Arautegia

Inprimatu

138/2006 DEKRETUA, ekainaren 27koa, Uniqual Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziaren Estatutuak onartzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 130
  • Hurrenkera-zk.: 3529
  • Xedapen-zk.: 138
  • Xedapen-data: 2006/06/27
  • Argitaratze-data: 2006/07/10

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Industria; Gobernua eta herri administrazioa; Sailak; Ekonomia

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatutuaren 16. artikuluaren arabera, Konstituzioaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoa betetze aldera, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoaren eskumenekoa da irakaskuntza bere luze-zabalean, maila eta gradu guztietan, molde eta espezialitate orotan, Konstituzioaren 27. artikuluari eta bera gara dezaten lege organikoei kalterik egin gabe, eta Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari aitortzen dizkion ahalmenei kalterik egin gabe.

Abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak, Unibertsitateei buruzkoak, bere 31. artikuluan ezarri zuen unibertsitate-politikaren funtsezko xedetzat unibertsitateen kalitatea sustatu eta bermatzea. Ildo beretik zehaztu zuenez, unibertsitate-irakaskuntzaren kalitatea ebaluatzeko eginkizunak Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalaren eta Autonomia Erkidegoek, euren eskumenen esparruan, legez sortutako ebaluazio-organoen bitartez gauzatu behar ziren.

Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen arabera sortu da Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia; hain zuzen ere, Lege horren VI. tituluko bigarren kapituluaren arabera. Agentziak, legez, Zuzenbide Pribatuko ente publikoaren forma hartu du, eta unibertsitateen gaietan eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako sailari atxiki zaio, honako xede honekin: euskal unibertsitate-sistemaren eremuan kalitatea ebaluatu, egiaztatu eta ziurtatzea, nazioarteko europar eremua kontuan izanda.

Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 79.2 artikuluak aurreikusi duen aginduarekin bat etorriz, Eusko Jaurlaritzari dagokio Agentziaren estatutuak dekretuz onartzea, unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailburuak proposatuta. Legearen agindua betetzeko, Agentziaren Estatutuek honako hauek zehaztu beharko dituzte, gutxienean: agentziaren gobernu-organoen eginkizunak, organo-egitura, jarduteko arauak, haren egintzen aurka jotzeko araubidea eta haren ondare-erantzukizunaren araubidea.

2006ko ekainaren 1ean, Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 83.a) artikulua betez, Agentziaren administrazio-kontseiluak bere estatutuak onartu zituen.

Horiek horrela, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren irizpenari jaramon eginda, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2006ko ekainaren 27ko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

  1. ¿ Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen arabera, Uniqual Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia (aurrerantzean, Agentzia) zuzenbide pribatuko ente publikoa da, unibertsitateen gaietan eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikia, eta berezko nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa dituena, bai eta berezko ondarea ere, bere sortze-legeak, estatutuok eta indarreko gainerako arauek ematen dizkioten eginkizunak betetzeko.

  2. ¿ Agentziaren jarduera, kanporako harremanetan, Zuzenbide Zibilaren, Merkataritza Zuzenbidearen eta Lan Zuzenbidearen pean egongo da, oro har, ebaluazio-, egiaztapen- eta ziurtatze-egintzetan eta ahal publikoak erabiltzea dakarten egintzetan izan ezik, horiek Zuzenbide Publikoaren pean izango baitira.

  1. ¿ Vitoria-Gasteizko hirian du egoitza Agentziak, bere administrazio-kontseiluak zehaztuko dituen lurralde-eremuetan bulegoak ezartzearen kaltetan gabe.

  2. ¿ Vitoria-Gasteizko hirian jarri da Agentziaren helbide soziala, San Prudentzio kaleko 8. zenbakian.

Agentziaren xedea da euskal unibertsitate-sistemaren eremuan kalitatea ebaluatu, egiaztatu eta ziurtatzea, nazioarteko europar eremua kontuan izanda, Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 80.1 artikuluak xedatu duenaren arabera.

Bere xedea garatuz, jarraian zehazten diren interes orokorreko helburuak lortzen ahaleginduko da Agentzia, Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 80.2 artikuluak xedatu duenaren arabera:

  1. Euskal unibertsitate-sistemaren kalitatea hobetzen laguntzea, irakaskuntzaren edo ikaskuntzaren, ikerketaren eta kudeaketaren arloetan.

  2. Gizarteari eta pertsonei informazioa ematea.

  3. Administrazio publikoei eta unibertsitateei informazioa eta irizpideak ematea erabakiak hartzeko euren prozesuetarako.

  1. ¿ Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 80.3 artikuluaren arabera, honako eginkizun hauek dagozkio Agentziari:

    1. Unibertsitateen, goi-mailako irakaskuntzako ikastetxeen eta ikerketako unibertsitate-institutuen jardueren, programen, unibertsitate-zerbitzuen eta kudeaketaren kalitatea ebaluatu, egiaztatu eta ziurtatzea.

    2. Ikasketa-planak edo horietan egin beharreko aldaketak onartu aurretik, beren kalitatea ebaluatu eta egiaztatzea.

    3. Unibertsitateek eta goi-mailako irakaskuntzako ikastetxeek eskaintzen dituzten titulu ofizial eta berezkoak eskuratzeko ikasketen kalitatea ebaluatu eta egiaztatzea, baita goi-mailako unibertsitate-hezkuntzako atzerriko tituluak eskuratzeko ikasketak eskaintzen dituzten ikastetxeena ere.

    4. Irakaskuntzen egiaztapena egitea, kalitatearen europar esparrua kontuan izanda.

    5. Unibertsitateek beren kalitatea ebaluatzeko dituzten sistema eta prozedurak ebaluatu, egiaztatu eta ziurtatzea.

    6. Unibertsitate publikoak irakasleak eta ikertzaileak kontratatu behar dituenerako, Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legeak aurreikusten dituen txostenak ematea, horien merezimenduak ebaluatuz.

    7. Irakasle irakurleak kontratatzeko txostenak egitea.

    8. Txostenak egitea unibertsitateentzat, hezkuntza-administrazioarentzat, gizarte-eragileentzat eta, oro har, gizartearentzat.

    9. Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 34. artikuluan Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileentzat aurreikusitako ordainsari-osagarriak esleitu ahal izate aldera, irakaskuntzako, ikerketako eta kudeaketako merezimenduak ebaluatzea.

    10. Irakasle bakoitzak ¿funtzionario zein kontratatutako¿ arlo hauetan egin dituen merezimenduak baloratzea: euskara unibertsitateko jarduera guztietan benetan sartzeari begira egindako jardueretan, eta, bereziki, irakaskuntzako, zientzia gizartera zabaltzeko eta ikerketa-jarduera gizartera hedatzeko materialen prestaketa eta kudeaketan, orobat espezializatutako glosarioenean.

    11. Publikoak ez diren unibertsitateetako irakasleen irakaskuntza eta ikerketa jarduera ebaluatzea.

    12. Ikerketaren kalitatea ebaluatzea.

    1. Ebaluatze-, ziurtatze- eta egiaztatze-ereduak hobetu eta berriztatzeko azterlanak egitea.

    2. Ebaluazioa eta kalitate-irizpideak nazioarteko eta Europako esparruan alderatuz sustatzea.

    3. Hezkuntza-administrazioa, unibertsitateak eta gainerako erakundeak beren eginkizunen eremuan aholkatzea.

    4. Unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailak eta unibertsitateek agindutako lanak.

    5. Bere jardute-eremuarekin zerikusia duelako esleitutako beste edozein eginkizun.

  2. ¿ Beste autonomia-erkidego batzuetan, estatuan edo atzerrian unibertsitateen kalitatea ebaluatu, egiaztatu eta ziurtatzeko eginkizunak dituzten beste agentzia batzuekin harremanak lotu ahal izango ditu Agentziak, elkarlanerako, lankidetzarako eta elkarren artean informazioa trukatzeko.

Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 81. artikuluaren arabera, Agentziak baditu gobernu-organoak eta zientzia- eta teknika-izaerako organoak.

Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 81.1 artikuluaren arabera, honako hauek dira Agentziaren gobernu-organoak:

  1. Administrazio-kontseilua.

  2. Zuzendaria.

  1. ¿ Agentziaren gobernu-organo nagusia da administrazio-kontseilua, eta, Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 82. artikuluaren arabera, honako kide hauek ditu:

    1. Kontseiluburua, unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailburua edo berak eskuorde izendatutakoa.

    2. Agentziako zuzendaria.

    3. Unibertsitateen gaietan eskumena duen sailburuak izendatutako hiru pertsona.

    4. Lehendakariak izendatutako ospeko hiru pertsona.

    5. Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea.

    6. Euskal unibertsitate-sistemako gainerako unibertsitateetako errektoreak.

    7. Euskadiko Unibertsitate Kontseiluak izendatutako ospe jakineko bost pertsona.

  2. ¿ Estatutuon 8.1 artikuluaren c), d) eta g) letrek aipatutako administrazio-kontseiluko kideak lau urterako izendatzen dira, eta iraupen bereko beste agintaldi baterako baino ezin dira berriz aukeratu.

  3. ¿ Administrazio-kontseiluko kideek kontseilukide izateari utziko diote honako hauetakoren bat gertatuz gero:

    1. Agintaldia amaitzea.

    2. Uko egitea.

    3. Izendatu zituen organoak berak kargutik kentzea.

    4. Ezintasun iraunkorra edo heriotza.

    5. Karguaren ondorioz kontseilukide direnek kargu horri uztea.

  4. ¿ Administrazio-kontseiluko kideak ezingo dira batzorde iraunkorretako kide izan, eta ezingo dute inolako ebaluatze-, egiaztatze- edo ziurtatze-lanik egin.

Honako eginkizun hauek dagozkio Agentziaren administrazio-kontseiluari:

  1. Agentziaren estatutuak egin eta onartzea.

  2. Agentzia zuzentzea, haren kudeaketa eta jarduera planak onartzea eta horien jarraipena egitea.

  3. Agentziaren jarduera-irizpide eta ¿ildo orokorrak onartzea, hezkuntza-administrazioaren eta dagokien unibertsitateen proposamenekin bat etorriz.

  4. Ebaluazioa, egiaztapena eta ziurtapena egiteko irizpide edo adierazle orokorrak proposatzea, 5. artikuluak aurreikusitako Agentziaren eginkizun bakoitzerako; irizpide edo adierazle horiek nazioartean onartuak izan behar dute. Dekretuz onartuko dira adierazle horiek.

  5. Agentziaren jarduera aldian-aldian ebaluatzea.

  6. Agentziaren aurrekontu-aurreproiektua, behin-behineko finantza-egoerak eta urteko jardueren memoria onartzea, eta unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailari helaraztea, indarreko arauen arabera. Era berean, Agentziaren kontu-likidazioa formulatzea egokituko zaio.

  7. Agentziako zuzendaria izendatu eta kargutik kentzea, orobat adituen batzordeko kideak, horiek izendatzea egokitzen zaionean.

  8. Honako hauek onartzea, hala bada: barne-araudia, aurrekontu-kudeaketari buruzkoa eta Agentziak gauzatzen dituen jarduera eta programen funtzionamenduari buruzkoa. Orobat, Agentzia ahalik eta ondoen antolatu eta aritzeko neurri egokiak hartzea.

  9. Agentziaren estatutuen aldaketa prestatu eta onartzea.

  10. Obra-, instalazio- eta zerbitzu-proiektuak onartzea.

  11. Hala badagokio, zorpetze-gaietan eskumena duen sailari proposatzea zorpetze-eragiketak eta abalak ematekoak, Jaurlaritzaren Kontseiluari helarazteko.

  12. Kreditu- eta diruzaintza-eragiketak onartzea ekitaldian zehar.

  1. Agentziak bere zerbitzuak emateko prezioak onartzea.

  2. Agentziak, estatutuok markatutako helburuak lortzeko, erakunde publiko eta pribatuekin sinatu behar dituen kontratuak eta hitzarmenak onartzea.

  3. Agentziako zuzendariaren eta Agentziak berak kontrataturiko gainerako langileen ordainsariak finkatzea, eta, hala bada, administrazio-kontseiluko kideen, adituen batzordeko kideen eta ebaluazio-batzordeetako kideen bertaratze-dietak ere.

  4. Agentziaren kode etikoa onartzea, Agentziaren jardueren objektibotasuna eta inpartzialtasuna bermatzeko. Kodea agerikoa izango da, Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 88. artikuluak xedatu duenaren arabera.

  5. Era guztietako egintza, errekurtso eta erreklamazio judizial eta administratiboak erabiltzea Agentziaren eskubide eta interesen defentsan.

  6. Beste autonomia-erkidego batzuetan, estatuan edo atzerrian unibertsitateen kalitatea ebaluatu, egiaztatu eta ziurtatzeko eginkizunak dituzten beste agentzia batzuekin harremanak lotzeko baimena ematea, elkarlanerako, lankidetzarako eta elkarren artean informazioa trukatzeko, baita erakunde horiekiko hitzarmenak sinatzeko baimena ematea ere.

    Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten unibertsitateek informazioa jasoko dute aipatu eta harreman eta trukeetatik atera daitezkeen akordio eta hitzarmenei buruz.

  7. Estatutuok edo indarrean dagoen gainerako legeriak emandako beste edozein eginkizun, baita Agentziaren beste organoren bati espresuki esleitu gabe dauden eginkizunak ere.

  8. Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 113. artikuluak aurreikusitako hitzarmena, publikoak ez diren unibertsitateetako irakasleen ebaluazioa garatzeari buruzkoa, onartzea.

  1. ¿ Administrazio-kontseilua, normalean, urtean birritan bilduko da, gutxienez. Nolanahi ere, Agentziaren administrazio-kontseiluak edonoiz egin dezake ohiz kanpoko edo aparteko bilera, kontseiluburuak erabakita edota kontseilukideen laurden batek eskatuta.

  2. ¿ Kontseiluburuari dagokio administrazio-kontseiluaren bileretarako deia egitea, bileren buru izatea, bilerak etetea eta amaitutzat jotzea, kontseiluaren deliberazioak gidatzea eta, berdinketarik izanez gero, kalitatezko botoz ebaztea, baita beste pertsona batzuk kontseiluaren bileretara joateko baimena ematea ere, baldin eta pertsona hori bertaratzea egokitzat jotzen bada erabili behar diren gaiak direla eta.

  3. ¿ Kontseiluak bere kideen artean izendatuko ditu kontseiluburuordea, kontseiluburuaren ordez arituko dena kontseiluburuaren kargua hutsik, edo kontseiluburua kanpoan edo gaixo dagoenean, eta idazkaria, honako eginkizun hauek dituena: kontseiluaren bileren aktak egin eta kontseiluburuaren oniritziarekin izenpetu, dagozkion ziurtagiriak egin eta kide anitzeko organoen idazkariek berezko dituzten gainerakoak.

  4. ¿ Administrazio-kontseiluaren bilerak balioz eratzeko, kontseiluburu eta idazkariaz edo horien ordezkoez gain, kideen erdia eta bat bertaratu behar dira.

  5. ¿ Botoen gehiengoz hartuko dira akordioak, estatutuen aldaketa salbu, kontseiluko kideen bi herenen berariazko akordioa beharko da-eta horretarako.

    Ezin izango da baliozko akordiorik hartu gai-zerrendan sartu ez diren gai berriei buruz, non eta bileran kontseiluko kide guztiak ez dauden eta gaiaren urgentzia erabakitzen ez duten, gehiengoaren aldeko botoz.

  6. ¿ Osoko bilkuran eta batzorde iraunkorrean aritu daiteke administrazio-kontseilua. Batzorde iraunkorrak honako kide hauek izango ditu: kontseiluburua; Agentziako zuzendaria; Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea; Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten gainerako unibertsitateetako errektoreak; sailburuak izendaturiko hiru pertsonetako bat, administrazio-kontseiluak aukeratua; lehendakariak izendatutako hiru pertsona ospekoen arteko bat, administrazio-kontseiluak aukeratua; eta Euskadiko Unibertsitate Kontseiluak izendatutako bost pertsona ospe jakinekoen arteko bat, administrazio-kontseiluak aukeratua. Batzorde iraunkorrak estatutuon 9. artikuluaren j), n), p) eta q) letretan jasotako eginkizunak izango ditu, baita administrazio-kontseiluak espresuki eskuordetzen dizkion beste guztiak ere.

    Administrazio-kontseiluak erabakiko du batzorde iraunkorraren bileren maiztasuna, eta batzorde iraunkorrak, era berean, bere jardueren berri emango dio kontseiluari, aldiro.

  7. ¿ Estatutuok edo Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legeak aurrez ikusi ez dituztenerako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, xedatutakoa hartuko da arau.

Aurreko artikuluan ezarritakoaz gain, kontseiluburuari dagozkio:

  1. Agentziaren erakunde-ordezkaritza.

  2. Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari informazioa ematea Agentziaren jarduerari buruz.

  3. Agentziaren helburu, xede eta eginkizunak betetzen direla begiratzea.

  4. Administrazio-kontseiluak eskuordetutako eginkizun oro.

  1. ¿ Agentziako zuzendariak agentzia zuzenduko du. Administrazio-kontseiluak izendatuko du, kontseiluburuak proposatuta, sei urteko aldirako. Aldi hori behin luza daiteke.

  2. ¿ Honako eginkizun hauek dagozkio Agentziako zuzendariari:

    1. Administrazio-kontseiluaren eta haren batzorde iraunkorraren erabakiak betetzea, eta administrazio-kontseiluari helaraztea dagozkion proposamenak, baita eskatzen zaizkion txosten, azterlan eta analisiak ere.

    2. Agentziaren jarduerak zuzendu, antolatu, kudeatu eta ikuskatzea, administrazio-kontseiluaren jarraibideen arabera.

    3. Agentziaren jarduera-programaren eta zerbitzu-katalogoaren proposamena prestatzea, eta administrazio-kontseiluari aurkeztea, onar ditzan, hala badagokio.

    4. Lanpostu-zerrendaren proposamena prestatzea, eta Agentziako berezko langileei eta Agentziari atxikitakoei buruzko kontratazio-, zuzendaritza-, kudeaketa- eta gainbegiratze-eginkizunak betetzea.

    5. Urteko aurrekontuaren eta horren aldaketen aurreproiektua prestatu eta administrazio-kontseiluari helaraztea, hark aztertu, eta, hala bada, onar ditzan.

    6. Agentziaren kudeaketa ekonomikoa zuzentzea, onartutako aurrekontuaren eta hori betetzeko oinarrien arabera.

    7. Agentziaren ondarea administratzea, administrazio-kontseiluaren jarraibideen arabera, eta administrazio-kontseiluak gai honetan ematen dizkion eskuordetzen barruan. Agentziaren instalazioen eta ekipamenduaren kontserbazioaz eta mantentzeaz arduratzea.

    8. Kontratazio-organo gisa dagozkion eskumenak erabiltzea, administrazio-kontseiluak ezarritako mugen barruan. Estatutuok eta Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legeak aipatzen dituzten kontratuak eta lankidetza-hitzarmenak izenpetzea, Agentziaren izenean.

    9. Agentziaren legezko ordezkaritza betetzea, eta horren indarrez, Agentziari betebehar edo erantzukizun ekonomikoak ezarri dizkioten epaiak eta ebazpenak betearaztea.

    10. Lan-metodoen hobekuntzaz eta kalitateaz arduratzea, baita berrikuntza teknologikoak sartzeaz ere.

    11. Administrazio-kontseiluari eta haren barruan eratutako batzordeei informazioa ematea, haien eginkizunak egoki betetzeko behar duten guztian, eta Agentziaren jardun onerako egoki iritzitako proposamenak egitea.

    12. Adituen batzordeak proposatuta, ebaluazio-batzordeetako kideak izendatu eta kargutik kentzea, administrazio-kontseiluak onartu ondoren.

    1. Estatutuok eta indarrean dauden gainerako arauek emandako beste edozein eginkizun, baita administrazio-kontseiluak beren-beregi agindu edo eskuordetuak ere, administrazio-kontseiluari estatutuon 9. artikuluko a), b), c), d), e), f), g), o), p) eta r) idatz-zatiek emandakoak salbu.

  3. ¿ Agentziako zuzendari kargua ordaindua izango da, eta erabateko dedikazio esklusiboa eskatuko du, Agentziaren barruko zereginei dagokienez. Euskal Autonomia Erkidegoan funtzio publikoetan aritzeko bateraezintasunei buruzko abenduaren 20ko 32/1983 Legeak ezarritako aplikatuko zaio.

Zuzendariaren kargua hutsik, edo zuzendaria kanpoan edo gaixo dagoenean, kontseiluburuak edo honek eskuordetuak hartuko ditu bere gain zuzendariaren eginkizun guztiak.

  1. ¿ Adituen batzordea da Agentziaren zientzia- eta teknika-izaerako kide anitzeko organoa.

  2. ¿ Hona adituen batzordearen osaera:

    1. Agentziako zuzendaria, batzordeburu izango dena.

    2. Unibertsitateen gaietan eskumena duen sailburuak izendatutako hiru pertsona, onartutako ospea duten euskal unibertsitate-sistemako ikertzaile eta irakasleen artean hautatuak.

    3. Irakaskuntzan eta/edo ikerkuntzan onartutako ospea duten nazioarteko unibertsitate-komunitateko hamabi pertsona, eta horietatik sei, gutxienez, euskal unibertsitate sistemakoak izango dira. Administrazio-kontseiluak izendatuko ditu horiek guztiak.

  3. ¿ Aurreko paragrafoko b) eta c) letretan aipatzen diren kideak urtebeterako izendatuko dira, eta aldi hori luzatzeko modukoa da. Honako hauek izango dira adituen batzordeko kide izateari uzteko arrazoiak:

    1. Arduraldia amaitzea.

    2. Uko egitea.

    3. Kargutik kentzea, izendatu zituen organoak proposatuta.

    4. Ezintasun iraunkorra edo heriotza.

  4. ¿ Adituen batzordeak, bere jarduerak objektiboak eta inpartzialak izango direla bermatzeko, Agentziak onartutako kode etikoa izango du arau, eta honako eginkizun hauek beteko ditu:

    1. Ebaluazio-adierazle edo -irizpideak prestatu, eta administrazio-kontseiluari helaraztea, hark onar ditzan. Irizpide horiek objektiboak eta agerikoak izango dira, eta bat etorriko dira nazioarteko komunitate zientifikoak hartutakoekin.

    2. Ebaluazio-, egiaztapen- eta ziurtapen-prozesuak inpartzialak eta objektiboak izan daitezen zaintzea.

    3. Ebaluazio-, egiaztapen- eta ziurtapen-eginkizunez arduratzen diren ebaluazio-batzordeetako kideen izendapena eta kargu uztea proposatzea zuzendariari, administrazio-kontseiluak onartu ondoren.

    4. Zuzendariari eta administrazio-kontseiluari aholkua ematea, aztertzeko jartzen dizkioten gai guztietan.

    5. Administrazio-kontseiluak beren-beregi agindu edo eskuordetutako beste edozein eginkizun; orobat, estatutuok eta indarrean dauden gainerako arauek emandakoak.

  5. ¿ Agentziako zuzendaria izango da adituen batzordearen bileren burua, eta idazkaria izendatuko du batzorde horretako kideen artetik. Bilera horiek balioz eratzeko, aipatu karguez gain, kideen erdia eta bat bertaratu behar dira. Botoen gehiengoz onartuko dira adituen batzordearen akordioak, ebaluazio-batzordeetako kideak izendatu eta kargutik kentzea salbu, adituen batzordeko kideen bi herenen aldeko bota beharko da-eta horretarako.

  1. ¿ Agentziak, bere eginkizunak betetzeko, zientzia-komunitatearen aholkularitza eskuratuko du, ebaluazio-batzordeen bitartez. Ezagutza-arloen edo espezialitateen arabera sortuko dira ebaluazio-batzorde horiek, edota garatu beharreko ebaluazio-prozesuaren berezitasunen arabera.

  2. ¿ Ebaluazio-batzorde bakoitzak zazpi kide izango ditu, eta Agentziako zuzendariak izendatuko ditu, adituen batzordearen proposamenez, nazioarteko zientzia-komunitateko irakasle doktoreen artean. Hala ere, izendatutako adituetatik hiru, gutxienez, izango dira euskal unibertsitate sistemakoak.

  3. ¿ Ebaluazio-batzordeetako kideak bi urterako izendatuko dira, eta ezingo dira berriz aukeratu kargua utzi zutenetik bi urte igaro arte.

  4. ¿ Ebaluazio-batzordeetako kideek batzordekide izateari utziko diote honako hauetakoren bat gertatuz gero:

    1. Agintaldia amaitzea.

    2. Uko egitea.

    3. Izendatu zituen organoaren proposamenez kargutik kentzea.

    4. Ezintasun iraunkorra edo heriotza.

  5. ¿ Ebaluazio-, egiaztapen- eta ziurtapen-prozesuen emaitzak Agentziako zuzendarien ebazpenen bitartez formalizatuko dira, dagokion ebaluazio-batzordeak txostena eman ondoren. Ebaluazio-batzordeek, erabaki horiek hartzeko, honako hauek izango dituzte arau: estatutuok ezarritakoak, Agentziaren administrazio-kontseiluak erabakiak hartzeari dagokionez.

  6. ¿ Ebaluazio-, egiaztapen- eta ziurtapen-prozesuetan administrazio-bideari amaiera ematen dioten ebazpenak jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da. Epe hori igaro eta ebazpen adierazirik eman ez bada, emaitza positiboa dela ulertuko da.

  1. ¿ Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 79.4 artikuluaren arabera, Agentziako langileak bi eratakoak dira:

    1. Berezko langileak, berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak begiratuz lan-zuzenbidearen pean kontratatutakoak.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetako langileetatik eta Espainiako unibertsitate publikoetako langileetatik berari atxikitzen zaizkionak.

  2. ¿ Agentziako langile guztiek, izaera edo jatorria edozein dutela, zuzendariarekiko mendetasun funtzionala izango dute.

Agentziari atxikitako ondasun eta eskubideen kudeaketari jarraipena egingo zaio, ondare-kontabilitatearen bitartez. Agentziak, era berean, beharrezko laguntza emango du, Ogasun Saileko organo eskudunak prestatuko duen inbentario orokorra egiteko.

Agentziak, nolanahi ere, bere ondasun eta eskubideen inbentarioa egin eta eguneratuta eduki behar du, izaera suntsikorra dutenen salbuespen bakarrarekin. Urtero egingo da inbentarioa, abenduaren 31 erreferentziatzat hartuta, eta administrazio-kontseiluari aurkeztuko zaio, onar dezan, hurrengo ekitaldiko lehen hiruhilekoan.

Agentziak honako baliabide hauek izango ditu, bere xedeak betetzeko:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan urtero izendatuko zaizkion kredituak.

  2. Bere ondarearen, atxikita dituen ondasunen edota administratu eta ustiatzeko eman zaizkion ondasunen emaitzak eta errentak.

  3. Jasotzea tokatzen zaion zuzenbide publiko edo pribatuko sarrerak, baita bere jardueren ondorioz sortutakoak ere.

  4. Beste erakunde publiko eta organismo edo pertsona pribatu batzuek Agentziaren alde eman edo eskuratutako diru-laguntza, borondatezko ekarpen edo dohaintzak.

  5. Esleitu dakiokeen beste edozein baliabide ekonomiko, arrunt zein aparteko.

  1. ¿ Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legeak xedatu duenaren arabera, Zuzenbide Pribatuko ente publikoei dagozkien arauak aplikatuko zaizkio Agentziari, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren berezko gaiei buruz autonomia-erkidegoak duen legeriaren arabera.

  2. ¿ Agentziak bere ekonomia- eta finantza-informazioa eramango du, eta kontabilitate-plan orokorreko irizpideen arabera prestatuko du. Ekonomia- eta finantza-informazio hori, halaber, honako honi egokituko zaio: Euskal Autonomia Erkidegoko kontrol- eta kontabilitate-arauek Zuzenbide Pribatuko ente publikoei buruz ezarritakoari.

  1. ¿ Agentziaren eginkizunak burutzeko behar diren ondasun eta zerbitzuak kontratatu eta eskuratzeko araubide orokorra honako arau hauetan dago: ekainaren 16ko 2/2000 Legegintzako Errege Dekretuan, Herri Administrazioen Kontratuen Legearen testu bateratua onetsi baitu; eta ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren kontratazio-araubideari buruzkoan.

  2. ¿ Agentziako zuzendaria izango da Agentziaren kontratazio-organoa.

  1. ¿ Honako arau hauek hartzen ditu Agentziari aplikatzen zaion araubide juridikoak: Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, estatutuok eta Euskal Autonomia Erkidegoko zuzenbide pribatuko ente publikoei aplikatzen zaizkien lege eta izaera orokorreko xedapenek ezarritakoak.

  2. ¿ Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legeak ematen dizkion administrazio-ahalak erabiliko ditu Agentziak, baita, hala bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak ematen dizkionak ere.

  3. ¿ Agentziako organoek bere administrazio-ahalak erabiliz ematen dituzten egintzak administrazio-egintzak dira, eta amaiera ematen diote administrazio-bideari. Beraz, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke horien aurka, edo, besterik gabe, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, eskumena duen jurisdikzioaren aurrean.

    Agentzian ematen diren administrazio-egintzak interesatuei jakinaraziko zaizkie, eta hala badagokie, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, horretarako legeria orokorrak xedatuaren arabera.

  4. ¿ Auzibide zibilera edo lan-auzibidera jo aurreko erreklamazioak Agentziako zuzendariari bidaliko zaizkio, hark ebatzi beharko ditu eta.

  5. ¿ Agentziaren ondare-erantzukizunaren araubidea Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak bere X. tituluan eta hori garatzeko arauetan ezarritakoa izango da. Agentziaren aurkako ondare-erantzukizunari buruzko erreklamaziorik izanez gero, Agentziako zuzendaria izango da horiek ebazteko eskumenduna.

  6. ¿ Agentziak lege-aholkularitza izango du, bere egintza guztien legezkotasuna begiratzeko.

Agentziaren administrazio-kontseiluak egoki iritzitako estatutu-aldaketak onetsi ahal izango ditu, eragiten dioten lege-aldaketei egokitu edota Agentziaren funtzionamendua hobetzeko. Kontseilukideen bi herenen akordio adierazia beharko da estatutuok aldatzeko.

Legez ezarritakoaren arabera egingo dira Agentziaren azkentzea eta horri dagokion likidazio-prozesua.

Agentziak, bere eginkizunak betetzeari dagokionez, datu pertsonalak babesteari buruzko indarreko legeriari egin beharko dio men; zehazki, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoari, eta otsailaren 25eko 2/2004 Legeari, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzkoa baita.