Azken eguneratzea: 2013/07/18

Azkue Fundazioak Jakina! on line jokoa eta Euskalplay aplikazioa sortu ditu

Azkue Fundazioak ia aldi berean ezagutzera eman ditu Jakina! on line jokoa eta Euskalplay joko sortaren aplikazioa. Lehenengoaren helburua euskaldunon arteko harremana sendotzea da; eta bigarrenarena, euskara indartu eta bultzatzea.

Jakina! Internet bidez jokatzeko euskaraz sortu den lehenengo jokoa da eta Azkue Fundazioak Saure argitaletxearekin batera garatu du. Jokoa zortzi gai hauen inguruko galderez osatuta dago: Euskara eta literatura; Kirola eta aisialdia; Zientzia eta teknologia; Geografia eta historia; Kultura eta artea; Zinema eta ikuskizunak; Gizartea eta ohiturak; eta Musika eta dantza.

Jakina!-k hiru zailtasun-maila dauzka eta gai guztietan Euskal Herriko zein nazioarteko galderak tartekatzen dira. Jokoan batetik sei jokalari bitartean lehiatu daitezke eta partidak publikoak edo pribatuak izan ahal dira. Jokalari bakoitzak bere kontua kudeatu ahal izango du eta bere jarduerari buruzko estatistikak ikusi.

Ohiko mahai gaineko trivial jokoaren antzekotasun handia duen Jakina! ezagutzera emateko, datozen hilabeteetan Azkue Fundazioak txapelketak antolatuko ditu.

Bederatzi jokoz osatutako aplikazioa

Bestalde, Azkue Fundazioak sortu eta garatu duen Euskalplay bederatzi on line jokoen sortak osatzen du. Aplikazio horren bitartez, hizkuntza era didaktiko eta entretenigarri batean praktikatzen da. Hala, erabiltzaileak aplikazioarekin edo aplikazioaren kontra egin dezake jolas eta, bide batez, euskararen historia, euskalkien kokapena, euskalkietako hitzak, euskarazko hitzen jatorria, euskaldun ospetsuak, hitz konposatuak, euskarazko esaerak eta eguneroko bizimoduarekin lotutako hitzak ikasi eta landuko ditu.

Aplikazio hau guztiz irekia da eta edonork erabil dezake Azkue Fundazioaren webgunean edo zuzenean Euskalplay loturaren bitartez.