Sprilur-ek atera ditu lehiaketara Eibarko Erisono industrialdean erabilpen tertziarioko eraikin berri bat egiteko lanak

Argitalpen-data: 


      Erisono.jpg

9.625 m2 eraiki izango dituen erabilpen tertziarioko eraikinak lau solairu izango ditu, 50 lokal eta bulego hartzeko tokia, eta lurpeko bi solairu aparkalekuetarako.

 

 

 

Lurzoru industriala kudeatzeko Sprilur sozietate publikoak (Eusko Jaurlaritzaren menpekoa eta SPRI Taldean integratua) oraintsu argitaratu du lehiaketa bat 9.625 m2ko eraikin berri bat egiteko Eibarko Erisono industrialdean enpresa-ekimen aurreratuetarako  eta inguruko teknologi zentroetan sor litezkeenetarako.

 

 

 

Sprilur-ek 9.100 eta 5.326 m2ko bi partzela ditu Eibarren, Teknikerren egungo egoitzatik hurbil. Partzela horietan eraikuntza-lanak hainbat fasetan egingo dira, inbertsioa optimizatzeko eta eskaintza enpresen espazio berrien eskaerari egokitzeko. Lehen faseko lizitazioarekin eraikin berri bat egingo da Erisono industrialdean, 5.326 m2ko partzelan, beheko solairuko lokalak atonduko dira eta gehienez 50 bulego egingo dira goiko solairuetan. Eraikinak 50 metroko luzera izango du eta bi altuera: lurpeko bi soto, beheko solairu bat, hiru solairu eraikinaren ekialdean eta beste lau mendebaldean. Altura gorena 24 metrokoa izango da.

 

 

Azalera eraiki orokorra 9.625 metrokoa izango da eta lau solairutan banatuko da, bakoitzak 1.099 m2 izango dituelarik (54x20 metro, gutxi gorabehera); beheko solairuak 1.510 m2 izango ditu, eta estalkiak 724 m2. Sotoko bi solairuek 1.500 m2 izango dituzte, eta kalkulatzen da aparkaleku plaza bat egongo dela 80 m2ko bulego-azalera bakoitzeko, esan nahi baita, lurpeko 68 aparkaleku plaza guztira. Lokalen gutxieneko altuera librea 2,3 metrokoa izango da.

 

 

Bulegoen banaketari dagokionez, lehen hiru solairuetan hamalau lokal egongo dira gehienez, eta laugarrenean bederatzi bulego gehienez. Beheko solairuan egongo da sarrera nagusia eraikinera, bulego solairuetara eta garajeetara. Estalkia eraikinaren mendebaldean egongo da, alde horrek lau solairu izango ditu eta eraikinaren ekialdean bosgarren solairu bat egingo da. Eraikinaren hegoaldeak ikuspegi ederra izango du, eta ibiltzeko moduko aisialdiko espazio bat bulegoetako jendearentzat. Iparraldean, berriz, egitura jaso batentzako gune bat prestatuko da eta bertan jarriko da bulegoetarako ekipamendua. Bestalde, toki bat egongo da eguzki-xaflak jartzeko etorkizunean.

 

Egitura osoa hormigoizkoa izango da eta  in situ egingo da lauza trinkozko forjatuak eta hormigoi armatuzko zutabeak erabilita. Goiko solairuetan xafla albeolarrezko forjatuak eta egitura aurrefabrikatua erabiliko dira.

 

Eraikinaren diseinu eta eraikuntza proiektu osoa BIM-Building Information Modeling teknologia erabilita egin da, proiektuaren prozesu global eta integrala hobetzeko, kostuak murrizteko eta garapen eraginkorragoa lortzeko.

 

Lokaletan erabilpen tertziarioko jarduerak egin ahal izango dira: oro har, bulegoak eta zerbitzu administratiboak. Behin proposamen ekonomikoak jaso ondoren, Sprilur-ek uste du aurtengo ekainean hasi ahal izango direla lanak. Aurreikusten da sei milioi euroko inbertsioa egingo dela eta lanak 18 hilabetetan burutuko direla.