Arautegia

Inprimatu

11/2009 DEKRETUA, urtarrilaren 20koa, Gradu, Master eta Doktorego tituluak lortzeko gauzatu behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 20
  • Hurrenkera-zk.: 435
  • Xedapen-zk.: 11
  • Xedapen-data: 2009/01/20
  • Argitaratze-data: 2009/01/29

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Dekretu hau onartu egin da Autonomia Estatutuaren indarreko 16. artikuluak Euskal Erakundeei ematen dizkien eskumenen esparruaren barruan; baita Konstituzioaren lehen xedapen gehigarriarekin bat, unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoarekin bat, azken lege organiko hori aldatzen duen apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoarekin bat eta Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legearekin bat, hori guztia Konstituzioaren 27. artikulua eta berori garatzen duten Lege Organikoak nahiz aipatu berri dugun Legearen 149.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion eskumenak bazter utzi gabe.

Apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak, zeinak abenduaren 21eko 6/2001 Unibertsitateen Lege Organikoa aldatzen duen, ikasketa nahiz titulu unibertsitario ofizialen egituraketa berria ezarri du.

Aipatu berri dugun legearen 37. artikuluaren arabera, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuak unibertsitate-ikasketa ofizialen egitura garatu du, Goi Mailako Hezkuntzaren Europako Esparrutik eratorritako ildo orokorrekin bat. Horrez gain, Unibertsitateen, Ikastetxeen eta Tituluen Erregistroan jaso aurretik ikasketa-planek gainditu behar dituzten ziurtagiri- nahiz egiaztatze-prozedura, baldintzak eta zuzentarauak bildu ditu mintzagai dugun legeak. Zentzu horretan, mintzagai dugun legeak ezarri egin du ere unibertsitate mailako ikasketak Unibertsitateen, Ikastetxeen eta Tituluen Erregistroan sartu aurretik dagokion Autonomia Erkidegoak ikasketa horiek ezartzeko baimena eman behar duela.

Otsailaren 25eko 3/2004 Legearen III. Tituluko lehen kapituluak unibertsitateko irakaskuntzarekin zerikusia duten alderdiak arautu ditu. Lege horrek, beraz, honako alderdi hauei buruzko printzipio orokorrak ezarri ditu: unibertsitateko irakaskuntza, ikasketa-planak, Europako ikasketa esparrura egokitzea, goi-mailako hezkuntza bizitzan barrena eta ikasketa praktikoak gauzatzeko hitzarmenak.

Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza soziala duten unibertsitate guztiek Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Uniqual Agentziak aurrez eman behar duen txostena lortu behar dute. Dekretu hau medio, eta otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 48. eta 80.3.c) artikuluak betetze aldera, txosten hori lortzeko prozedura arautu da.

Arautu egin da ere Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateetan Gradu, Master eta Doktorego titulu ofizialak eskuratzeko gauzatu behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeko baimena emateko prozedura, hori guztia unibertsitateei buruzko 4/2007 Legeak aldatu duen 6/2001 Lege Organikoaren 35.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 62.2.d) artikuluan ezarritakoarekin bat eta 1393/2007 Errege Dekretuaren 3.3, 25. eta 26. artikuluetan ezarritakoarekin bat.

Azkenik, Unibertsitateen, Ikastetxeen eta Tituluen Erregistroan (RUCT) jaso zirenetik sei urte igaro diren ikasketa ofizialen ziurtagiriak lortzeko prozedura arautu da.

Aipatutakoa gogoan, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak hala proposaturik, Unibertsitateen Euskal Kontseiluak eta Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Batzordeak txostena igorririk, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2009ko urtarrilaren 20an egindako bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren, honakoa

Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza soziala duten unibertsitateek hainbat irizpide orokor izan beharko dituzte kontuan Gradu, Master eta Doktorego tituluak lortzeko gauzatu behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezarri edota ezabatzea eskatzeko. Dekretu honen xedea, hortaz, irizpide orokor horiek ezartzea da. Dekretu honen bidez, bidenabar, Euskal Herriko Unibertsitateak bete behar dituen irizpide zehatzak ezarriko dira.

Era berean, Dekretu honek ondoko prozedura hauek arautuko ditu: Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten unibertsitateetako ikasketa-planei buruz Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Uniqual Agentziak landu behar duen aurretiko txostenaren prozedura; Gradu, Master eta Doktorego titulu ofizialak lortzeko gauzatu behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeko baimena emateko prozedura; eta sei urtetan behin titulu horien egiaztagiriak lortzeko prozedura.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten unibertsitateek Gradu, Master eta Doktorego tituluak lortzeko gauzatu behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeko baimena eskatu eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak horretarako baimena ematen dienean, mintzagai dugun sailak eskaintzaren iraunkortasuna zaintzen ahaleginduko da. Eskaintza iraunkorra, beraz, gai izango da demografiaren, hezkuntzaren, lanaren eta Goi Mailako Hezkuntzaren Europako Esparruaren joerek egun ezarri dituzten eskakizunak asetzeko, baita Euskal Autonomia Erkidegoaren erronka estrategikoei aurre egiteko ere, bereziki, kalitatea ziurtatzeari lotutako erronkei.

  2. Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeko baimena emateko orduan, Euskal Unibertsitate Sistemaren eskaintza hartuko da kontuan. Hortaz, aurretik existitzen diren titulazioen irakaskuntza ez da baimenduko, betiere, behar bezala arrazoitzen ez bada.

  3. Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzea proposatzeko orduan, gizartearen nahiz ikasleen aldetik benetako eskaera dagoela hartuko da kontuan. Eskaera horrek kanpoko ikerketak eta bermeak izan behar ditu oinarri. Eskaera apala eduki arren Euskadiko gizartearen beharrak asetzeko beharrezkoak diren titulazioak Modu berezian aztertuko dira. Estreinakoz proposatu diren Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialen kasuan, ikasle berrien eskaera-aurreikuspenak antzerako titulazioetan azken ikasturteetan izan den eskaerari egin beharko dio erreferentzia.

  4. Proposatuko diren Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialek Euskadiko egitura ekonomikoa izan beharko dute kontuan eta Euskadiko lan-merkatuaren beharrei eta gaitasunei erreparatu. Horretarako, titulazio bakoitzean batzorde bat sortu beharko da. Batzorde horren bidez enplegu-emaileekin eta, oro har, titulazioarentzat garrantzitsua den inguru ekonomiko eta profesionalarekin dialogo irekia ahalbidetuko da.

  5. Unibertsitateek, eskura dituzten finantza- nahiz giza baliabideak kontuan harturik, proposatu duten titulazioaren bideragarritasuna egiaztatu beharko dute.

  1. Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak definitzeko eta antolatzeko, Goi Mailako Hezkuntzaren Europako Esparruaren inspirazio iturri diren printzipioak nahiz irizpideak hartu beharko dira oinarri.

  2. Ikasketa-programaren helburuak betetzeko ikasleak egin behar duen lan-kopurua neurtzeko, European Credit Transfer System (ECTS) aplikatuko da. Neurri-unitate horretan ikasketa teorikoak eta praktikoak bilduko dira, baita beste hainbat jarduera akademiko zuzendu ere. Horrez gain, ikasketa-planeko ikasgai bakoitzaren berezko prestakuntza-helburuak lortzeko ikasleek egin beharko dituzten ikasketa- nahiz lan-orduen kopurua zehaztuko da.

  3. Irakaste metodologietan aldaketa sustatuko da. Metodologia berrien ardatza ikasleen ikasketa-prozesua izango da, bizitza osoan luzatuko dena. Hainbat kontu uztartuko dituen eredua izango da: ikaskuntza teorikoa, praktikak egitea, mintegiak, irakurketa osagarriak, eta bestelako ikasketa-bideak. Eredu berri horrek, halaber, aurrez aurreko irakaskuntza nahiz urrutiko irakaskuntza uztartuko ditu.

  4. Arreta berezia jarri beharko zaio Goi Mailako Hezkuntzaren Europako Esparruan ikasleen, irakasleen nahiz administrazioko zein zerbitzuetako langileen mugikortasuna sustatzeari.

Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialei buruzko proposamenek emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuna sustatuko dute irakaskuntzan. Horrez gain, sexuen arabera ezagutzaren eremu eta diziplina guztietan ikasleek modu parekatuan parte hartzea suspertuko dute.

Era berean, irakaskuntzan nahiz ezagutzaren alor desberdinen gaineko ikerketa-lanetan genero-ikuspegia integratzea zainduko dute, baita hizkuntza modu sexistan ez erabiltzea, gizatasuna garatzeko emakumezkoek egin duten ekarpen soziala nahiz historikoa eta emakumezkoen ezagutza barneratzea ere.

  1. Graduko unibertsitate-ikasketa ofizial guztien irakasgai ardatzak eta derrigorrezko ikasgaiak euskaraz eta gaztelaniaz eskaini ahal izango dira, baita berorien ikasketa-planak ere.

  2. Graduko unibertsitate-ikasketa ofizialak Goi Mailako Hezkuntzaren Europako Esparruaren araberako konfigurazioarekin bat ezarrita dauden unetik aurrera, Master eta Doktoregoko ikasketak berdintsu eskainiko dira euskaraz eta gaztelaniaz.

  3. Funts publikoekin finantzaturiko Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzean, euskara taldeak ezartzeko irizpidea lehenetsiko da.

Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialek, titulazioaren gaitasun orokorren artean, hirugarren hizkuntza ezagutu beharra aurreikusiko dute. Hirugarren hizkuntza hori ingelesa izango da nagusiki, hizkuntza horretan garatzen baita zientzia. Frantsesa eta alemana izango dira ingelesaren ordezko hirugarren hizkuntzak.

Hizkuntza horiek unibertsitateko jarduera akademikoetan erabiliko dira, maila egokian eta tituludunek tituluetan izango dituzten beharrekin bat. Mintzagai dugun ikaskuntza erraztuko duten mekanismoak nahiz aurreikusi diren ebaluatzeko moduak zehaztuko dira.

  1. Goizegi eta behar baino gehiago espezializatzea saihestuko da. Hori dela eta, eredu jakin bat oinarri hartu eta ikasketak egituratzea komeni da. Lehen urteetan karrera desberdinek komunean dituzten ikasgaiak ezarriko dira. Ikasketen azken urteetan, aitzitik, dibertsifikazio egokia ezarriko da. Horrela, ikasleek egoki deritzeten aukerak hautatu ahal izango dituzte eta, horrenbestez, baliabideen erabilera eraginkorragoa izango da.

  2. Gradu, Master eta Doktoregoaren arteko lotura egoki planeatu beharko da. Titulazioek hainbat prestakuntza-bide eskaini ahal izango dituzte. Titulazioek, hortaz, hasiera batean Graduan espezializatzeko aukera eman dezakete eta, ondoren, Masterrean espezializazio maila profesionalagoa edo ikertzaileagoa lantzea ahalbidetu.

Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialek, betiere, gizartearen, ikasleen eta ingurune ekonomiko nahiz profesionalaren eskaeretan aldaketa nabariak gertatuz gero, aldian aldiro titulazioa berrikusteko aukera ematen duten mekanismoak deskribatu beharko dituzte (plazen kopurua handitzea edo murriztea, prestakuntza eskaintza dibertsifikatzea edo titulazioa kentzea).

Unibertsitateek Informazioaren eta Komunikazioen Teknologien (IKTn) ikaskuntza sustatu beharko dute. Teknologia horiek garrantzi handiko aldaketa kualitatiboak eragingo dituzte unibertsitateak betetzen dituen funtzioetan: prestakuntzan, ikerkuntzan eta gizarteari zerbitzuak eskaintzearen gain.

Egoki funtziona dezaten, Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialek kalitatea bermatzeko sistemak aurreikusi beharko dituzte. Zentzu horretan, sei urtean behin tituluak ziurtatzea erraztuko duten irizpideak, prozesuak eta mekanismoak zehaztuko dira.

Ikastetxeak eta Euskal Herriko Unibertsitatea osatzen duten hiru campusak bateratu behar dira. Behar bezala arrazoitu ezean, ez dira baimenduko beste campusetan eskaintzen diren Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak.

Graduko unibertsitate-ikasketa ofizialek erakutsi beharko dute, gutxi gorabehera bederen, ikasketa proposatuan 80 ikasle berri inguruk parte hartuko dutela, inoiz ez 30 ikasle baino gutxiagok. Kasu salbuetsiak berariaz arrazoitu beharko dira. Ondorio horietarako, hainbat campusetan ematen diren unibertsitate-ikasketa ofizialak elkarren independente direla joko da.

Graduko unibertsitate-ikasketa ofizialen kasuan, zeinen irakasgai ardatzak eta derrigorrezko ikasgaiak euskaraz emango diren, ikaskuntza proposatuak 30 ikasle berri inguru izango ditu, inoiz ez 20 baino gutxiago. Kasu salbuetsiak berariaz arrazoitu beharko dira.

  1. Unibertsitateak onetsitako aurrekontuen kargura finantzatuko da Euskal Herriko Unibertsitatean ikasketa berriak ezartzea.

  2. Euskal Herriko Unibertsitateak txosten ekonomiko xehatua aurkeztu beharko du sustatu nahi duen titulazio bakoitzeko. Txostenean honakoak jasoko dira: azpiegitura materialari buruzko datuak, irakasle-baliabideak, ikerlari-baliabideak, administrazioko nahiz zerbitzuetako langileei buruzko datuak, eta finantzazio-iturri desberdinak.

  1. Unibertsitate Kontseiluak ikasketa-planak egiaztatzea eskatu aurretik, Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Uniqual Agentziak aurretiko txostena egingo du.

  2. Aurretiko txostenaren funtzio nagusia Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizial proposatuak egokiak diren informatzea da. Horretarako, hainbat alderdi aztertuko dira, hala nola: helburuen egokitasuna, prestakuntza-programaren egokitasuna, prestakuntza-programaren koherentzia, kudeaketa eta antolakuntzaren eraginkortasuna, prestakuntzarako laguntza-baliabideen egokitasuna eta kalitate-sistemaren eraginkortasuna.

  3. Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Uniqual Agentziaren administrazioko kontseiluak aipatu berri dugun aurretiko txostena lantzeko erabiliko diren ebaluazio-irizpideak landu eta onetsi beharko ditu eskuarki, betiere, Dekretu honen eranskinean aipatzen diren irizpideak kontuan harturik.

  4. Ikasketa-planei buruzko aurretiko-txostenaren eskabidea Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Uniqual Agentzian, aurkeztu beharko da.

  5. Eskabidearekin batera honako dokumentu hauek, originalak nahiz kopia konpultsatuak, eman beharko dira:

    1. Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizial proposatuei buruzko txosten justifikatzailea. Dekretu honen eranskinean azalduko diren irizpideekin bat, txosten horretan honako alderdi hauek jaso behar dira:

      Titulu ofiziala izateko gauzatu behar den ikasketa-planaren justifikazioa.

      Prestakuntza-programa.

      Antolaketa akademikoa.

      Eskura dauden baliabideak.

      Kalitatea bermatzeko sistemak.

      Txosten ekonomikoa: unibertsitate-ikasketa ofizialei loturiko diru-sarrerak, gastuak eta inbertsioak.

    2. Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak nazioko nahiz atzerriko unibertsitateekin batera antolatzen badira, haiekin batera ikasketa horiek antolatzeko hitzarmena. Hitzarmen horretan zehaztu beharra dago, gutxienez, zer unibertsitatek izango duen ikasleen espedienteak gordetzeko eta titulua igortzeko nahiz erregistratzeko ardura. Zehaztu beharra dago ere ikasketa-planak aldatzeko edo ezabatzeko zer prozedura erabiliko den. Atzerriko unibertsitateekin hitzarmenak harturik badaude, Euskal Herriko Unibertsitateak zainduko ditu beti berak igorritako tituluak.

      Eskabidea aurkezteko unean arestian aipatu ditugun hitzarmenak formalizaturik ez badaude, agiri bat erantsi beharra dago zeinean zehaztu egingo den unibertsitate eskatzailearekin bat hitzarmena sinatuko duen unibertsitateek laguntzeko asmoa dutela. Edonola ere, aipatu berri ditugun hitzarmenak ikasketei ekin aurretik sinatu beharko dira.

  6. Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Uniqual Agentziak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari nahiz Unibertsitateei jakinaraziko die zein izan den ebaluazio gauzatuaren emaitza. Horrez gain, epe zehatz bat ezarriko du unibertsitateek egoki deritzotena alegatu edota zuzendu dezaten.

  7. Aurkeztu diren alegazioak eta agiriak azterturik, Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Uniqual Agentziak behin betiko aurretiko txostenak landuko ditu eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari nahiz Unibertsitate eskatzaileei bidaliko dizkie.

  8. Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Uniqual Agentziak landu duen aurretiko txostena aldekoa bada, unibertsitateek aldi berean bidaliko diete espedientea bai Gizarte Kontseiluari -edo, unibertsitate pribatuen kasuan, unibertsitate pribatuko organo eskumendunari- baita Unibertsitate Kontseiluari ere, bietan lehenak aurretiko txostena onetsi dezan eta bigarrenak, aldiz, txostena egiaztatu.

  9. Aurretiko txostena aldekoa izan ez bada, unibertsitateek aurretiko txostena eskatzeko prozedurari berriz ekin beharko diote, Euskal Autonomia Erkidegoak mintzagai dugun txostena ez duen bitartean, ez baita ikasketak ezartzeko baimenik emango.

  1. Unibertsitate Kontseiluak aldeko egiaztapenaren ebazpena eman ondoren, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren agindu-proposamena landuko du. Agindu horren bidez Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeko baimena emango da. Aipatutako agindua Unibertsitateen Euskal Kontseiluari aurkeztuko zaio haren berri izan eta ezagutu dezan. Euskal Herriko Unibertsitatearen kasuan, mintzagai dugun agindua Unibertsitateko Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluari ere helaraziko zaio.

  2. Unibertsitateari nahiz unibertsitate gaietan eskumena duen ministerioari Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren baimen-ebazpenaren berri emango zaie.

  3. Unibertsitateak Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizial baimenduen ikasketa-plana argitaratuko du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian nahiz Estatuko Aldizkari Ofizialean.

  1. Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialek, egiaztagiria zaintze aldera, egiaztatze-prozesua bete beharko dute sei urtean behin. Sei urteko epe hori ikasketak RUCTen erregistratu diren egunetik aurrera zenbatzen hasiko da.

  2. Aldeko egiaztatze-txostena eskuratzeko, dagokion ikasketa-plana hasierako proiektuarekin bat etorriz gauzatzen ari dela egiaztatu beharko da. Horretarako, ebaluazio bat egingo da zeinaren bidez kanpokoek erakundera bisita egingo duten beti.

  3. Unibertsitate Politikari buruzko Konferentzia Orokorrak, egiaztatze-prozeduran erabiltze aldera, onetsi egingo ditu Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalaren (ANECAren) nahiz Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Uniqual Agentziaren arteko koordinazioari, elkarlanari eta elkar aintzatesteari buruzko irizpideak.

  4. Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Uniqual Agentziak jarraitu egingo ditu Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza soziala duten unibertsitate guztien Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak, egiaztagiriak berritzeko ebaluazioa egiteko unea iritsi arte.

  1. Dekretu honetan aipatu diren Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate-titulu ofizialak lortzeko gauzatu behar diren ikasketa-planen aldaketak unibertsitateek onetsi beharko dituzte. Aldaketa horiek unibertsitateen estatutu edo antolakuntza- eta funtzionamendu-arauetan ezarri bezala onetsi behar dira. Unibertsitate Kontseiluari jakinarazpena helarazi aurretik, mintzagai ditugun aldaketak Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Uniqual Agentziari bidaliko zaizkio. Azken agentzia horrek dagokion txostena eman beharko du hiru hilabeteko epearen barruan.

  2. Dekretu honetako 17. artikuluan aurreikusi den egiaztatze-prozesua gainditzen ez badu, ikasketa plana ezabatutzat joko da. Hori gertatzean, unibertsitate gaietan eskumena duen ministerioari txostenaren berri emango dio RUCTetik titulua kendu eta, ondorioz, tituluak ofizialtasuna gal dezan.

  3. Unibertsitateek Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialei ekin dieten ikasleei ikasketa horiek amaitzeko aukera bermatu beharko diete.

Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeko baimena eman ondoren baimena eskatzean unibertsitateak bere gain hartu zituen konpromisoetako nahiz baldintzetako bat betetzen ez duela jakinez gero, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak halaxe jakinaraziko dio dagokion unibertsitateari aipatu berri ditugun hutsegiteak konpon ditzan. Hori egin ondoren hutsegiteek bere horretan jarraitzen badute, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak 17. artikuluan araututako prozedurari ekingo dio.

Lehenengoa. Ohiz kanpoko finantzazioa.

Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialen bat ezartzearen ondorioz Euskal Herriko Unibertsitateak langile gehiago edota baliabide material gehiago behar baditu, halaxe jaso beharko da txosten ekonomikoan. Horrez gain, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari nahitaezko baimena eskatu beharko zaio.

Bigarrena. Eliza Katolikoaren Unibertsitateen finantzazioa.

Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak arautzen dituen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuko seigarren xedapen gehigarriaren arabera, mintzagai ditugun ikasketak gauzatu nahiz Graduatu, Unibertsitateko Master edota Doktore titulu ofizialak lortzeko eta emateko orduan, Eliza Katolikoaren Unibertsitateek Estatu Espainolaren eta Vatikanoaren arteko 1979ko urtarrilaren 3ko Hitzarmenean xedatutakoa beteko dute.

Nolanahi ere, hala nahi duten Eliza Katolikoaren Unibertsitateek ikasketa-planei buruzko Uniqualen aurretiko txostena lortzeko prozedurari hel diezaiokete, indarrean dauden araudiekin bat aplika dakiekeena bazter utzi gabe. Aurretiko txosten hori Dekretu honen 15. artikuluan arautu da.

Era berean, haien titulu ofizialen egiaztagiriak berritze asmoz, Eliza Katolikoaren unibertsitateek ebaluazio prozedura gainditu beharko dute sei urtean behin, RUCTen erregistratu ziren egunetik zenbatzen hasita eta Dekretu honen 17. artikuluan ezarri diren baldintzetan.

INDARGABETZE XEDAPENA

294/1999 Dekretua, uztailaren 20koa, Euskal Herriko Unibertsitatean titulazio berriak ezartzea eta dauden titulazioak aldatu eta kentzea arautzen duena, indargabeturik dago une honetatik aurrera.

Lehenengoa. Unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzea.

Orokorrean, tituluak lortzeko urte akademiko jakin batean ezarri nahi diren Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialen eskabide-espedienteak Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Uniqual Agentziari aurkeztu beharko zaizkio aurreko urteko azaroaren 1a baino lehen.

Bigarrena. Indarrean sartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2009ko urtarrilaren 20an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.

  1. Titulu ofizial bat izateko gauzatu behar den ikasketa-planaren justifikazioa.

    Titulu ofiziala Gradu, Master eta Doktorego prestakuntza-mailetara egokitzea.

    Estatuko edo nazioarteko beste unibertsitate batzuetan antzerako tituluak lortzeko unibertsitate-ikasketa ofizialak egotea.

    Eskaeraren aurreikuspena.

    Titulu ofizialaren prestakuntza-alorrean dagoen eskaintza.

    Titulu ofizialaren ingurune sozialaren, produktiboaren nahiz zientifikoaren garrantzia.

    Titulu ofizialaren esparru akademiko/profesional berean unibertsitateak duen irakaste-esperientzia.

    Titulu ofizialaren esparru zientifiko berean unibertsitateak duen ikerketa-esperientzia.

  2. Prestakuntza-programa.

    Prestakuntza-profila (gaitasun espezifikoak eta zeharkako gaitasunak).

    Sartuko diren ikasleen ezaugarriak; ikasleei eskatuko zaien aurretiko prestakuntza; ikasleak onartzeko irizpideak eta merituak balioesteko irizpideak.

    Ikasketen egitura eta antolakuntza: Gaitasun espezifikoak eta zeharkako gaitasunak; ikaskuntzaren helburu espezifikoak; ECTS (European Credit Transfer System) kredituak; metodologia; irakasketa/ikasketa-prozesuaren ebaluazioa; eta abar. Egoki balitz, curriculumaren modulukako egitura.

    Bide edo espezialitateak proposatuko badira, haien justifikazioa ebaluatuko da, baita haiek lortzeko baldintza akademikoak ere. Beste ikastetxe edo erakunde kolaboratzaileetan garatu beharreko prestakuntza-jardueren kasuan, helburuak eta baldintzak ebaluatuko dira. Master eta Doktoregoko tituluak lortzeko gauzatu behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialen kasuan, honako hauek ebaluatuko dira:

    Ikerketa-ildo espezifikoak.

    Tesiak, tesinak eta lanak zuzentzeko irizpideak.

    Hala badagokio, mintegiak, ikastaro metodologikoak edota bestelako prestakuntza-jarduera programatuak.

    Genero ikuspegia nola integratu den ebaluatuko da.

    Euskarazko irakasgaien eta kredituen eskaintza ebaluatuko da.

    Unibertsitate-ikasketa ofizialetan hirugarren hizkuntzaren sustapena ebaluatuko da.

  3. Antolaketa akademikoa.

    Koordinazio akademikorako organoen egitura eta konposizioa. Genero ikuspegia zer neurritan integratu den ebaluatuko da.

    Irakasleen nahiz ikasleen mugikortasuna planeatu eta kudeatzea.

    Aurretiko prestakuntza aintzatesteko eta baliozkotzeko irizpideak.

  4. Eskura dauden baliabideak.

    Irakasleen nahiz ikerlarien ezaugarriak: prestakuntza-programan parte hartzen duten irakasleak eta ikerlariak, unibertsitatez kanpoko profesionalak barne. Genero ikuspegia nola integratu den ebaluatuko da.

    Baliabide materialak: eskura dauden ekipamenduak eta azpiegiturak (IKTk, laborategiak, liburutegiak, baliabide dokumentalak, eta abar).

  5. Kalitatea bermatzeko sistema.

    Jarraipenaz arduratuko den organoa eta unibertsitate-ikasketa ofizial proposatuaren kalitate-bermea.

    Kalitatea bermatzeko mekanismo eta prozedura zehatzak:

    Titulu ofiziala ebaluatzeko eta berrikusteko prozedurak.

    Ikasleen iradokizunak eta kexak hartzeko prozedurak.

    Tituludunak lan merkatuan sartzeko dituzten aukerak aztertzeko (epe ertainera nahiz luzera) eta jaso duten prestakuntzarekiko ikasleen asebetetze-maila neurtzeko prozedurak.

    Genero ikuspegiaren barneraketa aztertzeko prozedura.

    Unibertsitate-ikasketa ofiziala eteteko edo ezabatzeko irizpide zehatzak.

    Ikaskuntza babesteko sistemak, orientazio-sistemak eta tutoretza-sistemak.

    Unibertsitate-ikasketa ofiziala publikoki aditzera emateko eta hari buruzko informazioa zabaltzeko sistemak.

  6. Txosten ekonomikoa: unibertsitate-ikasketa ofizialei loturiko diru-sarrerak, gastuak eta inbertsioak.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (12)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.