Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2009ko martxoaren 4koa, Herrizaingo sailburuarena. Horren bitartez, merezimenduen lehiaketaren bidez Ertzaintzako lanpostuak betetzeko aplikatu beharreko merezimendu orokorren baremoa onesten duen Herrizaingo sailburuaren 2008ko urtarrilaren 7ko Aginduaren lehenengo aldaketa xedatzen da.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: ---
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 71
  • Hurrenkera-zk.: 2053
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2009/03/04
  • Argitaratze-data: 2009/04/16

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Funtzio publikoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Herrizaingo sailburuaren 2008ko urtarrilaren 7ko Aginduaren bidez (EHAA, 19. zk., urtarrilaren 28koa), onetsi egin zen merezimenduen lehiaketaren bidez Ertzaintzako lanpostuak betetzeko aplikatu beharreko merezimendu orokorren baremoa.

Aipatutako aginduaren kontra, ERNE sindikatuak eskatuta, 445/2008 zenbakiko administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri zen EAEko Auzitegi Nagusian. 2008ko azaroaren 26an, epaia eman zen, eta epai horrek zati baten onetsi zuen jarritako errekurtsoa, eta deuseztzat jo zuen 3.2. artikulua. Izan ere, artikulu horren arabera, ez dira eginiko lantzat zenbatzen gaixotasun arruntaren edo lanekoa ez den istripuaren ondorioz sortutako aldi baterako ezintasunak, betiere urte natural bakoitzean hogei egunetik gorakoak badira. Ondorioz, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 71., 72., 73. eta 103. artikuluen eta horrekin bat datozen gainerakoen arabera, bidezkoa da epaia betearaztea eta xedapen orokorraren manuak nola geratu behar duen idatzita zehaztea.

Bestalde, abenduaren 30eko 231/2008 Dekretuaren bidez, Euskal Herriko Polizia Kidegoetako Funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudiaren hirugarren aldarazpena xedatu da, abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuaren bidez onetsitakoa, hauei dagokienez: merezimenduen lehiaketaren bidez lanpostuak betetzeko prestakuntza-maila berdina dagoenean sortzen den berdinketa apurtzeko arauak, emakumeari lehentasuna emanez, Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legean ezarritako baldintzetan; Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak aldatu zuen lege hori. Beraz, bidezkoa da dagokion egokitzapena egitea 2008ko urtarrilaren 7ko Aginduan, Lanpostuak Betetzeko Araudia osatzen duen araua delako.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 73. artikuluarekin bat etorriz, prozeduren metatzea xedatu ahal izango da, horien artean lotura estua dagoenean, horiek hasteko era edozein izanda ere, eta Herrizaingo Sailaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko azaroaren 8ko 364/2005 Dekretuak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, hau

Lehenengoa. 1. Epaia betearaziz, merezimenduen lehiaketaren bidez Ertzaintzako lanpostuak betetzeko aplikatu beharreko merezimendu orokorren baremoa onesten duen 2008ko urtarrilaren 7ko Aginduaren 3. artikuluko 2. zenbakia honela idatzita geratuko da:

  1. Gauzatutako lana hautagaia kasuan kasuko kategorian izendatu zen eguna erreferentziatzat hartuta balioetsiko da, eranskineko 2. atalean xedatutakoaren arabera. Zerbitzu aktiboan edo bigarren jardueran gauzatutako lana balioetsiko da, eta, beraz, ez dira zenbatuko aipatutakoak ez diren administrazio-egoeretako aldiak.

    Ez dira gauzatutako lantzat hartuko norberaren gauzetarako baimenaren aldiak, lanpostuak betetzeko aurreko prozesu orokorretik aurrera zenbatutakoak, zerbitzu aktiboko edo bigarren jarduerako administrazio-egoeretan.

  1. EAEko Auzitegi Nagusiaren eskumena da epaiaren betearazpena izapidetzean ager daitezkeen gaiak jakitea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 103.1. eta 109. artikuluek xedatutakoaren arabera.

    Bigarrena. Merezimenduen lehiaketaren bidez Ertzaintzako lanpostuak betetzeko aplikatu beharreko merezimendu orokorren baremoa onesten duen 2008ko urtarrilaren 7ko Aginduaren 5. artikulua aldatu eta honela idatzita geratuko da:

    Puntuazioan berdinketa gertatzen bada, emakumezkoari emango zaio lehentasuna, lanpostu horren kodean emakumezkoen ordezkaritza % 40 baino txikiagoa bada. Berdinketak jarraitu egiten badu, ebazteko, adierazitako merezimenduei emandako puntuaziora joko da, 2. artikuluan azaldutako ordenan. Horrelakorik ez badago, hautagaiek lehiaketara aurkezteko darabilten kategoriara karrerako funtzionario gisa noiz sartu ziren eta, halakorik ezean, kategoria horretara sartzeko aukeratze-prozesuan lortutako lehentasun-ordena hartuko da kontuan.

    Vitoria-Gasteiz, 2009ko martxoaren 4a.

    Herrizaingo sailburua,

    JAVIER BALZA AGUILERA.