Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2019ko ekainaren 4koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez lanpostuaren adjudikazioa arautzen baitzaie fisioterapeuta, terapeuta okupazional, hezkuntza-laguntzako espezialista, transkribatzaile edo materialaren egokitzaile eta zeinu-hizkuntzako interprete kategorietan ordezkapenak egiteko hautagai-zerrenden parte direnei, eta zeinaren bidez ezartzen baita lan-kontratudun langile finkoei, mugagabe ez-finkoei eta bitartekoei zentroen urteko esleipena egiteko prozedura, fisioterapeuta, terapeuta okupazional eta hezkuntza-laguntzako espezialista kategorietan.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 113
  • Hurrenkera-zk.: 2916
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2019/06/04
  • Argitaratze-data: 2019/06/17

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Funtzio publikoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Kontuan izanik Administrazioak bere burua antolatzeko ahalmena duela, Hezkuntza Sailari dagokio zerbitzuak antolatzea, eta ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko irakasle eta hezkuntza-arloko lan-kontratudun langileen hitzarmen kolektiboaren 7. artikuluak berariaz jasotzen du lanaren antolakuntza Hezkuntza Sailaren ahalmena dela, eta langileek obligazioa dutela Hezkuntza Administrazioak adierazitako zerbitzuak emateko, dagokien lan-kontratuaren arabera.

Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legeak, 26. artikuluan xedatzen du hezkuntzari laguntzeko zerbitzuek, tartean, otsailaren 17ko 40/2009 Dekretuan araututako berritzeguneek, lankidetzan jardungo dutela ikastetxeekin irakaskuntzaren kalitatea hobetze aldera, eta bere funtzioen artean baliabideak kokatzea jasotzen da, ikastetxeen eskura izan arren, izaeragatik edo dimentsioagatik, ikastetxeok ezin baititzakete eduki.

Uztailaren 4ko 186/2017 Dekretuak, zeinaren bidez onartzen baita ikastetxeetan hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei laguntzeko irakasleak ez diren lan-kontratudun langileen lanpostuen zerrenda (akats-zuzenketa, 2017ko abuztuaren 29ko EHAAn), Hezkuntza Saileko hezkuntza-langileen lanpostuak eratzen ditu, tartean, hezkuntza-laguntzako espezialistak, fisioterapeutak eta terapeuta okupazionalak, hainbat destinotara atxikita, besteak beste, zonako berritzeguneetara. Zonako berritzegune bakoitzak dagozkion funtzioak gauzatzen dituen lurralde-eremua da otsailaren 17ko 40/2009 Dekretuak, Berritzeguneen egitura, antolaketa eta funtzionamendua arautzen duenak, berritzegune bakoitzarentzat ezarritako lurralde-barrutiari dagokiona.

Lanaren antolaketaren esparruan, agindu honek honako hauek arautzen ditu: fisioterapeuta, terapeuta okupazional, hezkuntza-laguntzako espezialista, transkribatzaile edo materialaren egokitzaile eta zeinu-hizkuntzako interprete izateko kategoria-zerrenden parte direnei lanpostua esleitzea; eta hezkuntza-premia bereziko ikasleak dituzten ikastetxeak esleitzeko prozedura ezartzea fisioterapeuta, terapeuta okupazional eta hezkuntza-laguntzako espezialista kategorietako lan-kontratudun finko, mugagabe ez-finko eta bitarteko bakoitzari, horien lanpostua zonako berritzegunera atxikirik dagoenean.

Agindu honek xede hauek ditu:

  1. Prozedura arautzea, eskola-ikasturtea hastean agindu honen 2.1 artikuluan jasotako kategorietan ordezkapenak egiteko hautagai-zerrenden parte direnekin bete beharreko lanpostuak esleitzeko.

  2. Hezkuntza-premia bereziko ikasleak dituzten ikastetxeen urteko banaketa-prozedura arautzea. Prozedura hori hartu beharko da kontuan zonako berritzeguneetako lanpostu guztietan, agindu honen 2.2 artikuluan jasotako kategoriei dagokienez.

  1. Aurreko artikuluaren a) letran aipatutako prozeduraren aplikazio-eremu subjektiboak barnean hartzen ditu ordezkapenak egiteko hautagai-zerrendetan agertzen diren pertsonak, kategoria hauei dagokienez:

    1. Fisioterapeuta.

    2. Terapeuta okupazional.

    3. Hezkuntza-laguntzako espezialistak.

    4. Transkribatzaile edo materialaren egokitzaile.

    5. Zeinu-hizkuntzako interprete.

  2. Aurreko artikuluaren b) letran aipatutako prozeduraren aplikazio-eremu subjektiboak barnean hartzen ditu zonako berritzeguneen lanpostuetara atxikitako langileak, zehazki, fisioterapeuta, terapeuta okupazional eta hezkuntza-laguntzako espezialista kategorietan, baldin eta lan-kontratu finkoa, bitartekotasun lan-kontratua edo lan-harreman zehaztugabe ez-finkoa badute.

Parte-hartzaileen datu pertsonalak Agindu honetan araututako prozesua kudeatzeko erabiliko dira soilik, eta, horretarako, datu pertsonalen fitxategi automatizatu batean sartuko dira. Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza Saileko Langileak Kudeatzeko zuzendaria da, eta harengana jo beharko da datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideez baliatzeko (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Parte-hartzaileek onartzen dute beren datu pertsonalak agindu honetan zehaztutako eran eta helbururako tratatzea, baita Hezkuntza Sailaren webgunean (www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus) eta irakaslegunean argitaratzea ere, baina betiere prozesu honi loturiko izapideei dagokienez soilik. Halaber, baimena ematen diote Hezkuntza Sailari artxiboetan beraiei buruz duen bestelako informazioa ere erabiltzeko, baldin eta prozedurarako egokia bada.

Hezkuntza Sailak izapidetze-prozesu osoan honako hauetan xedatutakoa betetzen dela ziurtatuko du: Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa; Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legea; eta datu pertsonalak tratatzeari eta datu horien zirkulazio libreari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa den eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua.

  1. Ikasturte bakoitzean eta ikasturtea hasi baino lehen, Langileak Kudeatzeko zuzendariak ebazpena emango du lanpostuak esleitzeko prozedura abiarazteko, eskola-ikasturtea hastean agindu honen 2.1 artikuluan jasotako kategorietan ordezkapenak egiteko hautagai-zerrenden parte direnekin bete beharreko lanpostuak esleitze aldera.

  2. Ebazpenak eskabideak aurkezteko epea finkatuko du, eta eranskinean adjudikatu beharreko lanpostuak jasoko ditu, alegia, titularrek bete ez eta hutsik daudenak, eta lanpostuok betetzeko beharrak ikasturte osoan iraungo duela aurreikusten bada. Era berean, prozeduran nahitaez parte hartu beharko duten hautagaiak zehazteko puntuazio minimo bat finkatuko da.

  3. Ebazpen hori uztailean eman eta argitaratuko da.

  1. Prozeduran parte hartzeko, dagokion kategoria profesionalean ordezkapenak egiteko hautagaien zerrendan lanerako prest egotea beharrezkoa da.

  2. Izangaiek, lanpostua aukeratuko dute ikasturte-hasierako adjudikazio-prozedura honetan, egoera hauetako batean badaude, betiere behar bezala justifikatuz gero: lan-istripuagatik edo lanbide-gaixotasunagatik, edo haurra izen dutelako aldi baterako ezintasuneko egoeran; amatasun- edo aitatasun-egoeran; haurdunaldian arriskua edo arriskuko haurdunaldian; edo adopzioagatik edo harreragatik aldi baterako bajan; edo jardunaldi-etete iragankorrean (seme-alabak zaintzeko edo sail honetako irakasle-lanpostuetara deitu dietelako); gainera, eskainiko zaien ordezkapenaren iraunaldia emandako zerbitzalditzat zenbatuko zaie, zerrendak birbarematzeari dagokionez bakarrik bada ere. Baremorako kontuan hartutako zerbitzaldi horrek ez du eraginik izango «antzinatasuna» izeneko ordainsari osagarrian, ez eta Gizarte Segurantzaren ondorioetarako ere, ez delako benetako zerbitzurik eman.

    Egoera horietako batean dauden hautagaiek ikasturtean zehar hasi ahalko dira lanean lanpostu horretan, egoera hori sortu duen gertakaria amaitzen denean.

  3. Deitutako postuak betetzeko horien hizkuntza-eskakizuna, lanaldi eta lurralde historikoa bete beharko da.

    Aurrekoaz gain, kontratua formalizatzen den datan, hautagaiek Adingabeak Babesteko Lege Organikoaren 13.5 artikuluak adierazitako betekizunarekin lotutako ziurtagiri negatiboa izatea egiaztatu behar dute, adingabeekin harremana izatea dakarten lanbideak, lanak eta jarduerak egiteko eta horietarako hautagai izateko, edo Administrazioari baimena eman behar diote Sexu Delinkuenteen Erregistro Zentralean kontsulta dezan.

    Era berean, kontratua formalizatzen den datan, langile fisioterapeutak kolegiatuta egon behar dira.

  1. Prozesu horretan parte hartuko dute, nahitaez, lanpostuak adjudikatzeko prozedura hasteko agintzen duen ebazpenean parte hartzeko finkatutako puntuazio minimoa edo handiagoa duten 5.1 eta 5.2 artikuluan adierazitako langileek.

    Nahitaez parte hartzeko ezarritako gutxieneko puntuazioa lanpostuak betetzeko behar den pertsona-kopuruaren arabera zehaztuko da, eta aurreko ikasturtean azken lanpostua esleitzeko erabilitako puntuazioa hartuko da kontuan.

  2. Ez dute nahitaez parte hartu beharko ordezkogaien zerrendako pertsonek, baldin eta Langileak Kudeatzeko zuzendariak prozedura abiarazteko ebazpenaren bidez ezarritako puntuazio minimoa baino txikiagoa badute. Ebazpena Hezkuntza Sailaren webgunean argitaratuko da.

  3. Nahitaez parte hartu behar ez duten ordezkogaien zerrendako pertsonek borondatez parte har dezakete.

  1. Eskabidea formalizatuko da prozedura abiarazteko ebazpenak adierazten duen epean, helbide honetan eskabide elektronikoa eginez: http://www.irakasle.eus

    Identifikatzeko, erabiltzailea eta pasahitza erabiliko dira, eta, hori ezean, NAN zenbakiaren bidez alta eman behako da. Sartzeko pasahitza gogoratzen ez bada, aipatu helbidean hori berreskuratzeko bidea aurki daiteke.

    Eskatzailearen identitatea egiaztatu egingo da, datuak egiaztatzeko zerbitzuaren bitartez. Zerbitzu hori Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian jasota dago.

    Aplikazioan lehen aldiz sartzean, eskabideari alta emango zaio, eta parte-hartzaile bakoitzak bere identitate-datuak eta prozesuan parte hartzeko datuak kontsultatu ahal izango ditu.

  2. Nahitaez parte hartu behar duten pertsonen eskabidean, dagokion zerrendan pertsona bakoitzak adierazitako hizkuntza-eskakizunetara, lanaldira eta lurralde historikora egokitzen diren lanpostu guztiak jaso beharko dira.

    1. Nahitaez parte hartu behar dutenek eskabiderik aurkezten ez badute, sistema informatikoak derrigorrezko eskaera bat egingo du eta eskatzaileak sarbide-baldintzak betetzen dituen lanpostu guztietarako eskaera egingo du. Derrigorrezko eskabidean sartutako eskaerak agindu honen 11. artikuluan ezarritakoaren arabera ordenatuko dira.

    2. Baldin eta nahitaez parte hartu behar dutenek eskabide boluntario bat egiten badute lehendik sarbide-baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiak agortu gabe, sistemak derrigorrez sortzen dituen eskaerak azken eskaera boluntarioaren ondoren ordenatuko dira esleipenerako (eskabide-zenbakia).

  3. Modu boluntarioan parte hartzen dutenek sarbide-baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiak agortu gabe egin ahalko dute eskabidea. Nolanahi ere, adjudikazio-prozeduran eskaera horiek bakarrik hartuko dira aintzat eta ez zaie inolaz ere derrigorrean adjudikatuko lanpostu bat.

  4. Eskaera generikoak eta derrigorrezkoak sortzetik kanpo geratuko dira Hezkuntza Arreta Terapeutikorako zentroetako hezkuntza-laguntzako espezialisten eta arreta igerilekuan ematea eskatzen duen Gorbeialde Hezkuntza Zentro Bereziaren lanpostuei dagozkienak.

  1. Pertsona bakoitzak eskabide bakarra formalizatuko du, nahiz eta lan-kategoria bat baino gehiagoko lanpostuak eskatu.

  2. Eskabideak datuak sartzeko 500 lerro ditu, eta I. eranskinean jasotzen den formatua du.

  3. Lerro bakoitzaren hasieran agertzen den eskabide-zenbakiak (esk. zk.) egindako eskaera ezberdinen arteko hautaketa-lehentasuna ezartzen du.

  4. Eskabidea lanpostu zehatzen gainean egin daiteke (eskaera zehatza). Kasu horretan, «Lanp. hur. zk.» zutabeari dagokion laukitxoan, prozedura abiarazteko ebazpenean lanpostu zehatz horri esleitutako zenbakia adieraziko da.

  5. Era berean, eskabidea eskaera generikoen bidez ere egin daiteke. Eskaera generikoa da lanpostu zehatz bat adierazten ez duena, baizik eta ondorengo kontzeptu guztiak edo batzuk aukeratzen egiten dena: kategoria, lurralde historikoa, lanaldia, hizkuntza-eskakizuna edota destinoa.

  6. Eskabide berean, lanpostu zehatzen eta lanpostu generikoen eskaerak egin daitezke.

  1. Eskabideari alta eman ondoren, irekita egongo da eta edozein unetan alda daiteke, aurkezteko epea zabalik den artean. Sartutako datuak zirriborro-formatuan inprima daitezke.

  2. Eskabidea pertsonak berak hala erabakita itxiko da, eskabideak aurkezteko epearen barruan, edo, bestela, automatikoki, epea amaitutakoan. Horrela, ordura arte grabatu dena hartuko da kontuan.

  3. Eskabidea itxi ondoren, ezingo da inolako aldaketarik egin, eta parte-hartzaile bakoitzak inprimaki bat lor dezake erregistratutako aukera eta eskaerekin.

  1. Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, sistemak sartutako datuak egiaztatuko ditu, eta, hala badagokio, ez ditu onartuko lanpostuak lortzeko baldintzaren bat betetzen ez duten parte-hartzaileen eskaerak.

  2. Era berean, ez dira onartuko elementu inkoherenteak dituzten eskaerak, ez eta deialdikoak ez diren lanpostuak edo parte-hartzaileak eskatu ezin dituen zentroak edo lanpostuak begiesten dituzten eskaerak ere.

  3. Behin-behineko ebazpena argitaratzen den unetik aurrera, parte hartzeko benetako baldintzak jasotzen dituen inprimaki bat eskura daiteke, zer eskaera eta aukera onartu diren eta zein baztertu diren jasoko duena. Eskabidea ezingo da aldatu eskaerak baztertu izanaren ondorioz.

  1. Eskaera generikoetan eta derrigorrezkoetan jasotako lanpostuak prozedura abiarazteko ebazpenean ezartzen den ordenaren arabera zerrendatuko dira.

  2. Aurreko apartatuan aipatutako ebazpenean ordena hau agertuko da: kategoria, agindu honen 2.1 artikuluan zerrendatutako hurrenkeran; lurralde historikoak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa, hurrenez hurren; lanaldi osoa; lanaldi partziala; hizkuntza-eskakizuna, lehenik hizkuntza-eskakizuna dutenak eta ondoren hizkuntza-eskakizunik gabekoak; eta destinoak, Lanpostuen Zerrendan hezkuntza-langileen lanpostuak zerrendatzen diren destino-ordenaren arabera.

  1. Lanpostuen esleipena erreferentziako ikasturtean ordezkapenak egiteko hautagai-zerrenden hurrenkeraren arabera egingo da. Pertsona bakoitzari bere eskabidea osatzen dutenetatik lehenengo lanpostu libre eta balioduna esleituko zaio. Eskabidean, kontuan hartuko dira bai eskaera zehatzak, bai eskaera generikoen eta nahitaezko eskaeren garapenaren ondoriozkoak, 7. eta 11. artikuluetan xedatutakoaren arabera ordenatuta.

  2. HLEA hizkuntza-eskakizuna dutenek HLEA hizkuntza-eskakizuna duten eta 1. hizkuntza-eskakizuna eta derrigortasun-data duten edo derrigortasun-datarik gabeko lanpostuetarako sarrera izango dute.

    1. hizkuntza-eskakizuna soilik egiaztatu duten pertsonek 1. hizkuntza-eskakizuneko eta derrigortasun-data duten edo derrigortasun-datarik gabeko lanpostuak eskuratuko dituzte.

  1. Hizkuntza-eskakizun egiaztaturik ez duten pertsonek 1. hizkuntza-eskakizuneko eta derrigortasun-datarik gabeko lanpostuak eskuratuko dituzte.

  1. Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpen bidez Irakaslegunea ingurunean eta Hezkuntza Saileko webgunean argitaratuko da behin behinean adjudikatuko dira lanpostuak.

    Ebazpen horren aurka, erreklamazioak aurkez daitezke Irakaslegunea ingurunean eskuragarri dagoen aplikazio elektronikoaren bidez, http://www.irakasle.eus helbidetik sartuta.

  2. Erreklamazioak aztertu ondoren, Langileak Kudeatzeko zuzendariak lanpostuen behin betiko ebazpena emango du eta modu berean argitaratuko da.

  1. Adjudikatutako lanpostuak betetzeari ezin zaio uko egin, irakasleen ordezkogaien kasuan izan ezik, zerrenda kudeatzeko araudian jasota dagoen uko egiteko kasuren bat gertatzen bada, baldin eta kausa hori aurreikusi ezin diren egoeren ondoriozkoa bada, eskabideak aurkezteko epea hasi baino hiru egun lehenagotik lanpostuaz jabetu arte egin bada, eta alegatzen duenak borondatez egindako ekintza baten ondorio ez bada.

  2. Adjudikazioaren ondoren, lan-kontratua idatziz formalizatu beharko da.

  3. Lanpostu bat adjudikatu zaion langileak, agindu honen 5.2 artikuluan aurreikusitako egoeran badago, dagokion lurralde-ordezkaritzari jakinarazi beharko dio baldin eta egoera horretan jarraituko badu ikasturte berrian.

    Langile horien kontratuak aurreko paragrafoan aipatutako egoerak amaitzen direnean formalizatuko dira.

  1. Ikasturte bakoitzerako eta ikasturtea hasi baino lehen, Langileak Kudeatzeko zuzendariak ebazpena emango du, agindu honetako 2.2 artikuluan zerrendatutako langileei ikastetxeak esleitzeko prozeduraren hasiera agintzeko.

  2. Ebazpen hori ekainaren lehenengo hamabostaldian eman eta argitaratuko da. Ebazpenak eranskin batean jasoko ditu zonako berritzegune bakoitzeko lanpostuak eta horietan ari diren pertsonak, horietako bakoitzaren kontratu mota edo lan-harremana adieraziz.

  1. Hezkuntzako ordezkaritzetako Hezkuntza Berrikuntzarako Lurralde Zerbitzuak, hezkuntzari laguntzeko zerbitzuetan integratutako hezkuntza-premia berezien aholkularitzekin lankidetzan, ikastetxeetan hurrengo ikasturterako aurreikusitako lanaren banaketa ezarriko du, ekainaren 10a baino lehen, zerbitzuak emateko lurralde-eremua eta lurralde-barrutia berbera duten lanpostuen artean. Horretarako, aintzat hartuko ditu hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak, horiek behar duten laguntzaren intentsitatea, eta hurrengo ikasturterako agindu honetan aipatzen diren langileen laguntza beharko den ikastetxeen zerrenda, non eskolatuta egongo diren ikasleak.

  2. Lan-banaketa lanpostu bakoitzak artatuko dituen ikastetxe-kopurua eta zerrenda ezartzera mugatuko da, betebeharreko beharren ezaugarrien eta baliabideen optimizazioaren arabera. Ez da adieraziko ikastetxe bakoitza ze lanpostu zehatzek artatuko duten ez eta laguntza emango zaien ikasleen zerrenda ere.

  3. Banatu beharreko zentroei esleituko zaien lanpostu zehatza esleitzeko prozedura dagokion zonako berritzeguneko zuzendariaren zuzendaritzapean eta zaintzapean finkatuko da uztailaren 1a baino lehen, honako artikulu hauetan adierazitakoaren arabera.

  1. Zonako berritzeguneko zuzendariak zehaztutako lanpostuei esleituko die dagokien zentroa, lehenik lan-kontratu finkoa duten pertsonei.

  2. Lurralde-barruti bereko lanpostuak betetzen dituzten langile-kontratudun finkoen artean ikastetxea edo ikastetxeak esleitzean, honako hauek bete beharko dira:

    1. Hezkuntzako ordezkaritzetako Hezkuntza Berrikuntzarako Lurralde Zerbitzuak ikastetxeetan egindako lanaren banaketa, hezkuntza-premia berezien aholkularitzekin lankidetzan.

    2. Ikasleei arreta emateko behar den hizkuntza-eskakizuna, ikasketak egiten dituzten modeloaren arabera.

    3. Kontratatutako pertsonaren lanaldia.

  3. Esleipena, ahal dela, kategoria eta lurralde-barruti bereko lanpostua betetzen dutenen artean egingo da. Adostasuna dagoela ulertuko da eragindako langile guztiek baimena ematen dutenean.

    Zonako berritzeguneko zuzendaritzak adostutako esleipena bideraezina dela ulertuko balu, zuzendaritza horrek esleipena gaitzetsi egingo du horretarako arrazoiak emanez.

    Ez balego adostasunik zuzendaritzak beharrak dituzten ikastetxeei esleitutako pertsonen gainean, langileek eskatutakoaren arabera egingo da banaketa, aurreko 2. artikuluan adierazitako eskakizunak betez eta ordena honetan:

  1. Zentroan duen egonkortasuna (antzinatasun handiena)

  2. Berdinketa izanez gero, edo lehenengo lehentasun-irizpidea ezin bada ezarri, lehentasuna izango dute azken bi ikasturteetan ikasgela egonkorretan zerbitzua eman duten langileek.

  3. Esleitu zaien ikastetxean beharrik ez dagoela-eta berritzegunearen esparruan erreferentziazko zentrorik ez duten langileek.

  4. Berritzegunearen eremuaren barruan borondatez zentroz aldatu nahi duten langileek.

  5. Berritzegunearen eremuari dagokion barrutian sartutako langile finkoak.

  1. Zenbait pertsona baldintza bertsuetan egonez gero, honako hauek izango dira berdinketa hausteko irizpideak, ordena honetan:

  1. Berritzeguneko barruti horretan metatutako antzinatasuna.

  2. Hezkuntza Bereziko lan-kolektiboan metatutako antzinatasuna.

  3. Sarbide-nota.

  4. Izen-abizenen alfabeto-hurrenkera, ikasturte bakoitzerako zozketa bidez urtero ezartzen den letraren hurrenkeran, zeina aplikagarria baita Hezkuntza Saileko langile-hautagaien deialdietan eta hautaketa-prozesuetan.

  1. Langile finkoei zentroak esleitu ondoren, zonako berritzeguneko zuzendariak esleitzeke geratzen diren zentroak esleituko dizkie bitartekotasun-kontratua edo kontratu mugagabe ez-finkoa duten langileei. Horretarako, langile horiek aginduaren 17.2 artikuluak ezarritakoa bete behar dute eta 17.3 artikuluan langile finkoentzako adierazitako irizpide berak jarraituko dira, lehentasun-ordenari buruzko 5 zenbakia eta berdinketa hausteari buruzko 3 zenbakia izan ezik.

  2. Artikulu honetan aipatutako langileei dagokienez, lan-kontratu motak edo harreman motak ez du inolako lehentasunik emango.

Langileen kudeaketako zuzendari eskudunaren eta hezkuntza-laguntzako berariazko premien gainean eskumena duen zuzendariaren ebazpen bateratuaren bidez, sistema informatizatu bat ezarri ahalko da kapitulu honetan araututako prozedura osorik edo partzialki telematikoki burutzeko.

Berritzeguneetara esleituta ez dauden zeinu-hizkuntzako interprete, terapeuta okupazional, fisioterapeuta eta transkribatzaile edo materialaren egokitzailearen kategorietako langileei zentroa esleitzeko prozedura bat ezarri ahalko da Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpen bidez.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA. Lantokiaren eta bizitokiaren arteko distantzia, agindu honen II. kapituluan araututako prozesuari ezar dakiokeena.

Agindu honek araututako prozesuan, lanaldi murriztuko lanpostu bati uko egiteko ezingo da erabili lanpostu horri dagokion ikastetxe publikoa helbidetik 50 kilometrotik gorako distantzian egotea.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Lurralde historikoa, destinoa edo lanaldi mota aldatzea.

Eskabideak egiteko epea hasi aurretik, eta Hezkuntza Sailaren webgunean argitaratutako Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpen bidez, epe bat ezarri ahal izango da interesdunek eskolak emateko aukeratutako lurralde historikoa, destino-eremua (lanaldi partzialentzat bakarrik) eta lanaldi mota alda dezaten. Aldaketa horrek agindu honen II. kapituluan araututako prozesuan eta aukera hori eman den ikasturte zehatzean baino ez du eragina izango.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 4a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)