Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2018ko abenduaren 19koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baitira EAEko Hezkuntza Sailaren mendeko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta itunpeko ikastetxe pribatuetan 2019-2020ko ikasturtean izena emateko eskabideak aurkezteko egutegi komuna eta onarpen-epea, bai eta ikastetxe horietan ikasleak onartzeko jarraibideak ere.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 12
  • Hurrenkera-zk.: 253
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2018/12/19
  • Argitaratze-data: 2019/01/17

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomia Erkidegoan hezkuntzako eskumena duen sailaren agindupeko ikastetxe publikoetan eta Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergo eta oinarrizko, erdi-mailako eta goi-mailako Lanbide Heziketako itunpeko ikastetxe pribatuetan, baita oinarrizko lanbide heziketa ematen den udalaren ikastetxe publikoetan ere, ikasleak onartzea nahiz eskolatzea arautzeko urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuaren 10. artikuluan ezartzen denaren arabera, urtero, hezkuntzako eskumena duen sailburuaren agindu baten bidez, eskabideak aurkezteko epe komuna irekiko da eta prozedurako hurrengo faseei dagozkien epeak ezarriko dira.

Horregatik, Euskal Autonomia Erkidegoko funts publikoekin ordaindutako ikastetxeetan, 2019-2020 ikasturteko ikasleak onartzeko prozeduran bete beharko diren egutegia eta prozedura-arauak ezarri behar dira. Horrenbestez, honako hau

Automatikoki bermatuko da ikastetxe bereko etapa eta maila desberdinetan ikasten jarraitu ahal izatea, eta, ondorioz, ez da onartzeko eskaerarik egin beharko, 2 urteko gela batera sartzeko izan ezik. Ikastetxe pribatuetan, 2 urteko ikasleek 3 urteko geletan jarraitzea bermatzeko, ikasleak onartzeko prozesu honetan parte hartu beharko dute; horretaz gain, matrikulatutako ikasleak, guztira, ez dira izango ikastetxe horretako 3 urteko geletarako onar daitezkeen plazak baino gehiago (hezkuntzako eskumena duen Sailak planifikatzen ditu horiek).

Beste alde batetik, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek ez dute onartzeko eskaerarik aurkeztu behar Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. mailan sartzeko dagokion institutuan, baldin eta atxikitako institutua bakarra eta hizkuntza-eredua bera badira. Hala ere, horrek ez du esan nahi ezin denik onartzeko eskaerarik aurkeztu beste zentro edo hizkuntza-eredu batean. Kasu honetan, ikasleak uko egingo dio zentro eta hizkuntza-eredu atxikian zuzenean sartzeko bermeari, eta 1/2018 Dekretuan eta agindu honetan ezartzen diren sartzeko baldintza orokorren mende jarriko da.

Agindu honen I. eranskinean daude jasota hizkuntza-eredu berean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ikasteko zentro atxiki bat baino gehiago dituzten Haur eta Lehen Hezkuntzako zentro publiko guztiak. Zentro eta eredu horietako ikasleei ezin zaie zentro atxiki bakar bat zuzenean esleitu ikasketekin jarraitzeko, aukera bat baino gehiago baitute. Horregatik, onartzeko eskaera aurkeztu beharko dute Lehen Hezkuntzako 6. mailatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. mailara pasatzeko.

Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publiko eta itunpekoetarako egutegi komun hau ezartzen da, eskabideak aurkezteari eta ikasleak onartzeari dagokienez:

  1. Eskabideak eta egiaztagiriak aurkeztea: urtarrilaren 28tik otsailaren 8ra bitartean.

  2. Eskatzaileen zerrenda argitaratzea: otsailaren 14a.

  3. Behin-behineko zerrendak argitaratzea: martxoaren 21.

  4. Behin-behineko zerrendei erreklamazioak egitea: martxoaren 28ra arte.

  5. Eskabidean atzera egitea: martxoaren 28ra arte.

  6. Behin betiko zerrendak argitaratzea: apirilaren 4a.

  7. Lurralde-ordezkariek esleitutako plazen zerrendak argitaratzea: apirilaren 11.

  8. Behin betiko zerrendei gora jotzeko errekurtsoak jartzea: maiatzaren 6ra arte.

  9. Ordezkariek esleitutako plazei uko egitea: maiatzaren 7ra arte.

  10. Estatistika-datuen grabaketa: apirilaren 8tik 15era arte. Halaber, irailean, Hezkuntza Saileko estatistika-unitateek adierazten dieten epean baliozkotu beharko dituzte matrikularen behin betiko estatistika-datuak, aplikazio informatikoan.

  11. Itxarote-zerrendaren iraunaldia: irailaren 20ra arte.

Agindu honen II. eranskinean jasotzen diren onarpen-prozedurari buruzko jarraibideak onartzen dira.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 19a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

Ikasleek onarpen-eskaera aurkeztu beharko dute Lehen Hezkuntzako 6. mailatik DBH 1.era pasatzeko.

BIZKAIA

(Ikus .PDF)

Lehenengoa. Aplikatu beharreko araudia.

2019-2020 ikasturterako, Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetan, eta itunpeko ikastetxe pribatuetan, Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, ikasleak onartzea urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuaren arabera egingo da, baita Hezkuntza sailburuaren Aginduaren arabera, 2019-2020ko ikasturtean izena emateko eskaerak aurkezteko egutegi komuna eta onarpen-epea, baita ikasleak onartzeko jarraibideak ere, ezartzen dituena. Era berean, Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetako eta Hezkuntza Sailaren diru-laguntzak jaso nahi dituzten itunpeko ikastetxeetako 2 urteko geletan ezarriko da, urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarriari jarraituz.

Bigarrena Onarpen-bermeetarako batzordeak.

  1. Ikasleak onartzen direla bermatzeko egun diren lurralde-batzordeek haien egitekoak betetzen jarraituko dute irailaren 9ra arte; izan ere, egun horretan berrituko dira. Hezkuntzako lurralde-ordezkariek beharrezkotzat joz gero, ikasleak onartzen direla bermatzeko beste batzorde batzuk eratu ahal izango dira, maila eta/edo esparru geografiko zehatz batean. Hori erabakiz gero, ikasleak onartzen direla bermatzeko lurralde-batzordeek dagokion batzordearen esku utziko dituzte geografia-eremu eta/edo -maila horietako funtzioak.

  2. Aurreko atalean zehaztutako berme-batzorde guztiak honela osatuko dira:

    1. Hezkuntza Administrazioko bi ordezkari; horietako bat batzordeko burua izango da eta bestea idazkaria.

    2. Ikastetxe publiko bateko zuzendari bat, dago(z)kion etap(et)akoa, zozketaz hautatua.

    3. Itunpeko ikastetxe pribatu bateko zuzendari bat, dago(z)kion etap(et)akoa, zozketaz hautatua.

    4. Batzordeari dagokion esparru geografikoko udalen ordezkari bat.

    5. Lau guraso, bi ikastetxe publikokoak eta beste bi itunpeko ikastetxekoak, dago(z)kien etap(et)akoa. Dagokion lurraldean edo etapan ordezkaritza handiena duen Guraso Elkarteen Federazioek proposatuko dituzte guraso horien izenak. Ordezkatuta egoteko eskubidea duten sektoretakoren batean Guraso Elkarteen Federaziorik ez balego, zozketa-bidez hautatutako bi ikastetxetako Eskola Kontseiluko bi guraso izendatuko dute hango gurasoek.

    6. Lau irakasle, bi ikastetxe publikokoak eta beste bi itunpeko ikastetxekoak, dago(z)kien etap(et)akoa. Dagokion lurraldean edo mailan ordezkaritza handiena duten irakasleen ordezkaritzako sindikatuek proposatuko dituzte haien izenak.

  3. Bermeetarako Batzordeek honako funtzio hauek izango dituzte:

    1. Ikasleen onartze-prozesua ikuskatzea, dagokion esparru geografikoko ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan, eta araudia betetzen dela bermatzea, hezkuntzako ikuskaritzaren eskumenei kalterik egin gabe.

    2. Hezkuntzako lurralde-ordezkariei aholku ematea, ikastetxe bakoitzaren inguruko eragin-eremua eta haren mugakideak zehazteko.

    3. Hezkuntzako lurralde-ordezkariei aholku ematea, ikasleren batek eskabide bat baino gehiago egin badu eta eskatzaileek aurkeztutako agirien faltsutasuna frogatzen bada, ikasle horien eskolatzeari buruzko erabakiak hartzeko.

  4. Onarpen-bermeetarako Batzordeak eratzeko, hezkuntzako lurralde-ordezkariak eskatuko die lurralde eta etapa bakoitzean ordezkaritza handiena duten udalen elkarteei, gurasoen elkarteei eta lurraldean eta dagokien etapetan ordezkaritza handiena duten irakasleen sindikatuei haien ordezkariak izenda ditzatela batzorde horietarako. Organizazio horiek hamar eguneko epean jakinarazi beharko dituzte ordezkarien izenak. Hala egingo ez balute, Batzordeak balio osoz eratuko dira, izendatu gabe geratu diren ordezkarien parte-hartzerik gabe.

  5. Hezkuntzako lurralde-ordezkariek, halaber, hezkuntza-administrazioak Onarpen-bermeetarako Batzordeetan izango dituen ordezkariak izendatuko dituzte, eta zozketa publikoak egingo dituzte batzorde horietako kide izango diren ikastetxe publikoetako eta itundutako ikastetxe pribatuetako zuzendariak hautatzeko. Denbora nahikoaz jakinaraziko zaie ikastetxe guztiei zozketa horiek noiz eta non egingo diren.

    Hirugarrena. Eragin-eremuak.

  1. Ikastetxeen eragin-eremuak eta eremu mugakideak zehaztuko dituzte, ebazpen baten bidez, hezkuntzako lurralde-ordezkariek; hala, bizileku guztiak sartuko dira gutxienez ikastetxeren baten eragin-eremuan. Mugapen hori egiteko, Onarpen-bermeetarako Batzordeek aztertu beharko dute gaia lehendabizi, eta eragindako ikastetxeei eta udalei entzun beharko zaie; horrez gain, kontuan izan beharko da ikastetxe bakoitzak baimenduta duen edukiera eta haren ingurunean eskolatzeko adinean dagoen biztanleria.

  2. Eragin-eremuak eta horien mugak zehaztuko dira ikastetxeetan ematen diren etapa bakoitzerako eta hizkuntza-eredu bakoitzerako. Eremuen zehaztapenak jendearentzat eskuragarri egongo dira kasuan kasuko Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan.

  3. Hezkuntzako lurralde-ordezkariek jarraibide honetan xedatutakoa ezartzeko, udalbatzei laguntza eskatzeko ahalmena dute, eta horiek eskatutako laguntza eman behar dute.

  4. Hezkuntzako sailburuordeak lurralde historiko bateko lurralde-eremua gainditzen duten eragin-eremuak ezarri ahal izango ditu, ikastetxeren batean ematen diren irakaskuntzak oso bereziak direnean edo bestelako salbuespen-egoerak tarteko.

    Laugarrena. Eskola-toki kopuruaren zehazpena.

    Hezkuntzako lurralde-ordezkariek Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publiko eta itunpekoei jakinaraziko dizkiete maila eta hizkuntza-eredu bakoitzean matrikula daitezkeen talde kopuruak eta gehieneko ikasle kopuruak.

    Bosgarrena. Plazak gordetzea.

  1. Hezkuntza-prozesuan berariazko laguntza behar duten ikasleak ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan modu orekatuan banatu eta ikasle horiek hezkuntza-sisteman txertatzeko baldintza egokiak sortzeko, hezkuntzako lurralde-ordezkariek xedatu ahal izango dituzte zenbat plaza gorde beharko diren, mailako eta hizkuntza-ereduko, ikasle horiek eskolatzeko Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetan eta ikastetxe pribatu itunduetan. Ikastetxeek, berriz, izen-emateen eta matrikulazioen epea amaitu arte gorde beharko dituzte plaza horiek.

  2. Hezkuntzako lurralde-ordezkariek eskaerak egiteko epea hasi baino lehen jakinaraziko dizkiete erabaki horiek ikastetxeei.

    Seigarrena. Atxikitako ikastetxeetan ikasleak onartzeko lehentasunak

  1. Haur Hezkuntzako lehen zikloa bakarrik ematen duten eta ikasleak urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuaren arabera onartzen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuetako ikasleek lehentasuna izango dute beren ikastetxea atxikita dagoen Haur Hezkuntzako bigarren zikloko ikastetxean edo ikastetxeetan sartzeko, eta bermatuta izango dute ikastetxe horretarako sarbidea, baldin eta plaza nahikoa badago (1/2018 Dekretua, urtarrilaren 9koa, Euskal Autonomia Erkidegoan hezkuntzaren eskumena duen sailaren agindupeko ikastetxe publikoetan eta Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza, Batxilergo eta erdi-mailako eta goi-mailako Lanbide Heziketako itunpeko ikastetxe pribatuetan, baita oinarrizko lanbide heziketa ematen den udalaren ikastetxe publikoetan ere, ikasleak onartzea nahiz eskolatzea arautzekoa).

  2. Haur Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleak zein ikastetxetan dabiltzan, ikastetxe horri atxikitako Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan izango dute lehentasuna, eta ikastetxe horietan onartuak izango direla bermatuko da baldin eta bertan plaza nahikoa badago.

  3. Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleak zein ikastetxetan dabiltzan, ikastetxe horri atxikitako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan izango dute lehentasuna, eta ikastetxe horietan onartuak izango direla bermatuko da baldin eta bertan plaza nahikoa badago.

  4. Musika eta dantzako ikasketa arautuak eta derrigorrezko bigarren hezkuntzako ikasketak batera ikasten dituzten ikasleek lehentasuna izango dute onartuak izateko Hezkuntza Sailak zehazten dituen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan; gainera, bermatuta izango dute horietara joateko aukera, baldin eta horietan nahikoa plazarik bada. Berdin jokatuko da errendimendu handiko kirol-programak egiten dituzten ikasleekin. Atal honetan jasotako ikasleek lehentasun-eskubideaz baliatzeko, ikasleentzat 3. atalean jasotzen diren eskubideak bete behar dira. Paragrafo horretan aipatzen diren zentroak aginduaren III. eranskinean agertzen dira.

  5. Lehentasunak kontuan hartuko dira baldin eta zentro eta eredu atxikiak lehentasunezko eskabideak badira. Ondorioz, eskubide horri uko egingo zaio zentro eta eredu atxikietan egindako eskaeretan, atxiki gabeko zentroetan edo ereduetan egindako eskaerak baino lehentasun-maila txikiagoa dutenean, aurreko apartatuan aipatzen diren ikasleak izan ezik, baldin eta III. eranskinean agertzen diren zentroak eskatzen badituzte.

  6. Aurreko ataletan jasotako ikasleek ez dute baremoko atalei buruzko dokumentaziorik aurkeztu beharko. Derrigorrean barematu behar denean, eskatuko diete ikastetxeek dokumentazio hori aurkezteko.

    Zazpigarrena. Ikasleak onartzeko prozesuari buruzko informazioa.

    Onarpen-eskabideak aurkezteko epea ireki baino lehen, ikastetxe publiko eta pribatu itundu guztiek ondoko informazioa emango diete argibideak eskatzen dituzten ikasleen guraso edo tutoreei, eta ikastetxeko iragarki-taulan ere honako informazio jarriko dute:

    1. Ikasleak ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan onartzeko araudia.

    2. Ikastetxearen eragin-eremua eta haren mugakideak.

    3. Eskabideak egiteko epeak.

    4. Prozesuaren egutegia, eta, horren baitan, besteak beste, onartuta eta baztertutako ikasleen zerrendak argitaratzeko egunak, erreklamazioak jartzeko epeak eta eskabideari uko egiteko epea.

    5. Ikastetxearen eskola-kontseiluak eta ordezkaritza-organo gorenak puntuazioak emateko finkatutako irizpideak. Eskabideak aurkezteko epea hasi baino lehenago Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzari irizpideok jakinarazteko bidalitako idazkiaren kopia jarriko da iragarki-taulan.

    6. Eskabideak aurkezteko epean ikastetxeko idazkaritzak jendeari erantzuteko duen egutegia eta ordutegia.

      Zortzigarrena. Eskatzaileak eta eskabidea bideratzeko erak.

      1. Eskabidea ikaslearen aitak, amak, edo tutoreak aurkeztuko du.

      2. Honako bi moduetako batean aurkeztu ahalko dira eskabideak:

        Online, Hezkuntza Sailak hartarako gaitutako aplikazio informatiko baten bitartez.

        Hautaturiko ikastetxeko idazkaritzan lehenik, zeinak aplikazio informatikoan eskatzaileak eskabidean emandako datuak sartzeko ardura izango baitu.

      1. Online eskabidea.

        Online eskabidea otsailaren 7ko 24:00etara arte aurkeztu ahal izango da; ordutik aurrera, aplikazioa ez da aktibo egongo. Aplikazioan sartzeko, «Ikasgunea» ataria (https://ikasgunea.euskadi.eus) erabili beharko da.

        Eskabidearekin batera, beharrezkoak diren dokumentuak erantsiko dira, bai derrigorrezkoak, bai baremazio-prozesuan puntuak egiaztatzen dituztenak.

        Eskabidea bete eta gero, hautaturiko ikastetxera bidaliko da, eta horrek bideratuko du. Eskatzaileak nahi duenean jaso ahal izango du eskabidearen frogagiria, eta zirriborrotzat hartuko da ikastetxeak izapideak egin arte.

        Behin eskabideari alta emanda, eta zentroak hura izapidetzeari ekin baino lehen, eskatzaileek aukera izango dute grabatutako datuak aldatu edo zuzentzeko, aplikazioaren bitartez. Gero ere eskatu ahal izango dute aldaketak egitea, otsailaren 8ra arte egun hori barne hartuta, lehen tokian eskatu duten zentrora bertara joanda.

      2. Eskabidea zentroan bertan egitea.

        Eskatzailea lehen tokian eskatutako zentrora joango da, idazkaritza-orduetan, otsailaren 8ra arte egun hori barne hartuta, eta aurkeztu nahi duen dokumentazioa eramango du.

        Eskabidearen datuak sartu eta dokumentazioa egiaztatu ondoren, zentroak eskatzaileari inprimaki bat erakutsiko dio; bertan, honako datu hauek jasoko dira: datu pertsonalak, egindako eskaerak, baremaziorako argudiatu diren arrazoiak, eta eman diren dokumentuak zeintzuk diren.

        Eskatzaileak, berriz, sartutako datuak aztertuko ditu, eta, konforme baldin badago, inprimakia sinatuko du. Ikastetxeak, orduan, eskatzaileak sinatutako inprimakia zigilatu eta lehen sartutako datuak balioztatuko ditu. Inprimaki hori, sinatuta eta zigilatuta dagoenean, eskatzaileak egindako eskaeren frogagiria eta egiaztagiria izango da.

        Eskatzaileek otsailaren 8ra arte (egun hori barne) izango dute aukera gordetako daturen bat aldatzeko edo zuzentzeko. Eskabidea zer ikastetxetan entregatu, ikastetxe horrek egin beharko ditu aldaketak. Data horretatik aurrera ez da zuzenketarik onartuko.

        Dagokion zuzenketa egiteko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik eman zitzaion jatorrizko inprimakia, sinatuta eta zigilatuta, aurkeztea. Egin beharreko zuzenketak egin ondoren beste inprimaki bat emango zaio, sinatuta eta zigilatuta; orduan zaharra apurtu, eta datu berriak baliozkotuko dira.

      3. Eskabidea sistema informatikoan grabatuta egonez gero, horren tramitazioa bi erara jarraitu ahal izango da: aurkeztu den zentroan, edo online.

        Bederatzigarrena. Izapideak egitea.

      1. Onartzeko eskabidea bakarra izango da eta, bat baino gehiago aurkezten badira zentro batean edo hainbat zentrotan, eskatzailearen aukeratzeko eskubidea galduko da. Dena den, hori gertatuko da interesdunarekin derrigorrezko entzunaldia izan ondoren. Ondorioz, bikoiztutako eskabideak azkenak izango dira izapidetzen, gainerako eskabideei plazak esleitu eta gero.

      2. Epetik kanpo ez da eskabiderik onartuko. Zentroek epean aurkezten diren matrikula-eskabide guztiak onartu eta izapidetu beharko dituzte, eskatutako mailan eta ereduan eskola-plaza nahikoak egon ala ez, eta, dagokienean, baremoa ezarriko dute.

      3. Haur Hezkuntzako maila bat egin nahi duten ikasleek ikasturtea hasi den urtean duten adinari dagokion maila eskatu beharko dute. Ikasle eskatzailea Haur Hezkuntzako bigarren zikloko hirugarren maila edo Lehen Hezkuntzako edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako maila bat egiten ari bada, une horretan egiten ari dena baino maila bat gorago onartzeko eskatu behar du. Azken kasu horretan sartzen diren eta Euskal Autonomia Erkidegoa ez den beste leku batetik datozen ikasleek egindako ikasketen ziurtagiria aurkeztu behar dute, argi eta garbi adieraziz zer maila egiten ari diren une horretan.

      4. Eskabidean, gehienez, hamabi eskaera egin ahal izango dira, lehentasunaren arabera antolatuta. Eskaera bakoitzean, ikastetxe eta hizkuntza-eredu bana aukeratuko dira, zentroak eredu hori eskaini ala ez.

      5. Ikastetxe batek ez badu eskaintzen eskakizuneko hizkuntza-eredu lehenetsia, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak aztertuko du maila eta eredu horretako taldea sortzeko aukerarik baden ikastetxean bertan edo inguruan, beti ere behar adina eskabide badaude eta plangintzak posible egiten badu. Dena den, ikasleak parte hartuko du onartzeko prozesuan, eskaintzen diren ereduetan egin dituen gainerako eskaerekin.

      6. Halaber, Lurralde Ordezkaritzek kudeatu beharko dituzte ematen ez diren ikasketak edo hizkuntza-ereduak bakarrik eskatzen dituzten eskabideak. Horretarako, eskabide horiek erregistratu diren zentroei eskatuko diete eskabide horiek beraiek bidaltzea, eskabidean adierazitako zentroek eskabide bera barematu dutela egiaztatuta aplikazio informatikoan.

      7. Eskabidearekin batera, ondorengo dokumentazioa aurkeztu beharko da, nahitaez:

        Ikaslearen familia-liburuko fotokopia, edo jaiotza-agiria.

        Eskaera egiten duen pertsonari dagokion familia-liburuko fotokopia: aita, ama; edo ikaslearen legezko tutorea dela ziurtatzen duen agiria.

        Eskabidea egiten duen lagunaren NANaren edo AIZren fotokopia: aitarena edo amarena, edo legezko tutorearena.

        Familiaren bizilekuaren ziurtagiria (ikaslearena, aitarena, amarena, edo tutorearena), gehienez hiru hilabeteko antzinatasunekoa eta Udalak egindakoa.

        EAEtik kanpo eskolatutako ikasleen kasuan, egindako ikasketen ziurtagiria, argi eta garbi adieraziz zer maila egiten ari diren une horretan.

        Ikaslea etxean hartu bada, egoera hori egiaztatzen duen ziurtagiri ofiziala.

        Halaber, baremoko edozein apartaturen puntuazioa eskatzen denean, behar diren egiaztagiriak aurkeztu beharko dira.

        Aurrez aurreko tramitazioan, dokumentazio guztia (bai derrigorrezkoa bai baremazioan puntuak lortzeko beharrezkoa dena) lehenengo eskatu den zentroan aurkeztuko da, beste edozein zentrok eman behar dituen baremazio-puntuak egiaztatzen duen dokumentazioa izan ezik. Hori zentro bakoitzaren idazkaritzan aurkeztu beharko da, lehenengo eskatu den zentroan eskabidea erregistratu ondoren. Horretarako, eskabidean adierazita egon behar dira puntuazioa eskatzen den zentro bakoitzaren baremoko apartatuak.

        Familia egoitzari edo lantokiari dagozkion puntuak egiaztatzeko, dagozkion ziurtagiriak lehenengo eskaeran aukeratutako zentroan aurkeztea aski izango da, eta eskaera guztietarako baliagarriak izango dira, puntuazioa guztietan alda daitekeen arren. Aplikazio informatikoak, eskaera bakoitzeko, puntuazio hoberena esleituko du ziurtagiriak kontuan hartuta.

        Internet bidezko tramitazioan, dokumentazio guztia eskaneatuko da eta, ondoren, eskabidearekin batera bidali beharko da Hezkuntza Sailak abian jarritako aplikazio telematikoaren bitartez.

        Eskabideak onartzeko epea amaitu ondoren ez da beste agiririk onartuko. Atal edo azpiatal batean puntuatzeko balio duten agirietako bat aurkezten ez bada, batere punturik gabe geratuko da atal edo azpiatal hori. Horrek ez du eskaera baliogabetzen, ez eta gainerako ataletako edo azpiataletako puntuazioak ere.

        Hezkuntza Administrazioak noiznahi egiaztatu ahal izango du ekarri zaizkion dokumentuen benetakotasuna.

      8. Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleek, matrikulatzea eta eskolatzea ekainaren 23ko 118/1998 Dekretuaren 7. artikuluan zehaztuta dagoena, egoera horren berri eman beharko diote ikastetxeari eskabidea aurkeztean, dagokien plaza eta behar dituzten laguntzak bideratzeko.

      9. Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko zein itunpeko ikastetxe pribatuetan ikasleen onarpena arautzen duen urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuaren 25. artikuluak, baremazioan egon litezkeen berdinketak hausteko, ausazko prozedura bat egitea agintzen du, hezkuntzako eskumena duen sailak zehaztuko duena.

        Xedapen hori betetzeko, eskabidearen datuak balioztatzeko unean, aplikazio informatikoak ausazko hurrenkera-zenbaki bat esleituko dio eskabideari: 1 eta 999999ren arteko zenbaki oso bat, alegia. Zenbaki hori erabiliko da egon litezkeen berdinketak hausteko; betiere, gainerako irizpide guztiak aplikatuta ere berdinketak bere horretan badirau. Kasu horretan, aplikazio informatikoak eskabide guztiak txikienetik nagusienera ordenatu, eta txikienari emango dio lehentasuna.

        Familia berekoak ikastetxe berera joan ahal izatea ez oztopatzeko, bi neba-arreba hezkuntza-maila berean daudenean eta baremo-puntuazio berdina dutenean, ausazko prozeduran emaitza okerragoa lortu duen neba-arreba emaitza hobea atera duenaren ondoan jarriko da zerrendan, hurrengo postuan.

        Eskabideko datuak aldatuta ere, inoiz ez da aldatuko hurrenkera-zenbaki hori, hots, eskabidea lehenengo aldiz egin zenean ausaz esleitu zitzaiona.

      10. Otsailaren 14an, zentroek eskatzaileen zerrenda argitaratuko dute, etapa, kurtso eta hizkuntza-ereduen arabera antolatua. Zerrenda horretan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. mailara pasatzeko bermea duten Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleak sartuko dira, agindu honen 2. artikuluaren hirugarren paragrafoan ezarritakoari jarraituz.

        Gardentasuna eta onartzeko prozesuaren parte-hartzaileen datu pertsonalen babesa batzeko asmoz, zerrenda Hezkuntza Sailaren atarian jakitera emango da, «Ikasgunea» (https://ikasgunea.euskadi.eus). Bertan, nortasuna egiaztatuta, eskatzaileek eskura izango dituzte eskabidean adierazitako ikastetxeen zerrenda.

        Ikastetxeek ez dute publikoki erakutsiko zerrenda, baina eskatzaileek banako sarbidea izango dute.

      11. Onartzeko prozesuan atzera egin ahal izango da martxoaren 28ra arte. Atzera egiteko idazkiak, eskatzaileak eskabidea aurkeztu zuen zentroan egindakoak, eskaera guztietan izango du eragina. Zentroak idazki hori artxibatuko du egin zen eskabidearekin batera.

        Hamargarrena. Baremazioa

        Ikastetxeak ez ditu eskabideak nahitaez baloratu beharko, horien lehentasun-ordena edozein dela ere, maila eta hizkuntza-eredu jakin batean jasotako eskaeren kopurua plaza eskuragarriena baino handiagoa ez bada.

        Maila eta hizkuntza-eredu jakin batean jasotako eskaeren kopurua, horien lehentasun-ordena edozein dela ere, plaza eskuragarrien kopurua baino handiagoa bada, ordea, ikastetxe publikoen Ordezkaritza Organo Gorenak edo itunpeko ikastetxeen titularrak, zentroaren eskola-kontseiluak gainbegiratuta, jaso dituen eskaerak barematuko ditu, urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuan aipatzen diren baremoaren eta hori aplikatzeko arauen zein jarraibide hauen arabera.

        Lehenengo eskatu den zentroak apartatu guztiak barematu beharko ditu. Bestalde, eskabidean aipatu diren beste zentroek agindu honen IV. eranskinean agertzen diren b), c), g), eta h) apartatuak barematuko dituzte.

        Hamaikagarrena. Familia-unitatearen urteko errentei dagokien baremoko apartatua aplikatzeko arauak, eta seme-alaben kopuruaren eragina.

      1. Urtarrilaren 9ko 1/2018 Dekretuaren eranskinean adierazitako puntuak lortzeko behar diren diru-sarrera konputagarriak izango dira familia-unitateko kide guztiek 2017ko zerga-ekitaldian izandako zerga-oinarri orokorrari eta aurrezkiaren zerga-oinarriari dagozkionak. Baremoko atal honetan punturik lortzeko, zerga-oinarriak ez du 9.906,40 euroko muga gainditu beharko. 2017ko lanbide arteko gutxieneko soldatari dagokio kopuru hori. Horren ondorioz, puntu horiek lortu nahi dituzten eskatzaileek hezkuntza-administrazioari baimena eman beharko diote dagokion foru-ogasunean hori egiaztatu dezan.

      2. Euskal Autonomia Erkidegoan bizi ez diren eskatzaileek familia-unitateko diru-sarreren puntuak lortzeko eskubidea eskuratu nahi badute, familia-unitateko kide guztien 2017ko banakako errenta-aitorpenen kopia aurkeztu beharko dute edo, hala badagokie, baterako aitorpena. Familia-unitateko kideren batek, zerga-araudiari jarraituz, urte horretan errenta-aitorpena egin ez badu, ogasunak egindako ziurtagiria aurkeztu beharko da aitorpena egin ez dela egiaztatzeko.

      3. Jarraibide honen aurreko ataletan ezarritakoaren ondorioetarako, familia-unitatetzat hartuko da pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga arautzen duten kasuan kasuko foru-arauetan ezarritakoa. Horretaz gainera, familia-unitatetzat hartuko da onarpen-eskaeraren helburu den adingabea, familia-liburuan ageri diren gurasoekin batera, non eta ez den egiaztatzen, hitzarmen arautzaile bidez, adingabearen zaintzaren gaineko ardura banatuta dagoela.

        Ezkontza-deuseztasuna, banantzea edo dibortzioa gertatuz gero, edo izatezko bikotearen bizikidetza deseginez gero, baremoa aplikatzerakoan, ikaslearen jagoletza ebazpen judizial irmo bidez edo hitzarmen arautzaile bidez esleitua duenaren errenta baino ez da aintzat hartuko. Berdin jokatuko da tutoretza judizialaren, familia-harreraren edo antzeko babes-neurrien kasuan, halakoetan gurasoak ez diren beste pertsona fisiko batzuen esku geratzen baita ikasle adingabearen jagoletza. Edozein administrazio publikok tutoretza badauka, irizpide horretan, gehieneko puntuazioa ezarriko da.

      4. Neba-arreben kopurua familia-liburuaren, jaiotza-agiriaren edo harreman hori egiaztatzen duten bestelako dokumentuen kopiarekin egiaztatuko da. Bakarrik adingabeko neba-arrebak hartuko dira kontuan.

        Hamabigarrena. Bizitokiaren gertutasunari, edo aitaren, amaren edo legezko tutorearen lantokiaren gertutasunari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.

      1. Apartatu horri dagokion puntuazioa bost azpiapartatuetako batengatik bakarrik emango da. Eskatzaileek azpiapartatu bat aukeratu beharko dute puntuazioa lortu ahal izateko.

      2. Ikaslea aitarekin, amarekin edo lege-tutorearekin bizi den lekua izango da familiaren bizilekua. Familia-bizilekua egiaztatzeko, ikaslea aitarekin, amarekin edo lege-tutorearekin bizi dela egiaztatzen duen errolda-ziurtagiria aurkeztu beharko da.

        Aita edo ama dela egiaztatzeko, familia-liburuaren kopia aurkeztuko da. Ikaslearen legezko tutorearen izaera egiaztatzeko, berriz, sententziaren kopia edo dagokion ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko da.

        Bizilekuaren gertutasunari dagozkion puntuak errolda-ziurtagirian ageri den bizilekuari esleituko zaizkio, betiere hezkuntza-administrazioak ebazten ez badu jarraian adieraziko dena aplikatuta puntu horiek ez direla eman behar.

        Errolda-ziurtagiriak, aurkako frogarik ezean, bizilekuaren presuntzio balioa du. Badira froga-elementuak presuntzio hori hutsaldu dezaketenak, hala nola ur-, elektrizitate-, gas- edo telefono-horniduren titulartasuna eta kontsumoak, erroldaren datu historikoak, elkarrekin bizi diren pertsonak, dokumentu fiskalak, adierazitako bizilekua jasotzen duten banketxeetako edo zerbitzu-hornitzaileen dokumentuak, beste etxebizitza batzuk jabetzan izatea eta erabiltzea, eta egiazko bizilekua eta errolda-ziurtagirian adierazitakoa bat ez datozela ondorioztatzera eraman diezaguketen bestelako dokumentu publiko edo pribatuak.

        Zentro edo maila bateko onartzeko prozesuan parte hartzen duen pertsona batek erreklamazio bat aurkezten badu hezkuntza-administrazioaren aurrean beste parte hartzaileren batek bizitokiaren gertutasunaren apartatuan jasotako puntuazioarengatik, erreklamazioan adieraziko ditu hori jartzeko arrazoiak edo zantzuak. Ondoren, hezkuntza-administrazioak, puntuazioan zalantzak dituenean, eskatzaileari dokumentuak edo bestelako elementuak aurkezteko eskatuko dio, bizitokia egiaztatzeko.

        Errekerimendua jaso duen pertsonak ez badu aurkezten dokumentazio edo froga-elementu osagarririk horretarako emandako epean, hau da, eskatzailearen frogatze-jarduera osagarririk ez badago, nahikoa arrazoi izango da aipatutako puntuak ez esleitzeko, betiere, errekerimenduaren jakinarazpena jasota geratu bada espedientean. Horrelako egoeretan, edo aurkeztutako dokumentuak ez badira nahikoak froga modura, hezkuntza-administrazioak berariazko ebazpena emango du bizilekuaren gertutasunari dagozkion puntuak ezin direla esleitu adierazteko.

        Ebazpen horrek zer zio konkretutan oinarritzen den adieraziko du eta gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio.

      3. Eskatutako ikastetxearen eragin-eremuan dagoenean aitaren, amaren edo legezko tutorearen lantokia, eskabidea aurkeztean, bizitokiaren gertutasunaren ordez, egoera hori baloratzea eskatu ahal izango da.

        Horrela egiten bada, besteen konturako langileen kasuan, aitak, amak edo legezko tutoreak lan egiten duen enpresako titularrak edo arduradunak ziurtagiria egin beharko du, egoera hori egiaztatzeko.

        Jarduera norbere kontura egiten bada, lantokia egiaztatuko da Jarduera Ekonomikoen Zergan altan egotearen ziurtagiriaren bidez. Indarreko araudiari jarraikiz, Jarduera Ekonomikoaren Zergan altan egotea derrigorrezkoa ez bada, dagokion udalak egindako irekitze-baimenaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko da.

      4. Lantokia ikastetxearen eragin-eremuan egoteagatik ematen den puntuazioa zenbatzean, ikaslearen zaintza guraso bakar batek badu, guraso horren legezko bikotekidea ere ikaslearen gurasotzat hartuko da.

        Ikaslearen zaintza duen gurasoaren bikotekidea dela ziurtatzeko, guraso horri zaintza ematen dion epaiaren kopia aurkeztu behar da, eta biak elkarrekin ezkonduta daudela egiaztatzen duen familia-liburua edota izatezko bikote direla adierazten duen ziurtagiri ofiziala aurkeztu behar da.

      5. Eskatutako ikastetxearen eragin-eremu mugakidean dagoenean aitaren, amaren edo legezko tutorearen lantokia, ez da kontuan hartuko.

      6. Aitaren, amaren edo legezko tutorearen lantokia ikastetxetik gertu egoteagatik lortutako puntuazioa ez da bateragarria izango bizitokiaren gertutasunari dagokionarekin, ez eta ikaslearen aitak, amak edo legezko tutoreak eskatu den ikastetxean lan egiteagatik lortutako puntuazioarekin ere.

      7. Eragin-eremuaren kontzeptu horietako bakar bategatik ere punturik lortu ez dutenek, baldin eta ikastetxea kokatuta dagoen udalerrian bizi badira, atal honetan puntu bat lortzeko eskubidea izango dute. Bizilekua EAEren barruan badute, baina ikastetxea dagoen udalerritik kanpo, puntu erdi emango zaie.

        Hamahirugarrena. Eskatutako zentroan ikasten edo lan egiten duten senideak izateari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.

      1. Apartatu horri dagokion puntuazioa emango da aurreikusitako bi aukeretako edozeinengatik: 9 puntu, eskatzailearen neba-arreba bat edo gehiago matrikulatuta badaude eskatutako zentroan edo zentro atxiki batean; eta 7 puntu, eskatzailearen aitak, amak, edo legezko tutoreak lan egiten badu eskatutako zentroan edo zentro atxiki batean. Bi baldintzak betetzen badira, puntuak horietako batengatik bakarrik emango dira; ondorioz, apartatu honetan ezin izango dira eskuratu 9 puntu baino gehiago. Apartatu honetan hartuko dira kontuan Hezkuntza Sailak arautako onarpen-prozesuko mailaren batean matrikulatuta dauden neba-arrebak bakarrik.

      2. Apartatu honetako puntuak lortu ahal izateko, egoera hau 2018-2019 ikasturtean gertatu behar izan da.

      3. Anaia edo arreba, aita edo ama dela egiaztatzeko, familia-liburuaren kopia aurkeztuko da. Ikaslearen legezko tutorearen izaera egiaztatzeko, berriz, sententziaren kopia edo dagokion ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko da.

      4. Atal honi dagokion puntuazioa ematean, anaia-arrebatzat joko dira familia-unitatean legezko tutoretza-egoeran edota behin betiko nahiz adopzio aurreko familia-harreran dauden adingabeak.

      5. Halaber, ikaslearen jagoletza gurasoetako batek bakarrik badauka, guraso horren legezko bikotekidea ere ikaslearen aitatzat edo amatzat joko da. Pertsona horren seme-alabak ere neba-arrebatzat hartuko dira ikaslearekin batera bizi badira. Egoera hori dagokion errolda-agiriaren bidez egiaztatuko da.

      6. Ikaslearen zaintza duen gurasoaren bikotekidea dela ziurtatzeko, guraso horri zaintza ematen dion epaiaren kopia aurkeztu behar da, eta biak elkarrekin ezkonduta daudela egiaztatzen duen familia-liburua edota izatezko bikote direla adierazten duen ziurtagiri ofiziala ere aurkeztu behar da.

        Hamalaugarrena. Ikaslearen desgaitasunari, edo aita, ama edo legezko tutorearen, edo anai edo arrebaren baten desgaitasunari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.

      1. Bi puntu emango dira apartatu honetan ikasleak dasgaitasuna badauka, eta puntu bat aipatu diren senideetako batek desgaitasuna badauka.

      2. Atal horri dagokion puntuazioa emango da, baldin eta desgaitasuna % 33koa edo hortik gorakoa baldin badu. Bi pertsona edo gehiago desgaituak badira eta puntuazioa jasotzeko eskubidea badute, puntuak emango dira bakarrik pertsona batengatik. Ondorioz, apartatu honetan ezin dira jaso 2 puntu baino gehiago desgaitasuna ikasleak badu, edo puntu bat baino gehiago lehen aipatu diren senideetako batek desgaitasuna badauka.

      3. Lurralde historikoko foru-aldundiko gizarte-ekintzako departamentuak edo Estatuko organo baliokideak emandako ziurtagiri bidez egiaztatuko da desgaitasuna. Bertan legez onartuko da eragindako pertsonak % 33ko desgaitasuna edo handiagoa duela.

      4. Anaia edo arreba, aita edo ama dela egiaztatzeko, familia-liburuaren kopia aurkeztuko da. Ikaslearen legezko tutorearen izaera egiaztatzeko, berriz, sententziaren kopia edo dagokion ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko da.

      5. Atal horri dagokion puntuazioa ematean, anaia edo arrebatzat hartuko dira familia-unitatean legezko tutoretza-egoeran edota behin betiko nahiz adopzio aurreko familia-harreran dauden adingabeak.

      6. Halaber, atal honetan ematen den puntuazioa zenbatzean, ikaslearen zaintza guraso bakar batek badu, guraso horren legezko bikotekidea ere ikaslearen gurasotzat hartuko da. Pertsona horren seme-alabak ere neba-arrebatzat hartuko dira ikaslearekin batera bizi badira. Egoera hori dagokion errolda-agiriaren bidez egiaztatuko da.

      7. Ikaslearen zaintza duen gurasoaren bikotekidea dela ziurtatzeko, guraso horri zaintza ematen dion epaiaren kopia aurkeztu behar da, eta biak elkarrekin ezkonduta daudela egiaztatzen duen familia-liburua edota izatezko bikote direla adierazten duen ziurtagiri ofiziala ere aurkeztu behar da.

        Hamabosgarrena. Familia ugariko kide izateari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.

        Familia ugariko egoera Estatuko edozein autonomia-erkidegok emandako titulu ofizialaren bidez egiaztatuko da.

        Hamaseigarrena. Ordezkaritza Organo Gorenak edo zentroaren eskola-kontseiluak ezarri duen beste edozein egoerari dagokion baremoko apartatua aplikatzeko arauak.

      1. Ikastetxe publikoen Ordezkaritza Organo Gorenek eta itunpeko ikastetxe pribatuetako eskola-kontseiluek irizpide bat edo bat baino gehiago ezarri ahal izango dute, hala nahi izanez gero, eskatzaileei gehienez puntu osagarri bat emateko.

      2. Puntuazio osagarria emateko bete behar diren irizpideak objektiboak izan behar dira. Irizpideak eta egiaztatzeko baldintzak zentroaren organo eskudunak onartu, eta jakitera emango dira eskabideak bidaltzeko epea hasi baino lehen.

        Era berean, ikastetxe bakoitzak dokumentu bat sartu beharko du aplikazio informatikoan urtarrilaren 25a baino lehen. Dokumentu horretan zehaztuko ditu puntuazioa emateko irizpideak. Hala, eskabidea bide telematikotik egiten dutenek informazio hori eduki ahal izango dute eskura. Dokumentu horren beraren kopia erakutsiko da zentroko iragarki-oholean.

      3. Puntuazioa kontzeptu batengatik edo bat baino gehiagorengatik emango da. Hainbat kontzepturengatik ematen denean, horien artean banatu ahal izango da, edo zuzenean eman horietako bat betetzen bada.

      4. Puntuazio osagarri hau emateko irizpideak desberdinak izan daitezke kurtsoko edo hezkuntza-mailako.

      5. Apartatu honen puntuazioa emateko bete behar diren irizpideen artean, baremoaren beste apartatuei dagozkien kontzeptu bat edo bat baino gehiago sar daitezke. Horrela, horien puntuazioak gora egingo du nahi den neurrian, kontuan hartuta, guztira, apartatu horrengatik ezin dela puntu osagarri bat baino gehiago eman.

      6. Apartatu horretarako onartu diren irizpideen artean ezin dira ezarri jaiotzan, arrazan, sexuan, erlijioan, iritzian, edo beste egoera edo baldintza pertsonal edo sozial batzuetan oinarritutako irizpide baztertzaileak. Gainera, ezingo da puntuaziorik eman horretarako antolatutako proben edo azterketen ondorioz.

      7. Ikastetxe publikoen Ordezkaritza Organo Gorenek eta itunpeko ikastetxe pribatuen eskola-kontseiluek ezarri behar dituzte bete behar diren baldintzak, apartatu honetan ezarri diren irizpide guztiak bete direla onartu ahal izateko.

      8. Instrukzio edo jarraibide honetan ezarritakoa betetzen ez duten zentroek ezin izango dute baremoaren puntuazio hau aplikatu: zentroko ordezkaritza-organo gorenak edo eskola-kontseiluak libreki zehazteko beste inguruabarrei dagokiena.

        Hamazazpigarrena. Errentari dagozkion datuen egiaztapena.

        Eskabideak barematu behar dituzten zentroek jaso diren datuak ere egiaztatu behar dituzte. Egiaztapen horren emaitzak lortzean, horrela jokatu beharko da:

      1. Eskatzaileen aitorpenak egiaztatu arte, puntuazioa egiaztapena baimendu duten pertsonei dagokiela ulertuko da, baina, egiaztapen hori egin ondoren, onartutako eta baztertutako ikasleen zerrendak osatzeko, aldaketak egin ahal izango dira.

      2. Egiaztapenen emaitzak jaso ondoren, Ogasunaren ziurtagiriak ontzat emango dira errentaren balioesteko.

      3. Egiaztapenen emaitzak behin-behineko zerrendak argitaratu ondoren jasotzen badira, egoera hau kontuan hartuko da behin betiko zerrendak egitean.

        Hamazortzigarrena. Onartutako eta baztertutako ikasleen zerrenden esleipena eta argitalpena.

      1. Barematu behar ziren eskaerei baremoa ezarri ondoren, zentro bakoitzean jaso diren eskaera guztiak horrela ordenatuko dira:

        1. Lehenik, agindu honen seigarren jarraibidean ezartzen diren lehentasunak betetzen dituztenak.

        2. Ondoren, beste eskaera guztiak.

          Aipatutako bi talde horietako bakoitzaren barruan, eskabideak ordenatuko dira lortutako puntuazioaren arabera eta, berdinketa badago, 1/2018 Dekretuaren 25. artikuluan zehazten diren berdinketa hausteko baldintzen arabera.

          Antolaketa horri jarraikiz, Hezkuntza Sailak esleipen orokorra egingo du, eta horren arabera esleituko dira plaza eskuragarriak. Esleipen horretan, jasotako eskaera guztiak aztertuko dira, zentro, maila eta hizkuntza-ereduen konbinazio guztietan, eta puntuazioaren arabera ordenatuko dira. Gehienez plaza bat esleituko da eskatzaile bakoitzeko, eskabidean agertzen diren eskaeren ordena errespetatuz.

      2. Esleipena amaitu ondoren, onartutako eta baztertutako ikasleen behin-behineko eta behin betiko zerrendak argitaratuko dira. Baremazioa ezartzea beharrezkoa izan den kasuetan, zerrendetan ikasleek baremoaren apartatu eta azpiapartatu guztietan lortu duten puntuazioa agertuko da.

        Zerrenda horiek jakitera emango dira sailaren interneteko atarian, Ikasgunea (https://ikasgunea.euskadi.eus). Bertan, nortasuna egiaztatuta, eskatzaileek eskura izango dituzte eskabideko eskaeretan adierazitako ikastetxeen eta ereduen zerrenda. Ikastetxeek ez dute publikoki erakutsiko zerrenda, baina eskatzaileek banako sarbidea izango dute.

      3. Zerrenda horietan ezin dira agertu eskabideak egiteko epearen amaieran argitaratu den eskatzaile-zerrendan agertzen ez diren ikasleen eskabideak.

      4. Onartutako ikasleek zuzenean galduko dute jatorrizko zentroan zeukaten plaza. Egoera hau kontuan hartuko da esleipen-prozesuan.

      5. Prozesua amaitu ondoren, Hezkuntzako lurralde-ordezkariak, Onarpen-bermeetarako Batzordea entzun eta gero, zentroa ikastetxea esleituko du:

        1. Dokumentuen bina ale aurkezteagatik baliogabetutako eskabideak dituzten ikasleentzat.

        2. 1/2018 Dekretuaren 2. artikuluak eskolatze-bermea ziurtatzen duen mailetan baztertu diren ikasleentzat (Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza), eta 2019-20 ikasturterako ikastetxerik gabe edo haien zentroan jarraitzeko bermerik gabe daudenei.

      6. Maila eta hizkuntza-eredu jakin batean plaza eskuragarririk ez dagoen ikastetxeetan, eskatutako plazarik lortu ez duten ikasleak edo lehentasun gutxiagoko plaza lortu dutenak itxarote-zerrendan sartuko dira. Beraz, plazarik lortu ez dutenek itxarote-zerrendan sartuko dira eskaera guztietarako, eta plaza lortu dutenek lehentasun handiagoko eskaeretan jarritako zentroetako eta ereduetako itxarote-zerrendetan sartuko dira. Itxarote-zerrendaren iraunaldia amaituko da agindu honen 3.j) artikuluan ezarri den datan.

      7. Geroago egiten den edozein aldaketa Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzak baimendu beharko du.

      8. Prozesu horren ondorioz eskola-tokia lortu eta gero, eta ikasturteko lehen egunetan absentzia luzea gertatzen bada, gurasoek edo legezko tutoreek zentroari aurretik jakinarazi eta ziurtatu beharko diote egoera hori.

        Horrela egiten ez badute, eta absentzia luzatzen bada beharrezko den justifikazioa gabe, irailaren 13an zentroak Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzari horren berri emango dio, eskolatze-beharra betetzen dela egiaztatu ondoren eta eskatzailearekin entzunaldia izan eta gero. Ondoren, zentroak eskola-plaza eskuratuko du, eta hutsik geratuko da ondore guztietarako.

      9. Hezkuntzako ordezkariak eskola-plaza bat esleitu ondoren, jaso duen pertsonak horri uko egin diezaioke, agindu honen 3. artikuluan ezartzen den epean.

        Hemeretzigarrena. Erreklamazioak.

        Behin-behineko zerrenden aurka erreklamazioak egin daitezke, ikastetxearen Ordezkaritza Organo Gorenean edo eskola-kontseiluan aurkeztuta, agindu honetan xedatutako epeetan. Erreklamazioa Hezkuntza Sailak abian jarritako plataformaren edo Interneten bidez egingo da, edo aurrez aurre. Aurrez aurreko erreklamazioaren kasuan, izapidea lehenengo eskaeran eskatutako zentroan (baremoaren edozein apartaturako) egin ahal izango da, edo eskatutako beste edozein zentrotan (horri dagozkion baremoko apartatuetarako). Hori horrela izan arren, erreklamazioa justifikatzeko aurkezten den dokumentazioa ebazpena egin den zentroan entregatu beharko da.

        Behin betiko zerrendaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio hezkuntzako lurralde-ordezkariari, zerrendak argitaratu eta hilabeteko epean. Ebazpenak administrazio-bidea agortuko du.

        Aurkeztutako erreklamazioak ebazteko beharrezkotzat jotzen dituen dokumentu guztiak bildu ahalko ditu Administrazioak.

        Prozesu hauek amaitu ondoren, ikasleak esleitu zaizkien ikastetxe, etapa, maila eta ereduan matrikulatuta egongo dira.

        Hezkuntzako lurralde-ordezkariak ikaslea behar bezala eskola daitekeela bermatzeko moduko epean eman beharko du ebazpena, eta azken horrek amaiera emango dio administrazio-bideari.

        Hogeigarrena. Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak.

        Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen onarpena dagokien mailako ikastetxeetarako ezarri diren prozeduraren eta egutegiaren mende egongo da, eta lurralde-ordezkaritzak izango dira horiek gauzatzen eta betetzen diren ziurtatuko dutenak.

        Hogeita batgarrena. Ezarpena.

        Jarraibide hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango dituzte ondorioak.

(Ikus .PDF)

GIPUZKOA

(Ikus .PDF)

BIZKAIA

(Ikus .PDF)

Dantzako ikasketa arautuak ikasten dituzten ikasleek sartzeko lehentasuna duten zentroak

ARABA

(Ikus .PDF)

  1. Familia-unitatearen urteko errenta (kontzeptu metagarriak dira, harik eta ataleko gehieneko puntuazioa lortu arte).

    2017ko errenta-aitorpenaren zerga-oinarri orokorraren eta aurrezkiaren zerga-oinarriaren baturak ez baditu 9.906,40 euroak gainditzen: 0,5 puntu.

    2017ko errenta-aitorpenaren zerga-oinarri orokorraren eta aurrezkiaren zerga-oinarriaren baturak zenbateko hori gainditzen badu: 0 puntu.

    Horrez gain, aurreko kasuetan, 0,25 puntu gehituko dira eskatzailea ez den seme-alaba adingabe bakoitzeko.

    Atal honetako puntuazioa, gehienez ere: 1,5 puntu.

  2. Bizilekuaren gertutasuna (kontzeptu hauek ez dira metagarriak).

    Eskatutako ikastetxearen eragin-eremuan dago ikaslearen bizilekua: 5 puntu.

    Eskatutako ikastetxearen eragin-eremu mugakide batean dago ikaslearen bizilekua: 2 puntu.

    Eskatutako ikastetxearen udalerrian dago ikaslearen bizilekua, baina haren eragin-eremutik eta eremu mugakideetatik kanpo: 1 puntu.

    Ikasleak bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, baina ikastetxea kokatuta dagoen udalerritik eta eragin-eremu zein eremu mugakideetatik kanpo. 0,5 puntu.

    Eskatutako ikastetxearen eragin-eremuan dago aitaren, amaren edo legezko tutorearen lantokia: 2 puntu (puntu horiek bateraezinak dira ikaslearen aitak, amak edo legezko tutoreak eskatu den ikastetxean edo ikastetxe atxiki batean lan egiteagatik ematen diren puntuekin).

    Atal honetako puntuazioa, gehienez ere: 5 puntu.

  3. Ikastetxean ikasten edo lan egiten duten senideak izatea (kontzeptu hauek ez dira metagarriak).

    Neba-arreba bat edo gehiago daude matrikulatuta eskatutako ikastetxean edo hari atxikitako ikastetxeren batean: 9 puntu.

    Eskatutako ikastetxean edo ikastetxe atxiki batean lan egiten dute aitak, amak edo legezko tutoreak: 7 puntu (puntu horiek bateraezinak dira ikaslearen aitak, amak edo legezko tutoreak eskatu den ikastetxearen eragin-eremuan lan egiteagatik ematen diren puntuekin).

    Atal honetako puntuazioa, gehienez ere: 9 puntu.

  4. Familia ugariko kide izatea.

    Maila orokorreko familia ugariko kide izateagatik: 1 puntu.

    Maila bereziko familia ugariko kide izateagatik: 1,5 puntu.

  5. Familia-harrerako egoera.

    Ikasle eskatzailea familia-harreran egoteagatik: 1 puntu.

  6. Desgaitasuna (kontzeptu honengatik gehienez jaso daitezkeen puntuak: 2 puntu):

    Ikasle eskatzailearena baldin bada: 2 puntu.

    Aitarena, amarena, legezko tutorearena edo neba-arrebaren batena baldin bada: 1 puntu.

  7. Kooperatiba-bazkide izatea.

    Familia unitateko kideren bat eskatutako ikastetxeko kooperatiba-bazkide izateagatik: 0,5 puntu.

  8. Ordezkaritza Organo Gorenaren edo eskola-kontseiluaren ustez garrantzitsuak diren bestelako arrazoiak.

    Ikastetxeko eskola-kontseiluak edota Ordezkaritza Organo Gorenak ezarritako baldintzengatik, aurretik esandakoak izan daitezkeenak. Horiek irizpide publiko eta objektiboei jarraikiz eta jaiotza-, arraza-, sexu-, erlijio-, iritzi-arrazoiengatik edo beste edozein egoera edo baldintza pertsonal edo sozialengatik inor baztertu gabe ezarri dira: 1 puntu gehienez (baldintzak jakitera eman beharko dira, eta dagokion Hezkuntzako lurralde-ordezkariari jakinarazi, eskabideak aurkezteko epea hasi baino lehen).