Suitzara bisita esne-sektorearen jasangarritasunean eta lehiakortasunean oinarritutako KlimaStarR proiektua aztertzeko

Suitza.jpg

2023-02-10

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendariak, Jorge Garbisu, Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Lurralde Orekako zuzendariarekin, Xabier Arruti, eta Mendietako eta Landa Inguruneko zuzendariarekin, Arantxa Ariztimuño, bisita egin Suitzara, KlimaStaR proiektu aitzindaria ezagutzeko.

Proiektu honen helburua abeltzainei aholkularitza eta laguntza eskaintzea da, bertako behi-esnearen ekoizpenaren karbono-aztarna murrizteko.

Euskadiko ordezkaritzak Suitzako eredua aztertzeko eta neurri horiek Gipuzkoan nola inplementatu zehazteko egin du bisita, lurraldean esnetarako behien sektorea iraunkorragoa, berritzaileagoa eta lehiakorragoa izan dadin.

KlimaStaR proiektua ezagutzeaz gain, hainbat lan bilera egin dira Suitzan. Nekazaritza ministerioarekin bildu dira eta Suitzako gobernuak duen nekazaritza, ingurumen eta klima estrategia eta politika ezagutu dute. Halaber, Suitzako gobernuak KlimaStaRen duen interes eta partaidetzaren berri ere izan dute. Bestalde, KlimaStaR programan parte hartzen duen Emmi Group enpresaren lan metodologia ezagutu dute, eta, proiektuko hainbat abeltzaintza ustiategi ere gertutik ezagutu dituzte. Azkenik, ekimenaren datu eta emaitza zientifikoak aztertu dituzte BFA HAFL unibertsitatean.

Euskadi mailan ere, esne sektoreko ordezkari eta eragile desberdinak bultzatuta, ‘Kaiku Berdea’ izeneko egitasmoa aurkeztu zitzaien euskal erakundeei duela urte eta erdi inguru. Egitasmo honek lan-ildo desberdinak jasotzen ditu eta horien artean ‘Climalac’ proiektua dago, Suitzako KlimaStaR-ekin antzekotasunak dauzkana. ‘Climalac’-en helburua da abeltzaintza-ustiategien jasangarritasun ekonomiko, sozial eta ingurumenekoa hobetzea. Horretarako, 5 urteko denbora tartean, abeltzaintza-ustiategien iraunkortasuna kudeatzeko sistema bat garatu eta baliozkotuko da. Iraunkortasuna kudeatzeko sistema horrek abeltzaintza- ustiategiei erraztasunak eta laguntzak emango dizkie haien jarduera, zerbitzu eta produktu guztietan ingurumen inpaktua minimizatzeko.