Arautegia

Inprimatu

209/2006 DEKRETUA, urriaren 17koa, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen gehigarrizko ordainsari-osagarriei buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 208
  • Hurrenkera-zk.: 5376
  • Xedapen-zk.: 209
  • Xedapen-data: 2006/10/17
  • Argitaratze-data: 2006/10/31

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Gizarte gaiak eta emplegua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Funtzio publikoa; Lana eta enplegua; Sailak

Testu legala

Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 34. artikuluaren arabera, Jaurlaritzak ordainsari-osagarriak ezarri ahal izango ditu irakasle eta ikertzaile funtzionario eta kontratatuentzat, betiere, irakaskuntza, ikerketa eta kudeaketaren esparruan egoki iritzitako irizpideak eta, horien artean, hizkuntza-merezimenduak, kontuan izanda. Artikulu horrek dioenez, gainera, Eusko Jaurlaritzari dagokio, unibertsitate-alorreko eskumenak dituen sailaren proposamenez, ordainsari horien mugak ezartzea eraginkortasun eta eragimen irizpideen arabera, eta Gizarte Kontseiluari dagokio, unibertsitateko Gobernu Kontseiluaren proposamenez, horien banakako esleipen indibiduala erabakitzea, Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Uniqual Agentziak egindako merezimendu-balioespena kontuan hartuta.

Gai honen inguruan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eta Euskal Herriko Unibertsitateak hitzarmen bat sinatu zuten, 2004ko abenduaren 21ean, finantziazio-eredu iraunkor bat garatzeko eta gehigarrizko ordainsarien eredu bat ezartzeko. Era horretan, beraz, Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen baldintzak hobetzeko bide bat ireki zen, aurretik horrelakorik ez zegoela kontuan izanik.

Arau honekin, bi helburu bete nahi dira: batetik, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen jarduera eta garapen profesionala sustatzea eta aitortzea, Euskal Unibertsitate Sistemaren Legean jasotako eraginkortasun, eragimen eta kalitate kontzeptuak aplikatuz, eta, bestetik, osagarri berezi horiek unibertsitate-politikaren alorreko helburuei egokitzea. Helburu horiek, berriz, Jaurlaritzak ezarriko ditu plangintza-tresna egokien bitartez eta, bereziki, Unibertsitate Planaren bitartez.

Izan ere, gehigarrizko ordainsari-osagarriak tresna bat dira Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen irakaskuntza, ikerkuntza eta kudeaketa lanen areagotze kualitatiboa pizteko eta sustatzeko baina, ordainsari-baldintzak aintzatesteko eta hobetzeko mekanismo selektibo eta banakakoa izan arren, gehigarrizko ordainsari hauek ez dira inolaz ere sartzen Euskal Unibertsitate Sistemaren Legeko 33. artikuluan unibertsitateko irakasle eta ikertzaileentzat ezartzen den ordainsari-araubide orokorrean eta, ondorioz, ezin zaie araubide hori aplikatu. Aitzitik, gehigarri horiekin bakarrik saritu nahi dira irakaskuntza, ikerketa eta kudeaketa jarduerak baldin eta gutxieneko kalitate-estandar jakin batzuetatik gora burutzen badira eta oinarrizko eginkizunak baino gehiago betetzen badira. Osagarriok, daukaten izaera bereziaren ondorioz, aldagarriak eta ez-finkagarriak dira eta, batez ere, oinarri duten merezimenduen aldiroko ebaluazioari daude lotuta.

Horrekin guztiarekin, beraz, suspertu egin nahi da Euskal Autonomia Erkidegoarentzat apustu estrategikoa den euskal unibertsitate-sistema eta, bereziki, unibertsitate publikoa, are gehiago goi-mailako irakaskuntzako europar esparruan ezinbestean sartu behar dugun honetan _2010erako beranduen jota_, izan ere, horrek eraldaketa sakona ekarriko du irakaskuntzaren eskaintzan eta antolaketan eta pedagogiaren kulturan. Ildo horretatik, kreditua eta gehigarri europarra sartzeak, gradu eta gradu-ondoko egiturak ezartzeak eta irakasleen zein ikasleen mugikortasunak kultura-aldaketa handiak ekarri dituzte ezagutza sortu, transmititu eta eskuratzeko moduan, eta horrek ahalegin handia eskatzen die irakasleei lanbideko jardunean. Ikuspuntu horretatik, funtsezkoa da pizgarri-politika egokia ezartzea ahalegin horiek proposatutako europar helburua lortzera bidera daitezen.

Bestalde, unibertsitatearen eta ikerketaren arteko halabeharrezko erlazioak bete-betean eskatzen du politika pizgarriak ezartzea gure ikerketa-ehuna Europako ikerketa-espazioan osoki txerta dadin, betiere, ikerkuntzako jardueraren nazioartekotzeak eta lehiakortasunak berezko dituzten estrategiak Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatuz.

Irakaskuntzaren eta ikerketaren esparruan hori dena ahalbidetzeko, nahitaezkoa da kudeaketaren kultura jakin bat sustatzea, unibertsitateak aukera izan dezan inguruak eskatzen dizkion aldaketei erantzun kontingentzial egokia emateko globalizazio, lankidetza eta lehiakortasun esparru batean eta ezagutzaren gizartean.

Horrela, irakaskuntza, ikerketa eta kudeaketa sustapenerako giltzarri bihurtzen dira, eta horietara bideratuko da unibertsitatearen apustu estrategikoa giza baliabideak bizkortzeko. Era honetan, banakako jarduera atomizatu zehatzetatik haratago joatea espero dugu, izan ere, jarduerok estrategia komun batean bilduta egonik, "unibertsitate-erakundearen produktibitate globala" ere areagotu daiteke eta hori, begien bistakoa denez, baliagarria izango da, zeren produktibitate horrek hobekuntza kuantitatibo eta kualitatiboak ekarriko ditu gizarteari ematen zaion zerbitzuan.

Dena den, dekretu honen aplikazioa era garapena ez dira eragozpen izango Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen II. tituluko bigarren kapituluaren seigarren atala globalki aplikatzeko edota lege horren zazpigarren xedapen gehigarria praktikan jartzeko, komenigarria bailitzateke irakasle eta ikertzaileen ordainsari-sistemaren sendotasuna hobetzeko. Ondorioz, beharrezkoa da gai horiei ahal bezain azkar heltzea.

Amaitzeko, arau honek bete-betean errespetatzen ditu Euskal Unibertsitate Sistemaren Legeak Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Uniqual Agentziari eta Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluari ematen dizkion funtzioak.

Ondorioz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, Euskadiko Unibertsitate Kontseiluari, Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluari eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari entzun ondoren, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2006ko urriaren 17an egindako bilkuran gaia aztertu eta eztabaidatu ondoren, hauxe

  1. – Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen gehigarrizko ordainsari-osagarrien araubidea ezartzea eta arautzea da dekretu honen helburua.

  2. – Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluak egingo du, unibertsitateko Gobernu Kontseiluaren proposamenez, irakasle eta ikertzaileen ordainsari-osagarrien banakako esleipen indibiduala, dekretu honetan ezarritako modalitateak eta mugak errespetatuz.

  3. – Osagarriak esleitu baino lehen, Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Uniqual Agentziak kasuan kasuko merezimenduak balioetsi, eta aldeko iritzia eman behar du.

  1. – Zerbitzuak Euskal Herriko Unibertsitatean ematen dituzten irakasle eta ikertzaile funtzionario zein kontratatuei aplikatuko zaie dekretu hau.

  2. – Lehenengo ebaluazioaren kasuan izan ezik, dekretu honetan ezartzen diren ordainsari-osagarriak eskuratu ahal izateko, nahitaezkoa izango da Euskal Herriko Unibertsitatearekin lan, estatutu edo administrazio lotura izatea ebaluatuko den aldi osoan zehar. Ondorio horietarako, ez dira aintzat hartuko zerbitzu-eginkizunetan, zerbitzu berezietan edo antzeko egoeretan egon izanagatik egindako etenak. Hala ere, aparteko kasuetan, kontuan hartuko dira beste unibertsitateetan eta goi-mailako irakaskuntza eta ikerketa erakundeetan irakaskuntzaren, ikerketaren eta kudeaketaren esparruan lortutako merezimenduak. Zehazki, hauek hartuko dira kontuan: irakaskuntzaren esparruan: irakaskuntzaren eskaintzaren eta antolamenduaren eraldaketan eta pedagogiaren kulturan eragin ona izan duten merezimenduak; ikerketaren esparruan: ikerketako jardueraren nazioartekotze eta lehiakortasunean eragina izan duten merezimenduak, eta kudeaketaren esparruan: unibertsitatean eta goi-mailako irakaskuntza eta ikerketa erakundeetan kalitatea kudeatzeko kultura sustatu duten merezimenduak.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren Legearen proiektuak berariazko zuzkidura jasoko du gehigarrizko ordainsari-osagarriak finantzatzeko. Zuzkidura hori osagarrien kostuaren % 85 eta % 90 bitartekoa izango da, alde batera utzita banaka identifika daitezkeen langile-kolektiboei eragiten dieten kontratu-programa berariazkoetan sartutako ordainsariak. Euskal Herriko Unibertsitateak gainerakoa ordainduko du bere diru-sarreren kontura, eta ez Euskal Autonomia Erkidegoko zuzkiduren kontura.

  2. – Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuetan gehigarrizko ordainsari-osagarriak finantzatzeko jasotako aurrekontu-kredituak Euskal Herriko Unibertsitateari ordaindu baino lehen, Gizarte Kontseiluak osagarri horiek dekretu honetan ezarritako baldintzen arabera eman dituela egiaztatu beharko du.

  1. – Dekretu honetan garatutako gehigarrizko ordainsari-osagarrien araubide juridikoak bat etorri behar du artikuluetan eta garatzeko xedapenetan ezarritakoarekin, eta ez da aplikagarri izango unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen ordainsariei buruz Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 33. artikuluan ezarritako araubide orokorra. Ondorio horietarako, beraz, ez dira ordainsari osagarritzat joko.

  2. – Gehigarrizko ordainsari-osagarriak banakakoei emango zaizkie eta pertsonalak dira, ez-finkagarriak, aldiro ebaluagarriak eta aldakorrak. Dena dela, bateragarriak dira eta metatu egin daitezke.

  3. – Gehigarrizko ordainsari-osagarriak interesatuak eskatuta emango dira eta emateak edo jasotzeak ez du inolako banako eskubiderik sortuko hurrengo aldien ebaluazioari begira.

  1. – Gehigarrizko ordainsari-osagarriak irakaskuntzaren, ikerketaren eta kudeaketaren esparruan aurreko urteetan lortu eta ebaluatutako merezimenduen arabera emango dira, betiere, burututako jardueren eraginkortasuna eta eragimena egiaztatzen bada. Ez dira inoiz emango jarduera batean hainbat denbora emate hutsagatik.

  2. – Irakaskuntzako eta ikerketako merezimenduei lotutako gehigarrizko ordainsari-osagarriak irakaskuntzako eta ikerketako jardueren bikaintasuna, kalitatea eta etengabeko hobekuntza piztu eta aitortzeko izango dira, barne hartuta jardueran beste hizkuntza batzuk erabiltzea eta, bereziki, euskara erabiltzea. Ildo horretatik, jarduera eleaniztunak eta, bereziki, euskararen sustapenari zuzenean lotutakoak, modu orokorrean eta zeharkakoan hartuko dira kontuan maila guztietan. Hizkuntza-eskakizuna norbere borondatez aldatzea eta eskakizun elebiduneko plaza batera jotzea balioetsi egingo da.

  3. – Osagarriak meta daitezkeen hiru mailatan sailkatuko dira, eta tarte progresibo desberdinak izango dituzte. Hiru maila horiek (C, B eta A) hiru kontzeptu desberdini lotuta daude: irakaskuntzari, ikerketari eta kudeaketari. Kontzeptu horietako bakoitzak pisu desberdina izango du Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen maila eta tartea finkatzeko orduan. Abiapuntu gisa, portzentaje hauek finkatu dira:

    Irakaskuntza: % 50

    Ikerketa: % 45

    Kudeaketa: % 5

  4. – Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Uniqual Agentziari dagokio Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen maila eta tartea finkatzea.

  5. – Hauek dira osagarrien hiru mailak:

    1. C maila, Euskal Herriko Unibertsitatearekiko dedikazio profesionala saritzeko. Bi tarte izango ditu:

      • C1; eskuratu ahal izateko, 3 urteko lotura egiaztatu behar da Euskal Herriko Unibertsitatearekin. Zenbatekoa 1.625 eurokoa izango da urteko.

      • C2; eskuratu ahal izateko, 7 urteko lotura egiaztatu behar da Euskal Herriko Unibertsitatearekin. Zenbatekoa 2.125 eurokoa izango da urteko.

    2. B maila, kalitatea eta etengabeko hobekuntza saritzeko. Hiru tarte izango ditu:

      • B1; eskuratu ahal izateko, nahitaezkoa da 5 urteko antzinatasuna egiaztatzea, gutxienez; C1 tartea dagoeneko izatea eta 25 puntu lortzea. Urteko zenbatekoa 1.600 eurokoa izango da.

      • B2; eskuratu ahal izateko, nahitaezkoa da 10 urteko antzinatasuna egiaztatzea, gutxienez; C1 eta C2 tarteak dagoeneko izatea eta 50 puntu lortzea. Urteko zenbatekoa 1.900 eurokoa izango da.

      • B3; eskuratu ahal izateko, nahitaezkoa da 10 urteko antzinatasuna egiaztatzea, gutxienez; C1 eta C2 tarteak dagoeneko izatea eta 75 puntu lortzea. Urteko zenbatekoa 2.200 eurokoa izango da.

    3. A maila, bikaintasuna saritzeko. Eskuratzeko 10 urteko antzinatasuna egiaztatu behar da gutxienez, eta bi tarte izango ditu:

      • A1; urteko zenbatekoa 2.100 eurokoa izango da.

      • A2; urteko zenbatekoa 2.600 eurokoa izango da.

  6. – Antzinatasuna kalkulatzeko orduan, kontuan hartuko dira Euskal Herriko Unibertsitatean edozein lan, estatutu edo administrazio loturaren bitartez irakaskuntzaren, ikerketaren edo kudeaketaren esparruan burututako jarduerak.

  7. – Mailak eta tarteak ebaluatzeko orduan, irakaskuntza, ikerketa, kudeaketa eta hizkuntza arloko merezimenduak balioetsiko dira eta, edonola ere, aldeko balorazioa beharko da, Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Uniqual Agentziak adierazitakoaren arabera.

  8. – Euskal Herriko Unibertsitatean kargu akademikoak betez unibertsitate-erakundeari eskainitako dedikazio profesionala saritzeko kudeaketa-merezimenduak ez dira ebaluatuko harik eta kargu-aldia amaitu arte, eta ebaluazio-aldi bakar batean baino ez dira kontuan hartuko. Merezimendu horiek ez dira kontuan hartuko baldin eta kargu akademiko izanagatik ordainsari osagarriren bat jaso bada. Ebaluazioari begira, kargu akademiko desberdinetan emandako aldiak metatu egin ahal izango dira.

  9. – Ordainsari osagarriak dituzten kudeaketa-postuetan diharduten kargu akademikodunek eskubidea izango dute kudeaketa-postu horretara heltzean zuten maila izoztuta mantentzeko bertan dauden bitartean. Izozketa horrek kargua utzi ondoren aurkeztu ahal diren lehenengo deialdira arte izango du eragina.

  1. – Gehigarrizko ordainsari-osagarriak eskuratzeko merezimenduen ebaluazioan, kontuan hartuko da Jaurlaritzak eta unibertsitate-arloko eskumenak dituen sailak unibertsitate politikarako ezarritako helburuak banaka edo taldeka bete diren.

  2. – Horretarako, Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Uniqual Agentziak ebaluazio-parametroak ezarriko ditu aurreko artikuluan aipatutako tarte bakoitzarentzat, betiere, Dekretu honetako eranskinean norbanakoentzat eta taldeentzat jasotako irizpideen arabera.

  3. – Eranskin horretako irizpideak dekretu bitartez aldatu ahal izango dira, unibertsitate-alorreko eskumenak dituen sailaren proposamenez, Euskal Unibertsitate Sistemaren antolamenduari eta erronka berriei egokitzeko. Zehazki, Unibertsitate Planari egokitu behar zaizkio eta, hala badagokio, baita Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatutako kontratu-programei ere.

  1. – Unibertsitateko Gobernu Kontseiluaren proposamenez, Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluak deialdia onartu eta argitaratuko du urtero. Bertan, merezimenduak ebaluatzeko eta gehigarrizko ordainsari-osagarriak esleitzeko eskaria egiteko epeak, era eta betekizun orokorrak finkatuko dira.

  2. – Irakasleek eta ikertzaileek, nork bere eskabidea aurkeztuko diote unibertsitateko Gobernu Kontseiluari.

  1. – Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Uniqual Agentziak ebaluatuko ditu eskabideak, Agentziak berak berariaz onartu eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako ebaluazio-protokoloari jarraituz.

  2. – Ebaluazioak berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak beteko ditu, eta objektiboa eta independentea izango da.

  3. – Seigarren artikuluan adierazitako irizpideei jarraituz, ebaluazio-protokoloak honako hauek jaso behar ditu: osagarri-mota desberdinak ebaluatzeko eskatzen diren merezimenduak; tarte bakoitza eskatu ahal izateko bete behar diren eskakizunak, behar den gutxienekoa adierazita, eta horiek zenbatzeko eta baloratzeko parametro objektiboak. Horretarako hainbat bitarteko erabili ahal izango dira: gogobetetasun-inkestak, autoebaluazio-txostenak edo ebaluazio-protokoloan zehaztutako beste batzuk.

  4. – Eskatzaileek agiri-bidez egiaztatu beharko dituzte, ebaluazio-protokoloan zehaztutako eran, osagarria eskuratzeko alegatutako merezimenduak. Gainera, Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Uniqual Agentziak egoki iritzitako argibideak eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei alegatutako merezimenduen inguruan.

  5. – Merezimendu eta inguruabar berberak ezin izango dira inolaz ere ebaluatu osagarri-mota desberdinetarako.

  6. – Lehenengo ebaluazioan, eskatzaileak bere bizitza akademiko osoko merezimenduak alegatu ahal izango ditu. Hurrengo ebaluazioak, ordea, aurreko ebaluazioaren eta deialdiaren artean iragandako denboran burututako jardueren ingurukoak izango dira.

  7. – Aldeko ebaluazioak bost urteko balioa izango du. Eskatzailea, beraz, ezin izango da beste deialdi batera aurkeztu harik eta aurreko ebaluazioaren balio-aldia amaitu arte. Amaitu ondoren, ez badu beste ebaluaziorik eskatzen, horri lotutako ekonomi eskubideak galduko ditu.

  8. – Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Uniqual Agentziak ezarritakoari jarraituz, bikaintasunaren aitortza iraunkorrerako baldintzak ezarri ahal izango dira. Horrek osagarri guztiak jasotzeko eskubidea emango du, gerora ebaluazio berririk egiteko beharrik gabe.

  1. – Gizarte Kontseiluak, Euskal Herriko Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluak proposaturik, gehigarrizko ordainsari-osagarrien esleipen berezia eta banakatua egingo die irakasle eta ikertzaileei. Esleipen horren aurka, interesdunek berraztertzeko administrazio-errekurtsoa jarri ahal izango dute, edo zuzenean aurkatu administrazioarekiko auzien jurisdikzioan.

  2. – Esleipen-erabakia fiskalizatu egin beharko du aldez aurretik Euskal Herriko Unibertsitatearen barneko kontrol ekonomikoko organoak, aurrekontu-kredituaren egokitasun eta askitasuna egiaztatze aldera.

Gehigarrizko ordainsari-osagarriek, bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa gorabehera, oinarritzen diren merezimenduen ebaluazio positiboa egiten den urtearen hurrengo urteko urtarrilaren 1ean sortuko dituzte ondorio ekonomikoak.

  1. – Gehigarrizko ordainsari-osagarriak banaka ordainduko zaizkio interesdunari, nominan, hamabi hileko ordainsari berdinetan zatituak.

  2. – Egun-zatiko dedikazioa izanez gero, ordainketa dedikazio-denboraren araberakoa izango da.

Erabakia hartzen denetik hilabetera, Euskal Herriko Unibertsitateak Gizarte Kontseiluak hartzen duen erabakiaren ziurtapena igorriko dio unibertsitate-alorreko eskumenak dituen sailari, onuradunen zerrenda banakatuarekin eta esleituriko osagarrien guztizko kostuaren justifikazio-txosten batekin batera, haiei loturiko gizarte-kostuak barne direla.

Dekretu honetan aurreikusten diren gehigarrizko ordainsari-osagarriak jasotzea bateragarria izango da Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren artean izenpetzen diren kontratu-programa berariazkoetan ezar litezkeen ordainsari osagarriekin, betiere banaka identifika daitezkeen irakasle eta ikertzaileen talde batzuei eragiten dieten kontratu-programak badira.

  1. – Dekretu honetan ezartzen den araubidea berrikusi eta aldatu egin ahal izango da, lehenengo aplikazioaren emaitzak aztertu eta ebaluatu ondoren.

  2. – Era berean, unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen ordainsari-araubidean aldaketaren bat badago, dekretu honetan ezartzen den gehigarrizko ordainsari-osagarrien araubidea berrikusi eta aldatu egingo da.

  3. – Iritzi orokor eta instituzional bat izate aldera, unibertsitateen alorreko eskumenak dituen sailak eta Euskal Herriko Unibertsitateak, beharrezko irizten dioten epean, Unibertsitatearen produktibitate orokorrari buruzko azterketa eta diagnosia egingo dute, gehigarrizko ordainsarien eransketaren eraginkortasun eta eragimenaren ikuspegitik.

Osagarrien tarte bakoitzaren zenbatekoak eguneratu egingo ditu Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak.

Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Uniqual Agentziak prestatu eta onartuko du ebaluazio-protokoloa, dekretu hau indarrean jartzen denetik bi hilabetera.

Xedapen iragankorrak

  1. – Euskal Herriko Unibertsitatearen Gizarte Kontseiluak, unibertsitateko Gobernu Kontseiluak proposaturik, gehigarrizko ordainsari-osagarriak ebaluatzeko eta esleitzeko lehen prozesurako deialdia onartuko eta argitaratuko du, Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Uniqual Agentziak dekretu honetako 8. artikuluan aipatzen den ebaluazio-protokoloa onartzen duenetik hilabetera.

  2. – Salbuespen gisa, unibertsitaterako lanbide-dedikazioa aintzatestera bideratzen diren osagarriak esleitzeko pertsona bakoitzaren lehen ebaluazioak honako baldintza hauek bakar-bakarrik hartuko ditu kontuan:

    1. Irakaslanari buruzko txosten negatiborik ez egotea, hau da, betebehar formalei buruzko ez-betetzerik ez egotea (tutoretzak, eskola-emateak, akten epeak, etab.).

    2. Irakaslanari buruzko inkestak sistematikoki betetzea; balioespen negatibo errepikaturik ez egotea.

  1. – 10. artikuluan adierazirikoa gorabehera, dekretu honetan aurreikusirikoaren arabera egiten den gehigarrizko ordainsari-osagarrien lehen ebaluazio eta esleipenak 2005eko urtarrilaren 1etik sortuko ditu ondorio ekonomikoak —dela Euskal Herriko Unibertsitatearen Gizarte Kontseiluaren Osoko Bilkuraren 1999ko otsailaren 18ko Erabakiarekin bat etorriz gehigarrizko ordainsari-osagarriak kobratzen ari direnentzat, dela aurretik ebaluatuak izan ez direnentzat—, edo osagarri horiek aintzatesteko eskatzen diren eskakizunak betetzen direnetik.

  2. – Gehigarrizko ordainsari-osagarriak Euskal Herriko Unibertsitatearen Gizarte Kontseiluaren Osoko Bilkuraren 1999ko otsailaren 18ko Erabakiarekin bat etorriz esleiturik dauzkaten irakasle eta ikertzaileek osagarri horiez gozatzen jarraitu ahal izango dute, harik eta lehen ebaluazio- eta esleipen-prozesua amaitzen den arte, eta, edonola ere, dekretu hau indarrean jartzen denetik urtebeteko epean. Epe horretatik aurrera, gehigarrizko ordainsari-osagarriak jasotzea dekretu honetan xedaturikora soilik atxikiko da, eta ez da bateragarria izango bi araubideen indarrez esleituriko osagarriak aldi berean jasotzea.

  3. – Aurreko araubidearen indarrez jasotzen diren kopuruak, betiere, dekretu honetan ezartzen den araubidearekin bat etorriz esleiturikoen kontura jasorikotzat hartuko dira. Kopuru horiek aurretik jasorikoak baino txikiagoak direnean, 2005. urtean gertatzen den aldea Euskal Herriko Unibertsitateak hartuko du bere gain. 2006. urtean jaso diren kopuruei dagokienez, jaso diren kopuru horiek dekretu honetan ezarriko araubidearekin bat etorriz esleiturikoak baino handiagoak direnean, gertatzen den aldea Eusko Jaurlaritzak hartuko du bere gain.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2006ko urriaren 17an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.

Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Uniqual Agentziaren Estatutuen 5. artikuluaren arabera, erakunde horri dagokio irakaskuntza, ikerketa eta kudeaketako merezimenduak ebaluatzea, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 34. artikuluan Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileentzat aurreikusten diren ordainsari-osagarriak esleitzeari dagokionez. Nolanahi ere, dekretu honek uste du garrantzitsua dela merezimendu horiek ebaluatzeko irizpide batzuk azaltzea.

  1. – C maila.

    C1) Honako baldintzen edo antzeko beste batzuen artetik zehaztu beharreko kopuru bat begiztatzen duten irakasleei esleituko zaien osagarria da:

  1. Irakaslanari buruzko txosten negatiborik ez egotea; ez dago betebehar formalei buruzko ez-betetzerik (tutoretzak, eskola-emateak, akten epeak, etab.).

  2. Irakaslanari buruzko inkestak sistematikoki betetzea; balioespen negatibo errepikaturik ez egotea.

  3. Irakasmateriala prestatzea.

  4. Pedagogi berrikuntzako gaitasun frogatua izatea.

  5. Ematen duen irakasgaiarekin zuzenean loturiko euskarazko irakasmateriala prestatzea.

  6. Biltzarretara joatea eta komunikazio eta txostenak aurkeztea.

  7. Mintegi, ikastaro, hitzaldi, etab.etan parte hartzea.

  8. Kide den sailak urtero aurkezten du irakaskuntza eta ikerketako txostena.

  9. Ikasketa-errendimendua eta enplegu bideratuaren tasa neurtzen duten ikastegiaren adierazleak Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Uniqual Agentziak zehazturiko mailen gainetik daude.

  10. Uniqualen ebaluazio positiboa jaso duten fakultate, sail edo institutuetako kide izatea.

  11. ISO, EFQM edo horrelako kalitate-aipamenen bat lortu duten fakultate, sail eta/edo institutuetako kide izatea.

  12. Lan-merkatura bideratzeko eta txertatzeko ekintzak sustatu dituzten fakultate, sail eta/edo institutuetako kide izatea.

  13. Pedagogi berrikuntzako, beste unibertsitate batzuekiko ikasle-trukaketako eta/edo enpresa eta erakundeetako praktikako programak egin dituzten fakultate, sail eta/edo institutuetako kide izatea.

    C2) C1 osagarrian edo beste osagarri batzuetan ekarririko merezimendu berberetan urteetan zehar garatutako jardueran dagoen jarraitasunari dagokion osagarria da.

  1. – A eta B mailak.

  1. – Ikerketa ebaluatzeko erabili beharreko irizpideak.

  1. Aldizkarietan artikuluak argitaratzea, ebaluatzaile izengabeekin:

    1. Euskal Herriko Unibertsitatearen izenez izenpeturiko artikuluak balioetsiko dira, ISIren zerrendaren lehen herenean, bigarren herenean edo hirugarren herenean duten posizioari jarraituz.

    2. Beste artikulu batzuk ere kontuan hartu ahal izango dira, baldin eta prestigio sendetsia badute kasuan kasuko ezagutza-arloan.

  2. Lehiaketa-deialdietako ikerketa-proiektuetan parte-hartze aktiboa (emaitzekin erkatua) izatea eta/edo zuzentzea. Euskal Autonomia Erkidegoarentzat interes berezia duten ikerketak balioetsiko dira.

  3. Euskal Herriko Unibertsitateari funtsak (hala nola ekipamenduak, prestakuntzako bekak edo laguntzako eta Euskal Gizartean oihartzuna duten teknikarientzako kontratuak) itzultzen dizkioten enpresekin ikerketa-proiektuetan parte-hartze aktiboa izatea.

  4. Patenteak erregistratzea.

  5. Ikerketa-jardunarekin lotutako liburuak, liburu-kapituluak, monografiak eta beste argitalpen batzuk, arloko ikerketa-erkidegoan prestigio aintzatetsia dutenak, argitaratzea. Arreta berezia emango zaie defizitarioak, euskarazkoak edo Euskal Autonomia Erkidegoarentzat interes berezikoak diren ezagutza-arloei dagozkien liburu, liburu-kapitulu, monografia eta argitalpenei.

  6. Organismo publiko, erakunde eta garrantzi egiaztaturiko enpresentzat txostenak egitea.

  7. Lehiaketa-deialdietan finantzatutako ikerketa-proiektuak zuzentzea.

  8. Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa-talde sendetsiak eta/edo goi-errendimenduko taldeak zuzentzea eta/edo haietan parte hartzea.

  9. Euskal Herriko Unibertsitateari funtsak (hala nola ekipamenduak, prestakuntzako bekak edo laguntzako eta Euskal Gizartean oihartzuna duten teknikarientzako kontratuak) itzultzen dizkioten enpresek finantzaturiko proiektuak zuzentzea.

  10. Euskal Autonomia Erkidegoko ikertzaileen prestakuntza, mugikortasuna eta/edo lan-merkaturatzea bultzatzea.

  11. Azpiegitura zientifikoa eta ikerketakoaren sorrera eta erabilera bultzatzea, bai Euskal Herriko Unibertsitatean, bai Euskal Autonomia Erkidegoan.

  12. Ikerketa-jardueran, Uniqualen, Kalitate eta Ziurtapenaren Ebaluazio Agentzia Nazionalaren (ANECA) edo unibertsitateen ikerketa-jardueraren kalitatea ebaluatzeko eta egiaztatzeko antzeko beste agentzia batzuen ebaluazio positiboa jaso duten fakultate, sail eta/edo institutuetako kide izatea.

  13. Atzerriko ikastegietan (unibertsitateak, institutuak, ...) ikerketa-egonaldiak egitea.

  14. Bekak, sariak (adibidez, Humboldt ikerketa-beka).

  1. – Irakaskuntza ebaluatzeko erabili beharreko irizpideak.

  1. Irakaskuntza/ikaskuntzako trukaketako nazioarteko programetan parte hartzea.

  2. Euskal Herriko Unibertsitatearen kalitate-programetan (gradukoak eta graduondokoak) parte hartzea.

  3. Irakasmateriala prestatzea, defizitarioak edo euskarazkoak diren ezagutza-arloei dagokienari arreta berezia eskainiz.

  4. Ikasleek egiten dituzten ebaluazio-inkestetan emaitza positiboak izatea.

  5. Pedagogi berrikuntzako gaitasun frogatua izatea.

  6. Lizentziaturan ematen dituen kredituak maila jakin baten gainetik daude, irakaskuntza-arduraren ikuspegitik.

  7. Euskal Herriko Unibertsitatean tesiak, tesinak eta/edo lankidetzako lanak zuzentzea.

  8. Euskal Herriko Unibertsitatean europar tesiak zuzentzea.

  9. Karrera-amaierako proiektuak zuzentzea.

  10. Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleen ikasketa-prestakuntzarako jarduerak antolatzea (enpresetara egindako bisitak, landako praktikak, laneko bideratzea, lizentziaturaren zabalkundea,...).

  11. Euskal Herriko Unibertsitatearen campus birtualean parte hartzea.

  12. Euskal Herriko Unibertsitatean ikerketaren dibulgazio- eta zabalkunde-lanetan parte hartzea.

  13. Euskal Herriko Unibertsitatean irakaskuntzarako IKTak erabiltzea eta teknologia horien erabilera bultzatzea (webgune eguneratua dauka,...).

  14. Kide den sailak urtero aurkezten du irakaskuntza eta ikerketako txostena.

  15. Ikasketa-errendimendua eta enplegu bideratuaren tasa neurtzen duten ikastegiaren adierazleak Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Uniqual Agentziak zehazturiko mailen gainetik daude.

  16. Irakaskuntza-jardueran, Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Uniqual Agentziaren ebaluazio positiboa jaso duten fakultate, sail eta/edo institutuetako kide izatea.

  17. ISO, EFQM edo horrelako kalitate-aipamenen bat lortu duten fakultate, sail eta/edo institutuetako kide izatea.

  18. Lan-merkatura bideratzeko eta txertatzeko ekintzak sustatu dituzten fakultate, sail eta/edo institutuetako kide izatea.

  19. Pedagogi berrikuntzako, beste unibertsitate batzuekiko ikasle-trukaketako eta/edo enpresa eta erakundeetako praktikako programak egin dituzten fakultate, sail eta/edo institutuetako kide izatea.

  1. – Kudeaketa ebaluatzeko erabili beharreko irizpideak.

  1. Kargu akademikoak betetzea, hala nola:

    1. Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea edo errektoreordea, edo Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusia.

    2. Ikastegiko dekanoa/zuzendaria, ikastegiko dekanordea/zuzendariordea eta/edo beste kargu baliokide batzuk Euskal Herriko Unibertsitatean.

    3. Saileko zuzendaria, saileko idazkari akademikoa, campuseko zuzendaria, campuseko idazkaria. Euskal Herriko Unibertsitatean.

    4. Ordainsari gehigarri batekin edo irakaslan-salbuespenarekin aitorturiko Euskal Herriko Unibertsitateko batzorderen bateko kidea.

    5. Euskal Herriko Unibertsitateko master ofizialaren arduraduna.

    6. Euskal Herriko Unibertsitateko graduondoko programa ofizialaren arduraduna.

      1. Ordainsari gehigarri batekin edo irakaslan-salbuespenarekin aitorturik ez dauden lanetan parte hartzea:

        1. Prestigio aintzatetsiko aldizkari baten batzordeko kidea.

        2. Proiektu/artikuluen ebaluatzailea.

        3. Kalitatearen ebaluazio positiboa duen doktoretzako programaren arduraduna.

        4. Ikasketa-intereseko beste batzorde batzuetako kidea.

      2. Jarduera aitzindariak edo berrizaleak abian jartzea: ikerketa-titulazio berriren bat dekano delarik; graduondoko programa baten arduraduna lehen edizioan.

      3. Herri-administrazioan egindako zerbitzu bereziak balioetsiko dira.