeak.

  4. – Presazko bilerak ezohikoak dira eta deia 24 ordu lehenago egin behar da gutxienez. Halakoetan, bilera egiteko arrazoia benetan premiazkoa dela berretsi behar da bileraren hasieran. Berresten ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.

  1. – Kide anitzeko organoetako buruak egin behar du bileretarako deia.

    Kide anitzeko organoetako kideen %33k eskatzen badute, organoen bilerara deitu behar da. Bilera horiek ez ohikoak dira eta zazpi egun balioduneko epean egin behar dira gehienez, eskaera egiten denetik hasita.

  2. – Bilerarako deiak organoko idazkariak bideratu behar ditu, aurrerapen nahikoaz eta, edonola ere, bilerak baino gutxienez hiru egun lehenago. Bilerak non egingo diren, zein ordutan eta zein gai aztertuko diren adierazi behar da deialdian. Aztertu beharreko gaiei buruzko dokumentuak aurrerapen nahikoaz eskuratzeko aukera izan behar dute Organoko kideek, eta, edonola ere, bilera baino 24 ordu lehenago.

  3. – Edonola ere, gai zerrenda osatzen duten puntuak zehatz-mehatz jaso behar dira deialdietan. Puntu horien artean, organoko kideen %25ek, gutxienez, behar den garaian eta moduan eskatutakoak agertu behar dira. Ezin da hartu gai zerrendan agertzen ez diren puntuei buruzko ebazpenik; bileran organoko kideen bi heren baino gehiago badaude, ordea, eta bozkatu eta gehiengo absolutuak gaia premiazkoa dela uste badu, ebazpena har daiteke.

  4. – Deialdiak jendaurrean egin behar dira, institutuetako kide guztiek izan dezaten haien berri.

  1. – Kide anitzeko organoak balioz eratzeko, beharrezkoa da kideen gehiengo osoa egotea lehen deialdian, edo kideen gutxienez heren bat egotea bigarren deialdian. Institutuetako arautegietan zehaztu behar da lehen eta bigarren deialdiaren artean egon beharreko tartea. Edonola ere, organoko buruak eta idazkariak beti egon behar dute edo, bestela, euren ordezkoek.

  2. – Institutuetako arautegiek botoa kide anitzeko organoetako beste kideen esku uzteko aukera onartu behar dute baina, ahal den neurrian, mugak zehaztu behar dituzte. Kide anitzeko organoetako kideek beste baten ordez baino ezin dute eman botoa. Organoak eratzeko quoruma dela-eta, ezin dira zenbatu organoetako kideek beste batzuen esku utzitako botoak.

    Organoetako kideek idatziz adierazi behar dute botoa eskuordetu egin dutela, eta idatzi hori bilerako aktari erantsi behar zaio.

  3. – Organoa bigarren deialdian eratzeko beharrezko quoruma bozketa guztietan izango da beharrezkoa.

  1. – Kide anitzeko organoetako buruek antolatu behar dituzte bilerak eta, horretarako arrazoirik egonez gero, bertan behera utz ditzakete.

  2. – Eztabaidak gai zerrendari jarraiki egin behar dira. Dena dela, beharrezkoa izanez gero, kide anitzeko organoak bileraren ordena aldatzea ebatzi dezake, organoko buruak proposamena egin ondoren.

  3. – Beharrezko jotzen badute, organoetako buruek gaia bozkatu aurreko eztabaidaren denbora muga dezakete, bai eta ordura arte egon daitezkeen parte hartzeen kopurua ere.

  4. – Kide anitzeko organoko kideek beren botoa eta horren azalpena agerraraz dezakete aktan; azalpena idatziz eman behar dute bozkatzean. Unibertsitateko beste organo batzuei egindako proposamenak badira, kideen boto partikularrak beti agerrarazi behar dira proposamenekin batera.

  5. – Egoki deritzonean, kide anitzeko organoko buruak organoko kide ez diren pertsonak gonbida ditzake bileretara, gai zerrendako punturen batekin zerikusia duen iritzia edo informazioa eman dezaten. Aktan jaso egingo da bileran gonbidatuak izan direla, botoa emateko eskubidea izan ez arren.

  1. – Ebazpenak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen gehiengo soila behar da, Estatutuek, institutuetako arautegiek edo gainerako lege xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen duten kasuetan izan ezik. Horrenbestez, proposamen bakarra izanez gero, onartu egingo da aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira. Bi proposamen badaude, aldeko boto gehien lortzen dituena onartuko da. Bi proposamen baino gehiago daudenean, emandako botoen gehiengoa lortzen duena onartu behar da edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu dituzten bi proposamenen artean, bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena.

    Berdinketa izanez gero, berriro egin behar da botazioa; orduan ere berdinketa izanez gero, organoko buruek kalitatezko botoa erabili behar dute.

  2. – Botazioek isilpekoak izan behar dute kide anitzeko organoko kideren batek hala eskatzen badu. Dena dela, botazioek beti izan behar dute isilpekoak, pertsonei buruzkoak badira.

  3. – Aurkako botoa ematen dutenek ez dute erantzukizunik izango kide anitzeko organoak hartutako ebazpenetan, horretarako arrazoia jasota uzten badute. Horretarako, botazioak isilpekoak badira, interesdunek botoaren arrazoia azaltzen duen testua eman behar diete organoetako idazkariei, boto txartelarekin batera. Boto txartelak eta testuak aktei erantsi behar zaizkie.

  1. – Idazkariak bilerako akta egin behar du. Akta bileran bertan edo hurrengoan onartu behar da, eta aktaren zirriborroa hurrengo bilerako gai zerrendari dagozkion dokumentuekin batera banatuko dira. Akta onartu ostean, idazkariak sinatu eta organoko buruak ontzat eman behar dute.

  2. – Aktetan honako hauek jaso behar dira nahitaez: bilerara etorri direnen zerrenda eta bilera amaitu aurretik alde egin dutenen inguruko berariazko aipamena; gai zerrenda; bilera tokia eta ordua; bileran aztertutako puntuak; botazioak nola egin diren ea emaitzak; hartutako ebazpenen edukia eta, egoki joz gero, arrazoiaren azalpen laburra.

  3. – Aktetan boto partikularrak ere jaso behar dira, kasuan kasuko kide anitzeko organoetako kideek hala eskatzen badute. Kide anitzeko organoko kideek euren parte hartzea edo proposamena aktetan hitzez hitz jasotzeko eska dezakete. Horretarako, idatziz aurkeztu behar dute testua eskaera egin eta segituan edo, bestela, organoko buruak adierazitako epean.

  4. – Kide anitzeko organoko kideek aktetan aldaketak egiteko proposamenak egin ditzakete aktak onartzeko unean. Idazkariak egiaztatu egin behar ditu proposatutako aldaketak eta, gehiengoak aldeko botoa ematen badu, onartu egin behar dira.

  5. – Kide anitzeko organoa aldatu baino lehen, bilera egin behar da onartzeke dauden akta guztiak onartzeko. Bilera hori egitea ezinezkoa bada, akten zirriborroak bidali behar zaizkie kide anitzeko organoko kide zirenei, eta hamar eguneko epea eman edukiari buruzko erreklamazioak egiteko. Ez bada erreklamaziorik aurkezten esandako epearen barruan, aktak onartutzat eman behar dira; erreklamaziorik aurkeztuz gero, berriz, kide anitzeko organo berriak egin beharreko lehen bileran onartu behar dira.

  6. – Onartu ostean, institutuetako arautegietan adierazi behar da aktak non emango diren argitara eta institutuetako kideek non eskuratu ahal izango dituzten kontsultak egiteko.

  1. – Idazkariak kide anitzeko organoak hartutako ebazpenen fede eman behar du eta ziurtagiriak egin behar ditu.

  2. – Institutuetako arautegiek zehaztu behar dute nola argitaratuko diren hartutako ebazpenak. Ebazpenak hiru egun balioduneko epean argitaratu behar dira, eta pertsonen intimitatea babestu behar da.

  3. – Aipatutakoaz gain, pertsonei buruzko ebazpenak interesdunei jakinarazi behar zaizkie. Ebazpenek jakinarazpena egiten den unetik aurrera izango dute eragina. Jakinarazpenak Administrazio Prozeduraren Legean xedatutako moduan egin behar dira.

  1. – Kide anitzeko organoak hartutako ebazpenek onartzen direnetik aurrera izango dute eragina, ebazpenean bertan beste ezer adierazi ezean. Ebazpenak publikoak dira eta kasuan kasuko organoak jakinaren gainean jarri behar dira.

  2. – Oinarrizko Arautegiko IV. tituluko II. kapituluak aipatzen dituen kide anitzeko organoek hartzen dituzten ebazpenen kontra, gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari hilabeteko epean.

  3. atala.– Kide bakarreko organoei buruzkoak

  1. – Institutuko kide bakarreko organoak zuzendaria eta idazkaria dira gutxienez.

  2. – Institutuko zuzendari eta idazkari karguetan aritzeko, arduraldi osoz aritu behar da, legedian xedatutako salbuespenetan izan ezik. Ezin da, inolaz ere, kargu batean baino gehiagotan aritu.

  1. – Unibertsitateko ikerketa institutuetako zuzendariak institutuen ordezkariak dira eta institutuen zuzendaritza eta gestio arruntaz arduratzen dira.

  2. – Institutuetako kontseiluek aukeratu behar dituzte zuzendariak, EHUko irakasle eta ikertzaile doktoreen artean, eta errektoreak izendatu behar ditu.

  3. – Zuzendariaren agintaldia lau urtekoa da. Institutuetako arautegiek elkarren segidako agintaldi kopurua muga dezakete, edo gehiengo kualifikatua ezarri hirugarren eta hurrengo agintaldietarako.

  4. – Estatutuetako 250. artikuluan jasotako arrazoiak direla-eta, zuzendariek zuzendari izateari utzi behar diote. Bertan Unibertsitateko Klaustroari dagokion zentsura mozioa egitea institutuetako kontseiluei dagokie kasu honetan.

  5. – EHUko berezko ikerketa institutuak Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordearen aldeko txostena badauka, zuzendaria irakats betebeharretatik salbuetsi ahal izango da Zuzendaritza Kontseiluaren proposamenari jarraituz Gobernu Kontseiluak zehaztutako baldintzen babesean.

  1. – Honako eginkizun hauek dituzte institutuetako zuzendariek:

    1. Unibertsitateko ikerketa institutuen ordezkari izatea.

    2. Institutuetako kontseiluen buru izatea.

    3. Institutuetako kideen eskariak eta iradokizunak jaso eta bideratzea.

    4. Institutuetako administrazioko eta zerbitzuetako langileak funtzionalki zuzentzea.

    5. Institutuen urteko memoria, eginkizunen plana eta txosten ekonomikoa osatzea.

    6. Kontseiluek hartutako ebazpenak betearazi eta institutuek eta bertako kideek euren eginkizun akademikoak behar bezala gauzatzen dituztela bermatzea.

    7. Institutuek zientzia, teknika, giza zientzia edo arte arloko ikerlanak egiteko egiten dituzten kontratuak sinatzea.

    8. Isilpeko informazioa jendaurrean jakinaraz dadin agindu eta diziplina espedienteak abiaraz daitezen proposatzea.

    9. Institutuetako beste organoei agindu ez zaien, unibertsitateko gobernu organoek eskuordetu ez dizkieten eta Estatutuek edo indarrean dagoen legediak egokitzen dien beste edozein eginkizun.

  2. – Era berean, lankidetza hitzarmenak sinatu behar ditu, Gobernu Kontseiluaren jarraibideek xedatutako baldintzetan.

  1. – Errektoretzak izendatu behar ditu idazkariak, institutuetako zuzendarien proposamenei jarraiki. Jardunean dauden irakasleak eta ikertzaileak izan daitezke idazkari.

  2. – Honako hauek kargua uzteko arrazoi dira: dimisioa aurkeztea, heriotza, lege ezintasuna, institutuetako kide izateari uztea eta errektoreak hala ebaztea, zuzendariek proposatuta.

  3. – Idazkariei dagokie institutuko idazkaritzak berezkoak dituen eginkizunak gauzatzea, baita bertako zuzendariak laguntzea ere.

  4. – Idazkariek eman behar dute institutuetako kide anitzeko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoen ekintzen eta ebazpenen fede. Halaber, akta liburuak egin eta zaindu behar dituzte, eta ziurtagiriak egin, hala ebazpenenak, nola unibertsitateko ikerketa institutuetako dokumentazio ofizialean jasota dauden gertakarienak edo jardunenak.

  5. – Ikasturte bakoitzaren amaieran, idazkariek ikasturtean egindako ikerlanen eta ikertzaileak trebatzeko egindako jardueren eta euren emaitzen inguruko urteko memoria aurkeztu behar diote Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeari, hark osatutako eredu orokorrarekin bat. Aldez aurretik, institutuetako kontseiluek memoria onartu behar dute.

    1. kapitulua

      Araubide ekonomikoa eta administratiboa

  1. – Oro har, unibertsitateko berezko ikerketa institutuak institutuek eurek sortutako baliabideez finantzatzea bermatu behar da, eta EHUko aurrekontu orokorretan sail berezia izan behar dute, euren kabuz kudeatu behar dutena.

  2. – EHUk aurrekontuetako sail bat erabili behar du ikerketa gastuei aurre egiteko, langileen ordainsariei eta urte anitzerako inbertsioei izan ezik. Estatutuetako 139.2. artikuluaren arabera, aurrekontuetako sail horrek unibertsitateko ikerketa institutuei ikerlanean jarduteko beharrezko langileak eta baliabide teknikoak eta materialak emateko balio behar du besteak beste, kasuan kasuko deialdietan xedatutako irizpideak eta aurkeztutako eskarien kanpo balioespena abiapuntu hartuta.

  3. – Ikerketa institutuetarako sailak egon behar dira EHUko aurrekontu orokorrean, euren oinarrizko funtzionamendua bermatzeko ahal den neurrian eta, batik bat, EHUko programazio orokorreko irakaskuntza lanak gauzatzeko.

  1. – Institutuetako aurrekontu orokorra bertako kontseiluek zehaztutako moduan banatu eta kudeatu behar da.

  2. – Institutuetako aurrekontua, EHUk esleitzen dizkien sailez gain, honako hauek ere osatu behar dute:

    1. Sailak antolatu eta gauzatzen dituen irakaskuntza eta ikerketa jarduerek emandako etekin garbiek eta jarduera horietatik sortutako produktuak ustiatzetik datozenek.

    2. Zientzia, teknika eta arte lanak egin, espezializazio ikasketak eman eta prestakuntzako ekimen espezifikoak egiteko kontratuetatik sortutako diru sarreretatik dagokien zatiak.

    3. Helburu jakin batzuetarako jasotzen dituzten diru laguntzek, kasuan-kasuan zehaztuta dauden baldintzetan.

    4. Modu agerian eta beren-beregi egiten dizkieten dohaintzek eta legatuek, eman zaizkien baldintza berberetan.

Institutuetako jarduera ekonomikoa EHUko sarreren eta gastuen aurrekontuak xedatutakoaren arabera eraman behar da aurrera, EHUko aurrekontuak betetzeko arauetan ezarritakoari jarraiki.

  1. kapitulua

    Arautegiaren erreformari buruzkoak

  1. – Institutuetako arautegiek ezarri behar dute arautegiak aldatzeko prozedura, eta beren-beregi zehaztu behar dituzte prozedura horri hasiera eta amaiera emateko baldintzak.

  2. – Institutuetako arautegiak erreformatzeko ekimenak bertako zuzendariei edo arautegietan ezarritako kontseiluetako kideen ehunekoari dagozkio eta, halako ehunekorik xedatzen ez bada, kontseiluetako kideen %20ri. Aldaketarik eskatuz gero, ordezko testua edo testu gehigarria aurkeztu behar da eta proposamena nortzuek egin duten adierazi. Paragrafo honetan xedatutako azken kasuan, institutuetako zuzendariek kontseiluen bilerara deitu behar dute hilabeteko epean, erreforma horri buruzko iritzia eman dezaten.

  3. – Arautegiaren aldaketak kontseiluak horretarako beren-beregi egingo duen ezohiko bilera batean onartu beharko da, eta emandako boto baliodunen gehiengo osoa lortu beharko du. Horren ondoren, eta legaltasun kontrola behin eginda, Gobernu Kontseilura eramango da ontzat eman dezan.

    Hirugarren titulua

    Institutu misto, atxiki eta unibertsitate artekoei buruzkoak

  1. – Gobernu Kontseiluak hartu behar du hasierako ebazpena, unibertsitateko ikerketa institutu misto, atxiki edo unibertsitate artekoak osatzeko egin behar diren hitzarmenak sinatzeko.

  2. – Institutuak unibertsitateari atxikitzeko, Estatutuetako 207.2. artikuluko baldintzak bete behar dira.

  3. – Oinarrizko Arautegiko 6.2 artikuluko edukia duten memoriak txertatu behar dira proposamenen barruan, eta proposamenak Gizarte Kontseiluari igorri behar zaizkio, behin-behinekoz onar ditzan. Gizarte Kontseiluak onartu ostean, autonomia erkidegoko gobernuari aurkeztu behar zaizkio, behin betiko onar ditzan. Hori guztia Unibertsitateko Irakaskuntza Koordinatzeko Kontseiluari jakinarazi behar zaio.

  4. – Unibertsitateko ikerketa institutu misto, atxiki edo unibertsitate artekoak sortu edo aldatzeko hasierako proposamenak onartzearekin batera, hasierako oinarrizko funtzionamendua finantzatzeko konpromisoa hartu behar da.

  1. – Institutu misto, atxiki edo unibertsitate artekoak aldatu edo bertan behera uzteko, kasuan kasuko hitzarmenean xedatutako prozedura aplikatu behar da edo, halakorik ez badago, Oinarrizko Arautegiak unibertsitateko berezko ikerketa institutuetarako xedatutakoa.

  2. – Abiatu ostean, institutu misto, atxiki edo unibertsitate artekoek ez badute gutxieneko ikertzaile kopurua, ez badituzte betetzen antolamendu juridikoan xedatutako beste baldintza batzuk edo sorrera edo atxikipen hitzarmenaren bitartez hartutako konpromisoak, edo EHUko erakunde eginkizunetatik bereizten badira, egoera epe jakin batean erregulariza dezaten eskatu behar zaie. Epe hori amaitu eta institutuak ez badira erregularizatu, bertan behar utzi edo atxikita egoteari uzteko espedientea jarri behar da abian, unibertsitateko institutuak entzun ostean.

  1. – Sortzean, unibertsitateko ikerketa institutu guztiek ikertzaile iraunkor nahikoak izan behar dituzte, eta horietako bostek, gutxienez, doktoreak izan behar dute.

  2. – Unibertsitateko ikerketa institutuek bost urtean behin eguneratu behar dituzte institutuetan sartu diren unibertsitateko kideen zerrendak, eta Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeari jakinarazi behar dizkiete.

  1. – Institutu misto, atxiki edo unibertsitate artekoak sortu edo atxikitzeko hitzarmenek eskatutako formalitateak hartu behar dituzte kontuan, eta institutuetako gobernua eta funtzionamendua arautu behar dute, alderdiek beretzako gordetzen dituzten kontrol eta egiaztatze ahalmenei kalterik egin gabe.

  2. – Hitzarmenek azalpen memoriako gutxieneko edukitzat xedatutako puntu guztiak (Oinarrizko Arautegiko 6.3 artikuluan jasotakoak) hartu behar dituzte kontuan eta, gainera, honako alderdi hauek arautu behar dituzte:

    1. Institutuan ezaugarri eta nortasun juridikoak.

    2. Lankidetza ekonomiko eta tekniko motak (hala elkarrekikoak, nola beste erakunde batzuekikoak) eta zuzendaritza, koordinazio eta ebaluazio egitura mistoak.

    3. Aurrekontuari buruzko alderdiak (finantzazio araubidearen, gastuen banaketaren eta institutuek lor litzaketen etekinen erabileraren inguruko aipamen berezia, batik bat) eta, dagokionean, Unibertsitateak ekonomia eta finantza arloko kudeaketaren jarraipena egin eta hura kontrolatzeko bideak.

    4. Kontrolerako administrazio bitartekoak eta prozedurak, horien bidez institutuko baliabideen gestio eta administrazio eraginkorra egin ahal izateko.

    5. Institutuen kokalekua, azpiegitura materiala eta langileak.

    6. Unibertsitateko langileak institutuetan sartzeko moduak eta irakasleak, ikertzaileak eta laguntzaileak trukatzeko araubidea.

    7. Hitzarmenen iraupena eta hitzarmenak deuseztatzeko baldintzak.

  3. – Irakaskuntza lanik egin behar izanez gero, hitzarmenek akademia gestiorako arautegiak oso-osorik beteko direla bermatu behar dute, eta Estatutuetan ikasleei aitortzen zaizkien eskubideak ere errespetatuko direla. Era berean, hitzarmenek EHUk ikuskatzeko ahalmena gordeko duela bermatu behar dute, eta Aldezleak erabateko eskumena izango duela egitura horietan ikasten duten ikasleen kexak bideratzeko.

  4. – Unibertsitateko ikerketa institutu misto, atxiki edo unibertsitate artekoek arautegien bitartez gara ditzakete sorrera hitzarmenetako xedapenak; arautegi horiek indarrean sartu edo erreformatzeko, beharrezkoa da EHUko Gobernu Kontseiluak onar ditzan. Arautegiek EHUko Estatutuetan, Oinarrizko Arautegian eta aplikatu beharreko gainerako arauetan institutu misto, atxiki eta unibertsitate artekoetarako xedatutakoa errespetatu behar dute.

  1. – Institutu misto, atxiki edo unibertsitate arteko bakoitzak sorrera edo atxikipen hitzarmenean xedatutako gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoak izan behar ditu, hala kide anitzekoak, nola kide bakarrekoak. Organo horiek arautzeko, institutuetako arautegietan jasotako funtzionamendu arauak aplikatu behar dira eta, halakorik ez balego, Oinarrizko Arautegiak unibertsitateko berezko institutuetarako xedatutakoak.

  2. – Gobernu Kontseiluari dagokio betiere unibertsitateko kideek unibertsitateko ikerketa institutu misto, atxiki edo unibertsitate artekoetako kontseiluetan edo gobernu organoetan parte har dezaten berariaz baimentzea.

  1. – Institutu misto, atxiki edo unibertsitate artekoen irakaskuntzaren, ikerkuntzaren eta kultur edo unibertsitate hedakuntzaren alorreko eginkizunak arautzeko, kasuan kasuko sorrera edo atxikipen hitzarmenean xedatutakoa aplikatu behar da.

  2. – Beste xedapen espezifikorik izan ezean, institutu misto, atxiki edo unibertsitate artekoek irakaskuntza lan berezituak egiteko proposamenak aurkez ditzakete, berezko institutuen maila berean, EHUko akademia gestiorako araudiaren esparruan. Halaber, haientzat egindako deialdi orokorretan ere parte har dezakete, EHUren bitartez.

  3. – EHUko irakasleak eta ikertzaileak institutu misto, atxiki edo unibertsitate artekoetan sartzeko, Oinarrizko Arautegiak berezko institutuetarako ezarritako prozedura errespetatu behar da.

  1. – EHUren mendean ez dauden erakunde juridikoak diren aldetik, institutu misto, atxiki edo unibertsitate artekoek xedatu behar dituzte EHUkoak ez diren irakasleen, ikertzaileen eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen araubidea eta kontratazioa, sorrera edo atxikipen hitzarmenak eta haiek garatzeko arauak errespetatuz betiere.

  2. – Institutu misto, atxiki edo unibertsitate artekoek erabateko autonomiaz eta euren araubide juridikoarekin bat kudeatu behar dituzte euren baliabideak, EHUrekin egin litzaketen kreditu transferentziei kalterik egin gabe. Nolanahi ere, EHUko langileen soldatak bertako nominaren bitartez ordaindu behar dira eta, interesdunek soldatak jasotzeko, Unibertsitateari buruzko Lege Organikoko 83. artikuluak berezko tituluen eta kontratuen esparruan xedatutakoa errespetatu behar da.

  3. – Institutu misto, atxiki edo unibertsitate artekoek EHUren ikuskaritzaren mendean egon behar dute uneoro, eta EHUk eskatzen duen informazio guztian eman behar diote.

  4. – Institutuek gauzatzen dituzten ekimen guztietan EHUko institutu misto, atxiki edo unibertsitate artekoak direla azaldu behar da, eta EHUren irudi korporatiboa errespetatu behar da.

  5. – Kasuan kasuko hitzarmenak edo arautegiak espezifikoki xedatzen ez duen beste guztiari dagokionez, Oinarrizko Arautegian unibertsitate berezko ikerketa institutuetarako xedatutakoa aplikatu behar zaie institutu misto, atxiki edo unibertsitate artekoei.

    Xedapen iragankorra

  1. – EHUko unibertsitateko berezko ikerketa institutuek 12 hilabete izango dituzte gehienez, Oinarrizko Arautegiaren araberako arautegien proposamena bidaltzeko Gobernu Kontseiluari.

  2. – Epe horretan proposamenik bidaliko ez balute, unibertsitateko Idazkaritza Nagusiak egingo du arautegia eta horixe izango da Gobernu Kontseiluari aurkeztuko zaiona onar dezan.

  3. – Hamabi hilabeteko epean, berriztatu egingo dira institutu misto eta atxikien hitzarmenak.

    Lehenengo xedapen gehigarria

    Gobernu Kontseiluak arautu behar du Estatutuetako 206. artikuluak aipatzen duen unibertsitate institutuen oinarrizko funtzionamenduaren edukia eta finantzazio sistema.

    Horretarako, institutu interesdunek aldizkako kanpo ebaluazioa gainditu behar dute, eta oinarrizko funtzionamenduaren inguruko beharrak aurrez azaldu behar dituzte, dagokion aldirako jardueren araberakoak.

    Bigarren xedapen gehigarria

    Sei hilabeteko epean, Unibertsitateko Gerentziak unibertsitateko ikerketa institutuek administrazioko eta zerbitzuetako langileen inguruan dituzten beharrak zehaztu behar ditu. Halaber, egun bertan kontratatuta dauden administrazioko eta zerbitzuetako langileen egoera aztertu behar du, urtero egin arren, institutuetako oinarrizko egiturazko funtzionamenduari aurre egiteko erabiltzen diren kontratazioak egonkorrago bihurtzeko ahal den neurrian.

    Hirugarren xedapen gehigarria

    Urtebeteko epean, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeak proposamena aurkeztu behar dio Gobernu Kontseiluari, Gizarte Kontseiluak hartutako ebazpenak (unibertsitateko berezko ikerketa institutua sortzeko proposamenak) unibertsitatearen barnean izango lituzkeen behin-behineko ondorioak onartzeko; jarraian, Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuak onartu beharko luke proposamen hori behin betiko.

    LAugarren xedapen gehigarria

    Zuzendaritza Kontseiluak sei hilabete izango ditu berezko ikerketa institutuetako zuzendariak irakats betebeharretatik salbuesteko proposamenak bidaltzeko Gobernu Kontseiluari.

    Azken xedapena

    Kasuan kasuko arautegiak edo hitzarmenak espezifikoki xedatzen ez duen beste guztiari dagokionez, Oinarrizko Arautegiko xedapenak edo, dagokionean. EHUko Unibertsitate Sailei buruzko Oinarrizko Arautegiko xedapenak aplikatu behar zaizkie unibertsitateko ikerketa institutuei.

    Xedapen indargabetzailea

    Indargabetuta geratu da EHUko Gobernu Batzarrak 1991ko urriaren 1eko bileran onartutako Unibertsitate Institutuei buruzko Arautegia, baita Oinarrizko Arautegian xedatutakoarekin kontraesanean dauden gainerako arauak ere.