Arautegia

Inprimatu

164/2008 DEKRETUA, irailaren 30koa, Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekiko mendekotasun organikoa duten fundazio zein elkarteentzako diru-laguntzak emateko modua arautzen duena

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 193
  • Hurrenkera-zk.: 5607
  • Xedapen-zk.: 164
  • Xedapen-data: 2008/09/30
  • Argitaratze-data: 2008/10/09

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Indarrean dagoen ordenamendu juridikoak euskal administrazio publikoei fundazioak eta elkarteak sustatzeko, laguntzeko eta koordinatzeko funtzioak esleitzen dizkie, administrazio publiko horien eskumenen barruan, betiere fundazioen eta elkarteen helburuak aintzakotzat hartuta. Alde horretatik, alderdi politikoekiko mendekotasun organikoa duten fundazio eta elkarteek herritarren pentsamendu politikoa, soziala eta kulturala mamitzen eta garatzen laguntzen dute, beren jardueraren bitartez.

Erakunde horiek bultzatzen dituzten jarduerak askotarikoak izan daitezke eta, beraz, jarduerok horiek burutzeari zuzen-zuzen loturiko funtzionamendu-gastuak barne modu generiko batez susta daitezke, halako bide espezifikoen bitartez, nahiz eta jarduera horietako zenbait sustapen-programa jakin batzuen barruan egokitu ahal diren.

Esandako guztiagatik, beharrezkoa da prozedura orokor bat ezartzea, diru-laguntzen esparruan indarrean dagoen araudiarekin bat, erakunde horien jarduerak sustatzeko baliabideak nola banatu behar diren finkatzeko, betiere publizitate-, lehia- eta objektibotasun-printzipioak bermatuta.

Ondorioz, Kultura sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2008ko irailaren 30eko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

  1. Honako dekretu honen xedea hauxe da: Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekiko mendekotasun organikoa duten fundazio zein elkarteentzako diru-laguntzak emateko modua arautzea.

    Diru-laguntzak pentsamendu politikoa eta soziala ikertzea edo garatzea xede duten programak edo jarduerak gauzatzeko zein kultur arloko programa edo jarduera hutsak burutzeko izango dira.

  2. Dekretu honen helburua gauzatzera zuzentzen diren baliabide ekonomikoek Euskal Autonomia Erkidegoko urteroko Aurrekontu Orokorretan ondorio horietarako ezarritako bidezko aurrekontu-kredituetan izango dute jatorria. Kreditu horiek gehitu ahal izango dira lehen xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

  1. Honako dekretu honek finkatzen dituen diru-laguntzak Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoekiko mendekotasun organikoa duten fundazio zein elkarteek jaso ahal izango dituzte, baldin eta euren interes orokorreko helburuen artean kultur jarduerak garatzea badago eta, azkenik, hurrengo artikuluak aipatzen dituen jardueretako bat edo gehiago garatzen badute.

    Lurralde-esparruari dagokionez, honako dekretu honetara aurkeztuko diren programak edo jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoan bertan garatu beharko dira edo, besterik ezean, bertatik landa, baldin eta euren xede nagusia euskal pentsamendu politikoa eta soziala zein euskal kulturaren edozein adierazpen sustatzea bada.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zehatzeko prozeduraren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozedura hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

  3. Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politiko berarekiko mendekotasun organikoa izan ditzaketen entitateen kasuan, horietako bakar bat baino ezingo da bildu deialdi honetara.

  4. Laguntza-deialdi honetara ezin izango dira aurkeztu sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko zehapen administratibo edo penala jasotako entitateak, ez eta otsailaren 18ko 4/2005 Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea dela bide debeku horrekin zigortutakoak ere, betiere kasuan kasuko zehapenak ezarritako epean.

  1. Pentsamendu politikoa eta soziala ikertzea edo garatzea xede duten programak edo jarduerak zein kultur arloko programa edo jarduera hutsak laguntzagai izan ahalko dira.

    Diruz lagundutako programak edo jarduerak burutzeari zuzen eta estu loturiko funtzionamendu-gastuen finantziazioa ere hartuko ditu bere baitan kasuan kasuko diru-laguntzaren zenbatekoak.

  2. Nolanahi ere, jarduerok kasuan kasuko aurrekontu-ekitaldiaren barnean gauzatu beharko dira.

  3. Orokorki, jarraian aipatzen diren gastuak ezingo dira diruz lagundu:

    1. Higiezinetan egindako edozein eratako obrek sortarazitakoak.

    2. Ekipamenduetan egindakoak makineriaren, altzarien, informatika ekipoen, zein garraio-elementuen erosketa eta, orokorki, entitate onuradunaren ondasuna gehitu dezaketen bestelakoak.

    3. Amortizazio-gastuak.

    4. Zerga-gastuak.

    5. Irakasleen, hizlarien zein txostengileen ordainsari profesionalak, betiere diru-jasotzailea lagundutako fundazio zein elkarte onuradunaren zuzendaritzako kidea denean.

  4. Protokolo- eta ordezkatze-gastuak ontzat eman ahal izateko, diru-laguntzaren xede duen jarduerarekiko erlazio zuzen-zuzena egiaztatzea nahitaezko baldintza da eta, inola ere, ezingo dira esleitutako diru-laguntzaren % 5etik gorakoak izan.

  5. Halaber, jarraian azaltzen diren programak edo jarduerak ere dekretu honen aplikazio-eremutik kanpo geratzen dira:

    1. Aurrekontuari begira, honako zirkunstantzia honekin bat datozenak:

      [(I-SC) x 100]/G < 30

      non,

      I = guztizko diru-sarrerak.

      SC = kultura Sailari eskatutako diru-kopurua.

      G = guztizko diru-irteerak.

      Hots, % 30etik beherako finantziazio-maila dutenak. Dekretu honi begira, hona zer ulertzen den finantziazio-mailatzat: kasuan kasuko entitate eskatzailearen diru-ekarpenaz gain, horrek iturri publiko zein pribatuetatik ere eskuratzea aurreikusten duena, honako dekretu honen babesean Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailari eskatzen zaion diru-kopurua kanpo geratzen delarik.

    2. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea beterik, sexu bien arteko trataera berdintasuna bermatzen ez dutenak.

Dekretu honetan arautzen diren diru-laguntzak kudeatzeko ardura Kultura Saileko Zerbitzu Zuzendaritzarena izango da.

Dekretu honetan arautzen diren diru-laguntzetara biltzeko deialdia urtean urteko ekitaldi ekonomikoan egin eta jakinaraziko da, Kultura sailburuaren agindu bidez. Deialdi honetan honako gai hauek zehaztuko dira:

  1. Konbokaturiko diru-laguntzak finantzatzeko aurrekontuko zuzkidura.

  2. Aurkeztutako programak edo jarduerak burutzeko epea.

  3. Eskabideak aurkezteko tokia eta epea.

  4. Entitate eskatzaile orok aurkeztu beharreko dokumentazioa.

  5. Kasuan kasu esleitutako diru-laguntza justifikatzeko epea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

  1. Zerbitzu Zuzendaritza kasuan kasuko eskabideak akatsen bat duela edo osatugabea dela ohartuz gero, zuzendaritzak berak eskabidea egin duen entitate interesdunari akatsa zuzen dezala edota falta den dokumentazioa bidal dezala eskatuko dio idatziz, eta horretarako hamar eguneko epea emango dio. Horretaz gain, eskaera egin duen entitate interesdunari igortzen zaion jakinarazpen-idazkian honako hau ere adieraziko zaio: eskatutakoa ezarritako epean aurkeztu ezik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. eta 71. artikuluetan ezarritakoaren arabera dagokion ebazpena eman ondoren, entitate interesdunak eskabidearen tramitazioan atzera egin duela ulertuko dela.

  2. Atzera egin izanaren berariazko ebazpena aurreko puntuan adierazitako epea bukatzen den egunaren biharamunetik hilabeteko epean jakinaraziko zaio entitate interesdunari.

  1. Dekretu honek ezartzen dituen diru-laguntzak emateko prozedura lehiaketa izango da. Horretarako, hots, eskariak hurrenkera jakin batean jartzeko, aurkeztutako eskabide guztiak elkarrekin alderatuko dira, baina betiere 9. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideak kontuan harturik.

  2. Kasuan kasuko diru-laguntzaren zenbatekoa finkatzeko, deialdiarentzat izendatutako gehienezko diru kopurua ontzat emandako eskabideen artean modu zuzenki proportzionalean banatuko du balorazio-batzordeak. Aipatutako diru-banaketa kasuan kasu lortutako puntuazioaren eta eskatutako diru kopuruaren arabera egingo da, horretarako honako formula hau erabiliz:

    S1 = (E1 X P1)/100

    non,

    Si = programa edo jardueretako bakoitzari dagokion behin betiko diru-laguntzaren zenbatekoa.

    Ei = kasuan kasu eskatutako diru-laguntzaren zenbatekoa.

    Pi = batzordeak programa edo jardueretako bakoitzari emandako puntuazioa.

  3. Aurreko atalean esandako moduan kalkulatutako diru-laguntzen baturak aurrekontuaren muga gainditzen badu, kasuan kasu eman beharreko diru-kopurua honela kalkulatuko da:

    non,

    Si = aurreko formularen arabera programa edo jardueretako bakoitzari dagokion behin-behineko diru-laguntzaren zenbatekoa.

    Si = programa edo jardueretako bakoitzari dagokion behin betiko diru-laguntzaren zenbatekoa.

    D = diruz lagundutako programa edo jardueren artean banatu beharreko zenbatekoa.

  1. Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat osatuko da jarraian azaltzen de moduan:

    1. Kultura Saileko Zerbitzu zuzendaria, batzordeburua izango dena.

    2. Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria edo, horren ordez, erakunde autonomiadun bereko teknikari bat, zuzendariak izendatua.

    3. Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Azterlan eta Lege Araubide zuzendaria edo, horren ordez, zuzendaritza bereko teknikari bat, zuzendariak izendatua.

    4. Kultura Sustatzeko zuzendaria edo, horren ordez, zuzendaritza bereko teknikari bat, zuzendariak izendatua.

    5. Zerbitzu Zuzendaritzako teknikari bat, zuzendariak izendatua. Idazkaritza lanetan jardungo duen teknikari honek hitza izango du baina botorik ez.

  2. Lehenengo bilera egin aurretik, batzordea osatzen duten kideen izendapena jendaurrean jakinaraziko da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Zerbitzu zuzendariaren ebazpen baten bidez. Hartara, entitate interesatu orok Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 29. artikuluan jasotako eskubideak erabili ahalko ditu.

  3. Berariaz prestatutako ebazpen-proposamena egingo dio Batzordeak Kultura sailburuari, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta handik hiru hilabeteko epean. Proposamen horrek honako aspektu hauek zehaztuko ditu:

    1. Entitate onuradunen zerrenda, diruz lagundutako programak edo jarduerak eta kasuan kasuko diru-laguntzaren zenbatekoa.

    2. Diru-laguntzarik jasoko ez duten entitateen zerrenda, ezetsitako programak edo jarduerak eta kasuan kasuko arrazoia.

Ebazpen-proposamena egiteko, balorazio-batzordeak honako (azpi-)irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

  1. Kasuan kasuko aurrekontu-ekitaldiarekiko Eusko Legebiltzarrerako aurre-aurreko azken hauteskundeetan lortutako ordezkaritza (% 50).

    Puntuazioa honako formula hau baliatuta aterako da:

    Pi = (aulki kopuruai x 50)/E

    non,

    Pi: Entitate onuradunetako bakoitzak ateratako puntuazioa.

    Aulki kopuruai: Kasuan kasuko fundazioa zein elkartea atxikita dagoen alderdi politikoak duen aulki kopurua.

    50: Gehienezko puntuazioa.

    E: Legebiltzarrean gehiengo ordezkapena duen alderdi politikoaren aulki-kopurua.

  2. Pentsamendu politikoaren eta sozialaren ikuspegitik zein kulturalarenetik programak edota jarduerak duen interesa, hala nola entitatearen ibilbidea, gizartean duen txertatze-maila eta hizkuntza politika (% 30).

    1. Programaren edo jardueraren interesa eta garrantzia (20 puntu).

    2. Entitatearen ibilbidea, gizartean duen txertatze-maila eta hizkuntza politika (10 puntu).

  3. Programaren edo jardueraren autofinantziazioa (% 10). % 90eko autofinantziazioak edo handiagoak gehienezko puntuazioa lortzea merezi dutela oinarritzat harturik, kasuan kasuko puntuazioa kalkulatzeko honako formula hau erabiliko da:

    Ai (%) = {[(Ii-SCi) x 100]/Gi} / 9

    non,

    Ai = kasuan kasuko autofinantziazioa, %tan adierazita.

    Ii = kasuan kasuko guztizko diru-sarrerak (Kultura Sailari eskatutako diru kopuruaren zenbatekoa barne), administrazio publikoetatik eskuratutakoak kanpoan utzita, hau da, entitate eskatzailearen ekarpena, balizko salmentengatik-edo lortutako diru-sarrerak, gehi, hala badagokio, entitate pribatuek egindako ekarpenak edota dohaintzak, ea.

    SCi = kasuan kasu Kultura Sailari eskatutako diru-kopurua.

    Gi = kasuan kasuko guztizko diru-irteerak.

  4. Programaren edo jardueraren balizko onuradunak, zuzenak zein zeharkakoak, eta horien lurralde-eragina (% 10).

    1. Balorazio zuzena (5 puntu).

    2. Zeharkako balorazioa-web orria (5 puntu).

Dekretu honek araututako diru-laguntzak eta helburu berberaz entitate onuradunei esleitu dakizkiekeen beste batzuk bateragarriak izango dira, baldin eta gain-finantzaziorik ez badago. Kasu horretan, behar diren neurriak hartuko dira emandako diru-laguntza dagokion diru kopurura murrizteko.

  1. Balorazio-batzordeak egindako proposamenaren argitan, Kultura sailburuak dagokion ebazpena emango du.

  2. Prozeduraren ebazpena jakinarazteko gehienezko epea bost hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunetik. Epea igaro eta entitate interesdunek ebazpenaren jakinarazpen-idazkirik jaso ezik, eskabidea(k) ezetsi d(ir)ela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan aurreikusi bezala, nahiz eta horrek ez salbuetsi aipatu legeak Administrazioari ebazpen adierazia emateko ezartzen dion betekizunetik.

  3. Ebazpena entitate interesdun orori jakinarazteaz gain, entitate onuradunak, diru-laguntza jaso duten programak edo jarduerak eta, azkenik, kasuan kasuko diru-laguntzaren zenbatekoa ere publiko egingo dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Zerbitzu zuzendariaren ebazpen baten bidez, jendeak horien berri izan dezan.

Dekretu honek araututako diru-laguntzen entitate onuradunek honako betebehar hauek bete behar dituzte:

  1. Esleitutako diru-laguntza onartzea. Horretarako, laguntza onartzen duela adierazteko hamabost egun balioduneko epea izango du, esleitutako diru-laguntzaren berri ematen duen jakinarazpen-idazkia jasotzen duen egunaren biharamunetik kontatzen hasita. Epe horretan adierazpenik egin ezik, laguntza onartzen duela ulertuko da, horrek dakartzan eskubide eta betebehar guztiekin.

  2. Diru-laguntza jasotako programak edo jarduerak burutzea aurreikusitako exekuzio-, justifikazio-epeak eta baita programetatik edo jardueretatik eratortzen diren xehetasunak ere betez.

  3. Esleitutako diru-laguntza programaren edo jardueraren exekuzioak sortarazitako gastuei aurre egiteko erabiltzea, diru-laguntza jasotzeko aurkeztu den aurrekontuan ezarritakoaren arabera.

  4. Egiaztatze-jarduerei men egitea, eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari, Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta, azkenik, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen zertarakoen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.

  5. Diru-laguntzak esleitzerakoan exijitutako eta kontuan izandako betekizunen bati eragin diezaioketen gorabeheren gaineko aldaketarik egonez gero, horren berri ematea Zerbitzu Zuzendaritzari.

  6. Xede berbera izanik, bestelako administrazioetatik edo erakunde publiko zein pribatuetatik jasotako diru-laguntzen edo laguntzen, diru-sarreren edo baliabideen berri ematea Zerbitzu Zuzendaritzari.

  7. Diruz lagundutako programa edo jarduera promozionatzeko egindako testu, dokumentu eta antzeko elementuetan, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren diru-laguntza jaso dela adierazten duen aipamena egitea. Aipamen hori euskaraz egin beharko da edo, bestela, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan.

    Nolanahi ere, konpromiso hori ez dute bete beharko programa edo jarduera burutu ondoren diru-laguntzaren baten onuradunak direla adierazten duen jakinarazpen-idazkia jasoko duten entitateek.

  8. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoari jarraituz, diruz lagundutako programa edo jardueraren exekuzio-aldian hizkera ez-sexista erabiltzea, eta gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera ez-estereotipatua egitea.

  9. Ordenamendu juridikoak eta, bereziki, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak ezartzen duen beste edozein.

  1. Esleitutako diru-laguntzak bi zatitan ordainduko dira, honako prozedura honi jarraituz:

    1. Lehenengoan diru-laguntza osoaren ehuneko hirurogeita hamabosta (% 75) ordainduko da, diru-laguntza jasotzea onartzen den egunetik hasi eta hilabeteko epean.

    2. Bigarrenean, hala badagokio, gainerako kopurua ordainduko da, diru-laguntza zuritzeko dokumentazioa behin aurkeztuz gero.

  2. Salbuespen gisa, diru-laguntza osoa batera ordaindu ahal izango da baldin eta, batetik, diruz lagundutako programa edo jarduera burututa badago eta, bestetik, entitate onuradunak programa edo jarduera behar bezala justifikatzeko dokumentazioa bidali badu.

  1. Diru-laguntzaren xedea betea izanik, hura esleitzeko kontuan izandako edozein baldintza aldatzeak, eta, edozein kasutan, bestelako herri administrazioen edo entitate publiko zein pribatuen diru-laguntzak metaketa bidez eskuratzeak diru-laguntzen esleipen-erabakia aldatzea ekarri ahal izango du.

  2. Diru-laguntza justifikatzeko bidalitako dokumentazioa aztertu ondoren, dena delako arrazoiarengatik bigarren zatiaren ordainketa gutxitu behar izatekotan edo hura ezeztatu behar izatekotan, eta, hala badagokio, jasotakoa, osorik nahiz haren zati bat, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar izanez gero, Kultura sailburuak kitapen-ebazpen indibidualizatua emango du egiaztagiriak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasi eta bi hilabeteko epean. Halaber, hala badagokio, diru itzulketa egin ahal izateko bi hilabeteko epea emango du ebazpenaren jakinarazpen-idazkia jasotzen denetik.

  3. Eskabidearekin batera aurkeztutako hasierako gastu-aurrekontua baino handiagokoa justifikatzeak ez dakar, inola ere, esleitutako behin-behineko diru-laguntzaren zenbatekoa gehitzeko eskubiderik.

  1. Honako hauek joko dira ez-betetzetzat:

    1. Esleitutako diru-laguntza ez justifikatzea, horretarako ezarritako apean.

    2. Laguntza jasotzea horretarako ezinbestekoak diren baldintzak bete gabe.

    3. Jasotako diru-laguntza osoa edo haren zati bat lagundutako programak edo jarduerak ez diren bestelakoetarako erabiltzea.

    4. Kitapen-ebazpenak diru kopuru jakin bat itzuli behar izatea ekarriz gero, diru-kopuru hori horretarako ezarritako epean ez itzultzea.

    5. Kultura Sailaren, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren kontrol-lanari uko egitea edo oztopatzea.

    6. Dekretu honetan ezarritako betebeharrak edo bestelako xedapenek izaera orokorrez betetzeko ezartzen duten beste edozein betebehar ez betetzea.

  2. Artikulu honen aurreko paragrafoan ez-betetzat jotako suposamenduren bat gertatzen dela egiaztatzen bada, ezin izango zaio exijitu Kultura Saileko Zerbitzu Zuzendaritzari diru-laguntza ordaintzea eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta kasuan kasu dagozkion interes legalak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan adierazitakoa betez eta horretarako ezartzen den prozedurari jarraituz.

  3. Aurreko paragrafoan adierazitako itzulketaz gainera, balizko zigor-prozedura ireki daiteke ikusten bada Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren laguntza eta diru-laguntzei buruzko xedapenak urratu direla, lehen aipaturiko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Lehenengoa. 1. artikuluaren 2. atalean izendatutako guztizko diru-zenbatekoa aldatu ahal izango da eskatutako laguntza guztien zenbatekoa kontuan izanda eta eskabideak ebatzi aurretik, Kultura Sailean beste egitarau batzuk egin ondoren ahitu gabe geratutako aurrekontuko diru erabilgarriaren arabera. Aipatutakoaren berri eman beharko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Kultura sailburuaren ebazpen baten bitartez.

Bigarrena. Dekretu honen ondorioz, herri administrazioarekin dituzten harremanetan, pertsona fisiko eta juridikoek euskara eta gaztelania, ahoz zein idatziz, erabiltzeko eta arreta hizkuntza berean jasotzeko duten eskubidea bermatuko da.

Lehenengoa. Diru-laguntzen arloari dagokionez dekretu honetan biltzen ez diren alderdi guztietan Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bateratua onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegilean ezartzen denari jarraituko zaio eta, bestalde, prozedurari dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da.

Bigarrena. Dekretu honen aurka, interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezarri ahal izango diote Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Sailari dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabeteko epean.

Hirugarrena. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2008ko irailaren 30ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Kultura sailburua,

MIREN KARMELE AZKARATE VILLAR.