Arautegia

Inprimatu

191/2007 DEKRETUA, azaroaren 13koa, Ikerketarako Euskal Kontseilua sortzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Industria, Merkataritza eta Turismo Saila; Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila; Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila; Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saila; Osasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 227
  • Hurrenkera-zk.: 6495
  • Xedapen-zk.: 191
  • Xedapen-data: 2007/11/13
  • Argitaratze-data: 2007/11/26

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Industria; Sailak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Autonomia Estatutuak 10.16 artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskuduntza esklusiboa du ikerketa zientifiko eta teknikoaren arloan, Estatuarekin koordinazioan. Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain du ikerketaren garapena ziurtatzearen ardura; horrek euskal gizartearen interes orokorrei eragiten die eta, lehen neurri gisa, informazioaren trukea erraztuko duen erakunde koordinatzaile bat existitzea exijituko du, arloan plangintza hobea edukitzeko asmoz.

Alde horretatik, eta Autonomia Estatutuak xedatutakoaren barruan, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legeak 56. artikuluan xedatzen duenez, Eusko Jaurlaritzak Ikerketarako Euskal Kontseilua sortuko du, Euskal Autonomia Erkidegoan ikerketa, garapena eta berriztapena behatu, koordinatu eta sustatzeko.

Legezko xedapen horrek dioena garatzeko, Dekretu honek erakunde hori sortzea du helburu, baita horren oinarrizko alderdiak garatzea ere, azkar osa dadin eta era bizkor eta eraginkorrean funtzionatu dezan. Horri esker gauzatu ahal izango da gure Autonomia Erkidegoan ikerketaz arduratzen diren instituzio eta eragileen arteko koordinazioa, baita Eusko Jaurlaritzak ikerketaren arloan eman behar duen aholkularitza ere.

Horregatik, ikerketa, garapen eta berriztapenean jarduten duten eragile guztiek beren ordezkaritza izango dute Ikerketarako Euskal Kontseiluan eta Euskal Herriko Unibertsitateak funtsezko eginkizuna izango du Ikerketarako Euskal Sisteman, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legeak berak aitortzen dion legez, ikerketaren zerbitzu publikoaren erreferente nagusia eta bermea den aldetik.

Horren arabera, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak, Osasun sailburuak, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuak eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuak egindako proposamenaz, Unibertsitateen Euskal Kontseiluari eta Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluari entzun ondoren, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak erabakitakoaren arabera eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2007ko azaroaren 13an izandako bilkuran aldez aurretik eztabaidatu eta onartu ondoren,

Dekretu honen bidez Ikerketarako Euskal Kontseilua sortzen da, ikerketa, garapena eta berriztapena behatu, koordinatu eta sustatzeko eta jarduera horietan aholkua emateko erakunde gisa.

Ikerketarako Euskal Kontseilua nortasun juridikorik ez duen administrazio-erakundea da, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailean integratuta dago eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren menpe dago.

Ikerketarako Euskal Kontseiluak funtzio hauek bete behar ditu:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan aurrera eramaten diren ikerketa, garapen eta berriztapenaren bikaintasuna sustatzea eta jarduera horiek interes sozial, kultural eta ekonomikoetara egokituko direla bermatzea.

  2. Ikerketaren egoera eta bilakaera ezagutu eta arlo horri buruzko informazioa ematea eta, bereziki, Ikerketaren Euskal Sistema Europako Ikerketa Sisteman integratzea bultzatzea.

  3. Ikerketaren arloan dauden prestakuntza-premiak ezagutu eta horri buruzko informazioa ematea, bai eta gizarteak arlo horretan dituen beharrak noraino betetzen diren jakinaraztea ere.

  4. Ikerketaren arloan Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari eta eskatzen dion beste edozein organori aholkularitza ematea.

  5. EHUko pertsonal ikertzailea kontratatzeko aldez aurreko ebaluazioan erabili beharreko irizpideei buruz Ebaluazio eta Kreditaziorako Euskal Agentziari aholkularitza ematea.

  6. Unibertsitate-ikerketaren eta ekoizpen- edota enpresa-sistemaren arteko lotura gauzatzeko behar diren neurriak koordinatzea.

  7. Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateek eta Zientzia, Teknologia eta Berriztapeneko Euskal Sareko gainontzeko eragileek ikerketaren arloan dituzten harremanak koordinatzea.

  8. Ikerketa, garapen eta berriztapenaren arloan beste unibertsitate-erakunde batzuekin harremanak eta lankidetza sustatzea.

  9. Ikerketa-askatasuna bete eta errespetatzen dela etengabe kontrolatzea, baita askatasun horrek dakartzan baloreak sustatzen direla ere.

  10. Ikertzaileen eta ikerketa-taldeen eskari, premia, kezka eta iradokizunei arreta ematea, haien jarduera gauzatzen duten esparrua zeinahi dela ere, eta instituzio eskudunei bideratzea.

  11. Ezagutza-arloetako ikerketa-proiektuetan generoaren ikuspegia sar dadin eta ikerketa-taldeetan gizon eta emakumeen arteko oreka egon dadin lan egitea.

  12. Haren jarduera-esparrua dela-eta agindu ahal dioten beste edozein.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua izango da Ikerketarako Euskal Kontseiluko buru, eta sail horretan ikerketaren arloan eskuduntzak dituen sailburuordea izango da Kontseiluko lehendakariordea.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaz eta sailburuordeaz gain, honako hauek ere Kontseiluko kideak izango dira:

  1. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Politika Zientifikoko zuzendaria, idazkariaren funtzioak ere beteko dituena.

  2. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Unibertsitate zuzendaria.

  3. Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea, edo horrek eskuordetzen duen errektoreordea.

  4. Euskal Herriko Unibertsitateko Ikerketa errektoreordea.

  5. Euskal Unibertsitate Sistemako gainontzeko unibertsitateetako errektoreak, edo horiek eskuordetzen dituzten errektoreordeak.

  6. Euskadiko Ikerketa Saria eman zaien pertsonetako bi, Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen proposamenez.

  7. Eusko Jaurlaritzako Sail hauetako ordezkari bana, sailburuen proposamenez: Industria, Merkataritza eta Turismo Saila, Osasun Saila, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saila eta Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila.

  8. Tecnalia korporazio teknologikoko kide bat.

  9. IK4 korporazio teknologikoko kide bat.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailean Ikerketaren arloan eskuduntzak dituen sailburuordearen lehendakaritzapean, batzorde iraunkor bat izango da, kide hauek izango dituena: Politika Zientifikoko zuzendaria, idazkariaren funtzioak beteko dituena; Euskal Herriko Unibertsitateko Ikerketa errektoreordea, lehendakariordea izango dena, eta Euskadiko Ikerketa Saria lortu dutenen artean Ikerketarako Euskal Kontseiluko kide izateko Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak proposatu dituen bi pertsonak. Batzorde Iraunkorrak aurrera eramango ditu Ikerketarako Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkurak agintzen dizkion funtzio guztiak eta Osoko Bilkura horretan ere eman beharko ditu azalpenak.

Ikerketarako Euskal Kontseiluak Osoko Bilkuran eta batzordeetan funtzionatuko du eta egokitzat jotzen dituen batzordeak sortu ahal izango ditu, hobeto funtzionatzeko.

Kontseiluaren Osoko Bilkura 6 hilabetean behin, gutxienez, bilduko da, edo haren kideetako seik edo lehendakariak eskatzen dutenean.

Ikerketarako Euskal Kontseiluak antolaketa eta funtzionamenduari buruzko bere araudia egingo du eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango du argitara.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2007ko azaroaren 13an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,

ANA AGUIRRE ZURUTUZA.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.

Osasun sailburua,

GABRIEL M.ª INCLÁN IRIBAR.

Ingurumen eta

Lurralde Antolamendu sailburua,

ESTHER LARRAÑAGA GALDOS.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburua,

GONZALO SÁENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.