Arautegia

Inprimatu

314/1998 DEKRETUA, azaroaren 17koa, Unibertsitate-Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseilua arautzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 233
  • Hurrenkera-zk.: 5536
  • Xedapen-zk.: 314
  • Xedapen-data: 1998/11/17
  • Argitaratze-data: 1998/12/07

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatea Antolatzeko ekainaren 29ko 19/1998 Legearen 14. atalean Unibertsitate-Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseilua sortu zen, Jaurlaritzaren eta unibertsitate publikoaren jarduerak koordinatzeko asmoz; Kontseiluan Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak hartuko dute parte, kide kopuru beraz. Kontseiluaren helburua da unibertsitatearen arloko ekintza guztien koordinazioa eta horrekin zerikusia duten agente guztien arteko akordioa batzuengana zein besteengana helaraztea, bai eta erakunde horren aholkularitza eta partaidetza bermatzea ere unibertsitate-sistema publikoaren xedeak eta helburuak zehazteko garaian.

Dekretu honetan ez da arautuko bilkuren araubidea, ezta Unibertsitate-Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluak erabakiak hartzeko izango duen araubidea ere, ahalmen hori Kontseiluari berari baitagokio aipatutako Legearen arabera.

Ondorioz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 1998ko azaroaren 17an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

  1. atala.– Izaera eta egoitza.

  1. – Unibertsitate publikoko sistemaren xedeak eta helburuak zehazteko aholkularitza eta partaidetza organoa da Unibertsitate-Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseilua.

  2. – Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren egituraren barruan dagoen organoa izanik, Unibertsitate-Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseilua Sail honen egoitza nagusian kokatuko da eta beronen aurrekontuen pentzutan finantzatuko da.

  1. atala.– Eginkizunak.

  1. – Unibertsitate-Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluak eginkizun hauek izango ditu:

    1. Unibertsitate Planari buruzko txostena egitea, Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatea Antolatzeko ekainaren 29ko 19/1998 Legearen 11. atalean ezarritakoaren arabera eta Jaurlaritzak behin betiko onartu aurretik.

    2. Titulazioak ezartzeko edo ezabatzeko proposamenei buruzko txostenak egitea, baita ikasketa planak egiteko eta aldatzeko proposamenei eta ikastetxeak sortzeko edo ezabatzeko proposamenei buruzkoak ere.

    3. Unibertsitate Plana nola gauzatzen den aztertzea eta bete dadin zaintzea, eta, hala badagokio, beharrezkoak diren aldaketak proposatzea.

    4. Aurrekontuak egiteko, irakasleen eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen plantilla tajutzeko, eta inbertsiorako eta azpiegituretarako hainbat urtetarako programa burutzeko Unibertsitateak erabili dituen irizpideen berri izatea.

    5. Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatea Antolatzeko ekainaren 29ko 19/1998 Legea garatzeko Jaurlaritzak eman beharreko xedapen orokorren egitasmoei buruzko txostenak egitea.

    6. Unibertsitate berriak sortzeko eta aitortzeko prozedurei buruzko txostenak egitea, dagokion lege-egitasmoa Jaurlaritzari bidali baino lehen.

    7. Unibertsitate eta enpresen artean harremanak sustatzea, horretarako bideak eta neurriak proposatzea eta Jaurlaritzak proposatzen dituen neurriei buruzko txostenak egitea.

    8. Ikasketa eta ikerketarako beka eta dirulaguntzen arloko oinarrizko jarraibideei buruzko txostenak egitea.

    9. Ikasturte bakoitza amaitutakoan txosten bat ematea, Unibertsitate Planean aurreikusitako helburuak noraino bete diren eta aldakuntzak edo zuzenketak sartzea beharrezko edo egoki den ebaluatuz.

    10. Urtero txosten bat ematea, programen helburuak noraino bete diren eta Unibertsitate Planean aldakuntzak sartzea beharrezko edo egoki den ebaluatuz.

    11. Urteko gastuen plana eta Kontseiluaren jarduerei buruzko memoria onartzea.

    12. Legezko edo arauzko xedapenen bidez ematen zaizkion gainerako eginkizunak, edo Kontseiluan ordezkatuta dauden erakunde eta organoek ematen dizkiotenak, bere funtzioekin bat etorriz.

  2. – Koordinazio Kontseiluak eman behar dituen txostenak Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatea Antolatzeko ekainaren 29ko 19/1998 Legean ezarritako epeetan burutu beharko dira edo, bestela, Kontseiluaren Idazkaritzako erregistro osagarrian eskabidea erregistratu den egunetik hasita hiru hilabeteko epean.

  3. atala.– Osaera.

  1. – Honako hauek izango dira Unibertsitate-Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluko kideak:

    1. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua; lehendakaria izango da.

    2. Bost bokal, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren izenean, sailburuak izendatuta.

    3. Unibertsitateko errektorea.

    4. Unibertsitateko hiru kide, errektoreak izendatuta.

    5. Gizarte Kontseiluko lehendakaria.

    6. Gizarte Kontseiluko kide bat, gizartearen interesen ordezkarien artetik aukeratuta eta ordezkariek berek izendatuta.

  2. – Koordinazio Kontseiluko lehendakariak aukeratuko du erakunde horretako idazkaria, Kontseiluko kideen artetik edo Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari atxikita dauden A Taldeko Kidegoetako funtzionarioen artetik.

  1. atala.– Kontseiluaren lehendakaritza.

  1. – Unibertsitate-Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluko lehendakariari honako eginkizunak dagozkio:

    1. Kontseiluaren ordezkaria eta bozeramailea izatea.

    2. Kontseilua zuzentzea eta ongi funtziona dezan zaintzea.

    3. Legeak betetzen direla bermatzea.

    4. Bilkura arruntetarako eta apartekoetarako deialdiak erabakitzea eta gai-zerrenda zehaztea; hala badagokio, Kontseiluko gainerako kideen eskaerak aintzakotzat hartuko ditu, deiaren aurretik denboraz egiten badira.

    5. Bilkuren buru izatea, eztabaidak moderatzea eta, arrazoi justifikaturik egonez gero, horiek etetea.

    6. Bere botoaren bidez hainbanaketak ebaztea erabakiak hartzeko garaian, Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatea Antolatzeko ekainaren 29ko 19/1998 Legean aurreikusitako kasuetan izan ezik.

    7. Kontseiluaren erabakien ziurtagiriak eta aktak ikus-onestea.

    8. Batzordeetan parte hartu behar duten Kontseiluko kideak izendatzea, hala badagokio.

    9. Unibertsitate-Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluaren Araudian ematen zaizkion gainerako eginkizunak, edo taldeko organo baten lehendakari izateari datxezkionak.

  2. – Lehendakariak eskuordetu ahalko ditu bere eginkizunak, Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatea Antolatzeko ekainaren 29ko 19/1998 Legearen 14.2 atalean ezarritakoari jarraituz.

  1. atala.– Kontseiluaren idazkaritza.

  1. – Unibertsitate-Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluko idazkariari honako eginkizunak dagozkio:

    1. Bai osoko bilkuraren edo lan batzordeen bileretara joatea, bai Kontseiluaren baitan sor daitekeen edozein organoren bileretara joatea, hitza eta botoa dituela, Kontseiluko kidea bada, eta botorik gabe, funtzionarioa bada. Bileren eta hartutako erabakien akta jaso beharko du, eta horiek ziurtatu eta jakinarazi horretan eskuduntza edo interesa duten organoei.

    2. Lehendakariaren aginduz, aurreko lerroaldean aipatutako organoetarako deialdiak egitea, bai eta organo horietako kideentzako zitazioak egitea ere.

    3. Errektoreak edo Gizarte Kontseiluko lehendakariak Koordinazio Kontseilurako aukeratzen dituzten kideen izendapenak jasotzea.

    4. Kontseiluko kideen komunikazioak jasotzea, bai eta jakinarazpenak, datu-eskaerak, zuzenketak edo ezagutu behar dituen gainerako idazkiak jasotzea ere.

    5. Gaien biderapena prestatzea; bileretako aktak idatzi eta kautotzea.

    6. Kontsulta, irizpen eta erabaki onartuen ziurtagiriak ematea.

    7. Urtero, gastuen plana eta Kontseiluaren jarduerei buruzko memoria prestatzea.

    8. Kontseiluaren Araudiak agintzen dion beste edozein eginkizun betetzea, edo taldeko organo baten idazkari izateari datxezkionak.

  2. – Kontseiluko idazkariaren postua bete gabe badago, edo idazkaria ausente edo gaixorik badago, Kontseiluko lehendakariak izendatuko du haren ordezkoa.

  1. atala.– Kontseiluko kideak.

  1. – Taldeko organo baten kideak diren aldetik, Koordinazio Kontseiluko kideek indarreko legeriak oro har agintzen dizkien eginkizunak bete beharko dituzte, bai eta Kontseiluaren Araudian ezarritakoak ere.

  2. – Ausentzia, gaixotasuna edo, oro har, arrazoi justifikaturen bat dela medio Unibertsitate-Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluko kideak ordeztu beharra egonez gero, Herri Administrazioen Lege Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio Jardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 17.1 atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

  1. atala.– Agintealdia eta kargu-uztea.

  1. – Koordinazio Kontseiluko berezko kideek beren karguaz jabetzen diren egunetik aurrera beteko dituzte horri dagozkion eginkizunak, eta kargua utzitakoan eginkizun horiei ere utziko diete.

  2. – Bai Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak aukeratu eta Eusko Jaurlaritzak Dekretu bidez izendatutako kideak, bai Unibertsitateko errektoreak izendatutakoak, bai Gizarte Kontseiluko lehendakariak gizartearen interesen ordezkaritzat izendatutakoak, lau urtez arituko dira eginkizun horietan izendatzen dituztenetik aurrera. Kasu hauetan utziko diete beren eginkizunei:

    1. Agintealdia amaitutakoan.

    2. Hiltzen badira.

    3. Karguari uko egiten badiote; kidea izendatu duen organoari dagokio ukoa onartzea. Koordinazio Kontseiluko lehendakariak emango dio ukoaren berri izendapena egin zuen organoari eta horrek beste izendapen bat egingo du, hala badagokio.

    4. Hautatuak edo izendatuak izateko zeukaten izaera galtzen badute.

      1. atala.– Kontseiluaren funtzionamendua.

      1. – Koordinazio Kontseiluaren jarduera arauak Kontseiluaren beraren erabakiz onartuko dira, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara ditzaten aginduko da. Lehendakariaren botoak ez du ebazte-indarrik izango boto-hainbanaketa gertatuz gero.

      2. – Dekretu honetako 2. atalean aipatutako gaiei buruzko ikerketak, proiektuak, eta programen jarraipen eta ebaluazioa burutzeko Lan Batzorderik osatuz gero, bertara aholkulari edo teknikoak azal daitezen eska dezake Unibertsitate-Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluak. Lankidetzako lan horiek egiteko baldintzak aurreko idazatian aipatutako arauetan zehaztuko dira.

      1. atala.– Baliabideak.

        Unibertsitate-Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluak, bere eginkizunak behar bezala betetzeko, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak emandako giza, material eta aurrekontuko balaibideak izango ditu.

        GEHIGARRIZKO XEDAPENA

        Zerbitzuagatiko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuak ezarritakoaren arabera dagozkien kalte-ordainak jasoko dituzte Unibertsitate-Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluko kideek.

        Kalte-ordain horiek jasotzea eta kontzeptu berengatik eman diezazkieketen bestelako hobariak jasotzea bateraezinak dira.

        ALDI BATERAKO XEDAPENA

        Unibertsitate-Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluaren eskumenekoak diren gaiak, edo hura eratu aurretik hasita zeuden espedienteak, baldin eta oraindik izapideetan badaude eta dagokien erabakia, epaitza edo txostena eman ez bada, Koordinazio Kontseiluari igorriko zaizkio, bere eskumenez baliatuz jardun dezan.

Lehena.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari baimena ematen zaio Dekretu hau garatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Vitoria-Gasteizen, 1998ko azaroaren 17an.

Lehendakaria,

JOSÉ ANTONIO ARDANZA GARRO.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

INAXIO OLIVERI ALBISU.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.