Arautegia

Inprimatu

204/2013 DEKRETUA, apirilaren 16koa, Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren estatutuak onartzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 88
  • Hurrenkera-zk.: 2179
  • Xedapen-zk.: 204
  • Xedapen-data: 2013/04/16
  • Argitaratze-data: 2013/05/09

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Industria; Gobernua eta herri administrazioa; Sailak; Ekonomia

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Herriko Autonomia Estatutuko 16. artikuluan xedatzen denari jarraikiz, Konstituzioko lehenengo xedapen gehigarrian ezarritakoa aplikatuz, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoa da irakaskuntza osoa, hots, maila, gradu, modalitate eta espezialitate guztietan, Konstituzioko 27. artikuluaren eta hura garatzen duten lege organikoen eta Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari esleitutako ahalmenen kaltetan izan gabe.

Abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak, Unibertsitateei buruzkoak, haren 31. artikuluan xedatzen du unibertsitate-politikaren amaierako xedea dela unibertsitateen kalitatea sustatzea eta bermatzea. Europar Batasuneko Hezkuntza Ministroen Kontseiluaren akordioek, Goi Mailako Hezkuntzaren Europako Esparrua sortzeari buruzkoek, adierazten dute horren kalitatea modu homologagarrian bermatu beharra dagoela, esparru hori eraikitzeko funtsezko oinarri baita hori.

Abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak, Unibertsitateei buruzkoak, xedatu zuen Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalak beteko dituela Espainian unibertsitate-irakaskuntzaren kalitatea ebaluatzeko eginkizunak, bai eta lege bidez autonomia-erkidegoetan sortuko diren ebaluazio-organoek ere, haien eskumenen esparruan.

Otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzkoak, sortu zuen Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia (aurrerantzean, Agentzia), haren VI. Tituluaren Bigarren Kapituluari jarraiki. Zuzenbide pribatuko erakunde publiko gisa eratu zen, unibertsitateen alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikita. Horren xedea da euskal unibertsitate-sistemaren esparruan kalitatea ebaluatzea, egiaztatzea eta ziurtatzea, Espainiako, Europako eta nazioarteko esparruak kontuan hartuta.

2006ko ekainaren 1ean, otsailaren 25eko 3/2004 Legearen, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzkoaren, 83.a) artikuluan xedatutakoa betetze aldera, Agentziako Administrazio Kontseiluak haren estatutuak onartu zituen, eta honako arau honetan argitaratu: 138/2006 Dekretua, ekainaren 27koa, Uniqual Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziaren estatutuak onartzen dituena.

Bolognako adierazpena sinatu zuten Europako hezkuntza-ministroek, 2003an Berlinen egin zuten bileran, European Network for Quality Assurance in Higher Education (ENQA) erakundeari proposamena egin zioten kalitatea ziurtatzeko beste elkarte batzuekin batera «kalitatea bermatzeko irizpide, prozedura eta jarraibideen multzo adostu bat» landu zezan, eta «bitarteko egokiak aurki zitzan kalitate-bermeak parekoen ikuskapenaren mende jartzeko sistema egoki bat bermatzeko, edo ziurtapeneko agentzientzako edo erakundeentzako sistema bat, eta 2005. urtean, Bolognako Jarraipen Taldearen (Bologna Follow-Up Group) bidez, ministroei bilakaera horren berri emateko xedez».

Proposamen horri jarraiki landu zituzten «Goi Mailako Hezkuntzaren Europako Esparruan kalitatea bermatzeko irizpideak eta jarraibideak», 2005. urtean onartutakoak.

Dokumentu horren hirugarren atalean azaltzen dira kalitatearen kanpo-bermerako agentzientzako irizpide eta jarraibide europarrak, eta horiek oinarrizko gida izan behar dute kalitatearen kanpo-bermerako agentzia guztientzat horiek Europako esparruan homologatzeko.

Agentziak haren estatutuak aldatzeko beharra ikusi zuen, haren homologo europarrekin, Goi-mailako hezkuntzan kalitatea bermatzeko Europako sarean onartutakoekin, parekatzeko bidean jarraitzeko, eta «Goi Mailako Hezkuntzaren Europako Esparruan kalitatea bermatzeko irizpideak eta jarraibideak» hobeki betetzeko.

Hori horrela, 2009ko ekainaren 21ean, otsailaren 25eko 3/2004 Legearen, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzkoaren, 83.a) artikuluan eta Agentziaren Estatutuen 9.i) artikuluan xedatutakoa betetze aldera, Agentziako Administrazio Kontseiluak haren estatutuak aldatzea onartu zuen, eta abenduaren 28ko 349/2010 Dekretuaren bidez argitaratu ziren estatutu onartu berri horiek.

Behin estatutu horiek onartutakoan, eta ENQAk onartutako agentzia homologo europarrekin parekatzeko prozesuarekin jarraituz, Agentziak haren lanaren gaineko azalpenak eman behar dituenez Eusko Jaurlaritzaren zein gizartearen aurrean, argi eta garbi eta modu autonomoan zehaztu behar da Agentziaren misioa, eta hori gauzatzeko giza baliabide eta baliabide material egokiak eduki behar ditu. Agentziak gobernu- eta unibertsitate-agintariengandik bereizita gauzatu behar du haren lana, eta prozedura eta irizpide objektiboen, publikoen eta nazioartean homologatzeko modukoen arabera.

Ildo horretatik, Agentzia irizpide eta jarraibide europarretara egokitzeko, haren lege-erregulazioa aldatu beharra zegoen lege espezifiko baten bidez. Horregatik onartu zuen Eusko Legebiltzarrak 13/2012 Legea, ekainaren 28koa, Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziari buruzkoa.

Lege horren amaierako xedapenetako lehenengoak xedatzen du Eusko Jaurlaritzak legea garatzeko behar diren arauak emango dituela, legea argitaratu eta sei hilabeteko epean, Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren estatutuak lege horretara egokitzekoa barne. Hori horrela, 2012ko irailaren 20ko bileran, Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren Gobernu Kontseiluak estatutuen proposamena onartu zuen, aipatutako legearen 7. artikuluak ematen dizkion eginkizunekin bat.

Esandako guztiaren arabera, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburuaren proposamenari jarraiki, Unibertsitateen Euskal Kontseiluak, Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluak, Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzak eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak aldeko txostenak eman ondoren eta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Gobernu Kontseiluak 2013ko apirilaren 16an egindako bileran eztabaidatu eta onartu ostean, honako hau

Indargabetuta geratzen dira honako arau hauek:

  1. 349/2010 Dekretua, abenduaren 28koa, Uniqual-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziaren estatutuak onartzen dituen dekretua aldatzen duena.

  2. 138/2006 Dekretua, ekainaren 27koa, Uniqual-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziaren estatutuak onartzen dituena.

    AMAIERAKO XEDAPENA

    Dekretua hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

    Vitoria-Gasteizen, 2013ko apirilaren 16an.

    Lehendakaria,

    IÑIGO URKULLU RENTERIA.

    Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburua,

    CRISTINA URIARTE TOLEDO.

  1. Agentziak zuzenbide pribatuko erakunde publiko gisa gauzatzen ditu haren eginkizunak, unibertsitateen alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikita. Izaera juridikoa du, bai eta jarduteko ahalmen osoa eta haren ondarea ere, hura sortzen duen legeak, estatutu hauek eta indarrean dagoen gainerako legediak ezartzen dizkioten eginkizunak gauzatzeko.

  2. Agentziak, oro har, aplikagarri zaizkion zuzenbide zibileko, merkataritza-zuzenbideko eta lan-zuzenbideko arauen mende jartzen du kanpo-harremanetako haren jarduera, ebaluazioko, egiaztapeneko eta ziurtapeneko ekintzak edo ahalmen publikoak baliatzea dakartenak izan ezik, horiek zuzenbide publikoaren mende geratzen baitira.

  1. Agentziak Gasteizen du egoitza; halere, haren Gobernu Kontseiluak beste bulego batzuk ezarri ahal izango ditu egoki irizten dituen lurralde-esparruetan.

  2. San Prudentzio kaleko 8. zenbakian ezartzen da Agentziaren egoitza soziala.

  3. Agentziaren Gobernu Kontseiluak hartuko ditu egoitza sozialez aldatzeko erabakiak.

  1. Agentziaren xedea da kalitatea ebaluatu, egiaztatu eta ziurtatzea euskal unibertsitate-sistemaren esparruan, Espainiako, Europako eta nazioarteko esparrua kontuan hartuta.

  2. Agentziak ebaluazio-, egiaztapen- eta ziurtapen-jarduerak gauzatu ahal izango ditu Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko unibertsitateen eta goi-mailako hezkuntzako ikastetxeen esparruan, Goi Mailako Hezkuntzaren Europako Esparruaren testuinguruan, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko beste agentzia, unibertsitate edo hezkuntza-agintari batzuekin akordioak izenpetuz gero.

  3. Agentziak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemako beste jarduera eta eragile batzuk ebaluatzen ere parte hartu ahal izango du, bai eta Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko beste eragile batzuekin lankidetzan jardun ere ikerketako Europako esparruaren testuinguruan, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko beste agentzia, unibertsitate edo hezkuntza-agintari batzuekin akordioak izenpetuz gero.

  4. Agentziak lankidetzarako, elkarlanerako, prozesuak onartzeko eta informazioa trukatzeko harremanak ezarri ahal izango ditu autonomia-erkidegoetako, Estatuko edo atzerriko beste agentzia batzuekin, goi-mailako hezkuntzan kalitatea ebaluatu, egiaztatu eta ziurtatzeko eginkizunak dituztenekin.

Honako helburu hauek lortu nahi dira Agentziak gauzatzen dituen eginkizunen bidez:

  1. Euskal unibertsitate-sistemaren esparruan kalitatea sustatu eta bermatzea, Espainiako, Europako eta nazioarteko esparruak aintzat hartuta.

  2. Euskal unibertsitate-sistemaren kalitatea hobetzen laguntzea.

  3. Agentziak gauzatzen dituen jardueren emaitzen berri ematea gizarteari.

  4. Administrazio publikoei, unibertsitateei eta hezkuntzako edo zientziaren eta teknologiaren esparruko beste eragile batzuei informazioa eta irizpideak ematea, Agentziak dituen eginkizunen gaineko erabakiak hartzeko prozesuetan.

  1. Agentziak bermatuko du haren harreman guztietan gaztelania eta euskara erabiliko direla. Agentziarekin dituzten harremanetan arreta euskaraz edo gaztelaniaz jasotzeko eskubidea bermatuko die agentziak pertsona fisikoei eta juridikoei, idatziz nahiz ahozko komunikazioetan. Halaber, Agentziak behar diren neurriak aplikatuko ditu aurkeztutako eskabideak behar bezala ebaluatu daitezen, horiek bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan idatzita egonda ere.

  2. Agentziak une oro kontuan hartuko ditu independentziaren, gardentasunaren, ekitatearen eta eraginkortasunaren printzipioak, eta zehaztasuna eta objektibotasuna bermatuko ditu haren eskumeneko prozesu eta erabaki guztietan.

  3. Agentziak urte anitzeko programa-kontratu bat izenpetzen du unibertsitateen esparruan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailarekin, Agentziaren estrategia-planaren arabera; plan horretan zehazten da finantziazioa, helburuekin lotuta dagoena.

  4. Agentziaren printzipioek eta prozedurek bat etorri behar dute nazioartean erabiltzen direnekin.

  5. Agentziak, prozesuak gauzatu baino lehen, honako hauek ezagutarazi behar ditu: zer ebaluazio-protokolo jarraituko diren, zer irizpide erabiliko, eta ebaluazio-batzordeak nola eratuko diren.

  6. Agentziak betetzen dituen ebaluazio-, egiaztapen- eta ziurtapen-prozesuak etengabe egokitu behar dira gizartearen eskarietara, unibertsitate-jardueraren kalitate-betekizun iraunkorretara eta goi-mailako hezkuntza etengabe hobetzeko helburura, dagokion Europako esparruaren baitan.

  7. Ebaluazio-batzordeek independentzia osoz jardun behar dute, eta Agentziaren beste ezein organok ezin izango ditu ebaluazioen emaitzak aldatu.

  8. Agentziak argitaratu egin beharko ditu ebaluazio-, egiaztatze- eta ziurtatze-prozesuen emaitzak, betiere, datuen babesari buruzko araudia betez.

  9. Organo teknikoek gauzatzen dituzten prozesuen eta lanen emaitzen eta bilakaeraren berri eman beharko diete Agentziako gobernu-organoei, izaera pertsonaleko datuak disoziatuz hala behar bada.

  10. Agentziak informazioa eskuratzeko aukera emango du azaroaren 26ko 30/1992 legearen, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoaren, 35. eta 37. artikuluetan azarritakoari jarraiki.

  11. Bost urterik behin, kanpo-ebaluazio bat egingo zaio Agentziari; nazioarteko espezialistek parte hartuko dute ebaluazio horretan.

  12. Agentziak urteko txosten bat egin eta argitaratuko du, eta horren barruan kudeaketa-plana eta plan hori bete den aztertzeko lana argitaratuko ditu.

  13. Urtero, kontuen kanpoko auditoria bat egingo da, eta emaitzak argitaratu egingo dira.

  14. Izaera publikoko kode etiko bat ezarri behar du Agentziak.

  1. Indarrean dagoen legediak egozten dizkion eskumenen arabera burutu beharko ditu Agentziak haren eginkizunak, Eusko Jaurlaritzaren eskumenak, beste ebaluazio-agentzia batzuenak eta unibertsitate-autonomia errespetatuz.

  2. Honako eginkizun hauek ditu Agentziak:

    1. Unibertsitate-irakaskuntza ebaluatzea.

    2. Erakundeak ebaluatzea eta ziurtapena ematea.

    3. Europako kalitate-esparruan irakaskuntzak ziurtatzea.

    4. Irakasleak eta ikertzaileak ebaluatzea eta ziurtapenak ematea.

    5. Irakasleen eta ikertzaileen banakako ikerketa-merezimenduak ebaluatzea ordainsari osagarriak esleitzeko eta dagozkien ziurtapenak emateko legez ezarritako eskumenen arabera, eta Eusko Jaurlaritzak ikerketa-jarduerarako ezarritako xedeak bete diren aztertzea.

    6. Ikerketa-jarduerak ebaluatzea.

    7. Azterlanak egitea ebaluazio-, egiaztapen- eta ziurtapen-eredua hobetze eta berritze aldera.

    8. Ebaluazioa sustatzea eta kalitate-irizpideak Europako eta nazioarteko esparruan erkatzea sustatzea.

    9. Euskal unibertsitate-sistemaren kalitateari buruzko gaietan aholku ematea haren eginkizunen esparruan.

    10. Unibertsitateen alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren sailak zehaztuko dizkion helburuekin eta jarduera-esparruarekin lotutako beste edozein jarduera.

  1. Gobernu-organoz eta organo teknikoz osatzen da Agentzia.

  2. Gobernu-organoetako eta organo teknikoetako kideek ezin izango dute pertsona bakarreko kudeaketako kargurik izan potentzialki ebalua daitezkeen erakundeetan; euskal unibertsitate-sistemako unibertsitateetako hiru errektoreek izango dira salbuespen bakarra.

    1. ATALA

    GOBERNU-ORGANOAK

Honako gobernu-organo hauek ditu Agentziak:

  1. Gobernu Kontseilua.

  2. Zuzendaria.

  1. Gobernu Kontseilua Agentziako gobernu-organo nagusia da, eta honako kide hauek osatzen dute:

    1. Presidenteak; Eusko Jaurlaritzan unibertsitate-gaietan eskumena duen saileko sailburua izango da presidente, edo hark ordezko jartzen duena.

    2. Eusko Jaurlaritzan unibertsitate-gaietan eskumena duen saileko sailburuordeak, edo hark ordezko jartzen duenak.

    3. Agentziaren zuzendariak.

    4. Euskal unibertsitate-sistemako unibertsitateetako errektoreek.

    5. Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak izendatutako pertsona batek (merezimendu akademiko nabarmenak izan beharko ditu).

    6. Unibertsitateen Euskal Kontseiluak izendatutako sei pertsonak; kontseilu horretako kideen hiru bosteneko gehiengoak izendatu beharko ditu. Izendatutako pertsonei dagokienez, kontuan izan behar da honako hau:

      Izendatutako sei pertsonetatik hiruk Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egin behar dute lan, eta hiru horietako batek, gutxienez, Espainiatik kanpo.

      Izendatutako sei pertsonetatik bik unibertsitate-eremutik kanpo egin behar dute lan.

    7. EAEko unibertsitate-ikasleen parte hartzeko organo espezifikoak aukeratutako ikasle batek.

  2. Agentziaren Gobernu Kontseiluko kideak hiru urterako izendatzen dira, eta bi aldi jarraitutan egoteko aukera izango dute, izendapen hori duten karguaren ondoriozkoa izan ez bada. Ezin izango dituzte nahierara kargutik kendu.

  3. Gobernu Kontseiluaren osaeran emakumeen eta gizonen kopurua orekatua izatea sustatuko da; sexu bakoitzak % 40ko presentzia izango du gutxienez.

  4. Gobernu Kontseiluko kideek ezin izango dute Aholku Batzordean edo ebaluazio-batzordeetan parte hartu, ez eta Agentzia honetan ebaluazio-, egiaztapen- edo ziurtapen-jarduerarik gauzatu ere.

  5. Kide anitzeko organoko partaideen kide-izaera pertsonala eta besterenezina da, artikulu honen 1. atalaren a) eta b) idatz-zatietan aurreikusitako moduan eginkizuna beste pertsona baten esku utz badaiteke ere. Botoa pertsonala eta besterenezina da, eta, beraz, ezin izango da beste pertsona baten esku utzi.

  6. Gobernu Kontseiluko kideek kide izateari utziko diote honako arrazoi hauengatik:

    1. Haien agintaldia amaitzen bada. Arrazoi horregatik uzten badiote Gobernu Kontseiluko kide izateari, jardunean jarraituko dute postua betetzeko beste pertsona bat izendatu arte.

    2. Karguari uko egiten badiote.

    3. Ezintasun iraunkorra badute edo zendu egiten badira.

    4. Bateraezintasunen bat sortu bazaie.

    5. Eginkizunak eta lanak betetzen ez badituzte modu larrian, behin eta berriz eta nahita.

Honako eginkizun hauek ditu Agentziako Gobernu Kontseiluak:

  1. Agentziako estatutuen proposamena lantzea eta onartzea, horiek behin betiko onartzeko.

  2. Agentziaren zuzendaria izendatzea, bai eta hori kargutik kentzea ere kudeaketa txarra egiten badu edo haren betebeharrak betetzen ez baditu.

  3. Agentziaren zuzendariak hala proposatzen badu, zuzendariaren alboko bat izendatu ahal izango du kontseiluak, eta Agentziako langileak koordinatzeaz eta Agentziaren zuzendariak emandako eginkizunak gauzatzeaz arduratuko da pertsona hori.

  4. Agentzia gobernatzea, eta Agentziaren estrategia-plana, urteko kudeaketa-plana eta urteko jardueren memoria onartzea.

  5. Aurrekontuen eta behin-behineko finantza-egoeren aurreproiektua onartzea, eta horiek unibertsitateen alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari aurkeztea izapidetu ditzan, indarren dagoen legediari jarraiki. Halaber, Agentziaren kontuen likidazioa gauzatu beharko du.

  6. Aholku Batzordeko kideak izendatzeko eta, hala badagokio, kargutik kentzeko proposamenak egitea zuzendariari.

  7. Agentziaren jarduera-irizpide eta -ildo orokorrak onartzea, hezkuntza-administrazioaren, dagozkion unibertsitateen eta Aholku Batzordearen proposamenekin bat.

  8. Agentziaren jarduera ebaluatzea aldizka.

  9. Neurri egokiak hartzea Agentzia hobeki antolatzeko eta horren funtzionamendua hobetzeko.

  10. Obren, instalazioen eta zerbitzuen proiektuak onartzea.

  11. Hala badagokio, zorpetzearen alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari zorpetzeko eta abalak emateko eragiketak proposatzea Gobernu Kontseiluari aurkezteko.

  12. Agentziak erakunde publikoekin eta pribatuekin izenpetu beharreko kontratuak eta hitzarmenak onartzea, estatutuetan zehaztutako helburuak lortze aldera.

  1. Agentziaren zuzendariaren ordainsariak zehaztea, urriaren 28ko 14/1988 Legean, Goren Kargudunen Lansariei buruzkoan, eta otsailaren 23ko 139/1999 Dekretuan, zuzenbide pribatuko ente publikoetako eta sozietate publikoetako zuzendaritza-taldekideen estatutu pertsonala arautzen duenean, ezarritako mugen barruan. Halaber, Agentziak berak lan-erregimenean kontratatutako gainerako langileen ordainsariak zehaztea.

  2. Agentziaren kode etikoa onartzea eta aldatzea, haren ekintzak objektiboak eta inpartzialak direla bermatzeko; kode horrek izaera etikoa izango du.

  1. Autonomia-erkidegoetako, Estatuko edo atzerriko beste agentzia batzuekin, ebaluatzeko, egiaztatzeko eta ziurtatzeko eginkizunak dituztenekin, lankidetzarako, elkarlanerako eta informazio-trukerako harremanak ezartzeko erabakiak onartzea, eta aipatutako erakunde horiekin hitzarmenak izenpetzeko baimena ematea.

  2. Aipatutako harreman eta truke horietatik sor daitezkeen akordioen eta hitzarmenen berri ematea euskal unibertsitate-sistemako unibertsitateei.

  3. Otsailaren 25eko 3/2004 Legearen, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzkoaren, 113. artikuluan aurreikusitako hitzarmena onartzea eta aldatzea, publiko ez diren unibertsitateetako irakasleak ebaluatzeari buruzkoa.

  4. Unibertsitateen alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailarekin programa-kontratua onartzea, bai eta horren aldaketak eta eranskinak ere, halakorik egonez gero, eta Agentziaren zuzendariak hori izenpetzeko baimena ematea.

  5. Ekainaren 28ko 13/2012 Legeak, Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziari buruzkoak, edo hori garatzeko araudiak ematen dion beste edozein eginkizun, bai eta Agentziako beste organo batzuei espresuki emanda ez dauden eta Agentziaren gobernurako ildo estrategikoekin lotuta dauden gainerako eginkizunak ere.

  1. Gobernu Kontseiluak urtean bi ohiko bilkura egingo ditu gutxienez. Agentziaren Gobernu Kontseiluak ohiz kanpoko bilera bat egin ahal izango du edozein unetan presidenteak hala erabakiz gero, edo kideen laurden batek edo zuzendariak hala eskatzen badu.

  2. Agentziako presidenteak deituko, zuzenduko, bertan behera utziko eta amaituko ditu bilerak, eta Gobernu Kontseiluaren deliberamenduetan erabakiak hartu beharko ditu, eta berdinketak haren kalitatezko botoarekin ebatzi beharko.

  3. Gobernu Kontseiluak presidenteorde bat izendatuko du haren kideen artean. Presidenteorde horrek presidentea ordeztuko du hura ez dagoenean, kargua hutsik dagoenean edo hura gaixo dagoenean. Gainera, idazkari bat ere izendatuko du; horrek Gobernu Kontseiluaren bileretako aktak egingo ditu eta presidentearen oniritziarekin izenpetuko du, dagozkion ziurtagiriak emango ditu eta kide anitzeko organoetako idazkariei dagozkien gainerako eginkizunak beteko ditu.

  4. Abokatu ahokulari batek parte hartu ahal izango du bileretan, hitza bai baina botorik gabe. Halaber, beste pertsona batzuek ere parte hartu ahal izango dute bilkuretan gai zehatzen inguruan informazioa edo aholkuak emateko, betiere, presidenteak edo zuzendariak proposatu badu edo Gobernu Kontseiluko lau kidek eskaria egin badute.

  5. Gobernu Kontseiluaren bilerak behar bezala eratuta egoteko, kontseiluburuaz eta idazkariaz edo horien ordezkoez gainera, kide guztien erdia gehi bat bertaratu beharko dira.

  6. Botoen gehiengoarekin onartuko dira akordioak, estatutuak aldatzekoak izan ezik; horretarako, Gobernu Kontseiluko kideen bi herenen berariazko adostasuna beharko da.

  7. Eguneko gai-zerrendan ez dauden gaiez ezin da baliozko erabakirik hartu, bileran kontseiluko kide guztiak ez badaude eta gehiengoaren aldeko botoaren bidez gaia presazko gaitzat jotzen ez bada behintzat.

  8. Estatutu hauetan edo ekainaren 28ko 13/2012 Legean, Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziari buruzkoan, xedatzen ez diren gaietarako, azaroaren 26ko 30/1992 Legean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoan, xedatutakoa hartuko da kontuan.

Aurreko artikuluan xedatutakoaz gainera, honako eginkizun hauek dagozkio Gobernu Kontseiluko presidenteari:

  1. Agentziaren xedeak, helburuak eta eginkizunak betetzen direla bermatzea.

  2. Agentziaren jardueraren berri ematea Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari.

  3. Gobernu Kontseiluak haren esku utzitako eginkizunez arduratzea.

  1. Agentziaren Gobernu Kontseiluak izendatuko du zuzendaria, presidenteak proposatuta, eta gaitasuna eta esperientzia kontuan hartuta. Lau urterako izendatuko da, eta izendapen hori beste aldi batez luzatzeko aukera egongo da, presidenteak hala proposatzen badu eta Agentziaren Gobernu Kontseilua ados baldin badago.

  2. Gobernu Kontseiluko presidenteak ezin izango du zuzendaria nahierara kargutik kendu haren agintaldia indarrean dagoen artean.

  3. Zuzendariak zuzendari-izaera galduko du honako arrazoi hauengatik:

    1. Haren agintaldia amaitzen bada.

    2. Karguari uko egiten badio.

    3. Ezintasun iraunkorra badu edo zendu egiten bada.

    4. Bateraezintasunen bat sortu bazaio.

    5. Eginkizunak eta lanak betetzen ez baditu modu larrian, behin eta berriz eta nahita.

  4. Agentziaren zuzendariaren kargua zuzenbide pribatuko erakunde publiko bateko zuzendari-karguaren mailako da, hortaz, zuzendaritza-erantzukizunak izango ditu eta dedikazio osoz eta esklusiboz bete beharko du postua. Otsailaren 23ko 130/1999 Dekretua izango zaio aplikagarri, zuzenbide pribatuko ente publikoetako eta sozietate publikoetako zuzendaritza-taldekideen estatutu pertsonala arautzen duena alegia.

  5. Honako hauek dira zuzendariaren eginkizunak:

    1. Agentzia zuzentzea esparru guztietan.

    2. Agentziaren ordezkari gisa jardutea.

    3. Agentziaren eskubideak eta interesak defendatzeko ekintzak, errekurtsoak eta erreklamazio judizialak eta administratiboak gauzatzea.

    4. Gobernu Kontseiluaren akordioak gauzatzea, Aholku Batzordearen gomendioen jarraipena egitea eta ebaluazio-batzordeen erabakiak aplikatzea.

    5. Aholku Batzordea osatzen duten pertsonak izendatzea eta kargutik kentzea, Gobernu Kontseiluaren iritzia entzun ostean, eta ebaluazio-batzordeetako kideak izendatzea eta kargutik kentzea, Aholku Batzordearen proposamenaren arabera.

    6. Aholku Batzordeko eta ebaluazio-batzordeetako kideen asistentzia-ordaina zehaztea.

    7. Agentziaren jarduera-programa eta zerbitzu-katalogoa proposatzea, eta Gobernu Kontseiluari aurkeztea hala badagokio onar dezan.

    8. Lanpostuen zerrenda proposatzea eta Agentziako bertako langileak eta langile atxikiak zuzentzea, kudeatzea eta gainbegiratzea.

    9. Urteko aurrekontuaren aurreproiektua eta horren aldaketak lantzea eta Gobernu Kontseiluari aurkeztea azter ditzan eta, hala badagokio, onar ditzan.

    10. Agentziaren kudeaketa ekonomikoa zuzentzea onartutako aurrekontuarekin bat.

    11. Agentziaren ondarea kudeatzea Gobernu Kontseiluaren jarraibideen arabera eta Gobernu Kontseiluak arlo horretan haren esku utziko dituen eginkizunen esparruan, betiere, azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, ezarritakoarekin bat etorriz. Agentziaren instalazioak eta ekipamenduak zaintzen eta mantentzen direla bermatzea.

    12. Kreditu- eta diruzaintza-eragiketak baimentzea dagokion ekitaldian.

    1. Organo kontratatzaile gisa dagozkion eskumenak erabiltzea, Gobernu Kontseiluak ezarritako mugen baitan. Estatutu hauetan eta ekainaren 28ko 13/2012 Legean, Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziari buruzkoan, aipatzen diren kontratuak eta lankidetza-hitzarmenak izenpetzea Agentziaren izenean.

    2. Lan-metodoak hobetzeko ahaleginak egitea eta horien kalitatea zaintzea, eta berrikuntza teknologikoak gauzatzea sustatzea.

    1. Gobernu Kontseiluari eta haren baitan eratutako batzordeei behar duten informazioa ematea haien eginkizunak behar bezala gauza ditzaten, eta zuzendariak egoki irizten dituen proposamenak egitea Agentziaren funtzionamendu egokia bermatze aldera.

    2. Unibertsitateen alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailarekiko programa-kontratuaren, aldaketen, eranskinen eta hitzarmen osagarrien aurreproiektua lantzea eta Gobernu Kontseiluari aurkeztea.

    3. Ekainaren 28ko 13/2012 Legeak, Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziari buruzkoak, edo hori garatzeko araudiak ematen dion beste edozein eginkizun, bai eta Agentziako beste organo batzuei espresuki emanda ez dauden eta Agentzia zuzentzearekin lotuta dauden gainerako eginkizunak ere.

Zuzendaria ez badago, postua hutsik badago edo zuzendaria gaixo badago, zuzendariaren albokoa arduratuko da haren eginkizun guztiez.

2. ATALA

ORGANO TEKNIKOAK

Agentziak honako organo tekniko hauek ditu:

  1. Aholku Batzordea.

  2. Ebaluazio-batzordeak.

  1. Honako hauek osatzen dute Aholku Batzordea: Agentziaren zuzendariak (batzordearen buru izango da) eta Agentziaren Zuzendariak izendatutako hamar pertsonak (unibertsitate- eta ebaluazio-esparruan ospe handia izango dute). Batzorde horretako kide gehienek euskal unibertsitate-sistematik kanpokoak izan behar dute, ikasle bat egongo da gutxienez, gutxienez kideetako hiruk Espainiatik kanpo lan egin behar dute, eta kideak aukeratzerakoan emakumeek eta gizonek presentzia orekatua izatea sustatuko da indarrean dagoen legediari jarraiki.

  2. Aholku Batzordeko kideak gehienez ere hiru urterako izendatuko dituzte. Batzorde horretako kideak berritzeko, bi urtean behin ehuneko berrogeita hamar aldatuko dituzte. Batzordeko kideek kide izateari utziko diote honako arrazoi hauengatik:

    1. Haien agintaldia amaitzen bada. Arrazoi horregatik uzten badiote Aholku Batzordeko kide izateari, jardunean jarraituko dute postua betetzeko beste pertsona bat izendatu arte.

    2. Karguari uko egiten badiote.

    3. Ezintasun iraunkorra badute edo zendu egiten badira.

    4. Bateraezintasunen bat sortu bazaie.

    5. Eginkizunak eta lanak betetzen ez badituzte modu larrian, behin eta berriz eta nahita.

  1. Aholku Batzordea izaera teknikoko kide anitzeko organoa da, eta Agentziaren jardueren kalitatea eta sinesgarritasuna bermatzea du helburu.

  2. Aholku Batzordeak Agentziak onartutako kode etikoaren arabera jardungo du, haren objektibotasuna eta inpartzialtasuna bermatuta gera daitezen.

  3. Honako eginkizun hauek beteko ditu Aholku Batzordeak:

    1. Gobernu Kontseiluari eta Agentziaren zuzendariari aholkuak ematea haien eginkizunen inguruan.

    2. Agentziak erabili beharreko ebaluazio-irizpideak eta protokoloak onartzea. Irizpide horiek objektiboak eta publikoak izan beharko dute, eta Goi Mailako Hezkuntzaren Europako Esparruan erabiltzen direnekin homologatzeko modukoak.

    3. Agentziaren zuzendariari proposamenak egitea ebaluazio-batzordeetako kideak izendatzeko eta, hala badagokio, kargutik kentzeko.

    4. Agentziaren zuzendariari eta Gobernu Kontseiluari aholkuak ematea estrategia-plana eta programa-kontratua lantzeko prozesuan, eta kontsultatutako beste edozein gairen inguruan.

    5. Ebaluatzeko, egiaztatzeko eta ziurtatzeko prozesuak inpartzialak eta objektiboak direla zaintzea.

    6. Ekainaren 28ko 13/2012 Legeak, Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziari buruzkoak, edo hori garatzeko araudiak ematen dion beste edozein eginkizun, bai eta Agentziako beste organo batzuei espresuki emanda ez dauden eta ebaluazio-prozesuekin lotuta dauden gainerako eginkizunak ere.

  1. Agentziaren zuzendaria izango da buru Aholku Batzordearen bileretan, eta horrek idazkari bat izendatuko du kideen artetik. Bilera horiek behar bezala eratuta geratuko dira aipatutako kargu horiez gainera kideen erdia gehi bat bertaratzen denean.

  2. Botoen gehiengoaren bidez adostuko dira Aholku Batzordearen akordioak, ebaluazio-batzordeetako kideak izendatzeko eta kargutik kentzeko erabakiak izan ezik; horretarako, batzordeko kideen bi herenen aldeko botoa beharko da.

  3. Agentziaren zuzendariak, prozedura batzuk bizkortzeko beharra ikusten badu, eta ekainaren 22ko 11/2007 Legean, Herritarren Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzkoan, xedatutakoarekin bat, batzordeko kideak fisikoki bildu gabe bilera egiteko eta akordioak adosteko erabakia hartu ahal izango du. Horretarako, sinadura elektronikoa erabiliko da, onartutako ziurtagiri batean oinarritutakoa eta sinadurak sortzeko gailu seguru baten bidez sortutakoa, Sinadura Elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legean xedatutakoaren arabera.

  1. Ebaluatzeko, egiaztatzeko eta ziurtatzeko eginkizunak betetzeko, Agentziak komunitate zientifikoaren laguntza eskatuko du ebaluazio-batzordeen bidez; jakintza-arloka edo espezialitateka edo gauzatu nahi den ebaluazio-prozesuaren zehaztasunen arabera eratuko dira horiek.

  2. Egin nahi den lanaren arabera erabakiko da zenbat kide izango dituen ebaluazio-batzorde bakoitzak. Edonola ere, emakumeek eta gizonek presentzia orekatua izatea sustatuko da, hau da, sexu bakoitzak % 40ko presentzia izango du gutxienez. Gainera, batzorde bakoitzeko kideetako bik gutxienez jakin beharko dute ebaluatuko den erabiltzailearen edo programaren hizkuntza.

  3. Honako hauek osatuko dituzte ebaluazio-batzordeak:

    1. Entzute handiko akademikoek. Euskal unibertsitate-sistematik kanpoko akademiko gehiago egongo da batzordeetan bertakoa baino.

    2. Ikasleengan eragin zuzena duten programetan eta jardueretan, ebaluatuko diren arloetako ikasleek; Euskadiko Unibertsitateko Ikasleen Aholku Batzordeak izendatuko ditu. Erakundeen eta irakaskuntzen ebaluazioetan parte hartuko dute ikasle horiek, baina ezin izango dute irakasleen eta ikertzaileen eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen ebaluazioetan parte hartu.

    3. Titulazioak ebaluatzeko programetan, ebaluatu beharreko arloetako profesional ospetsuek.

  4. Agentziaren zuzendariak izendatuko ditu ebaluazio-batzordeetako kideak, Aholku Batzordearen proposamenari jarraiki. Hiru urterako izendatuko dira, eta ezin izango dira berriz aukeratu kargua utzi zutenetik hiru urte igaro arte.

  5. Ebaluazio-batzordeetako kideek, izendatuak izan ostean, eta hala eskatzen badute, ebaluazio-eginkizuna gauzatzeko prestakuntza minimo espezifiko bat jasoko dute Agentziaren aldetik.

  6. Ebaluazio-batzordeetako kideek kide izateari utziko diote honako arrazoi hauengatik:

    1. Haien agintaldia amaitzen bada.

    2. Karguari uko egiten badiote.

    3. Ezintasun iraunkorra badute edo zendu egiten badira.

    4. Bateraezintasunen bat sortu bazaie.

    5. Eginkizunak eta lanak betetzen ez badituzte modu larrian, behin eta berriz eta nahita.

  1. Agentziaren zuzendariaren ebazpenen bidez formalizatuko dira ebaluatzeko, egiaztatzeko eta ziurtatzeko prozesuen emaitzak, dagokion ebaluazio-batzordeak txostena eman ostean. Botoen gehiengoarekin onartuko dira akordioak, eta eguneko gai-zerrendan ez dauden gaien inguruan akordioak adosteko, kontseiluko kide guztiek egon beharko dute bileran eta gehiengoaren aldeko botoaren bidez gaia presazko gaitzat jo beharko da.

    Agentziaren zuzendariak, prozedura batzuk bizkortzeko beharra ikusten badu, eta ekainaren 22ko 11/2007 Legean, Herritarren Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzkoan, xedatutakoarekin bat, batzordeko kideak fisikoki bildu gabe bilera egiteko eta akordioak adosteko erabakia hartu ahal izango du. Aurretik aztertu dituzten gaien inguruan erabakiak hartzeko eguna eta ordua zehaztuko da.

  2. Ebaluatzeko, egiaztatzeko eta ziurtatzeko prozesuei buruzko ebazpenak emateko eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da gehienez. Epe horretan ez bada berariazko ebazpenik eman, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoaren, 43. eta 44. artikuluetan xedatutakoa jarraituko da; hortaz, ikerketa-jardueraren egiaztapeneko, ordainsari osagarriak ezartzeko eta ebaluatzeko prozeduretan, eskabideak administrazioaren isiltasun bidez ezetsi egin direla ulertuko da.

  1. 13/2012 Legearen, ekainaren 28koaren, Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziari buruzkoaren, 11. artikuluaren arabera, honako langile hauek osatzen dute Agentzia:

    1. Agentziako bertako langileek; lan-zuzenbidearen arabera kontratatzen dira berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak errespetatuz.

    2. Agentziari atxikitako Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoko langileek eta Espainiako unibertsitate publikoetako langileek.

  2. Agentziako langile guztiak, horien izaera edo jatorria dena dela ere, zuzendariaren mende egongo dira funtzionalki.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako langileei aplikatzen zaizkien arauak aplikatuko zaizkie Agentziako langileei, haien lan-harremanaren izaera juridikoaren arabera.

  1. Agentziari atxikitako ondasunen eta eskubideen gainean jarraipena egingo da horien ondare-kontabilitatearen bitartez. Halaber, Agentzia lankidetzan arituko da Ogasun Saileko organo eskudunarekin inbentario orokorra egiteko.

  2. Edonola ere, Agentziak haren ondasunen eta eskubideen inbentarioa egin eta eguneratuta mantendu behar du, izaera kontsumigarrikoak alde batera utzita. Inbentarioa urtero egingo da abenduaren 31 erreferentzia gisa hartuta, eta Gobernu Kontseiluak onartu beharko du hurrengo ekitaldiko lehenengo hiruhilekoan.

Agentziak honako baliabide hauek izango ditu haren eginkizunak betetzeko:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan urtero harentzat esleituko diren kredituak, urte anitzeko programa-kontratu baten bidez ezarriko direnak.

  2. Haren ondareko produktuak eta errentak edo hari atxikita dauden ondasunak edo administratzen eta ustiatzen dituenak.

  3. Jasotzea dagozkion zuzenbide publikoko edo pribatuko sarrerak, eta haren jardueren ondorioz sortzen direnak.

  4. Beste erakunde publiko eta organismo edo pertsona pribatu batzuek ematen dizkioten diru-laguntzak, borondatezko ekarpenak eta dohaintzak.

  5. Eslei diezazkioketen gainerako baliabide ekonomikoak, arruntak edo ohiz kanpokoak.

  1. Agentziak unibertsitateen alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailarekin dituen harremanak urte anitzeko programa-kontratuen bidez gauzatzen dira jarduera gehienentzat.

  2. Programa-kontratuaren xedea da Agentziaren xede operatiboak zehaztea dagokion denbora-tarterako, hau da, zer jarduera eta zerbitzu gauzatu behar dituen, eta zer jarraipen-adierazle erabiliko diren xede bakoitzerako, urte anitzeko tarte baterako zehaztuta.

  3. Programa-kontratuak honako xede hauek ditu:

    1. Agentziaren eta unibertsitateen alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren sailaren arteko harremanak antolatzea. Bi alderdiek konpromisoak hartuko dituzte, eta Agentziak kontuak eman beharko dizkio aldizka Eusko Jaurlaritzari.

    2. Agentziaren helburu orokorrak adostea bien artean, euskal unibertsitate-sistemaren kalitatea bermatze aldera, eta hori guztia Agentziak haren eginkizunak gauzatzeko duen independentzia bermatuz.

    3. Agentziari haren lana gauzatzeko behar dituen bitartekoak ematea eta haren independentzia bermatzea; horretarako, urte anitzeko finantziazioa ziurtatu beharko du.

  4. Denbora-tarte osoko oinarrizko aurreikuspen ekonomikoak eta finantzarioak jaso behar ditu programa-kontratuak, zenbait urterako zehaztuta, Agentziak finantziazio egokia izango duela bermatzeko. Aurreikuspen horiek aldatu egin ahal izango dira helburuak aldatzen badira edo ohiz kanpoko jarduerak sortzen badira.

  5. Programa-kontratuak jarraipen-batzorde bat eratu beharko du proposatutako helburuak betetzen diren aztertzeko, eta beharrezko ikusten dituen aldaketak proposatzeko indarrean dagoen artean eta hurrengo programa-kontratuari dagokionez behin indarrean dagoena amaitzen denean.

  1. Ekainaren 28ko 13/2012 Legean, Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziari buruzkoan, xedatutakoaren arabera, zuzenbide pribatuko erakunde publikoei dagozkien arauak aplikatu behar zaizkio Agentziari, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren gaietan autonomia-erkidegoan dagoen legediarekin bat.

  2. Erakundeak ekonomia eta finantzei buruzko bere informazioa izango du, Kontabilitate Plan Orokorreko irizpideen arabera jasoko duena. Ekonomiari eta finantzei buruzko informazio hori, era berean, bat etorriko da Euskal Autonomia Erkidegoko kontrol- eta egonkortasun-arloko araudiak zuzenbide pribatuko erakunde publikoentzat xedatzen duenarekin.

  1. Indarren dagoen legediak ezarritako araubide orokorraren arabera gauzatuko da Agentziak haren eginkizunak betetzeko behar dituen ondasunak eta zerbitzuak kontratatzeko eta eskuratzeko prozedura, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoak haren eskumenen esparruan xedatuko dituen arauen arabera ere.

  2. Agentziaren zuzendaria izango da agentziaren kontratazio-organo.

  1. Agentziari aplikagarri zaion araubide juridikoak honako arau hauek barne hartzen ditu: 13/2012 Legean xedatutakoak, ekainaren 28koan, Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziari buruzkoan, estatutu hauek eta Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbide pribatuko erakunde publikoei aplikagarri zaizkien gainerako lege eta xedapen orokorrak.

  2. 13/2012 Legeak, ekainaren 28koak, Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziari buruzkoak, zuzenean ematen dizkion administrazio-ahalmenak eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak ematen dizkionak baliatuko ditu Agentziak.

  3. Agentziaren organoek haien administrazio-ahalmenak baliatuz emandako egintzak egintza administratibotzat jotzen dira; administrazio-bidea agortzen dute, eta horien kontra berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke nahi izanez gero, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke jurisdikzio eskumendunaren aurrean.

  4. Agentzian ematen diren administrazio-egintzak interesdunei jakinaraziko zaizkie, eta, hala badagokio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, legedi orokorrak horretarako ezartzen duenaren arabera.

  5. Jurisdikzio zibileko eta lan-jurisdikzioko bideetara jo aurretik erreklamazioak aurkeztekotan, Agentziaren zuzendariari igorri beharko zaizkio, eta horrek ebatzi beharko ditu.

  6. Azaroaren 26ko 30/1992 Legearen, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoaren, X. Tituluan, eta lege hori garatzeko araudian ezarritako ondare-erantzukizunaren araubidea aplikatuko zaio Agentziari. Agentziaren zuzendariak izango du horren kontra aurkeztutako ondare-erantzukizuneko erreklamazioak ebazteko eskumena.

  7. Haren egintza guztiak legezkoak direla zainduko duen aholkularitza juridikokoa izango du Agentziak.

  1. Datu pertsonalak babesteari buruzko indarreko legediak ezarritakoa bete behar du Agentziak haren eginkizunak gauzatzerakoan.

  2. Agentziak, haren eginkizunetarako behar dituen fitxategiak eta datu-baseak, datu pertsonalak dituztenak, sortu, mantendu, kudeatu eta aldatu edo ezabatu behar dituenean, arlo horretan indarrean dagoen legediak ezartzen dituen baldintzak eta betebeharrak bete behar ditu.

Agentziaren Gobernu Kontseiluak estatutuak aldatzeko nahi adina proposamen egin eta onartu ahal izango ditu Agentziari eragiten dioten lege-aldaketetara egokitzeko edo haren funtzionamendua hobetzeko. Gobernu Kontseiluko kideen bi herenen berariazko adostasuna beharko da estatutuak aldatzeko proposamen horiek onartzeko. Unibertsitateen alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren titularrari aurkeztuko zaizkio horrela onartutako proposamenak, eta horrek estatutuak aldatzea behin betiko onartzea proposatuko dio gobernuari; dekretu bidez gauzatuko da aldaketa.

Legez ezarritako moduan desegingo da Agentzia eta gauzatuko da dagokion likidazio-prozesua.